viernes, 15 de mayo de 2015

#hemeroteka #homofobia #lana | Lantokietan gertatzen den homofobiaren aurkako protokoloa osatu du LABek

Irudia: Berria
Lantokietan gertatzen den homofobiaren aurkako protokoloa osatu du LABek
Enpresetan aukeztuko du eta enpresariekin akordioa lortzen ahaleginduko da. Langile klasean sentsibilizazio lana egitea eta jazarpen eta diskriminazio egoerak saihestea dira helburuak.
Ibai Maruri Bilbao | Berria, 2015-05-15
http://www.berria.eus/albisteak/110992/lantokietan_gertatzen_den_homofobiaren_aurkako_protokoloa_osatu_du_labek.htm

Sindikatuko lan osasunerako idazkari Ibon Zubietak azaldu duenez, protokoloaren asmoa sentsibilizazioa sortzea da. “Enpresariekin akordioa lortuta, ezkutuan dagoen arazoa ikustaraztea lortu nahi dugu”. Delegatuen bitartez eramango dute protokoloa lantokietara. Baina horrekin batera prestakuntza ezinbestekoa iruditzen zaio, sentsibilizazioa sortzeko. “Erasoa gutxi batzuen lana da, baina gehiengoaren ez ikusiarekin kontatzen du, eta errealitate horrekin bukatzea urgentziazkoa da”. Horregatik, lehenik eta behin delegatuentzat hitzaldi sorta bat egingo dute ekainaren 11n eta 12an, Bilbon eta Iruñean. “Delegatuentzat badira ere, irekiak izango dira gaiarekiko interesa duten guztientzat”.

Kasu bakoitza salatzeko konpromisoa hartu du sindikatuak. Eta neurri zehatzak hartuko dituztela ere iragarri du, halakorik gehiago gerta ez dadin. Patronalari ez ezik, gainontzeko sindikatuei eta administrazioari ere dei egin diete eurekin bat egiteko.

Arartekoaren oharra
EAEko Arartekoa, bestalde, adingabe homosexual, bisexual eta transexualek pairatzen duten bazterketa salatu du Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren ingurumarian. Aniztasuna gizakien aberastasuna dela azpimarratu du Aratekoak, eta errespetua eskatu du.

Lantokietan ematen den homofobiaren aurkako protokoloa aurkeztu du LABek
LAB, 2015-05-15

http://www.lab.eus/eu/sozio-ekonomia/desberdintasunaren-behatokia/256-aniztasun-sexuala/4362-lantokietan-ematen-den-homofobiaren-aurkako-protokoloa-aurkeztu-du-labek

Gaur egun, anistasun sexualdun 10 pertsonetatik 7k lanean nolabaiteko diskriminazio homofobikoa jasan dutela onartzen dute, eta kasurik gehienetan, egoera hauek ez dira salatzen. Gerataera hau ez da kasualitatea, jendarte heterosexista eta patriarkalaren ondorio baizik, anistasuna izkutatu eta diskriminatzen duen jendartean, horrelakoak gertatzen dira. Lan munduan, sexualitate anitzeko pertsonen kolektiboak zailtasun handiak ditu askatasunez beren norabide eta aukera sexuala adierazteko, alde batetik lankideengan arrazoi horrek sor dezakeen bazterketagatik, edo eta enplegua bera galtzeko beldurragatik. Guzti horregatik, diskriminazio eta akoso homofobikoa desagertarazteko estrategiak, errealitate hori kontuan hartu behar du efektiboa izateko.

Arrazoi horregatik, erasotzaileen inpunitate eta boterearekin, eta erasoekin beraiekin bukatzeko, LABetik protokolo hau martxan jartzen dugu. Kasu bakoitza salatzeko asmoa eta neurri zehatzak jartzeko asmoa dugu, halakorik gehiago gerta ez dadin. Protokoloak langile klasea sensibilizatzeko balioko du, eraso egitea, gutxi batzuen lana baita, baina gehiengoaren ez ikusiarekin kontatzen du, eta errealitate horrekin bukatzea, urgentziazkoa da.

Maiatzaren 17an lortu zena garaipen bat izan bazen ere, gaur egun egoerak formalki baino ez du egin hobera, baina errealitatean hainbat dira hobe ditzakegunak, eta hobetu behar ditugunak. Esaterako, aipaturiko Osasunaren Munduko Erakundearen homosexualitatea gaur gaixotasun bezala jasotzen ez badu ere, transexualitatea oraindik bai badaukala gaixotasuntzat. Egunotan aktualitatez dagoen beste kasu bat, esaterako, 50 herrialde baino gehiagotan, euretako batzuk Eurpopakoak, eta “legalitatearen” abala dutenak, ez zaie uzten gizon homosexualei odola ematea, edo eskola umeen liburuetan praktika osasungarri bakarra heterosexuala dela jasotzen da.

Badira urteak LAB askatasun sexualarekin konprometitu zena, eta aipatu dugun guztiagatik, beste pausu bat ematera goaz borroka honetan. Oraingoan, iazko ekainaren 28an aurkezturiko “Jendarte eta lan eremu anitzen alde” gida lan zentroetara eraman eta gero, gaur, lantokietan diskriminazio eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokolo hau aurkezten dugu. Esan dugun bezala, helburua langile klasean sentsibilizazio lana egitea, eta jazarpen eta diskriminazio egoerak saihestea da.

Era berean, datorren ekainaren 11 eta 12an Bilbon eta Iruñean izango ditugun hitzaldien berri ere eman nahi dugu. Hitzaldi hauen helburua, borroka ildo hau eta gaiarekiko sentsibilizazioa lan zentroetara iristea izango da. LABeko delegatuentzat zuzenduak badira ere, irekiak izango dira gaiarekiko interesa duen guztientzat.

Azkenik, ireki dugun bide honetan aurrera egiteko nahia adierazi nahi dugu, bai gainontzeko sindikatuekin, bai patronalarekin, zein administrazioarekin. Dagoeneko eurekin ari garen Kitzikan bezalako eragileekin lanean sakontzeko edo ildo hau Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan garatzen jarraitzeko ere.

Horregatik guztiagatik, neurri hauek eta etorkizunean behar direnak jasoko ditugu era honetako jokabideak desagertarazteko, bai lesbofobikoak, homofobikoak, transfobikoak, edo bifobikoak, zeintzuk pertsonen identitate sexualaren askatasunaren aurka egiten duten. Eta sindikatu soziopolitikoa izanik, derrigortuta gaude jendartea birpentsatzera, pertsonon aldeko eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko apostua egitera, non guztion eskubideak errealitatea izango diren diskriminazioen eta irizpide ekonomiko-patriarkalen gainetik. Horregatik, gaur, gure aldaketarako eta borrokarako konpromisoa indartzen dugu, hori da bidea.

DOKUMENTUAK
Homofobiaren aurrean pauso bat Aurrera : lantokietako bazterkeria eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokoloa 

TESTU OSOA | PDF | LAB
http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/Arloak/desberdintasunenbehatokia/aniztasunSexuala/15_05_15Protokoloa/protokolo2015.pdf

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.