Mostrando entradas con la etiqueta EUS. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta EUS. Mostrar todas las entradas

viernes, 6 de febrero de 2026

#hemeroteka #ijitoak #jaiak | Ijito herria kaldereroen aurrean: hausnarketarako gonbidapena

Kike Jimenez eta Rafa Gimenez, Agifugi elkarteko kideak //

Ijito herria kaldereroen aurrean: hausnarketarako gonbidapena

Kaldereroei buruzko hausnarketan murgilduta dago Agifugi elkartea, helburu argi batekin: «Zer ekarpen egin daiteke, kaldereroak Donostiako ijitoentzat ere erakargarriak izateko?».
Beñat Parra | Irutxuloko Hitza, 2026-02-06
https://irutxulo.hitza.eus/2026/02/06/ijito-herria-kaldereroen-aurrean-hausnarketarako-gonbidapena/

Modu orokortuan ez bada ere, kaldereroen jatorriaren eta izaeraren inguruko eztabaida zabaltzen hasi da: Hungariatik Donostiara etorri omen ziren langileak omentzen dituzte? Ijitoen parodia dira? Irain arrazista bat? Agifugi Gipuzkoaren etorkizunerako ijitoen elkarteak gaiari heldu dio, Rafa Gimenez eta Kike Jimenez kideek azaldu dutenez.

Lehenik eta behin, ijito herriak, belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri, bere egunerokoan bizi duen antitziganismoa kontuan hartu behar da: «Aitak esaten zuen ijitoa izatea munduko gauzarik handiena zela eta hala bizi izan dugu beti etxean. Baina etxetik ateratzen zara, eta ijito hitza lapurraren sinonimoa da», azaldu du Jimenezek. «Guk eguneko 24 orduak pasatu behar ditugu ijitoak garela aldarrikatzen», gaineratu du Gimenezek.

Horrela, kaldereroak borroka horren parte dira: «Ulertzen dugu jai bat dela, baina, testuinguru horretan, kaldereroei begiratzen diezu eta, pentsatu dezakezu, ‘barre egiten ari dira’». «Ijitoak ez direnek ijitooi buruz sortu duten iruditeria birpentsatzera bultzatzen gaituzte narratiba berriek», gehitu du Jimenezek.

Bizipenei tiraka
Bi kideek diote ez zaizkiela inoiz bereziki gustatu kaldereroak, baina, urte luzez, ez dutela horren inguruan hausnartu. Hain zuzen ere, Jimenezek gogoratu du nola, eskolako kaldereroetan parte hartzeko prestatzen ari zela, aurpegia erretako kortxo batekin margotu zion bizilagunak esan zion, «etorri, ijito guapo baten moduan jarriko zaitut»: «Ederra iruditu zitzaidan, ijitoa izatea munduko gauzarik handiena zela esaten zen etxe batetik nentorrelako. Orain, momentu hori gogoratzen dut eta ikaragarria iruditzen zait. Ez zaizkit inoiz bereziki gustatu kaldereroak, baina kontziente izan gabe; zerbait zegoen hor, ez zitzaidana gustatzen. Urteekin, konturatu naiz agian hori zela gustatzen ez zitzaidana, ijitoekiko erreferentzia hori guztia». Hala ere, ñabardura egin dute: «Gu ez gara erromani herri guztiaren ordezkariak, eta, beraz, badaude kaldereroen gaiari garrantzirik ematen ez diotenak edo berrinterpretaziorako beharra ikusten ez dutenak. Denon iritzia eduki beharko dugu kontuan».

Ildo beretik, zera gaineratu du Gimenezek: «Gu Donostiakoak gara duela hiru belaunaldi, eta gure inguruko inork ez du parte hartzen kaldereroetan. Eta parte hartu izan duten ijitoek minetik kontatzen digute euren esperientzia. Eskolan haur gisa bizi izan dutenek, haur ijito gisa, ijitoz mozorrotzen. Eta, gerora, guraso gisa, arrazoi horrengatik, eskolara joanez azaltzera beraien umeek ez dutela parte hartuko».

Erromani herriaren parte den ‘kalderash’ taldekoak ziren kaldereroek hizpide dituzten langileak, eta, hain zuzen ere, egungo ‘kalderash’ baten bizipena ekarri du hizpidera Gimenezek: «Astigarragan, badago Errumaniatik etorritako ‘kalderash’ bikote bat, eta gizonak ez du ondo hitz egiten gaztelaniaz. Egun batean, ijito gurdi bat ikusi zuen kalean, eta pentsatu zuen benetako ‘kalderash’-ak zirela; poz-pozik jaitsi zen haiengana, erromaniz hitz egiten eta abar. Baina kaldereroak ziren, noski. Lortu genuenean dena ondo azaltzea, nahasmendu handiz bizi izan zuen».

Ekarpenak egitea helburu
Horrela, kaldereroen inguruko hausnarketan, Amak Contra el Racismo eta Ongi Etorri Eskolara eragileen eskutik, gaiaren inguruko lanketa sakonagoa egiten ari dira orain. Pertsona erromaniekin zein ez erromaniekin inkesta bat gauzatzen ari dira eta, horrez gain, bi saio egin dituzte Amara Berriko ikastetxeko irakasle guztiekin: «Zer ekarpen egin daiteke kaldereroetan, niretzat, Donostiako ijito bat naizela, erakargarri izateko? Agian, ekarpen positiboren bat egin dezakegu. Gure kultura hizpide duen jai bat denez, jar dezagun balioan gure kulturako zerbait kaldereroetan. Badakizue zein den gure banderaren esanahia? Zer esan nahi duen ijito izateak?».

Irakasleekin ez ezik, azaldu dutenez, beste eragile batzuekin ere hitz egin dute kaldereroen inguruan, hala nola Kaleko Afari Solidarioak taldekoekin (KAS izango da aurten pregoilaria). «Antiguako kaldereroen konpartsarekin ere biltzekoak gara eta EH Bilduk interesa agertu du, baita ere, gurekin biltzeko», nabarmendu du Jimenezek. Era berean, Donostiako Udala beraiekin harremanetan jartzea espero dute: «Kaldereroak planteatzen baditu Donostiako jarduera erakargarri baten moduan, agian, bada garaia aitortzeko agian okertu egin garela eta festa birpentsatuko dugula planteatzeko». «Bidetik, topatu gara gu baino askoz jarrera erradikalagoa duen jende ez-erromaniarekin, esaten duena jaia ez dela berrinterpretatu behar, deskolonizatu behar dela edo, zuzenean, hau bukatu behar dela baizik. Zergatik gauza batzuk berrinterpretatu daitezke eta beste batzuk ez?», gehitu du.

«Beti esaten digute ez dela gaiztakeriaz egiten. Ados, goazen hurrengo puntura: zer egingo dugu orain?», nabarmendu du Jimenezek. Ildo horretatik, hau «hasierako fasea» dela argi edukita, eman beharreko pauso batzuk jarri ditu mahai gainean: «Hiru geruza ditu honek. Bat: kontuz terminologiarekin, orain da momentua aitortzeko ‘zíngaro’ esatean, zelofana jartzen ari zirela ‘ijito’ hitzari. Bi: goazen berrantolatzera jaia transmititzeko modua, ijitoentzat ere erakargarria izan dadin. Hiru: goazen dena bere testuinguruan jartzera, irakatsi diezaiegun haurrei benetan nondik datorren jaia, zein den ijito herriaren historia eta abar».

Horrela, hurrengo pausoaren berri eman dute: «Amak Contra el Racismorekin batera, Amara Berriko irakasleen artean egindako inkesta aztertuko dugu eta fase pilotua hasi nahi dugu gero, kaldereroen ondoren, ikasgela batzuetan sartu eta jaien inguruko testuingurua azaltzeko. Eta, pixkanaka, lanketa hori zabaltzen joan nahi dugu». Betiere, helburua argi edukita: «Jaiak bihurtu ditzakegu herri erromaniari buruz ikasteko tresna. Agian, egin dezakegu zerbait guretzat ere erakargarri izateko eta, horrela, agian, etorkizunean, kaldereroetako gure konpartsa propioa atera dezakegu hemen, Intxaurrondon, zergatik ez!».

domingo, 29 de junio de 2025

#hemeroteka #transfeminismoa | Aliantza transfeministak faxismoaren aurka

Donostiako E28 manifestazioa //

Aliantza transfeministak faxismoaren aurka
Mijo Lizarzaburu · Donostiako asanblada transmarikabolloaren izenean | Berria, 2025-06-29

https://www.berria.eus/euskal-herria/aliantza-transfeministak-faxismoaren-aurka_2143892_102.html

Europan eskuin muturra izaten ari den gorakada edo Eneko Goiak hiriko pobreen aurka ezarritako politika arrazistak ez dira gertakari bakanak, eta faxismoaren aurkako erantzuna artikulatzeko eta aliantza zabalak egiteko beharra inoiz baino garrantzitsuagoa dela erakusten dute. Horren aurrean Transfeministok analisi sakona egin behar dugu indarkeria geroz eta bortitzagoaren eta atzerapauso legal eta politikoen aurrean izango dugun kokapena zehazteko. 

Aurreko hamarkadetako jardun feministak gogor jo ditu patriarkatuaren zenbait oinarri, eta asko dugun arren egiteko, asko lortu dugu. Orain ikusten gabiltzan indartze patriarkala, beraz, lortutakoa suntsitu nahi duen erreakzio hutsa da; adibidez, ‘tradwife’-ek eta ‘incel’-ek mediatikoki inpaktu handia duten arren, maskulinitate eta feminitate hegemonikoa produzitzeko identitate digital hutsak dira, zaharrak berri. 

Baina arazoa nahasiagoa da, mugimendu transfeministak egindako lorpenen aurrean altxatzen den erreakzioa ez datorrelako soilik eskuin muturretik, ezkerreko mugimenduetan ere ikus daitekeen fenomenoa baita antifeminismoa. Ikusi dugu ezkerraren zati batean TERF ideologiaren indartzea, ustezko biologian oinarritutako determinismo sexualaren izenean pertsona Transon aurkako gorrotoa zabaltzen. Baita Putafobiaren indartzea ere, lan sexualaren kriminalizazioa eta biktimizazioa soilik bilatzen duten jarrera salbazionisten zabaltzea eta putei langile klasearen parte den subjektu izaera ukatzen dioten diskurtsoen proliferazioa. Erreakzio bezala ulertzen dugu baita ezkerrean subjektu unibertsalaren ikuspegia indartzea ere. Subjektu heterosexual, zuri eta gizonezkoa borrokaren zentroan jarri eta beste identitateok fronte antifaxista baten izenean beste zapalkuntza ardatzak (arraza, generoa) ezabatu behar izatea. 

Transformaziorako batasunak sortzea ezinbestekoa da, baina kontuan izan behar dugu langile klasearen batasuna helburu bat dela, ez premisa bat. Eraiki egin behar den zerbait dela eta horretarako ezinbestekoa dela mugimendu antikapitalisten, independentisten edo feministen baitan dagoen hegemonia heteropatriarkala amaitzea. Gauza bera gertatzen da kolonialismoarekin, ezin dugu mugimendu feministaren eta antirrazistaren arteko aliantza aurresuposatu, baizik eta kondizioak sortu behar ditugu hori posible egiteko. Feminista antirrazistek esaten duten modura, ez da soilik gure arrazakeria begiratzea, baizik eta ezkerreko mugimenduen hegemonia zuria amaitzea (presentzia, lidergoa, diskurtso eta agenden orientazioa). Bestela, zapalduen artean hegemonikoa denak erabakiko du aliantzak noiz, norekin eta nola egin, eta hori gizon zuri hetero bat ez garen guztiontzat onartezina da. 

Mugimendu transfeminista fronte zabal antirrazista, antikapitalista eta independentistan artikulatzea dugu helburu. Transmaribollook hortik gure identitateak ezabatu nahi dituen faxismoaren aurka egingo dugu, baina baita ere gure borroka despolitizatu eta merkantilizatu nahi duen neoliberalismoaren aurka. Guk ez dugu nahi PRIDErik, genero trantsiziorako klinika pribatizaturik edo Israelgo estatu genozida gure izenean zuritzerik. 

Ez dugu nahi sistema heterosexualak gu onartzerik, guk ez dugulako onartzen sistema heterosexuala. Ez gatoz gizon eta emakume izatea erabaki dutenekin askatasunez eta zoriontsu bizitzera, gu gizonak eta emakumeak sortzen dituen erregimen heterosexuala bukatzera gatoz. Anbizio totala dugu ertzetatik dena aldatzeko. Ez ditugu marjina ederrak babestu nahi, baizik eta erdigunea suntsitu eta beste zerbait sortu, hau da, gizon eta emakumerik gabeko Euskal Herri transfeminista.

#hemeroteka #lgtbi #e28 #harrotasuna | Amorru disidentea antolatzera deitu du LGBTI kolektiboak

Donostia E28 manifa, 'faxismoaren eta genozidioren aurka' //

Amorru disidentea antolatzera deitu du LGBTI kolektiboak

Ekainaren 28ko manifestazioaren ondoren, ballroom kulturaren erakustaldia egin dute Bulebarrean
Irutxuloko Hitza, 2025-06-29
https://irutxulo.hitza.eus/2025/06/29/amorru-disidentea-antolatzera-deitu-du-lgbti-kolektiboak/ 

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izan da larunbatean, eta urtero moduan, ehunka lagun irten dira kalera Gipuzkoako Trans Asanblada, Ehgam eta Donostiako Asanblada Transbollomarika kolektiboak deitutako manifestaziora batuta. Bulebarretik abiatu da, ‘Transmaribibollook faxismoaren eta genozidioaren aurka’ lelodun pankarta buruan, eta Erdialdeko kaleetan barrena egin du, faxismoaren gorakadaren aurrean aliantza eta autodefentsa transfeminista aldarrikatuz.

Gaurko egunaren harira zabaldu duten irakurketan, iaz egin moduan, Israelgo Estatuak Palestinako herriaren aurka aurrera daraman genozidioa gaitzetsi dute, palestinar erresistentziari elkartasuna adieraziz eta bai erakundeei bai enpresei beste behin eskatuz Israelekin dituzten harremanak eteteko. “Palestinaren kontrako genozidioak markatutako sasoi honetan, gerra hotsek gero eta ozenago eta faxismoa gero eta ageriago, antolatu dezagun amorru disidentea”. Izan ere, sexu eta genero disidentziak “borrokarako indar eta palanka” bihurtu behar duela sinetsita baitaude. “Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada”.

Zabaltzen ari den faxismoaren eta ideia faxisten aurrean autodefentsa transmaribibolloa eta faxismoaren kontrako aliantzak sortzea “ezinbestekotzat” jo dute, baita berretsi ere “beldurra baino askoz handiagoa dela sentitzen duten amorrua”. Testuinguru horretan lortutakoa babestea ez da nahikoa, eta bai faximoari bai erreakzionarismoari disidentzia gehiagorekin erantzungo diote: “Jendarte eredua errotik eraldatzea bilatzen duen borrokarekin. Genero-binarismoa eta erregimen heterosexuala nahi ditugu irauli”.

Horrez gain, gaitzetsi dute erakundeek beren borroka merkantilizatzeko ahalegina, “lelo hutsekin eta ortzadarraren koloreekin mozorrotuta”. Bide beretik, neoliberalismoak eskaintzen dien “askatasun indibidualaren” aurrean, sexu askapena nahitaez kolektiboa izango dela ere aldarrikatu dute, “esplotazioan, arrazakerian eta desjabetzean oinarritzen den ereduan ez dago ez askapenik ez egiazko askatasunik”. Borroka indibidualak ez direnez, eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan besterik ez direla egiaz gauzatuko gogoratu dute. “Nahitaezkoa dugu sistema kapitalista, patriarkal, zisheterosexista eta koloniala iraultzea askapena guztiona izango bada”. Horregatik inoiz baino beharrezkoagotzat jo dute trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta gainontzeko gorputzen arteko sareak eraikitzea eta aliantzak jostea.

Ballroom erakustaldia, ondoren
Manifestazioa amaitu ondoren, Ballroom kultura ezagutarazi dute, Vogue dantza erakustaldi batekin. Udaleko Giza Eskubide eta Gazteria sailek antolatuta, Bulebarreko kiosko aurrean, dantza, moda eta performancea lotzen dituen ikuskizun original eta harrigarria egin dute Iruñeko Kiki House of Anunnakiko taldeko kideek, Nefertiti Annunakik zuzenduta. BallroomDonostia talde berritzaileko kideek ere parte hartu dute.

Diziplina artistikotik haratago doa, ordea, aldarrikapen eta berrespen modu bat baita. New Yorkeko Harlem auzoan sortu zen Ballroom kulturatik jaio zen 1970eko hamarkadan, batez ere gay eta emakume trans* afroamerikarrek eta latindarrek bultzatuta. Underground klubetan antzezten zen, LGTBIQ+ kolektiboaren eta pertsona arrazializatuen bazterketari erantzuteko, eta espazio segurutzat hartzeaz gain, ahalduntze gune ere bazen,

viernes, 27 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 #harrotasuna | Aitor Narbarte Alvarez: «Ez dugu ausartak izan nahi, askeak baizik»

Aitor Narbarte Albaarez, Kuirdinadora kidea //

Aitor Narbarte Alvarez · Kuirdinadorako kidea: «Ez dugu ausartak izan nahi, askeak baizik»

LGTBI+ Harrotasunaren Eguna izango da bihar. Ospatzeko ugari dute, baina batez ere aldarrikatzeko LGTBI+fobiak gora egin duen agertoki betean. Kuirdinadorako Aitor Narbartek erradiografia egin du.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2025-06-27
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/27/ez-dugu-ausartak-izan-nahi-askeak-baizik/

LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta ospakizunak bai, baina batez ere aldarri politikoek hartuko dituzte kaleak komunitatearen kontrako gorroto mezuak eta zehazki transfobikoak gora egiten ari diren agertokian. Kuirdinadorako kidea da Aitor Narbarte Alvarez errenteriarra; urtebete egin du lanean Kuirdinadorak. Egindako bideaz, LGTBI+ kolektiboak bizi duen egoeraz, ultraeskuinaren gorroto mezuez, eta Terf Transbaztertzaileak sustatzen ari diren trans pertsonen —haur eta nerabe transak barne— kontrako gurutzadaz mintzatu da, besteak beste.

Horren harira, Naizen elkarteak mozioa aurkeztu zuen asteartean Errenteriako Udalean trans pertsonen existentzia ukatu eta mezu transfoboak zabaltzen dituzten taldeei lekurik ez ematea eskatzeko. Aurrera egin zuen mozioak EH Bildu, Elkarrekin Errenteria eta EAJren aldeko botoekin; PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuen, eta PPk berriz, kontra bozkatu zuen.

G. Ekainaren 28a egun handia da LGTBI+ komunitatearentzat. Ospatzeko eguna izango duzue biharkoa, baina batez ere aldarrikatzekoa. Zer aurreikusi duzue biharko?


Kuirdinadoraren barruan eman dizkiogu buelta batzuk herrian zerbait antolatu nahian, baina azkenean ez dugu ezer prestatu. Egia da gaur Sare Herritarra eta Etxerat elkartearekin batera Azken Ostirala dugula deitua, eta horren antolaketan aritu gara buru-belarri. Herrian bertan ez dugu ezer berezirik egingo bihar, baina Donostian manifestazioa izango da Bulebarretik abiatuta, 18:30ean.

G. Harrotasunaren nazioarteko egunari begira hainbat datu zabaldu dira, han-hemenka. LGTBI+ kolektiboko kide izateak erasoak sufritzea barneratzea suposatzen duela adierazi dute hainbat behatokik.

Egia da LGTBI+fobiak gora egin duela azken urtean, eta argi dago hemen, gure herrian ere ez garela oso eroso sentitzen, erasoak izan direlako tartean. Bestalde, kontuan hartu behar da kontzientzia gehiago ere badagoela, eta hori horrela, gaur egun eraso gehiago salatzen direla. Gorakada bat egon da, indarkeria gehiago dago, baina aldi berean jendea ere kontzienteagoa da eraso horiek azaleratu egin behar direla, salatu egin behar dela.

Oreretako Sindikato taberna ondoan Ernaik egindako muralean hainbat borroka islatzen dira, tartean, LGTBI+ borroka. Intersexualen, transen eta arrazializatuen banderak pintura morez estali zituzten. Hori gertatu zenean hainbat eragilek transfobia salatu genuen, baina erasoa transfoboa izatearekin batera, arrazista eta intersexfobikoa ere izan zen. LGTBI+fobia eta transfobiak bereziki gora egin dute, baina baita arrazakeriak ere.

Ez da gisa horretako eraso bakarra. Maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egin genuen, eta hainbat kartel jarri genituen herrian barrena; ‘Iraultza transfeminista izango da edo ez da izango’, ‘Faxismoaren aurrean kuierresistentzia’, eta ‘Oreretan eraso LGTBIKA+fobikoei aurre egiten diegu’ leloak zituzten kartel horiek. Kartel horien gainean pegatinak jarri dizkigute eta Terfen —Trans Exclusionary Radical Feminist— edo transbaztertzaileen mezuak dituzte. Besteak beste, ikuspegi transinklusibotik lesbofobia sustatzen dela diote, lesbianen aurka doala, baita Trans Pertsonen Legea ere — 4/2023 Trans Pertsonen Benetako Berdintasunerako Legea—. Emakumeak ezabatzen dituela ikuspegi transinklusiboak diote, baina ez du zentzurik. Kuirdinadoratik gutiz kritiko gara horrekin. Ez da erreala esaten dutena. Eta gu ez gara eroso sentitzen gure kartelen gainean pegatina horiek ikusita. Erasoa da.

Gure kalterako, aitortu behar da gero eta antolatuago daudela Terfak, sare bat dago hor atzean, web orri bat dute, diskurtso bat sortzen ari dira, eta larriena da diskurtso horrek bat egiten duela faxismoarekin. Larria eta kezkagarria da hori. Ez dakit kontziente diren euren diskurtsoarekin ultraeskuinaren mezua sustatzen ari direla.

G. Erasorako bitarteko dira sare sozialak. Gero eta gehiago gertatzen ari da hori?


Azken aldian, nahi dutena lasaitasun osoz esateko espazioa, eta boterea dutela uste dutela pentsatzen dut. Hala gertatzen da mezu LGTBI+fobikoekin, eta bereziki transfobiarekin. Terfek ere egin dute bat sare sozialen eraso horrekin. Hor dugu JK Rowling, Harry Potterren sortzailea eta idazlea. Terfa da, eta jakina da transfobia sustatzen duen lege proposamen bat finantzatu duela bere diruarekin Erresuma Batuan.

Horrelako gauzak egiten dira modu publikoan, lotsarik gabe; jende askok ez du inongo arazorik emakume trans bat emakumea ez dela esateko. Zein zilegitasun du inork hori esateko?

G. Zergatik ari da gora egiten LGTBI+fobia? Zein irakurketa egiten duzue Kuirdinadoratik?


Lehenik eta behin, faxismoak gora egin duelako. Garai batean esatera ausartzen ez ginen gauza batzuk lasaitasun osoz esan daitezke gaur egun, eta diskurtso batzuk konplexuagoak egin dira, badute argudio bateria bat, eta pentsatzen dute funtzionatzen duela. Horiekin amaierara arte doaz, behin eta berriz errepikatuz eta zilegitasuna ematen saiatuz. Etsaia nor den oso argi dugu: faxismoa eta kapitalismoa.

Horretaz gain, uste dut behar-beharrezkoa dugula barnean dugun polizia ezabatzea, jarrera hori hartzen dugulako askotan. Hortik hitz egiten du jende askok eta esan «zu ez zara emakumea», edota «zuk ezin duzu intersexuala izan»… Eta errealitatea da gauzak konplexuagoak direla.

G. Maiatzaren 17an urtea bete zuen Kuirdinadorak. Zein da egin duzuen ibilbidearen balorazioa?

Oso positiboa. Halako taldeak sortzen direnean sentsazioa dut gauza asko egin nahi izaten ditugula, eta berehala. Garrantzitsua da, ordea, antolatzea eta presentzia bat izatea herrian, baita erasoak daudenean horiek salatzea ere. Herriak ikusi behar du LGTBI+ mugimendu antolatu bat badagoela. Urtebete honetan batez ere barne lan handia egin dugu, eta elkar zaintzari garrantzi handia eman diogu. Izan ere, helburua ere bada sentitzea gure herrian badugula espazio bat nahiz eta fisikoa ez izan, segurua dena, intimoa. Eta momentu batean elkartu eta elkarrekin edateko zerbait har dezakegula taberna batean, bizitzaz edo dena delakoaz hitz egiteko, eta ez bakarrik aktibismotik.

Aktibismoa egiten dugu, militatzen dugu, baina lagunartea izan daitekeen espazio seguru bat ere badugu disfrutatzeko.

G. Zenbat pertsona ari zarete Kuirdinadoran?


Hamabost bat lagun gara. Hasiera batean Oarsoaldera zabaldu nahi genuen, baina momentuz behintzat Oreretan gelditu gara. Hala ere, zalantzarik ez dut taldea handitzen joango dela gutxika-gutxika. Momentuz lezoar bat batu berri da.

Garrantzitsua iruditzen zait jaietan, izan madalenak izan auzoetakoak, edota antolatzen diren bestelako ekintza handietan ere, gure kolektiboaren presentzia izatea, hemen garela ikusarazteko. Festak askotan oso heteroak dira, eta eraso matxista edo sexista bat dagoenean bada protokoloa erantzuteko, zehatza, eta primerakoa da hori noski; baina eraso LGTBIKA+fobiko bati aurre egiteko agian ez da protokolorik. Hori aintzat hartu eta lantzea ere badagokigu.

Badugu lana aurretik.

G. Landuta al dago arlo hori Errenteria-Oreretan zein inguruan? Esan duzu ez zaretela eroso sentitzen beti.

Zaila da, ezinezkoa guztien izenean hitz egitea. Baldin eta zein den zure identitatea, nola adierazten zaren, eragin handia duelako horrek. Zenbat eta gertuago heteroarautik, orduan eta errazagoa da, onartuagoa sentitzen zara, ez hain epaitua. Taldean gelditu izan garenean esango nuke nire esperientziatik eroso sentitu naizela. Tartean gertatzen dira erosotasun hori urratzen dutenak, noski.

Zailagoa da bakarrik joatea herritik. Bakarrik joatean ez gara hain eroso sentitzen, baina orokorrean esan dezaket nahikoa bizigarria dela Errenteria-Orereta.

G. Ariketa zaila da egunero etxetik ateratzea LGTBI+ komunitateko pertsonentzat?

Nire esperientziatik erantzungo dut. Niri gustatuko litzaidake gona bat soinean ateratzea, edo makillatuta, beste motatako espresio bat izatea agian, baina argi dago mugatzen didala. Autobus edo topo geltokira joatea zaila da baldin eta nola zauden jantzita, eta zure nortasunaren arabera gauza horiek eragin handiagoa edo txikiagoa dute.

Ahalduntze etengabea eskatzen duela uste dut, eta ez da erraza. Jende askok egiten du urratsa, oso ausarta da hori.

Baina ez dugu izan behar ausartak, askeak baizik. Eta hori horrela izan dadin lanketa egitea ez dagokigu LGTBIKA+ pertsonei, gainontzekoei baizik. Horretarako ardura bat hartu behar dute bermatzeko Errenteria-Oreretan eta Euskal Herrian LGTBIKA+ pertsonok lasai atera gaitezkeela kalera, epaituak, irainduak izan gabe, erasorik sufritu gabe. Horretara heltzeko lanketa handia dago aurretik.

G. Zein garrantzia dauka herritarren jarrerak? Nola erantzun behar dute eta zer dagokie egitea gorroto mezuen eta erasoen aurrean?

Ez ikusiarena egitea ez da aukera bat. Gorroto mezuak, erasoak, irainak, kolektiboki ere salatu behar ditugu, eta zer edo zer ikusten badugu erasoa jasan duenarengana hurbildu eta laguntza eskaini, galdetu zerbait behar duen, edota nola laguntzea dagoen. Ezer ez egitea, beraz, ez da aukera bat, horrek konplize bilakatzen zaitu askotan; askotan diot, kontziente baikara batzuetan zaila dela halakoei aurre egitea.

Beharrezkoa da barne lanketa bat ere egitea. Horrekin zera esan nahi dut, agian ez duzula partekatuko edo ez zaizula gustatuko ikusten duzun hori, agian ez duzu egoki ikusten nire adierazpena, nire itxura, nire janzkera… Horren aurrean, ez epaitzeko, ez adierazteko eta barruan uzteko ariketa egin beharko genuke denok, aurrean dagoena iraindu, eraso egin edota deseroso sentiarazi dezakezulako. Norberaren ardura da lanketa hori egitea. Ez baduzu gustuko oso ondo, baina ez adierazi, gorde zuretzako.

Bestalde hetero munduan komentario batzuk sustatu eta indartu egiten dira, eta herritar denon ardura da horiek moztea. Hori horrela eginez gero, pixkanaka lortuko dugu inguruan epaituak, seinalatuak, edota erosotuak ez sentitzea, jendea errespetatzea. Hori da nahi duguna, errespetua, askatasunez bizitzea sentitu eta garen horretatik.

G. Nabarmen erabiltzen dira molde batzuk irain gisa, ezta?

Oso zabalduta dauden txiste eta esamoldeak irain gisa erabiltzen dira, eta horrela ez erabiltzea gakoa litzateke hainbat inertzia ezabatzeko. Horiek beti modu negatiboan erabiltzen dira, iraintzeko, min emateko. Askotan, argudio gisa, umoretik erabiltzen dutela esaten dute, baina umoreak ere muga batzuk ditu, eta argi dago muga horiek ezin ditugula pasa.

G. Eskubideetan atzera egiten ari den sentsazioa duzu, alegia?


Indar handia hartzen ari da eskuin muturra, eta gaur egun esaten dira garai batean esaten ausartzen ez zirenak. Gainera, badago sistema bat hori guztia babesten duena.

Hala ere, baikorra izan nahi dut, faxismoak gora egin badu ere, hemen inguruan, Buruntzaldean, Orion, Donostialdean… transmaribibollo topagune edo talde berriak sortu direlako. Hori bada nahikoa esanguratsua aurrera egiten ari garela ikusteko. Baina tentuz joan behar dugu, ezin gara-eta despistatu.

Sinistu nahi dut aurrera egiten ari garela. Zenbat eta diskurtso kritikoagoa, orduan eta diskurtso faxistagoa aurkituko duzu parean.

G. Eta instituzioak? Ari al dira dagokien lana egiten eta ardurak hartzen?


Zaila da instituzioak egiten dutena edo duten jarrera orokorretik baloratzea. Gurera etorrita, Errenteria-Oreretan kolektiboaren eta udalaren artean harreman ona dagoela esango nuke, nahikoa ongi doala. Francisaldiaren antolaketan, adibidez, elkarrekin ari gara, eta LGTBI+ Aholku Kontseilua ere badugu elkarlanean eta elkarrizketan aritzeko. Esango nuke, gure udalerrira etorrita behintzat, badela instituzioaren aldetik prestutasun bat. Batzuetan, ordea, diskurtso falta dagoela iruditzen zait, adibidez, salaketa egiteko garaian.

Instituzioekin kritikoak izatea dagokigu, baina zubiak ere zabaldu behar ditugu elkarren eskutik bidea egiteko.

G. Bolo-bolo ibili da azken hilabeteetan Bilboko Udalak antolatu duen pride edo Bilbao Bizkaia Harro desfilea. Zein iritzi duzue halakoez?

Lotsagarria da halako egoera bat. Bilbon joan den asteburuan, larunbatean egin zuten Madrilgoa (Espainia) imitatu nahian edo. Udaletik antolatutakoa da jaialdia, eta ez da espazio politiko bat, aldarrikatzailea edo kritikoa… LGTBIKA+ mugimendua oso antolatua dago Bilbon, oso kritikoa da, eta urtero-urtero antolatzen du manifestazioa ekainaren 28arekin batera identitateak aldarrikatzeko. Orain udalak antolatu du desfile bat, eta ez da hori bere egitekoa. Eragileen aldarrikapenetara eta beharretara egokitu behar da udala, eta ez alderantziz.

Egun berean, Terfen manifestazioa antolatu zuten, Bilbon ere hura. Ikuspegi transbaztertzailea duen jendearen manifestazioa izan zen, eta gorroto mezuak bota zituzten trans pertsonen kontra.

Aurrean izan zuten batzuek eta besteek, ‘pride’-ak eta Terfek, Bilboko transmaribibollo kolektiboa, pareko espaloian LGTBIKA+ eskubideak aldarrikatzen.

miércoles, 25 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #e28 #harrotasuna | LGTBIQ+ bandera duen zebra bidea margotu dute Grosen

Ortzadar bandera duen zebra-bidea margotu dute //

LGTBIQ+ bandera duen zebra bidea margotu dute Grosen

Donostiako Udalak, ekainaren 28a ospatzeko, ortzadarra margotu du zebra-bide batean.
Inge Arzensek Sanchez | Irutxuloko Hitza, 2025-06-25
https://irutxulo.hitza.eus/2025/06/25/lgtbiq-bandera-duen-zebra-bidea-margotu-dute-grosen/ 

Larunbatean, Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, harrotasunaren martxa aurrera eramango dute hirigunetik abiatuta, LGTBIQ+ kolektiboko hainbat eragilek osatutako Ekainak 28 koordinakundeak deituta. Egun horren harira, Donostiako Udalak ortzadar bandera duen zebra bide bat margotu du Grosen, Peña eta Goñi kalearen eta Kolon pasalekuaren artean.

Udalak, egun berezi honetan, kolektiboarekiko duen konpromisoa argi utzi nahi du eta balkoi nagusian ortzadar bandera jarriko du. Gainera, gertakari LGTBIQ+ fobikoei aurre egiteko protokoloa lantzen ari da eta langileei zuzendutako prestakuntza programa martxan jarri du.

“Lehen aldiz, gure hiriak LGTBIQ+ banderaren koloreak jarri ditu zebrabide batean”, adierazi du Inklusio zinegotzi Iñigo Garciak. “Ez da lurrean egindako pintura bat bakarrik: Donostian diskriminaziorako lekurik ez dagoela eta hiri askeago, anitzago eta inklusiboago baterantz ibiltzen jarraitzen dugula dioen mezu argia da”, baieztatu du zinegotziak.

Halaber, Dbus eta Donostia Kulturak egun honekin bat egingo dute: autobusek ortzadar bandera duten kartelak ipiniko dituzte eta liburutegiek sexu eta genero aniztasunaren inguruan hitz egiten duten liburuak eskainiko dituzte maileguan.

Larunbatean 18:30ean hasiko da Donostiaren hirigunea zeharkatuko duen harrotasunaren martxa, Ekainak 28 koordinakundeak deituta. 20:00etan ‘Ballroom’ kulturan barneratzeko, ‘Vogue’ dantzaren emanaldia egingo da. “Zalantzarik gabe, ikuskizun originala eta harrigarria izango da, diziplina artistiko batetik harago doalako, aldarrikapen eta berrespen modu bat izateko, dantza, modelajea eta performancea lotzen dituena”, azpimarratu du Garciak.

#hemeroteca #transfobia | Transfobiari atea itxi diote

Mozioa bozkatzeko unea atzoko plenoan //

Transfobiari atea itxi diote

Naizen Haur eta Nerabe Transen senideen elkarteak aurkeztutako mozioa babestu du udalak, EH Bildu, Elkarrekin Errenteria eta EAJren aldeko botoekin.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2025-06-25
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/25/transfobiari-atea-itxi-diote/

Iltzez eta giltzez itxi dio atea Transfobiari Errenteria-Oreretak. Aurretik ere ez zuen erraz topatuko zirrikiturik, baina atzo, Naizen Haur eta Nerabe Transen senideen elkarteak aurkeztutako mozioa babestu zuen udalak. Ez zen, tamalez, aho batez onartu: EH Bilduk, Elkarrekin Errenteriak eta EAJk eman zioten baiezkoa. PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuen, eta PPko zinegotzi bakarrak, berriz kontra egin zuen.

Imanol Carvallo Naizenen elkarteko kideak aurkeztu zuen mozioa. Kezka azaldu zuen Naizenekoak, eta kezka horrek eragin duela mozioa aurkeztea adierazi. Maiatzean haur eta nerabe transen senideen elkarteak Haurtzaro eta Nerabezaro Transari buruzko lehenengo kongresua antolatu zuen Bilbon maiatzean. Haren ondotik, berriz, ‘Mitoa hautsi, birkonkistatu errealitatea: haur eta nerabe transen negozioa’ jardunaldiak antolatu zituzten, Bilbon ere, “beren burua feministatzat duten talde batzuk”. Azken horren antolatzaileen ibilbideari, egitarauari eta izenburuari erreparatuta “kritikatik” harago doan ikuspegia dutela salatu zuen Naizenekoak. Adibideak eman zituen, eta horretarako jardunaldiak antolatu zituzten elkarteetatik egindako hainbat baieztapen aipatu: “Haur transen existentzia ukatzen dute, nahaste edo doktrinamendu batera murriztuz; transexualitatearekin lotutako edozein tratamendu mediku mutilazioarekin parekatzen dute”. Ez dira horretara mugatzen Carvalloren hitzetan, eta konbertsio terapiak esplizituko sustatzea egotzi die, “nazioarteko estandarren arabera indarkeria modutzat jotzen direnean”. Azkenik, trans identitatea interes ekonomikoen emaitza gisa irudikatzen dutela ere salatu zuen, “horrela identifikatzen direnen errealitateak deshumanizatuz”.

Narratiba hori “iraingarria eta informatu gabea” dela esatearekin batera agerian jarri zuen ondorio zehatzak dituela trans pertsonen estigmatizazio sozialean, bazterketan eta sufrimendu psikologikoan, “bereziki adingabeen kasuan egunerokoan jada duintasunez bizitzeko oztopo izugarriei aurre egin behar baitiete”.

Hori horrela konpromiso zehatzak eskatu zizkion udalari Naizenen izenean. Batetik, erakundeak ez diezaiela eman babesik ekitaldi horiei, ezta antolatzaileei ere espazioak utziz, ekitaldiak hedatuz, haietan parte hartuz edota finantziazio publikoa emanez; ebaluatzea sustatutako edukiek gorroto diskurtsoari, haurren babesari edo berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioei buruzko araudiak urratzen ote dituzten; sexu eta genero aniztasunari dagokionez, errespetuan, ebidentzia zientifikoan eta giza eskubideetan oinarritutako politikekiko konpromiso politikoa indartzea, udal langileen artean prestakuntza programak sustatuta; azkenik, eztabaida, hezkuntza eta akonpainamendu espazio seguru, informatu eta eskuragarri gehiago sortzea, trans adingabe eta haien familientzat, diskurtso polarizatzaile eta estigmatzaileei kontrajarriz.

Haurtzaroa ezin dela beldurra, ezjakintasuna eta bazterketa sustatuta gaineratu zuen Naizenekoak, eta Trans adingabeentzako prozesu seguru, informatu eta lagunduak bermatzea aldarrikatu zuen, “haien existentzia ukatzea ez da modurik onena, ezta haien ahotsak isilaraztea, kalitatezko baliabide publikoetarako sarbidea bermatzea baizik, “beraien eskubide guztiak bermatuz”.

viernes, 13 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #testigantzak | Fernando Telletxea Oskoz 'Fama': "Sufrimendurik gabe ez dago ezer"

Fernando Telletxea Oscoz 'Fama', bandera igotzear //

Fernando Telletxea Oskoz 'Fama': "Sufrimendurik gabe ez dago ezer"

Jaioterrira itzuli da 'Fama'. Abeslari eta aktore modura eman zituen haren ibilbide artistikoko lehen pausoak, baina disko etxeekin izandako zenbait gertakariren ondorioz, artearen mundua utzi eta idaztera pasa da.
Leire Perlines | Oarsoaldeko Hitza, 2025-06-13
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/13/sufrimendurik-gabe-ez-dago-ezer/
 
G. Aste honetan 46 urte bete dira poliziak Francis hil zuenetik. Horren harira, Francisaldia ari dira ospatzen Errenteria-Oreretan, eta zu zeu zara asteartean [astelehenean egin zen elkarrizketa] bandera igoko duena. Nola sentitu zinen hori egiteko gonbita egin zizutenean?

Ondo, ondo sentitu nintzen, baina Errenteriarekin haserre samar nengoen. Mundu erdian arrakasta izan duen film bat egin nuen, eta nire pertsonaiak garrantzia handia izan zuen. Urte oso zailetan kaletik gelditzen ninduten hitz egiteko, eta hemen ez zuten ezertxo ere egin. Ondo iruditzen zitzaidan, baina ni ere Errenteriako semea naiz eta tratu txarrak jaso ditut, sufritu egin dut.

Ez naute hil, baina guardia zibil batek bortxatu ninduen pistola eskuan zuela mehatxatuz. Berarekin joaten ez banintzen talde konkretu bateko kidea nintzela esango zuela esana mehatxatu ninduen. Kostatu egin zitzaidan.

Etxerako bidean taberna bat zegoen eta han jartzen ziren pubertaroan eta haurtzaroan nire adiskide izan ziren guztiak pasatzen nintzen bakoitzean barre egiteko. Ikaragarria zen. Donostiako Arte Ederren Antzokian abesti modernoaren lehen saria eta gero errebelazio saria irabazi nituenean are amorratuago jarri ziren, eta denak okerrera egin zuen ‘Baina ‘marikoi’ horrek zein dela uste du?’, esaten zuten.

Nik ez nuen tabernaz taberna ibiltzeko ohiturarik, etxean geratzen nintzen irakurtzen, gitarra jotzen, frantsesa ikasten… Baina nire pasiorik handiena zinema izan da. Udari eta udaberriari mania diot; eguraldi onarekin denak taberna atarian jartzen ziren nitaz barre egiteko, baina neguan hotza egiten zuenez, taberna barrura sartzen ziren. Negua gehiago gustatzen zait horregatik. Nik neuk aztertu dut neure burua, eta uste dut horregatik dela. Baten batek barkamena eskatu dit, baina urte zailak zirela argudiatzen zuten. Nik beti gauza bera esaten dut: diktadura ikaragarria zen, urte grisak ziren, baina herriak diktadura errazago ezartzen zien ahulenei edo desberdinei. Ez dut uste desberdina naizenik, baina eurek baietz diote. Izan liteke sentiberatasun desberdina izatea; sentsibilitate maila izugarria daukat eta horrek asko sufriarazi dit. Baina tira, oso pozik nago omenaldiarengatik.

Hala ere, nik esan nien mesedez kontutan izateko adin bat daukadala eta bidearen amaieran nagoela. Nire barruan sartzen ari den pertsona zahar horri ez diot sartzen uzten, edo, behintzat, ahalik eta astiroen eta beranduen sartzen ahalegintzen naiz. Garaiz kanpo jaio nintzen.

Jaiotzeaz damutzen naiz. Ez litzaidake gustatuko jaiotzea, ez behintzat mundura bota ninduten espazioan. Baina hori ez diot Errenteriagatik, mundu osoagatik baizik. Nire ihesbidea zinema zen; hara joan eta filmak ikusten nituen. 1950eko hamarkadaren hasieran eraman ninduten zinemara, eta neure buruari agindu nion noizbait pantaila horretan egongo nintzela.

G. Zer egiten duzu zahartzaroak harrapa ez zaitzan?

Kirol asko egiten dut eta aktibo nago; idatzi egiten dut. Frantsesa eta ingelesa ikasten ditut, eta lirikoa ere abesten dut astean bitan. Horrek guztiak nahiko aktibo mantentze nau mentalki, eta fisikoki ere ariketa asko egiten dut. 

G. Jaiotzeaz damutzen zarela diozu, baina, jende askorentzat erreferente bat zarela jakiteak zer pizten du zugan?

Harrotasuna eta alaitasuna. Jendeari zerbait eman ahal badiot, ondo, baina bizitzea egokitu zaidana oso gogorra izan da zentzu guztietan. 

Zinema, haatik, nigana etorri zen; ez nuen ezer egin behar izan. Ezta literaturan ere. Liburu bat erdi idatzita neukan, eta pertsona batek irakurri eta aurkezteko esan zidan, baina nik ez nuen egin nahi, disko-konpainien bide bera izango zela sentitzen nuelako. Ez nuen borrokatzeko gogorik. Pertsona horrek liburua aurkeztu eta baietz esan zioten; dagoeneko 11 liburu argitaratu ditut.

Begira, nire ahotsa nonbait kokatzen asko borrokatu dut, baina matxismoak agintzen zuenez, ezin izan nuen ezer egin.

G. Baina abestiren bat grabatzea lortu zenuen, ezta?

‘Long Play’ bat grabatu nuen, baina ez nago konforme konpositoreak egin zizkidan abestiekin; ez ziren niretzat. Oso gauza komertziala egin zuen. Nire ahotsa komertziala izan daiteke, baina abestiak handia izan behar du horretarako. Ahotsa minimizatu zidan komertzialagoa izan zedin, baina zuzenekoetan konturatu zen hanka sartu zuela. Jendea eserlekutik altxarazten duzu zure ahotsaren benetako indarra ateratzen duzunean.

Alabaina, ez naiz damutzen disko hori grabatu izanaz. Gauza gutxi egin dut ez baitidate gauza handirik egiten utzi. Hiru film egin nituen: ‘La muerte de Mikel’, ‘Luces de Bohemia’ eta ‘Banter’. Hirugarren film horretan Tony Curtis zegoen, eta ilusio handia egin zidan harekin film bat grabatzeak, txikitan Reina Aretora joaten bainintzen bere filmak ikustera. Nork esango zidan niri Tony Curtisekin film bat egingo nuenik?

'Farmacia de guardia'n kapitulu bat ere gin nuen, eta gerora film gehiago egiteko deitu zidaten, baina nik soinekoa kendu eta beste pertsonai batzuk egin nahi nituen. Modu konkretu batean saltzen zaituztenean zaila da jendeak zu beste era batera ikustea. Nazkatu egin nintzen, eta zinema eta abestiak baztertzea erabaki nuen.

Nire anaia hil zen, eta espiritualki oso gaizki sentitzen nintzen. Zuzeneko emanaldiak jarri eta idazteari ekiten nion zer idatzi jakin gabe. Min handia nuen, eta horrek oso sortzaile egotea eragiten zidan. Hor sortu zen nire lehen liburua. Kontakizun laburrak dira.

G. Asteazkenean aurkeztu zenuen ‘Camposanto. Almas sin retorno’ liburua. Zer kontatzen duzu bertan?

Asko obsesionatzen nau bizitzak eta heriotzak. Tira, orokorrean bizitza den iruzurrak obsesionatzen nau. Espazio bat uzten digute, eta pertsona bakoitzak bizitza bat eraikitzen du. Istorio bat osatzen du norbanako bakoitzak. Azkenean, ez dakit nondik deitzen dizutenean, zure gorputza agortzen denean, karikatura bihurtzen da, nirea bihurtu den bezala, eta orduan hiltzen zara. Hori, lehenago ez bazara hiltzen istripu batean edo gaixotasun baten ondorioz.

Liburuak, beraz, nire bizitzan egon ziren pertsona guztiez dihardu. Hilerritik egiten dudan bidai bat da. Kasu batzuetan pertsona horiekin hitz egiten dut, eta beste batzuetan euren bizitza kontatzen dut. Gurasoekin, izebenik, 17 urterekin Kontxan itota hil zen lehengusuarekin hitz egiten dut…

Nire bikotekidea duela bi urte hil zen. Maitasuna ere beste iruzur bat dela iruditzen zait. Pasioari maitasuna deitzen diote. Egia da nire gurasoek asko maite zutela elkar 10 ume izan eta gero. Aita hil eta handik 13 urtera oraindik amak negar egiten zuen, eta esaten zidan oraindik maiteminduta zegoela nire aitarekin. Ez dakit orain zergatik ez den horrelakorik gertatzen. Berrogeita hamapiko urte egin ditut nik nire bikotearekin, une on eta txarrak izan ditugu, baina asko maite genuen elkar. Maitasunak ez du sexuarekin zerikusirik. Izan daiteke zure bikotearekin sexu gustuetan bat etortzea, baina nik ezin ditut bi aita edota bi ama izan. Benetako maitasuna da gurasoenganakoa, seme alabenganakoa, lagunenganakoa, animaliekikoa… Bikote maitasuna bizitzan dagoen gauza handiena dela esaten dutenekin ez nator bat.

G. Nola eman zenituen artean lehen pausoak?

Txikia nintzenean ez genuen aktore hitza erabiltzen, zinemako artistak terminoa erabiltzen genuen, eta nik horixe izan nahi nuen. Familian ez zegoen nahiko diru; tira, bazegoen, baina irabazten genuen guztia jatekoa ordaintzeko zen. Abestu ere egin nahi nuen, baina nire burutik ez zen idaztea sekula pasa. Beraz, ahots ona nuela ikusita, abesteari ekin nion, eta nire buruan zegoena zera zen: nire ahotsa ezaguna egitea zineman sartzeko erraztasunak izateko.

Amak beti esaten zidan bizitzako bidea nik marraztuko nuela, baina bizitzak beste bide batetik eramango ninduela; agian beste bide horren amaiera nik heldu nahi nuen lekua izango zen, edo, agian, ez.

Gauzak horrela, 16 urterekin Frantziara joan nintzen, arreba bat han baitzegoen bizitzen. Suitzara ere joan nintzen, eta han asko gustatzen zitzaien nola abesten nuen. Alabaina, 17 urte nituenez, ez zidaten lokaletan abesten uzten. Dokumentaziorik ere ez nuen. 

Oroitzen dut Eguberriak pasatzera etorri nintzela familiarengana, eta amak esan zidala, arren, ez itzultzeko Frantziara, Arte Ederren zineman abeslarientzako lehiaketa batean inskribatu ninduela-eta. 1962an Artistas de cine y variedades-en hartu ninduten, eta Errebelazio saria irabazi nuen.

Garaiko Radio San Sebastian-eko zuzendariak hartu zuen bere gain nire ibilbide artistikoa sustatzea, eta harekin denbora batez lanean ibili banintzen ere, ez zuen nigatik ezer egin; ezertxo ere ez. Entretenitu egin zidan. Gizon horrek uste zuena baino botere gutxiago zuen. Baina, tira. Geroago Donostiako emakume batek hartu zuen ardura hori, eta hark ordaintzen zizkidan eskolak-eta. 

Handik Parisera joan nintzen, eta abeslariak kokatzeko agentzia batera joan nintzen bisita bat egitera. Bertako emakumea liluratuta geratu zen nirekin. Hark haren nagusia zenari-edo deitu zion, eta telefonoaren beste aldean zegoen gizonak emakume hari esan zion lehenengo gauza zera izan zen: ‘homosexuala al da?’. Garai horretan ezezkoa esan behar zen, eta hala egin nuen nik ere, ezezkoa erantzun.

G. Eta gero, zer?

Nazkatuta, Espainiara joan nintzen berriz. Halako batean, Frantziako telebista kate bateko lehiaketa programa batean hartu zidaten. Emakume batek jendea abeslari izateko prestatzen zuen, baina zure txanda iritsi eta telebistan atera arte denbora bat itxaro behar zen. Are, bi urte itxaroten egoteko aukera ere bazegoen, eta ni ez nengoen horrenbeste denbora zain egoteko prest. Beraz, etxera itzuli nintzen, Errenteriara.

Aita nik 27 urte nituela hil zen, eta etxera itzuli nintzen horretan ama bihotzetik gaixotu zen. Bere ondoan egunak eman nituen, bihotzeko krisiak ematen zion bakoitzean txertoa jarri behar izaten bainion.

Hobetu zuen handik denbora batera, eta Londresera joan nintzen gero. Trattoria batean egiten nuen lan, arratsaldeko zortzietatik gaueko hamabietara; oso ondo zaindu ninduten bertan. Baina, Eguberriak iritsi eta berriz etxera itzultzeko ordua zenez, hegazkinean itzuli behar nuen. Aireportuan, baina, erregistratu egin ninduten goitik behera, eta depresioari aurre egiteko pastillak ikusi zituzten. Zuzenean, beste gizon batekin batera, gaua pasatzera ziega batera bidali ziguten. Hurrengo goizean, nire diruarekin, hegazkineko txartela erosi eta Bilbora bidali ninduten. Esperientzia txarra izan zen, benetan. Gitarra soinean neraman, eta lurrera bota eta hautsi egin zidaten. Disgustu handia eraman nuen, eta lausotuta pasa nituen hilabeteak, medikamentu asko hartzen bainituen.

Pertsona bat ezagutu nuen gero, eta harekin Madrilera joan nintzen. Gauzak, baina, ez ziren aldatu. Disko etxeek ezezkoa esaten zidaten, ezin nindutela gizon bezala aurkeztu eta emakumez jantzita atera agertokira. Gero, disko-jartzaile baten bidez, Demis Roussos ezagutu nuen. Jose Maria Iñigok aurkezten zuen saio batean abestu behar zuen hark, eta ahotsetik gaizki zegoela-eta, bigarren ahotsak egiteko prest nengoen galdetu zidan. Noski, baiezkoa esan nion.

Ez dakit nola, baina abesti hori Radio San Sebastian-era iritsi zen, eta mundu guztiak izan nuen emanaldiaren berri. Pertsona hori zoragarria izan zen; musika eta zinemaren munduan inoiz ezagutu dudan pertsona onena izan da.

Ekoiztetxe batzuk deitu zidaten gero; tartean, Maryni Callejo delako emakume batek. Dirua aurreratuko zuen ekoizle bat zuela esan zidan hark, eta tratua zen hark dirua jartzea eta nik abestiak egitea. Emakume hori, ordea, distraituta ibili zen, eta urte eta erdi luzatu zen itxaronaldia. Hortaz, ezerezean geratu zen dena. Baina, tira, gerora disko luze bat grabatu nuen beste disko etxe batean. ‘La muerte de Mikel’ filmaren zuzendariak entzun ninduen behin diskoa aurkezten ari nintzela, eta, tira, dena naturalki atera zen.

G. Zer izan zen ‘La muerte de Mikel’ zuretzat? Nola oroitzen dituzu urte horiek?

Amets bat izan zen. Donostiako Astoria zenean aurkeztu genuen filma, eta oroitzen dut ilarak eraikinari buelta ematen ziola. Urtarrilean Berlinera ere joan ginen, Berlinalera. ‘La muerte de Mikel’ek ez zuen lehiaketan parte hartzen, baina sail informatiboan zegoen gurea. Atal horretan film interesgarriak ematen zituzten, eta gureak arrakasta izugarria izan zuen. Oroitzen dut aktoreok gelaren atzealdean geundela, eta oholtzara joateko areto guztia zeharkatu behar genuela; lotsaz hiltzen ari nintzen. Imanol Arias atera zen lehenbizi, Amaia Lasa gero, eta Imanol Uribe azkenik. Txalo izugarriak egin zizkien denei. Ni nintzen azkena oholtzara joaten. Ez nintzen oinez ibiltzeko gai; oso urduri nengoen, eta produktoreak bultza egin behar izan zidan ateratzeko. Eromena izan zen egin zidaten harrera, gela erori egin behar zela zirudien. Solasaldia egin genuen filmaren proiekzioaren ondotik, eta galdera guztiak Uribe eta niretzat izan ziren. Han ez gintuenez inork ezagutzen, arrakasta handia izan zuen filmak.

Beste behin New Yorkeko zinema astera joateko gonbita egin zidaten. Joatekoa nintzen, baina lehen deia egin eta handik bi egunera berriro deitu zidaten esateko erabakia berriz pentsatu zutela, eta nire ordez Antonio Banderas bidaltzea erabaki zutela. Orduan oraindik ez zen ezaguna, baina, tira. Bartzelonara joateko gonbita ere egin zidaten. Sari bat eman behar zidatela esan zidaten orduan, baina, berdin. Azkenean ni ez eramatea pentsatu zuten. Toreaketa nazkagarria izan zen dena.

Ezagun bat izan zen New Yorkeko zinema astean, eta kontatu zidan arrakasta handia izan zuela han filmak. Astebete gehiago luzatu zen. Jendeak birritan eta hirutan ikusi zuen filma, eta esan zidaten pantailan ni ateratzen nintzenean txalo egiten zutela. Garai horretarako film ausarta zen; intolerantzia soziala, terrorismoa… zenbait gai lantzen zituen filmak.

G. 1992an, Farmacia de Guardian, telebistako lehenengo pertsonaia transa gorpuztu zenuen. Nola izan zen hori? 

Tira, polita izan zen, baina ez zen ezer berezia niretzat. ‘Farmacia de Guardia’k ikusle mordoa zituen, eta horregatik izan zen garrantzitsua. Antonio Mercero zen zuzendaria, eta ez dakit nola, baina hura hunkitzea lortu nuen. Berak esan zidan bi aldiz bakarrik egin zuela negar norbait abesten entzuten zuen bitartean; lehena Rocio Jurado entzun zuenean, eta, bigarrena, ni entzutean.

Nik egin nuen pertsonaia hasiera batean folklorikoagoa egin behar zuten, baina etxean grabatuta nuen abesti bat aurkeztu nuen, eta pertsonaiaren noranzkoa aldatu zuten. 

Carlos Larrañaga berak ere besarkatu, eta artista handi bat nintzela esan zidan. Oso garrantzitsua izan zen hori niretzat. Baina, lehen esan bezala, asko borrokatu behar izan dut bizitza guztian zehar; izugarri. Beti esango dut: badakit gay-a izategatik eta artea egiteagatik jendea ofenditzen nuela. Gaur egun gay-a izate hutsagatik telebistako ateak zabaltzen dizkizute; nire garaian ez.

Are; behin Madrileko metroan ‘El Angel Exterminador’ ikuskizuna egitera nindoala gizon bat gerturatu eta esan zidan ez zuela ulertzen zergatik ez ninduten telebistara joateko gonbita egiten. Bidegabea iruditzen zitzaion. Herriak beti tratatu izan nau ondo.

Esteban Alenda zen filmaren banatzailea, eta filmean oso ondo nengoela esaten zidan. Hark zioen bi aktore eta artista mota zeudela, kamerarekin ezkontzen zirenak eta ezkontzen ez zirenak, eta, haren hitzetan, nik ondo ematen nuen kamera aurrean. La SER katearekin hitz egin zuen ni elkarrizketatzeko, kateari ez baitzitzaion okurritu ni elkarrizketatzea. Mesedez bat egitea bezala zen, pentsa. Beti nuen motxila hori bizkarrean, eta pisu hori eramatea gogorra zen.

Gerora pertsonaia gehiago egiteko eskaintzak jaso nituen, baina xumeak ziren, haragirik gabeak. Pedro Almodovarrek ere deitu ninduen ‘Todo sobre mi madre’ filmerako kastina egiteko. Nik ez nuen egin nahi, baina Tomas lagunak bultzatuta egin nuen azkenerako. Handik hamabost egunera esan zidaten oso pertsonaia femeninoa geratzen zela nirekin, eta zerbait zakarragoa nahi zutela. Toni Canto hartu zuten.

G. Nondik dator Fama izena? 

Greziar mitologiako jainkosa bat zen Fama, eta jainkoei ardoa zerbitzatzen zien. Bizitzako nire zeregina gehien zekitenengandik ikastea izan da. Dakidan guztia galdetuz ikasi dudalako dakit, eta iruditzen zitzaidan nolabaiteko harremana nuela Famarekin.

Nahiago izan dut beti ni baino jende helduagoarekin egon eta euren kontakizunak entzun. Nire ama eta nire Arantzako izeben istorioak entzutea oso gustuko nuen.

G. Hasieran aipatu dugu Errenteriatik joan behar izan zenuela zure bidea egiteko.

Bai, Madrilera joan nintzen, baina artista bezala nire bidea egiteko, ez pertsona bezala. Hemen, herrian bertan esan izan didate ea Madrilera homosexuala izateko joan nintzen. Ezetz esan nion, niretzat sexua bigarren mailako zerbait izan dela beti. Dibertigarria da, baina ez gehiago. Jendea nahastu egiten da, eta uste du pertsona orok egiten duen mugimendu bakoitza sexuagatik egiten duela. Nik, ez.

G. Zenbait hamarkadako ibilbidearen ondoren, nola esango zenuke eboluzionatu duzula?

Eboluzio handia da artearen mundutik idazketara pasa izana. Editoreak esan bezala, pauso erraldoi bat izan da. Pozgarria da niretzat; nire kideekin horrenbeste borrokatu ostean etxean bakarrik, lasai, inori azalpenik eman gabe egotea eta nahi dudan oro idaztea, nahi ditudan pertsonaiak sortzea eta film bat izango balitz bezala horiek zuzentzea izugarria da. Gainera, kontuan izan behar da autodidakta naizela zentzu guztietan. Idatzi egiten dut, bai, baina 10 urterekin ikasi nuen irakurtzen eta idazten. Eskolara joaten nintzen, baina ez nintzen gai ezer ikasteko. Eskolatik irtetean jo egiten ninduten, eta beraz, dardarka pasatzen nituen eskolako orduak.

Pertsona normal bat naiz. Talentua eta sentsibilitatea ditut, eta ateratzen zaidan horren inguruan idazten dut. Oso bizitza gogorra izan dut, eta nolabait orain ari naiz hori guztia baliatzen idazteko. Sufrimendurik gabe ez dago ezer. Gimnasioa bezala da; ez baduzu sufritzen, ez dago emaitzarik. Egia da orain nahiko geldi nagoela. Nire bikotea hil zenetik ia eginda nuen liburu bat ari naiz zuzentzen, baina ez idazten.

Arte dramatikoen inguruan hitz egiten didatenean barre egiten dut. Nork erakutsi behar dit niri sentitzen? Irakasle batek ahotsa egokitzen erakutsiko dit, noski, baina bizi behar izan dudan guztiaren ondoren eta ondoan nituen pertsona guztiak hil ondoren, inork ezin dit erakutsi. Bizitzak berak eta hartu ditudan kolpeek erakutsi didate sentitzen. Tira, baita zinemak ere.

jueves, 12 de junio de 2025

#hemeroteca #lgtbi #memoria | LGTBIQ+ kolektiboaren lehenengo mobilizazioa egin zen Donostian, gaurko egunez

Lehen mobilizazioa, Bulenarrean, 1979ko ekainaren 12an //

LGTBIQ+ kolektiboaren lehenengo mobilizazioa egin zen Donostian, gaurko egunez

Xalba Ramirez | Irutxuloko Hitza, 2025-06-12

https://irutxulo.hitza.eus/2025/06/12/lgtbiq-kolektiboaren-lehenengo-mobilizazioa-egin-zen-donostian-gaurko-egunez/

Donostian, lehen aldiz, LGTBIQ+ ikusgarritasuna zuen manifestazioa antolatu zuten 1979an: “Ekainaren 12a lehenengo harrotasun eguna izan zen guretzat”.

Gaurko egunez, 1979ko ekainaren 12an, Donostiako lehenengo LGTBIQ+ mobilizazioa egin zen Donostian. Julen Zabala askapen sexualeko ekintzaileak honela kontatu zuenez, urte horretako urtarrilean sortu zen EHGAM Gipuzkoan. 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’, Errenteriako trabesti bat, tiroz erail zuen. “E-28a antolatu nahi genuen, baina ez ginen gai ikusten, ez zegoen indar nahikorik. Ekainaren 10ean, Francisena gertatu zenean, Mikel Martin 'Mikela'-k iniziatiba hartu zuen, eta berak jarri zuen dena martxan”.

Zabalak “eromentzat” jotzen du 1979ko ekainaren 12an egindako lehen mobilizazio hura. Orduko hedabideen arabera, 2.000 lagun batu ziren protestara Erdialdeko kaleetan, batik bat, indarkeria politikoaren aurkakotasunak bultzatuta: “Polizia bat izan zen hiltzailea, eta astebete lehenago Gladys del Estal hil zuen Guardia Zibilak. Giroa bero zegoen”, dio Zabalak. Nolanahi ere, ‘Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen’ lelopean egindako lehen manifestazio horrek, ikusgarritasuna eman zion kolektiboari, eta bidea hasi zuen hurrengo urteetan ere kaleak hartu eta aldarrikapenak zabaltzeko: “Guretzat, gure Stonewall txikia izan zen”.

LGTBIQ+ kolektiboak Donostian egindako ibilbidea jaso zuen Olatz Balda kazetariak erreportaje honetan.

miércoles, 11 de junio de 2025

#ikus-entzunezkoak #lgtbi #omenaldiak | Fernando Telletxea 'Fama'-ri omenaldia

Fernando Telletxea 'Fama'-ri omenaldia [2025-06-10]
Oarso Bidasolo Hitza, 2025-06-11

Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz 'Famari'.

#ikus-entzunezkoak #lgtbi #omenaldiak | Errenteria-Orereta. Fernando Telletxea 'Fama' omendu du herriak

#hemeroteka #lgtbi #omenaldiak | Bide urratzaile izan direlako

Telletxea atzo arratsaldeko omenaldian //

Bide urratzaile izan direlako

Vicente Vadillo Santamaria Francisen hilketaren 46. urteurrenaren harira, kalejira Transmaribibolloa egin zuten atzo dozenaka lagunek. Francisekin batera, Madelon, Emili, eta Mikela oroitu zituzten eta Fernando Telletxea Oskoz 'Fama' omendu.
Ikerne Zarate | Orasoaldeko Hitza, 2025-06-11
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/11/bide-urratzaile-izan-direlako/

Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’en hilketaren 46. urteurrena bete zen atzo. Espainiako polizia batek tiro egin zion errenteriarrari Apolo diskotekan 1979. urtean. Gertatutakoa ez ahazteko, eta batez ere, belaunaldi berriek ezagutu dezaten lan eskerga egiten ari da LGTBI+ kolektiboa. Francisaldiaren barruan, aldarriz bete zituen kaleak transmaribibollo kalejirak atzo arratsaldean. Urtero bezala, berezia izan zen, hunkigarria, askatzailea… bakarra.

Dozenaka lagunek egin zuten bat kalejiraren abiapuntua izan zen Alaberga auzoko plazan, eta musikak lagunduta hasi zuten bidea Kaputxinoetako biribilguneraino. Bertan bizi zen arratsaldeko lehen une hunkigarria: ortzadar bandera mastan gora eraman zuen Fernando Telletxea Oscoz ‘Fama’k, bildutakoen txalo artean. Egun berezia izan zuen atzokoa Telletxeak, bere herriaren omenaldia jaso baitzuen. Urte luzeetako zorra kitatu du Errenteria-Oreretak Telletxearekin, gaztaroa bertan eman bazuen ere, ez zuelako erraza izan. Atzo LGTBI+ kolektiboarentzat erreferentea izan dela, eta berari esker Errenteria-Orereta askeagoa dela adierazi zioten.

Kaputxinoetatik ortzadar zebrabidera, Iztieta auzora. Francisen oroigarriaren ondoan omenaldi ederra jaso zuen Telletxeak,. Baita Francis berak, Santi Vicente Altxu ‘Madelon’ek, Emilia Martin Sanchez ‘Emili’k eta Mikel Martin Conde ‘Mikela’k ere. “Gogoan zaituztegu eta gure borrokan izan duzuen inplikazioa eskertzen dizuegu. Oreretako Erdialdeko kale batean ikusten zaituztegu hirurak Francisen hilketatik lau urtera EHGAMen mural handia margotzen, 1983. urtean”.

Gogoan izan zuten halaber, Josu Cariñena Arbelaitz irundarra. Otsailean zendu zen, “aipatu dugun mural hartan triangelu arrosa zuk margotu zenuen”. Oroimenean ere atzoko ekitaldian Petra Mendiluze Esnaola ‘Petri’ emakume trans aitzindaria, “eta gure borrokan denon kide”.

Horiei guztiei erreferente izatea aitortu zieten atzoko omenaldian.

Trans memoriari ere egin zioten aipamena. Atzoko ekitaldia ontzeko eskutik aritu dira Oreretako kuirdinadora eta Gipuzkoako Trans Asanblada, “transfobiaren biktima guztiak gogoan izan nahi ditugu gaur. Zuen borrokak bidea zabaldu zigun, eta zuei esker jarraitzen dugu gaur hemen”. Eskaintzea duten omenaldirik ederrena egin zieten aipatutako guztiei: haien konpromisoaren lekukoa hartu eta mantentzea, “zuengatik, guregatik eta ondoren helduko direnengatik, eutsiko diogu orain guri dagokigulako transfobia borrokatzea”.

Omenaldia Telletxeari
Bestalde, eskerrak eman zizkioten Telletxeari, “beti izan zaitugu presente eta hain urte zailetan erreferente bat izan zinelako eskerrak eman behar dizkizugu”. Oreretak ez zuela ongi tratatu jarri zuten lehen lerroan, eta horregatik atzo merezi duen moduan aitortu zioten egindako lan handia, “zure liburua, zure musika, zure zinema lau haizetara zabaldu dira. Zu ere bazara gure memoria. Zure ahotsa entzuten jarraitu nahi dugu eta harro gaude gaur zu hemen egoteaz gurekin”.

Oreretako Kuirdinadora eta Gipzukoako Trans Asanbladaren izenean eskerrak eman zizkioten Telletxeari LGTBIQA+ borrokari egin dion ekarpen handiarengatik, eta haientzako erreferente bilakatzeagatik.

Ondoko argazkiak eta bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak eginak dira.

#hemeroteca #lgtbi #homenajes | Errenteria homenajea al transformista 'Fama'

Fernando, con boa, con familiares que han acudido al acto de reconocimiento //

Errenteria homenajea al transformista 'Fama'

El Ayuntamiento lleva a cabo una recepción institucional para reconocer su trayectoria
Aitziber Muga | Noticias de Gipuzkoa, 2025-06-11
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/bertan/2025/06/11/errenteria-homenajea-transformista-fama-9749773.html

Dentro de los actos del ciclo Francisaldia que conmemora este año 46º aniversario del asesinato de Francis, el Ayuntamiento de Errenteria ha llevado a cabo esta semana un reconocimiento especial a Fernando Telletxea Oscoz, actor, cantante, escritor y transformista errenteriarra conocido artísticamente como ‘Fama’.

Telletxea ha sido un referente de la cultura LGTBI y dentro de este ciclo se quiere reconocer esta trayectoria y por ello se le ha ofrecido una recepción institucional en el ayuntamiento.

El ciclo Francisaldia que se celebra cada año entre los meses de mayo y junio tiene como objetivo el empoderamiento y la sensibilización de la ciudadanía como variables imprescindibles para la mejora de las condiciones de vida de las personas LGTBI+. Este ciclo lo organiza el Ayuntamiento de Errenteria, junto al Consejo Asesor de Políticas LGTBI+, y reúne numerosas actividades con el objetivo de recuperar la memoria, reivindicar y celebrar.

martes, 10 de junio de 2025

#ikus-entzunezkoak #lgtbi #memoria | Julen Gorosabel: ''Francisen bizitza nolakoa izan zen argitzea da 'Inkognita' dokumentalaren helburua''

Julen Gorosabel: ''Francisen bizitza nolakoa izan zen argitzea da 'Inkognita' dokumentalaren helburua''
Biba zuek! | EITB, 2025-06-10

https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/biba-zuek/bideoak/osoa/9991229/julen-gorosabel-francisen-bizitza-nolakoa-izan-zen-argitzea-da-inkognita-dokumentalaren-helburua/
 
46 urte dira polizia batek Vicente Vadillo 'Francis' Errenteriako transen mugimenduko kidea tiroz hil zuenetik. Francisaldia zikloa abiatu dute herrian, hainbat ekitaldi eginda. Julen Gorosabelek 'Inkognita' film dokumentala egin du Francis hobeto ezagutzeko, eta zikloan eman dute.

#hemeroteka #lgtbi #omenaldiak | Fernando Telletxea Oscoz 'Fama' omendu du udalak

Hunkituta jaso du aitortza gaur Fernando Telletxea Oscozek //

Fernando Telletxea Oscoz 'Fama' omendu du udalak

Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio gaur Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz 'Famari'.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2025-06-10
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/10/fernando-telletxea-oscoz-fama-omendu-du-udalak/

Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio gaur Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz 'Famari'.

Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio gaur Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz ‘Fama’-ri. Omenaldi instituzionala egin dio aktore, abeslari, idazle, transformista eta LGTBI kulturaren erreferenteari gaur udalak. Herriak Telletxearekin zuen zorra kitatzeko urratsa egin du; hunkituta eta eskertuta jaso du aitortza.

Gaurko data ez dute ausaz aukeratu. Gaur, ekainaren 10ean, bete dira 46 urte Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’ polizia batek tiroz hil zuela. Udalak gisa horretako omenaldia egiten duen lehen aldia dela jarri du nabarmen aurkezle lanetan aritu den Julen Gorosabelek, “horretarako moldeak apurtu zituen eta gaur egun horretan jarraitzen duen errenteriarra izatea erabaki du udalerriak”.

Txistulariek, LGTBI+ mugimenduko kideek, Aizpea Otaegi alkateak, Iñaki Queralt LGTBI+ politiken zinegotziak, eta alderdi guztietako ordezkariek egin diote harrera Telletxeari udaletxeko arkupeetan, eta handik igo dira pleno aretora. Bertan zituen zain senide, lagun, eta bertaratu diren herritarrak. Ekitaldian barrena, behin baino gehiagotan isuri ditu malkoak Telletxeak, hunkituta.

Francisaldiaren barruan egin diote aitortza Telletxeari. Duela lau urte hasi ziren antolatzen, eta memoria historikoa lantzeko ariketa kolektiboa direla jardunaldiak jarri du nabarmen Gorosabelek, “belaunaldi artean zubiak eraikitzea du helburu, ahaztu ez dezagun nondik gatozen eta nora goazen. Helburua dugu omentzea gaur egun kolektibo gisa ditugun eskubide eta askatasunen alde borrokatu diren pertsonak, pertsona horien memoriak ezin duelako ahanzturan gelditu. Kontzientziak astindu nahi ditugu, inoiz baino beharrezkoagoa den gure borrokak aurrera egin dezan”.

Telletxearen ibilbide profesionala jarri du nabarmen aurkezleak, baita Errenteria-Oreretaz oroitzen duenaz mintzatu ere. Hala, Foru Plazako merkatu zaharra, edota gainontzeko mutilez babesten zuen Mercedes bere lehen irakaslea, edota familiak hitzordurik garrantzitsuenak ospatzen zituen Panier Fleury jatetxea: “Errenteriaren gaineko oroitzapen atsegina du, arrangurarik gabea, pertsona batzuen onespen eza salbu”.

Gaur Errenteria-Oreretak Telletxearekin zuen zorra kitatu du, hala esan dute omenaldiaren testuinguruan, “hazten ikusi zintuen herriak eskerrak eman nahi dizkizu gaur eta aitortza egin, maitasun eta borroka guztiarengatik gaurko Errenteria udalerri abegikorragoa izan dadin, seguruagoa, eta errespetagarriagoa disidentziarekin. Francisek ez bezala, bizirik zaudela jaso duzu omenaldia, eta hori asegarria da, horrelakoak behar dutelako aitortzak”.

Udalarentzat ohorea izan dela LGTBI kontseiluak proposatuta gaur diren eskubide eta askatasunen alde bide urratzaile izan den pertsona bat omentzea esan du bere aldetik Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak, “ederra da baita ere gaurko egunean egitea, Francis beste bide urratzaile batekin lotzea, sarri ikusezin diren baina hertsiki lotuta dauden eta eusten gaituzten hariak agerian eta balioan jarriz. Izan ere, izan zirelako, izan direlako, gara. gaur Famari aitortza egiten diogu, erreferente, pertsona eta gure herria hobeagoa egin duen pertsona gisa; eskubide eta askatasun gehiago, aurreiritzi gutxiagoko udalerria”.

Idoia Lizeaga tokiko sortzaileak egindako ‘lorategi heroikoa’ izena jarri dioten boa eskaini dio udalak oroigarri, eta Otaegik zintzilikatu dio lepotik bertaratutakoen txalo artean.

Eskerrak eman ditu hunkituta Telletxeak, “nire etxeko oroimen ederra nuen bertakoa, nire familiak asko maite ninduen, baina kalea latza zen, bizitza jasangaitza egiten zuten iraintzen zutenak. Okerrera egin zuen horrek, saritu nindutenean. Prentsak, nire sentsibilitatea, nire ahotsa eta nire talentua goraipatzen zuen, eta okertu egin zen, ez baitzen onargarria eurek zioten moduan ‘marikoi’ batek halakoak lortzea, ezin zuten eraman arauak haustea”.

Oroitzapena hortaz, gazi-gozoa sorlekuaren gainekoa. Gaurko omenaldiak, baina, hori guztia txiki utzi duela aitortu du, penaz, bere gertu-gertukoek ez dutelako ikusterik izan, ez baitaude bizirik. Gogora ekarri du, ahotsa isilarazi ziotela, “ez zidaten utzi abesten, ezinezkoa baitzen emakume ahotsez abestu, gizon gorpuzkera izanik. Bizitza moztu zidaten, ez zidaten utzi. Inoiz galdetu izan balidate zertaz naizen damu, jaiotzeaz erantzungo nuke; galdetu izan balidate, ezetz erantzungo nuke. Hala ere, gaur hainbesteko poza eman didazue omenaldi honekin, nire bizi ibilbidearen azken etapan egonda ere, bizirik jarraitzea merezi duela sentitu dut”.

Hoberen egiten dakiena eginez bukatu du omenaldia Telletxeak, kantuan. ‘Haurtxoa sehaskan’ abestu du, hunkituta. Txaloka erantzun dute bildutakoak.

Arratsaldean bera izango da Transmaribibollo kalejiran ortzadar bandera Kaputxinoetako biribilguneko mastan igotzeko ardura, eta omenaldia egingo diote 19:30ean ortzadar zebrabidearen parean.

Hitzak Leire Perlines Apalategi kazetariak egindako elkarrizketa zabala argitaratuko du ostiral honetan paperekoan.

lunes, 9 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #francisaldia | Transmaribibollo kalejira: oroimenerako, aldarrirako, festarako

Iazko omenaldiaren irudi bat //

Transmaribibollo kalejira: oroimenerako, aldarrirako, festarako

Vicente Vadillo Santamaria Francis polizia batek hil zuela 46 urte beteko dira bihar, ekainak 10. Horren harira, Transmaribollo kalejirak aldarriz, memoriaz eta alaitasunez beteko ditu kaleak. Fernando Telletxea Oscoz 'Famak' igoko du bandera.
Ikerne Zarate | Oarsoaldiko Hitza, 2025-06-09
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/09/transmaribibollo-kalejira-oroimenerako-aldarrirako-festarako/

Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’ errenteriarra polizia batek hil zuela 46 urte beteko dira bihar—ekainak 10—. Horren harira, eta dagoeneko martxan den Francisaldiaren barruan, Transmaribibollo kalejira antolatu dute Oreretako Kuirdinadorak eta Errenteriako LGTBI+ Politiken Aholku Kontseiluak.

Memoria aterako dute kalera ekintzaren bidez, ahaztu ez dadin gertatu zena, ahanzturan geldi ez dadin Francis, belaunaldi gazteenek ere izan dezaten gertatutakoaren berri. Aldarria ere protagonista izango da biharko ekintza horretan. Izan ere, asko dira oraindik orain sistema zisheteronormatiboaren jostura hertsietan sartzen ez direlako mehatxu eta irainpean bizi behar duten pertsonak; biharkoak, beraz, jostura horiek leherrarazi eta eskubide beteko agertokia eraikitzeko urratsa ere izango da. Azkenik, eta ez horregatik garrantzia gutxikoa, alaitasuna eta festaren hitzordua izango da biharko kalejira hori, aldarrikapena eta festa eskutik helduta eramangarriago direlako, zalantzarik gabe.

Aurreko urteetan egin bezala, Alabergako biribilgunetik abiatuko da kalejira 19:00etan, koloretsu. Ordu laurden geroago, berriz, ortzadar bandera igoko dute Kaputxinoetako biribilguneko mastan. Fernando Telletxea Oscoz, ‘Fama’, igoko du bandera. Berak jasoko du omenaldia 19:30ean LGTBI+fobiaren aurkako zebrabidean. Aktore, abeslari, idazle, eta transformista errenteriarra LGTBI kulturaren erreferentea izan da, eta ziklo horren barruan ibilbide hori aitortuko diote.

Hori horrela, harrera instituzionala ere egingo diote Telletxeari Errenteriako Udalean bihar bertan baina eguerdian, 13:00etan izango da hori pleno aretoan.

Asteazkenean berriz, hilaren 11n, ‘Camposanto (Almas sin retorno)’ liburua aurkeztuko du Telletxeak, 19:00etan Reina aretoan. Jexux Mari Romero Susperregik gidatuko du aurkezpen ekitaldi hori, eta Idoia Hatxek musikatu.

Drag tardeoa

Larunbatean drag tardeoa egingo dute Francisaldiaren barruan Eureka Dance Studioak antolatuta. Niessen kulturgunean izango da 18:00etan hasita. Sarrerak salgai daude jada, Eureka Dance Studioan 15 euroan, edota ekitaldiaren egunean bertan sarreran, 20 euroan.

Ikuskizunean Acida Liss gonbidatu berezia izango da, eta haiekin batera GaraziFantasy, Anakoz22, LadyDragma eta BoombayStar anfitrioia ariko dira.

viernes, 6 de junio de 2025

#hemeroteka #ez-binarioa | «Genero disidentziaren aurkako diskriminazio instituzionala» salatu dute hainbat kolektibok

Agerraldia egin dute EHUko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean //

«Genero disidentziaren aurkako diskriminazio instituzionala» salatu dute hainbat kolektibok

EHUko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean agerraldia egin dute pertsona trans eta ez-binarioen eskubideen defentsan diharduten hainbat erakundek eta kolektibok.
Isabel Jaurena | Berria, 2025-06-06
https://www.berria.eus/euskal-herria/genero-disidentziaren-diskriminazio-instituzionala-salatu-dute-hainbat-kolektibok_2142919_102.html

«Pertsona ez-binarioa izateagatik titulatzeko eskubidea ukatzea bazterketa eta indarkeria zisarautzailea da». Argi mintzatu dira gaur pertsona trans eta ez-binarioen eskubideen defentsan diharduten hainbat erakunde eta kolektibo. «Ed Rojas Kolonbiako trabesti ez-binarioak aurre egin beharreko egoera ikusarazi eta publikoki salatu nahi dugu», adierazi dute. Zehazki, salatu dute Espainiako hezkuntza eta gobernu erakundeek «sistematikoki» urratu dituztela Rojasen eskubideak.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean egin dute agerraldia. Esplikatu dute 2022an Rojasek Carolina fundazioaren beka bat jaso zuela EHUn Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egiteko. Kolonbiara itzuli zenean, herritartasun zedula eta pasaportea eguneratu zituen, eta identifikazio agiri horietan ez-binario gisa erregistratu.

Hain zuzen, hori egitea legez onartutako eskubide bat da Kolonbian 2022tik, hango Gorte Konstituzionalaren epai batek berretsia. «Gorteak argi utzi zuen estatuak edo haren erakundeek nortasun horiek ez aitortzea indarkeria mota bat dela, tratu ez-duina emateko modu bat, giza duintasunaren printzipioaren, nortasunaren garapen askearen eta berdintasun erreal eta eraginkorraren aurka egiten duena», adierazi dute agerraldian. Are, nabarmendu dute epai hori ez dela gomendio bat: «gogorarazi nahi du genero identitatea ezin dela ulertu salbuespen gisa, ezta arazo administratibo gisa ere». Beraz, «agindu bat» da estatu guztiendako, agerraldian erran dutenez: «Beste estatu batek —kasu honetan, Kolonbiakoak— onartutako eskubide bat ez aitortzeak zuzenean eragiten dio dagokion pertsonari, eta transfobia instituzionala eragin dezake».

Bada, Rojasek unibertsitateari jakinarazi zion izena eta generoari lotutako atala aldatu zituela, modua izan zezan master titulua eguneratzeko; tituluaren jaulkipena eta dagokion titulu osagarria blokeatuak dituzte, ordea. Zertaz-eta Espainiako Unibertsitate Ministerioak ez duelako onartzen ez-binario kategoria, eta erregistro sistema binarioari eusten diolako.

Horregatik guztiagatik, eskaera hauek egin dituzte: Ed Rojasen master titulua berehala igortzea, Espainiako Estatuko Unibertsitate Ministerioak identitate ez-binarioak jasotzen dituzten atzerriko dokumentuak aitortzea, Espainiako Estatuko instituzio akademikoek identitate trans eta ez-binarioak aitortuko dituzten protokolo eguneratu eta argiak erabiltzea, eta hezkuntza erregistro sistemaren erreforma sustatzea bermatzeko genero identitateen aniztasuna errespetatuko dela.

Ondorio larriak

Adierazi dute egoerak ondorio larriak eragin dizkiola Rojasi, dokumentu horiek ez eskuratzeagatik «enplegua eta akademiarekin lotutako aukerak» galdu dituelako. «Diskriminazio instituzionala da, eta ezin da justifikatu muga tekniko edo arauemaile soilengatik», gehitu dute. Are, nabarmendu dute ez-binario kategoria ukatzea «egiturazko zis-sexismoaren adierazpen bat» dela.

Salatu dute, halaber, ez dela gertaera bakana, ez-binarioek mundu osoan dituzten hamaika oztopoen adierazpena baizik. «Hegoalde globaletik, eskubideetarako sarbidea are prekarioagoa bihurtzen da nazioarteko sistema instituzionalek ez badituzte aitortzen gure herrialdeen aurrerapen arauemaileak eta ez badaude prestatuta —ezta prest ere— binarismotik kanpo gure identitateak onartzeko», borobildu dute.

Gehitu dute gertatutakoak aukera eman diela ez-binarioen egoeraz hausnartzeko eta hura salatzeko: uste badute ere trans legea aurrerapauso handia izan zela, araua ez da behar bezain zabala, pertsona ez-binarioak —Rojas bera tartean— ez dituelako kontuan hartzen. «Binarismotik kanpoko markatzaileak dituzten atzerriko dokumentuak aitortzeko mekanismoak falta izateak logika baztertzaileak indartzen ditu, eta berdintasunaren, duintasunaren eta bazterkeriarik ezaren oinarriak ukatu», adierazi dute.

Are, agerraldian erran dutenez, Rojasen kasuak erakusten du arrazakeria, transfobia eta zisheteropatriarkatua nola lotzen diren instituzioen sisteman, salatzen duten egiturak oinarrizko eskubideak ukatzen baitizkie arau kategorietara moldatzen ez diren horiei, «bereziki kaltetuak izanik Hegoaldeko herrialdeetatik datozen pertsona trans eta ez-binarioak, migranteak eta arrazializatuak».

Talde hauek adierazi dute atxikimendua: Bilgune Feminista, Atximurka, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea, Emakume Migratu Feministak-Zaintzaile Soziosanitarioak, Ermuko CoLibres, Anitzak, Oreretako Kuirdinadora, Loratuz Lotu, EHGAM, Mundu Berriak, LETI, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Gipuzkoako Trans Asanblada, EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra, E28 koordinakundea, Lamiaren Oihua eta Eihera.