Mostrando entradas con la etiqueta 9788413600543. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta 9788413600543. Mostrar todas las entradas

martes, 13 de abril de 2021

#hemeroteka #komikia #homofobia | Dom Campistronek 'Bekatorosak' lan grafikoa eman du

Irudia: Berria / Dom Campistron

Dom Campistronek 'Bekatorosak' lan grafikoa eman du.

Aldudeko eta Nafarroa Behereko beste zenbait herrixketako lesbiana, queer eta gayen zazpi testigantzatan oinarritu du liburua. Elkarrek argitaratu du.
Itziar Ugarte Irizar | Berria, 2021-04-13
https://www.berria.eus/albisteak/196200/dom-campistronek-bekatorosak-lan-grafikoa-eman-du.htm 

Egun aldarri duena arrotz zitzaion lehen. «Bekatorosa naiz; hala sortu nintzen», dio errime orain Dom Campistronek. Alduden jaio zen (Nafarroa Beherea), duela 26 urte. 16 urte zituen lehen aldiz neska batez maitemindu zenean, eta oroitzen du orduan inguruan zuen mundua ‘lesbiana’ hitza existitu ere egiten ez zen mundu bat zela. «Gu handitu gara herri batean biziki girisitinoa zena. Ni gaztetan igande guziz joaten nintzen elizara, eta apezaren ondoan egoten nintzen. Gure herri ttipietan biziki normala izan da hori. Eta elizan ez da lekurik homosexualitatearendako, eta emazte gisa ere ez da lekurik, edo leku arrunt txarra, ene ustez. Hala da oraindik, aise guttiago, baina gure kulturaren parte bat da». Hala heldu zen, bada, neska-laguna eta bera etxean sartu ziren batean senide batek esandakoa: «A, zuek bekatorosak!». Eta hitzak gordetzen zuen hori agerian utzi du Campistronek orain, nolabaiteko boteretze keinu batez, bere lehen argitalpenaren izenbururaino: ‘Bekatorosak’.

Lesbianak, gayak, queerrak: horiek bekatorosak nor diren marrazkilariaren lanean. Aldude inguruko herrixketan bilatu ditu, zazpi denera, eta euren testigantzetan oinarritu du liburua. Askotarikoak dira adinez, baina denek isilpean eramandako bizipenak dituzte kontatzeko. Horiek argitara ekartzeko eta irakurlea bizipen horietara hurbilarazteko asmoa du, hain zuzen, lanak, haien borroka eta amodio istorioak aitortu eta homofobiaren aurka eragiteko nahiarekin batera. «Jende anitz bezala, bakartasun handiz bizi izan dut nik ene nortasuna, eta liburua ere bada hori ulertzeko gonbit bat», adierazi du egileak.

2019ko udan egin zituen elkarrizketa guztiak, bakoitzaren etxean eginez hitzordua, eta «intimitate» horrek liburua ere ezaugarritu duela aipatu dute bai berak eta bai Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak. Campistron: «Homosexual izateak badakar barneratzea kontzeptu batzuk, umil izatea, isil izatea... Eta alimaleko konfiantza behar da zure istorioa plazaratzeko. Orain esan didate indarra hartu dutela liburua berrirakurtzean».

Beste hainbat alderdiren artean, lekukotzen kokapenak ere liburua «berezi» egiten duela nabarmendu du Mendizabalek: «Garbi dago ez dela gauza bera Nafarroa Behereko landa eremua, Nafarroako Erribera edo Bilbo ingurua. Testigantza hauek testuinguru konkretu batean daude kokatuta, eta beste balio bat hartzen dute; beste ezagutza bat ematen diote irakurleari». Horregatik, editoreak aipatu du liburuan bildutako esperientziak «harriduraz» jaso zituela, eta Campistronek erantsi harrigarria irudi balezake ere oraindik ez dela normalizatutako auzia heterosexualitatetik kanpoko bizitza hautuena: «Ez, oraino ez gara benetan ondo integratuak sentitzen gure gizartean».

Hitz-irudien hizkuntza
Lehenik Parisen eta gero Glasgown (Eskozia) egin zituen ilustrazio ikasketak Campistronek, eta, liburuaren sarrera testuan kontatu duenez, bere nortasuna askeago bizitzeko inguru bat bezala, orduan topatu zuen kontatu nahi zuena marrazkiaren bidez partekatzeko ahotsa. «Hizkuntza grafiko propio eta berezi bat», Mendizabalen hitzetan. Nahasian josi ditu hitzak eta irudiak liburuan —eskuz idatzita dator testua—, eta editoreak goratu du testigantzen bat-batekotasuna eta «ahozkotasunaren freskura» gordetzen duela. Egileak gehitu du irakurtzeko ohiturarik ez duenarentzat ere «irakurterraza» izango zen lan bat nahi zuela, eta marrazkiak «begia harrapatzeko» duen ahala azpimarratu du. «Nolako liburuak sortzen ditugun, nolako argazkiak, nolako artea... arma bat izan daitezke homofobiaren eta beste hainbat gauzen kontra borrokatzeko».

Hizkuntza grafikoarekin bezainbat, euskararekin egindako lanketak ere liburuari balio erantsi bat eman diola aipatu dute editoreak eta idazleak. Campistronen kasuan, adierazi du euskara batuan aurrez idazten aritu gabea zela eta zuzenketen joan-etorriak «idazten ikasteko» balio izan diola. Eta Mendizabalek, berriz, behe nafarreraren eta estandarraren arteko uztarketa azpimarratu du: «Denok aberastu dugu hiztegia; hala izan dadila irakurlearentzat ere».

#hemeroteka #komikia #homofobia | ‘Bekatorosak’ liburu grafikoa aurkeztu du Dom Campistronek, homofobiaren aurkako aldarria

Irudia: Naiz / Dom Campistron
‘Bekatorosak’ liburu grafikoa aurkeztu du Dom Campistronek, homofobiaren aurkako aldarria.

«Bekatorosa naiz. Hala sortu nintzen», dio Dom Campistron 26 urteko gazte aldudarrak argitaratu berri duen liburuaren aurkezpen orrian. Hitzez nahiz marrazkiz osatua, artistaren berezko hizkuntza grafikoak ematen dio obrari arintasuna, erakargarritasuna eta gaztetasuna.
Maider Iantzi Goienetxe | Naiz, 2021-04-13
https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20210413/bekatorosak-liburu-grafikoa-aurkeztu-du-dom-campistronek-homofobiaren-aurkako-aldarria 

Dom Campistronek ‘Bekatorosak’ (Elkar) liburu grafiko berezia aurkeztu du, zazpi maitasun eta borroka istorioren lekukotza eta aitortza, baita homofobiaren aurkako aldarria ere. Sortzailea Alduden bizi da eta 26 urte ditu. 2019ko udan Nafarroa Behereko hainbat herri txikitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa. Eta ondotik paperera ekarri zituen haien borrokak, bakartasunaren mina eta bizi izan dituzten eraso homofoboak. Beren maitasun istorioak, elkartasun eta itxaropenak ere bai. Egileak zazpi lekukoen hitzak berriz erran ditu jatorrizko testigantzen bat-batekotasunari eta originaltasunari eutsiz. Hitzak eta marrazkiak baliatuz, berezko hizkuntza bat sortu du.

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak on line emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, obra berezia da zentzu askotan: «Gaiagatik, ezagutzera eman digun testigantza eta inguruagatik, eta formagatik. Domek badu hizkuntza grafiko propio bat. Ez dago definitu beharrik, berezko hizkuntza du eta horrek erakargarri bihurtzen du, liburu gazte bat da daukan mugikortasun eta adierazpenagatik».

Gozatzeko da. Ahozkotasunetik anitz du, lekukotzak jaso direlako, idazkera txukunarekin baina freskotasunik galdu gabe. Horregatik egiten zaizkio irakurleari lekukotzak hain hurbilekoak.

Liburu aski ttipia, intimoa; arma bat
«26 urte ditut eta Aldudekoa naiz. 16 urterekin neska batez maitemindu nintzen». Hala hasi da Dom Campistron bere burua aurkezten. «Jende anitz bezala bakartasun handi batean bizi izan dut ene nortasuna. Bitxi izaten ahal da homosexualitatea ez dela benetan onartua, ez garela integratuak sentitzen gure gizartean, baina egiazki ez da hain harrigarria. Zinez gomita bat izaten ahal da liburua heterosexualak direnei eta ez direnei, anitz gauza ikasteko».

Esperientzia pertsonal batetik abiatzen da obra. Ilustrazio ikasketak ditu, eta betidanik nahi izan ditu istorioak kontatu, hori egin lan gisa. «Jende anitzek ez dutela hainbertze irakurtzen pentsatzen dut eta marrazkiak egia harrapatzen duela uste dut testuak baino gehiago. Ideia horrekin, dena eskuz idaztea pentsatu nuen. (...) Irakurtzea bera biziki erraz egiten da, marrazkiak baitira (...) eta hori arma bat izaiten ahal da homofobiaren eta sexismoaren kontra borrokatzeko».

Liburu intimoa da. «Elkarrizketak bekatorosa bakoitzaren sorterrian egin ditugu. Konexio hori ukaitea inportantea izan da. Batzuk ezagutzen nituen, asko maite ditut. Behar da konfiantza homosexual istorio bat partekatzeko». Agertu duenez, umil, isil izatea, ez sobera azaltzea izaten da ohitura, hala arazoetan ez sartzeko. «Badakit batzuek animaleko ahalegina egin dutela. Konfiantzazko giro bat sortu dugu, ni amodioz betea bainintzen eurendako. Elkarrekin landu dugu formatua, irakurtzeko esperientzia».

Liburua aski ttipia denez, erostea ere aski intimoa izaten ahal da, errazki gordetzen ahal delako poltsan. Hori ere inportantea da egilearentzat.

Iritzi onak, saretzea
«Badut lagun bat ez duena sekula leitzen eta lehen aldikoz irakurri zuen hasieratik bukaerara lokartu gabe», kontatu du Campistronek liburuak izan duen erantzunaz galdetuta. Bertze irakurle batzuek irratian aditua zuten liburuaren berri baina ez zuten hala irudikatzen eta eskuetan hartu eta arrunt esperientzia bitxi eta harrigarria izan dute. Hirugarrenik, sortzaileak ikusi du homosexualitatea aipatzean jendeak «animaleko interesa» duela gai hori lantzeko eta gehiago aipatzeko. Liburuan testigantzak ematen dituztenek, aldiz, erran diote indarra hartu dutela liburua berriz irakurtzen eta behar bat sentitzen dutela euren artean saretzeko.

Elkar ere bereziki pozik dago orain arte jasotako iritziengatik. Antxiñe Mendizabalek erran duenez, modu ezberdinean saretzeko eta elkar ezagutzeko baliagarria izaten ari da. «Gure helburua bete dugu eta liburua ahalik eta esku gehienetara iristea nahiko genuke, eta gozatzea, horretarako delako».

Zazpi testigantzak atal banatan daude eta ez da izenik ematen. Adin ezberdinak dituzte, 50 urtetik gora ditu zaharrenak eta gazteenak 24 urte.

‘Bekatorosak’ hitza Alduderen gisako herri ttipietan erlijioak duen pisuarekin lotua dago. «Gaztetan igande guziz joaten nintzen elizarat, apezaren ondoan egoten nintzen. Gure herri ttipietan denok egin dugu hori. Erlijioan eta elizan ez da lekurik homosexualitatearendako; emazteendako ere ez». Familiako batek erran zien Domi eta haren neska-lagunari «bekatorosa batzuk sartu dira etxean» eta hortik hartu du obraren izenburua.

viernes, 26 de marzo de 2021

#liburuak #komikia #homofobia | Bekatorosak

Bekatorosak / Dom Campistron.

Donostia : Elkar, 2021 [03-26]
144 p.
/ EUS / Libros / Cómic / Euskal Herria / Homofobia / Iparralde / LGTBI / LGTBIfobia / Testimonios
📘 Ed. impresa: ISBN 9788413600543 / 12,00 €

[.eus] Zazpi maitasun eta borroka istorioren lekukotza eta aitortza Homofobiaren aurkako aldarria. Dom Campistron, liburu grafiko honen sortzailea, Alduden bizi da (Nafarroa Beherea) eta 26 urte ditu. 2019ko udan Nafarroa Behereko hainbat herri txikitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa. Eta ondoren, paperera ekarri ditu haien borrokak, bakartasunaren mina eta bizi izan dituzten eraso homofoboak, baita beren maitasun istorioak, elkartasun eta itxaropenak ere. Egileak zazpi lekukoen hitzak berresan ditu jatorrizko testigantzen bat-batekotasunari eta originaltasunari eutsiz. "Bekatorosa naiz. Hala sortu nintzen", dio argitaratu berri duen liburuaren aurkezpen orrian. Hitzez nahiz marrazkiz osatua, artistaren berezko hizkuntza grafikoak ematen dio liburuari arintasuna, erakargarritasuna eta gaztetasuna.