Mostrando entradas con la etiqueta Mash Elizalde. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Mash Elizalde. Mostrar todas las entradas

viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Kolore denen neurrira nahi dute mundua

Mash Elizalde Etxeberria, LGTBI+ kolektiboko kidea //

Kolore denen neurrira nahi dute mundua

Ahalduntze ariketa egin behar dute egunero diren moduan kalera ateratzeko, arau zurrunegiak ezartzen dizkien jendarteari erronka jota. Helburu bat eta bakarra: aske bizitzea erabakitzen duten gorputz eta identitatearekin.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-06-28
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/06/28/lgtbi-komunitatearen-nazioaretko-eguna-sexu-askapenerako-nazioarteko-eguna-kuir-mash-elizalde-gorka-iparragirre-uxue-diez-guiral-aitor-narbarte-alvarez/

LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna. Ortzadar banderez beteko dituzte kaleak dozenaka eta dozenaka lagunek aurten ere, baina kolore biziekin batera, batez ere, aldarrikapenek josiko dute eguna. Aurrera urratsak egin dira, ukaezina da, baina egunero aurre egin behar izaten diote queer kolektiboko pertsonek heteroarauak oinarri dituen gizarteari, gorroto delituak eta LGTBIfobia desagertzetik oso urrun diren agertoki betean, diren hori izateko borroka etengabean.

Errenteria-Oreretan bizi da Mash Elizalde Etxeberria. Gaurko eguna ospatuko du, zalantzarik gabe. Baina batez ere aldarrikapenerako eguna izango da gaurkoa beretzat: «Hemen gaudela, beti egon garela, eta beti egongo garela aldarrikatu behar dugu. Gaurkoa gure kolektiboa ikusarazteko eguna da, zer bizi dugun eta gure aurretik izan zirenek bizi zutena erakusteko; garenak garelako aldarrikapena egin behar dugu». Hori aurkia; ifrentzua, berriz, jaia, argi baitu biak osagarriak direla, «garena garela ere ospatu behar dugu, baita lortu dugun guztia ere, ahaztu gabe bidean gelditu direnak».

Loratuz Lotu elkartearen sortzailea izan zen 2019an Brayan Altimasberes Alaminosekin batera. Trans helduei ematen die arta elkarteak: «Trantsizioa heldutasunean egin genuen eta ohartu ginen ez zela erreferenterik ezta nora jo ere laguntza bila, horregatik erabaki genuen elkartea sortzea». Elizaldek ez du transfobia handirik sentitu, «egon badago, baina nahiko babestua sentitzen naiz». Transfobiaren oinarrian ezjakintasuna dagoela azaldu du, konbentzituta.

Ahaldunduta dagoela dio, eta horretara heltzeko lan mordoa egin duela. «Urte dezenteko lanketa pertsonala izan da, nitaz ari direnean ez eragiteko. Naizena naiz, horrekin gelditzen naiz, zurrumurruek ez naute definitzen». Egindako trantsizioan oztoporik handiena «burokrazia» izan dela zehaztu du: «Hainbat unetan lotsagarria ere izan da. Nortasun agirian izena eta generoa aldatzeko egin beharreko bidea arrotza eta deserosoa izan da, nahiz eta oso ondo zaindu nauten».

Norbere gorputza eta norbere izaera bat ez datozela jabetzeko unea «gogorra» dela dio, «garrantzitsua da babesa jasotzea», baina etxekoena ez dela ezinbestekoa ere argi dio. Berak ez zuen etxekoen akonpainamendurik izan hasieran, eta errespetu osoz esan du haiek ere behar dutela denbora barneratzeko gertatzen ari dena: «Guk gure barne trantsizioa egiten dugu eta prest gaude esateko, baina informazio hori jasotzen dutenean etxekoek, eta ingurukoek, euren denbora behar dute prozesatzeko. Ez da ez gaituztela maite, edo ez gaituztela lagunduko; denbora behar dute. Gurasoek urte pare bat behar izan zuten. Babes handiena lagunek eta nik aukeratu dudan familiak eman didate. Gauza bat da familia, eta bestea, babesa. Elkarrekin badoaz, primeran; ez badoaz, lasai, aurkituko duzu beste sare bat».

Tolerantzia versus erradikalizazioa
Jendarteari begira jarrita gaur egun tolerantzia handiagoa dagoela uste du, baita LGTBI+ kolektiboaren kontrakoen erradikalizazio bat izan dela. Argi dio, gainera, heziketan hutsune handia dagoela. «Ikastetxeetan oso modu orokorrean, azaletik lantzen da gaia, identitate eta sexualitate bakoitzaren atzean zer dagoen sakondu gabe». Horri lotuta, aurrera urratsak egiteko hainbat gako eman ditu. Hartara, ezinbestekoa jo du sareak sortu eta daudenak indartzea, «indarrak batzeko unea da». Autokritika ere ezinbesteko jo du, bai kolektiboaren gainekoa osotasunean, zein trans kolektiboaren gainekoa ere: «Genero estereotipoak erreproduzitzeko jarrera indarra hartzen ari da, eta ikusi izan dut askotan, tamalez gizon trans gazteak matxoarenak egiten. Horren aurrean garrantzitsua da autokritika egitea, nora heldu nahi dugun, ea benetan nahi dugun jarraitu erreproduzitzen dugun sistema bitar eta matxista».

Eskuinaren gorakadak ez duela harritu dio. «Askatasun gehiago dagoenean, aniztasun handiagoa, pribilegioak kolokan ikusten dituzte batzuk eta beldur soziala sortzen dute». Gorakada horren ondorioak argi ditu Elizaldek: «Lortutako guztia jokoan jartzea eta berriro beldurrez bizitzea ekartzen du. Trans pertsona gisa urte batzuetako ibilbidea soinean izanik beldurra atzean utzi nuela pentsatzen nuen, aske bizitzeko aukera nuela, ezkutatzeko beharrik ez nuela. Beldurgarria da eskuinak halako indarra hartzea, garen moduan izateari uzten diogulako, eta horrek barne oinaze handia suposatzen du». Horren aurrean, sareak sortzera deitu du, elkartzera, eta inondik inora ere ez onartzea irabazitako guztian atzera egiterik.

Eta ultraeskuinaren pare jarri ditu TERFak, feminista erradikal trans-baztertzaileak —emakume transexualak emakumetzat hartzen ez dituen eta beraz, feminismotik kanpo uztearen aldeko den muturreko feminismoa—, «bien mezuak oso antzekoak dira, ultraeskuina baino arriskutsuagoa da hori, suposatzen delako etxetik ari direla erasoan». Horren gaineko kritika ere beharrezkoa dela uste du, «feminismoari dagokio egitea».

Gorka Iparragirre LGTBI+ Kolektiboko kidea //
Isilpeko indarkeria
Gorka Iparragirre irundarrak oso modu berezian biziko du aurtengo LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna: «Harrotasuna eta San Martzial Jaiak espazio eta momentu berean biziko ditugu lehenengoz, inoiz ez da ospatu 28an bertan, beti ukatu zaigu eguna. Matxismo oso bortitzez eta homofobia handiz tindatuta daude festak gurean». Lumak Haize Irungo lehen LGTBIAQ+ elkarteko kide da Iparragirre, eta ahoan bilorik gabe esan du LGTBIfobia handia dagoela. Ñabardura bat ere egin du, eta lehen lerroan jarri isilpekoa deitu duen beste indarkeria mota: «Ezkutuko indarkeria da hori, oso egunerokoa, eta hor bizi gara kolektiboko kideak. Iritsi da momentu bat kolektiboko kide askok ezin duguna jasan ‘marikon’, ‘bollera’ edo ‘bigotuda’ hitzak entzutea».

Aurrean dituzten erronka behin-behinekoei ere egin die aipamena irundarrak, «konpromisoa eta gizartearen parte hartzea». Horrekin lotuta dago hain zuzen ere kide den elkartearen helburuetako bat. «Irunen faltan sumatzen dugun komunitateari ikusgarritasuna ematea; batak bestea begiratu, hemen gaude esan, ez gara bakarrak, eta leku eta espazio bat nahi dugu hemen». Aldarrikapena erdigunean jarri du elkarteak, baita kultura eta hezkuntza ere, «gure konfort eremutik atera eta guretzako bizigarriago den Irun bat egin nahi dugu».

Elizaldek botatako ideiarekin bat egin du Iparragirrek. Nabarmendu du gazteen artean oso jarrera polarizatuak daudela, «gaurko jendartearen isla dira haiek ere». Hezkuntzan ere ideia bera irundarrak, LGTBI+ komunitatearen gaineko lanketa ezdeusa dela: «Oso gutxi lantzen da, eta lantzeko moduak ere hausnarketa behar duela sinistuta nago. Sexologoa naiz, genero ikuspegiarekin, eta oraindik ere duela 20 urteko hutsuneak ikusten ditut, ez soilik LGTBI+ komunitatearen lanketaren gainean, baizik eta sexologia eta afektuen gaineko lanketa osoan. Denbora gehiago eskaini beharko litzaioke, bizitza osoko ikasketa prozesua behar luke, transbertsala». Mantso bada ere, aurrera urratsak egin direla uste du.

Aliatuen beharra
Oarsoaldeko herriak, Irun eta Hondarribia oro har leku seguruak iruditzen zaizkio Iparragirreri. «Kolektiboak ikasi du nondik mugitu eta nondik ez. Nik badakit inguruetara egokitzen, agian leku batzuetan modu batean jantziko naiz, eta beste modu batean beste batzuetan. Ez dut une larririk bizi, lekuaren arabera nire jarrera egokitu dudalako. Aitortu behar da, beraz, segun zein espaziotan alerta jarri behar dugula».

Eskuinaren gorakadak beldurra eragiten dionik ez du ukatu. «Gure aurrekoek irabazitako guztia galtzeko beldur hori dugu, eta batez ere dezepzioa. Eskuina gora doa indartsu, eta neurri batean da ezkerrekoak ez garelako inplikatzen, ez ditugulako gure arreben arazoak begiratzen eta gure egiten. Kolokan daude eskubideak eta segurtasuna». Aurrera urratsak egiteko gakoak argi ditu Iparragirrek: «Komunitate gisa borrokatzen jarraitzea dagokigu, atzera pausorik ez ematea, eta aliatuak izatea, segurtasuna denon kontua delako; ahalik eta jende gehien batu behar dugu gure borrokara. Gizarteak agian urrun ikusten gaitu, baina oso gertu gaude eta parte gara, gurea, guztion borroka da. LGTBI+ kolektibokoa eta emakume izan gabe ere, denok bizi dugu opresioa, modu batera edo bestera. Pribilegio zis hetero horretan oso pertsona gutxi dago».

Aitor Narbarte eta Uxue Diez-Guiral LGTBI+ kolektiboko kideak //

Iragana eta oraina

Ikerlariak eta ‘queer’ kolektiboko kideak dira Uxue Diez-Guiral eta Aitor Narbarte Alvarez, Errenteria-Oreretan bizi dira biak. Ane Fernandez Trigo eta Maite Azabal Gallego ikerlariekin batera Kuir Artxibo Bizia proiektuaren barruan Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ Memoria Kolektiboa bildu dute Koldo Mitxelena beka irabazita. Lana bukatu berri dute, eta 600 pertsona inguru galdekatu dituzte memoria hori gorpuzteko, iraganari eta orainari tartea eskainita, etorkizunari begira jartzeko. Abenduan aurkeztuko dute. Oarsoaldean LGTBI+ komunitatearen argazkia zein den galdetuta esaldi batera bildu dute: «Egin dugu, baina asko dago egiteko. Elkarrizketatuek hala esan digute. Argi-ilun batzuk badaude, batez ere bildu eta seguru sentitzeko topagunerik ez dagoelako kolektiboarentzat». Harago jo dute, dauden gutxi batzuk pribatuak dira, «tabernaren bat, eta ez da ‘queer’ taberna delako».

Sare sozialei ere erreferentzia egin die Diez-Guiralek, horietan ere lekurik ez duelako LGTBI+ komunitateak. «Orain badugu jendea lanean sare sozialetan Oreretan, Jokin Pedreño kasu. Sare sozialak ari dira euskalduntzen eta espazio bat ematen LGTBI+ komunitateari. Oso gutxi dago, ordea». Euskara erdigunean jarri dute ikerlariek. «Hori zen lanaren helburuetako bat. Egin ditugun elkarrizketetan gaztelania oso presente zegoela ohartu gara. Gutxika, espazio gehiago ematen saiatzen ari gara euskarari eta gure identitateez eta errealitateez pentsatzen gure hizkuntzan». Euskarazko LGTBI+ terminologia sortzeko beharra ere erdigunean jarri dute: «Euskaraz berez izan dira eta badira terminoak, baina ez dira guregana heldu edo itzaletan gelditu dira. ‘Gay hiztegia’ argitaratu zuten, eta orain ‘Mari okerrak nola izan/esan bollera’ euskaraz. Behar-beharrezkoak dira halakoak, eta badirenak berreskuratu, adibidez Oarsoaldean erabiltzen zen ‘kuku’ hitza».

Narbarterentzat «polita» izan da deskubritzea izan direla historian zehar hitz batzuk euskaraz errealitate hauek izendatzeko. Testuetan ere aldarrikatu du espazio bat Diez-Guiralek LGTBI+ gaientzat.

Gaur-gaurkoz ‘queer’ komunitateak aurez aurre duen oztoporik nagusienetakoa zisheteronorma da Narbarterentzat, «oso baldintzatuta gaude gizarte honengatik, oso parametro zurrunak daude eta hortik desbideratzen garen unean dagoeneko ari gara indarkeria jasaten». Ñabardura Diez-Guiralek: «LGTBI+ kolektibo guztiari eragiten digu, baina ez maila berean, batzuentzat ezinegona suposatuko du, eta beste batentzat kaletik jipoitzea edo kalean hilda agertzea. Hori hemen. Zisheteroarauak denoi eragiten digu, baina batzuei gehiago». Heziketari ere eman diote begirada, eta ondorioa bera: diskurtso polarizatuak, mindutako jendea, eta erresistentzia ugari aurkitu dituzte. Lanketa falta ere aipatu dute aurreko bien antzera.

Erreferente kolektiboen beharra
Beharren artean, berriz, erreferenteak. Ez edonolakoak, «kolektiboak» baizik, «kolektibizazioa beharrezkoa da, zama partekatzeko ere». Kaleak konkistatzea eta desheteroxesualizatzea, presazko beste egiteko bat. «LGTBI+ komunitatearen presentzia sustatu behar da kalean, ikusgarritasuna eman, eta ‘queer’ ikurrekin ordezkatu egun dauden ikur heterosexualak». Ikusgarritasunarena zaila dela aitortu du Diez-Guiralek: «Oso zaila da, eta ez da berdina trans pertsona, bi-a izatea edo normatiboago bat, ‘mainstream’ bat. Etiketa bakoitzaren barruan zapore asko daude. Zaila da denentzat, baina batzuentzat are zailagoa da Oreretan eta Oarsoaldean bizitzea identitate batzuekin».

Sarea «ezinbestekoa» jo du Narbartek. «Zaren bezala izateko sare bat behar duzu, babesteko. Bestela oso bakarrik senti zaitezke». Bat dator Diez-Guiral: «Erortzen zarenean leku seguru batean erori behar zara. Baina sare horiek oso ahulak dira oraindik. Hausnartu beharreko kontua da».

Eskuinari aurre egin behar zaion zalantzarik ez dute, eta horretarako gakoa helburu komunak argi izatea dela diote. «Guri pertsonen bizitzak inporta zaizkigu. Oinarri horrekin bat egiten dugunok aurrera egin dezakegu zaintza eta enpatiatik».

LGTBI+ kolektiboaren amets bat aukeratzeko eskatuta erantzun ezin argigarriagoa eman du Diez-Guiralek: «Amets bat definitzea ezinezkoa zaio amestea galarazi zaion kolektibo bati. Gure kolektiboari etorkizuna ukatu zaio. Gure helburua zein den ongi definitzea izan daiteke amesten hasteko bidea; zaintza eta maitasunetik oinarria jartzea».

viernes, 22 de septiembre de 2023

#hemeroteka #lgtbi #aktibismoa | Maitasunetik ehundutako aitortza

Bittor Cuña, Mash Elizalde Loratuz eta Maider Beristain //

Maitasunetik ehundutako aitortza

Mikel Martin Conde omenduko dute bihar. Hamaika borrokaren ekintzaileari, eta utzitako ondare politiko, sozial eta emozionalari aitor egiteko herriak egindako lanaren emaitza da Mikelaldia.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2023-09-22
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/09/22/errenteria-orereta-mikel-martin-mikelaldia/ 

Mikel Martin Conderen neurrira egindako herri omenaldia josi dute haren lagunek, familiak eta Errenteria-Oreretako hamaika eragilek. Martxoaren 2an zendu zen hamaika borrokaren urratzailea; orduan agur ekitaldi ederra eskaini zioten, baina hitza eman zuten Martin merezi zuen moduan omenduko zutela aurrerago.

Iritsi da. Omenaldia ereiten aritu dira hainbat talde, eragile eta norbanako pasa den maiatzetik, biharkoa egi bihurtzeko. Mikelaldia izan da emaitza: goxoa, ederra, lotsarik gabea, eta konprometitua izango da omenaldiaren bueltan antolatu duten ekintza bakoitza, Mikel bera zen bezala. Gogotsu antolatu dute, baina batez ere maitasunetik.

Bittor Cuña, Maider Beristain eta Mash Elizalde omenaldia egi bihurtzeko lanean aritu dira. Mikeladiaren koordinatzailea da Cuña, EHGAMeko kidea Beristain, eta Loratuz Lotu Helduentzako Trans elkarteko kidea Elizalde. Bat datoz hirurak, «maitasunetik sortutako omenaldia izango da Mikelaldia». Egunean haren militantzia eta izaera lehen lerroan jarriko dituztela nabarmendu du Elizaldek: «Mikel maitasuna, errespetua eta iraultza zen, eta hori islatuko dugu bihar».

Pertsonala ere, politikoa
Aniztasunari egin dio erreferentzia Beristainek: «Omenaldi hau ahalik eta jende eta kolektibo gehienena izan behar zuela argi genuen. Oso ederra da ikustea benetan noraino eta norenganaino heldu garen. Mikela beraren izaera, identitatea, pentsamendua, borroka, ibilbide politikoa edo pasioa kontuan hartuz gero, noraino hel zitekeen konturatu zaitezke».

Ideia horrekin bat egin du Cuñak, eta sinetsita dago Martinek islatzen zuen pluraltasun hori agerian gelditu dela omenaldia antolatzeko garaian: «Oso ezberdina garen jendea aritu gara, ziurrenik batera arituko ez garenak bestelako testuingurutan. Mikelek batzen zuen hori guztia. Pertsonala politikoa dela maila guztietara eraman zuen; seropositiboa izanik aurpegia eman zuen horrek duen estigmarekin, 1970eko hamarraldian Francisen hilketa salatzeko protestetan homesexuala zela eta ez zela gehiago ezkutatuko esan zuenean bezala». Bat datoz hirurak. «Gaur-gaurkoz LGTBI kolektiboko pertsonak askoz hobeto bagaude, duinago bizi bagara, Mikel eta bera bezala borrokatu diren pertsonei esker da».

Omenaldiak aitortza izan nahi duela esan du Cuñak. «Mikeli eta bizi ibilbidean motxilara bildu zuen guztiari aitortza. Mikel borroka kolektibo askoren erreferente bat zelako, transbertsalitatea erabat islatuta gelditu da bere borrokan. Urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan ekintzailea zen Mikel, pertsonala politikoa denaren eredu ezin hobea; Mikelek ez zuen atseden hartzen, etengabea zen bere militantzia».

Informazio eta esperientzia iturri
Hunkituta eta mirespenez oroitu du Cuñak Martinek bere bizitza oparo horretan bildutako informazio eta esperientzia itzela: «Informazio zentro modukoa zen besteontzat, batez ere LGTBI borrokaren erreferente zelako, baina baita antikapitalista, ekologista, feminista, edo arrazakeriaren kontrakoa zelako ere. Horietan guztietan egiten zuen militantzia». Asko eta askorentzat «erreferente» bilakatu zela Martin dio Elizaldek: «Babes emozionala eta lasaitasuna ekarri digu askori, eta azken unera arte izan da lanean mundu ederrago bat uzteko».

Asko da, handia Martinek egindakoa; asko da eta oso handia utzi duena. Hori guztia aintzatetsi nahi diote bihar Mikelaldiarekin. «Baina Mikelen alde dibertigarria ere plazaratu nahi dugu, arima borrokalaria zuen ekintzailea zelako, baina baita alaia ere —erantsi du Cuñak—. Hori ere ikusiko da omenaldian. Ez zen bulego eta moketa ekintzailea; barrikada, kartel, pankarta eta mikrofono ekintzailea zen».

Kalejira, kabareta eta herri afaria
Mikelaldiaren barruan, hiru hitzordu. Kalejira Koloretsuarekin ekingo diote egunari. 12:00etan abiatuko da Arramendiko baratzeetatik —Gaztaño auzoa—. Aurretik, bertan, mandala bat egiten hasiko dira, eta mandala horretarako osagaiak, loreak izan edo beste edozer, eraman nahi dituenak 11:30ean jo beharko du baratze gune horretara. Baratze ondoan Xanti Vicente Altxu eta Martinen omenezko haritzak daude landatuta, eta bertan egingo dute mandala.

Kabaretaren txanda helduko da ondoren, arratsaldez. «Mikelaren oroitza argiz, kolorez, kantuz, dantzaz, dirdiraz eta bizipozez jantziko duen hitzordua, elkar hartuta hunkitzeko, goxatzeko eta alaitzeko oroigarri xamur bat», antolatzaileek azaldu dutenez. Emanaldia 19:00etan hasiko da Lekuona Fabrikan. Antolakuntzak osagarri koloretsu bat eramatea proposatu die bertaratuko direnei, «norberak nahi duena eta nahi beste, libre: soineko, jantzi, boa, takoi, kapela, zapi, zorro, poltsa…».

Herri afariarekin jarriko diote ginga Mikelaldiari. Agirre Lehendakariaren plazan —Lino— izango den karpan mahaiaren bueltan elkartuko dira 21:30ean. Afalostean denen artean mahaiak, eserlekuak eta gainerakoak jasotakoan, jaiaren txanda izango da.

Islatzen zuen pluraltasuna agerian gelditu da omenaldiaren antolaketan
Ekintza bakoitzarekin maitasuna, hutsunea, harrotasuna, eskertza eta miresmena azaldu nahi dituzte, Beristainen esanetan: «Ekintzetan gauza ezberdin asko topatuko ditu bertaratzen denak, bakoitzak omentzeko eta eskaintzeko era ezberdinak plazaratuko ditu. Guztiak izango du harreman bat, oinarri batek lotuko ditu, eta hor ikusiko dugu Mikela, egun osoan zehar gertatuko diren gauza guztietan». Bertaratzen denak ikuskizuna, musika, afaria, dantza aurkituko dituela erantsi du Elizaldek, «baita elkar saretzea, emozioen partekatzea, maitasuna eta bakoitzak sentitzen duena azalarazteko espazioa ere».

Omenaldian parte hartu
Omenaldian izatea, Martinen borrokari aitortza egitea da Cuñarentzat: «Garrantzitsua iruditzen zait bere senideek ikustea, batzuetan kosta egiten zaielako ohartzea guretzat oso erreferente garrantzitsua izan dela Mikel. Kanpoan bilatzen ditugu erreferenteak eta miresten ditugu. Kasu honetan herrian bertan genuen eta erreferente itzela izan da. Herrikoa izanik, gainera, harresi ugari gainditu zituen, Euskal Herrian zelako ezaguna, baina hil zenean, Nazio Batuen Erakundetik ere heldu zen dolu oharra. Hori ere ezin dugu ahaztu».

Itzala luzea Martinena, zalantzarik ez da. Arrastoa Errenteria-Oreretan, Euskal Herrian eta hortik kanpo ere utzi du ekintzaileak.

Omenaldia ontzeko ibilbidea «oparoa» izan dela diote, «aberasgarria». Elizalderentzat erraz joan da: «Halakoetan desadostasunak-eta izaten dira, baina kasu honetan dena nahikoa erraz joan da, argi dugulako zergatik eta norengatik egiten ari garen. Eta gehienbat, saiatu garelako egiten ari ginena Mikeli gustatzen zitzaion bezala egiten».

«Denak gustura eta pozik uztea» sartu du zailtasunen zakuan Cuñak: «Jende asko lekurik gabe geldituko zen kabareta ikusteko, baita herri afarirako ere, Mikelek zuen itzalarengatik. Hasieran zerbait txikiagoa egiteko asmoa genuen, baina ohartu ginen garrantziaz eta birplanteatu egin genuen. Hainbeste jendek etorri nahi zuen hiru ekintza antolatzea erabaki genuela, gutxienez batean parte hartzeko aukera izan dezaten».

Esker ona laguntzarengatik
Esker ona adierazi die Mikelaldiaren koordinatzaileak biharko omenaldia posible egiteko lanean aritu diren elkarte, eragile eta norbanako guztiei. Horietako bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa izan baita omenaldia egi bihurtzeko.

Martinen familiari ere eman dizkio Cuñak eskerrak; izan ere, beraiek ere izaten ari dira parte ezinbesteko omenaldia josteko garaian. Arratsaldean izango den kabaretean parte hartuko duten artista guztiei ere aitortza eta esker ona antolatzaileen aldetik: «Horietako batzuk dagoeneko lotuta zituzten emanaldiak bertan behera utzi dituzte Mikelen omenaldian parte hartu nahi zutelako, agendak baztertu dituzte batzuk, eta beste batzuk, berriz, oso urrutitik datoz emanaldia egiteko».

Errenteriako Udalari ere eskainitako laguntza eskertu dio Cuñak. «Batez ere Berdintasun sailari, teknikari eta langile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet erakutsi duten sentsibilitatearengatik, eta eman diguten laguntza guztiarengatik. Mikelaldia aurrera ateratzen laguntzeko egin duten lan handia, eta erakutsi duten jarrera aitortu eta eskertu nahi diet».

Mikelaldian parte hartzera deitu dute hirurek. «Batera edo bestera jakin badakigu jende asko geldituko zela kabareterako gonbidapenik gabe, edo afarirako txartelarik gabe —400 pertsonentzat dago lekua— baina eguerdian izango den kalejiran parte har dezakete».

Itzali ezinezko erreferentea
Sexu askapenerako mugimenduarentzat erreferente izan denari aipamena egin diote berriro. «Erreferente izugarria izan da. 1970eko hamarraldian hasi zen militatzen EHGAMen, eta geroztik ezinbestekoa izan da mugimenduan—dio Beristainek—. Gazteagoentzat erreferente eta elkargune izan da. Ez zion inoiz utzi LGTB mugimenduan parte hartzeari, eta gurekin edo gazteagoekin bilerak eta borrokak konpartitzeari; azken unera arte egon zen oso inplikatua trans pertsonen aldeko borrokan».

Martin ezagutzeko zortea izan duen ororentzat aski ezaguna den irudia oroitu izan nahi du EHGAMeko kideak: «Denok gogoratzen dugu edozein manifestaziotan Mikela LGTB bandera eskuan. Horrek asko esaten du berari buruz, borroka politiko ezberdin askotako manifestazioetan ikusten genuen, eta LGTB mugimenduaren ikuspuntu hori, gainerako borrokekin lotutakoa, da berarengandik jasotako gauzetako bat. Hiesaren inguruko borrokan ere, erreferentea izan da guretzat».

Harago jo du Beristainek sexu askapenerako mugimenduari Martinek egin dion ekarria definitzeko garaian: «Pasioa, maitasuna, grina, lotsagabetasuna, aurrera egiteko indarra, borrokak merezi duela esaten zuen ahotsa, gorputz indartsu bat bere zaurgarritasunean, kolektibotasuna, gauzak birpentsatzearen garrantzia… Gauza asko izan da Mikela».

Hori dena eta gehiago zen Mikel Martin Conde. Izan denari, eta utzi duenari; bere txikitasunean handi, erraldoi izan den hamaika borrokatako ekintzaile konprometituari, gorazarre egingo diote bihar, maitasunez eta maitasunetik.

Herria ortzadar kolorez margotu nahi dute martinen omenez, bihar 
Herria ortzadar banderekin eta hamaika kolorez betetzeko deia egin dute Mikelaldiaren antolatzaileek.

Proposamena jasotzeko modua jarri dute nabarmen; izan ere, ez da Mikel Martin omentzeko lanean aritu direnek zuzenean egindako proposamena, herritarrengandik jasotako iniziatiba baizik, eta pozez hartu dute.

Martinek Errenteria-Oreretan, bere herrian, utzi duen arrasto handiaren erakusle bada hori, eta herritarrek egindako proposamena lau haizetara zabaldu dute Mikelaldiaren antolatzaileek. Hori horrela, bihar, etxeko balkoi eta leihoetan, zein herriko kaleetan ortzadar banderak edota koloreetako zapiak jartzera deitu dituzte bizilagunak.

Gonbidapen hori, herriko saltokiei ere egin diete Mikelaldiaren antolatzaileek, «erakusleihoak ortzadar banderekin edota koloreekin apaintzera animatzen ditugu».

domingo, 21 de febrero de 2021

#hemeroteka #trans | «Ez da gure gorputza, zuen begirada baizik»

Irudia: Berria / Brayan Altimasberes eta Mash Elizalde

«Ez da gure gorputza, zuen begirada baizik».

Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko. Transexualen alboan egon nahi dute haien prozesuak iraun bitartean, «ahaldunduta eta indartuta» gizarteratu daitezen identitate berriarekin.
Jon Miranda | Berria, 2021-02-21
https://www.berria.eus/albisteak/193984/ez-da-gure-gorputza-zuen-begirada-baizik.htm 

Andoaingo Leitzaran institutuan Gizarteratzea zikloko ikasketak egin zituzten iaz Brayan Altimasberesek (Hernani, 1996) eta Mash Elizaldek (Iruñea, 1999). Altimasberesek euskarazko taldean, eta Elizaldek gaztelaniazkoan. Biak dira mutil transexualak, eta biek egin dute trantsizioa helduaroan, baina ikaskideak izan arren, oraintsu arte ez dute izan elkarren berri. «Erreferenterik gabe eta bakarrik egin behar izan dugu bidea», esan du Altimasberesek. Egoera berean egon daitezkeen pertsonek prozesua lagunduta egin dezaten sortu dute Loratuz Lotu Euskal Herri mailako elkartea.

Ikasketek emandako aukera baliatu zuten aurreko ikasturtean azterketa bat egin eta gizarte arloko proiektuaren oinarriak finkatzeko. «Ikusi genuen haur eta nerabeentzat Naizen elkartea badagoela, baina helduaroan trantsizioa egitea erabakitzen duten pertsonek ez dutela izaten inongo elkarteren babesik», esan du Elizaldek. Ikasketak amaituta, beraz, elkartea sortzeari ekin zioten, ikaskideekin batera. Altismaberes, Elizalde eta Gilen Larrañaga dira, gaur egun, Loratuz Lotu elkartearen arduradunak.

«Interneten izugarrizko aurrerapena egin da azken urteotan, sare sozialetan aise topa daitezke erreferenteak, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun trantsizioa egiten ari diren horiek harremanetan jartzea», adierazi du Elizaldek. «Gureak bilgune bat izan nahi du, esperientziak saretzeko espazio bat». Elkartea ezagutzak partekatzeko helburuarekin sortu dutela esan du Altismaberesek, haren hitzetan hori baita beldurrak uxatzeko modurik errazena: «Ezezaguna denak eragiten digu ezinegona, baina bide hau egina duten pertsonak ezagutzen dituzunean konturatzen zara badagoela trantsizioa modu osasuntsuan egiterik, zeure buruarekin eta ingurunearekin bakean».

Horregatik aukeratu dute Loratuz Lotu izena. «Hainbeste denboran gure identitatea ezkutuan bizi izan ondoren, geure burua onartzen dugunean, loratzen hasten garenean, orduan lotzen gara besteekin». Harreman osasuntsu eta parekideak izatea ez dago soilik norberaren auto-onarpenaren mende, Elizaldek esan duenez: «Ulertzen dugu ez dela erraza mundura identitate berri batekin ateratzea. Arazoa ez da gure gorputza, jendearen begirada baizik. Ingurunean eragin beharra dago, trantsizio hori modu naturalagoan eta lasaiagoan egin dezagun».

Gizarteratzeko lana
Behin ikasketak amaitu eta elkartea formalki eratu bitarteko denbora euren asmoak ezagutarazteko baliatu dute elkarteko kideek. Aurreko urteko konfinamendu garaian Instagram bitartez transexualitatean aditu diren pertsonekin eta hainbat tokitako transekin zuzeneko solasaldiak izan zituzten. Irailetik hona, bestalde, hainbat ikastetxetan aritu dira azalpenak ematen, eta egin dieten harrerarekin «oso pozik» daude Altismasberes eta Elizalde.

Hezkidetzari garrantzi handia ematen diote biek. «Nabari dugu pixkanaka generoen arteko muga zurrun hori lausotzen ari dela, belaunaldi berriek beste ikuspegi bat dakartela, eta hori, neurri handi batean, Naizen bezalako elkarteek egindako lanari esker lortu da». Altimasberesek zehaztu du, ordea, trantsizioa egiteko ez dagoela adin egokirik. «Norberak erabaki behar du zein den horretarako momentua, eta bide hori egiteko babesa eskaini behar dugu besteok».

Berriki izan diren eraso transfoboak gogoan hartu dituzte Loratuz Lotu elkartekoek. Salaketa argia egin du Elizaldek: «Askotan galdetzen digute nola ote gauden prest gure gorputzarentzat kaltegarriak izan daitezkeen tratamenduak hartzeko eta ebakuntzak egiteko, baina inor gutxik galdetzen du zenbat indarkeria pilatzen den genero arauarekiko disidenteak diren horiengan».

Pertsona ez binarioak, trantsizio soziala nahiz fisikoa egin dutenak eta pertsona horien gertuko ingurunea artatu nahi dituzte elkartetik. «Aholkularitza emango diegu, aukera ezberdinak eskaini, laguntza ematea gure esku ez badago, behar den tokira bideratuko ditugu, baina bakarrik ez ditugu utziko», azaldu du Altimasberesek. Elkarteak ibilbidea hasi berria duen arren, kontsulta egitera gerturatu zaizkie jada lehenengo herritarrak.

Sare sozialen bitartez —Instagram, Facebook, Twitter eta Youtube— egin daiteke harremana Loratuz Lotu elkartearekin, eta loratuz.lotu@gmail.com helbidean ere bai. Hernaniko Udalaren Plaza Feminista baliatzen dute kideek lanerako eta bilkurak egiteko, eta esker on hitzak dauzka Altimasberesek: «Herri honetan lanketa handia egin du mugimendu feministak eta Aimar Elosegi ‘Moio’ gaztearen kasuak ere arrastoa utzi du». Vicente Vadillo ‘Francis’ transexualarena da Euskal Herriko memoria historikoan iltzatuta geratu den beste erailketa bat. Errenterian hil zuen polizia batek, 1979an. Bertan bizi da gaur egun Elizalde. «Francis eta Moioren lekukoa hartu eta haiengatik jarraituko dugu guk borrokan».
 
ETA GAINERA…
Transexual helduei beren prozesuan laguntzeko sortu da Loratuz Lotu elkartea.
Mikel Garcia Idiakez | Argia, 2021-02-23

https://www.argia.eus/albistea/transexual-helduei-beren-prozesuan-laguntzeko-sortu-da-loratuz-lotu-elkartea
"Ez da gure gorputza, zuen begirada baizik".
Jon Miranda Labaien | Ataria, 2021-02-19

https://ataria.eus/tolosaldea/1613725776106-ez-da-gure-gorputza-zuen-begirada-baizik