Mostrando entradas con la etiqueta H-Topatu. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta H-Topatu. Mostrar todas las entradas

sábado, 25 de julio de 2015

#hemeroteka #sexismoa | Azken astean salatutako eraso sexistak gaitzetsi dituzte hainbat herritan

Irudia: Topatu / Zumaia, 2015-07-24
Azken astean salatutako eraso sexistak gaitzetsi dituzte hainbat herritan
Topatu, 2015-07-25
http://topatu.info/azken-astean-salatutako-eraso-sexistak-gaitzetsi-dituzte-hainbat-herritan/

Udako festak hastearekin batera, eraso sexisten salaketek gora egin dute. Azken astean bost herritan mobilizatu behar izan dira: Pasaian, Zumaian, Ordizian, Sestaon eta Portugaleten. Horiek publiko egin direnak besterik ez dira, eta eraso guztiak ez dira jai giroan izan.

Ordizia
Bi eraso sexista salatu dituzte Ordiziako festetako lehen asteburuan. “Bi eraso izan dira salatuak, baina sobera dakigu gehiago izan direla”, adierazi du mobilizatzera deitu duen herritar taldeak. Azpimarratu dute erasotzaileak ez zeudela bakarrik: “Beraien lagunak, egoeraren aurrean ezer egin ez eta gainera barre egiten zutenak, konplize dira”. Bi kasuetan emakumeek aurre egin diote erasotzaileei, eta salaketa jarri.

Erasoak gaitzesteko, ehunka herritar bildu da festen bigarren asteburuko txupinazoaren atarian.

Portugalete eta Sestao
Gizon bat neska bati jazarri zitzaion larunbatean Portugaleten. Emakumeak defendatu eta ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun, goizaldean, eta uste dute igandean herri berean izandako beste eraso sexista batekin ere lotuta egon litekeela. Herritar andana bildu da erasoa gaitzesteko elkarretaratzean.

Sestaon, berriz, gizonezko bat atxilotu dute bikotea jipoitzea leporatuta.

Zumaia
Zumaiako asanblada feministak eta Berdintasun Foroak jakinarazi dute azken hilabeteetan indarkeria sexistarekin lotutako hainbat salaketa jarri dela herrian. 80 urteko gizon batek hainbat adingabekori ukituak egin dizkiela salatu dute, eta lekuko baten testigantzari esker lortu dute gertakarien berri izatea. Baleike.eus agerkarian adingabeko neska baten amak kontatutakoa jaso dute.

Pasaia
Trintxerpeko (Pasaia) jaietan ere hiru eraso sexista salatu dituzte: gizonezko batek hiru emakume adingabekori egin zien eraso iragan ostiralean. Ustezko erasotzailea atxilotu dute, eta herritar andana mobilizatu da gertaera salatzeko.

martes, 17 de marzo de 2015

#hemeroteka #dantza | Euskal dantza talde queer bat sortzeko proposamena luzatu dute


Euskal dantza talde queer bat sortzeko proposamena luzatu dute
“Zer egin dezaket nire sinismen eta aldarrikapen politikoek euskal dantza tradizionaletan hain errotuta dauden ohitura eta adierazpen heteronormatiboekin talka egiten dutenean?”. Galdera horretatik abiatuta, kultura eta tradizioa zalantzan jari eta beste dantza eredu bat eraikitzeko nahia azaldu du Ibai Fresnedo Kitzikaneko kideak, talde bat sortzea proposatuz.

Dantzari kitzikatzaile baten gogoeta pertsonala eta politikoa
Ibai Fresnedo · Kitzikaneko kidea | Topatu, 2015-02-17

http://topatu.info/euskal-dantza-talde-queer-bat-sortzeko-proposamena-luzatu-dute/

10 urte nituenean euskal dantzak ikasten hasi nintzen, eta urteak eta urteak erortzen eta jaikitzen eman arren, gaur egun, dantza, nire bizitzako zutabe garrantzitsu bat bilakatu dela esango nuke. Eta ikasketa prozesua ez da inoiz eteten (zorionez!).

Egia esan, arte disziplina honetan gustora nago; nire gorputz propioaren mugak eta gaitasunak aztertzera animatzen nauelako, emozio eta energien fluxutasuna dakarrelako eta nire erraietako musikalitatea nolabait gorpuzten laguntzen didalako… Arima/gorputza dikotomiari “burua” gehituz, alegia.

Ondo da, eta orduan, non daukat nik arazoa (arazoa deitu behar badiogu ere)?!! Ba sinplea da!!

Orain arte dantzan sortu ditudan errealitateak ez datoz bat nire bazterretako identitatearekin. Ondorioz, askotan (gehienetan) faltsukeri deserosoetan erortzen naiz eta are gehiago, askotan (gehienetan) nire identitateari eta sinismen politikoei uko egiten diet. Zelan da posible horrela nire bizitzako zutabe garrantzitsu bat garatzea? Koherentzia falta itzela, ezta?

Zer egin dezaket nire sinismen eta aldarrikapen politikoek euskal dantza tradizionaletan hain errotuta dauden ohitura eta adierazpen heteronormatiboekin talka egiten dutenean? Posible da beste errealitate bat eraikitzea?

Azken asteotan bi dantza ikuskizunetara joan naiz eta, ikusle gisa eta antzokiko butaka (des)eroso horietatik, koreografia eta eszenografia guztien baitan jazotzen zena aztertzen egon naiz.

Mutilak nesken gonak altxatzen ikusi nituen, nesken paper melankolikoa, mutilen espiritu gerlari eta lehiakorra, desira eta erotika heterosexualaren espresio/birprodukzio etengabea, janzkera eta elementu/irudi sinboliko sexistak, mutilen bular biluziak edonon baina neskak kipula baten modura estaliak…

Horregatik guztiagatik, galdera asko etorri zitzaizkidan burura (nahiz eta jakin orain dela asko daudela hor, azaleratu nahian):

_ Zergatik ez sortu Euskal Herrian horrekin guztiarekin apurtzeko prest dagoen dantza talde bat?
_ Zergatik ezin dugu gure kultura zalantzan jarri?
_ Nork eragotzi behar digu gure sorkuntza prozesu propioak sortzea?
_ Estatu transfeminista baten bidean, horrelako egitasmoek lekua izango lukete?
_ Euskal dantzak eta bakarrizketa politikoak uztartzea polita izango litzateke?
_ Posible litzateke banango edo zortziko bat dantzatzea drag king talde batez osatua? Eta polka baten bikote marika bat izatea zeinek aktibo/pasibo-subjektu/objektu dikotomiak hausten dituena?

Tira, hauxe da nire gogoeta xumea, nire sakontasunetik atera den ideia parafilikoa, euskal kultura sabinista profanatzera etorri dena… Eta argi dago, batzuk dioten bezala, hau ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina badakit egingarria dela, eta horren itxaropena dut.

Jakin badakit ere, flipatzea, amestea eta gauzak beste modu batzuetan irudikatzea doakoa dela. Baina, horrelakoetan, laguntzarik ez badugu jasotzen, azkenean oso garestia eta neketsua da!

Hala ere, gogoratu ideia hau nirea izatetik zuena (gurea) izatera pasa dela. Zuek zaretelako nire konfidente folklorikoak.

Dantza hain pertsonala den heinean politikoa ere badelako!

domingo, 1 de febrero de 2015

#hemeroteka #sexuaskapena | Kitzikan sortu dute, sexu askapenaren alde borroka egingo duen gazte antolakunde iraultzailea

Irudia: Topatu
Kitzikan sortu dute, sexu askapenaren alde borroka egingo duen gazte antolakunde iraultzailea
Topatu, 2015-02-01

http://topatu.info/kitzikan-sortu-dute-sexu-askapenaren-alde-borroka-egingo-duen-gazte-antolakundea/

Bi urtez eratze prozesuan murgilduta egon ostean, hausnarketa eta eztabaidetatik ekintzetara jauzi egiteko sortu dute Kitzikan. Mezu argi bat zabaldu dute Bergarako gaztetxean egindako aurkezpenean: “Kaleko indarrean sinesten dugu, kalean aurkituko gaituzue, kalea baikara”.

Bartzelonako Post-Op kolektiboaren hitzaldi batek ireki du ospakizuna. Generoaz eta post-pornoaz ikertzen duen taldea da, eta esku artean duten proiektu baten berri eman dute: “Pornortopedia“, dibertsitate funtzionala duten gorputzen gozamena helburu duen egitasmoa. “Kontua ez da post-pornoak zer egin lezakeen dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako, baizik eta haiek egin ahal dioten ekarpena post-pornoari”, azaldu dute. Premisa batetik abiatzen dira: “Ezin dugu politika queer eta feministen hitz egiten jarraitu, kontuan hartu gabe gorputz desberdinak eta horiek ematen dizkiguten aukerak”. Bide horretan, mugikortasun eta gorputza sentitzeko modu anitzak kontuan hartuko dituzten jostailuak, protesiak eta ortopedia diseinatzen dituzte.

Hitzaldiaren ondotik iritsi da gazte antolakunde berriaren aurkezpena. Kartzela Zaharra leporaino beteta eta jendea ikusminez. Umorez gidatu dute ekitaldia bi klownek, publikoa norbere buruaz eta kontraesanez barre egitera bideratuz.

1969an New Yorkeko Stonwell tabernan izandako istiluak ekarri dituzte gogora ekitaldia hastearekin bat, gertaera hori baita ekainaren 28ko nazioarteko aldarrikapen egunaren jatorria. Polizia, ohi bezala, tabernan sartu eta bertan zeuden maritxu, lesbiana, transexual eta trabestiak identifikatzen, sailkatzen eta atxilotzen hasi zen. Egun horretan, baina, Poliziaren aurka altxatu ziren 600 lagun inguru, eta istiluak jazo ziren auzo guztian zehar. Gertaera hori marketingera eta kontsumo produktu batera bideratu zuten eta dutenen aurka egin dute ekitaldian: “Gu ez gara alde horretan egongo, ez gara kapitalismoaren tranpan jausiko”.

Hain zuzen ere kapitalismoaren aurka egin eta gorputz, praktika eta herri askeak eraikitzeko, ezinbestekotzat jo dute elkarlanean aritzea eta aliantzak eraikitzea: “Ez gara lehenak izan, ezta izango ere, sustraiak iraultzeko borrokan, eta bidelagunak behar ditugu borroka honetan”. Elkarlan horretarako prest agertu dira Bilgune Feminista, Ernai, LAB sindikatua eta Medeak taldea.

LABeko kide batek azaldu du heteroaraua deseraikitze bidean prozesu feminista bat gauzatzen ari direla lantokietan, bitartekoak eta espazioak eskaintzen. Halere, oraindik egiteko asko dutela nabarmendu du: “Hasi gara gauzak aldatzen, baina zuen beharra dugu lantokiak ere askatzeko”. Bilgune Feministako kide batek hartu du hitza jarraian, eta sexualitatea eta plazera bizitzaren erdigunean jarri eta dimentsio politikoa eman behar zaiela ohartarazi du. Medeakekoek ere gorputzari egin diote erreferentzia, besteak beste: “Gorputza borrokarako arma bat da, eta bizitzaren erdigunean jarri behar dugu”. Amaitzeko, gorputzen, bizitzen eta herrien burujabetza lortze bidean feminismoak jokatzen duen ezinbesteko paperaz mintzatu da Ernai: “Gure helburua zernahi izatea da, baina beti feminismotik abiatuta”.

“Mugimendu ezkertiar eta abertzaleen arteko aliantzak ezinbestekoak dira benetako hausturak emateko”, errepikatu dute, eta gogoan izan dituzte mugimendu horietan parte hartzeagatik preso dauden euskal herritarrak: “Gurekin nahi ditugu kalean, borrokan”.

Bidelagunak alboan, antolakundearen izena eta izana lau haizetara zabaltzeko momentua iritsi da. Kitzikan, kitzikatuz eraikitzen dutelako askatasuna, askatasuna eraikitzen dutelako Kitzikan. Gauetik, kale kantoi ilunetatik, ertz zikin eta beltzetatik jaio, tranpa guztiez jabetu eta irainak itzultzen ikasi dutela azaldu dute. “Behartu gaituzte beste mundu batean bizitzera, beste unibertso batean nahi ez duguna izatera”, salatu dute, “Baina biktima izendatu nahi izan bagaituzte ere, bihurtu gara subjektu aktibo”.

Jendartea gorputz, sexualitate eta identitateen kontroletik askatzea izango du helburu Kitzikanek, antolakuntzaz jendarte osoaren askapen prozesu bat bultzatzea: “Jende askok pentsatzen du gay eta lesbianen mugimendua dela, baina ez da horrela. Sexua duen pertsona oro bildu nahi dugu, jendartea askatu”.

Kalea izango da Kitzikanen joko zelaia: “Kalean dugu etorkizuna, kalea da gure iragana, gure oraina. Kalea gara. Kalean nahi ditugu kandelak sutu, eta kandelak sute bihurtu, kaleko izakiak nahi ditugu piztu, zirikatu”. Eta jokoaren inposatutako arauak “alutik” sartuko dituztela ohartarazi dute, “berdintasun faltsuaren” ideia gaitzetsiz.

“Altxatu gara espetxeetan, estatuen arteko mugetan. Esnatu gara zubi azpian, auzoetako taberna eta gaztetxeetan, eta leku horietan guztietan dastatu dugu laguntasuna, konpromisoa, elkarlana”. Gaur arte bizi eta ikasitako guztia hartu eta bide berriari ekingo dio, beraz, Kitzikanek, hetero-patriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta garatzea helburu.

Antolakunde nazional bat izango den arren, eskualdeetatik hasita sustraitu nahi dute mugimendua, eta “behetik gora” antolatuko dira, herrietako taldeek hartuz protagonismoa.

ESTEKAK
Webgunea | Kitzikan
http://kitzikan.eus/ 
>
IKUSENTZUNEZKOAK
Kitzikan
Vimeo, 2015-02-01

http://vimeo.com/118409816
Kitzikan sexu askapenerako gazte antolakundearen aurkezpena
Topatu | YouTube, 2015-02-01

http://youtu.be/fLPoxmxtkmo