Mostrando entradas con la etiqueta GTA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta GTA. Mostrar todas las entradas

domingo, 29 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #e28 #harrotasuna | Amorru disidentea antolatzera deitu du LGBTI kolektiboak

Donostia E28 manifa, 'faxismoaren eta genozidioren aurka' //

Amorru disidentea antolatzera deitu du LGBTI kolektiboak

Ekainaren 28ko manifestazioaren ondoren, ballroom kulturaren erakustaldia egin dute Bulebarrean
Irutxuloko Hitza, 2025-06-29
https://irutxulo.hitza.eus/2025/06/29/amorru-disidentea-antolatzera-deitu-du-lgbti-kolektiboak/ 

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izan da larunbatean, eta urtero moduan, ehunka lagun irten dira kalera Gipuzkoako Trans Asanblada, Ehgam eta Donostiako Asanblada Transbollomarika kolektiboak deitutako manifestaziora batuta. Bulebarretik abiatu da, ‘Transmaribibollook faxismoaren eta genozidioaren aurka’ lelodun pankarta buruan, eta Erdialdeko kaleetan barrena egin du, faxismoaren gorakadaren aurrean aliantza eta autodefentsa transfeminista aldarrikatuz.

Gaurko egunaren harira zabaldu duten irakurketan, iaz egin moduan, Israelgo Estatuak Palestinako herriaren aurka aurrera daraman genozidioa gaitzetsi dute, palestinar erresistentziari elkartasuna adieraziz eta bai erakundeei bai enpresei beste behin eskatuz Israelekin dituzten harremanak eteteko. “Palestinaren kontrako genozidioak markatutako sasoi honetan, gerra hotsek gero eta ozenago eta faxismoa gero eta ageriago, antolatu dezagun amorru disidentea”. Izan ere, sexu eta genero disidentziak “borrokarako indar eta palanka” bihurtu behar duela sinetsita baitaude. “Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada”.

Zabaltzen ari den faxismoaren eta ideia faxisten aurrean autodefentsa transmaribibolloa eta faxismoaren kontrako aliantzak sortzea “ezinbestekotzat” jo dute, baita berretsi ere “beldurra baino askoz handiagoa dela sentitzen duten amorrua”. Testuinguru horretan lortutakoa babestea ez da nahikoa, eta bai faximoari bai erreakzionarismoari disidentzia gehiagorekin erantzungo diote: “Jendarte eredua errotik eraldatzea bilatzen duen borrokarekin. Genero-binarismoa eta erregimen heterosexuala nahi ditugu irauli”.

Horrez gain, gaitzetsi dute erakundeek beren borroka merkantilizatzeko ahalegina, “lelo hutsekin eta ortzadarraren koloreekin mozorrotuta”. Bide beretik, neoliberalismoak eskaintzen dien “askatasun indibidualaren” aurrean, sexu askapena nahitaez kolektiboa izango dela ere aldarrikatu dute, “esplotazioan, arrazakerian eta desjabetzean oinarritzen den ereduan ez dago ez askapenik ez egiazko askatasunik”. Borroka indibidualak ez direnez, eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan besterik ez direla egiaz gauzatuko gogoratu dute. “Nahitaezkoa dugu sistema kapitalista, patriarkal, zisheterosexista eta koloniala iraultzea askapena guztiona izango bada”. Horregatik inoiz baino beharrezkoagotzat jo dute trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta gainontzeko gorputzen arteko sareak eraikitzea eta aliantzak jostea.

Ballroom erakustaldia, ondoren
Manifestazioa amaitu ondoren, Ballroom kultura ezagutarazi dute, Vogue dantza erakustaldi batekin. Udaleko Giza Eskubide eta Gazteria sailek antolatuta, Bulebarreko kiosko aurrean, dantza, moda eta performancea lotzen dituen ikuskizun original eta harrigarria egin dute Iruñeko Kiki House of Anunnakiko taldeko kideek, Nefertiti Annunakik zuzenduta. BallroomDonostia talde berritzaileko kideek ere parte hartu dute.

Diziplina artistikotik haratago doa, ordea, aldarrikapen eta berrespen modu bat baita. New Yorkeko Harlem auzoan sortu zen Ballroom kulturatik jaio zen 1970eko hamarkadan, batez ere gay eta emakume trans* afroamerikarrek eta latindarrek bultzatuta. Underground klubetan antzezten zen, LGTBIQ+ kolektiboaren eta pertsona arrazializatuen bazterketari erantzuteko, eta espazio segurutzat hartzeaz gain, ahalduntze gune ere bazen,

miércoles, 11 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #omenaldiak | Bide urratzaile izan direlako

Telletxea atzo arratsaldeko omenaldian //

Bide urratzaile izan direlako

Vicente Vadillo Santamaria Francisen hilketaren 46. urteurrenaren harira, kalejira Transmaribibolloa egin zuten atzo dozenaka lagunek. Francisekin batera, Madelon, Emili, eta Mikela oroitu zituzten eta Fernando Telletxea Oskoz 'Fama' omendu.
Ikerne Zarate | Orasoaldeko Hitza, 2025-06-11
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/11/bide-urratzaile-izan-direlako/

Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’en hilketaren 46. urteurrena bete zen atzo. Espainiako polizia batek tiro egin zion errenteriarrari Apolo diskotekan 1979. urtean. Gertatutakoa ez ahazteko, eta batez ere, belaunaldi berriek ezagutu dezaten lan eskerga egiten ari da LGTBI+ kolektiboa. Francisaldiaren barruan, aldarriz bete zituen kaleak transmaribibollo kalejirak atzo arratsaldean. Urtero bezala, berezia izan zen, hunkigarria, askatzailea… bakarra.

Dozenaka lagunek egin zuten bat kalejiraren abiapuntua izan zen Alaberga auzoko plazan, eta musikak lagunduta hasi zuten bidea Kaputxinoetako biribilguneraino. Bertan bizi zen arratsaldeko lehen une hunkigarria: ortzadar bandera mastan gora eraman zuen Fernando Telletxea Oscoz ‘Fama’k, bildutakoen txalo artean. Egun berezia izan zuen atzokoa Telletxeak, bere herriaren omenaldia jaso baitzuen. Urte luzeetako zorra kitatu du Errenteria-Oreretak Telletxearekin, gaztaroa bertan eman bazuen ere, ez zuelako erraza izan. Atzo LGTBI+ kolektiboarentzat erreferentea izan dela, eta berari esker Errenteria-Orereta askeagoa dela adierazi zioten.

Kaputxinoetatik ortzadar zebrabidera, Iztieta auzora. Francisen oroigarriaren ondoan omenaldi ederra jaso zuen Telletxeak,. Baita Francis berak, Santi Vicente Altxu ‘Madelon’ek, Emilia Martin Sanchez ‘Emili’k eta Mikel Martin Conde ‘Mikela’k ere. “Gogoan zaituztegu eta gure borrokan izan duzuen inplikazioa eskertzen dizuegu. Oreretako Erdialdeko kale batean ikusten zaituztegu hirurak Francisen hilketatik lau urtera EHGAMen mural handia margotzen, 1983. urtean”.

Gogoan izan zuten halaber, Josu Cariñena Arbelaitz irundarra. Otsailean zendu zen, “aipatu dugun mural hartan triangelu arrosa zuk margotu zenuen”. Oroimenean ere atzoko ekitaldian Petra Mendiluze Esnaola ‘Petri’ emakume trans aitzindaria, “eta gure borrokan denon kide”.

Horiei guztiei erreferente izatea aitortu zieten atzoko omenaldian.

Trans memoriari ere egin zioten aipamena. Atzoko ekitaldia ontzeko eskutik aritu dira Oreretako kuirdinadora eta Gipuzkoako Trans Asanblada, “transfobiaren biktima guztiak gogoan izan nahi ditugu gaur. Zuen borrokak bidea zabaldu zigun, eta zuei esker jarraitzen dugu gaur hemen”. Eskaintzea duten omenaldirik ederrena egin zieten aipatutako guztiei: haien konpromisoaren lekukoa hartu eta mantentzea, “zuengatik, guregatik eta ondoren helduko direnengatik, eutsiko diogu orain guri dagokigulako transfobia borrokatzea”.

Omenaldia Telletxeari
Bestalde, eskerrak eman zizkioten Telletxeari, “beti izan zaitugu presente eta hain urte zailetan erreferente bat izan zinelako eskerrak eman behar dizkizugu”. Oreretak ez zuela ongi tratatu jarri zuten lehen lerroan, eta horregatik atzo merezi duen moduan aitortu zioten egindako lan handia, “zure liburua, zure musika, zure zinema lau haizetara zabaldu dira. Zu ere bazara gure memoria. Zure ahotsa entzuten jarraitu nahi dugu eta harro gaude gaur zu hemen egoteaz gurekin”.

Oreretako Kuirdinadora eta Gipzukoako Trans Asanbladaren izenean eskerrak eman zizkioten Telletxeari LGTBIQA+ borrokari egin dion ekarpen handiarengatik, eta haientzako erreferente bilakatzeagatik.

Ondoko argazkiak eta bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak eginak dira.

viernes, 6 de junio de 2025

#hemeroteka #ez-binarioa | «Genero disidentziaren aurkako diskriminazio instituzionala» salatu dute hainbat kolektibok

Agerraldia egin dute EHUko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean //

«Genero disidentziaren aurkako diskriminazio instituzionala» salatu dute hainbat kolektibok

EHUko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean agerraldia egin dute pertsona trans eta ez-binarioen eskubideen defentsan diharduten hainbat erakundek eta kolektibok.
Isabel Jaurena | Berria, 2025-06-06
https://www.berria.eus/euskal-herria/genero-disidentziaren-diskriminazio-instituzionala-salatu-dute-hainbat-kolektibok_2142919_102.html

«Pertsona ez-binarioa izateagatik titulatzeko eskubidea ukatzea bazterketa eta indarkeria zisarautzailea da». Argi mintzatu dira gaur pertsona trans eta ez-binarioen eskubideen defentsan diharduten hainbat erakunde eta kolektibo. «Ed Rojas Kolonbiako trabesti ez-binarioak aurre egin beharreko egoera ikusarazi eta publikoki salatu nahi dugu», adierazi dute. Zehazki, salatu dute Espainiako hezkuntza eta gobernu erakundeek «sistematikoki» urratu dituztela Rojasen eskubideak.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean egin dute agerraldia. Esplikatu dute 2022an Rojasek Carolina fundazioaren beka bat jaso zuela EHUn Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egiteko. Kolonbiara itzuli zenean, herritartasun zedula eta pasaportea eguneratu zituen, eta identifikazio agiri horietan ez-binario gisa erregistratu.

Hain zuzen, hori egitea legez onartutako eskubide bat da Kolonbian 2022tik, hango Gorte Konstituzionalaren epai batek berretsia. «Gorteak argi utzi zuen estatuak edo haren erakundeek nortasun horiek ez aitortzea indarkeria mota bat dela, tratu ez-duina emateko modu bat, giza duintasunaren printzipioaren, nortasunaren garapen askearen eta berdintasun erreal eta eraginkorraren aurka egiten duena», adierazi dute agerraldian. Are, nabarmendu dute epai hori ez dela gomendio bat: «gogorarazi nahi du genero identitatea ezin dela ulertu salbuespen gisa, ezta arazo administratibo gisa ere». Beraz, «agindu bat» da estatu guztiendako, agerraldian erran dutenez: «Beste estatu batek —kasu honetan, Kolonbiakoak— onartutako eskubide bat ez aitortzeak zuzenean eragiten dio dagokion pertsonari, eta transfobia instituzionala eragin dezake».

Bada, Rojasek unibertsitateari jakinarazi zion izena eta generoari lotutako atala aldatu zituela, modua izan zezan master titulua eguneratzeko; tituluaren jaulkipena eta dagokion titulu osagarria blokeatuak dituzte, ordea. Zertaz-eta Espainiako Unibertsitate Ministerioak ez duelako onartzen ez-binario kategoria, eta erregistro sistema binarioari eusten diolako.

Horregatik guztiagatik, eskaera hauek egin dituzte: Ed Rojasen master titulua berehala igortzea, Espainiako Estatuko Unibertsitate Ministerioak identitate ez-binarioak jasotzen dituzten atzerriko dokumentuak aitortzea, Espainiako Estatuko instituzio akademikoek identitate trans eta ez-binarioak aitortuko dituzten protokolo eguneratu eta argiak erabiltzea, eta hezkuntza erregistro sistemaren erreforma sustatzea bermatzeko genero identitateen aniztasuna errespetatuko dela.

Ondorio larriak

Adierazi dute egoerak ondorio larriak eragin dizkiola Rojasi, dokumentu horiek ez eskuratzeagatik «enplegua eta akademiarekin lotutako aukerak» galdu dituelako. «Diskriminazio instituzionala da, eta ezin da justifikatu muga tekniko edo arauemaile soilengatik», gehitu dute. Are, nabarmendu dute ez-binario kategoria ukatzea «egiturazko zis-sexismoaren adierazpen bat» dela.

Salatu dute, halaber, ez dela gertaera bakana, ez-binarioek mundu osoan dituzten hamaika oztopoen adierazpena baizik. «Hegoalde globaletik, eskubideetarako sarbidea are prekarioagoa bihurtzen da nazioarteko sistema instituzionalek ez badituzte aitortzen gure herrialdeen aurrerapen arauemaileak eta ez badaude prestatuta —ezta prest ere— binarismotik kanpo gure identitateak onartzeko», borobildu dute.

Gehitu dute gertatutakoak aukera eman diela ez-binarioen egoeraz hausnartzeko eta hura salatzeko: uste badute ere trans legea aurrerapauso handia izan zela, araua ez da behar bezain zabala, pertsona ez-binarioak —Rojas bera tartean— ez dituelako kontuan hartzen. «Binarismotik kanpoko markatzaileak dituzten atzerriko dokumentuak aitortzeko mekanismoak falta izateak logika baztertzaileak indartzen ditu, eta berdintasunaren, duintasunaren eta bazterkeriarik ezaren oinarriak ukatu», adierazi dute.

Are, agerraldian erran dutenez, Rojasen kasuak erakusten du arrazakeria, transfobia eta zisheteropatriarkatua nola lotzen diren instituzioen sisteman, salatzen duten egiturak oinarrizko eskubideak ukatzen baitizkie arau kategorietara moldatzen ez diren horiei, «bereziki kaltetuak izanik Hegoaldeko herrialdeetatik datozen pertsona trans eta ez-binarioak, migranteak eta arrazializatuak».

Talde hauek adierazi dute atxikimendua: Bilgune Feminista, Atximurka, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea, Emakume Migratu Feministak-Zaintzaile Soziosanitarioak, Ermuko CoLibres, Anitzak, Oreretako Kuirdinadora, Loratuz Lotu, EHGAM, Mundu Berriak, LETI, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Gipuzkoako Trans Asanblada, EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra, E28 koordinakundea, Lamiaren Oihua eta Eihera.

martes, 1 de abril de 2025

#hemeroteka #trans | Trans Amorruaren Ikusgarritasuna aldarrikatu dute Bulebarrean

Trans Ikusgarritasunaren Eguneko elkarretaratzea, Bulebarrean //

Trans Amorruaren Ikusgarritasuna aldarrikatu dute Bulebarrean

Sara Ibarguren | Irutxuloko Hitza, 2025-04-01

https://irutxulo.hitza.eus/2025/04/01/trans-amorruaren-ikusgarritasuna-aldarrikatu-dute-bulebarrean/

Trans Ikusgarritasunaren Eguna izan zen atzo (martxoak 31), eta hainbat kolektibok antolatuta, elkarretaratzea egin zuten hamarnaka lagunek, 19:00etan, Bulebarrean.

Gipuzkoako Trans Asanbladak, Ehgamek, Donostiako Asanblada Transbollomarikak eta Atximurka Ibaetako talde transmaribibollo autonomoak antolatu zuten elkarretaratzea, ‘Trans amorruaren ikusgarritasun eguna’ lelopean. Elkarretaratzearen ondoren, manifestu bat irakurri zuten, eta azaldu zuten beraien amorrua ikusarazi nahi zutela, “nazkatuta” daudelako transfobiaz, lesbofobiaz, bifobiaz eta homofobiaz.

“TransMarikaBiBollo komunitateak indarkeria jasotzen du bizitzaren esparru guztietan eta transok bereziki jarriak izan gara jomugan. Espainiar Estatuan trans legearen harira entzun eta bizi behar izan ditugun astakeriek eta gorrotoak ez du mugarik. Biolentzia guzti hau alderdi ultra-eskuindarretik jasotzea espero bagenuen ere, Espainako alderdi sozialistaren jarrerak ustekabeak harrapatu gaitu. Eta zer esanik ez, are mingarriagoa suertatzen zaigu feminismoaren sektore batzuetan ideologia TERFaren indartzeak eta hedapenak, horrek mugimendua indartzea baitakar berarekin batera. Aurreko Martxoak 8an esaterako, transontzat babesgune izango zen bloke baten beharra izan genuen manifestaldian, gure komunitatearen kontrako mehatxuak ideologia ezberdinetatik baitatoz”, adierazi zuten.

Genero Unitateen “morroi”
Transak babesten dituzten legeak onartu badira ere, “Genero Unitateen morroi” izaten jarraitzen dutela salatu zuten: “Psikiatraren kontsultatik pasatzera derrigortzen jarraitzen gaituzte, barne-protokoloak aitzakiatzat hartuta, nahiz eta legeak ongi jasotzen duen ezin gaituztela derrigortu”. Orain dela urtebete onartutako legeak Genero Unitatearen zentralizazioa probintzia bakoitzeko hiriburuetara mugitzea zuen helburu, eta oraindik ez dela martxan jarri adierazi zuten. “Bitartean, gure gorputzetan gauzatzen da borroka. Gizarte bitar eta zisheteronormatibo bat nahi duen botereen kontra altxatzen dugu ahotsa, nazkatuta gaude zuen formakuntza ezaz, zuen biolentzia eta botere medikoaz, psikiatrikoaz, nazkatuak gaude zuen gidaritzapean egoteaz. Horretaz gain, azpimarratu nahiko genuke, transon artean emigranteei, lodiei, neurodibergenteei edo bestelako norbanako zapalduagoekiko duten jarrera baztertzaile eta zentzugabea”, azaldu zuten.

Gorroto diskurtsoak areagotzeak “trans pertsonen gorputzekiko indarkeria zuzena handitzea” dakarrela gogorarazi zuten. “Orbanek, Hungarian, Ekainak 28ko manifestazioa eta sexu aldaketa debekatu ditu. Trumpek dekretuen bidez pertsona transon nortasuna, kirola egiteko eskubidea edo komun batean sartzeko eskubidea ukatu dizkigu. Tamalez transfobia ez dator faxismoaren eskutik soilik, gertuegi ditugu PSOEren mehatxua eta TERF-n kiratsa”, ohartarazi zuten.

Horren aurrean, transen mugimendua “indartzen” ari dela jakinarazi zuten, eta horrekin batera, baita “amorrua” ere.


ETA GAINERA
>
Elkarretaratzea egingo dute gaur, Trans Ikusgarritasunaren Egunaren harira
Irutxuloko Hitza, 2025-03-31

https://irutxulo.hitza.eus/2025/03/31/elkarretaratzea-egingo-dute-gaur-trans-ikusgarritasunaren-egunaren-harira/