miércoles, 11 de junio de 2025

#hemeroteka #lgtbi #omenaldiak | Bide urratzaile izan direlako

Telletxea atzo arratsaldeko omenaldian //

Bide urratzaile izan direlako

Vicente Vadillo Santamaria Francisen hilketaren 46. urteurrenaren harira, kalejira Transmaribibolloa egin zuten atzo dozenaka lagunek. Francisekin batera, Madelon, Emili, eta Mikela oroitu zituzten eta Fernando Telletxea Oskoz 'Fama' omendu.
Ikerne Zarate | Orasoaldeko Hitza, 2025-06-11
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/11/bide-urratzaile-izan-direlako/

Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’en hilketaren 46. urteurrena bete zen atzo. Espainiako polizia batek tiro egin zion errenteriarrari Apolo diskotekan 1979. urtean. Gertatutakoa ez ahazteko, eta batez ere, belaunaldi berriek ezagutu dezaten lan eskerga egiten ari da LGTBI+ kolektiboa. Francisaldiaren barruan, aldarriz bete zituen kaleak transmaribibollo kalejirak atzo arratsaldean. Urtero bezala, berezia izan zen, hunkigarria, askatzailea… bakarra.

Dozenaka lagunek egin zuten bat kalejiraren abiapuntua izan zen Alaberga auzoko plazan, eta musikak lagunduta hasi zuten bidea Kaputxinoetako biribilguneraino. Bertan bizi zen arratsaldeko lehen une hunkigarria: ortzadar bandera mastan gora eraman zuen Fernando Telletxea Oscoz ‘Fama’k, bildutakoen txalo artean. Egun berezia izan zuen atzokoa Telletxeak, bere herriaren omenaldia jaso baitzuen. Urte luzeetako zorra kitatu du Errenteria-Oreretak Telletxearekin, gaztaroa bertan eman bazuen ere, ez zuelako erraza izan. Atzo LGTBI+ kolektiboarentzat erreferentea izan dela, eta berari esker Errenteria-Orereta askeagoa dela adierazi zioten.

Kaputxinoetatik ortzadar zebrabidera, Iztieta auzora. Francisen oroigarriaren ondoan omenaldi ederra jaso zuen Telletxeak,. Baita Francis berak, Santi Vicente Altxu ‘Madelon’ek, Emilia Martin Sanchez ‘Emili’k eta Mikel Martin Conde ‘Mikela’k ere. “Gogoan zaituztegu eta gure borrokan izan duzuen inplikazioa eskertzen dizuegu. Oreretako Erdialdeko kale batean ikusten zaituztegu hirurak Francisen hilketatik lau urtera EHGAMen mural handia margotzen, 1983. urtean”.

Gogoan izan zuten halaber, Josu Cariñena Arbelaitz irundarra. Otsailean zendu zen, “aipatu dugun mural hartan triangelu arrosa zuk margotu zenuen”. Oroimenean ere atzoko ekitaldian Petra Mendiluze Esnaola ‘Petri’ emakume trans aitzindaria, “eta gure borrokan denon kide”.

Horiei guztiei erreferente izatea aitortu zieten atzoko omenaldian.

Trans memoriari ere egin zioten aipamena. Atzoko ekitaldia ontzeko eskutik aritu dira Oreretako kuirdinadora eta Gipuzkoako Trans Asanblada, “transfobiaren biktima guztiak gogoan izan nahi ditugu gaur. Zuen borrokak bidea zabaldu zigun, eta zuei esker jarraitzen dugu gaur hemen”. Eskaintzea duten omenaldirik ederrena egin zieten aipatutako guztiei: haien konpromisoaren lekukoa hartu eta mantentzea, “zuengatik, guregatik eta ondoren helduko direnengatik, eutsiko diogu orain guri dagokigulako transfobia borrokatzea”.

Omenaldia Telletxeari
Bestalde, eskerrak eman zizkioten Telletxeari, “beti izan zaitugu presente eta hain urte zailetan erreferente bat izan zinelako eskerrak eman behar dizkizugu”. Oreretak ez zuela ongi tratatu jarri zuten lehen lerroan, eta horregatik atzo merezi duen moduan aitortu zioten egindako lan handia, “zure liburua, zure musika, zure zinema lau haizetara zabaldu dira. Zu ere bazara gure memoria. Zure ahotsa entzuten jarraitu nahi dugu eta harro gaude gaur zu hemen egoteaz gurekin”.

Oreretako Kuirdinadora eta Gipzukoako Trans Asanbladaren izenean eskerrak eman zizkioten Telletxeari LGTBIQA+ borrokari egin dion ekarpen handiarengatik, eta haientzako erreferente bilakatzeagatik.

Ondoko argazkiak eta bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak eginak dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.