Mostrando entradas con la etiqueta BA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta BA. Mostrar todas las entradas

miércoles, 17 de diciembre de 2014

#hemeroteka #historia | Begirada haiek...

Irudia: Berria
Begirada haiek...
Aldartek eta EHGAMek frankismoa eta trantsizioa ezagutu zuten hamahiru gay eta lesbianaren lekukotzak bildu dituzte 'Begirada ausartak' liburuan, urteetan isilarazita egon den memoria historikoaren eremu bat oroitarazteko.
Jon Rejado | Berria, 2014-12-17
http://www.berria.eus/paperekoa/1856/010/001/2014-12-17/begirada_haiek.htm

Begiradak. Horiek dira Aldartek eta EHGAM-ek aurkeztu berri duten liburuaren ardatza: soak. Alde batetik, frankismoan eta trantsizio garaian maitatu nahi izan zuten gay eta lesbianen behakoak bildu dituzte “Begirada ausartak” liburuan. Bestetik, garai horietan beren sexualitateaz gozatu nahi zutenen soak oroitarazi dituzte, garai horretan begi kolpeak baitziren debekatutako eta jazarritako izaera hori kudeatzeko eguneroko baliabidea.

“Begirada ausartak” liburuak frankismoa eta trantsizio garaia ezagutu zuten hamahiru lagunen bizitzak bildu ditu. Aldarte sexu askatasunerako ikerketa eta dokumentazio zentroak eta EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak egindako liburuak «oroimen historikoaren eremu hori berreskuratzeko helburua» du, Inmaculada Mujika Aldarteko kideak azaldu duenez. «Haiek diktadurapean izan zituzten hainbat eta hainbat arazok bere horretan dirauten neurrian, beharrezkoa da horien inguruan hausnarketa sakona egitea, gure iritziz», esan du, La Bolsa eraikinean, liburuaren aurkezpenean.

Lekukotza horietan aipatu begiradak liburuaren zehar lerro dira, baita orduko gizarte «misoginoaren» isla ematen dutenak ere, Mujikaren iritziz. Hain zuzen ere, gizonen arteko begiradak eta emakumeen artekoak ezberdinak ziren, Iñigo Bilbao EHGAMeko kidearen arabera. Liburuko gizonak bat datoz nolako begirada zuten azaltzean: «Bat-batekoa, kaletarra, ausarta, lotsagabea, irekia eta kale gorrian eskainitakoa». Emakumeen begiek, berriz, toki «lasaiagoak eta gertukoak» aukeratzen zituzten bilaketari ekiteko. «Andrazkoen begiradak ez bide ziren, gainera, hain zuzen eta berehalakoak».

Atzera begirako hausnarketa horiek egungo egoerarekin alderatu dituzte liburuaren egileek, eta garai bateko begirada haiek «kasik desagertu» direla gaineratu dute. «Teknologiak aldaketa zorrotzak eragin ditu, eta goitik behera aldatu ditu gizonezko bik edo emakumezko bik elkar ezagutzeko zituzten modu eta bideak», azaldu du Mujikak.

Urteen joanarekin aldatu diren beste hainbat alor islatzen dira liburuan, eta horien gaineko hausnarketa egiteko parada eskaintzen da. Besteak beste, hainbat lekukotzak kuadrillaren garrantzia islatzen dute. Emakume zein gizon homosexualen kuadrillak «oso-oso heterogeneoak» izan ohi ziren, sufritzen zuten homofobiak elkartuta. «Nola uler daiteke bestela Neguriko [Getxo, Bizkaia] etxe on-on bateko semeak tabernan edo ohean Labe Garaietako langile batekin bat egitea?».

Azalarazi gabeko historia 
Hamaika dira liburuan modu batean edo bestean landutako gaiak: ideologia guztietan izandako aurreiritziak, eskuin zein ezker; seme-alaben homosexualitatea familian bizitzeko modua; hiesa; Eliza katolikoa... Horiek guztiak hamahiru pertsonak kontatuta. Lekukotzez gain, “Begirada ausartak” liburuak orduko egoera argitzeko giltzak ematen ditu. Aldartek eta EHGAMek nabarmendu dute oso gutxi ikertu dela genero nortasunagatik diktaduraren jazarpena jasan zuten emakume eta gizonen egoera. Are gehiago: aipatu arrazoiengatik atxilo hartu, askatasuna kendu eta jazarri zitzaizkien pertsonei buruzko daturik ez dago.

Ezkutuan geratu den historia hori are larriagoa izan da lesbianen kasuan. Liburuak atal berezia eskaintzen die emakumeak maitatu zituzten emakumeei; gogorarazten du haiek pairatu zuten jazarpena «zeharka» gertatu zela. Zapalkuntza hori familia, erlijio, eskola, hezkuntza eta psikiatren bidezkoa izan zela dio. Liburuaren egileak gizonezko eta emakumezko kopuru berbera elkarrizketatzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten lortu.

Testigantzak ez ezik, liburuak garai horretako testuingurua ere azaltzen du. Hain zuzen ere, frankismoak, egonkortzen hasi zenetik aurrera, sexu eta genero nortasun ezberdina zuten herritarren aurkako jazarpena gogortu zuen. 1954ko uztailean, homosexualitatea jazarri beharreko delituen zerrendan sartu zuen, Nagien eta Gaizkileen Aurkako Legea aldatuz; haren bidez, areagotu egin zen errepresio tresnek bioleta ezizenaz izendatu zituzten pertsonen aurkako jazarpena.

Liburuaren egileek gogorarazi dute Eliza katolikoak, akademiak eta medikuntzak babesa eman ziotela jazarpen hari. Elizak finkatu zituen, hein handian, aginte frankistaren oinarri ideologikoak. Nagien eta Gaizkileen Aurkako Legea aldatu baino urte bat lehenago, estatu frankistak eta Eliza katolikoak Konkordatua sinatu zuten; horren bitartez, diktadurak bere egin zuen Elizaren doktrina, baita familia eta homosexualitateari dagokionez ere.

Eremu zientifikora ere zabaldu zen jazarpena. Egileek gogora ekarri dituzte homosexualitatea gaixotasuntzat jo zuten zenbait «ikerketa zientifiko». Gregorio Marañon, Antonio Vallejo Najera eta beste zenbait mediku ospetsuk «gaitz» horren izaera «kriminal eta kutsakorra» argudiatu zuten, baita osatzeko proposamenak egin ere: antzutu, ebakuntzak egin, animalien guruin endokrinoak txertatu...

Franco diktadorea hil baino lehen zenbait arauren gogortasuna apaldu zen arren, homosexualei eta lesbianei jazarri zitzaizkien gerora ere. “Begirada ausartak” liburuak orduko borrokaren berri ematen du, baita egunera arte izan duen arrastoarena ere. Hala, hainbat lekukotza asmatutako izenekin sinatuta daude: erabateko onarpenik ezaren seinale. 

Jose Ignacio Sanchez · EHGAMeko kidea
«Hala eta guztiz ere, gureari eutsi genion»

«Garai gogorra izan zen, jazarpen handikoa. Ezin zenuen zeure burua homosexual gisa adierazi, baina, hala ere, elkartzen jarraitzen genuen». Jose Ignacio Sanchez (1946) “Begirada ausartak” liburua egiteko ideia izan zutenetako bat da, eta, aldi berean, bizipenak kontatzen dituztenetako bat.

«Bi aldiz jazarritako» pertsonez hitz egin du Sanchezek. «Batzuk jazarrita geunden diktadurarena ez zen pentsamendua genuelako, eta, aldi berean, pentsamendu horren barrukoen artean ere ezkutatu behar genuen gure sexu joera». Testuinguru hartan «tentu handiz» ibili behar zutela nabarmendu du Sanchezek. «Hala eta guztiz ere, gureari eutsi genion». Sexualitatea klandestinitatean bizitzeko prozesu hartan, «pasaportea zuenak» Miarritzera joateko aukera zuen.

Indarrean zegoen erregimenak zigortzen zuen sexualitate mota bat deskubritzeko prozesua «tentuz» gertatzen zela azaldu du. «Halako zerbait sentitzen dut, elkarri begiratzen diogu, txoko bat topatzen duzu, norbaitek esaten dizu billar bat dagoela non maritxuak biltzen diren... Maritxuak, noski, garai hartan “ga”y hitza asmatu gabe baitzegoen oraindik!». Inguru horietan begiraden kodeak ezagutzeko parada zegoela azaldu du.

Sexualitatea deskubritzean erreferentzia falta izaten zela zehaztu du Sanchezek, eta, horrenbestez, nork bere bidea hartzen zuela. «Gaur egun orientabideak emango dizkizuten hainbat leku daude, baina orduan...». Hutsune hori betetzeko kuadrilla egoten zela oroitarazi du. «Behin zer sentitzen genuen aitortuta, ezizenen txanda heltzen zen lagunen artean; ez genuen besteei buruz hitz egiten haien izenak erabiliz, ezizena baizik». Eremu horretan hitz egiteko askatasun handiagoa zutela esan du, eta handik lehen borroka mugimenduak sortzen hasi ziren.

Mugimenduak egonkortzen hasi zirenean «nahaste handia» izan zela azaldu du Sanchezek. «EHGAMen sorrera manifestua irakurri nuen, non eta frantziskotarren areto batean; babestu gintuzten. Ordea, unibertsitateko soziologia irakasle batekin hitz egitera joan nintzenean, hau bota zidan: 'Gure herriak behar duen azkena marikoiak askatzea da'».

Sanchezek azaldu du gizon homosexualen jazarpena handia izan zela baina emakumezko lesbianen gainekoa are gogorragoa izan zela. «Baztertuta geunden, baina gizonezkoak izaten jarraitzen genuen; ezkondutako lesbianen kopurua gizonezkoena baino askoz handiagoa da. Erabat zapalduta zeuden alor guztietan, are isilaraziagoak. Gizonok izorratuta egon ginen, baina emakumezkoak, askoz ere izorratuago».

Liburuaren egitasmoak aurrera egingo du, pertsona asko geratu baitira kanpoan. Sanchezek azaldu du hainbatek ez dutela beren istorioaren berri eman nahi izan, baina lekukotza horiek gordetzeko nahia berretsi du, inon argitaratuko ez diren arren. Norbanakoen istorio horiek guztiek isilarazitako iragan bat marrazten dutelako.

domingo, 30 de noviembre de 2014

#liburuak #historia | Begirada ausartak : gay eta lesbianen bizitza eta maitasun kontaketak franquismo eta trantsizioan Euskal Herrian

Begirada ausartak : gay eta lesbianen bizitza eta maitasun kontaketak franquismo eta trantsizioan Euskal Herrian / Inmaculada Mujika, José Ignacio Sánchez, Iñigo Bilbao, Amparo Villar ; jatorrizko asmoa, Aldarte y EHGAM ; laguntzaileak, Diputación Foral de Bizkaia y Gobierno Vasco
Aldarte ; EHGAM, Bilbao : 2014 [11]
145 or. : ir.

/ EUS / ENS / REC / SH / Open Access
/ Euskal Herria / Franquismo / Historia – Siglo XX / Liberación sexual / Memoria colectiva / Persecuciones políticas / Testimonios / Transición
TESTU OSOA | Aldarte
http://www.aldarte.org/comun/imagenes/documentos/BEGIRADAAUSARTAK.pdf

Lan honetan frankismoan jaio, hazi eta heldutasunera iritsi ziren emakume eta gizonen istorioak bildu ditugu. Hain gogo homosexualak debekatuta zeudela jakin arren, desioak bizitzaea lortu zutenen testigantzak. Lekukotasuna eskatu genienean, nola hazi ziren galdetu genien; nola asmatu zuten ohikoak ez ziren desio horiek sumatzen, nola egin zuten gogo horiek ezkutatu, eta bizitzeko; nola egiten zuten elkar ezagutu eta elkartzeko, zein lekutan batzen ziren eta zein hizkerak erabiltzen zituzten zer gertatzen zen besteak jabe ez zitezen. Horien guztien gainekoa zen gure jakin mina, eta horretaz galdetu genien garai haietan gizonak maitatu izan zituzten gizonei, eta emakumeak maitatu izan zituzten emakumezkoei. Haien ausardia ezagutu nahi genuen, horren garai zurrunetan zoriontsu izateko ausardia izan zutelako, eta “arauetatik at diren sexu gogoak” horren jazarpen bortitza sufritzen zuten une haietan gorputzari atsegin hartzen asmatu zutelako. Aitortu behar dugu zorte on-ona izan dugula, lekukotasun horiez gainera errepresio egoera hori gainditu eta gaur bizi dugun errealitatea lortzen ahalegindu, lan egin eta borrokatu zutenen testigantzak ere eskuratu baititugu. 

Aurkezpena
Oroitzapen historikoaren abiapuntua


2013an hasi ginen Aldarte (Gay, lesbiana eta transexualentzako arreta zentroa) eta EHGAM (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) elkarteko kideok franquismoan euren homosexualitatea bizi izan zuten gizon eta emakumeen lekukotasunak biltzen. Frankismoa aipatu dugun arren, ondo dakigu izitzaren gorabeherak ez direla epe historiko zurrunetara mugatzen eta hortaz, Oroitzapen Historikoa biltzeko ahalegin honetan diktadorea hil eta segidako urteetan jazotakoak ere bildu nahi izan ditugu.

Lan honetan frankismoan jaio, hazi eta heldutasunera iritsi ziren emakume eta gizonen istorioak bildu ditugu. Hain gogo homosexualak debekatuta zeudela jakin arren, desioak bizitzaea lortu zutenen testigantzak. Lekukotasuna eskatu genienean, nola hazi ziren galdetu genien; nola asmatu zuten ohikoak ez ziren desio horiek sumatzen, nola egin zuten gogo horiek ezkutatu, eta bizitzeko; nola egiten zuten elkar ezagutu eta elkartzeko, zein lekutan batzen ziren eta zein hizkerak erabiltzen zituzten zer gertatzen zen besteak jabe ez zitezen.

Horien guztien gainekoa zen gure jakin mina, eta horretaz galdetu genien garai haietan gizonak maitatu izan zituzten gizonei, eta emakumeak maitatu izan zituzten emakumezkoei. Haien ausardia ezagutu nahi genuen, horren garai zurrunetan zoriontsu izateko ausardia izan zutelako, eta “arauetatik at diren sexu gogoak” horren jazarpen bortitza sufritzen zuten une haietan gorputzari atsegin hartzen asmatu zutelako. Aitortu behar dugu zorte on-ona izan dugula, lekukotasun horiez gainera errepresio egoera hori gainditu eta gaur bizi dugun errealitatea lortzen ahalegindu, lan egin eta borrokatu zutenen testigantzak ere eskuratu baititugu.

Lan honetan 13 bizitza istorio aurkezten dizkizuegu. Horiei guztiei esker emakume eta gizon homosexualak nola bizi ziren ezagutzeko aukera izango dugu. Egoera hartan elkarri igarri, harremanetan jarri eta ezagutzeko begiradek eta keinuek izan zuten garrantzia ikasiko dugu. Ia hutsik gabeko garrantzia, alegia. Goitizenak zergatik eta zertarako erabiltzen zituzten ere bai; edo besteak aldera ekarri eta txortan egiteko baliatzen zituzten toki haiek, gaur egun galduta dauden komun eta zinemak, nola izendatzen zituzten; edo ezkutuko borroka politikoak nola uztartzen zituzten are ezkutuagoak zituzten sexu jarduerekin; edo, herri honetan preferentzia sexualak askatzeko sortutako mugimendu eta taldeak nola antolatu zituzten; edo, nolakoak zituzten baldintza latz horietan sortutako koadrilak; edo, gibhies gaixotasunak hasiera batean eragindako nahaste-borrastea, ezjakintasuna, beldurra, irain eta estigma, garai bateko “minbizi larrosari” lotutakoak, hain justu, nolako ondorioak izan zituen beraien egunerokotasunean; edo... horiek guztiak ezagutuko ditugu beraien lekukotasunari esker. Hitz bitan, egiaren gainetik, edo ondo-ondoan eraikitako beste egia horiek guztiak ezagutuko ditugu.

Ez daude diren guztiak
Bizitza istorio sorta hau osatzeko adin, jatorri eta kultur maila beretsuko gizon eta emakumeen testigantzak lortu ditugu. Beretsuak zera batzuetan, arras ezberdinak bestetsuetan. Gurea bezalako herri txikian, gainera, ez da harritzekoa bizipenak edo sentimenduak errepikatzea, honengan eta harengan. Elkarrizketak Bizkaia eta Gipuzkoan egin genituen 2013ko irailean hasi eta 2014ko otsaila bitartean. Jakin badakigu sorta honetan ez direla nahiko genituen guztien testigantzak ageri. Bilduma honetara ekarri ditugun istorioak apartekoak dira, horren testuinguru errepresiboan beraien sexu eta maitasun nahierak bizitzera ausartu zirenen lekukotasunak, alegia.

Eraberean badakigu oso zaila egiten zaiela emakume eta gizon askori, baita gaur egun ere, hainbeste eta hainbeste urtetan inposatu zitzaizkien isilpekoak agerian uztea. Tristea da lortutako garaipenak ukaezinak diren honetan pozik eta patxadaz bizi ezin direnak egotea, oraindik lotsagarriak zaielako barru-barruan dituzten sexu gogo eta desioak aintzat hartzea. Hori dela eta, urtetan eta urtetan beldurrak eta lotsak gainditzea eta no bere buruarekin lasai bizitzea izan izan zaielako, lan honetan haien bizipenak ezegutzera emateko ausartu direnen lekukotasunak bildu ditugu.Testigantzak jaso bezala eman ditugu, bakoitzaren modu eta mintzaera errespetatuz, nahiz eta grabatutakoak idazterakoan taxutu ditugun adierazitako guztiak ulergarri egiteko.

Horrekin batera esan behar dugu, aintzat hartu ditugula honen eta haren beldurrak, iraganaren gainekoak, baina baita etorkizunari lotutakoak ere. Horregatik, nork bere egoera besteok baino hobeto ezagutzen duelako, ez dugu inor egiazko izen-deitura esatera behartu, ez eta nor izan daitekeen iradoki dezakeen daturik ematera ere. Nahiago izan dugu beraien lekukotasunaren egia jaso, norena den egia hori argitara ematea baino. Beharbada irakurleari zaila egingo zaio batzuetan xehetasun zenbait ondo ulertzea, baina adierazitakoa esan bezala jasotzea ere beharrezkoa zen, batzuetan gramatikalki egokiena izan ez den arren, esaten dena bezain garrantzitsua izan ohi delako gauzak nola esaten diren, nola gertatu ziren ulertzeko.Istorio sorta hau osatzeko beraien testigantzak eta bizipenak ezagutzera eman diguten gizon eta emakume guztiei gure eskerrik zintzoena adierazi nahi diegu lerrootan, egin duten ahaleginagatik eta erakutsi duten bihotz-zabaltasunagatik.

Argitalpen honekin ez da ezer bukatzen
Idatzi hau egin dugunon asmoa zera izan da: gaiaren inguruan egin beharko den azterketa landuago, sakonago eta zabalagoaren abiapuntu izatea. Izan ere, auzia hainbeste jendearentzat horren larria eta mingarria izanik ere, uste dugu gizarteak ez diola oraindik heldu merezi duen sakontasun eta betetasunarekin. Hori dela eta, zabalik utzi nahi dugu bizitza istorio sorta honekin ireki dugun atea, landu dugun aro historiko horretan beraien sexualitatea ahal bezala baina osoki bizi izan zutenentzat, bai, baina baita bizirik irauteko bestelako bideak hartu zituztenentzat ere.

Lan honekin hasitakoa osatzea neketsua da oso, korapilatsua. Badakigu hori. Mikrofono aurrera bildu beharko ditugu orain arte barrua hustu ez duten hainbat eta hainbat gizon eta emakume. Askok ez dute hitz egin, beldur direlako edo ez dutelako nahi. Berdin dio, horien guztien lekukotasunak jaso beharko genituzke ez dadin urte haietan gertatutako guztia betirako ahaztu, iraganaren hautsak ezkutatuta. Baten batek pentsa dezake ez dela horrenbesterako jende horrek bizi izandakoa argitara ekartzea. Guk besterik diogu, huts barkaezina litzateke hori guztiori ahaztea. Zorretan gaude horren jazarpen bortitza sufritu zuten guztiekin, “ume, nerabe eta gazte zirela, izatea izan ez zuten guztiekin” beraien maitasun edo larru grinak ezkutuan, klandestinitantean, zurikerian edo ukaziorik bortitzenean bizitzera behartuta egon zirelako. Zorretan gaude haiekin guztiekin.

Hau ez da bakarkako lana izan, auzolanean egindako ahalegina baizik. Gay mugimenduan edo borroka lesbikoan konpromezua hartua dugun emakume eta gizonen esfortzua izan da: “haiek egin zituzten elkarrizketak, hark ordenagailura pasa, neronek jasotako guztiari itxura eman eta beste haiek idatzitakoa zuzendu zuten”. Alegia, hasiera hasietatik auzolanean oinarritutako ekimena izan da hau, taldean erabaki eta taldearentzat egina, taldearen inguruan ditugun guztientzako aberasgarri izango zelakoan.

Zergatik? Hau delako, duda izpirik gabe, herri honetako emakume eta gizon homosexualen oroitzapen kolektiborako mugarria. Iragana ezagutuz, oraina ulertu dezakegula uste dugu, eta geroari begira sexu askatasunaren aldeko jarrera eraginkorrak sustatu. Hori da ahalegin honen xede nagusia, homofobia eta lesbofobiaren kontrako borrokan baliagarri izatea, eta ez besterik. Gainera liburu honetan jasotako informazioa aberasgarria izango zaie neska eta mutil gazteei, honekin ikasiko baitute eurak direla iragan ikaragarri horren oinordeko zuzenak.

Bizipen lekukotasunak
Ia bi urte eman genituen testigantza guzti hauek jasotzen, grabatzen eta idazten. Ondoren horrekin guztiarekin zer egin erabaki behar izan genuen, nola egin beraien bizipenak horren zintzoki eskaini ziguten horien testigantzak modu xume baina era berean zehatz eta sentikorrean ezagutzera emateko.

Azkenean, grabatutako elkarrizketak “bizitza istorioen” bidez argitaratzea erabaki genuen. Pentsatu genuen hori zela modurik aproposena lekukotasuna eman zuten guztiek aipatutako ildo eta ardatzek (sexualitatea, errepresioa, familia, borroka eta homofobia, besteak beste) bakoitzaren egunerokotasunean izan zuten eragina argi eta garbi ezagutzeko. Ez hori bakarrik, bizitza historiei esker aukera izan dugu agerian uzteko gizarte indar eta egiturek gu guztion bizimoduan eragiten dituzten ondorioak ikasteko.

Bizitza istorioak ez dira bakarrik honen edo haren bizipenak, badira ere familia baten, herri baten edo ingurumari baten istorioak. Emakume eta gizon horiei entzunda ikusi, eta ikasi dugu une historiko zehatz horretan herriaren zati batek bizi, gozatu, sufritu eta, zergatik ez esan, ikasi zuena. Beraz, lan honen xedeak zehaztu ondoren –adierazgarriak izan zitezkeen lagunen testigantzak bilatzea, hain zuzen- haiekin guztiekin izan ginen, beraien lekukotasunak elkarrizketa bidez jaso genituen, ondoren informazio hori guztia sailkatu, eta amaitzeko istoriko guztiak alderatuz ondorioak atera genituen. Hori da lan honetan biltzen den ahalegina.

Beste begiradak
Bada antzezlan bat “Bere izena aipatzera ausartzen ez den maitasun”a goraipatzen duena, Oscar Wilde idazlearen “De Profundis” idazlanean oinarrituta. Erraietan iltzatutako sentimentuak aitortu eta izendatzearen inguruko beldurrak metafora egokia izan daitezke frankistek maitasun homosexualarekin egin nahi izan zutena ulertzeko. Gaitsezpenak baina, bestelako adierazpen eta harreman moduak ekarri zituen, sexu berekoak gogoko zituzten emakume eta gizonei bizirik iraun, maitatu eta txortan egitea ahalbidetu zizkietenak. Begiradak izan ziren eta dira elkar ezagutzeko bidea, ahozko harremana debekatua zuten une, toki eta garaietan. Horixe esan digute lekukotasuna eman diguten guzti-guztiek.

Ez dakigu begirada berezi horrekin jaio ziren edo egoerak hartaratuta ikasi behar izan zuten, baina bai begirada ausartak izan zirela ez zirelako begi horiek inoren zapalkuntzara makurtu. Sexu disidenteen begiratu horrek ez zuen aintzat hartuko moral, aginte, aurriritzi edo enparaurik. Bere izena aipatzera ausartzen ez den maitasunak ez bezala, begirada ausart haiek maitasuna zuten aldarri, larrua bizitzeko eta gozatzeko edozein aukera zuten zilegi, inori baimenik eskatu gabe. Begi haiek ez zioten men egiten ez kolore bateko zein besteko zurikeriari. Horrexegatik lan honekin gogora ekarri nahi ditugu, eta omendu, begidara ausart, garden eta likitsarekin Elizak, familiak, gizarteak eta botere orok inposatu nahi zieten ixilkeriari aurre egin zioten emakume eta gizon guztiak.

AURKIBIDEA
7 / Aurkezpena
15 / Bizitza istorioak
17 / Joaquín
22 / Gabriel
32 / Empar
46 / Mercedes
53 / José Ignacio
64 / Martín
72 / Txema
80 / Manuel
86 / Xabier
92 / Mikel
100 / Alberto
105 / Imanol
122 / Karmele
121 / Testuinguru historikoa
137 / Begirada ausartak: ondorio gisa

ESTEKAK
Web | Aldarte

http://www.aldarte.org/miradas-atrevidas/es/
>
IKUS-ENTZUNEZKOAK
Miradas atrevidas / Begirada ausartak
Aldarte | YouTube, 2014-12-16

http://youtu.be/t3JVDIS9kPw
>
DOKUMENTAZIOA
Oroitzapenak
Juanjo Olasagarre | Deia, 2014-12-20

http://www.deia.com/2014/12/20/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begira/oroitzapenak
“Begirada Ausartak” izeneko liburua eta dokumentala
Nontzeberri, 2014-12-17

http://www.nontzeberri.com/Albiste7.aspx?a=7728
Begirada haiek...

Aldartek eta EHGAMek frankismoa eta trantsizioa ezagutu zuten hamahiru gay eta lesbianaren lekukotzak bildu dituzte 'Begirada ausartak' liburuan, urteetan isilarazita egon den memoria historikoaren eremu bat oroitarazteko.
Jon Rejado | Berria, 2014-12-17
http://www.berria.eus/paperekoa/1856/010/001/2014-12-17/begirada_haiek.htm
>
DOCUMENTACIÓN
“Miradas atrevidas: historias de vida y amor lésbico y gay durante el franquismo y la transición en Euskadi”, un libro y un documental para recuperar la memoria histórica LGTB
Frías | Campus Diverso, 2014-12-20

http://diarium.usal.es/frias/2014/12/20/miradas-atrevidas-historias-de-vida-y-amor-lesbico-y-gay-durante-el-franquismo-y-la-transicion-en-euskadi-un-libro-y-un-documental-testimoniales/
Presentación del libro y del documental 'Miradas atrevidas'
El Correo, 2014-12-16

http://agenda.elcorreo.com/evento/miradas-atrevidas-452962.html