Páginas

miércoles, 28 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Francis erail zuten eguna, trans memoriaren eguna izendatzea eskatu du Lezoko Udalak

Oarsoaldeko Hitza / Lezoko udaletxea //

Francis erail zuten eguna, trans memoriaren eguna izendatzea eskatu du Lezoko Udalak

Francisen hilketak Euskal Herriko LGTBIQ+ mugimendua nabarmen bultzatu zuela adierazi du Lezoko Udalak. Gaurko egunaren harira egindako adierazpen instituzionalean egin dute eskaera.
Alaine Aranburu Etxegoien | Oarsoaldeko Hitza, 2023-06-28
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/06/28/2023-lgbtiaq-lezo-udala-adierazpen-instituzionala/

Lezoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du LGTBIAQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Lehenik, keinu bat egin diote zuriketa arrosari, “atzerapausorik onartuko ez dugula ez da soilik lelo bat. Jarrera politiko argi bat da”.

Asko geratzen dela egiteko diote eta badirela “lortutako apurra ezabatzera etorri nahi duten indar ultrakontserbadore eta faxistak”. Horien aurrean, “askatasunaren aldeko horma bat” eraikitzeko konpromisoa hartu du udalak. “Hemen zeuden, badakigu haiek hil baitzuten Francis, baina haien gorrotoaren gainetik eraikitzen jarraitu dugu. Kalean eta instituzioetan”.

Ekainak 10, trans memoriaren eguna izateko proposamena
Lezon LGTBIQ+ mugimenduak izandako papera eta historia aitortu nahi du udalak ere, kolektiboko kideengatik iritsi direlako egungo tokira. Ildo horretan, Errenteria-Oreretan eraildako Vicente Vadillo Santamaria Francis trabestia hil zuten eguna, ekainaren 10a, trans memoriaren eguna izendatzea eskatu dute, “bere erailketak Euskal Herriko LGTBIQ+ mugimendua bultzatu zuen modu nabarmenean”.

Konpromiso instituzionala

Egindako politikei egin dio udalak erreferentzia: “trans legeak lortu ditugu, edo LGBTIQ+ kontseilu munizipalak. Kaleak gureak egin ditugu eta Moio oroitzen duen plaka jarri”. Aldarrikatu eta elkartu egin direla ere mahai gaineratu dute: “Eraso LGBTIQ+ fobikoen aurrean elkartu gara, oihukatu dugu eta bisexualitatea bizi dugula aldarrikatu dugu euskaraz. Hori eta askoz gehiago egin dugu, bizitu dugu, konpartitu dugu eta borrokatu”.

Orain arte eraikitakoa “desegingo” dutenak badaudela ere diote, baina udalak erantzuna argi du: “ez dagoela eskubide atzeraezinik, ez daukagula eskubiderik”. Gaurko egunean “garena, lortu duguna harro defendatuko dugula esatera gatoz”.

Errealitate politikoaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea “ezinbestekoa” dela dio udalak. Instituzioa diren heinean, “politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko borrokan konpromisoan berresten gara”.

Instituzioaren eta LGTBIQ+ mugimenduaren artean zubiak eraiki nahi dituzte, “elkarlana sustatzeko” eta bertatik, Lezoko dinamika ezartzeko konpromisoa hartu du udalak. “Erronka konpartitua da aurrean duguna, eta bakoitzari dagokion arduratik eta espaziotik, LGTBIQ+ politikak eraikitzeko ezinbestekoa da honelako gunea”.

Azkenik, gaurko egunaren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du udalak, eta honako aitortza hau egin du ginga gisa: “LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.