Mostrando entradas con la etiqueta Garazi Beramendi. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Garazi Beramendi. Mostrar todas las entradas

lunes, 25 de marzo de 2024

#hemeroteca #lgtbi | “Diagnostikoak balioko digu ikusteko zisheteroaraua non eta zer aspektutan den gogorragoa Orozkon”

Hiruki Larroxa taldeko kideak dira Joseba eta Garazi //

“Diagnostikoak balioko digu ikusteko zisheteroaraua non eta zer aspektutan den gogorragoa Orozkon”

Txabi Alvarado Bañares | Aiaraldea, 2024-03-25

https://aiaraldea.eus/orozko/1711384528610-diagnostikoak-balio-ahalko-digu-ikusteko-zisheteroaraua-non-eta-zer-aspektutan-den-gogorragoa-orozkon

Hiruki Larroxa kolektiboko kideak dira Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques. Orozkoko Udalak sustatutako herriko LGBTI+ diagnostikoa osatzen dabiltza, eta prozesu horren inguruan mintzatu dira Aiaraldea Komunikabidearekin.

Galdera. Orozkoko LGBTI+ diagnostikoa osatzen ari zarete. Zein da horretarako jarraitzen ari zareten metodologia?

Diagnostikoak, nolabait esateko, bi ildo ditu. Alde batetik, Orozkoko LGBTI+ pertsonen errealitatea ezagutzeko, bizitzako arlo ezberdinetan izandako edo izaten dituzten bizipenak jasoko ditugu. Beste aldetik, gainontzeko herritarrek sexu aniztasuna eta LGBTI+ errealitateak nola ulertzen eta bizi dituzten aztertzea nahi dugu. Bizipen, pentsamendu, jarrera... horiek jasotzeko modu ezberdinak erabiliko ditugu.

Alde batetik, herritarrentzat irekia den galdetegi bat jarri genuen martxan otsaila hasieran. Bestalde, banakako elkarrizketa sakonak ere egingo ditugu eta baita talde-eztabaidak ere.

Horretarako, herritarrak galdetegia betetzera animatzen ditugu, esteka honetan sartuta. Orozkoko LGBTI+ pertsonak ere animatzen ditugu galdetegia betetzera, baina bereziki banakako elkarrizketetara animatzea eskatzen diegu, izan ere, diagnostikoa horretan oinarritzen da gehienbat.

Herriko LGBTI+ pertsonen bizipenak behar ditugu ikusteko zer hobetu daiteken Orozkon, LGBTI+ pertsonentzat herri bizigarria izateko. Animatzekotan orozko.lgtbi@bizkaia.org helbidera idazteko eskatzen dugu. Gogoratu nahi dugu, elkarrizketak guztiz konfidentzialak izango direla.

“Herriko LGBTI+ pertsonen bizipenak behar ditugu ikusteko zer hobetu daiteken Orozkon, LGBTI+ pertsonentzat herri bizigarri bat izateko”

Galdera. Zer nolako pertzepzioak jaso dituzue momentuz egin dituzuen hartu emanetan? Zein da zuen lehen inpresioa?

Oraingoz galdetegia 54 pertsonek erantzun dute eta oraindik ez dugu elkarrizketa sakonik egin. Beraz, goizegi da edozein ondorio ateratzeko. Baina, adibidez, oraingoz LGBTI+ siglen atzean dauden kontzeptu edo identitateak guztiz ezagunak ez direla ikusi dugu galdetegiko erantzunetan. Gehien bat intersexualen I hizkia da ezjakinena eta aldi berean ikusezinena ere kolektiboan.

Bestetik, galdetegia erantzun duten LGBTI+ pertsonen gehiengoak beraien izaera ikustarazteko garaian, tokiaren edo testuinguruaren arabera egiten dutela komentatu dute. Horrek erakusten digu, posiblea dela Orozkon testuinguru batzuk LGBTIfoboagoak edo hertsatzaileagoak izatea beste batzuk baino.

LGBTI+ pertsonek jasotzen dituzten bazterketa, irain eta indarkerien inguruan galdetuta, erantzun dutenek gehienbat espazio publikoa, hezkuntzan eta kuadrilletan ematen direla sumatzen dute. Badago ehuneko nahiko handi bat ere erantzun duena ez duela LGBTI+ pertsonen aurkako indarkeriarik nabaritzen.

Galdera. Honakoa ez da egiten duzuen herri txiki bateko lehen diagnostikoa. Zer nolako errealitateak azaleratu ohi dira Orozkoren tamainako udalerri batean?

Zerbait aipatzekotan, alde batetik, askotan komunitate txikietan ematen den arauan sartzeko presio sozial itogarriak pertsona asko armairuan sartuta egotea edo norbere izaera ezkutuan mantentzea ekartzen duela ikusi izan dugu. Baina, aldi berean, honek ez du esan nahi herri txikiak hiriak baino LGBTIfobikoagoak direnik. Are gehiago, herrian geratzea erabakitzen duten LGBTI pertsona askok herriko bizitza hurbil eta seguruagoa hautatzen dute.

Aipatutako presio sozial horren edo LGBTIfobia gordinagatik herritik ihes egin edo urruntzen diren pertsonak ere ohikoak dira. Fenomeno honi sexilioa esaten zaio.

Manolo Guzman puertorricar soziologoak 1997an kontzeptualizatutako ideia da. Aipatzeko beste zerbait ere bada herrietako giro eta kultura heterosexualizante patriarkala. Horrek testuinguru arrotzak eta hertsatzaileak sortzen ditu askotan (gehien bat festa giroan) eta honek emakume zein LGBTI+ pertsonengan deserosotasun, ezinegon edota indarkeria egoerak bizitzera eraman dute.

Galdera. Ezberdintasunak egon ohi dira herri txiki batetik bestera?

Bai, herri batetik bestera ezberdintasunak izaten dira, bakoitzak nolabait bere idiosinkrasia dauka. Dena dela, Monique Wittigek aipatzen zuen pentsamendu heterosexuala (‘Pentsamendu heterozuzena’, Monique Witig, 2017) herri guztietan antzerako ematen dela, zeinak jendartea modu jakin (zisheterozuzena eta patriarkala) baten antolatu eta pentsatzen duen.

Ezberdintasunak badira, sexu askatasunerantz, batzuetan herrian izan diren feminista eta LGBTI+ pertsona edo familia erreferenteengatik izan da, nolabait arautik at bizitzea posible dela erakusten duten gorputz eta harremanengatik.

Galdera. Zergatik da garrantzitsua horrelako diagnostikoak egitea herri txikietan?


Oscar Guschen ‘La crisis de la heterosexualidad’ (2000) liburura jota, ikusten dugu historian zehar (oraindik gaur egun ere) LGBTI+ pertsonak estigmatizatuak, diskriminatuak, zapalduak, jazarriak... izan garela. Estigma eta jazarpen hori gidatu duten instituzioak ezberdinak izan dira. Hasieran eliza (erlijioak) izan zen moralaren izenean, ostean medikuntza izan zen zientziaren izenean gaixo bezala izendatu gintuena eta azkenik estatua izan da (eta da) lege zapaltzaileekin sozialki arriskutsuak edo bigarren mailako herritar bezala ikusten gaituena.

Guzti honetan, instituzioek beraien ardura daukate eta, nolabait, memoria historikotik eta erreparazioaren ideiatik, LGBTI+ politika publikoak bultzatu behar dituztela uste dugu.

Oraingoan, LGBTI+ kolektiboaren inguruan gabiltza, baina berdintasun politikekin ere emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko ardura daukate eta klase begirada eta begirada dekolonial batetik edota bestelako zapalkuntza sistematikoak kontuan izanda ere politika publikoak egin beharko liratekeela uste dugu.

Nolabait, gehiago ala gutxiago atsegin, pertsonen bizitza bizigarriagoa egiteko eta ematen diren zapalkuntzak desagerrarazteko ezinbestekoa da jakitea zeintzuk diren zapalkuntza bakoitza bizi dutenen errealitatea, honi buelta eman ahal izateko. Eta kasu honetan eskertzekoa da Orozkoko Udalak ardura hori hartzea.

Galdera. Behin diagnostikoa osatuta, zein izan beharko litzateke hurrengo urratsa?

Diagnostikoak balio ahalko digu ikusteko zisheteroaraua non eta zer aspektutan den gogorragoa Orozkon eta ondorioz, LGBTI+ pertsonentzako bizitza hertsatuago non eta zergatik den. Honek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikekin batera, LGBTI+ politika publikoak eraikitzeko lehenengo urratsa emango liguke.

Beraz, diagnostikotik, LGBTI+ politika publikoak martxan jartzeko oinarriak ezarriko dira, Orozko LGBTI+ pertsonentzako (eta gainontzekoentzako, izan ere zisheteroarauak pertsona guztion gorputz, identitate, desira eta harremanak baldintzatzen baititu) herri bizigarriagoa izateko.

ETA GAINERA... 
>
Orozko realiza un diagnóstico del colectivo LGTBIQ+
S.M. | Deia, 2022-12-19

https://www.deia.eus/bizkaia/2022/12/29/orozko-realiza-diagnostico-colectivo-lgtbiq-6321235.html
>
El Ayuntamiento de Orozko pondrá en marcha un diagnóstico para conocer la realidad de la ciudadanía LGTBI+
Orozko Udala, 2024-02-06

https://www.orozkoudala.com/es-ES/Noticias/Paginas/20240206-en-marcha-diagnostico-realidad-ciudadania-lgtbi.aspx
>
Orozko analiza la realidad local del colectivo LGTBI+

Anima a vecinos de esta comunidad a participar y lanza una encuesta para toda la población
Susana Martín | Deia, 2024-02-09
https://www.deia.eus/bizkaia/2024/02/09/orozko-analiza-realidad-local-colectivo-7848934.html
>
Orozkoko LGTBI+ kolektiboko herritarren egoera ezagutzeko diagnostikoa abiatu du Udalak
Aitor Aspuru Saez | Aiaraldea, 2024-02-16

https://aiaraldea.eus/orozko/1708010866928-orozkoko-lgtbi-kolektiboko-herritarren-egoera-ezagutzeko-diagnostikoa-abiatu-du-udalak

sábado, 23 de marzo de 2024

#hemeroteka #lgtbi | "LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira; denontzat dira askatzaileak"

Joseba Gabilondo eta Garazi Beramendi //

"LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira; denontzat dira askatzaileak"

Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques arituko dira Bermeoko LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egiten. Diagnostikoa egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute.
Ane Maruri Aransolo | Busturialdeko Hitza, 2023-03-23
https://busturialdea.hitza.eus/2024/03/23/lgtbi-politika-publikoak-herri-guztiarentzako-politikak-dira-denontzat-dira-askatzaileak/

Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques arituko dira Bermeoko LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egiten. Diagnostikoa egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute.

Bermeo LGTBI+fobiarik bariko herri bizigarria eraikitzeko udal diagnostikoa egingo du udalak. Hain zuzen ere, Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques ariko dira diagnostikoa egiteko lanean. Jendarte eraldaketarako pentsamendu kritikoa sustatzea bilatuko dute, eta LGTBI+ komunitateko kideekin elkarrizketa sakonak egiteaz gain, kolektibotik kanpoko herritarren, eragileen eta elkarteekin batzea aurreikusi dute, talde eztabaidak egiteko.

Zergatik da garrantzitsua horrelako diagnostikoak egitea?
Joseba Gabilondo: Azken urteetan mugimendu feministak erakutsi digu estrukturalak diren bazterketa, indarkeria eta diskriminazio egoera asko ematen direla gure inguruan, eta LGTBI+ kolektibokoak gara horiek sufritzen ditugunetako batzuk. Beraz, uste dugu garrantzitsuak direla diagonistikoak, azterketa egiterakoan testuinguruari asko erreparatzen diogulako; kolektiboko pertsonei asko galdetzen diegu, baina baita gainontzeko herritarrei eta herrian ardura dutenei ere. Izan ere, uste dugu arazo estrukturak horiek aldatzea komunitatearen ardura dela, baina udalena, administrazioena edo boterean daudenena ere bai. Horregatik uste dugu udaletik horrelako diagnostikoak egiteak erraztu dezakeela LGTBI pertsonen bizitzak bizigarriagoak izatea, kontutan hartuta, gero, komunitate guztiaren esku dagoela hori ahalbidetzea.

Garazi Beramendi: Badirudi errealitate hori paper batean jartzea beharrezkoa dela komunitateko kideek bizi duten egoeraz konturatzeko, nahiz eta ez lukeen horrela izan behar. Baina zenbaki edo hitz konkretu horiek diagnostiko batean jartzeak balio du ikusteko herri honetan ere arazo horiek gertatzen direla.

Gero eta diagnostiko gehiago egiten dira?
G.B: Gero eta diagnostiko gehiago egiten ari gara, hori da noranzkoa. Baina ez dira asko.

J.G.: Euskal Herri mailan, diagnostikoa egin zuen lehenengo hiria Gasteiz izan zen, eta gero etorri dira herri txikiak: Orereta, Ordizia, Villabona, Orozko, Bermeo… Ematen du udalak badabiltzala euren herrien bizigarritasuna zabaltzen, baina aztertzeko geratzen diren erpin asko daude oraindik. Ze diagnostikoak egin ditzazkegu emakumeen eskubideei buruz, LGTB+ pertsonen inguruan, edo aztertzen zer gertatzen den arrazismoa jasotzen duten pertsonekin… Badaude hainbat gabezia herriak guztiontzako bizigarriak izateko. Baina, gure kasuan, badirudi LGTB pertsonengan badagoela nolabaiteko fokoa, eta poztekoa da. Hala ere, ezin dugu ahaztu badaudela beste errealitate batzuk eta gorputz batzuk zeintzuek ez daukaten horren bizitza bizigarria.

Diagonostikoa egin den herri horietan badago joera komunik?
G.B.: Herri bakoitza mundu bat da, desberdinak dira denak, baina ez dugu ahaztu behar zerbaiten parte garela, eta hori horrela den horretan, errepikatzen diren gauzak daude. Euskal Herria herri txikia da, eta biolentziak berdinak dira, oso antzekoak izaten dira, eta errelatoak ere bai. Badago antzekotasuna. Guri gustatzen zaigu herriaren berezitasuna kontuan hartzea, baia gero, osotasunean sartu behar dugu. Ea zer ematen digun Bermeo honek.

Udalari erraminta batzuk eman gura dizkiozue oinarri hori kontutan hartuta politika bizigarriagoak eraikitzeko?
J.G: Diagnostikoa bada udal politika publikoak garatzeko tresna bat. Gero, honek, ahalbidetu dezake, agian, herriko LGTB pertsonak artikulatzea, izan daiteke. Baina bueno, hori ere herriak berak edo LGTB pertsonek ikusiko dutela. Nik uste dut zerbait desiragarria dela, beti, egotea arlo zuzenean lan egingo duen kolektibo bat, norberaren izenean berba egiten duena, baina hori herriaren esku dago.

Elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak egingo dituzue orain, Bermeon. Zer bilatzen duzue metodo bakoitzagaz?
G.B.: Asmoa da, batez ere, LGBT pertsonekin elkarrizketa sakonak lortzea, horrek ematen digulako nolabaiteko espazio seguru txiki bat gaia sakontasunean lantzeko, eta hor ere talde eztabaidak lortzea interesgarria izango litzateke. Ze oso inforazio desberdina jasotzen da metodo desberdin horien bitartez. Herritarrentzako, aldiz, galdetegiak jarriko ditugu, eta udal ordezkari zein eragile ezberdinekin herrian egon daitezkeen talde eztabaidak egitea bilatu gura dugu.

J.G.: Talde eztabaidetarako, berriz, garrantzitsua da talde, elkarte eta eragileen inplikazioa egotea, komunitate seguru eta bizigarria sortzeko denen ekarpena ezinbestekoa delako.

Talde eztabaidetarako beharrezkoa da herri inplikazioa, ezta?
G.B.: Bai, zenbat eta inplikazio handiagoa lortu, orduan eta diagnostiko osatuago bat egingo dugu. Bermeon perfil ezberdinetako pertsonak bizi dira, eta ahalik eta jende gehiagorengana iritsi, orduan eta informazio aberasgarriagoa lortuko dugu, gero, eraiki ahalko diren politika horietan isladatzeko.

J.G.: LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira. Gure gorputzak, gure identitatea, gure generoa, gure sexualitatea kartzelan sartzen duen arauak ez gaitu guri bakarrik kartzelaratzen, gainontzeko herritarrak ere kartzelan sartzen ditu. Gu gara arau hori apurtzen dugunak, bai, baina herritarrak ere kartzela barruan daude. Hala, zisheteroarauari buruz edo sexu aniztasunari buruz beste eragileekin lan eginda, horri buruz herrian ze jakintza dagoen aztertu gura dugu, jakin ze jarrera hartzen diren horiekiko, ze harreman eraikitzen diren eta nola egiten dieten aurre. Beraz, nik uste dut garrantzitsua dela esatea politika hauek denontzat direla askatzaileak.

Udal ordezkariek Bermeon gertatzen den sexilioa aipatu dute. Diotenez, badaude herria uzten duten LGTBI+ komunitateko kideak, onarpen handiagoa jasoten duten lekuen bila doazenak. Nabarmenagoa da sexilioa herri txikietan?

J.G: Zabalduago dago herri txikiak LGTBI+foboagoak direnaren ideia, baina ez dugu uste hori horrela denik, edo behintzat, guri gure esperientziak ez digu hori esaten. Ez hiriak baino gehiago direnik. Herria komunitate txikiagoa den heinean, baliteke komunitateko kideek presio gehiago jasotzea, baina, aldi berean, babes gehiago ere jaso dezake. Esango nuke kolektiboko kideengan herri txikietara bueltatzearen joera ere existitzen dela. Euskal Herri mailan, lehen, sexu askapenerako militantzia edo LGTBI+ militantzia hiri handietan ematen zen, baina gaur egun, gero eta kolektibo gehiago daude herri txikietan: Lekeition, Ordizian, Gorbeialdean… Badabiltza taldeak sortzen, eta badirudi zerbait aldatzen ari dela.

G.B: Gerta daiteke hiri handi batera joatea edo norbere herrian espazio seguru bat lortzea, zeinetan zure bizitza garatzeko leku segurua eraikitzen duzun. Egin ditugun hausnarketa, ikerketa eta diagnostiko gehienetan sexilioa aipatzen da, baina bi noranzko horiek ditu.

jueves, 28 de junio de 2018

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | E28: Gorputz subertsiboak vs. asimilazioa

Irudia: Alea / Sejo Carrascosa, Andu Martinez eta Garazi Beramendi
E28: Gorputz subertsiboak vs. asimilazioa.
Jon Altza | Alea, 2018-06-28

https://alea.eus/araba/1530172288723-e28-gorputz-subertsiboak-vsd

Ekainaren 28a sexu-askapenaren nazioarteko eguna dela-eta, Gasteizko LGTB mugimenduko adin ezberdinetako hiru kide elkartu ditugu solasaldian: Sejo Carrascosa, Garazi Beramendi eta Andu Martinez. Gehiago izan zitezkeen, beste batzuk beharbada, kontuak faltan agian bai, baina soberan ez daudelakoan.

2019an beteko dira 50 urte Stonewall Inn tabernako istiluetatik: New Yorkeko taberna hartan biltzen ziren lesbiana, gay eta transexualek Poliziaren etengabeko jazarpenari planto egin eta antolatzen hasi ziren euren eskubideen alde. Gertakari haiek jotzen dira egungo sexu-askapen mugimenduaren aurrekaritzat. New Yorken gertatu zen, baina beste edozein tokitan ere izan zitekeen, baita Gasteizen ere, esaterako.

Stonewall-eko istiluak baino hamar urte lehenago jaio zen Sejo Carrascosa Madrilen, eta bertan hasi zuen LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko militantzia, La Radikal Gai izeneko talde mitikoan. Orain dela 25 urte Gasteiza etorri zenean, COGAL izeneko taldean sartu zen, gerora Gaytasuna izango zena. "Borrokatzeko gogoz" iritsi zen. GIBaren inguruko borroka eta bisibilitatea ziren garai hartan lehentasunak, jendearen arteko elkar ezagutzarekin batera: "Gure helburua ez zen asistentzialista, baina jendeak hori behar zuen, eta horretan ere aritzen ginen". Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldean dabil egun Carrascosa.

Gaytasuna izena "ezaguna" egiten zaio Garazi Beramendiri, baina oso urrutikoa. Eta ez da harritzekoa, izan ere 1993an jaio zen gasteiztarra. Andu Martinez, aldiz, 1998an jaiotakoa da eta Gaytasuna taldea ezaguna ere ez zaio egiten. Beramendik talde batean baino gehiagotan militatu du, ez baitzaio gustatzen etiketa bakarrean kokatzea. Martinezen hitzetan, ez da egon Gasteizen gazteentzat ´erreferentzia sendoaª izan den talderik azken urteetan. Hala ere, biak dabiltza E28ko koordinadoran.

Hirurek adierazi dute etiketekiko zalantza handiak dituztela, izan ere gorputzak adina etiketa egon daitezke, eta identitate guztiak gurutzatzen dira gorputz bakoitzean. Carrascosaren hitzetan, "heteronormaren aurka borrokatzea da garrantzitsuena", arau heterosexual nagusiaren aurka, alegia. LGTB siglei buruz, sistemak berak ezarritako terminotzat dute, normaltasunean sartzeko saiakeratzat. Horien bitartez, kolektiboa asimilatzeko modua ikusten du Martinezek, "pinkwashing eta kapitalismo arrosari esker". Areago joan da Carrascosa: "Etiketa pila bat soberan daude, kontzesio bat dira".

Beramendik kolektiboaren bi irudi daudela esan du: alde batetik, "molestatzen duten pertsonak" eta, bestetik, erakundeek LGTB kolektiboaz saldu nahi duten irudia. Alegia, jendarte eta erakunde mailan nolabaiteko talde erosoa osatzeko saiakera hori, onen eta gaiztoen arteko dikotomia. Sejo Carrascosak argi du: eskolan ezarri zioten lehen etiketa, norbaitek "maritxu!" oihukatu zionean.

Asimilazioa edo subertsioa
Eskubideen aldeko borrokaren lorpen nagusitzat jo zen 2005ean sexu bereko pertsonen arteko ezkontza Espainiako legerian sartu izana. Lorpen handia izanda ere, kolektiboaren borroka desaktibatzeko mekanismo gisa ere jo izan da. "Kanon heterosexualak eta botere harremanak errepikatzeko" modua ikusten du Andu Martinezek.

Jendarte-eraldaketa oso batean sinesten dute hirurek, erakundeek aitortutako eskubideetatik harago. Migranteen auzia aipatu dute adibide gisa: eskubideak aitortu eta "erreformismo hutsean erori" baino, sistemaren aldaketa osoa beharrezkotzat jotzen dute arlo horretan ere.

Kolektiboak garai bateko izaera subertsiboa berreskuratu behar duela adierazi dute, eta aitortu dute erakundeek "emandako" eskubideak nolabaiteko delegazionismoa sortu dutela, hau da, dena erakundeek egingo dutelako irudipena. "Asimilazioa" eta "subertsibitatea" izan dira solasaldiko hitz errepikatuenak, txanpon beraren bi aldeak izango balira bezala.

Intersekzionalitatea, heteronorma, pinkwashinga... terminologia horren zurrunbiloan galtzeko arriskuaz ohartuta, horiek jendarteratzeko moduez galdetu diegu. Aitortu dute ez dela erraza horiek ulertaraztea, denetariko jendearekin egin dutelako topo, oso irekiak direnekin eta saiakera egitea merezi ere ez dutenekin.

Egiturazko biolentzia

Joan den maiatzaren 17ko homolesbotransfobiaren egunean aurkeztu zuen Lumagorri taldeak Gasteizko Sexu-orientazio eta genero-identitateekiko gorroto-delituen lehen txostena. Urtebeteko epean, 15 erasoren berri jaso zuten Transbollomarika Sarearen telefonoan.

Zentzu horretan, Garazi Beramendik nabarmendu du eraso-modu tradizionalek bere horretan jarraitzen dutela, arestian aipaturiko "marika!" hori belaunaldi guztietan errepikatzen da, baina sare sozialen bitartez egindakoak gehitu behar zaizkiela gaur egun. Andu Martinezen hitzetan, garrantzitsuena da onartzea LGTB kolektiboak "egiturazko biolentzia" pairatzen duela.

Espazio askeei dagokienez, gero eta zabalduago daudela uste dute, baina nahiago dituzte espazio mistoak, "anbienteko" taberna tradizionalak baino, izan ere horrek "apurtzeko" aukera ematen du: norbera den moduan izatea aldarrikatzen dute, edozein dela aurrean dagoena. Hala ere, ezkerrekotzat jotako aisialdi-eremuetan ere egiteko asko dagoela onartu dute.

Kaleak gureak dira

Carrascosa Gasteiza iritsi zenean, ekainaren 28ko manifestazioetara 28 bat lagun joaten zirela aitortu du eta, horietatik, hogei heteroak zirela, babesa ematera joandako lagunak, alegia. Gainerakoak "betiko zortziak ziren", bere hitzetan. Gaur egun, E28ko koordinadoran askoz jende gehiago dabilela diote gazteenek, baina aniztasuna falta dela aitortzen dute.

Urtero bezala kalera irtengo dira ekainaren 28ko sexu-askapenaren nazioarteko egunean, euren eskubideak aldarrikatzera ez ezik, jendarte-eraldaketa integrala exijitzera: gorputz anitz eta subertsiboen aldeko manifestazioa egingo dute 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, eta Gaztetxean elkartuko dira ondorengo jaian, aldarrikapena eta gozamena ez direlako kontrajarriak.