Mostrando entradas con la etiqueta Brayan Altimasberes. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Brayan Altimasberes. Mostrar todas las entradas

domingo, 21 de febrero de 2021

#hemeroteka #trans | «Ez da gure gorputza, zuen begirada baizik»

Irudia: Berria / Brayan Altimasberes eta Mash Elizalde

«Ez da gure gorputza, zuen begirada baizik».

Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko. Transexualen alboan egon nahi dute haien prozesuak iraun bitartean, «ahaldunduta eta indartuta» gizarteratu daitezen identitate berriarekin.
Jon Miranda | Berria, 2021-02-21
https://www.berria.eus/albisteak/193984/ez-da-gure-gorputza-zuen-begirada-baizik.htm 

Andoaingo Leitzaran institutuan Gizarteratzea zikloko ikasketak egin zituzten iaz Brayan Altimasberesek (Hernani, 1996) eta Mash Elizaldek (Iruñea, 1999). Altimasberesek euskarazko taldean, eta Elizaldek gaztelaniazkoan. Biak dira mutil transexualak, eta biek egin dute trantsizioa helduaroan, baina ikaskideak izan arren, oraintsu arte ez dute izan elkarren berri. «Erreferenterik gabe eta bakarrik egin behar izan dugu bidea», esan du Altimasberesek. Egoera berean egon daitezkeen pertsonek prozesua lagunduta egin dezaten sortu dute Loratuz Lotu Euskal Herri mailako elkartea.

Ikasketek emandako aukera baliatu zuten aurreko ikasturtean azterketa bat egin eta gizarte arloko proiektuaren oinarriak finkatzeko. «Ikusi genuen haur eta nerabeentzat Naizen elkartea badagoela, baina helduaroan trantsizioa egitea erabakitzen duten pertsonek ez dutela izaten inongo elkarteren babesik», esan du Elizaldek. Ikasketak amaituta, beraz, elkartea sortzeari ekin zioten, ikaskideekin batera. Altismaberes, Elizalde eta Gilen Larrañaga dira, gaur egun, Loratuz Lotu elkartearen arduradunak.

«Interneten izugarrizko aurrerapena egin da azken urteotan, sare sozialetan aise topa daitezke erreferenteak, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun trantsizioa egiten ari diren horiek harremanetan jartzea», adierazi du Elizaldek. «Gureak bilgune bat izan nahi du, esperientziak saretzeko espazio bat». Elkartea ezagutzak partekatzeko helburuarekin sortu dutela esan du Altismaberesek, haren hitzetan hori baita beldurrak uxatzeko modurik errazena: «Ezezaguna denak eragiten digu ezinegona, baina bide hau egina duten pertsonak ezagutzen dituzunean konturatzen zara badagoela trantsizioa modu osasuntsuan egiterik, zeure buruarekin eta ingurunearekin bakean».

Horregatik aukeratu dute Loratuz Lotu izena. «Hainbeste denboran gure identitatea ezkutuan bizi izan ondoren, geure burua onartzen dugunean, loratzen hasten garenean, orduan lotzen gara besteekin». Harreman osasuntsu eta parekideak izatea ez dago soilik norberaren auto-onarpenaren mende, Elizaldek esan duenez: «Ulertzen dugu ez dela erraza mundura identitate berri batekin ateratzea. Arazoa ez da gure gorputza, jendearen begirada baizik. Ingurunean eragin beharra dago, trantsizio hori modu naturalagoan eta lasaiagoan egin dezagun».

Gizarteratzeko lana
Behin ikasketak amaitu eta elkartea formalki eratu bitarteko denbora euren asmoak ezagutarazteko baliatu dute elkarteko kideek. Aurreko urteko konfinamendu garaian Instagram bitartez transexualitatean aditu diren pertsonekin eta hainbat tokitako transekin zuzeneko solasaldiak izan zituzten. Irailetik hona, bestalde, hainbat ikastetxetan aritu dira azalpenak ematen, eta egin dieten harrerarekin «oso pozik» daude Altismasberes eta Elizalde.

Hezkidetzari garrantzi handia ematen diote biek. «Nabari dugu pixkanaka generoen arteko muga zurrun hori lausotzen ari dela, belaunaldi berriek beste ikuspegi bat dakartela, eta hori, neurri handi batean, Naizen bezalako elkarteek egindako lanari esker lortu da». Altimasberesek zehaztu du, ordea, trantsizioa egiteko ez dagoela adin egokirik. «Norberak erabaki behar du zein den horretarako momentua, eta bide hori egiteko babesa eskaini behar dugu besteok».

Berriki izan diren eraso transfoboak gogoan hartu dituzte Loratuz Lotu elkartekoek. Salaketa argia egin du Elizaldek: «Askotan galdetzen digute nola ote gauden prest gure gorputzarentzat kaltegarriak izan daitezkeen tratamenduak hartzeko eta ebakuntzak egiteko, baina inor gutxik galdetzen du zenbat indarkeria pilatzen den genero arauarekiko disidenteak diren horiengan».

Pertsona ez binarioak, trantsizio soziala nahiz fisikoa egin dutenak eta pertsona horien gertuko ingurunea artatu nahi dituzte elkartetik. «Aholkularitza emango diegu, aukera ezberdinak eskaini, laguntza ematea gure esku ez badago, behar den tokira bideratuko ditugu, baina bakarrik ez ditugu utziko», azaldu du Altimasberesek. Elkarteak ibilbidea hasi berria duen arren, kontsulta egitera gerturatu zaizkie jada lehenengo herritarrak.

Sare sozialen bitartez —Instagram, Facebook, Twitter eta Youtube— egin daiteke harremana Loratuz Lotu elkartearekin, eta loratuz.lotu@gmail.com helbidean ere bai. Hernaniko Udalaren Plaza Feminista baliatzen dute kideek lanerako eta bilkurak egiteko, eta esker on hitzak dauzka Altimasberesek: «Herri honetan lanketa handia egin du mugimendu feministak eta Aimar Elosegi ‘Moio’ gaztearen kasuak ere arrastoa utzi du». Vicente Vadillo ‘Francis’ transexualarena da Euskal Herriko memoria historikoan iltzatuta geratu den beste erailketa bat. Errenterian hil zuen polizia batek, 1979an. Bertan bizi da gaur egun Elizalde. «Francis eta Moioren lekukoa hartu eta haiengatik jarraituko dugu guk borrokan».
 
ETA GAINERA…
Transexual helduei beren prozesuan laguntzeko sortu da Loratuz Lotu elkartea.
Mikel Garcia Idiakez | Argia, 2021-02-23

https://www.argia.eus/albistea/transexual-helduei-beren-prozesuan-laguntzeko-sortu-da-loratuz-lotu-elkartea
"Ez da gure gorputza, zuen begirada baizik".
Jon Miranda Labaien | Ataria, 2021-02-19

https://ataria.eus/tolosaldea/1613725776106-ez-da-gure-gorputza-zuen-begirada-baizik

miércoles, 15 de mayo de 2019

#hemeroteka #trans #testigantza | Gizarteratu da berriro

Naiz / Kattalin Miner //

Gizarteratu da berriro.

Tene Mujika bekari esker kaleratu du Kattalin Minerrek ‘Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’ liburua, bere buruaz beste egin zuen Aimar Elosegi gazte transexualaren auziaren inguruan egindako kazetaritza lana.
Ariane Kamio | Naiz, 2019-05-15
https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20190515/gizarteratu-da-berriro

Ez da nobela bat edo fikzio bat. Literatur lanetatik harago doan liburua da. Kattalin Minerrek (Hernani, 1988) berak aitortzen du. Gertutik egokitu zitzaion Aimar Elosegi ‘Moio’ren heriotza bizitzea. Laguna zuen.

Duela hamabi urte bere buruaz egin zuen gazte hernaniarra zen ‘Moio’. Transexuala zen. Eta heriotzak astindua eragin zuen gizartearengan. Baina isilunea iritsi zen ondoren.

Minerrek berak kontatu du. «Bere heriotzaren hamargarren urteurrenean ez nuen ezer egiteko beharrik sentitu. Ez omenaldirik, ez lore eskaintzarik. Doluaren amaiera iradoki zezakeen». Baina ez. Hilabete gutxira gaizki-egona sortu zitzaion idazle eta feminista hernaniarrari, kezkak, erantzunik gabeko galderak. «Gaia plano intimora pasa zen eta transmisioa ez zen bermatzen ari».

Eguneroko bat idazten hasi zen, bere hipotesi eta galdera horien planteamenduak nonbait islatu eta isiltasun horri nonbait ahotsa topatze aldera. Baina bide laburra izan zuen formula hark.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak deitzen duten Tene Mujika bekara aurkeztu zuen proiektua 2017an eta 2018 esleitu zioten. Gaur Donostian aurkeztutako ‘Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’ liburua urtebetean egindako bide horren emaitza da.

Bederatzi pertsonekin egindako elkarrizketen ondorio da lana, nahiz jende gehiagorekin hitzartzeak izan dituen idazleak. Nahiz helburua ez den izan Elosegiren biografia bat idaztea, bere heriotza bergizarteratzea baizik, eta haren gainetik irakurketa politikoak ere plazaratzea. «Ez dut nire hipotesiak baieztatzen edo gezurtatzen jardun, baizik bere ingurukoen bizipenak eta gogoetak batu ditut».

«Oso liburu intuitiboa» dela defendatu du Minerrek, eta senari jarrai egituratu du liburuaren hezurdura. «Konturatu nintzen asko neukala entzuteko. Garrantzitsuena ez zen nire ahotsa, besteena baizik. Ahots desberdinak posizionamendu desberdinetatik». Memoriaren ertz desberdinen batura da ‘Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’, eta begirada poliedriko hori elikatu du hainbat elkarrizketaturen jariotik. Liburuak hainbat testigantza biltzen ditu: Ander Elosegirena (‘Moio’ren anaia), bere lagun taldearena eta ikuspegi politikoago eta kulturalagoa ematen lagundu dietenena, Josebe Iturrioz Medeakeko aktibistarena edo Maialen Lujanbio bertsolariarena, kasu. «Medeakek garai hartan heriotzari izaera politikoa eman zion, hau da, transfobiaren ondoriozko heriotza bat izan zela, eta hori ere zor nien».

Elkarrizketak egin ahala, ordena kronologiko berean txertatu ditu testuak liburuan. «Elkarrizketa batek bestea ekarri dit eta egin bezala daude liburuan. Irakurlea eraman nahi nuen nik bizi dudan prozesu berean».

Liburuaren atarian, Minerrek berak idatzitako «intentzioen adierazpena». Bi plano bereizi behar izan ditu, pertsonalki Elosegirekin lotzen zuena, eta distantziazko irakurketa bat eskaintzea ahalbidetuko ziona, bestea.

‘Moio’ eta bera elkartzen zituen lagunartea ere batu du elkarrizketetan. «Lagun artean behar izan dugu ez hitz egite bat. Baina komentatu nienean zertan nenbilen eta zein zen nire asmoa, bat batean ordura arte hitz egin ez genituen gauzetaz hitz egiten hasi ginen. Hustuketa bat izan zen».

Aimar Elosegiren kasuari jarraipena eman dio denboran Minerrek, gaur egungo gazte transexual baten lekukotza jasoz. «Zenbat aldatu da egoera Euskal Herrian? Gizarte bizigarri bat bada transexualentzat? Ze baldintzatan bizi dira? Ekai Lersundiren heriotza kolpe handia izan zen niretzat eta konfirmatu zidan ez ginela jendarte bizigarri batean bizi. Argi ikusi nuen gazte transexual bat elkarrizketatu nahi nuela».

«Arazoa gizartean dago»
Eta Brayan Altimasberes gazte hernaniarrak eman zion bere lekukotza. «Brayanek pertsona transexual baten bizipenak, ezagutzak eta aurkitu dituen espazio bizigarriak azaltzen ditu, horietako asko Aimarren heriotzari lotuak». Baina transmisioan jarri zuen alerta. «Transmisioaren beharraz ohartu nintzen eta horretan akatsa egin dugula». Memoria izateko beharra.

Duela hamabi urte, Aimar Elosegiren heriotzaren ondorenetan egindako hileta zibilera itzuli da Miner. Eta liburuan bildu duen esaldi bat berreskuratu du, ekitaldian parte hartu zuen pertsona batek ahoratutakoa. «‘... urte batzuk barru tabu hori gainditzean, gure herrian aitzindari bat izan zela gogoratu’. Eta ez ginen gogoratzen ari».

Hamarkada baten ondoren egoera nola ikusten duen galdetuta, Minerrek aipatu du bere ustez «ikusgarritasunean asko hobetu da, ezagutza minimo bat badago. Brayanek dio babesa, errespetua, tolerantzia badagoela, baina ezezagutza oso handia dela oraindik».

Eta jarraitu du: «Ezin dugu jarraitu pentsatzen arazoa trans pertsona horiengan dagoela. Arazoa sailkapen binarioa egiten duen gizartearena da. Arazoa gorputz horietatik deszentralizatu behar da. Transak ondo iruditzen zaizkigu, gizonak oso gizon eta emakumeak oso emakume diren artean. Erdikoak molestatu egiten digu eta arazoa gizartean dago».