Mostrando entradas con la etiqueta Kuirartxibobizia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Kuirartxibobizia. Mostrar todas las entradas

domingo, 13 de abril de 2025

#hemeroteka #lgtbi #memoria | 'Kuir'

#Kuiratxibobizia, Julen Zabala Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboan kokatzen //

'Kuir'

Arantza Gutierrez Paz | Berria, 2025-04-13

https://www.berria.eus/komunikazioa/analisia-komunikazioa/kuir_2140265_102.html

Ez dakit algoritmoaren kontua den edo, besterik gabe, kasualitatea, baina zoriak ekarri zidan Errenteriako Zintzilik irratiko ‘#Kuirartxiboa’ saioa, utzi ala ez utzi nabilen sare sozial batean. 18. atala zen bat-batean agertu zitzaidana, non bertako Ereintza dantza taldeko Ziortzak eta Maddik euskal dantzaren eta generoaren inguruko hausnarketa interesgarria egiten duten, baita historian izan den rol aldaketaz ere, zentzu batean emakumeen parte hartzearen hazkundearekin eta gizonezkoenen jaitsierarekin batera gertatu dena. Leku segurutzat jotzen dute taldea, non bakoitza modu askean bere izaeraren arabera onartzen den, eta elkarren zaintza bultzatzen duten.

Apirilean argituriko azkena entzun eta gero, 2023ko abendutik, hau da, sortu zenetik gaur egun arte eskainitako ataletan murgildu nintzen, egileek dioten moduan «Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboan barrena bidaiatzeko» gonbita onartuz eta haiekin ‘okertzeko’ prest. Elkarrizketa edo solasaldiaren bidez, hainbat gai jorratzen dituzte irratsaioz irratsaio (herri borrokak, euskara, feminismoa, kultura, trans mugimendua) betiere kuir begirada batetik, eta tokian tokiko protagonistekin, iragana eta orainaldia aztertuz.

Ez nau harritu LGTBI+ begirada duen saio hori Zintzilik-en entzuteak, oso lotuta egon baitira beti disidentziak eta irrati libreak, beti eskaini baitiete bozgorailu bat, ‘mainstream’ diren medioetan nekez aurkitzen dena. Ustekabean harrapatu nau, berriz, saioaren sorreraren atzean ikerketa beka bat dagoela jakiteak. Izan ere, gidoian eta mikrofonoetan dauden Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileek Oarsoaldeko LGTBI+ kolektiboaren memoria aztertzeko egitasmo zabal baten barruan sortu zuten irratsaioa, ikerketaren barruan jasotako informazioa herritarrei ezagutzera emateko gogoz. Egitasmoa osatzen dute webguneak, sare sozialetako soslaiak eta herritarren testigantzak jasotzeko mapa interaktiboak.

Ez da ohikoa ikerketa batek irratsaio baten itxura hartzea, baina argi dago dibulgazio tresna egokia izan daitekeela formatu akademiko estuegietatik haratago. UEU, EHU edota NUPek podcasta zabalpen zientifikorako euskarri moduan erabili badute ere, oraingo honetan hurbileko irratia aukeratu izanak agerian uzten du herritik sorturiko jakintza herriari ‘itzultzeko’ asmoa, memoria kolektiboaren gordailu izan dadin. Eta esango nuke hori ere nahiko ‘kuir’-a dela.

miércoles, 4 de diciembre de 2024

#baliabideak #monografikoak #lgtbi #memoria | #Kuirartxibobizia : Orereta-Errenteriako lgtbi+ memoria atontzen: “betirako dantzan gure lumatzan”

#Kuirartxibobizia : Orereta-Errenteriako lgtbi+ memoria atontzen: “betirako dantzan gure lumatzan” / Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernández Trigo, Aitor Narbarte Álvarez.

Errenteria: Errenteriako Udala,, 2024 [12-04].
Bilduma ; 32 / ISSN 0214-624X
XVI. Koldo Mitxelena Ikerketa Beka (2022)

/ EUS / Monográficos / ENS / Activismo / Errenteria / LGTBI+ / Memoria histórica / Testimonios

🔓 Ed. digital: Open Access / Errenteriako Udala
https://static.errenteria.eus/web/eu/herria/artxiboa/Bilduma/Bilduma_32_2024/BILDUMA_32.pdf
📝 Cita APA-7: Diez Guiral, Uxue, Azabal Gallego, Maite, Fernández Trigo, Ane, Narbarte Álvarez, Aitor (2024). #Kuirartxibobizia : Orereta-Errenteriako lgtbi+ memoria atontzen: “betirako dantzan gure lumatzan”. Bilduma, 32. 

2022ko Koldo Mitxelena XVI. ikerketa bekaren deialdi honetan, Orereta-Errenteria zein Oarsoaldeko eskualdearen LGTBI+ memoria kolektiboa aztertu nahi da #Kuirartxibobizia proiektuaren bidez. Ikerketaren xede nagusi da, beraz, etengabeko eraldaketan dagoen Orereta-Errenteria eta Oarsoaldeko LGTBI+ komunitatearen memoria kolektibo bizia bildu eta horretan sakontzea. Kolektiboa osatzen duten pertsonak erdigunean jarri dira euren istorioak gizarte osoan zehar zabaltzeko helburuarekin. Zentzu honetan, herriko eta herriarekin harremana duten pertsona ezberdinen esperientziak batu dira. Aldi berean, proiektuan zehar belaunaldien arteko ikuspegia kontuan hartu da. Honela, parte-hartzaileen istorioak babestu, gorde eta zaindu nahi izan dira. Azkenik, euskarak gure testuinguruan duen inplikazioa aintzat hartu da eta hizkuntza gutxitua lanaren ardatz izan da.

viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Kolore denen neurrira nahi dute mundua

Mash Elizalde Etxeberria, LGTBI+ kolektiboko kidea //

Kolore denen neurrira nahi dute mundua

Ahalduntze ariketa egin behar dute egunero diren moduan kalera ateratzeko, arau zurrunegiak ezartzen dizkien jendarteari erronka jota. Helburu bat eta bakarra: aske bizitzea erabakitzen duten gorputz eta identitatearekin.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-06-28
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/06/28/lgtbi-komunitatearen-nazioaretko-eguna-sexu-askapenerako-nazioarteko-eguna-kuir-mash-elizalde-gorka-iparragirre-uxue-diez-guiral-aitor-narbarte-alvarez/

LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna. Ortzadar banderez beteko dituzte kaleak dozenaka eta dozenaka lagunek aurten ere, baina kolore biziekin batera, batez ere, aldarrikapenek josiko dute eguna. Aurrera urratsak egin dira, ukaezina da, baina egunero aurre egin behar izaten diote queer kolektiboko pertsonek heteroarauak oinarri dituen gizarteari, gorroto delituak eta LGTBIfobia desagertzetik oso urrun diren agertoki betean, diren hori izateko borroka etengabean.

Errenteria-Oreretan bizi da Mash Elizalde Etxeberria. Gaurko eguna ospatuko du, zalantzarik gabe. Baina batez ere aldarrikapenerako eguna izango da gaurkoa beretzat: «Hemen gaudela, beti egon garela, eta beti egongo garela aldarrikatu behar dugu. Gaurkoa gure kolektiboa ikusarazteko eguna da, zer bizi dugun eta gure aurretik izan zirenek bizi zutena erakusteko; garenak garelako aldarrikapena egin behar dugu». Hori aurkia; ifrentzua, berriz, jaia, argi baitu biak osagarriak direla, «garena garela ere ospatu behar dugu, baita lortu dugun guztia ere, ahaztu gabe bidean gelditu direnak».

Loratuz Lotu elkartearen sortzailea izan zen 2019an Brayan Altimasberes Alaminosekin batera. Trans helduei ematen die arta elkarteak: «Trantsizioa heldutasunean egin genuen eta ohartu ginen ez zela erreferenterik ezta nora jo ere laguntza bila, horregatik erabaki genuen elkartea sortzea». Elizaldek ez du transfobia handirik sentitu, «egon badago, baina nahiko babestua sentitzen naiz». Transfobiaren oinarrian ezjakintasuna dagoela azaldu du, konbentzituta.

Ahaldunduta dagoela dio, eta horretara heltzeko lan mordoa egin duela. «Urte dezenteko lanketa pertsonala izan da, nitaz ari direnean ez eragiteko. Naizena naiz, horrekin gelditzen naiz, zurrumurruek ez naute definitzen». Egindako trantsizioan oztoporik handiena «burokrazia» izan dela zehaztu du: «Hainbat unetan lotsagarria ere izan da. Nortasun agirian izena eta generoa aldatzeko egin beharreko bidea arrotza eta deserosoa izan da, nahiz eta oso ondo zaindu nauten».

Norbere gorputza eta norbere izaera bat ez datozela jabetzeko unea «gogorra» dela dio, «garrantzitsua da babesa jasotzea», baina etxekoena ez dela ezinbestekoa ere argi dio. Berak ez zuen etxekoen akonpainamendurik izan hasieran, eta errespetu osoz esan du haiek ere behar dutela denbora barneratzeko gertatzen ari dena: «Guk gure barne trantsizioa egiten dugu eta prest gaude esateko, baina informazio hori jasotzen dutenean etxekoek, eta ingurukoek, euren denbora behar dute prozesatzeko. Ez da ez gaituztela maite, edo ez gaituztela lagunduko; denbora behar dute. Gurasoek urte pare bat behar izan zuten. Babes handiena lagunek eta nik aukeratu dudan familiak eman didate. Gauza bat da familia, eta bestea, babesa. Elkarrekin badoaz, primeran; ez badoaz, lasai, aurkituko duzu beste sare bat».

Tolerantzia versus erradikalizazioa
Jendarteari begira jarrita gaur egun tolerantzia handiagoa dagoela uste du, baita LGTBI+ kolektiboaren kontrakoen erradikalizazio bat izan dela. Argi dio, gainera, heziketan hutsune handia dagoela. «Ikastetxeetan oso modu orokorrean, azaletik lantzen da gaia, identitate eta sexualitate bakoitzaren atzean zer dagoen sakondu gabe». Horri lotuta, aurrera urratsak egiteko hainbat gako eman ditu. Hartara, ezinbestekoa jo du sareak sortu eta daudenak indartzea, «indarrak batzeko unea da». Autokritika ere ezinbesteko jo du, bai kolektiboaren gainekoa osotasunean, zein trans kolektiboaren gainekoa ere: «Genero estereotipoak erreproduzitzeko jarrera indarra hartzen ari da, eta ikusi izan dut askotan, tamalez gizon trans gazteak matxoarenak egiten. Horren aurrean garrantzitsua da autokritika egitea, nora heldu nahi dugun, ea benetan nahi dugun jarraitu erreproduzitzen dugun sistema bitar eta matxista».

Eskuinaren gorakadak ez duela harritu dio. «Askatasun gehiago dagoenean, aniztasun handiagoa, pribilegioak kolokan ikusten dituzte batzuk eta beldur soziala sortzen dute». Gorakada horren ondorioak argi ditu Elizaldek: «Lortutako guztia jokoan jartzea eta berriro beldurrez bizitzea ekartzen du. Trans pertsona gisa urte batzuetako ibilbidea soinean izanik beldurra atzean utzi nuela pentsatzen nuen, aske bizitzeko aukera nuela, ezkutatzeko beharrik ez nuela. Beldurgarria da eskuinak halako indarra hartzea, garen moduan izateari uzten diogulako, eta horrek barne oinaze handia suposatzen du». Horren aurrean, sareak sortzera deitu du, elkartzera, eta inondik inora ere ez onartzea irabazitako guztian atzera egiterik.

Eta ultraeskuinaren pare jarri ditu TERFak, feminista erradikal trans-baztertzaileak —emakume transexualak emakumetzat hartzen ez dituen eta beraz, feminismotik kanpo uztearen aldeko den muturreko feminismoa—, «bien mezuak oso antzekoak dira, ultraeskuina baino arriskutsuagoa da hori, suposatzen delako etxetik ari direla erasoan». Horren gaineko kritika ere beharrezkoa dela uste du, «feminismoari dagokio egitea».

Gorka Iparragirre LGTBI+ Kolektiboko kidea //
Isilpeko indarkeria
Gorka Iparragirre irundarrak oso modu berezian biziko du aurtengo LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna: «Harrotasuna eta San Martzial Jaiak espazio eta momentu berean biziko ditugu lehenengoz, inoiz ez da ospatu 28an bertan, beti ukatu zaigu eguna. Matxismo oso bortitzez eta homofobia handiz tindatuta daude festak gurean». Lumak Haize Irungo lehen LGTBIAQ+ elkarteko kide da Iparragirre, eta ahoan bilorik gabe esan du LGTBIfobia handia dagoela. Ñabardura bat ere egin du, eta lehen lerroan jarri isilpekoa deitu duen beste indarkeria mota: «Ezkutuko indarkeria da hori, oso egunerokoa, eta hor bizi gara kolektiboko kideak. Iritsi da momentu bat kolektiboko kide askok ezin duguna jasan ‘marikon’, ‘bollera’ edo ‘bigotuda’ hitzak entzutea».

Aurrean dituzten erronka behin-behinekoei ere egin die aipamena irundarrak, «konpromisoa eta gizartearen parte hartzea». Horrekin lotuta dago hain zuzen ere kide den elkartearen helburuetako bat. «Irunen faltan sumatzen dugun komunitateari ikusgarritasuna ematea; batak bestea begiratu, hemen gaude esan, ez gara bakarrak, eta leku eta espazio bat nahi dugu hemen». Aldarrikapena erdigunean jarri du elkarteak, baita kultura eta hezkuntza ere, «gure konfort eremutik atera eta guretzako bizigarriago den Irun bat egin nahi dugu».

Elizaldek botatako ideiarekin bat egin du Iparragirrek. Nabarmendu du gazteen artean oso jarrera polarizatuak daudela, «gaurko jendartearen isla dira haiek ere». Hezkuntzan ere ideia bera irundarrak, LGTBI+ komunitatearen gaineko lanketa ezdeusa dela: «Oso gutxi lantzen da, eta lantzeko moduak ere hausnarketa behar duela sinistuta nago. Sexologoa naiz, genero ikuspegiarekin, eta oraindik ere duela 20 urteko hutsuneak ikusten ditut, ez soilik LGTBI+ komunitatearen lanketaren gainean, baizik eta sexologia eta afektuen gaineko lanketa osoan. Denbora gehiago eskaini beharko litzaioke, bizitza osoko ikasketa prozesua behar luke, transbertsala». Mantso bada ere, aurrera urratsak egin direla uste du.

Aliatuen beharra
Oarsoaldeko herriak, Irun eta Hondarribia oro har leku seguruak iruditzen zaizkio Iparragirreri. «Kolektiboak ikasi du nondik mugitu eta nondik ez. Nik badakit inguruetara egokitzen, agian leku batzuetan modu batean jantziko naiz, eta beste modu batean beste batzuetan. Ez dut une larririk bizi, lekuaren arabera nire jarrera egokitu dudalako. Aitortu behar da, beraz, segun zein espaziotan alerta jarri behar dugula».

Eskuinaren gorakadak beldurra eragiten dionik ez du ukatu. «Gure aurrekoek irabazitako guztia galtzeko beldur hori dugu, eta batez ere dezepzioa. Eskuina gora doa indartsu, eta neurri batean da ezkerrekoak ez garelako inplikatzen, ez ditugulako gure arreben arazoak begiratzen eta gure egiten. Kolokan daude eskubideak eta segurtasuna». Aurrera urratsak egiteko gakoak argi ditu Iparragirrek: «Komunitate gisa borrokatzen jarraitzea dagokigu, atzera pausorik ez ematea, eta aliatuak izatea, segurtasuna denon kontua delako; ahalik eta jende gehien batu behar dugu gure borrokara. Gizarteak agian urrun ikusten gaitu, baina oso gertu gaude eta parte gara, gurea, guztion borroka da. LGTBI+ kolektibokoa eta emakume izan gabe ere, denok bizi dugu opresioa, modu batera edo bestera. Pribilegio zis hetero horretan oso pertsona gutxi dago».

Aitor Narbarte eta Uxue Diez-Guiral LGTBI+ kolektiboko kideak //

Iragana eta oraina

Ikerlariak eta ‘queer’ kolektiboko kideak dira Uxue Diez-Guiral eta Aitor Narbarte Alvarez, Errenteria-Oreretan bizi dira biak. Ane Fernandez Trigo eta Maite Azabal Gallego ikerlariekin batera Kuir Artxibo Bizia proiektuaren barruan Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ Memoria Kolektiboa bildu dute Koldo Mitxelena beka irabazita. Lana bukatu berri dute, eta 600 pertsona inguru galdekatu dituzte memoria hori gorpuzteko, iraganari eta orainari tartea eskainita, etorkizunari begira jartzeko. Abenduan aurkeztuko dute. Oarsoaldean LGTBI+ komunitatearen argazkia zein den galdetuta esaldi batera bildu dute: «Egin dugu, baina asko dago egiteko. Elkarrizketatuek hala esan digute. Argi-ilun batzuk badaude, batez ere bildu eta seguru sentitzeko topagunerik ez dagoelako kolektiboarentzat». Harago jo dute, dauden gutxi batzuk pribatuak dira, «tabernaren bat, eta ez da ‘queer’ taberna delako».

Sare sozialei ere erreferentzia egin die Diez-Guiralek, horietan ere lekurik ez duelako LGTBI+ komunitateak. «Orain badugu jendea lanean sare sozialetan Oreretan, Jokin Pedreño kasu. Sare sozialak ari dira euskalduntzen eta espazio bat ematen LGTBI+ komunitateari. Oso gutxi dago, ordea». Euskara erdigunean jarri dute ikerlariek. «Hori zen lanaren helburuetako bat. Egin ditugun elkarrizketetan gaztelania oso presente zegoela ohartu gara. Gutxika, espazio gehiago ematen saiatzen ari gara euskarari eta gure identitateez eta errealitateez pentsatzen gure hizkuntzan». Euskarazko LGTBI+ terminologia sortzeko beharra ere erdigunean jarri dute: «Euskaraz berez izan dira eta badira terminoak, baina ez dira guregana heldu edo itzaletan gelditu dira. ‘Gay hiztegia’ argitaratu zuten, eta orain ‘Mari okerrak nola izan/esan bollera’ euskaraz. Behar-beharrezkoak dira halakoak, eta badirenak berreskuratu, adibidez Oarsoaldean erabiltzen zen ‘kuku’ hitza».

Narbarterentzat «polita» izan da deskubritzea izan direla historian zehar hitz batzuk euskaraz errealitate hauek izendatzeko. Testuetan ere aldarrikatu du espazio bat Diez-Guiralek LGTBI+ gaientzat.

Gaur-gaurkoz ‘queer’ komunitateak aurez aurre duen oztoporik nagusienetakoa zisheteronorma da Narbarterentzat, «oso baldintzatuta gaude gizarte honengatik, oso parametro zurrunak daude eta hortik desbideratzen garen unean dagoeneko ari gara indarkeria jasaten». Ñabardura Diez-Guiralek: «LGTBI+ kolektibo guztiari eragiten digu, baina ez maila berean, batzuentzat ezinegona suposatuko du, eta beste batentzat kaletik jipoitzea edo kalean hilda agertzea. Hori hemen. Zisheteroarauak denoi eragiten digu, baina batzuei gehiago». Heziketari ere eman diote begirada, eta ondorioa bera: diskurtso polarizatuak, mindutako jendea, eta erresistentzia ugari aurkitu dituzte. Lanketa falta ere aipatu dute aurreko bien antzera.

Erreferente kolektiboen beharra
Beharren artean, berriz, erreferenteak. Ez edonolakoak, «kolektiboak» baizik, «kolektibizazioa beharrezkoa da, zama partekatzeko ere». Kaleak konkistatzea eta desheteroxesualizatzea, presazko beste egiteko bat. «LGTBI+ komunitatearen presentzia sustatu behar da kalean, ikusgarritasuna eman, eta ‘queer’ ikurrekin ordezkatu egun dauden ikur heterosexualak». Ikusgarritasunarena zaila dela aitortu du Diez-Guiralek: «Oso zaila da, eta ez da berdina trans pertsona, bi-a izatea edo normatiboago bat, ‘mainstream’ bat. Etiketa bakoitzaren barruan zapore asko daude. Zaila da denentzat, baina batzuentzat are zailagoa da Oreretan eta Oarsoaldean bizitzea identitate batzuekin».

Sarea «ezinbestekoa» jo du Narbartek. «Zaren bezala izateko sare bat behar duzu, babesteko. Bestela oso bakarrik senti zaitezke». Bat dator Diez-Guiral: «Erortzen zarenean leku seguru batean erori behar zara. Baina sare horiek oso ahulak dira oraindik. Hausnartu beharreko kontua da».

Eskuinari aurre egin behar zaion zalantzarik ez dute, eta horretarako gakoa helburu komunak argi izatea dela diote. «Guri pertsonen bizitzak inporta zaizkigu. Oinarri horrekin bat egiten dugunok aurrera egin dezakegu zaintza eta enpatiatik».

LGTBI+ kolektiboaren amets bat aukeratzeko eskatuta erantzun ezin argigarriagoa eman du Diez-Guiralek: «Amets bat definitzea ezinezkoa zaio amestea galarazi zaion kolektibo bati. Gure kolektiboari etorkizuna ukatu zaio. Gure helburua zein den ongi definitzea izan daiteke amesten hasteko bidea; zaintza eta maitasunetik oinarria jartzea».

viernes, 14 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #francisaldia | "Ezerk eta inork ez du lortuko gu berriro ezkutatzea"

Bandera ortzadarra herri sarreran //

"Ezerk eta inork ez du lortuko gu berriro ezkutatzea"

Vicente Vadillo Santamaria 'Francis' gogoan izan dute gaur eskaini dioten omenaldiarekin. Ortzadar bandera herri sarrerako mastan igo, eta omenaldia egin diote Iztieta auzoan hura gogoratzeko dagoen oroigarri ondoan.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-06-14
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/06/14/ezerk-eta-inork-ez-du-lortuko-gu-berriro-ezkutatzea/

Vicente Vadillo Santamaria 'Francis' gogoan izan dute gaur eskaini dioten omenaldiarekin. Ortzadar bandera herri sarrerako mastan igo, eta omenaldia egin diote Iztieta auzoan hura gogoratzeko dagoen oroigarri ondoan.

Astelehenean 45 urte bete ziren Francis hil zutela, eta gaur herrikidea gogoan omenaldi goxoa eskaini diote dozenaka herritarrek. Alabergako biribilgunetik abiatuta, herri sarrerako biribilguneko mastan ortzadar bandera igo dute aniztasunaren aldarri; bertan izango da bandera uztailaren 1a arte. Aurtengo omenduak, Kuir Artxibo Biziko kideak izan dira, eta haiek igo dute bandera mastan gora gerturatutakoen txalo artean.

Eskertuta oso hartu dute hitza, “ekitaldi honetako unerik bereziena guri, gure kuir artxiboari eskaini diguzue,eta ezin dizuegu nahikoa eskertu, ohorea da gaur hemen zuekin egotea, herriko transmaribibolloen goxotasunean”. Hausnarketara deitu dute Errenteria-Oreretaren memoria biziaren inguruan, eta memoria definitu dute: “Gertakari baten oroitzapena, bidegabekeriaren aurrean erantzuna, herri oso baten borroka, eskubideen aldeko lan gogorra. Memoria bizi duguna eta bizitzen ari garena partekatzea da, batzuetan hori desitxuratzea eta inoiz ez ahaztearen ahalegina egitea, datozen belaunaldiei errealitate bat erakustea, bideak urratzea eta etorkizun posible eta zoriontsu bat ortzi mugan marraztea”.

Oreretak “kuir memoria sendoa” duela ere esan dute eta horrek euren borrokaren oinarriak sustatu dituela jakin badakitela, eta horregatik nahi izan dutela memoria hori jasotzen jarraitzeko ariketa egin, “LGTBI pertsonen testigantzak jaso eta haien ahotsak gure memorian gordetzea lan hunkigarri izan da, esker anitz borondatez eta mimoz gurekin ireki eta esperientziak partekatu dituzuen guztiei: Bidea gurekin egiteagatik eta bide erakusle izateagatik, mila esker”.

Francisi ere, ezinbestean aipamena. Baita Mikel Martin Conde Mikelari ere, “eskerrik asko beti han izateagatik eta inoiz ez ezkutatzeagatik”. Horrekin batera, eurentzat erreferente diren pertsonen zerrenda amaigabea egin dute ondoren”. Zirrikituak irekitzen jarraitzeko deia bukatzeko, “garen guzti horrek gure herrian lekua eta errekonozimendua izan dezan”.

Bandera igota, kalejiran abiatu dira Iztietako ortzadar zebrabidera. Lore eskaintza egin diote Francisi, eta bere sorleku izan zen Loperako (Jaen, Andaluzia, Espainia) alkate orde Fran Sevillak hartu du hitza. Lehenik eta behin eskerrak eman ditu Francis oroitzen jarraitzeagatik , udalari gure bizilagunaren memoria bizirik mantentzen jarraitzeagatik”. Ez zuela Francis ezagutzen aitortu du, eta haren berri lehen aldiz, Xabier Susperregik iaz idatzitako liburuaren harira izan zuela, “gerora jakin dut ni bizi naizen kale parean bizi zela, ia bizilaguna nuela”.

Francisen izena daraman kalea Loperan gertuago

Gaur Errenteria-Oreretara egindako bisitan, gainera, jakinarazi du Francisek Loperan kale bat izan dezan lanean ari direla, “espero dugu ahalik eta eperik laburrenean izatea hori”. Vicente Vadillo Francisen izena Loperako kale bati jartzeko kanpaina abiatu zuten pasa den urrian. Badirudi egi bihurtuko dela, “udaletik gertu den kale bat bilatzen ari gara, zentrikoa haren izena jartzeko. Espero dut agintaldi honetan izatea”. Txaloekin erantzun diote bildutakoek. Bukatzeko, gaurkoa, Errenteria-Orereta eta Lopera arteko topaketa askoren elhena izatea espero duela esan du Sevillak.

Dantza, lore eskaintza, eta hura bukatuta kalejiran berriro oraingoan Herriko Plazara. bertan manifestua irakurri du OK Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak.

Atzera egin dute 45 urte, “duela 45 urte gure historia aldatu zen. Francisen hilketaren ondorioz, lesbianak eta gayak kalera atera ginen lehen aldiz, Oreretan eta Donostian, ‘hemen gaude, eta ez gara ezkutatzen’ oihukatuz”. Hortik aurrera ezer ez zela berdina izan ekarri dute gogora, “45 urte geroago kalera irteten jarraitzen dugu, hemen bildu gara Francis gogoratzeko, baita gure aurreko guztiak ere: batez ere Altxu, gure Madelon, Emili eta Mikela. Gure oroimenean zaituztegu”.

Urte berezia dela gaurko ere esan dute, lehenengoz Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak deituta bildu direlako: “Topagune berri bat jende anitzentzat, baina ikusgarritasunarekin eta transmaribollo borrokarekin konprometitua Oarsoaldean”. Izan ere, orain inoiz baino gehiago da beharrezkoa ahotsa altxatzea esan dutenez, “aurrean daukaguna gero eta okerragoa baita”. Mezu argia haientzat: “Ezerk ezta inork ere ez du lortuko gu berriro ezkutatzea. Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen”.

Matxismoa, zisheteronorma eta LGTBI+fobia salatu dute, aurten ere, “berriro diogu poliziak ez gaituela zaintzen, gure ahizpek zaintzen gaituztela”. Eta horretara deitu dute, elkar zaintzera.

Gero eta gehiago direla urtetik urtera balioan jarri dute gaurkoa dierazpen horretan, baita askotarikoagoak direla ere, “gero eta genero adierazpen gehiago ditugu, eta identitate sexual generikoago gehiago ezagutzen ditugu: bollerak, maritxuak, transak, trabestiak, trabolakak, bisexualak, intersexualak, ez bitarrak, androginoak, pansexualak, polisexualak, asexualak, arromantikoak, demisexualak, kuirrak , eta gure marik esaten zuen bezala, tris tras tres eta behar diren guztiak”. Borroka transmaribolloren aldeko eta Francis, Altxu , Emili eta Mikelaren omenezko oihuekin eta txalo artean bukatu dute ekitaldia.

viernes, 12 de mayo de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | “Edozein herri zein hiritako historian LGTBI+ errealitateak barne hartu beharko lirateke”

UEU / Kuirartxibobizia proiektuaren kideak //

“Edozein herri zein hiritako historian LGTBI+ errealitateak barne hartu beharko lirateke”
UEU, 2023-05-12

https://www.ueu.eus/komunikazioa/albisteak/edozein-herri-zein-hiriko-historian-lgtbi-errealitateak-barne-hartu-beharko-lirateke

#Kuirartxibobizia proiektuak irabazi zuen otsailean banatu zen Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka. Uxue Díez-Guiral (Urnieta, 1994), Maite Azabal Gallego (Orereta-Errenteria, 1996), Ane Fernández Trigo (Orereta-Errenteria, 1996) eta Aitor Narbarte Alvarez (Orereta-Errenteria, 1995) ikertzaileak daude proiektuaren atzean, eta besteak beste, LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eta aintzatespena ematea dute helburu. 18 hilabete dituzte ikerketa burutzeko eta haren nondik norakoak ezagutzeko izan gara haiekin.

G. Lehenik eta behin, zorionak! Nola hartu zenuten saria?
Eskerrik asko! Ilusio eta gogo handiz hartu genuen saria; izan ere, laurok oso lotura estua dugu gure herriarekin, Oreretarekin. Oso motibatuta eta pozik gaude eta ikerketa hau gure lurraldera pixka bat gehiago gerturatzeko eta herria hobeto ulertzeko instrumentua ere izango da. Ospakizunak ez dira falta izan gure taldean, hori argi dago!

G. Nola kozinatu zenuten ideia?
Askotan bizitzaren bidezidorrek eramaten gaituzte guk espero ez genituen lekuetara. Dagoeneko batzuek urte askotako erlazioa dugu, Errenteriako Gamon ikastetxean batera ibili ginelako; beste batzuek, aldiz, militantzian egin genuen topo duela urte batzuk. Modu batera edo bestera urte hauetan zehar harremanetan egon gara, Errenteriak berriz laurok elkartu gaituen arte.

Egiten duguna egitera eraman gaituen arrazoia gure komunitatearentzat, hain zuzen, LGTBI+ eta emakume-komunitatearentzat, lan egitea da, etorkizuna aktiboki eraikiz eta eragile guztien parte-hartzearen aldeko borroka sustatuz.

Aspalditik LGTBI+ errealitateak ikertzeko taldean lan egitea buruan genuen. Jadanik bi kidek LGTBI+ ikerketak egiteko taldea sortu dute horren harira. Beraz, beka honen baitan gure artean saretu eta ilusio eta irrika handiz hasten dugu bide hau.

G. LGTBI+ kolektiboaren memoria jasoko duzue proiektuan, nondik gatozen ikustea garrantzitsua da aurrera egiteko?
Gure ustez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko harremanak dinamikoa eta aktiboa izan behar du. "Izan zirelako gara" lelo famatuari erreferentzia eginez, LGTBI+ errealitateei dagokienez gure herrian zer egon den eta zer dagoen jakitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, orain eraikitzen ari garen etorkizunari forma ematen dioten oinarriak ulertu eta solidotu ahal izateko.

Hala ere, nondik gatozen ikustea garrantzitsua bada ere, aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa ikusten dugu mundua norantz doan ulertzea ere gure iraganean hobeto sakontzeko. Hau da, egungo LGTBI+ errealitateak zeintzuk diren aztertzea eta horiei lotutako joera soziopolitikoak identifikatzea beharrezkoa da gure historia eta iraganeko errealitateen konplexutasuna hobeto ulertu ahal izateko. Uste dugu etengabeko elkarrizketa egon behar dela iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean, elkarrizketa horren emaitza LGTBI+ memoria kolektiboa izango baita, azken finean.

Gure ikerketaren ondorio zehatza Errenteria eta Oarsoaldeko kuir historia sendotzea izango da, behintzat aldi jakin batean eta kartografiatutako guneetan. Aldi berean, herriko kuir iruditeria sustatu nahiko genuke, eta zisheteroarauaren hausturak eta zirrikituak agerian jarri. Modu horretan, LGTBI+ biztanleriarentzat kaltegarri eta mingarri izan daitekeen iruditeria gainditzeko pausoak eman nahi ditugu, eta erreparazio-prozesuari bidea egin. Horrela, Errenteria eta Oarsoaldea zer den, bertan zer gertatu den, zer gertatzen ari den eta zer gerta daitekeen horretan hausnartuko dugu.

G. LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eman nahi diozue eta erreferenteak sortu. Zergatik da horren garrantzitsua?
Alde batetik, LGTBI+ ikusgarritasuna bermatzea eta erreferenteak izatea gizarte osoarentzat da onuragarria eta ez bakarrik kolektibo hauetako pertsonentzat. LGTBI+ erreferenteak ezagutzeak enpatia sustatzeko eta kolektibo horien problematika zehatzez ohartarazteko balio du. Askotan, LGTBI+ pertsonek jasaten duten indarkeria informazio eta ezagutza faltagatik izan ohi da eta erreferente positiboak izateak hori ekiditen lagun dezake.

Bestalde, pertsona guztiok behar dugu islatzeko ispilu bat, bereziki geure burua ezagutzen ari garen bitartean, baita bizitzako etapa kritikoetan ere (adibidez, haurtzaro edota nerabezaroan). Tradizionalki, LGTBI+ pertsonek ez dute ispilurik izan edota estereotipoz beteriko bertsioak izan dituzte. Ikerketak dioenez, hau oso kaltegarria da eta ondorio negatibo dexente izan ditzake. Beraz, horri buelta ematea eta ispilu atseginak sortzea behar-beharrezkoa da. Noski, hau herri-mailatik egiten hasi behar dela uste dugu guk eta horregatik proposatu dugu ikerketa hau.

G. Ikusgarritasuna... eta aintzatespena ere bai.
Noski, ikusgarritasunaren eskutik aintzatespena ere badator, hori bilatzen du gure ikerketak. Memoria kolektiboa berreraiki eta osatzean, gure herrian historikoki isilaraziak izan diren esperientzia eta pertsona horiei hitza eman nahi diegu eta herrian horien funtsezko papera azaleratu. Lehen esan moduan, LGTBI+ erreferenteak denontzat dira onuragarri eta askotan ez gara konturatzen gure bizitzetan izan duten edo duten garrantziaz. Kolektibo hauen aldarrikapenek guztientzako eskubideak lortzen dituzte, euren bizitzak eta gorputzak lehen lerroan jarri eta gizarte guztia eurekin daramate. Adibidez, oraingo estatu-mailako trans legearen bultzadak, nahiz eta bere argi-ilunak izan, gizarte osoarentzat onuragarri diren politika eta ekintzak bermatzen ditu. Beraz, lan eta borroka horri duen merezimendua ematea da gure helburua.

G. Abenduan eskuratu zenuten ikerketa-beka, zer pauso eman dituzue orain arte?
Lehenik eta behin, sare sozialak egiten hasi ginen jendeak gure proiektuaren berri izateko, eta Instagramen #kuirartxibobizia eta Twitterren @kuirtxibobizia kontuak sortu genituen. Hau oso tresna baliotsua izan da, batez ere galdetegiaren difusioa egiteko eta ematen joan garen pausoak partekatzeko.

Galdetegia zabaltzea izan da orain arte eman dugun pausorik handiena. Horren baitan, herriarekin kontaktuan jarri gara eta jendearen iritzi, uste eta bizipenak jasotzen hasi gara. Gure proiektuan azaltzen dugun bezala, metodologia parte-hartzailea da eta fase hau ezinbestekoa izango da datu esanguratsuak lortzeko.

G. Herriari ere deialdi irekia egin diozue: galdetegia bidali, argazkiak eskatu... nolakoa izaten ari da erantzuna?

Hasieratik erantzun asko jaso ditugu. Sare sozialek lagundu dute, baina esango genuke batez ere ahoz ahokoa izan dela difusioa egiteko modurik eraginkorrena. Orain galdetegiko erantzun-kopurua pixka bat egonkortu da, hala ere, kartelak jarri ditugu hainbat herritan, galdetegira daraman QR-arekin, jendea animatzeko eta informazio gehiago lortzeko. Pertsonalki, jendearen erantzunak hunkitu gaitu; batetik, gure lanaren berri izan duelako jendeak eta, bestetik, galdetegia erantzuteko denbora hartu eta ikerketan inplikatu delako. Gainera, pertsona batzuek zorion eta animo mezuak utzi dizkigute, eta horrek ere indarra eman digu.

G. Artxiboa bai, baina bizia. Abiapuntua izan nahi duela diozu. Norantz?

Gure herriaren LGTBI+ memoria errepasatu nahi dugu, jendearen kontakizunak entzutearen bitartez, honakoa modu kolaboratiboan eraikitzen joateko. Horregatik, denon artean sortua delako, orainaldian, bizia da. Herria hazten jarraitzeko prozesuaren parte izan nahi dugu.

G. Beste herri batzuetarako eredugarria izan daitekeela uste duzue?

Bai, noski! Ikerketa honek bidea urratu dezake. Errenteria eta Oarsoaldeko kuir historia sendotzean eta herriko kuir iruditeria zabaltzean zenbait ate ireki eta etorkizuna beste leku batzuetatik eraiki dezakegu. Gure mezua argia da: edozein herri zein hiritako historian LGTBI+ errealitateak barne hartu beharko lirateke, historia horren parte baitira. Herri edota hiriak espazio seguru bilakatu nahi izanez gero, ikusgarritasuna gakoa da; LGTBI+ pertsonak existitu gara, existitzen gara eta existituko gara, horri aitortza bat egitea behar-beharrezkoa ikusten dugu.

G. Zer da lortzea gustatuko litzaizuekeena?

Gizarteak kontziente izan behar du LGTBI+ errealitateak historia ofizialean sartu beharko genituzkeela. LGTBI+ pertsonek euren ekarpenak egiten dizkiote herriko testuinguru orori, eta horrek herri zein hirian eragiten du. Hau da, LGTBI+ pertsonak eragile aktiboak direla, alegia.

Gainera, Errenterian eta Oarsoaldean sortu diren LGTBI+ mugimenduak eta pertsonak baloratu nahiko genituzke, haien memoria ospatu eta jendartean zabaldu. Era berean, gaur egun gertatzen ari diren istorioak ere balioan jarri nahiko genituzke; horrela, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko zubiak eraiki eta elkarrizketak sortu nahi ditugu.

viernes, 17 de febrero de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Uxue Diez Guiral, ikertzailea: «LGTBI+ kolektiboaren benetako argazki bat aterako dugu»

Goian Narbarte eta Diez daude. Behean, berriz, Fernandez eta Azabal //

Uxue Diez Guiral, ikertzailea: «LGTBI+ kolektiboaren benetako argazki bat aterako dugu»

Laukote batek irabazi du Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka. Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileek eskualdeko LGTBI+ kolektiboaren memoria aztertuko dute, «elkargune bat» sortzeko asmoz.
Imanol Saiz | Oarsoaldeko Hitza, 2023-02-17
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/02/17/elkarrizketa-lgtbi-kolektiboaren-benetako-argazki-bat-aterako-dugu/

#Kuirorartxibobizia izeneko proiektuagatik jaso duzue beka. Zer ikertzen ariko zarete datozen 18 hilabeteetan?
Eskualdeko eta herriko LGTBI+ kolektiboaren memoria aztertu nahi dugu, gerora LGTBI+ pertsonen elkargune bat sortzeko, haien errealitateak bistaratzeko.

Nola ikertuko duzue memoria hori, zein metodologia erabiliko duzue?
Ikuspegi transfeminista eta parte hartzaile batetik ikertuko dugu memoria kolektibo hori. LGTBI+ memoria kolektiboa osatuko dugu, eta horretarako galdetegi bat erabiliko dugu lehenik. Honetan Oreretako eta eskualdeko jendeak LGTBI+ kolektiboaren eta memoria kolektiboaren inguruan dakiena edo iritzi duena jaso nahi dugu. Hori guztia bateratu, informazio hori guztia bildu, eta behin hori eginda, horretan oinarrituko gara proiektuko datozen pausoak diseinatzeko.

Zeintzuk izango dira horiek?
Irratsaio batzuk diseinatuko ditugu, pertsona kopuru zehatz batekin, eta horiei hainbat gauza galdetuko dizkiegu, bai iraganekoak, baita gaur egungoak ere, guretzako hori oso garrantzitsua baita. Ikusi nahi dugu nola gauzatu den memoria hori historian zehar. Irratsaio bidezko elkarrizketa horiek [Zintzilik Irratian izango dira] egiten ditugun bitartean mahai-inguru batzuk ere egingo ditugu, herritarrei irekiak izango dira, LGTBI+ izan edo ez, eta bertan nahi dutena azaleratu ahalko dute: inpresioak, bizipenak, zer gertatu den herrian, zer ari den gertatzen orain... Hori ere jasoko dugu.

Gero, informazioa eta irratsaioetan ateratakoa herritarren eskura jartzea da asmoa. Webgune bat sortuko dugu, eta ideia da mapa interaktibo bat sortzea. Horretan, Oreretako eta Oarsoaldeko biztanleek LGTBI+ memoriari lotutako bizipen horiek zein eremutan bizi dituzten edo bizi izan dituzten islatuko dugu. Hori mapa interaktibo horretan txertatuko dugu gero, baina fisikoki ere ibilbide bat sortuko dugu.

Argazki orokor bat atera nahi duzue, beraz.

Hori da. LGTBI+ kolektiboaren benetako argazki bat atera nahi dugu, kolektiboaren errealitatea islatuko duena. Oreretako eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria hori ikusarazi nahi dugu, jendeak herritar horiek herrian bizi direla ikus dezan, eta Orereta ere leku atseginagoa izan dadin kolektiboarentzako. Errealitate horiek plazaratzea da asmoa.

Historikoki pisu handiko kolektiboa izan da herrian. Halere, oraindik egiteko asko dagoela esaten duzue.
Historikoki mugimendua oso indartsua izan dela uste dugu taldeko guztiek. Eta uste dugu oso garrantzitsua dela atzera begiratzea, baina baita aurrera ere. Mugimendu hori indartsua izateko Oreretan zer gertatu den ikertzea funtsezkoa da. Zati bat egina dago, gure aurretik jende askok egin baitu lan hori, baina gero hori gaur egungo mugimenduan nola ardaztu den, nora goazen eta zein pauso eman behar ditugun aztertzeke dago oraindik. Memoria guretzat orainaldia ere bada, eta hori egiteke dago. Asko egin da, baina bada zer egin oraindik.

Udalak iaz egindako LGTBI+ ekintza planak bide horretan laguntzen duela uste dugu. Egia da ez dagoela leku askotan horrelako planik, edo antzeko estrategiarik egin duen udalik. Behar batzuk detektatu zituzten, eta horien barruan oso-oso argi utzi zuten eta ardaztu zuten helburu klabe bezala memorian sakondu behar zela, eraikitzen jarraitu behar zela. Gure lana horren oinarria izan daiteke. Proiektua diseinatzean horretan oinarritu ginen. Identifikatutako behar horren gainean hasi ginen esku artean dugun ikerketarekin.

Zer uste duzue emango diola ikerketa honek kolektiboari? Nola eragin dezake herritarren bizitzan?
Espero dugu abiapuntu bat izatea, horrelako lan gehiago sustatzeko, eta diruz laguntzeko noski, oso garrantzitsua baita hori. Herri atseginagoa izateko lagungarri izan daitekeela uste dugu, horretarako abiapuntu bat izatea. Guk ez dugu memoria guztia eraikiko, ezin dugu dena ikertu, baina zerbaiti hasiera eman diezaiokegu. Herri seguru bat eraikitzeko aletxoa jar dezakegu, eta ez bakarrik LGTBI+ kolektiboarentzako, herritar guztientzako ere, batak besteari eragiten baitio. Kolektiboa herritarren parte baita.

Segurtasuna diogunean irekitasuna edo atsegintasuna bezalako kontzeptuez ari gara. Abiapuntu bat jartzea herri atseginagoa izan dadin, guztiontzat. Hori da, finean, gure asmoa. Gure hondar aletxoa jarriko diogu memoria horri, baina ez da gurea izango bakarrik, herritar guztiekin osatu nahi dugulako, guztion artean jarriko dugu hondar aletxo hori. Gu izango gara horren katalizatzaileak. Gu izango gara informazio hori sistematizatu eta kaleratuko duen taldea. Baina informazio hori ez da gurea izango bakarrik, denona baizik, denon artean osatutakoa.

#Kuirorartxibobizia proiekturako laguntza eskatu dute
Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Bekar irabazi zuen proiekturako inkesta bat zabaldu dute. Ahalik eta erantzun gehien jaso nahi dituzte ikertzaileek.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2023-03-13
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/03/13/kuirorartxibobizia-inkesta-koldo-mitxelena-beka/

Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka irabazi zuten pasa den abenduan Uxue Diez Guiral (zuzendaria), Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileek, #Kuirorartxibobizia izeneko proiektua gauzatzeko. Talde irabazleak 15.000 euroko beka jaso zuen, eta 18 hilabete izango ditu ikerketa egiteko.

Lan hori egiteko prozesuan, inkesta bat zabaldu dute orain, eta herritarren laguntza eskatu dute datu bilketa egiteko. Hamar minutu eskatzen ditu inkesta betetzeak, anonimoa da, eta 14 urtetik gorako herritar orori zuzenduta dago. Inkesta erantzuteko, sakatu hemen.

jueves, 9 de febrero de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Laukote bati esleitu diote hamaseigarren Koldo Mitxelena Ikerketa Beka

Oarsoaldeko Hitza / Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka //

Laukote bati esleitu diote hamaseigarren Koldo Mitxelena Ikerketa Beka

Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileei eman diete aurtengo beka. LGTBI+ kolektiboari “ikusgarritasuna eta aintzatespena” emateko asmoa du aurtengoak.
Imanol Saiz | Oarsoaldeko Hitza, 2023-02-09
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/02/09/laukote-bati-esleitu-diote-hamaseigarren-koldo-mitxelena-ikerketa-beka/

2022ko Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka esleitu berri dute, gaur eman dute horren berri Lekuona Fabrikan egindako agerraldian. Bertan izan dira hamaseigarren edizioa esleitu duen epaimahaiko kideak eta ikerketa beka honen aurtengo onuradunak. Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileei eman diete aurtengo beka, #Kuirorartxibobizia izeneko proiektua egiteko. Laukoteak 15.000 euro jaso ditu eta 18 hilabete izango dituzte proiektua bukatzeko.

Aurtengo ikergaia LGTBI+ kolektiboa izango da, “ikusgarritasuna eta aintzatespena” eman nahi baitiete lesbiana, gay, transgenero, transexual, bisexual, intersexual, queer eta +ean sartutako identitate eta orientazioei. LGTBI+ pertsonen errealitateak ikusarazteko egitasmo honek “eredu heterosexual hegemonikoari alternatibak eskaintzen” dizkiola azaldu dute gaurko aurkezpenean, “pertsona bakoitzak nahi duen moduan bizi eta bizitzeko”. Horregatik erabaki dute edizio honetan kolektiboarentzat interesgarriak izan daitezkeen gizarte eta giza zientzien ikuspegitik ekarpenak egitea.

Edizio honetarako sei lan aurkeztu dituzte orotara, balorazio positiboa egin du udalak. Iñaki Queralt Coira Artxibo eta Argitalpen zinegotziak, Leonor Garcia Vazquez Artxibo teknikariak eta Udako Euskal Unibertsitateak osatu dute epaimahaia. Azken honen ordezkari izan dira Miren Guillo Arakistain, Joseba Gabilondo Marques eta Gidor Bilbao Telletxea.

Deialdia
Azkenik, bekari lotuta, LGTBI+ mugimenduarekin zerikusia duten argazki, material grafiko edo dokumentala duten pertsonak udal artxibora gerturatzera animatu ditu udalak, “elkarlanean aritzeko eta udal ondarea eta gure memoria berriena handitzeko” asmoz.