Irudia: Berria |
Ivan Cotroneoren 'Muxua' obran oinarrituta, izen bereko lana taularatuko du Tanttakak. Viktoria Eugenian estreinatuko dute, 23an
Saioa Alkaiza Guallar | Berria, 2015-06-17
http://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2015-06-17/musu_batek_gorrotoa_pizten_badu.htm
Antonio gustuko du Lorenzok, erakargarria zaio. Ikaskideak izanda, eskolako gela batean zerbait gertatuko da bien artean, eta irakasleak ikusi egingo du. Musu bat. Horixe izango da leherkaria. Sua piztuko duen pospoloa. Gero, maitasuna, gorrotoa, indarkeria... makina bat sentimendu izango dira Tanttaka Teatroak taularatuko duen “Muxua” obran. Ivan Cotroneo idazle italiarraren izen bereko liburutik abiatuz —“Un bacio”, jatorrizko bertsioan—, Quin Zeberiok sorturiko moldaketa da antzezlana. Fernando Bernuesek zuzenduko du, eta Mireia Gabilondo, Haritz Morras eta Ander Iruretagoiena antzezleek interpretatuko dute. Aukera sexuala, bullying-a, homofobia eta gizartearen ardura landuko dituzte, besteak beste; betiere, xalotasuna eta humanismoa ardatz. Hilaren 23an estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko gela balioaniztasunean, eta 27ra arte egongo da ikusgai. 24ko saioa, gainera, berezia izango da: Gehitu eta Krisalis taldeekin batera, solasaldia antolatu dute emanaldi bukaerarako, antzezlanak kaleratutako gaiak hitzaren bitartez aztertzeko.
Benetako gertakari bat du oinarrian emankizunak: AEBetan, gazte batek beste bat akabatu zuen, orain urte batzuk, gaya zela eta maite proposamenak egiten zizkiola argudiatuta. Ingurumari horretan inspiratuta osatu zuen Cotroneok lana. «Eguneroko bizimoduan zipriztintzen gaituzten gaiak jorratzen ditu», esan du Bernuesek, eta are gehiago zehaztu: «Ardura soziala denok dugula jartzen du erdigunean».
Ertzez beteriko pertsonaiak
Hiru bakarrizketa ziren jatorrizko obran; haatik, batu eta elkarrizketak sortu dituzte Tanttakakoek. Hala, eszenografia xalo baten bidez, gaiaren ertzak eta kontraesanak plazaratu nahi dituzte. 35-40 lagun inguru baino bildu ezin dituen gelan, arbela bat eta aulki batzuk izango dira obra jantziko duten apaindura bakarrak.
Lanaren edukia zutabe izanik, gizarte homofobo batean bizi garela gogorarazi du Gabilondok, eta, horregatik, obrak gaurkotasuna duela azpimarratu du. «Istorioa iritsi egiten da», dioenez. Irakasle baten rolean sartzen da bera, «sekretu txiki bat» daukan emakume bat. Ikasleei laguntzen saiatuko da, baina ez du beti erraz edukiko. «Gazte horiek ez dira zoriontsu, baina zer egin dezakegu haien alde, geure burua laguntzen ere ez baldin badakigu?», galdera bota du airera.
Kontraesanak. Hain justu, horiek dira beste osagaietako batzuk. Lorenzo «ausarta» da, eta Antonio, aldiz, barnekoia eta gatazkatsua, Iruretagoienak berak nabarmendu duenez. Barrurago sartuta, baina, bigarren hori ere korapilatsua dela ohartuko da ikuslea. Soiltasunaren konplexutasunean finkatu dute erdigunea horrela. Era berean, Morrasek pertsonaia guztien sakontasunean jarri du arreta: «Pena handia ematen didate hirurek». Donostiako TAEko ikasle ohiak dira Iruretagoiena eta Morras, eta “Muxua” jendaurrean profesionalki antzeztuko duten aurreneko emanaldia izango da.
Bernuesek begiz jo du antzezlanak transmititzen duen edukia: «Deusek ez du deus justifikatzen, baina mapa sozialean zertzelada batzuk ematen ditu obrak... Atsekabeko testuinguru batetik ateratzea garrantzitsua dela dio». Aldarrikapen moduko bat ere bada. Gogora ekarri du «sentiberatasun handiz» egina dela muntatzea. Bertol Brechten hitzak akordura ekarrita ahalegindu da “Muxua”-ren funtzioa harilkatzen: «Artea ez da errealitatea islatzeko ispilua, lehertzeko mailua baizik».
Euskaraz gainera, urrian gazteleraz ikusteko aukera izango da. Bestalde, ikasgeletara eramatea ere gustatuko litzaieke. Donostia Kulturak martxan duen “Eskolatik antzerkira” zikloarekin oroitu, eta obra bertan txertatzea interesgarria litzatekeela esan du zuzendariak.