domingo, 22 de septiembre de 2019

#hemeroteka #lgtbi #merkantilizazioa | Joseba Gabilondo Marques. Harro! plataformako kidea: "Garrantzitsua da nondik gatozen gogoratzea"

Argia / Joseba Gabilondo //

Joseba Gabilondo Marques. Harro! plataformako kidea: "Garrantzitsua da nondik gatozen gogoratzea"

Borroka transmaribibolloan bide luzea egindakoa da Joseba Gabilondo Marques (Eskoriatza, 1984). Hiruki Larroxako kide da, maiatzean sortu berri duten Harro! plataforma osatzen duen kolektiboetako bat. Plataformak manifestazioa deitu du Bilbon irailaren 21ean, European Pride Organisers Association-ek (EPOA) asteburuan egingo duen bileraren aurrean desadostasuna agertzeko. Mobilizazioaren arrazoiez eta plataformaz mintzatu gara.
Amaia Lekunberri Ansola | Argia, 2019-09-22
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2658/joseba-gabilondo-marques-harro-plataformako-kidea 

EPOAren bisita, ospakizunerako aitzakia izatetik urruti, mobilizaziorako arrazoitzat jo duzue.
EPOA EuroPride jaialdia antolatzen duen elkartea da, hainbat enpresa pribaturekin oso lotua, ‘Pride’-aren ideia oso merkantilista daukana. Bilbon elkartuko dira, erabakitzeko 2022ko EuroPride non burutu. Bilbok bere burua aurkeztu zuen bilera jaso eta antolatzeko –Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 70.000€-tik gora bideratu dituzte bilera gauzatzeko–, baina ez da hautagaia. Jokaldi estrategiko gisa ikusten dugu: “Bilbo ‘gay-friendly’ da” adierazteko. Bat baitator aurten Bilbao Bizkaia Pridegatik egin den apustu eta diru xahutzearekin. Bilbo zirkuito horretan nola sartu aztertzen ari dira, eta zirkuito hori turismo eredu txikitzailearekin oso lotuta dago.

Manifestazioa deitu dugu esateko hemen ez dugula nahi halako Harrotasun eredurik. Hasieratik markatzeko hemen herri mugimendua, transmaribibollo mugimendua, LGBT+ mugimendua ez daudela kode horretan.

Aipatu turismo ereduak, gainera, ez du bere baitan hartzen LGBT+ mugimendua bere osotasunean.

Turismoari lotuta ‘gay-friendly’ hitza darabilte, eta hitzak bere baitan hartzen dituen horiei dago zuzenduta: gorputz kanon batzuk betetzen dituzten gizon zuri, europar eta dirudun gayei. Ez dituzte kontuan hartzen, adibidez, transexualak. Trans biztanleriak %85eko langabezia tasa pairatzen du, ziurrenik trans batek ezingo du ‘gay-friendly’ diren hotel horietako batean gau batek balio duena ordaindu. Euskal Herrian Axel Hotels kateak ireki du halako hotel bat Donostian, eta Bilbon ere proiektatu du beste bat.

Bilera EAJk bere proiektu neoliberala aurrera eramateko estrategia gisa ulertu duzue.
Bai, lotura zuzenak daudelako EAJ eta Ortzadar LGBT+ [Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren antolatzailea] elkartearen artean. Ortzadarrek ematen du urte asko daramatzala borrokan eta aktibismoan, baina duela gutxi sortutako elkartea da, Euskal Herrian aipatutakoa bezalako Harrotasunaren eredua txertatzeko, eta instituzioen diruak halakoetara bideratzeko. Hemen, ‘Pride’-aren atzean Ortzadar dago soilik, eta LGBT+ mugimendua aurka. Elkarte horretan dauden pertsonak dira parlamentariak, dira zinegotziak Bilboko Udaletxean… Lotura zuzena dago, eta bueno, badakigu herri honetan zer bultzatzen duen EAJk, ze hiri mota nahi duen.

Alegia, makro-ekimenen bidez bultzatzen ari diren hiri eredu neoliberalera bidean Pride-a ezin hobeto datorkiela. Horretarako LGBT+ borrokaren asimilazioa beharrezkoa dute.
Asimilazio potente bat ari dira egiten, eta hainbatean horregatik sortzen da Harro. ‘Pinkwashing’a egiten dute. “LGBT+ gaiak interesatzen zaizkigu” diote, baina zertarako interesatzen zaizkie? Mugimenduaren parte izan ahal diren elkarte batzuk asimilatzeko, instituzionalizatzeko guztiz, instituzioen diruaren menpe jartzeko, nolabait instituzioen aurpegi garbiketaren buru izan daitezen. Instituzioek LGBTfoboak izaten jarraitzen dute ordea. Mugimendutik eskatzen dugu dirua beharrezko kontuetara bideratzea, zeren datuetan ikusten da ‘Pride’-aren asteburuan ikasleekin aniztasuna lantzeko formazioetan baino diru gehiago xahutzen dela.

Borroken asimilazioak berauek edukiz hustea dakar. LGBT+ kolektiboaren oinarri errebelde eta antikapitalistak arriskuan ikusi dituzue?
Arduratzen gintuen. Nolabait esateko, memoria ariketa egitea ahaztu zaigu. Eta oroimenak garrantzia dauka, gogoratzeko nondik datorren borroka transmaribibolloa. Ez ahazteko, adibidez, Stonewalleko matxinada abusu polizialen kontrako borroka izan zela. Hori oroituz gero, jakingo dugu ezin diogula ongi etorria eman Gaylespol [polizia gay eta lesbianen elkartea] moduko elkarte bati. Badakigulako polizia zeren defendatzailea den: kapitalarena, sistema honena. “Baina polizia gay eta lesbianak ere badaude”; bale, oso ondo, baina poliziak dira. Uste dut LGBT+ komunitatearen barruan ari dela hedatzen “LGBT+ bada nahiko da” pentsamolde hori, beraz garrantzitsua da erroetara jo eta nondik gatozen gogoratzea. Hala ere, uste dut gehienok argi daukagula intersekzionalitatik jardun behar dugula.

Oroimenari bere garrantzia ematen diozue plataforman. Ildo horretan, ikur gisa darabilzuen adreilu arrosak esanahi asko barnebiltzen ditu, ezta?
Adreilua darabilgu sinbolo moduan, esaten delako Stonewalleko matxinadan poliziaren indarkeriari adreiluekin erantzun ziotela. Eta larrosa kolorekoa da, naziek kontzentrazio esparruetan LGBT+ komunitatea bereizteko erabili zuten hirukiaren kolorea delako. Beste esanahi batzuk ere eman dizkiogu: erasorako, defentsarako edo suntsipenerako zeozer den era berean, eraikitzeko baliagarri ere bada. Eta horrek bat egiten du Harroren beste helburu batekin: saretu eta indarrak batzea, eraso neoliberal eta faxistengandik defendatzeko.

Euskal Herriak Stonewall propioa baduela ere gogoratu nahi izan duzue.
Aurten bete dira 40 urte Francis marika eta trabestia hil zutela Oreretan, Espainiako Polizia Nazional batek tirokatuta. Gertaerari Euskal Herriko Stonewall baten izaera eman nahi izan diogu, esan daitekeelako hor hasi zela Euskal Herrian indarra hartzen momentu hartan gay mugimendua deitzen zena, gerora beste forma batzuk hartuko zituena. Francisen hilketak ekarri zituen bi-hiru egun oso potente, greba deitu zen, Orereta geratu egin zen, ezohiko plenoa egin zen udaletxean, poliziak kargatu zuen, ke poteak sartu ziren plenora… Errelato hau berreskuratu nahi izan dugu.

Transmaribibollo ikuspegitik jendartea hezten
“Jaiotzez Eskoriatzakoa, gaztetatik ibili naiz herri mugimenduan: Eskoriatzako lokalean, Gazte Asanbladan, euskalgintzan, ekologismoan… baita politikan ere. Esango nuke Kitzikan antolakundearekin estreinatu nintzela transmaribibollo mugimenduan, eta gero Hiruki Larroxa Kolektiboko kide izatera igaro nintzen. Bertan dihardut gaur egun ere, eta Ekainak 28 Koordinadorako zein Harro! Plataformako parte gara. Gizarte hezitzailea naiz ikasketaz, eta Hiruki Larroxa Kolektibotik esku hartze soziala egiten dugu LGBT+ eta hezkidetza gaietan, baita gizonen desboteretze saioak ere. Lukas Prest! hardcore taldeko abeslaria ere banaiz".

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.