jueves, 25 de abril de 2024

#hemeroteka #gib-hiesa #memoria | HIESak eragindako lehen hildakotik «normaltasunera»

Joseba Errekalde, Harri Beltza elkartearen egoitzan, Oiartzunen //

HIESak eragindako lehen hildakotik «normaltasunera»

Martxelo Diaz | Naiz, 2024-04-25

https://www.naiz.eus/eu/2024/20240425/hiesak-eragindako-lehen-hildakotik
Martxelo Diaz | Gara, 2024-04-25 

1985eko apirilaren 25ean jakitera eman zen HIESak Euskal Herrian eragindako lehen heriotza. Astebete lehenago jazo zen Gipuzkoako Ospitalean, baina egun horretan eman zen jakitera ofizialki. Zehazki, garunean izandako infekzio bategatik hil zen. Euskal Herrian ezagutzen zen bigarren kasua zen Gipuzkoako gizon honena, Gurutzetako Ospitalean beste emakume bat ospitaleraturik baitzen. Dena den, zaila da, gai honen inguruan aritzean, garai horietako datuak kontuan izanda, zehaztasunez ezartzea noiz edo non izan zen HIESak eragindako lehen hildakoa. Izan ere, 'Egin'-en informazioan azaltzen zenez, ofizialki lehen hildako honen anaia urtebete lehenago hil zen antzeko sintomekin, baina autopsiarik egin ez ziotenez, ezin da jakin heriotzaren zergati zehatza.

Urte horretan Eivissan zen 1994an Oiartzunen Harri Beltza elkartea sortu zuen Joseba Errekalde. 1986an Estatu Batuetara joan zen, eta han jakin zuen GIB-duna zela. «Suposatzen dut 1985erako GIB-duna izango nintzela, baina jakin Estatu Batuetan egindako froga baten ondoren jakin nuen», azaldu du orain egin diogun elkarrizketan.

«Ez dakit noiz izango nuen lehenengo kasuaren berri, baina orduan Donostiako ezagun bat gure ingurutik desagertu zen. Gaixo zegoela-eta, zenbait lagunek babestu zuten. Eta ez zen horretaz hitz egin ere egiten. Geroago ulertu nuen, denborarekin: HIESa zen. 1983an edo 1984an izango zen», gogoratzen du. «Isiltasuna» eta «klandestinitate» hitzak erabiltzen ditu Errekaldek urte horiek gogoratzeko.

Estatu Batuetan, ordea, gai honen inguruan mugimendu indartsua antolatu zen. Batzar irekiak eta anitzak egiten ziren, eta militantzia oso garatua zegoen, AIDS Treatment Acces Program (ATAP) edo Gay Men's Health Crisis (GMHC) taldeekin. Prebentzioa eta asistentzia bermatzea ziren horrelako taldeen helburu nagusiak. «Jendea hiltzen ari zen, eta jendeak laguntza behar zuen jateko eta medikuarengana joateko», dio. New York krisi sakonean zegoen garai haietan, eta osasun publikoaren arazo baten aurrean, gizarte mugimenduetatik beharrei erantzun bat eman ahal izateko saiakera egin zen.

«Orereta ikastolan egin nuen BBB. Eta Errenteriako asanbladak tokatu zitzaizkidan, 'Bikila'-k dinamizatzen zituenak. Ikasle bezala oso ongi ikasi nuen asanbladen mugimenduaren inguruan. Han biltzen ginen ikasleak, etxekoandreak, langileak... New Yorken gauza bera topatu nuen, jende desberdina elkartzen zen. Armani trajea zuen Wall Street-eko exekutiboa eta Harlemen bizi zen beltza», kontatzen du. HIESaren borrokaren inguruan estigmatizatuta zegoen gay komunitatea indartzen joan zen Estatu Batuetan.

Euskal Herria eta heroina
HIESaren kezka, Estatu Batuetan, gay komunitatearen kezka zen batez ere. Euskal Herrian, berriz, GIBaren zabaltzea gehienbat heroina kontsumitzen zutenen artean gertatu zen urte horietan. «Euskal Herrira 1992an bueltatu nintzenean, Iñaki Azkuna zen Osasun arloko kontseilaria. Eta oso ausarta izan zen», nabarmentzen du. Izan ere, urte horretan Bizkaiko eskola batetik haur bat kanporatu nahi izan zuten, ama HIESaren eraginez hil zelako. Baina Lakuako Gobernuak ez zuen onartu. «Oso ausarta iruditu zitzaidan, aurrerakoia».

1994an Harri Beltza elkartea sortu zuten. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan HIESaren Aurkako Elkarteak aritzen ziren garai horietan. Nafarroan Sare sortu zen, ikuspegi alternatiboago batetik. Bizkaian T-4 sortu zen, Josu Jon Unanueren bultzadarekin. Ildo horretatik sortu zen Harri Beltza. «T-4-ren estatutuak kopiatu genituen, hitzez hitz».

Unanue hil berri da, Errenteriako Mikel Martin bezala. Aragoiko eta Kataluniako beste kide batzuk ere hil egin dira azkenaldian. «Shock batean nago. Hiltzen hasi gara. Beste gauza batzuen eraginez. Ez gara GIBaz hiltzen ari. Tratatuak gaude, ez gara detektagarriak. Baina jendea hiltzen ari da».

Gaur egun 1994an hasitako ildotik jarraitzen du lanean Harri Beltzak. Alde batetik, GIB-dunak babesten dituzte, bizitza hobetzeko tresnak eskainiz. Bestetik, prebentzioa lantzen dute. Egin Irratia-rekin eta irrati libreekin gaiaren inguruan saioak egin zituzten. Luxenburgora ere joan ziren Europako dirulaguntzak jasotzeko. Euskal Herria Zuzenean jaialdian ere parte hartu zuten Askagintzako Txus Congilekin batera.

«Gaiaz hitz egitea zen helburua. Bueltatu nintzenean, gay komunitatean HIESari buruz hitz egin nahi nuenean, gaiaz ez aritzeko eskatzen zidaten. Ohartzen nintzen norbait ez zela gehiago agertzen, edo beste bat desagertzen zela, edo beste bat ez genuela berriz ikusten. Baina inork ez zuen gaiaz hitz egin nahi», gogoratzen du. EHGAM edo Gehitu kolektiboei HIESaren ikurra borroka bezala hartzea asko kostatu zitzaiela nabarmentzen du Errekaldek.

Daniel Zulaikaren lana
HIESaren Plana martxan jarri zuen Daniel Zulaikaren lana nabarmentzen du. «Denon artean, elkarteekin batera, aitzindariak izan ginen gauza askotan. Xiringak jaso eta berriak ematen ziren, aurpegia konpondu, erreprodukzioa... Estatuan ez ziren planteatu ere egiten. Gauzak lortzen genituen poliki poliki».

Gaur egun, berriz, zientziak nabarmen egin du aurrera, botikak dituzte. «Baina gure instituzioek, Zulaika desagertu zenetik, HIESa amortizatuta bezala daukate. Erronka berriak planteatzen dira eta ez dituzte kontuan hartzen. Egia da pandemia bat pasatu dugula, eta Osakidetza gogor astindu duela».

Horren adibide da plazaratu duten azken aldarrikapena. Orain, medikamentuak jasotzeko, ospitalera joan behar dute. Inguruko botikaren batean jasotzeko eskatu dute, Ipar Euskal Herrian egiten duten bezala, baina ez dute erantzunik izan. «Gauza erraza da, eta gure bizi-kalitatea asko hobetuko luke», nabarmentzen du.

25 urtez botikak hartu ondoren, karga birala kontrolpean dute. Ez da hiltzen duen gaitz bat. Baina orain beste osasun arazo batzuk dituzte, eta osasun sistema publikoari hauei erantzutea kostatzen zaio. Hori dute erronka.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.