Mostrando entradas con la etiqueta Bekat'uros. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Bekat'uros. Mostrar todas las entradas

lunes, 14 de abril de 2025

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Bekaturos 3-k basabürüko hiribürüa koloreztatü dü

Bekat'uros 2025 Atarratzen //

Bekaturos 3-k basabürüko hiribürüa koloreztatü dü

Xiberoko Botza, 2025-04-14

https://xiberokobotza.org/berriak/kultura/5868-bekaturos-3-k-basabuerueko-hiribueruea-koloreztatue-due 

1000 pertsona beno haboro Atarratzen neskenegünean! Prefostak 3. urtearentako antolatü düe Bekaturos egünaldia. LGBTQIA+ komunitatearentako egünaldi bat da hau, eta erran behar da Eüskal Herri orotarik jente franko hüllantü da. Libertate aide bat senditü da Basabürüko hiribürüan, eta gizartean ezabarazirik diren dibertsitateak ikusi ahal üken dütügü. Bertso, dantza, musika, erakusketa, performantzia, orotarik ikusi da eta oro umore honean. Arrestitan igaran den karrika üngürüak ere animaleko arrakasta bildü dü. Batukada bat, zigante bat, baigorriko txanbelariak, karro bat… Gaüza andana bat baziren ikusteko eta horrentako adin orotako jente hullantü da. Gaüan ere ikusgarri eta kontzertüetaz gaudela surprisa zonbait agertü dira, Xiberotarrak taldeko kide zonbaitek kantore berri bat eman due, Itxaro Bordak olerki zonbait…

domingo, 13 de abril de 2025

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Atharratzen | Bekat’uros

Bekaturos 3-k basabürüko hiribürüa koloreztatü dü //

Atharratzen
Itxaro Borda | Berria, 2025-04-13

https://www.berria.eus/iritzia/bira/atharratzen_2140283_102.html

Zinez maite dut Atharratzen iratzartzea, bereziki zerua gris denean, euritear, ingurunea berde iluminatu batez distira dabilen bitartean. Hemen, naizen poeta txipilaren lilixkak irekitzen dira eta egiazkoa izan naitekeela sentitzen ahal dut. Basabürüako hiri nagusia bide gurutze batean altxatzen da Madalena mendiaren oinetan. Noranahi joan gaitezke Atharratzetik abiatuz, Espainialat adibidez, urtxo zuri haren hegaletan. Lurralde tragikoa dela iruditzen zait, neurri batean, Greziako Peloponesoko Argolida kaltzikoaren parekoa.

Bat-batean, Atharratzeko plazan nagoela, pala eta pilota eskuetan, urrats lasaian hurbiltzen ikusten ditut Bereterretxe, odoletan, Marisantz, hatsanka, Tzapelo, Xuburu eta Loustalot hiru bozetan kantari. Andozeko ibar luzea, Bosmendietako xendak eta Josafateko zelai baketsuak abandonatu dituzte ene ameslari linternaren argitzera etortzeko. Beraien epopeiak kontatuko ditudala badakite, bortüen arteko Itaka den Atharratze hau sekula moztu gabeko euskararen zilborra balitz bezala goraipatuz: hizkuntzaren ironia, musika eta harilkatze eliptikoa bihikatzen dira Atharratzeko itzalki kalakarien ezpainetan!

Bekat’uros

Ez da gehiago Euskal Herri barnealdeetan, iparraldean eta hegoaldean, duela mende erdia bezala bizitzen ahal, sexu norabide edo genero aldetikako ñabardurak nabaritzen direnean, arriskuan, gordeka, ahalke edo kanpora sexiliatu beharrez. Hainbat jendek, gizon eta emaztek, horrela jardun zuten denboran. Ez hain aspaldi, Dom Campistron artista gazteak ederki marraztu zituen mendeetako egikera uzkur horien lekukotasunak Bekatorosak bere liburu grafikoan.

Ordu da izenak eta izanak zehazki plazaratzeko. Ongi dator beraz, aurpegia ematerako bidean, bihar eta etzi Atharratzen egingo den Bekat’uros festibalak luzatzen digun gonbita. Goizeko hamaiketatik goiti, ekitaldi parrasta bat iragarria da, bazkaria eta taloak barne. Dena ez da perfektua prefosta, baina aitzin-iritziak, jujamenduak, zurrumurru letalen zidor ilunak baztertzen dira horrelako okasioetan, edonor, den bezala onartzen hasteko.

Onarpenak gero gelditzerik ez du. Elur birla baten antzera dabil, loditzen, handitzen, eragile bilakatzen, herri honetaz leku segurua eginez, bederak eta guziek egunerokotasun irusaz goza dezaten.

sábado, 12 de abril de 2025

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Borrokak batzen dituen urostasuna

Bekat'uros festibala kari antolatu duten harrotasunen karrika itzulia Atharratzen //

Borrokak batzen dituen urostasuna

Aurten hirugarren aldiz, ehunka jende bildu ditu Bekat'uros festibalak Atharratzen. Bazkaritik landa, harrotasunen karrika itzulia egin dute, eta kontzertuen aldia izan da gero.
Leire Casamajou Elkegarai | Berria, 2025-04-12
https://www.berria.eus/bizigiro/borrokak-batzen-dituen-urostasuna_2140405_102.html 

Atharratzeko (Zuberoa) karriketan bildu dira alde orotako bekatorosak, uros. Bedatseko lehen eki izpiek jantzi arinei eta ekitako begi-lagunei leku egin diete. Askatasun haize batek ere lekua hartu du, baina hotzik eragin gabe, berotasuna baizik, eta harrotasuna ere bai. Jadanik ehun bat pertsona hurbilduak ziren goizean, Prefosta elkarteak eta Altxalili kabareteko kideek hirugarrenez antolatu duten Bekat'uros egunera, «LGBTQIA+ komunitatea ospatzen duen egunera».

Aperitifa bukatu, eta bertso eta bingo bazkarira hurbildu dira denak. Trinketera sartzean, ezkerraldean ezarria zuten mahai puntan, Altxalilikoek leku hartu dute. Dom Campistron horietako bat da, eta kabaretaren kide izateaz beste, marrazkilaria ere bada. Duela lau urte orain, Bekatorosak liburu grafikoa argitaratu zuen: Nafarroa Behereko hainbat herri ttipitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa, eta horien lekukotasunak paperera ekarri. «Bekatorosak izena ene familiako batek atzeman zuen, LGBTQIA+ komunitateko pertsonak deskribatzeko: anitz maitatu nuen Elizari egiten dion erreferentzia, biziki zuzena atzeman nuen». Geroztik, Prefosta elkarteak bereganatu du, urteroko hitzordua bilakatu den festibalaren izendatzeko. «Biziki polita atzematen dut jendeak bereganatzen dituelarik gauzak. Gainera, holako egun batean hainbertze bekat'uros ikustea biziki hunkigarria da».

Hitz jokoa sorturik, delako bekatu horretan bizi omen direnei uros izateko tokia eskaini diete Atharratzen. Guneak berak erronka dakar, ez baita hiri handia, herri ttipia baizik; holako eremuetan, usu, zaila izan daiteke nork bere sexu norabidea edo generoaren ñabardurak asumitzea. Basandereak taldearekin karrika itzulian parte hartzera jinak diren Xaxi eta Joana Erdozaintzi Etxartek hala uste dute: «Barnealdean ez da irudirik, ez da erreferentziarik. Ez dugu usaia holako egunik ukaitea. Oztibartarrak gara, eta biziki lotuak gure lurraldeari, baina barnealdean ere garapena ezinbestekoa da». Garapenaren bidez, irekidura.
«Arrazoi anitzengatik etorri da jendea: batzuk bertakoak direlako, beste batzuk beren identitate sexualagatik, beste batzuk hizkuntzagatik, eta hori oso polita da» -- Ibon, Bekat'urosera lehentze etorritakoa
Campistron ere barnealdekoa da, Baigorrikoa (Nafarroa Beherea). «Izugarri inportantea da queer izate hori baserrira ekartzea, laborantza munduari lotzea... Gero, ez da klixeetan sartu behar: ez da egia hirietan bizi baitzara ez duzula homofobiarik jasanen».

Euskaldun eta disidente
«Hotz handia egin zuen edizioaz» oroitu dira Manex eta Kepa; Arrasatekoa eta Zarauzkoa (Gipuzkoa) dira, hurrenez hurren. Hirugarren aldiz antolatu dute festibala, eta hirugarren aldiz bertaratu dira. Aurten beste lagun bat ere ekarri dute, Ibon, Urnietakoa (Gipuzkoa). «Publizitate ona egin zidaten, eta dena egia zela konturatu naiz».

Hegoaldetik jinak dira, beraz, Atharratzeraino, «batzen direlako euskaldun izate hori eta bazterreko disidenteak izatearen hori». Bekat'uros besta egiazko topagune bezala definitu dute, kontsideratzen baitute egun horrek zinez modua ematen diela gorpuzten dituzten bi borrokak batera eramateko. Funtsean, izate anitz bildu ditu Bekat'urosek: «Arrazoi anitzengatik etorri da jendea: batzuk bertakoak direlako, beste batzuk beren identitate sexualagatik, beste batzuk hizkuntzagatik, eta hori oso polita da».

Campistron ere ados da horrekin: «Erakusten dugu zein indartsuak garen, zein ederrak garen. Biziki beldurgarria da nora doan gure mundua; hor badugu xantza holako egun baten ospatzeko elkarrekin... Argiki borrokatzen gara, eta behar lirateke holako gertakari gehiago ikusi».

Arratsaldea heltzearekin, ehunka pertsona ibili dira Atharratzen, harrotasunen karrika itzuliaren erritmora. Gauean Altxalili taldeak kabareta emango du, eta musika taldeak eszenatokira iraganen dira gero, eta jendetzaren urostasuna eragin, segur aski.

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Denetariko identitate eta orientazioak aldarrikatuko ditu asteburu honetan Bekat'urosek

Bekat'uros, aurten ere, kolorez beteriko ospakizuna bilakatu da //

Denetariko identitate eta orientazioak aldarrikatuko ditu asteburu honetan Bekat'urosek

Aniztasun sexuala eta harrotasuna argitan ezartzeko, LGBTQIA+ komunitateak «euskaraz eta segurtasunean» ospatuko du Bekat'uros eguna, apirilaren 12 honetan, Atharratzen.
Irati Esparza-Guimon | Kazeta, 2025-04-12
https://www.kazeta.eus/eu/info_kz/20250412/denetariko-identitate-eta-orientazioak-ospatuko-ditu-asteburu-honetan-bekat-urosek 

«Euskal kultura eta LGBTQIA+ komunitatearen kultura lotzea» hastapeneko izpiritua biziaraziko du aurtengoan ere Bekat'urosek, bere hirugarren ediziora antolaturik.

Apirilaren 12 honetan, «luzaz itzalpean egon den borroka» plazara jalgi eginen du Atharratzen.

Inexa Decung Prefosta elkarteko kidea eta Bekatu'roseko antolatzaileetako bat da. KAZETAri azaldu dionez, «pixkanaka pixkanaka egonkortzen joan den egunaldia bilakatu da Bekat'uros». Bere hitzetan, «jendeak ikusi du zer den eta ohartu gira, azkenean, jende ainitz hunkitu sentitzen direla, izan LGBTQIA+ komunitateko edo hetero/cis diren pertsonak».

«Emazteen borroka aipatzen dugun bezala, usu LGBT komunitateko jendeari utzi diogun borroka hau denen borroka dela erakutsi dugu: aliatuak gira eta sustengua ekarri nahi dugu», azpimarratu du Prefosta elkarteko kideak. «Bakoitzak bere identitatea nahi duen bezala, askatasunez bizitzeko eskubidea duela deneri mintzo den mezu bat da» nabarmendu du Decungek.

Trans identitateari buruz informazio eskasia
Joan den urtean elkarteko kideak konturatu ziren trans identitateari buruz informazio guti zuela jendeak, «ez zela bortxaz zerbait aipatzen zena eta ulertzen zena». Horregatik, aurten, «Bekat'uros egonaldi eta bestatik haratago joateko eta gogoeta sustatzeko», gaualdi batzuk proposatu ditu elkarteak, Xiberoako beste elkarte batzuekin elkarlanean. Horietara «jende ainitz hurbildu» baita kontent agertu da egunaren antolatzailea, «pixkanaka euskal komunitatea gai horietaz ohartzen ari» delakoan.

Egitaraua
Iazko bigarren edizioari begira «kontent», aurten ere harrotasunaren martxa eginen da Atharratzeko karriketan zehar. Aperitifa (11:30) eta bertso bingo bazkaria (12:00) izanen dira aitzinetik. Arratsaldeko 16:30ean abiatuko da martxa, Basandere izenpean biltzen diren Oztibarreko emazte joaldunen laguntzarekin.

Eguna borobiltzeko, hainbat kontzertu eta ikuskizun izanen dira. Afixan, Gauak, Amorru Pneumatikoa, Albina Stardust, Txartxaranga, Mairü eta DJ Petra Komet. Gauean, ‘food-truck’ gisakoak emanen dituzte, bertan afaldu ahal izateko.

Biharamunean, apirilaren 13an, ‘brunch-performance’ bat izanen da Anouchka Oler-Nussbaumen eskutik, Artetxen. Parte hartzeko izen emateak beharrezkoak dira. […]

Erasoak
Joan den urtean, besta eguna honentatik hilabete batzuetara, pintada batzuk agertu ziren Prefosta elkartearen paretetan. «Espero dugu ez dela berriz horrelakorik gertatuko, noski, baina badakigu egiten duguna ez dela denen gustokoa, eta zerbait desberdina ekartzen dugularik plazara, kontra direnak agertzen direla», adierazi du Decungek.

Azpimarratu duenez, «eskubide ainitz gibelatzen ari dira eta faxismoaren gorakada handia bizi dugu, beraz, posible da gertatzea. Baina gure aldetik, uste dut ongi erantzun genuela iaz eta jende askok eman zigun bere sustengua».

viernes, 5 de abril de 2024

#hemeroteka #lgtbi | Bekat’uros egunak Atharratzeko karrikara «genero disidentzia» eramanen du aurten

Altxalili kolektiboko artistak, iragan ekainean, Irisarrin, Euskal Herria Zuzenean festibalean //

Bekat’uros egunak Atharratzeko karrikara «genero disidentzia» eramanen du aurten

Bigarren aldiz eginen dute Bekat’uros eguna Atharratzen, apirilaren 20an. Egitarauan, aurten, harrotasunaren karrika itzulia eginen dute. Ondotik, iragan urtean bezala, kontzertuak eta ikuskizuak izanen dira.
Joanes Etxebarria | Berria, 2024-04-05
https://www.berria.eus/lurraldeak/ipar-euskal-herria/bekaturos-egunak-atharratzeko-karrikara-genero-disidentzia-eramanen-du-aurten_2123121_102.html 

Joan den urte hastapenean bi bide abiatu ziren Atharratzeko Prefosta ostatuan, paraleloki: Bekat’uros eguna, LGBTQIA+ kolektiboaren besta eguna, eta, haren barnean, ‘Altxalili Show’ ikuskizuna, barnealdeko artista euskaldunen kabaret emanaldia. Altxalilik bide egin du geroztik, ezker-eskuin ibili baitira ikuskizuna ematen. Bekat’uros, berriz, apirilaren 20an izanen da, bigarrenez, bertsio handiago batean; Atharratzeko bidea moztuko dute, herriko etxearen laguntzarekin, eta harrotasuna eta «genero disidentzia» plazara aterako dituzte.

Prefosta elkartean «emulazio» bat izan zen iragan urteko Bekat’uros egunetik landa, Jüje Thiryren arabera. Prefosta eta Altxaliliko kide da, nahiz azkenaldian Prefostan baino gehiago Altxalilin aritu den. Atharratzeko elkarteko kideak «izugarri motibatuak ziren iragan urtean ere, baina aurten izugarriko lana egin dute, Prefostakoak zinez antolaketaren motorrak izan dira», Thiryren ustez.

Lehen edizioa ere elkarlanean antolatu zuten Prefostak eta Altxalilik. Artista kolektiboak ere, geroztik, bide egin du. LoverDose festibala Baionan, EHZ, Elizondo... kabaretarekin hainbat emanaldi eman dituzte, eta ukan duten arrakastarekin harrituak izan dira, Thiryk dioenez: «Gaindituak izan gara; ontsa, baina gaindituak. Ez genuen batere espero halako ondorioa ukaitea». Aurtengo ere, sei emanaldi pentsatuak dituzte. Bekat’uros egunekoa ere desberdina izanen dela iragarri dute, ikusgarria «aldi oroz aldatzen» baitute.

Harrotasuna karrikara

2023ko Bekat’uros egunak jende anitz erakarri zuen. Horien artean, Thiryk oroitzen duenez, ez zen beti argi «batzuk kuriositatez jin zirenetz, beren burua galdezkatzen zutelako edo justu besta egiteko jin zirenetz». Aurten, aldiz, diferentzia handi bat ikusten du antolatzaileak, bereziki karrika itzulia eginen dutelako: «Nahi genuen harroki erran karrika gurea dela. Karrika genero disidentzien eskubidea ere bada, karrika espazio segurua izan behar da». Horregatik, espazioa «okupatuko» dute.

Estres puntu bat sortzen duela ez du ezkutatzen Thiryk, zeren LGBTQIA+ kolektiboarentzat aldaketak ez dira hein berekoak bazter orotan: «Atzematen dut gauzak ari direla aldatzen denetan, eta zerendako ez dira aldatzen ahal Zuberoan ere?». Lexantzükoa da Thiry, eta Zuberoan ikusten duen «tradizionalismo eta kontserbadurismo handiaz» badu gogoeta eginik: «Baditu bere alde onak. Baina baditu bere pisuak ere, eskizofreniak, askatasunaren kontrako gauzak». Harentzat, «ez da gutxi» auzapezaren eta kontseilari batzuen sostenguarekin karrika itzulia egitea.

Sohütako ikastolak ere, Thiryk jakinarazi duenez, urte osoan generoaren inguruko lanketa eginen du, eta baikor izateko beste arrazoi bat da: «Bekat’urosek eragin ttipi bat ukan du, menturaz, hezkuntzan». Harro izateko arrazoia ikusten du horretan, helburua gaia «plazaratzea» baitzen hastapen batean. Oroitarazi du «jende anitzek Euskal Herritik ihes» egin duela «haien sexualitatea bizitzeko», eta jende anitz ez direla «oraino horretaz kontziente» ere. Agerian izatea zaio lehen urratsa, eta karrika hartzea «urrats bat haboro» da Altxaliliko kidearentzat.

Horretarako usaiarik ez badu ere, Thiry harremanak sortzeko baliatzen diren sare sozialetan sartu eta ohartu zen bazirela bere inguruan profil anitz, argazkirik gabeak: «Non dira Zuberoako LGBTak? Esperientzia eginez ohartu naiz ene inguruan bazirela paketa. Existitzen dira, baina ez dira armariotik atera», argitu du. Urratsez urrats, aitzinatzeko manera ikusten du: «Lehen urratsa izan zen gaia plazaratzea. Aurtengo urratsa izanen da jendea jinaraztea publikoki gurekin, eta ez da guti».

Egitarau aberatsa
Karrika hetsia izanen da egunak beste dimentsio bat ukan dezan. Iragan urteko arrakastaz oharturik, kontzertuak merkatu estalian eginen dira, eta berriz ere Prefostaren egoitza, bere frontoi eta ostatu, bestaren erdigunean izanen dira. Iaz ez bezala, aurten aparkalekuak ezarriko dituzte, berriz ere Euskal Herri osotik jendea agertzea espero baitute.

Eguna aperitifarekin hasiko da, 11:30ean, eta bazkariak «Bertso Bingo» aire bat ukanen du Miren Artetxe eta Aner Euzkitze bertsolariekin. 16:30ean harrotasunaren karrika itzulia eginen dute, eta iluntzean izanen dira ikuskizun eta kontzertuak: Hor Hor, Mejillon Tigre, ‘Altxalili Show’, Ginger, DJ Linda DeMorrir eta DJ Virgin Mari.

Antolaketa iragan urtekoa baino inportanteagoa izanik, Prefosta elkartea laguntzaile gehiago xerkatzen ari da lan txanda desberdinetan laguntzeko. Parte hartu nahi duenak bi bide ditu bere burua ezagutarazteko, @prefosta kontuko sare sozialen bidez ala posta helbidera idatziz: prefosta.elkartea@gmail.com.