Mostrando entradas con la etiqueta Jokin Azpiazu. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Jokin Azpiazu. Mostrar todas las entradas

domingo, 25 de febrero de 2024

#hemeroteka #emakumeak | Jesusi Etxeberria 'Punkaren beste aldea' filmean

Jesusi Etxeberria 'Punkaren beste aldea' filmean //

Zer egin dezakeen espazio batek
Jokin Azpiazu | Berria, 2024-02-25

https://www.berria.eus/kultura/zer-egin-dezakeen-espazio-batek_2120946_102.html

Nire lantokia den Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko ikasle eta irakasle askoren intereseko gaia da errepresentazioarena: nola agertzen diren emakumeak pelikuletan, zein diren erreferenteak musika munduan komunitate batentzat ala bestearentzat... Normalean honako eskeman oinarritzen da analisia: produktu kulturalek, esaterako, pelikula, disko edo liburuek, errealitatearen errepresentazio zehatza egiten dute, identitate batzuk ikusgarri eginez eta, ondorioz, beste batzuk ikusgaitz. Gizakiarentzat ezinbestekoa da bere burua kulturan eta mundu sinbolikoan islatua ikustea eta, beraz, hori gertatzen ez denean, ala isla distortsionatua edo arbuiozkoa jasotzen duenean, gizakia (eta gizataldeak) kaltetuak suertatzen dira. Baina eskema horrek komunikazio masiboaren mekanismoa erreproduzitzen du, zeinetan produktu kulturalak eta hartzaileak errepresentazio sinbolikoaren bidez soilik ‘ukitzen’ duten elkar, eta kulturaren alderdi material eta ekonomiko guztia nolabait lausotu egiten da analisiotan. Pentsa liteke gizatalde baten errealitatea (emakumeena, LGTB* jendeona, euskaldunona) medio kulturaletan egoki errepresentatzen denean prozesu atzeraezina hasten duela talde horrek askapenerantz. Ez nuke esango hala denik. Gizataldeon errealitatearen zati bat besterik ez da errepresentazio sinbolikoarena, eta hor gertatzen diren aldaketek, eragina izan arren, ez dute errealitate osoan eragiteko gaitasunik. Jendearen bizi-egoerak eraldatzea hori baino askoz gehiago da.

Musikaren esparruan dokumental, solasaldi eta liburu dezente eskaini dizkiogu gai horri, bereziki feminismotik eta LGTB* kolektibotik, eta askotan denak hartzen du dokumental yanki baten tonua. Badakizue, iparramerikarrak horretarako jaio ziren eta horren zain bizi dira, norbaitek haiei dagokien gairen bat darabilen dokumentala noiz egingo, eta horra haien aukera, kontatzeko haientzat musika egiterakoan erabakigarria izan zela halako edo halako artista telebistan ikustea.

Oso bestelako ikuspegia sumatu nuen, askoz osatuagoa, pasa den astean ‘Punkaren beste aldea’ dokumental-erreportaje laburra ikustean. Ez halabeharrez filma oso analitikoa delako, ez baita hala eta ez baitu izan beharrik ere. Pelikulak Jesusi Etxeberriaren istorioa kontatzen du, eta ondo kontatu ere. Arrasateko musika irakaslea da, jada erretiroa hartua duena baina musikaren saltsan interesa mantendu duena. Urte luzetan bere musika eskola txikian aritu izan da, pianoa eta solfeoa irakasten, baina baita gitarra elektrikoa eta baxua ere. Errealitateak berak bultzatu zuen instrumentu horiek irakasteko erabakia hartzera; izan ere, ikasle askok nahi zituzten tresna horiek jo, punk taldeetan jotzeko gogoa eta ilusioa zutelako gazte-gaztetatik. Jesusik instrumentuok jotzen ikasi zuen, eta gazteek ekartzen zizkioten proposamen musikalak aztertzen zituen, abestiak ikasi eta partiturak sortu, ondoren haiekin lantzeko. Horrela ikasi zituzten gazte askok The Clash, RIP edo Vulpessen kantuak. Askok eta askok musika taldeak sortu zituzten eta oraindik ere badabiltza han eta hemen.

Haietarikoak dira Perlata taldekoak, hain zuzen ere dokumentalaren proiektua martxan jarri zutenak. Ilusio handia egin dit talde batek beste disko baten ordez pelikula labur bat egitea erabaki izanak, eta energia eta denbora horri dedikatzeak, bai horixe. Bukaeran abesti bat egin diote Jesusiri, omenaldi modura, eta hor argi diote, bere musika eskola, etxe azpiko sotokoa, ez zela espazio bat soilik, zerbait gehiago zela. Gehituko nuke espazioak beti direla espazio bat baino gehiago. Ez dakigu inoiz zer egin dezakeen espazio batek harik eta gauzak gertatzen diren arte eta, kasu honetan, argi dago espazio horrek ez zuela Arrasateko punka sortu, baina bere inguruan garatu zen ekosistemak ate berriak ireki eta herriaren alderdi hori eraldatu zuela ezin da ukatu.

Erreferente bat al zen Jesusi? Sarreran aipatu dugun ikuspegitik, argi eta garbi, ez. Dokumentalaren kartelak ondo dioen moduan, herriko punkaren itzaletako señora bat da. Inork ez du musikari izatea erabaki, ziur asko, hura kalean edo agertokian ikustearen ondorioz. Tentazioa da hemen esatea ‘hala ere’ bere eragina handia izan dela. Atrebentziaz esango dut ‘horregatik’ izan dela bere eragina handia. Leku bat eman zielako askori, ikasi eta jarduteko. Jakin gabe leku horrek zer egin zezakeen, eta, hala ere, egin behar zuelako ziurtasunaz. Espazio bat ireki zuelako, eta ez irudi bat. Eta espazioa beti da irudia baino gehiago, espazio soila baino gehiago den modu berean.

domingo, 21 de enero de 2018

#hemeroteka #maskulinitatea | Jokin Azpiazu Carballo: "Lehenago egingo die uko bere pribilegioei klase burgesak, gizonok baino"

Irudia: Argia / Jokin Azpiazu Carballo
Jokin Azpiazu Carballo: "Lehenago egingo die uko bere pribilegioei klase burgesak, gizonok baino".
Z. Oleaga | Argia, 2018-01-21
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/jokin-azpiazu-carballo

Bakoitzak nondik hitz egiten duen adieraztea garrantzitsutzat du Jokin Azpiazu Carballok. Bera, akademian, kalean, tabernetan bizitutako hausnarketa eta ekintzetatik ari da. Feminismoekin, LGTB+/queer mugimenduekin eta gizon taldeekin garatutako harreman eta militantzietatik. Maskulinitateari pribilegioetatik eta boteretik heltzea proposatzen du ‘Masculinidades y Feminismo’ liburuan [hemen PDFan irakurgai].

Zerk bultzatuta idatzi duzu liburua? Nori dago zuzendua eta zer nahiko zenuke sortzea bere irakurketak?
Liburuaren helburua ez da edozeinek irakurtzea. Saiatu gara larregi akademikoa izan ez zedin, hausnarketaren konplexutasuna ezkutatu gabe aldi berean. Asmoa da gai horren inguruan bueltaka ibili den jendeak izan dezala tresna bat gehiago. Erosotasunez irakurriko dena ulergarritasun aldetik, baina deserosotasuna ere sortu nahi duena aldi berean. Kariñoz, beti ere. Orduan, bai, segur aski gehiago dago zuzendua feminismoan interesa agertzen duten gizonei, feminismoan aritzen diren emakume eta genero ez bitarretako pertsonei, eta oro har eraldaketa sozialarekin lotuta dagoen pertsonei. Ez dago “guztiontzako maskulinitateak” klabean idatzia.

Zein da liburuaren marko politikoa? Gizonak klase soziala garela esan duzu inoiz.
Oso baieztapen potoloa eta borobila da. Beraz, ez guztiz egia, ezta guztiz gezurra ere. Azken urteetako joera bati buelta emateko baliatu nahi izan dut. Gizontasunaren diskurtsoa asko zentratzen ari da identitatearen inguruan. Eraldatu daitekeena, eraldatzen ari dena eta abar. Maskulinitatea niretzako ez da horrenbeste ni definitzen nauen zerbait identitate ikuspegitik, baizik eta nire botere posizioa markatzen duen zerbait. Eta horrek nire identitatea markatu dezake. Baina abiapuntua ez nuen identitatean jarri nahi, boterean baizik.

Behin irakurri nizun “apenas dago historian, bere pribilegioei boluntarioki uko egin dionik”. Ba al dago inongo arrazoirik pentsatzeko gizonezkook salbuespen izan gaitezkeenik?
Izatekotan, kontrakoa. Motibo gehiago dauzkat nik pentsatzeko klase burgesak uko egingo diela bere pribilegioei, gizonezkook baino. Hara zer esaten dizudan. Oso une politiko xelebrera heltzen ari gara, badirudi posizio ezberdinetatik pribilegioen aitortza egiten dugula: “Badakit pribilegiatua naizela zuria izateagatik, gizona izateagatik, tar tar tar”. Horrekin soilik ez goaz inora, ez badugu neurri zehatzik hartzen. Mugimendu feministak proposatzen dituen neurriak entzun behar ditugu, eta gure egin.

Geure burua ezkertiartzat dugun gizonok, ezberdinak ote?
Ezkerreko mugimenduek historia eta genealogia jakin bat dute. Esaterako, biktimizazioaren ideia oinarrizkoa da: elkartzen gara zapalkuntza bat pairatzen dugulako eta buelta eman nahi diogulako. Biktimaren paperarekin identifikatzen gara. Azken hamarkadetan bizitza konplikatu zaigu. Feminismoetatik edo begirada dekolonialetatik, adibidez, planteatu digutelako ez dela hain argia dimentsio orotan eta uneoro biktima bezala aurkezte hori. Gizonezkook ezkerreko mugimenduetan botere harremanak onartzeko ditugun erresistentziak, gure posizio zentral pribilegiatutik eratortzen dira. Zerbaitek gure biktima papera auzitan jartzea ez zaigu gustatzen, ez diogu heldu nahi.

Euskal Herrian, maskulinitatea landu nahi duten gizon taldeak ugaritu egin dira. Ze iritzi duzu haietaz?
Oso zaila da iritzi zehatz bat izatea hain anitza eta zabala den errealitate baten inguruan. Pena da, baina konstantzia gehien agertzen duten mugimenduak instituzioei lotutakoak dira. Talde autonomoak, Gaztetxeen bueltan sortutakoak, ezkerreko mugimendu edota alderdietan jaio direnak lan jarraitu baterako zailtasun gehiago erakutsi dute. Puntatik puntarako proposamenak daude, eta batzuk interesgarriagoak egiten zaizkit beste batzuk baino. Batetik, oso barnera begira aritzen direnak. Introspekzio lan ia psikologikoa eginez gizontasunaren mandatuen bila, horiek deseraikitzeko. Bestetik, nolabait esparru kolektiboan gehiago eragiteko motibazio dutenak. Ulertzen dut oraindik ez dagoela oreka handirik bi polo horien artean. Idealena guztira ailegatzea litzateke: ez egitea proposamen politikorik gorputzetik pasatzen ez direnik, eta ez saiatzea gorputzean politikak egiten kalera ateratzeko potentzialitaterik ez badute.

Matxismoa eta patriarkatua borrokatu nahi duen gizonezkoak, ze harreman bilatu beharko luke feminismoarekin? Feminismoaren kanpo begirada kritikoa ezinbestekoa dela diozu liburuan.
Harreman konplexua bilatu beharko luke. Nik uste konplexutasunean sekretu dezente daudela. Eta, aldi berean, konplexutasunak ezin gaituela paralisira eraman. Askotan gertatzen baita. Geure buruei galdetu behar diogu zer esaten digun feminismoak, pertsonalki eta kolektiboki. Irakurri behar da, baina ez da nahikoa. Feminismoa gorputzetatik pasatzen da; proposamen politiko bat da; mugimendu bat da. Hiru dimentsio botatzearren. Zeri heldu behar diogu? Bada, ziurrenik, horri guztiari. Horrek gabezi etengabean kokatzen gaitu, egoera dena izanda, gehiago behar delako denetan. Eta gabezi hori ez da txarra, motorra izan daiteke.

Azkenaldian herri mugimenduetan eta bere espazioetan eraso matxisten azaleratzea biderkatu egin da. Zer jarrera izaten ari gara gizonok?
Hasteko, susto handia eragiten digute. Nahiz eta feminismoak askotan seinalatu gai hori, asko eta asko gara oraindik ez dugunok sinetsi nahi gure espazioetan horrelakoak gertatzen direnik. Zer egiten dugu sustoaren aurrean? Nik bi jarrera nagusi identifikatzen ditut. Bata, ukapena da. Eskuak zabal-zabal txalotzen genituen politika feministak zenbateraino ulertzen genituen adierazten digu. Desmaskaratzen ditu, baita ere, nola dauden gizonon arteko konplizitateak ezkerreko esparruan, isiltasunean eta elkar babestean oinarrituta. Txanpon horren beste aldea berehala labanak zorroztea da, gizon askok egiten duguna. Berehalakotasunean eta kondena paradigman erortzen gara orduan. Hor gizonak nahiko abilak izaten ari gara, ulertaraziz erasoak beste batzuek egiten dituztela eta ez guk. Era arriskutsuan ezkutatuz arazo honek zenbat duen egiturazkotik, eta zer gertatzen den gure egituretan hori posible izan dadin. Azkar esanda: gure kolektiboko gizon batek eraso egiten duenean, eta gurutziltzatzea posible egiten duten ezaugarri batzuk baldin baditu, lintxamendura apuntatzen gara. Pertsona hori oso enblematikoa denean, oso kamarada denean, ez dugu horrelakorik egiten.

Gizon bat bi urtetan beste pertsona bat erasotzen egon bada, galdera ezin da izan soilik tipoa nongo mastatik eskegiko dugun. Baizik eta nola den posible ezkerreko mugimendu batean gai horiek lantzeko espaziorik ireki ez izana. Arduradunak gara ez soilik erasoak daudenean horiei aurre egiteko, baizik eta horrelakorik gerta ez dadin baldintzak sortzeko. Baldintza horiek ez daude, gaur egun, herri mugimenduetan.

Feminismo batzuek intersekzionalitatearen alde egin dute. Maskulinitatea auzitan jartzeak intersekzionalitatea ere eskatzen du?
Bai bai, ezinbestekoa da, zalantzarik gabe. Aldi berean, kontuz. Joera bitxi bat dagoelako, konplexutasunean murgiltzearen murgiltzeaz paralisian geratzeko. New age olatuak edo postmodernoak beldurra ere ematen dit. Begirada intersekzionala izatea ez da uneoro dena kontuan izatea, baizik eta dena jokoan dagoela abiapuntu izanik eraldaketarako azterketa konkretuak egitea. Esaterako, iruditzen zait eskola esparruan ezin dela hitz egin maskulinitateaz arrazari heldu gabe, jende gazte askoren diskurtsoa delako pertsona batzuk potentzialki matxistak direla euren jatorriagatik eta hori desmuntatzeko ezinbestekoa da arrazakeria mahai gainean jartzea. Edo herri mugimenduen esparruan nazio ikuspegia kontutan hartu gabe, ziurrenik. Begira Iruñean gertatutakoa: zer erraza zaigun, batzuetan, bortxatzaileak kanpotik etorritako guardia zibil eta militarrak direla esanez, ardurak astintzea.

Zein gizon mota ari da maskulinitatearen inguruan antolatzen?
Mugimendu sozialetan antolatzen diren pertsonak ez dira beti lantzen duten errealitatearen ordezkari fidelenak. Gizonen mugimenduaren historian hori ere errepikatzen da. Hausnarketa maila dezenteko batetik datorren jendea aurkitzen da, adinekoa, ekonomikoki eroso gaudenak. Oso mugimendu zuria eta heterosexuala da.

Oso heterosexuala da, ere, aukeratutako gaitegia oso heteroa delako. Aitatasuna, etxeko lanen banaketa, emakumeen aurkako bortizkeria... Horrek ez du esan nahi besteok ez dugunik zerikusirik horrekin guztiarekin, noski. Ez dut ezagutzen inork bultzatu duenik gizonekin harremanak ditugun gizonoi begirako indarkeriaren inguruko kuestionatzerik, eta beharrezkoa da, gertatzen delako, bai gure bikoteen aurka zein emakumeen aurka. Gizonen mugimenduak LGTB+ mugimenduarekiko erakutsi duen interesa eskasa den seinale.

Deserosotasun produktiboa proposatzen duzu.
Gizonok gai hauen inguruan aritzeko espazioak behar ditugu. Behin sortuta, ezin gara irten horrelako eztabaida batetik sartu garena baino erosoago. Jarrera eta posizio hauen berrikuspena sakona izan dadin espazio ziur, lasai eta konfiantzazkoak behar ditugun modu berean, ezin gara mugatu espazio horiek eroso eta lasaiak izateko premisa hutsera. Praktikatzen dugun pedagogia berrikusi behar dugu. Pentsatzeko ea benetan irribarretik edo adeitasunetik egiten den pedagogia den soilik erabilgarria. Edo posible dugun pedagogia eta autopedagogia egitea pasako dena minetatik, gure botere posiziotik, deserosotasunetik, galeratik...

Gizontasun mugimenduek gehiegi azpimarratzen dute sistemaren biktima papera?
Egia esan zalantza asko ditut honekin. Klaro, nire pentsamendua beti izan da anarkismo erradikaletik erreformismora igarobidean egotea, niretzako bi tokiak habitatzea garrantzitsua delako. Uste dut beharrezkoa dela gizonoi aldaketa desiragarri, interesgarri egingo diguten elementu batzuk agertzea. Baina beldurra ematen dit non buka dezakeen horrek. Adibidez, eskoletan sexismoari eta homofobiari begira garatzen diren politika horietan, mutilek esan ohi dute oso gustura aurkitzen direla. Guztiak gustura daudela esaten badute, baina ez badu inork esaten norbera erasotzailea denik, esaterako, zerbait edo norbait ezkutuan geratzen ari delakoan nago. Nire sentsazioa da ez dugula nahikoa zarata egiten gizonezkoei zuzentzean. Aitortzen badugu genero parekidetasunean desoreka izugarria dela, onartu beharko dugu zenbait unetan txistua botako digutela aurpegira.

viernes, 31 de marzo de 2017

#libros #masculinidad #feminismo | Masculinidades y feminismo

Masculinidades y feminismo / Jokin Azpiazu Carballo.
Barcelona : Virus, 2017 [03].
138 p.
ISBN 9788492559787

/ ES / ENS / RE / Open Access
/ Estereotipos / Feminismo / Género / Hombres / Identidades / Masculinidad / Movimientos sociales
TEXTO COMPLETO | Virus
http://www.viruseditorial.net/paginas/pdf.php?pdf=masculinidades-y-feminismo.pdf

“Vengo a decir que partimos de una base un tanto ambigua y peligrosa. Un momento del desarrollo histórico en el norte global en el que es más posible hacer una crítica a la modernidad, a la humanidad, incluso al humanismo, que hacer una crítica mordaz y abierta al hombre, a la hombría, a la masculinidad. Probablemente porque sigue siendo más fácil y posible la crítica general y difusa que la crítica concreta sobre sujetos y acciones concretas, aún seguimos preguntándonos por qué los grandes nombres —casi todos hombres— del pensamiento crítico, la filosofía, la política, el arte, la literatura o cualquier otro espacio han dejado a un lado y han obviado la cuestión del género. Si exceptuamos a las pensadoras de la crítica feminista y a los pocos pensadores que han considerado seriamente el pensamiento feminista, nos encontraremos con que, más allá de algunas menciones de pasada, los principales referentes del pensamiento y las grandes ideas adolecen de una generalizada ceguera de género. Puede ser que el género, como otras formas de organización social desigual, sea una de esas cosas que siguen muy pegadas al cuerpo y que habitualmente provocan dolor casi con solo pensarlas. Dolor que puede afrontarse como una responsabilidad o que se puede calmar y hacer invisible de maneras diversas.”

Los debates en torno a la masculinidad y la creación de ­grupos de hombres, han carecido hasta ahora de una revisión crítica sobre su verdadero alcance transformador. En ­'Masculinidades y feminismo', se cuestiona la noción, a priori positiva, de nuevas masculinidades. Por lo general, estas se componen de adultos heterosexuales, de clase media blanca y con núcleos familiares heteronormativos que, a menudo, excluye a las masculinidades homosexuales, afeminadas, trans*, menores o adolescentes, migrantes, personas mayores o mujeres masculinas.

En la práctica, nos encontramos ante grupos autoreferenciales que enfatizan cada vez más la propia identidad masculina, en lugar de ahondar en las relaciones de poder o el diálogo con el feminismo. Esto muestra cómo el hombre sigue viéndose y mirándose como principio y fin, superhéroe en el campo de la lucha por la igualdad. Asimismo, la ficción entre nueva y vieja masculinidad, sustituye a la comprensión del desarrollo histórico de la dominación patriarcal por una difusa división generacional.

La supuesta e insuficiente asunción de roles en campos como la paternidad o las tareas domésticas, oculta la profunda desigualdad de género existente en lo social, y el hecho de que los hombres seguimos monopolizando los espacios de socialización, sin renunciar a nuestros privilegios en el trabajo, los movimientos sociales, etc. La pregunta es si se puede acabar con la desigualdad sin acabar también con la masculinidad y, por lo tanto, si esta debe reformarse, transformarse o abolirse.

martes, 13 de octubre de 2015

#hemeroteka #berdintasuna | Jokin Azpiazu: "Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da"


Irudia: Tolosaldeko Ataria / Jokin Azpiazu
Jokin Azpiazu: "Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da".
Gizonezko batek feminista dela esatea, tamalez, ezohikoa zaio gizarteko zatirik handienari, oraindik ere. Jokin Azpiazu (Ermua, 1981) aditua eta aritua da horretan, eta ‘Gizonak eta feminismoa. Pribilegiotik inplikaziora’ hitzaldia eskainiko du, bihar, 19:00etan, Abastos eraikinean.
Itzea Urkizu Arsuaga | Tolosaldeko Ataria, 2015-10-13
http://ataria.info/tolosa/1444731375661 

Gizonezkoen gehiengoa pribilegioan eroso al dago oraindik?
Pentsatu egin behar dugu, pribilegioek gaur egun zein forma hartzen duten, zein jokabidetan islatzen diren. Alegia, ezin dugu duela 15 edo 20 urteko zerbait gaur egun baliagarria dela pentsatu. Bide horretan, ziur aski erosotasunarena izan da aldatu den gauzetako bat. Egongo dira, eta badaude, pribilegio egoeretan deseroso dauden gizonak. Baina pribilegio horiek gertatu egiten dira, gu eroso egon edo ez, eta hori da garrantzitsuena. Beraz, oraindik eragiteko beharra dagoela azpimarratu behar da.

Denbora daramazu gizonezkoen eta feminismoaren arteko zubiak aztertzen. Oro har, zein da gizonezkoen harrera, gai horrekiko?
Orain arte, egia esan, oso pozik nago. Lauzpabost urte daramatzat honen inguruan ikertzen eta pentsatzen, eta horretan hasteko motibazio nagusia nire inguruko jendea izan da; lagun asko mugimendu feministetako kide dira, eta beraiek behar handia sentitzen zuten gizonezkook jokatu behar dugun paperaren inguruan hausnartzeko. Solaskide asko izan ditut eta, nire kezkak partekatzeko aukera handia; elkarrizketetatik ateratako hausnarketak dira. Horregatik, harrera oso ona dela uste dut, jende askok uste baitu gai honen inguruan ikuspegi kritiko eta zorrotz bat sortu behar dela.

Berdintasunera bidean, maskulinitatea eraldatu egin behar da ala, besterik gabe, posizio berriak hartu behar ditu?
Botere harremanak irauli behar dira eta, bide horretan, maskulinitateak eraldatu egin beharko dira; baina horrek ezin du helburu bat izan. Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da, eta botere-harreman desorekatuak orekatzea. Egia da gizonezkoon papera maskulinitatearen mito horretan garatu dela eta, hori aldatzeko, nahitaez, maskulinitateak berrikusi behar direla. Horrek ez du esan nahi maskulinitate eredu berriak sortu behar direnik, maskulinitateak berak ez baitu balio espezifikorik kontu honetan. Aldaketak beharrezkoak izanda ere, maskulinitatearekin amaitu egin behar da, nolabait.

Badirudi, oraindik ere, feminista izatea sarri ez dela begi onez ikusten gizartean. Ados zaude?
Bai. Oraintxe bertan, egoera konplikatuan da feminismoa, nire ustez. Euskal Herrian, oso poztekoa da, alde batetik, feminismoak hamarkada luzetan ereindako haziek fruituak eman izana. Emakume gazte asko identifikatzen dira feminismoarekin, tresna garrantzitsutzat dute. Zentzu horretan, esango nuke mugimendu feminista indartuta dagoela. 

Baina, era berean, 'feminismoa' oraindik ere hitz deserosoa da, eta leku askotan oso zail suertatzen da aipatzea. Gizonezkooi dagokigunez, geure burua feminista moduan identifikatzea zaila den arren, uste dut eztabaida horietan ez dugula galdu behar, feministak garen edo ez garen erabakitzen. Egin behar duguna praktikak aldatzea da, gure jokabideak. Ez dezagun pentsa, feminismoa kamisetatik edo jakatik zintzilika dezakegun identitate bat dela; feminismoa guretzako erronka bat dela pentsatu behar dugu, emakume feministentzako den neurri berean.

Tolosan, batxilergoko ikasleekin ere ariko zara, Josebe Iturriozekin batera, Hezkidetza plana lantzen. Aipatu dituzun pribilegio horiek albo batera uzteko, jarrera hobea nabaritzen diezu belaunaldi berriei?
Belaunaldi berriekin, belaunaldi zaharrekin bezala, harrapatuta gaude berdintasun formalaren kontu honetan. Izan ere, gaur egun 15, 16 edo 17 urte dituzten gazteena, berdintasunean hezitakoen belaunaldia da, teorian. Baina, hain zuzen, horrexegatik, askotan zaila izaten da beraiei ikusaraztea, ez gaudela berdintasun egoera batean. Patriarkatuak bere kartak jokatu ditu eta, gaur egun, asko azpimarratzen da askatasun indibidualaren ideia; zenbait aukera posible direlako, badirudi berdintasunean bizi garela. Horregatik, egungo gazteek askotan erantzuten dute: «Horrek ez du zerikusirik mutil edo neska izatearekin, hori pertsonaren araberakoa da».

Eta, nola ikusarazten zaie kontrakoa?

Uste dut hezkuntza sisteman gaitasuna galdu dugula, bizi ditugun egoerak desberdintasun sozialen ondorio gisa azaltzeko. Hezkuntza formalean ari diren gazteekin, batzuetan oso zaila suertatzen da matxismoaz hitz egitea, baina baita arrazakeriaz edo klasismoaz hitz egitea ere. Egungo sistemak oso ondo lotu ditu izkina guztiak, Benetton irudi hori emateko eta, lehen ikusezinak ziren gauza batzuk orain oso ikusgarri direnez, badirudi desberdintasunak desagertu egin direla. Baina errealitateak esaten digu ezetz, sexismoa oso arazo larria dela ikastetxeetan, beste zenbait kontu bezala. Beraz, gazteekin norbere ikuspegia eraisten saiatzen gara, eta, ikusarazten, ez garela ari Jon edo Mikel matxistak direla esaten; denok hazi garen sistema patriarkalaz ari garela baizik, eta horrek banatzen dituela pribilegio eta zapalkuntzak.

Etorkizuneko iragarpenak eginez, aldatuko al da gizarte eredu hori?
Uste dut, lehenago aldatuko dela klima Euskal Herrian, kar, kar. Ezin dut eperik jarri, gizarte eraldaketaz hitz egiten ari garenean, ikuspegi askatzaile edo emantzipatzaile batetik hitz egiten ari baikara; hori are motelagoa da. Gizartea bera oso azkar aldatzen ari da eta, zentzu horretan, gizonezkook horren adibide gara, maskulinitatea bizitzeko moduak oso azkar aldatzen ari direlako. Aldiz, botere-harremanak ez dira hain azkar aldatzen ari. Hortaz, bestelako itxura edo kolore batekin, baina gizonezkook botere posizio hegemoniko bat izaten jarraitzen dugu. Gaur egun feminismoan lanean ari diren elkarte, kolektibo, norbanako nahiz erakundeek badakite inbertsio handia egin behar dela, eraldaketa txikiak sortzeko. Inbertsio horiek hezkuntzan, politikan, gizarte mugimenduetan nahiz kalean egin beharko dira, eta ikusiko dugu aldaketak nondik etortzen diren.