Mostrando entradas con la etiqueta Espacios. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Espacios. Mostrar todas las entradas

domingo, 25 de febrero de 2024

#hemeroteka #emakumeak | Jesusi Etxeberria 'Punkaren beste aldea' filmean

Jesusi Etxeberria 'Punkaren beste aldea' filmean //

Zer egin dezakeen espazio batek
Jokin Azpiazu | Berria, 2024-02-25

https://www.berria.eus/kultura/zer-egin-dezakeen-espazio-batek_2120946_102.html

Nire lantokia den Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko ikasle eta irakasle askoren intereseko gaia da errepresentazioarena: nola agertzen diren emakumeak pelikuletan, zein diren erreferenteak musika munduan komunitate batentzat ala bestearentzat... Normalean honako eskeman oinarritzen da analisia: produktu kulturalek, esaterako, pelikula, disko edo liburuek, errealitatearen errepresentazio zehatza egiten dute, identitate batzuk ikusgarri eginez eta, ondorioz, beste batzuk ikusgaitz. Gizakiarentzat ezinbestekoa da bere burua kulturan eta mundu sinbolikoan islatua ikustea eta, beraz, hori gertatzen ez denean, ala isla distortsionatua edo arbuiozkoa jasotzen duenean, gizakia (eta gizataldeak) kaltetuak suertatzen dira. Baina eskema horrek komunikazio masiboaren mekanismoa erreproduzitzen du, zeinetan produktu kulturalak eta hartzaileak errepresentazio sinbolikoaren bidez soilik ‘ukitzen’ duten elkar, eta kulturaren alderdi material eta ekonomiko guztia nolabait lausotu egiten da analisiotan. Pentsa liteke gizatalde baten errealitatea (emakumeena, LGTB* jendeona, euskaldunona) medio kulturaletan egoki errepresentatzen denean prozesu atzeraezina hasten duela talde horrek askapenerantz. Ez nuke esango hala denik. Gizataldeon errealitatearen zati bat besterik ez da errepresentazio sinbolikoarena, eta hor gertatzen diren aldaketek, eragina izan arren, ez dute errealitate osoan eragiteko gaitasunik. Jendearen bizi-egoerak eraldatzea hori baino askoz gehiago da.

Musikaren esparruan dokumental, solasaldi eta liburu dezente eskaini dizkiogu gai horri, bereziki feminismotik eta LGTB* kolektibotik, eta askotan denak hartzen du dokumental yanki baten tonua. Badakizue, iparramerikarrak horretarako jaio ziren eta horren zain bizi dira, norbaitek haiei dagokien gairen bat darabilen dokumentala noiz egingo, eta horra haien aukera, kontatzeko haientzat musika egiterakoan erabakigarria izan zela halako edo halako artista telebistan ikustea.

Oso bestelako ikuspegia sumatu nuen, askoz osatuagoa, pasa den astean ‘Punkaren beste aldea’ dokumental-erreportaje laburra ikustean. Ez halabeharrez filma oso analitikoa delako, ez baita hala eta ez baitu izan beharrik ere. Pelikulak Jesusi Etxeberriaren istorioa kontatzen du, eta ondo kontatu ere. Arrasateko musika irakaslea da, jada erretiroa hartua duena baina musikaren saltsan interesa mantendu duena. Urte luzetan bere musika eskola txikian aritu izan da, pianoa eta solfeoa irakasten, baina baita gitarra elektrikoa eta baxua ere. Errealitateak berak bultzatu zuen instrumentu horiek irakasteko erabakia hartzera; izan ere, ikasle askok nahi zituzten tresna horiek jo, punk taldeetan jotzeko gogoa eta ilusioa zutelako gazte-gaztetatik. Jesusik instrumentuok jotzen ikasi zuen, eta gazteek ekartzen zizkioten proposamen musikalak aztertzen zituen, abestiak ikasi eta partiturak sortu, ondoren haiekin lantzeko. Horrela ikasi zituzten gazte askok The Clash, RIP edo Vulpessen kantuak. Askok eta askok musika taldeak sortu zituzten eta oraindik ere badabiltza han eta hemen.

Haietarikoak dira Perlata taldekoak, hain zuzen ere dokumentalaren proiektua martxan jarri zutenak. Ilusio handia egin dit talde batek beste disko baten ordez pelikula labur bat egitea erabaki izanak, eta energia eta denbora horri dedikatzeak, bai horixe. Bukaeran abesti bat egin diote Jesusiri, omenaldi modura, eta hor argi diote, bere musika eskola, etxe azpiko sotokoa, ez zela espazio bat soilik, zerbait gehiago zela. Gehituko nuke espazioak beti direla espazio bat baino gehiago. Ez dakigu inoiz zer egin dezakeen espazio batek harik eta gauzak gertatzen diren arte eta, kasu honetan, argi dago espazio horrek ez zuela Arrasateko punka sortu, baina bere inguruan garatu zen ekosistemak ate berriak ireki eta herriaren alderdi hori eraldatu zuela ezin da ukatu.

Erreferente bat al zen Jesusi? Sarreran aipatu dugun ikuspegitik, argi eta garbi, ez. Dokumentalaren kartelak ondo dioen moduan, herriko punkaren itzaletako señora bat da. Inork ez du musikari izatea erabaki, ziur asko, hura kalean edo agertokian ikustearen ondorioz. Tentazioa da hemen esatea ‘hala ere’ bere eragina handia izan dela. Atrebentziaz esango dut ‘horregatik’ izan dela bere eragina handia. Leku bat eman zielako askori, ikasi eta jarduteko. Jakin gabe leku horrek zer egin zezakeen, eta, hala ere, egin behar zuelako ziurtasunaz. Espazio bat ireki zuelako, eta ez irudi bat. Eta espazioa beti da irudia baino gehiago, espazio soila baino gehiago den modu berean.

martes, 18 de enero de 2022

#hemeroteka #lgtbi #lgtbifobia | Pasaia: "Zebrabideak zuriak izan behar dira"

Noticias de Gipuzkoa / LGTBIQ+ kolektiboak egindako protesta //

Pasaia: "Zebrabideak zuriak izan behar dira".

Pasaiako udal Gobernua LGTBIQ+ kolektiboarekin bilduko da beste leku batzuen margoketa adosteko.
A.Muga | Noticias de Gipuzkoa, 2022-01-18
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/oarsoaldea/2022/01/18/zebrabideak-zuriak-izan-behar-dira/1175881.html 

Pasaiako udal Gobernuak argitu duenez, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazio bilera batean, Ertzaintzatik argi utzi zuten zebrabideetako markak zuriak izan behar dutela beti, eta ezin direla beste ezein koloretakoak izan.

Horregatik, LGTBIQ+ kolektiboa babesteko ortzadar kolorez apaindutako Euskadi Etorbideko, Markina Ingeniariaren kaleko eta Eskalantegi kaleko zebrabideak zuriz margotu ziren joan den astean Zirkulazio Araudi Orokorra bete-tzeko xedearekin.

Hala ere, neurri hau ez dute begi onez ikusi ez EH Bilduk ezta LGTBIQ+ kolektiboak. Izan ere, jokabide homofobotzat hartu dute. Gauzak horrela, kolektiboak asteburu honetan San Pedroko zebrabidean gaitzespen ekitaldi bat burutu du, zebrabidean koloretako oinetako markak eta bihotzak margotuz.

Udal Gobernuak defendatu duenez, "seinale horiek kentzea ez da LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoa. "Izan ere, gogora dezagun Antxon, Molinaoko itsasadarreko eskailerak ostadar banderaren koloreekin margotu zirela, eta Gobernu honek ez duela inola ere planteatu kentzea, baizik eta ekimen hori babestu dela".

Gainera, Pasaiako Udalak asmoa du LGTBIQ+ mugimenduko kideekin bilera bat deitzea, hiri-altzariak edo beste elementu batzuk pintatzeari dagokionez egin beharreko beste jarduketa batzuk adosteko.

Afera honen aurrean, udal Gobernuak onartu duenez, bere jokaera ez da guztiz zuzena izan: "Akatsa egin dugu jarduteko moduari dagokionez; izan ere, udal sailen arteko koordinazio falta dela eta, zebrabideak zuriz margotu ditugu aurrez LGTBIQ+ kolektiboarekin hitz egin gabe, gure asmoa haiekin hitz egitea bazen ere. Beraz, barkamena eskatu nahi diegu".