jueves, 9 de febrero de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Laukote bati esleitu diote hamaseigarren Koldo Mitxelena Ikerketa Beka

Oarsoaldeko Hitza / Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka //

Laukote bati esleitu diote hamaseigarren Koldo Mitxelena Ikerketa Beka

Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileei eman diete aurtengo beka. LGTBI+ kolektiboari “ikusgarritasuna eta aintzatespena” emateko asmoa du aurtengoak.
Imanol Saiz | Oarsoaldeko Hitza, 2023-02-09
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/02/09/laukote-bati-esleitu-diote-hamaseigarren-koldo-mitxelena-ikerketa-beka/

2022ko Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka esleitu berri dute, gaur eman dute horren berri Lekuona Fabrikan egindako agerraldian. Bertan izan dira hamaseigarren edizioa esleitu duen epaimahaiko kideak eta ikerketa beka honen aurtengo onuradunak. Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileei eman diete aurtengo beka, #Kuirorartxibobizia izeneko proiektua egiteko. Laukoteak 15.000 euro jaso ditu eta 18 hilabete izango dituzte proiektua bukatzeko.

Aurtengo ikergaia LGTBI+ kolektiboa izango da, “ikusgarritasuna eta aintzatespena” eman nahi baitiete lesbiana, gay, transgenero, transexual, bisexual, intersexual, queer eta +ean sartutako identitate eta orientazioei. LGTBI+ pertsonen errealitateak ikusarazteko egitasmo honek “eredu heterosexual hegemonikoari alternatibak eskaintzen” dizkiola azaldu dute gaurko aurkezpenean, “pertsona bakoitzak nahi duen moduan bizi eta bizitzeko”. Horregatik erabaki dute edizio honetan kolektiboarentzat interesgarriak izan daitezkeen gizarte eta giza zientzien ikuspegitik ekarpenak egitea.

Edizio honetarako sei lan aurkeztu dituzte orotara, balorazio positiboa egin du udalak. Iñaki Queralt Coira Artxibo eta Argitalpen zinegotziak, Leonor Garcia Vazquez Artxibo teknikariak eta Udako Euskal Unibertsitateak osatu dute epaimahaia. Azken honen ordezkari izan dira Miren Guillo Arakistain, Joseba Gabilondo Marques eta Gidor Bilbao Telletxea.

Deialdia
Azkenik, bekari lotuta, LGTBI+ mugimenduarekin zerikusia duten argazki, material grafiko edo dokumentala duten pertsonak udal artxibora gerturatzera animatu ditu udalak, “elkarlanean aritzeko eta udal ondarea eta gure memoria berriena handitzeko” asmoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.