Mostrando entradas con la etiqueta Lezo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Lezo. Mostrar todas las entradas

miércoles, 26 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #politika | Lezoko PSE-EEk Sexu Aniztasunaren Udal Plana egitea eskatu du

Joxean Sanchez, Lezoko PSE-EEko bozeramailea //

Lezoko PSE-EEk Sexu Aniztasunaren Udal Plana egitea eskatu du

Politika publikoak kudeatzeaz eta garatzeaz gain, herriko LGTBI+ herritarren eskubideak bermatzea dute helburu.
Leire Perlines | Oarsoaldeko Hitza, 2024-06-26
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/06/26/lezo-pse-ee-sexu-aniztasunaren-udal-plana/

Datorren ostirala, ekainaren 28a, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta Lezoko Udal Talde Sozialistak prentsa ohar bat argitaratu du horren harira; bertan, Sexu Aniztasunaren Udal Plana egitea proposatu du. Plan horren helburua sexu eta genero aniztasuna sustatzeko udal politika publikoak kudeatzea eta garatzea, eta herriko LGTBI+ herritarren berdintasun eraginkorra eta eskubideak bermatzea dela diote.

Jose Angel Sanchez, Lezoko PSE-EEko bozeramailea: “Aldaketa sozial sakon baten aurrean gaude, eta homosexualen, bisexualen, transexualen eta intersexualen presentzia eta ikusgarritasun handiagoa dugu eremu sozial guztietan”.

Bestalde, bozeramaileak dio aurrerapausoak eman diren arren, “asko” dagoela egiteko, “asko baitira sexu orientazioarekin eta genero identitatearekin zerikusia duten gertakariak”. Ildo beretik, gehitu du horrelako bereizkeria jasaten duten pertsonak babestu egin behar diela, eta botere publikoek beren eskubideak bermatu behar dituztela.

Guzti horrengatik jotzen du beharrezkotzat Lezoko PSE-EEk udalak Sexu Aniztasunaren Plan bat izatea, “LGTBI+ kolektiboaren eskubideak ikusarazteko eta aldarrikatzeko ekintza guztiak sustatzeko eta babesteko ibilbide orri gisa balioko duena, horrela pertsonen bizitza baldintza berdinetan hobetuz eta haien sexu eta genero aniztasunarekiko errespetua sustatuz, pertsona ahulenei arreta berezia eskainiz”.

miércoles, 28 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Francis erail zuten eguna, trans memoriaren eguna izendatzea eskatu du Lezoko Udalak

Oarsoaldeko Hitza / Lezoko udaletxea //

Francis erail zuten eguna, trans memoriaren eguna izendatzea eskatu du Lezoko Udalak

Francisen hilketak Euskal Herriko LGTBIQ+ mugimendua nabarmen bultzatu zuela adierazi du Lezoko Udalak. Gaurko egunaren harira egindako adierazpen instituzionalean egin dute eskaera.
Alaine Aranburu Etxegoien | Oarsoaldeko Hitza, 2023-06-28
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/06/28/2023-lgbtiaq-lezo-udala-adierazpen-instituzionala/

Lezoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du LGTBIAQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Lehenik, keinu bat egin diote zuriketa arrosari, “atzerapausorik onartuko ez dugula ez da soilik lelo bat. Jarrera politiko argi bat da”.

Asko geratzen dela egiteko diote eta badirela “lortutako apurra ezabatzera etorri nahi duten indar ultrakontserbadore eta faxistak”. Horien aurrean, “askatasunaren aldeko horma bat” eraikitzeko konpromisoa hartu du udalak. “Hemen zeuden, badakigu haiek hil baitzuten Francis, baina haien gorrotoaren gainetik eraikitzen jarraitu dugu. Kalean eta instituzioetan”.

Ekainak 10, trans memoriaren eguna izateko proposamena
Lezon LGTBIQ+ mugimenduak izandako papera eta historia aitortu nahi du udalak ere, kolektiboko kideengatik iritsi direlako egungo tokira. Ildo horretan, Errenteria-Oreretan eraildako Vicente Vadillo Santamaria Francis trabestia hil zuten eguna, ekainaren 10a, trans memoriaren eguna izendatzea eskatu dute, “bere erailketak Euskal Herriko LGTBIQ+ mugimendua bultzatu zuen modu nabarmenean”.

Konpromiso instituzionala

Egindako politikei egin dio udalak erreferentzia: “trans legeak lortu ditugu, edo LGBTIQ+ kontseilu munizipalak. Kaleak gureak egin ditugu eta Moio oroitzen duen plaka jarri”. Aldarrikatu eta elkartu egin direla ere mahai gaineratu dute: “Eraso LGBTIQ+ fobikoen aurrean elkartu gara, oihukatu dugu eta bisexualitatea bizi dugula aldarrikatu dugu euskaraz. Hori eta askoz gehiago egin dugu, bizitu dugu, konpartitu dugu eta borrokatu”.

Orain arte eraikitakoa “desegingo” dutenak badaudela ere diote, baina udalak erantzuna argi du: “ez dagoela eskubide atzeraezinik, ez daukagula eskubiderik”. Gaurko egunean “garena, lortu duguna harro defendatuko dugula esatera gatoz”.

Errealitate politikoaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea “ezinbestekoa” dela dio udalak. Instituzioa diren heinean, “politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko borrokan konpromisoan berresten gara”.

Instituzioaren eta LGTBIQ+ mugimenduaren artean zubiak eraiki nahi dituzte, “elkarlana sustatzeko” eta bertatik, Lezoko dinamika ezartzeko konpromisoa hartu du udalak. “Erronka konpartitua da aurrean duguna, eta bakoitzari dagokion arduratik eta espaziotik, LGTBIQ+ politikak eraikitzeko ezinbestekoa da honelako gunea”.

Azkenik, gaurko egunaren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du udalak, eta honako aitortza hau egin du ginga gisa: “LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako”.

jueves, 28 de julio de 2022

#hemeroteka #identitateak | Lezoko herrian ematen diren elkarrizketen herena da euskaraz

Noticias de Gipuzkoa / Lezoko Gurutze Santuaren plaza //

Lezoko herrian ematen diren elkarrizketen herena da euskaraz.

Azkeneko neurketa duela bi urte egin zen eta geroztik %2,6 jaitsi da euskararen erabilera herritarren artean.
Aitziber Muga | Noticias de Gipuzkoa, 2022-07-28
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/bertan/2022/07/28/lezoko-herrian-ematen-diren-elkarrizketen-5863729.html 

Euskararen Herri Batzordeko kideek berriki aurkeztu dituzte, Lezoko hizkuntzen kale erabileraren neurketak eman dituen datuak. Garrantzitsuena, Lezoko herrian euskarak kalean duen presentzia %30 dela da. Beraz, kalean zehar entzundako elkarrizketen ia herena euskaraz da. Alabaina, datua duela bi urte egindako behaketa baino %2,6 puntu baxuagoa da.

Azpimarratu dutenez, gazteen kasuan azken neurketak eman duen datua %25ekoa da. Hau da, hamabost eta 24 urte bitarteko gazteen laurdena euskaraz aritzen da kalean. Datu hau ere, aurreko neurketak eman zuena baino %3,5 puntu baxuagoa da. Dena den, larria da gazteen laurdenak soilik erabiltzea euskara, %100ak euskara badakienean. Edonola, Euskararen Herri Batzordeko kideak ez dute etsi eta irakurketa positiboa egiten dute.

Herriko ezagutza maila %70 izanda eta gazteen ia %100ak euskara jakinda, erabilera iraultzeko aukerak azpimarratu dituzte.

Horregatik, bai helduei, bai herrian dauden eragile eta sektore ezberdinei bakoitzak ahal duena euskaraz egitera animatu ditu.

Amaitzeko, Batzordeak, norabide horretan urratsak emateko ekimen bat prestatzen ari dela aurreratu du, zehaztasun gehiago eman ez badu ere.