Mostrando entradas con la etiqueta Legorreta. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Legorreta. Mostrar todas las entradas

sábado, 18 de junio de 2022

#hemeroteka #lgtbi #politika | Herri txiki, «armairu handi»

Berria / Ibai Fresnedo eta Zuriñe Rodriguez //

Herri txiki, «armairu handi».

LGTBI herritarren errealitateari buruzko diagnostikoa ondu dute Legorretan, herria bizigarri egiteko. Borondate politiko eta ekonomikoa eskatu diete instituzioei.
Oihane Puertas Ramirez | Berria, 2022-06-18
https://www.berria.eus/paperekoa/1871/006/001/2022-06-18/herri-txiki-armairu-handi.htm 

«Euskal Herrian esamolde oso famatua da ‘herri txiki, infernu handi’, eta hori horrela da: herri txikiak infernu handiak dira LGTBI komunitatearentzat», adierazi du Zuriñe Rodriguez Sudergintza kooperatibako kideak. Infernu horrek, gainera, «itotze» sentsazioa sortzen duela ohartarazi du, eta horren ondorioz askok sentitzen dutela euren herria ez dela segurua: «Herri txikiak normalean armairu handiak dira. Eta Legorretan hori ikusi dugu».

‘Bizigarri’ LGTBI herritarren errealitateari buruzko diagnostikoa ondu dute Legorretan (Gipuzkoa), eta atzo arratsaldean aurkeztu zuten, herri «bizigarriago» bat sortzeko asmoz. Legorretako Udalak sustatu du proiektua, Sudergintza eta Hiruki Larroxa kooperatibek ondu, eta Emakundek diruz lagundu.

Rodriguezen ustez, Legorretako diagnostikoa «aitzindaria» da, baita beharrezkoa ere. Azaldu duenez, orokorrean herrietako LGTBI politika publikoak hirietako diagnostikoak oinarri hartuta egiten dira: «Hirietan dauden beharrak eta hirietan egiten diren politika publikoak herrietara estrapolatzen dira». Azterlan horrekin, ordea, aukera egongo da herriarentzat propio sortutako LGTBI politikak egiteko. Izan ere, herriko arazoak identifikatzearekin batera, horiei aurre egiteko neurriak proposatu dituzte.

Rodriguezen arabera, diagnostikoan ateratakoa beste herri txiki batzuetara estrapola daiteke, «nahiz eta tokian tokiko egoerak izango dituzten». Ibai Fresnedo Hiruki Larroxa kooperatibako kideak adierazi du herri txikietan ikusgaitasuna berezkoa dela, eta horrekin lotuta doazela etiketak. Horrela, herri txikietan nork bere burua plazaratzen badu, «badaki etiketa horrek indarkeria fisiko edo sinbolikoak aktibatuko dituela», hala nola begiradak, seinalatzeak edo txutxu-mutxuak.

Hala ere, herriek eskaintzen dute komunitate «identifikatuago» bat egotea, eta, Fresnedoren ustez, horrek baldintzak sortzen ditu «intentsitate oso handiko indarkeria batzuk» ez gertatzeko.

Legorretako LGTBI komunitatearen argazkia egiteko orduan intersekzionalitatea «ezinbestekoa» izan dela nabarmendu dute: «Saiatu gara ahalik eta pluralena izaten, jakinda diagnostiko horretan ez dagoela bermatuta aniztasuna». Horren harira, Rodriguezek ohartarazi du elkarrizketatuek anonimotasunari eusteko eskatu dietela: «Horrek erakusten digu LGTBI komunitateak hitz egiteko segurtasun falta handia duela oraindik ere. Hori, niretzat, emaitza bat da».

Fresnedo eta Rodriguezen ustez, gaur egungo egoera aldatzen hasteko, udala aisialdian eta espazio publikoaren erabileran eraldatzen has daiteke. Ondorioztatu dutenez, Legorretan, oro har, espazio publiko heteronormatiboa nabarmentzen da. «Horrek modu sinboliko batean esaten diguna da herri hori heteroentzako herria dela», adierazi du Rodriguezek.

Fresnedoren arabera, heteroarau hori da, hain zuzen, sexilioa eragiten duena: «Ez da pertsonak hartzen duen erabaki bat. Nolabait, herriko idiosinkrasiak berak eta heteroarauak eragin duten pentsamendu bat, gogo bat da, eta, ondorioz, sexilioa gertatzen da». Rodriguezek zera nabarmendu du: «Jendeari existitzea ukatzen diozunean, jende hori ez da desagertzen. Mugitu behar badu, mugituko da».

Fresnedoren arabera, egoera aldatzeko erronka nagusietakoak instituzioekin du zerikusia, hau da, «borondate estetikoez harago joan, eta borondate politiko eta borondate ekonomikoetan zentratzea». Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzeaz gain aldaketa materialak egiteko eskatu du Fresnedok: «Bizigarritasunaz ari garenean, baldintza materialak behar ditugu».

#hemeroteka #lgtbi #politika | Zelai Amenabarro. Legorretako alkatea: «Udalerri osoa inplikatuta, neurrien eragina askoz hobea izango da»

Berria / Zelai Amenabarro, Legorretako alkatea //

Zelai Amenabarro. Legorretako alkatea: «Udalerri osoa inplikatuta, neurrien eragina askoz hobea izango da»

Oihane Puertas Ramirez | Berria, 2022-06-18

https://www.berria.eus/paperekoa/1910/006/001/2022-06-18/udalerri-osoa-inplikatuta-neurrien-eragina-askoz-hobea-izango-da.htm 

Legorreta (Gipuzkoa) 1.485 biztanle inguruko herria da, eta han egin dute lehenengoz herri txiki bateko LGTBI herritarren errealitateari buruzko diagnostikoa. Zelai Amenabarro (Legorreta, 1985) herriko alkatearen arabera, «garrantzi handia» du horrek, komunitatearen egoera agendara eraman eta «erdigunean» jarri behar delako, besteak beste. Nabarmendu du herri osoak inplikatu behar duela hori lortzeko.

Zer dela eta piztu zen diagnostikoa egiteko kezka?
Orain arte, ekainaren 28aren bueltan adierazpen bat onartzen genuen, eta, urte osoan, ekintza bat egiten genuen LGTBI komunitateari begira. Oso puntuala izaten zen.

Ikusten genuen urtez urte ahoa betetzen zitzaigula hitz politekin, baina gero benetan urte osoan ez geniola behar besteko garrantzia ematen. 2020an beste pauso bat ematea erabaki genuen: urte horretako adierazpenean berretsi genuen urte osoan LGTBI pertsonen inguruan lan egiteko konpromiso politikoa. Hori izan zen diagnostikoaren abiapuntua, eta bi helburu izan ditu: herriko argazki bat edukitzea eta honen ondoren neurri jakin batzuk abian jartzea.

Herri moduan, zer konpromiso bildu dituzue?
Gaika, neurri jakin batzuk proposatu ditugu, pixkanaka landuz joango garenak. Azpimarratuko nuke udalerri osoak inplikatu beharko lukeela jardun honetan, eta diagnostiko hau ez dela LGTBI komunitatearentzat bakarrik, herri osoarentzat da. Lan tresna bat izatea nahiko genuke. Udalerri osoa inplikatuta, hartuko ditugun neurrien eragina askoz hobea izango da.

Nola aplika daiteke herriko erakundeetan?
Kasuan-kasuan ikusi beharko genuke. Adibidez, guraso eskola bat daukagu, urte osoan martxan daukaguna. Haren gai zerrendan LGTBI komunitateari toki bat egitea izan daiteke neurrietako bat. Pixkanaka horrelako neurriak hartuz joango ginateke herriko eragileekin.

Zein da erronkarik handiena?
Datu adierazgarri bat agertu da, niri atentzio handia eman didana eta asko poztu nauena. Gaur egun, gazteek ez dute beren burua herritik kanpo irudikatzen; beren proiektua Legorretan bertan dagoela sentitzen dute. Niretzat, horri erantzutea erronka bat da, baita erantzukizun handi bat ere. Alegia, gazteek hori sentitzen badute, nire ustez oraintxe da garaia horretarako politika estrategikoak martxan jartzeko. Orain, zera egin behar dugu: egituratu neurri hauek denak nola abiaraziko ditugun. Mapa hori osatu beharko dugu, diagnostikoan atera diren neurriei erantzuten hasteko irailetik aurrera.