Mostrando entradas con la etiqueta Joseba Gabilondo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Joseba Gabilondo. Mostrar todas las entradas

lunes, 25 de marzo de 2024

#hemeroteca #lgtbi | “Diagnostikoak balioko digu ikusteko zisheteroaraua non eta zer aspektutan den gogorragoa Orozkon”

Hiruki Larroxa taldeko kideak dira Joseba eta Garazi //

“Diagnostikoak balioko digu ikusteko zisheteroaraua non eta zer aspektutan den gogorragoa Orozkon”

Txabi Alvarado Bañares | Aiaraldea, 2024-03-25

https://aiaraldea.eus/orozko/1711384528610-diagnostikoak-balio-ahalko-digu-ikusteko-zisheteroaraua-non-eta-zer-aspektutan-den-gogorragoa-orozkon

Hiruki Larroxa kolektiboko kideak dira Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques. Orozkoko Udalak sustatutako herriko LGBTI+ diagnostikoa osatzen dabiltza, eta prozesu horren inguruan mintzatu dira Aiaraldea Komunikabidearekin.

Galdera. Orozkoko LGBTI+ diagnostikoa osatzen ari zarete. Zein da horretarako jarraitzen ari zareten metodologia?

Diagnostikoak, nolabait esateko, bi ildo ditu. Alde batetik, Orozkoko LGBTI+ pertsonen errealitatea ezagutzeko, bizitzako arlo ezberdinetan izandako edo izaten dituzten bizipenak jasoko ditugu. Beste aldetik, gainontzeko herritarrek sexu aniztasuna eta LGBTI+ errealitateak nola ulertzen eta bizi dituzten aztertzea nahi dugu. Bizipen, pentsamendu, jarrera... horiek jasotzeko modu ezberdinak erabiliko ditugu.

Alde batetik, herritarrentzat irekia den galdetegi bat jarri genuen martxan otsaila hasieran. Bestalde, banakako elkarrizketa sakonak ere egingo ditugu eta baita talde-eztabaidak ere.

Horretarako, herritarrak galdetegia betetzera animatzen ditugu, esteka honetan sartuta. Orozkoko LGBTI+ pertsonak ere animatzen ditugu galdetegia betetzera, baina bereziki banakako elkarrizketetara animatzea eskatzen diegu, izan ere, diagnostikoa horretan oinarritzen da gehienbat.

Herriko LGBTI+ pertsonen bizipenak behar ditugu ikusteko zer hobetu daiteken Orozkon, LGBTI+ pertsonentzat herri bizigarria izateko. Animatzekotan orozko.lgtbi@bizkaia.org helbidera idazteko eskatzen dugu. Gogoratu nahi dugu, elkarrizketak guztiz konfidentzialak izango direla.

“Herriko LGBTI+ pertsonen bizipenak behar ditugu ikusteko zer hobetu daiteken Orozkon, LGBTI+ pertsonentzat herri bizigarri bat izateko”

Galdera. Zer nolako pertzepzioak jaso dituzue momentuz egin dituzuen hartu emanetan? Zein da zuen lehen inpresioa?

Oraingoz galdetegia 54 pertsonek erantzun dute eta oraindik ez dugu elkarrizketa sakonik egin. Beraz, goizegi da edozein ondorio ateratzeko. Baina, adibidez, oraingoz LGBTI+ siglen atzean dauden kontzeptu edo identitateak guztiz ezagunak ez direla ikusi dugu galdetegiko erantzunetan. Gehien bat intersexualen I hizkia da ezjakinena eta aldi berean ikusezinena ere kolektiboan.

Bestetik, galdetegia erantzun duten LGBTI+ pertsonen gehiengoak beraien izaera ikustarazteko garaian, tokiaren edo testuinguruaren arabera egiten dutela komentatu dute. Horrek erakusten digu, posiblea dela Orozkon testuinguru batzuk LGBTIfoboagoak edo hertsatzaileagoak izatea beste batzuk baino.

LGBTI+ pertsonek jasotzen dituzten bazterketa, irain eta indarkerien inguruan galdetuta, erantzun dutenek gehienbat espazio publikoa, hezkuntzan eta kuadrilletan ematen direla sumatzen dute. Badago ehuneko nahiko handi bat ere erantzun duena ez duela LGBTI+ pertsonen aurkako indarkeriarik nabaritzen.

Galdera. Honakoa ez da egiten duzuen herri txiki bateko lehen diagnostikoa. Zer nolako errealitateak azaleratu ohi dira Orozkoren tamainako udalerri batean?

Zerbait aipatzekotan, alde batetik, askotan komunitate txikietan ematen den arauan sartzeko presio sozial itogarriak pertsona asko armairuan sartuta egotea edo norbere izaera ezkutuan mantentzea ekartzen duela ikusi izan dugu. Baina, aldi berean, honek ez du esan nahi herri txikiak hiriak baino LGBTIfobikoagoak direnik. Are gehiago, herrian geratzea erabakitzen duten LGBTI pertsona askok herriko bizitza hurbil eta seguruagoa hautatzen dute.

Aipatutako presio sozial horren edo LGBTIfobia gordinagatik herritik ihes egin edo urruntzen diren pertsonak ere ohikoak dira. Fenomeno honi sexilioa esaten zaio.

Manolo Guzman puertorricar soziologoak 1997an kontzeptualizatutako ideia da. Aipatzeko beste zerbait ere bada herrietako giro eta kultura heterosexualizante patriarkala. Horrek testuinguru arrotzak eta hertsatzaileak sortzen ditu askotan (gehien bat festa giroan) eta honek emakume zein LGBTI+ pertsonengan deserosotasun, ezinegon edota indarkeria egoerak bizitzera eraman dute.

Galdera. Ezberdintasunak egon ohi dira herri txiki batetik bestera?

Bai, herri batetik bestera ezberdintasunak izaten dira, bakoitzak nolabait bere idiosinkrasia dauka. Dena dela, Monique Wittigek aipatzen zuen pentsamendu heterosexuala (‘Pentsamendu heterozuzena’, Monique Witig, 2017) herri guztietan antzerako ematen dela, zeinak jendartea modu jakin (zisheterozuzena eta patriarkala) baten antolatu eta pentsatzen duen.

Ezberdintasunak badira, sexu askatasunerantz, batzuetan herrian izan diren feminista eta LGBTI+ pertsona edo familia erreferenteengatik izan da, nolabait arautik at bizitzea posible dela erakusten duten gorputz eta harremanengatik.

Galdera. Zergatik da garrantzitsua horrelako diagnostikoak egitea herri txikietan?


Oscar Guschen ‘La crisis de la heterosexualidad’ (2000) liburura jota, ikusten dugu historian zehar (oraindik gaur egun ere) LGBTI+ pertsonak estigmatizatuak, diskriminatuak, zapalduak, jazarriak... izan garela. Estigma eta jazarpen hori gidatu duten instituzioak ezberdinak izan dira. Hasieran eliza (erlijioak) izan zen moralaren izenean, ostean medikuntza izan zen zientziaren izenean gaixo bezala izendatu gintuena eta azkenik estatua izan da (eta da) lege zapaltzaileekin sozialki arriskutsuak edo bigarren mailako herritar bezala ikusten gaituena.

Guzti honetan, instituzioek beraien ardura daukate eta, nolabait, memoria historikotik eta erreparazioaren ideiatik, LGBTI+ politika publikoak bultzatu behar dituztela uste dugu.

Oraingoan, LGBTI+ kolektiboaren inguruan gabiltza, baina berdintasun politikekin ere emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko ardura daukate eta klase begirada eta begirada dekolonial batetik edota bestelako zapalkuntza sistematikoak kontuan izanda ere politika publikoak egin beharko liratekeela uste dugu.

Nolabait, gehiago ala gutxiago atsegin, pertsonen bizitza bizigarriagoa egiteko eta ematen diren zapalkuntzak desagerrarazteko ezinbestekoa da jakitea zeintzuk diren zapalkuntza bakoitza bizi dutenen errealitatea, honi buelta eman ahal izateko. Eta kasu honetan eskertzekoa da Orozkoko Udalak ardura hori hartzea.

Galdera. Behin diagnostikoa osatuta, zein izan beharko litzateke hurrengo urratsa?

Diagnostikoak balio ahalko digu ikusteko zisheteroaraua non eta zer aspektutan den gogorragoa Orozkon eta ondorioz, LGBTI+ pertsonentzako bizitza hertsatuago non eta zergatik den. Honek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikekin batera, LGBTI+ politika publikoak eraikitzeko lehenengo urratsa emango liguke.

Beraz, diagnostikotik, LGBTI+ politika publikoak martxan jartzeko oinarriak ezarriko dira, Orozko LGBTI+ pertsonentzako (eta gainontzekoentzako, izan ere zisheteroarauak pertsona guztion gorputz, identitate, desira eta harremanak baldintzatzen baititu) herri bizigarriagoa izateko.

ETA GAINERA... 
>
Orozko realiza un diagnóstico del colectivo LGTBIQ+
S.M. | Deia, 2022-12-19

https://www.deia.eus/bizkaia/2022/12/29/orozko-realiza-diagnostico-colectivo-lgtbiq-6321235.html
>
El Ayuntamiento de Orozko pondrá en marcha un diagnóstico para conocer la realidad de la ciudadanía LGTBI+
Orozko Udala, 2024-02-06

https://www.orozkoudala.com/es-ES/Noticias/Paginas/20240206-en-marcha-diagnostico-realidad-ciudadania-lgtbi.aspx
>
Orozko analiza la realidad local del colectivo LGTBI+

Anima a vecinos de esta comunidad a participar y lanza una encuesta para toda la población
Susana Martín | Deia, 2024-02-09
https://www.deia.eus/bizkaia/2024/02/09/orozko-analiza-realidad-local-colectivo-7848934.html
>
Orozkoko LGTBI+ kolektiboko herritarren egoera ezagutzeko diagnostikoa abiatu du Udalak
Aitor Aspuru Saez | Aiaraldea, 2024-02-16

https://aiaraldea.eus/orozko/1708010866928-orozkoko-lgtbi-kolektiboko-herritarren-egoera-ezagutzeko-diagnostikoa-abiatu-du-udalak

sábado, 23 de marzo de 2024

#hemeroteka #lgtbi | "LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira; denontzat dira askatzaileak"

Joseba Gabilondo eta Garazi Beramendi //

"LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira; denontzat dira askatzaileak"

Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques arituko dira Bermeoko LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egiten. Diagnostikoa egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute.
Ane Maruri Aransolo | Busturialdeko Hitza, 2023-03-23
https://busturialdea.hitza.eus/2024/03/23/lgtbi-politika-publikoak-herri-guztiarentzako-politikak-dira-denontzat-dira-askatzaileak/

Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques arituko dira Bermeoko LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egiten. Diagnostikoa egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute.

Bermeo LGTBI+fobiarik bariko herri bizigarria eraikitzeko udal diagnostikoa egingo du udalak. Hain zuzen ere, Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques ariko dira diagnostikoa egiteko lanean. Jendarte eraldaketarako pentsamendu kritikoa sustatzea bilatuko dute, eta LGTBI+ komunitateko kideekin elkarrizketa sakonak egiteaz gain, kolektibotik kanpoko herritarren, eragileen eta elkarteekin batzea aurreikusi dute, talde eztabaidak egiteko.

Zergatik da garrantzitsua horrelako diagnostikoak egitea?
Joseba Gabilondo: Azken urteetan mugimendu feministak erakutsi digu estrukturalak diren bazterketa, indarkeria eta diskriminazio egoera asko ematen direla gure inguruan, eta LGTBI+ kolektibokoak gara horiek sufritzen ditugunetako batzuk. Beraz, uste dugu garrantzitsuak direla diagonistikoak, azterketa egiterakoan testuinguruari asko erreparatzen diogulako; kolektiboko pertsonei asko galdetzen diegu, baina baita gainontzeko herritarrei eta herrian ardura dutenei ere. Izan ere, uste dugu arazo estrukturak horiek aldatzea komunitatearen ardura dela, baina udalena, administrazioena edo boterean daudenena ere bai. Horregatik uste dugu udaletik horrelako diagnostikoak egiteak erraztu dezakeela LGTBI pertsonen bizitzak bizigarriagoak izatea, kontutan hartuta, gero, komunitate guztiaren esku dagoela hori ahalbidetzea.

Garazi Beramendi: Badirudi errealitate hori paper batean jartzea beharrezkoa dela komunitateko kideek bizi duten egoeraz konturatzeko, nahiz eta ez lukeen horrela izan behar. Baina zenbaki edo hitz konkretu horiek diagnostiko batean jartzeak balio du ikusteko herri honetan ere arazo horiek gertatzen direla.

Gero eta diagnostiko gehiago egiten dira?
G.B: Gero eta diagnostiko gehiago egiten ari gara, hori da noranzkoa. Baina ez dira asko.

J.G.: Euskal Herri mailan, diagnostikoa egin zuen lehenengo hiria Gasteiz izan zen, eta gero etorri dira herri txikiak: Orereta, Ordizia, Villabona, Orozko, Bermeo… Ematen du udalak badabiltzala euren herrien bizigarritasuna zabaltzen, baina aztertzeko geratzen diren erpin asko daude oraindik. Ze diagnostikoak egin ditzazkegu emakumeen eskubideei buruz, LGTB+ pertsonen inguruan, edo aztertzen zer gertatzen den arrazismoa jasotzen duten pertsonekin… Badaude hainbat gabezia herriak guztiontzako bizigarriak izateko. Baina, gure kasuan, badirudi LGTB pertsonengan badagoela nolabaiteko fokoa, eta poztekoa da. Hala ere, ezin dugu ahaztu badaudela beste errealitate batzuk eta gorputz batzuk zeintzuek ez daukaten horren bizitza bizigarria.

Diagonostikoa egin den herri horietan badago joera komunik?
G.B.: Herri bakoitza mundu bat da, desberdinak dira denak, baina ez dugu ahaztu behar zerbaiten parte garela, eta hori horrela den horretan, errepikatzen diren gauzak daude. Euskal Herria herri txikia da, eta biolentziak berdinak dira, oso antzekoak izaten dira, eta errelatoak ere bai. Badago antzekotasuna. Guri gustatzen zaigu herriaren berezitasuna kontuan hartzea, baia gero, osotasunean sartu behar dugu. Ea zer ematen digun Bermeo honek.

Udalari erraminta batzuk eman gura dizkiozue oinarri hori kontutan hartuta politika bizigarriagoak eraikitzeko?
J.G: Diagnostikoa bada udal politika publikoak garatzeko tresna bat. Gero, honek, ahalbidetu dezake, agian, herriko LGTB pertsonak artikulatzea, izan daiteke. Baina bueno, hori ere herriak berak edo LGTB pertsonek ikusiko dutela. Nik uste dut zerbait desiragarria dela, beti, egotea arlo zuzenean lan egingo duen kolektibo bat, norberaren izenean berba egiten duena, baina hori herriaren esku dago.

Elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak egingo dituzue orain, Bermeon. Zer bilatzen duzue metodo bakoitzagaz?
G.B.: Asmoa da, batez ere, LGBT pertsonekin elkarrizketa sakonak lortzea, horrek ematen digulako nolabaiteko espazio seguru txiki bat gaia sakontasunean lantzeko, eta hor ere talde eztabaidak lortzea interesgarria izango litzateke. Ze oso inforazio desberdina jasotzen da metodo desberdin horien bitartez. Herritarrentzako, aldiz, galdetegiak jarriko ditugu, eta udal ordezkari zein eragile ezberdinekin herrian egon daitezkeen talde eztabaidak egitea bilatu gura dugu.

J.G.: Talde eztabaidetarako, berriz, garrantzitsua da talde, elkarte eta eragileen inplikazioa egotea, komunitate seguru eta bizigarria sortzeko denen ekarpena ezinbestekoa delako.

Talde eztabaidetarako beharrezkoa da herri inplikazioa, ezta?
G.B.: Bai, zenbat eta inplikazio handiagoa lortu, orduan eta diagnostiko osatuago bat egingo dugu. Bermeon perfil ezberdinetako pertsonak bizi dira, eta ahalik eta jende gehiagorengana iritsi, orduan eta informazio aberasgarriagoa lortuko dugu, gero, eraiki ahalko diren politika horietan isladatzeko.

J.G.: LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira. Gure gorputzak, gure identitatea, gure generoa, gure sexualitatea kartzelan sartzen duen arauak ez gaitu guri bakarrik kartzelaratzen, gainontzeko herritarrak ere kartzelan sartzen ditu. Gu gara arau hori apurtzen dugunak, bai, baina herritarrak ere kartzela barruan daude. Hala, zisheteroarauari buruz edo sexu aniztasunari buruz beste eragileekin lan eginda, horri buruz herrian ze jakintza dagoen aztertu gura dugu, jakin ze jarrera hartzen diren horiekiko, ze harreman eraikitzen diren eta nola egiten dieten aurre. Beraz, nik uste dut garrantzitsua dela esatea politika hauek denontzat direla askatzaileak.

Udal ordezkariek Bermeon gertatzen den sexilioa aipatu dute. Diotenez, badaude herria uzten duten LGTBI+ komunitateko kideak, onarpen handiagoa jasoten duten lekuen bila doazenak. Nabarmenagoa da sexilioa herri txikietan?

J.G: Zabalduago dago herri txikiak LGTBI+foboagoak direnaren ideia, baina ez dugu uste hori horrela denik, edo behintzat, guri gure esperientziak ez digu hori esaten. Ez hiriak baino gehiago direnik. Herria komunitate txikiagoa den heinean, baliteke komunitateko kideek presio gehiago jasotzea, baina, aldi berean, babes gehiago ere jaso dezake. Esango nuke kolektiboko kideengan herri txikietara bueltatzearen joera ere existitzen dela. Euskal Herri mailan, lehen, sexu askapenerako militantzia edo LGTBI+ militantzia hiri handietan ematen zen, baina gaur egun, gero eta kolektibo gehiago daude herri txikietan: Lekeition, Ordizian, Gorbeialdean… Badabiltza taldeak sortzen, eta badirudi zerbait aldatzen ari dela.

G.B: Gerta daiteke hiri handi batera joatea edo norbere herrian espazio seguru bat lortzea, zeinetan zure bizitza garatzeko leku segurua eraikitzen duzun. Egin ditugun hausnarketa, ikerketa eta diagnostiko gehienetan sexilioa aipatzen da, baina bi noranzko horiek ditu.

miércoles, 28 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Harrotasunaren eguna, faxismoari aurpegia emanez

Naiz / Iazko ekainaren 28ko Gasteizko manifestazioaren artxiboko irudia //

Harrotasunaren eguna, faxismoari aurpegia emanez

LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna
Alaia Sierra | Naiz, 2023-06-28
https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2023-06-28/hemeroteca_articles/harrotasunaren-eguna-faxismoari-aurpegia-emanez

Legeetan LGTBI kolektiboarentzat aurrerapausoak eman diren arren, eskuinaren eta are ezkerreko sektore batzuen jazarpena piztu da. Egoera honetan, ekainaren 28an, gaur, faxismoari aurre egiteko helburuarekin, aurrera begiratzeko eta mugimenduak artikulatzeko deia egiten dute eragileek: «Ezin dugu atzera egin».

Azken urteotan, legegintzaren ikuspuntutik, LGTBI kolektiboarentzat aurrerapen esanguratsuak egin dira. Berriena trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideen bermerako legea izan da, Madrilen onartua. Aurretik, Lakuako gobernuak «transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari» buruzko 2012ko legea aldatu zuen.

Gaurkoa data seinalatua da LGTBI pertsonentzat, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da eta. Aldarrikapenerako eguna. Hortaz, kolektiboaren egoeraren eta erronken inguruan hausnartzeko momentu aproposa da.

Izan diren lege aurrerapenei begira, Euskal Herriko LGTBI eragileek balorazio positiboa egiten dute, oro har. Estatu espainolean onartutako Trans Legea hasieran «positiboki» ikusi zutela onartu dio Joseba Gabilondok EHGAM-eko kideak GARAri. Izan ere, «eskubideak zabaltzen» dituen araua den arren, hasierako proposamenarekiko «atzerapausoak» eman direla deitoratu du Gabilondok.

«Eskubideak zabaltzen dituen heinean ados egongo gara. Ezkontza homosexuala onartu zenean ere EHGAM-etik alde agertu ginen, ezkontzaren kontzeptua bera defendatzen ez dugun arren», azaldu du.

Lumagorri taldea iritzi berekoa da. Amets Martinez de Heredita kideak egunkari honi esan dionez, «Trans Legea babestu dugu lehenengo momentutik; terapien debekua ekarri duelako, besteak beste». Hala ere, kritikagarria dela azpimarratzen dute bi eragileek. Alde batetik, kolektiboaren eta mugimenduaren alderdi guztien parte-hartzerik gabe egin delako eta, bestetik, jarrera transfoboak areagotu direla konturatu direlako.

Legea bai, baina eragileen eskutik
EHGAM-eko Joseba Gabilondok azpimarratu duenez, «mugimenduaren parte batekin bakarrik egin da eta kolektibo batzuk kanporatu ditu». Besteak beste, legeak genero ez bitarreko pertsonak ez dituela aintzat hartzen kritikatu du. Bide batez, «guztia legeekin arautzeak» dakarren arriskuaz ohartarazi du.

Lumagorriko kideak, bestalde, «ezinbestekoa» deritzo hau bezalako arauak egiteko subjektu politikoekin harremanetan jartzea eta kasu honetan ez dela hala izan salatu du: «Iruditu zaigu kolektiboaren parte-hartze gutxi izan dela, eta gauza batzuk zintzilik geratu dira legean».

Transfobia piztu
Martinez de Hereditaren aburuz, Trans Legearen onarpenak «bereziki kolektiboarekiko gezurrak pizteko balio izan du». Kritika piztu duela uste du eta eskuineko sektoreetatik baino, ezkerretik «ardura handiagoa» dela esan du; Lumagorriren ustez, «gertatu dena arduragabekeria politiko handia da ultraeskuinaren argudioak piztu dituelako».

Gabilondoren esanetan, areagotu den transfobia hori «zuzenean lotuta dago azken urteotan erasoak ugaritzearekin» eta ardura alderdi politikoei eta «beraien joko politikoan aritzen direnei» egozten die.

Hala ere, Lumagorrik nahiz EHGAM-ek jazarpena politikaren eremutik harago doala nabarmentzen dute. Joseba Gabilondok azpimarratu duenez, ohiko hedabideetan ez ezik, sareetan YouTube eta TikTok bezalako plataformen bidez beraien iritziak partekatzen dituzten «gizon erreakzionarioek» Trans Legea eta kolektiboa gogor kolpatu dituzte. «LGTBI kolektiboa, emakumeak eta pertsona arrazializatuak ultraeskuinaren jopuntuan egongo gara beti», esan du Lumagorriko Amets Martinez de Hereditak, arinkeriaz hartu ezin den kontua dela gehituta «giza eskubideak ezbaian jartzen direlako».

Feminista trans baztertzaileak (Terf, ingelesezko sigletatik) ere oldartu dira aurrerapenaren aurka argudio transfoboak erabiliz; horien ustez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezak harreman zuzena dauka sexuarekin eta ez generoarekin.

EHGAM-eko kideak «penaz» ikusten du sektore honen jarrera. «Beraien burua feministatzat hartzen dute, baina kuriosoa da, ultraeskuinak duen diskurtso berbera dutelako», azaldu du.

«Oso adi egon beharra daukagu, faxismoa hortxe dugulako eta ez da hauteskundeen inguruko kontu bat. Irabazi edo ez, beraien egitasmoak eta mezuak hor daude», ohartarazi du Martinez de Hereditak.

«Gure erreferente den Gasteizko Mugimendu Feminista ez dago posizio horretan, eta trans pertsonek beti dute beraien tokia mugimenduaren barruan», eman dute aditzera Lumagorri taldekoek. Hain zuzen ere, LGTBI eragilea Arabako hiriburuko gaurko mobilizaziora batu delako pozten da.

Horren aurrean, elkar zaintzea, mugimenduak elkarren artean artikulatzea eta Euskal Herriko gune txikietan ere mugimendu berriak sortzea da ekainaren 28 honetan LGTBI eragileek defendatzen dutena. «Elkarrekin faxismoari aurre egin behar diogu, ezin dugu atzera egin», esan du EHGAM-eko Joseba Gabilondok. Saretzearen garrantzia ere azpimarratu du Martinez de Hereditak: «Elkarlan handia egin behar dugu, eraso gehien jasoko dugunak izango garelako».

sábado, 24 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Hamarkadaz hamarkada LGBTI+ kolektiboaren defentsan

Juan Carlos Bayóren argazkia / 1979ko ekainaren 12an, Francisen hilketa salatzeko egindako manifestazioa

Hamarkadaz hamarkada LGBTI+ kolektiboaren defentsan

Andoni López Virués | ON [Grupo Noticias], Noticias de Álava, 2023-06-24

https://www.noticiasdealava.eus/on/2023/06/24/hamarkadaz-hamarkada-lgbti-kolektiboaren-defentsan-6968515.html 
Versión en PDF:
Ekainaren 28an, hainbat tokitan, LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunak lekua izango du. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua lurraldeko lehenengo talde antolatua izan zen, nahiz eta taldearen sorrera baino lehen, jada LGBTI+ pertsonen zapalkuntzari aurre egiteko beharretik egonezina antzeman zezaken.

Euskal Herriko LGBTI+ historia ezagutzeko, ezinbestekoa da nazioarteko mailan begirada kokatzea. 60ko hamarkadan, kolektiboarentzat topaleku bihurtu zen New York-eko Stonewall Inn taberna. Stonewall-en ohikoak bihurtu ziren polizia-sarekadak eta indarkeria egoerak.

1969ko ekainaren 28an, polizia-sarekada bat aurrera eraman zen. Egun horretan, LGBTI+ komunitateak jasaten zuen indarkeriari aurre egitea erabaki zuen, eta gaur egun Stonewall Inn-eko istiluak bezala ezagutzen dugun pasarte historikoak lekua izan zuen. Estatuko leku ezberdinetako hainbat pertsonek bat egin zuten manifestazioekin. Istilu hauek mugarri izan ziren LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko borrokan.

Julen Zabala EHGAM-eko kidea izan da 70ko hamarkadatik, eta beste kide batzuekin batera, EHGAM-eko artxiboa mantentzeaz arduratzen da, “ez bakarrik dokumentazioa fisikoa, baizik eta hainbat borroka urteen memoria ere”.

Espainiar estatuan ere lehen mobilizazioak 60ko hamarkadaren amaieran hasi ziren eta gertakari zehatz batean zentratu ziren: Frankismo garaian onartu zen Alferren eta Gaizkileen Legearen birmoldatzea. Lehenengo hau ordezkatzeko, Arriskugarritasuna eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legea (LPRS, siglak gazteleraz) 1970eko abuztuan onartu zen, baina aldaketak ez ziren onuragarriak izan: lege berri horrek arriskutsutzat jotzen zituen LGBTI+ pertsonak eta hauek kartzeletan sartzeko artikuluak biltzen zituen.

EHGAM, lehen aldiz kaleetan
“Lehen protesta haietatik abiatuta, talde eta kolektiboen antolaketa eratzen joan zen. 1975aren amaieran, “trantsizioa” deritzona hasi orduko, FAGC sortu zen Katalunian, eta berehala, gay mugimendua beste leku batzuetara zabaldu zen”, dio Julen Zabalak. Euskal Herrian 1976an sortu zen EHGAM, Antonio Kintana eta Imanol Alvarezen arteko ustekabeko topaketa baten ondorioz Durangoko Azokan. Lehenengo urteetan, taldearen hedapenean zentratu ziren, eskubideak aldarrikatuz eta LPRSren eta sistema beraren errepresioaren aurka protestatuz, baita María Isabel Gutiérrez Velasco prostituta Basauriko espetxeko gela batean 1977ko azaroan kiskalita agertu zela salatuz ere.

1979ko ekainaren 10ean, Errenterian, Antonio Caba poliziak Francis trabestia hil zuen. Zabalaren hitzetan, “mugarri berria izan zen”. Une hartan, mugimenduak presentzia handia zuen Euskal Herri osoan, baina Francisen hilketa “garrantzitsua izan zen komunikabideetan eta orduko sare politiko eta sozialean gure aldarrikapenek presentzia gehiago izateko”.

Hilketaren ondorioz, Gipuzkoako taldeak azkar hartu behar izan zituen erabakiak. Horrela eman ziren Gipuzkoan LGBTI+ kolektiboko lehenengo manifestazioak, eta Euskal Herriko LGBTI+ mugimenduaren egutegi partikularrean, 1979ko ekainaren 12ak berebiziko garrantzia du, “gure lehenengo ekainaren 28ko manifestazioa izan zela esan dezakegu”.

Lehenengo urteetatik, gaur egungo egoerara
Lehenengo urteetan EHGAM Espainiar Estatuko Askapen Homosexualeko Fronteen Koordinakundearen aldarrietan antolatu zen. Garai hartan funtzionatzen zuten erakunde eta kolektiboak biltzen ziren koordinakundean. Plataforma hori 18 errebindikazio-puntu zituen, horien artean, sexu-jarduerek eragindako diskriminazio oro ezabatzea eta haien afektibitatea jendaurrean erakusteko, nahi den bezala janzteko, eta elkartzeko eskubidea nabarmentzekoak dira.

Beste aldarrikapen koiunturalago batzuk ere bazeuden, hala nola, LPRS eta homosexualitatea edo eskandalu publikoa zigortzen zuten kode penal eta militarreko beste artikulu batzuk indargabetzeko eskaera. Horrez gain, Amnistia eskatzen zen homosexualitateagatik edo trabestismoagatik kartzelan jarraitzen zutenentzat.

Zabalaren ustez, gaur egungo aldarriekin alde handia existitzen da, gauza asko aldatu direlako. Hala ere, egoera legala errealitate sozialean islatzen ez dela ondorioztatzen du. Adingabeek beren orientazio edo nortasun “sexogenerikoagatik” sozializazio esparruan bizi behar duten jazarpena adibide moduan jarri du.

EHGAMek, halaber, “gay” terminoaren merkantilizazioaren, erakunde politikoen instrumentalizazioaren, “pinkwashingaren” edo kolektiboaren barruan bizi den “homonormatibitatearen” aurka ere egiten du: “Hau guztia, Shangay Lily-k, asmakizun handiz, “gaypitalismo” deitu zuenaren parte da”.

Beharrak asetuz
LGBTI+ komunitatean profil anitz biltzen dira, eta klandestinitatea bezalako faktoreek bere eragina izan dute kolektiboan. Sortutako beharrak asetzera bidean, hainbat motatako erakunde edo kolektibo sortu dira Euskal Herrian. Horietako bat Aldarte Arreta Zentroa da, 1994an sortu zena. LGBTI+ pertsonentzat ez ezik, haien inguruko pertsonentzat ere zerbitzuak eskaintzen ditu. Gaizka Villar Aldarten lan egiten duen gizarte-langilea da: “Edonork, edozein kezka edo zalantza izanez gero, hurbildu daiteke”. Aholkularitza juridikoa Aldartek eskaintzen duen zerbitzuetako bat da. Beste alde batetik, arreta psikologikoan zentratzen diren forma ezberdineko zerbitzuak daude. Aldarteko bi egoitzetatik, Bilbon eta Gasteizen kokatzen direnak, eskuhartze sozialean ere aritu dira azken urteetan.

Ordutik hona, Aldarte jendearen beharretara eta epe historikora moldatu da, eta gaur egun profil nagusienetarikoa LGBTI+ pertsona migratuak dira, baita zaurgarritasun egoeran bizi direnak ere.

Aldarteko kidearen ustez LGBTI+ komunitatearen beharrak aldatu dira. Hasieran, behar nagusiena sozializatzea zen, bizipenei buruz hitz egitea: “Horrek norbanako identitatetik haratago, identitate kolektibo bat sortzeko gaitasuna ematen zuelako. Iruditu ez arren, oraindik jendeak behar hori du”. Nahiz eta gaur egun LGBTI+ kolektiboko zenbait kideek jendarte baikor bat izan ahal duten, “kolektiboarekiko lotura bat behar dute”, eta horren bila hurbiltzen dira Aldartera.

Aldarteren lehenengo ekintzetako bat, eta gaur egun aktibo mantentzen dena, elkarlaguntza taldeak izan ziren. Taldeetan, “ahalduntzea” lantzen dute bizipenetatik, autoestimutik eta konfiantzatik. Duela urte batzuk, emakumeei zuzendutako talde itxia sortu zuten, ulertuta askotan LGBTI kolektiboa irudikatzen dugunean “gizon zuri eta klase ertainekoa” imajinatzen dugula. Horregatik, emakumeen kasuan, sexualitateak eta identitateak lantzeko espazioen beharra ikusi zuten.

Hiruki Larroxa militantziatik kooperatiba bat izatera igaro duen proiektua da eta haien aktibitatea ere anitza da. Hiru kideren arteko kooperatiba honek transfeminismotik egiten du lan, eta ikuspuntu hori aurrera eramaten dituzten proiektu guztietan txertatzen dute.

Alde batetik, hezkuntzan aritzen dira. Gabilondoren hitzetan, ez da haien lan-lerro bakarra, baina bai Hiruki Larroxaren “ildo potente bat”. Hezkuntzan gaia transbertsalki landu behar dela uste dute kooperatiba honetan, eta ez bakarrik ikasleen kasuan, baizik eta profesionalen kurrikulumean. Joseba Gabilondoren hitzetan, “hezkuntzan erronka handiena metatzen da”.

Hala ere, gizartea anitza da, eta zentzu horretan, hezkuntzan aritzea ez da nahikoa, jendartearekin lan egin behar da. Hiruki Larroxaren helburuetako bat, kontzientzia kritikoa piztea da. Horregatik ez diote mezua publiko zehatz bait zuzentzen: instituzioak, irakasleak, ikasleak... LGBTIfobia moduren baten eteteko, hau erreproduzitzen duten aktoreekin lan egin behar dela dio Hiruki Larroxako kideak: “Jendarteari zuzentzen dizkiogu gure ekintzak”.

Instituzioekin ere lan egiten dute, eta haien lanen artean, udal politikak eraldatzeko diagnostikoak aurkituko ditugu. Horiei buruz, Gabilondok aipatzen duen faktore nagusia herria eta hiriaren arteko ezberdintasuna da. Hirietan askatasuna handiagoa da. Gabilondok herrietan gertatzen den “sexilioa” aipatu du ohiko gertakari gisa: LGBTI+ komunitateko kideek haien jatorriko herria utzi behar izatea haien orientazio edo identitate sexualagatik. Nahiz eta herrietan LGBTI+ gaiarekiko egoera itogarria izan ahal den, Hiruki Larroxako tailerrak harrera ona izan ohi dute.

Hiruki Larroxako kideek ere ahalduntzean jartzen dute fokua. Horretan, feminismotik datorren esperientziatik aritzen dira: “Elkartasuna sustatu, bakoitzak bere bizipenak kontatu, elkarzaindu eta hor sortzen den ahizpatasuna indartu”, hori da ahalduntzea Hiruki Larroxarentzat. Hori sustatu ez ezik, Gabilondoren hitzetan garrantzitsua da gazteek ahalduntze hori artikulatzea, eta haien ingurukoekin konpartitzea.

Erronkaz erronka, helburua “gizartea desheterosexualizatzea” da: “Goazen zalantzan jartzera gure desira, gure generoa, goazen jolastera, deserosotasunetik, goazen gure harremanak birplanteatzera”, dio Joseba Gabilondok, “zisheteropatriarkatuaren“ baloreetatik urruntzeko asmoz.

domingo, 22 de septiembre de 2019

#hemeroteka #lgtbi #merkantilizazioa | Joseba Gabilondo Marques. Harro! plataformako kidea: "Garrantzitsua da nondik gatozen gogoratzea"

Argia / Joseba Gabilondo //

Joseba Gabilondo Marques. Harro! plataformako kidea: "Garrantzitsua da nondik gatozen gogoratzea"

Borroka transmaribibolloan bide luzea egindakoa da Joseba Gabilondo Marques (Eskoriatza, 1984). Hiruki Larroxako kide da, maiatzean sortu berri duten Harro! plataforma osatzen duen kolektiboetako bat. Plataformak manifestazioa deitu du Bilbon irailaren 21ean, European Pride Organisers Association-ek (EPOA) asteburuan egingo duen bileraren aurrean desadostasuna agertzeko. Mobilizazioaren arrazoiez eta plataformaz mintzatu gara.
Amaia Lekunberri Ansola | Argia, 2019-09-22
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2658/joseba-gabilondo-marques-harro-plataformako-kidea 

EPOAren bisita, ospakizunerako aitzakia izatetik urruti, mobilizaziorako arrazoitzat jo duzue.
EPOA EuroPride jaialdia antolatzen duen elkartea da, hainbat enpresa pribaturekin oso lotua, ‘Pride’-aren ideia oso merkantilista daukana. Bilbon elkartuko dira, erabakitzeko 2022ko EuroPride non burutu. Bilbok bere burua aurkeztu zuen bilera jaso eta antolatzeko –Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 70.000€-tik gora bideratu dituzte bilera gauzatzeko–, baina ez da hautagaia. Jokaldi estrategiko gisa ikusten dugu: “Bilbo ‘gay-friendly’ da” adierazteko. Bat baitator aurten Bilbao Bizkaia Pridegatik egin den apustu eta diru xahutzearekin. Bilbo zirkuito horretan nola sartu aztertzen ari dira, eta zirkuito hori turismo eredu txikitzailearekin oso lotuta dago.

Manifestazioa deitu dugu esateko hemen ez dugula nahi halako Harrotasun eredurik. Hasieratik markatzeko hemen herri mugimendua, transmaribibollo mugimendua, LGBT+ mugimendua ez daudela kode horretan.

Aipatu turismo ereduak, gainera, ez du bere baitan hartzen LGBT+ mugimendua bere osotasunean.

Turismoari lotuta ‘gay-friendly’ hitza darabilte, eta hitzak bere baitan hartzen dituen horiei dago zuzenduta: gorputz kanon batzuk betetzen dituzten gizon zuri, europar eta dirudun gayei. Ez dituzte kontuan hartzen, adibidez, transexualak. Trans biztanleriak %85eko langabezia tasa pairatzen du, ziurrenik trans batek ezingo du ‘gay-friendly’ diren hotel horietako batean gau batek balio duena ordaindu. Euskal Herrian Axel Hotels kateak ireki du halako hotel bat Donostian, eta Bilbon ere proiektatu du beste bat.

Bilera EAJk bere proiektu neoliberala aurrera eramateko estrategia gisa ulertu duzue.
Bai, lotura zuzenak daudelako EAJ eta Ortzadar LGBT+ [Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren antolatzailea] elkartearen artean. Ortzadarrek ematen du urte asko daramatzala borrokan eta aktibismoan, baina duela gutxi sortutako elkartea da, Euskal Herrian aipatutakoa bezalako Harrotasunaren eredua txertatzeko, eta instituzioen diruak halakoetara bideratzeko. Hemen, ‘Pride’-aren atzean Ortzadar dago soilik, eta LGBT+ mugimendua aurka. Elkarte horretan dauden pertsonak dira parlamentariak, dira zinegotziak Bilboko Udaletxean… Lotura zuzena dago, eta bueno, badakigu herri honetan zer bultzatzen duen EAJk, ze hiri mota nahi duen.

Alegia, makro-ekimenen bidez bultzatzen ari diren hiri eredu neoliberalera bidean Pride-a ezin hobeto datorkiela. Horretarako LGBT+ borrokaren asimilazioa beharrezkoa dute.
Asimilazio potente bat ari dira egiten, eta hainbatean horregatik sortzen da Harro. ‘Pinkwashing’a egiten dute. “LGBT+ gaiak interesatzen zaizkigu” diote, baina zertarako interesatzen zaizkie? Mugimenduaren parte izan ahal diren elkarte batzuk asimilatzeko, instituzionalizatzeko guztiz, instituzioen diruaren menpe jartzeko, nolabait instituzioen aurpegi garbiketaren buru izan daitezen. Instituzioek LGBTfoboak izaten jarraitzen dute ordea. Mugimendutik eskatzen dugu dirua beharrezko kontuetara bideratzea, zeren datuetan ikusten da ‘Pride’-aren asteburuan ikasleekin aniztasuna lantzeko formazioetan baino diru gehiago xahutzen dela.

Borroken asimilazioak berauek edukiz hustea dakar. LGBT+ kolektiboaren oinarri errebelde eta antikapitalistak arriskuan ikusi dituzue?
Arduratzen gintuen. Nolabait esateko, memoria ariketa egitea ahaztu zaigu. Eta oroimenak garrantzia dauka, gogoratzeko nondik datorren borroka transmaribibolloa. Ez ahazteko, adibidez, Stonewalleko matxinada abusu polizialen kontrako borroka izan zela. Hori oroituz gero, jakingo dugu ezin diogula ongi etorria eman Gaylespol [polizia gay eta lesbianen elkartea] moduko elkarte bati. Badakigulako polizia zeren defendatzailea den: kapitalarena, sistema honena. “Baina polizia gay eta lesbianak ere badaude”; bale, oso ondo, baina poliziak dira. Uste dut LGBT+ komunitatearen barruan ari dela hedatzen “LGBT+ bada nahiko da” pentsamolde hori, beraz garrantzitsua da erroetara jo eta nondik gatozen gogoratzea. Hala ere, uste dut gehienok argi daukagula intersekzionalitatik jardun behar dugula.

Oroimenari bere garrantzia ematen diozue plataforman. Ildo horretan, ikur gisa darabilzuen adreilu arrosak esanahi asko barnebiltzen ditu, ezta?
Adreilua darabilgu sinbolo moduan, esaten delako Stonewalleko matxinadan poliziaren indarkeriari adreiluekin erantzun ziotela. Eta larrosa kolorekoa da, naziek kontzentrazio esparruetan LGBT+ komunitatea bereizteko erabili zuten hirukiaren kolorea delako. Beste esanahi batzuk ere eman dizkiogu: erasorako, defentsarako edo suntsipenerako zeozer den era berean, eraikitzeko baliagarri ere bada. Eta horrek bat egiten du Harroren beste helburu batekin: saretu eta indarrak batzea, eraso neoliberal eta faxistengandik defendatzeko.

Euskal Herriak Stonewall propioa baduela ere gogoratu nahi izan duzue.
Aurten bete dira 40 urte Francis marika eta trabestia hil zutela Oreretan, Espainiako Polizia Nazional batek tirokatuta. Gertaerari Euskal Herriko Stonewall baten izaera eman nahi izan diogu, esan daitekeelako hor hasi zela Euskal Herrian indarra hartzen momentu hartan gay mugimendua deitzen zena, gerora beste forma batzuk hartuko zituena. Francisen hilketak ekarri zituen bi-hiru egun oso potente, greba deitu zen, Orereta geratu egin zen, ezohiko plenoa egin zen udaletxean, poliziak kargatu zuen, ke poteak sartu ziren plenora… Errelato hau berreskuratu nahi izan dugu.

Transmaribibollo ikuspegitik jendartea hezten
“Jaiotzez Eskoriatzakoa, gaztetatik ibili naiz herri mugimenduan: Eskoriatzako lokalean, Gazte Asanbladan, euskalgintzan, ekologismoan… baita politikan ere. Esango nuke Kitzikan antolakundearekin estreinatu nintzela transmaribibollo mugimenduan, eta gero Hiruki Larroxa Kolektiboko kide izatera igaro nintzen. Bertan dihardut gaur egun ere, eta Ekainak 28 Koordinadorako zein Harro! Plataformako parte gara. Gizarte hezitzailea naiz ikasketaz, eta Hiruki Larroxa Kolektibotik esku hartze soziala egiten dugu LGBT+ eta hezkidetza gaietan, baita gizonen desboteretze saioak ere. Lukas Prest! hardcore taldeko abeslaria ere banaiz".