Mostrando entradas con la etiqueta H-Argia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta H-Argia. Mostrar todas las entradas

miércoles, 26 de marzo de 2025

#hemeroteka #homofobia #memoria #frankismoa | Homosexualen aurkako Bilboko auzitegia

Bilboko Naxa kaia 1958an. Bilboko Alfer eta Gaizkileen auzitegiaren arabera, garai hartan puntu hori homosexualen bilgune nagusietakoa zen //

Homosexualen aurkako Bilboko auzitegia

Nagore Irazustabarrena Uranga | Argia, 2025-03-26

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2911/homosexualen-aurkako-bilboko-auzitegia

Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (‘Ley de Vagos y Maleantes’, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea bertan behera utzi ondoren ere jarraituko zuen. Baina 1954-1970 tarte horretan homosexualek berariazko tokia izan zuten legedian.

Bilboko auzitegiaren jardunaz ezer gutxi aztertu da berriki arte. Bizkaiko Agiritegi historikoan auzitegiak homosexualen aurka tramitatutako 117 espediente daude gordeta. Antonio Pérez Embeita historialariak espediente horietan oinarritu du ‘Historia Social’ aldizkariaren azken alean argitaratu duen lana. Artikuluak agerian uzten duen lehen datua da epaitutako gehienak erruduntzat jo zituztela: 117tik 89. Legeak askotariko kondenak jaso arren, gehienei 3-6 hilabete bitarteko kartzela zigorra ezarri zieten.

Kasu gehienak gizonezko gazteenak dira, 30 urtez azpikoenak, bereziki 16-20 adin tartekoak. Horrek esan nahi du adin txikikoak ere epaitu zituztela, nahiz eta Alfer eta Gaizkileen Legeak berak halakorik galarazten zuen. Gainera, gehienak kualifikazio txikiko lanetan edo langabezian zeuden, errepresio frankistaren transbertsalitatearen adierazle. Horrez gain, epaituek ez zuten abokatu propiorik kontratatzeko aukerarik izan. Kasu guzti-guztietan beren alde lan kaskarra egin zuten ofiziozko abokatuak egokitu zizkieten.

Auzitegiaren jarduna ez zen Bizkaira mugatu, atxiloketa gehienak Bilbon bertan eta, neurri txikiagoan, Donostian egin arren. Hirietan, auzitegiak eta Poliziak “’invertido’-en bilgune” nagusiak kontrolatzen zituzten, esaterako, Naxa kaia Bilbon eta Kontxako pasealekuko bainu publikoak Donostian. Eta, hala ere, epaitutako gehienak etorkinak ziren; Gipuzkoako 32 kasuetatik soilik erdia ziren gipuzkoar jatorrikoak. Guztira, bizkaitar jatorrikoak 19 izan ziren eta beste guztiak kanpotik etorritakoak ziren, nagusiki Galiziatik.

Perbertsio sexualaren adierazleak
Ez zituzten ekintza homosexualengatik epaitzen “homosexualak izateagatik” baizik. Eta nola frogatzen zuten izaera hori? Hasierako urteetan argudio soil eta laburrak jasotzen dituzte espedienteek, baina 1960tik aurrera berniz pseudozientifikoz jantzi zituzten azterketa forentseak. Hona hemen adibide bat: “Osaera arrunteko genitalak, tamaina nahiko txikikoak. Sakonera ahuleko uzkia, esfinter eroria, baina ez gehiegi. Izaerari dagokionez, irekia da, zuhurtziaz hitz egin arren, eta ongi definituak eta tipifikatuak ditu bere perbertsio sexualaren adierazleak, bere itxurakeria, janzkera eta txukunkeriagatik (nahiz eta makillatuta ez egon). Nahiko egiatia da, subjektu hauen artean batere ohiko ez dena, eta horrek bere alde jokatzen du, hezkuntza maila jasoa adierazten baitu bere tara ulertzeko eta gutxitzeko, ukatzen ez badu ere”.

Kopuruari dagokionez, Pérez Embeitak dio kasu gutxi direla. Baina dokumentazio faltari egozten dio hori. Urte batzuetan espediente bat bera ere ez dago, eta Bilboko auzitegiaren eskumenean zeuden Errioxan nahiz Kantabrian kasurik ez zen izan, nonbait. Ziurrenik urte eta probintzia horietako dokumentuak galdu direlako –edo oraindik agertu ez direlako– dela uste du historialariak. Eta, hala ez balitz ere, kasu “gutxi” horiek gehiegi dira.

viernes, 14 de marzo de 2025

#hemeroteka #literatura #sexualitatea | Itxaro Borda: “Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

Itxaro Borda //

Itxaro Borda: “Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”
984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du Berria egunkarian. Periferiez, desiraz, plaka tektonikoez, sumendiez, euskalkien musikez eta euskararen transmisioaz mintzatu gara berarekin.
Garazi Basterretxea · Pikara Magazine | Argia, 2025-03-14
https://www.argia.eus/albistea/gure-norabide-sexualen-ezinegonen-eta-beldurren-erraiteko-hiztegi-bat-sortu-dugu 

Otsailaren azken astean Bilbon izan genuen Itxaro Borda (Baiona, 1959) idazle lapurtarra, Leila Guerriero kazetari argentinarrarekin batera saritua izan baitzen Gutun Zuria letren jaialdian, euskal literaturan egindako ekarpenengatik. “Bihotz kolpe berezia” sortzen dio Bordari Bizkaiko hiriburuak, maite du bertako kaleetatik lasai ibiltzea zein running egitea, txoko berriak ezagutzea zein ezagunak berrezagutzea. Baionan txokolate artean elkartea eskaintza tentagarria izan arren, Bilbon jarri genuen azkenean hitzordua, Azkuna Zentroko sarrerako zutabe batean. Bertako gelatxo batean sartu eta periferiez, desiraz, plaka tektonikoez, sumendiez, euskalkien musikez eta euskararen transmisioaz aritu ginen. Begietara begiratzen du Itxaro Bordak hitz egiten duenean eta askotan begiak pixka bat ixten ditu, esan nahi dituen hitzak ondo pentsatzeko. Edo barre egiteko. Izan ere, idaztea beretzat “hil ala bizikoa” den arren, umoreaz eta ironiaz blaitzen du egiten duen oro. Begiak pizten zaizkio 1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema-liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik orain arteko ibilbide oparoa gogoratzean: poesia, narrazioa, abeslari askoren kanten letrak zein egunkarietarako zutabeak idatzi ditu berrogei urte hauetan.

G. Gutun Zuriaren inaugurazio ekitaldian makila “maskulino” hori eman zizutenean argi kokatu zenuen zeure burua bazterreko idazle bezala: euskalduna, iparraldekoa, emakumea, lesbiana...

Sindikalista, langile arrunta... (barrez) Gauza asko gehitzen ahalko nuke. Beti bazterreko sentitzen naiz, nahiz eta askotan zentroan nagoen. Jadanik sortzetik beretik hala izan da: gure eskualdea Nafarroaren iparraldean eta xarnegu gune batean dago, Okzitaniarekin mugetan. Euskararen bazterretik ere, desagertzen ari den euskalki bat, fisikoki ikusten da nola desagertu den Oragarretik [Baionan jaio arren, Oragarren hazi zen] 50 urtez, orain ari da berreskuratzen gazteekin. Iparraldekoa izanik Euskal Herri globalean. Emazte izatetik ere. Hasi ginenean Laura Mintegi, Tere Irastorza, ez zen kasik emazterik batere euskal literaturaren munduan, denak harritzen ziren, neska gazte bat euskaraz idazten eta ‘Basilika’ (Susa, 1989) atera nuenean gainera pornografiaz idazten, hori ez zen posible euskaraz. Ene euskara periferikoa ere izan da, sartu ditut hitz pornografiko zaharrak kontatzeko nuenaren zerbitzuan. Gero ere garai hartan lesbiana izateak beste ikuspegi bat ematen zidan gizon eta emazteen arteko gatazka eremu horri buruz. Kontent naiz leku horrekin, posizio bat da gauzen obserbatzeko, aztertzeko, kontatzeko, erdian zarelarik batzuetan eskuak eta hitzak pixka bat lotuak sentitzen dituzu. Pixka bat baztertua bezala sentitu naiz, baina nire lekua asumitzen dut periferiatik. Gainera, orain ditugun baliabide teknikoekin zentroak ere periferiak bilakatu dira eta alderantziz, bakoitzak sortzen dugu gure zentroa, aski harrigarria da bizitzeko.

G. Bilbon gaude eta hemen irudikatu dut zure hainbat eleberritako protagonista: Amaia Ezpeldoi. Iratxe Retolazak ‘Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz’ (Utriusque Vasconiae, 2010) lanean aipatzen du hiri hau izan zela Ezpeldoirentzat desira gorpuzteko gunea, “lesbiana naüzu” esatean. Zergatik Bilbo?

Bilbo hiri handia da eta anonimatorako eskubidea ematen dizu, jendeak ez zaitu ezagutzen, nahi duzun bezala bizi zaitezke, LGTBQIA+ bazara badira taldeak beste lekuetan ez direnak edo ez zirenak Amaia Ezpeldoik Bilbon bere coming out egiten duen garaian. Nik Bilbo asko maite dut, Euskal Herriko leku asko bezala, baina bihotz kolpe berezia dut eta Amaia Ezpeldoiren sexualki plazaratze momentua Bilbori lotzea halako distira bat edo epikotasun bat ematen zion. Gainera, Bilbon pertsona harrigarriak gurutzatzen ditu, talde bat osatzen du, eta hori ezin nuen idatzi Baionan kokatuz ekintza, behar nuen hiri handi eta anonimo batera etorri.

G. Altxa Lili taldeko Oihan Indart, Ael Campistron eta Maiana Etxeberri Keufterian elkarrizketatu zituen June Fernándezek Urdin Elektrikoan. Oihan Indartek aipatu zuen lagun batek esan ziola eurek Baionatik ‘dragatuta’ ikustean hiria handitzen zela sentitu zuela.

Jadanik Maulen bizi zelarik Amaia [Ezpeldoi] lehen nobelan erraiten ahal da bisexuala dela lehen kapituluan eta amaieran lesbiana. Nahiz eta ez zuen erraiten, hala bizi zen, halako klandestinitate batean. Uste dut Euskal Herriko herri txikietan bazela joera hori, agerian bizitzeko behar izatea hiri batera joan, pertsona asko joan dira ez bakarrik Baionarat, joan dira Bordelerat, Pariserat, Londreserat. Gure herrietan gauzak aldatu dira, baina ez dira hainbeste aldatu eta ongi da Altxa Lili bezalako taldeak herrietan egotea. Amaia Ezpeldoik hori nahi du erakutsi, lekuan bertan behar dugula geure burua errealizatu, garen bezala. Eta hori da zailena.

G. Herri txiki, infernu handi vs. herri handiak, askatasun gune dikotomiarekin hautsi nahiko luke, beraz, Ezpeldoik?

Herri txiki hori egin jende guziak bizitzeko moduko herri bat, eta uste dut emeki-emeki hori ari dela gertatzen, non ez den politika orokorraren mailan atzerabuelta bat sortzen, berriz hiperkontserbadoreek gu bezalako jendea kanporatzerat behartuz. Hori ere gertatu daiteke. Nire herrian, Oragarren, Frantzian 2013an pasatu zelarik sexu bereko pertsonen ezkontzaren legea gure herriko auzapezak publikoki deklaratu zuen ez zuela sekula ezkontza-mota hori egingo, iparralde guztian 13 herri izan ziren horrelako prentsaurreko ikusgarri eta entzungarri batean hori adierazi zutenak. Ez da oraino dena egina, talde guzti horiekin posible da gauzak aldatzea.

G. Getxon Txatxarrak idazketa talde feministaren aurkezpen saioan gogoratzen naiz Egizu Getxo Euskaldun elkartetik idazleentzako bideo bat eskatu zizutela eta bertan esan zenuela zuretzat idaztea “espazio edo berri bat sortzea” izan zela.


Beti sentitu izan naiz leizearen hegian, batzuetan erori naiz eta beste batzuetan aitzina segitu dut. Nire bidea urratzen banu bezala sentitu naiz eta sentitu dut ere bide hori baliagarri izan zitekeela ene atzetik zetozen idazle edo sortzaileentzat. Sarerik ez zegoen ene denboran, beldurgarria zen, jakin gabe irakurleak nola hartuko zuen, euskal sistemak nola hartuko zuen, pentsatuz ere sistema horrek ez ninduela onartzen. Nik gauza batzuetan abusatu dut, ‘Basilikan’ (SUSA, 1989) bezala. Baina bazen bidea urratzeko molde bat, ausardia inkontziente batez. Orain pixka bat lasaitu naiz adinarekin beharbada eta sentitzearekin konplizitate handiagoa nire inguruan. Terriblea zen, gero emeki iruditu zait sare bat osatzen genuela eta hasi nintzen Tere Irastorza eta Laura Mintegirekin 1984-1985 urte horietan zehar desertuan predikatzen bezala, mintzaldiak eskaintzen Euskal Herrian barna. Orduan ez genuen oraino aipatzen genero ezberdintasunik, bakarrik emaztea eta literatura. Bazen holako apaleste sozial handi bat eta dena euskaraz egiten zen, apalestea ere.

G. Desiraren presentzia nabaria da zure poemetan: “Guziaz gogoratzen naiz, baina ez zure izenaz” esaten duen poema datorkit burura. Zelan ulertzen duzu desira?

Idazten hastean poesia idazten nuen, poesia eta bertsoa, euskara berreskuratzen hasi nintzen bitartean. Hitzaren desioa hizkuntzaren desioarekin batera piztu zitzaidan, 12-14 urte tarte horretan, berehala hasi nintzen publikatzen. Desira beti lotua izan da horri, hizkuntzaren desira, hizkuntzak zer esan dezakeen gure gorputzez, gure sozietateek duten desiraren ideia horretaz. Desira lotzen dut biziraupenari, Spinozaren conatus horri, bizitzeko indar horri. Ene literatura guztia amore ez ematearekin lotzen dut, beti izango da desira alor guzietan. Zure desira menderatzerat edo gutxiesterat etorriko dira, baina segi ezazu zure desiraren bide horretatik. Emazte gorputzari lotu desira ere bada ene lanetan, desira hori nik lotzen dut plazerarekin, atseginarekin, atsegin sexualarekin, orduko euskal jendartearen kontrako bidea hartuz. Batzuek pentsatzen dute euskal gorputza sakrifikatua izateko zela. Gabriel Arestiren “Aitaren etxea” bezala, defenditzen dut, baina galtzen ditut besoa, bularra… Bakarrik enbor batek du biziko du aitaren etxe hori. Horren kontrako bidea hartzen dut esanez: amaren etxea eraikitzen ari gara ere eta osorik behar dugu hor izan gorputza eta desira bizi-bizirik.

G. Eta poesiak zer ematen dizu hori gorpuzteko?

Poesiak badu zehaztasuna, laburtasuna, instintibotasuna, intuitibotasuna, hitz gutxitan gauza asko esan dezakezu eta hitz bakoitzak kristalizatzen du erran nahi duzun hori. Bolkanikoa da, telurikoa da. Asko maite dut. Batzuetan poesiaren eta bertsolaritzaren mugetan ibiltzen naiz, maite dut poesiarekin hitz bete horiek ozenaraztea, errimatzea. Zerbait armonikoa sortzea erran nahi dudan horrekin. Horregatik agian ene poesia asko kantatuak izan dira. Maite dut hizkuntza laino laino-zelai neutral batetik askatzea, ozentzea.

G. Poema-liburua da zure azken lana: ‘Itzalen tektonika’ (SUSA, 2024). Zer adierazi nahi izan duzu izenburuko irudi horien bidez?

Pirinioetako bilduma bat da, Auñamendietako ibilbide bat: ikusten da mendiak nola ari diren sortzen, amiltzen, mugimendu hori guzia ikusten da. Hartzen dut gure mendikate hori gure izateko eta gure nortasunaren eredu bezala. Gogorrak gara, kaskagogorrak, irauteko tema hori daukagu, aldatzea zail zaigu, baina egiten dugu. Beti gira txoke artean, beti gira hor bi plaken artean sakrifikatuak eta batzuetan plaka horiek baztertzen saiatuz gure bidea egiten dugu. Eta itzalak iragan bat badugulako, nik iragana etorkizuna baino luzeago dut. Beti izan dut naturarekiko sentsibilitate hori eta azken hogei urte hauetan bada kezka politiko eta ekologiko bat. Kolapso batera goaz eta min eginen du, biziki sufrituko dugu. Eta guk baino gehiago munduan zehar beste herrialde batzuek. Eta denbora berean mundu honek aldatu behar ez duelako ideologia totalitarioak ari dira indartzen: antiekologikoak, generoaren eta aniztasunaren kontrakoak… Ez dute aldaketarik nahi. Dena batera doa: desira, politika, ekologia, denak bat dira eta denak anitzak dira, gure munduaren irudirat.

G. Bertan esaten duzu 14 urterekin zuretzat idaztea “hil ala bizikoa” zela. Eta orain ere bai.

Hil ala bizikoa zen 14 urtetan, sentitzen duzu zure baitan desira, bestearenganako, ez dela orokorrean zure belaunaldiko gazteek bizitzen dutenaren antzekoa eta horrek beldur ikaragarria ematen du. Eta kaier intimo bati aitortzen diozuna bizirik irauteko baliabidea da. Orain ere hala sentitzen dut, baina jokoaren sentsazio pixka bat txertatu diot, bestela terriblea izango zen. Komunikatzeko ezin hori, euskaraz hitzak ez aurkitzea izugarria zen. Gero taldean emeki-emeki gure norabide sexualen, gure ezinegonen eta gure beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu.

G. Txikitan euskara galarazi zizutela kontatu zenion Uxue Alberdiri, 2010ean ARGIA aldizkarian egindako elkarrizketan. Zertan lagundu zizun idazteak berreskuratze prozesu horretan?

6 urte arte, frantses eskolan sartu arte, gure etxean euskaraz baizik ez ginen ari. Gure auzoa euskalduna zen. Eskolan frantsesa ikasi behar genuen. Badut poema bat “Amaren irria” izena duena. kontatzen dut nola amak hitzen maskulino eta femeninoa erakusten zigun eskolara joan aitzineko gauean. Amaitzen dut erranez horregatik generoa uhertzen dudala, batzuetan femeninoa eta maskulinoa ez ditut ondo erabiltzen frantsesez. Hor sartu ziguten buruan euskara ez genuela gehiago erabili behar, gurasoei esan zieten hizkuntza hori erabiltzen bazuten gurekin “elbarri linguistikoak” bilakatuko ginela. Ez dakit nola ene eskuperat jauzi ziren 1960ko hamarkadako lehen euskal diskoak, eta konturatu nintzen zerbait galtzen ari nintzela eta hasi nintzen berreskuratzen. Idaztea izan da euskara berreskuratzeko modu bat, hizkuntza berreskuratzen duzu eta jendarte baten historiaren eta kulturaren partaide ere bilakatzen zara. Horregatik enetako idaztea da hil ala bizikoa oraindik ere, aire pixka batekin.

G. Eta idazten hastean izena aldatu zenuen.

Euskaraz idazten hasi nintzelarik iduritzen zitzaidan ene legezko izena, Bernadette, ez zela egokia autore baten izendatzeko. Garai hartan bazen Bizkaian Itxaro izeneko kantari bat, Lekeitiokoa, haren berri izan nuen eta ikusi nuen “Itxaro Borda” izenak musikalitate ona zuela, “Amaia Ezpeldoi” bezala. Modu bat da aldarrikatzeko norberaren eskubidea dela berrizendatzea, biziari eman nahi dion norabidea hautatzeko.

G. Euskara errekuperatu eta bere kapetan zehar arakatu duzu, euskalkiak erabili dituzu, hizkuntzarekin jolastu duzu...

Baliabide estilistiko gisa erabiltzen ditut euskalkiak, ematen dio testuari halako kolore biziduna, bestela neutroa gelditzen da. Gero eta gehiago Batuak integratzen ditu, euskarak hitz guzien beharra du, biziraun nahi baldin badu. Nik ere, ene hizkuntz sisteman ezagutzen dudan euskara guzia sartzen dut, eta uste dut horrek euskarari bizi zerbait ematen diola, ahotsen aniztasuna islatzeko.

G. Zeintzuk ahots islatu nahi izan dituzu?

Gaurko laborariak, ez mitifikatu ditugunak, langileak, langabetuak, adinekoak, gazteak, pertsona transak, lesbianak, gayak... HIESA, lantegi ixteak Maulen, ikastolako egunerokotasunak eta mundu horretako gazi-gozoak... gai horiek guziak, aipatzen ez zirenak. Erakutsi konflikto orokor baten barruan konfliktoak bazirela. Eta horretarako baliagarri izan zaizkit hitz guztiak, euskalkien musika horiek guziak.

miércoles, 26 de febrero de 2025

#hemeroteka #bollerismoa | Izaro Bilbao Arostegi: “Bertsolaritzan ‘guayismo’ pila bat dago eta ez bakarrik goi-mailako bertsolarien artean”

Izaro Bilbao Dani Blancoren argazki batean //

Izaro Bilbao Arostegi. Frikitasuna aldarri: “Bertsolaritzan ‘guayismo’ pila bat dago eta ez bakarrik goi-mailako bertsolarien artean”

Pasatzen zait pertsona batzuekin: ia ezagutu gabe zainak ematen dit gauza interesgarriak izanen dituztela esateko. Horietako bat zen Izaro Bilbao. Banekien bertsolaria zela, ilegorria. Bertsoaren bueltako sormen talde batean aritzen zela eta Olatz Salvadorren kantu biri jarri dizkiola berriki hitzak. Plazera izan da Bilbao entzun eta etxerako buelta galdera gehiagorekin egitea.
Amets Aranguren Arrieta | Argia, 2025-02-26
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2907/izaro-bilbao-frikitasuna-aldarri 

Izaro Bilbao Arostegi (Mungia 2004). Basaurin topatu zuen lehenengo ‘sexilioa’ Izaro Bilbaok (Mungia, 2004) eta Donostian gero. Jaioterrian falta zitzaionarekin egin zuen topo bizkaitarrak hiriotan: ero ez zegoela konfirmatuko zion lagun taldea, frikiak eta queerrak gehienak. Bertsotan eta idazten aritzen da, baita Lokatz Loreak sormen taldean ere, diziplinartekotasunetik sortzen. Psikologia ikasketak ari da egiten egun Donostian eta gizarte-psikologiaren alorrean du interes gehien.
G. Psikologia ari zara ikasten Donostian. Zergatik?
Oso txikitatik izan nuen argi psikologia ikasi nahi nuela. Sen hori nuela esango nuke, gauza horietan asko sinisten ez dudan arren. Pertsona ulertu nahi nuen mundua ulertzeko edo mundua ulertu pertsona ulertzeko. Artistikoki ere horretara jo dut gero.
Eta Donostia… beste aukera Deustu zen eta pribatua izanik ez nuen han ikasi nahi. Eta, bide batez, Mungiatik ere alde egin nahi nuen, gordinki esanda. Ez dut herriarekiko atxikimendu handirik, ez nau sekula eroso sentiarazi. Herriarekiko izan dudan aingura bakarra bertso-eskola izan da beti. Donostiara etorri nintzenean nahikotxo aldatu nintzen. Hori nahi eta behar nuen.

G. Ikasten ari zarenak definitzen zaitu?
Ez nuke esango bereziki. Esango nuke frikikeria bat dela. Gehiago definitzen nau unibertsitatean dudan jardun militanteak edo Donostian daukadan bizitzak.

G. Eta Mungiara itzultzen zarenean, handik alde egin zuen Izaro zara ala beste bat?
Beste bat. Transgresio bat egon zen hona [Donostiara] etorri nintzenean. Uste dut herrietan dagoen arrisku bat dela etiketa bat jartzen dizutela sei urte dituzunean eta betiko zarela etiketa hori. Ni beti izan naiz klasean asko inplikatzen zen pertsona, frikia.
Gero Lokatz Loreak-ekin [sormen taldearekin] Friki Saioak egin genituen. Beti negatiboki esleitu zitzaidana positibo bilakatu genuenean, aldaketa handia izan zen niretzat. Momentu honetan Mungiarekin beste harreman bat eraiki nezake, orain naizen pertsonatik.

G. Zein muga topatzen zenuen han?
Ez dakit oso ondo ulertu dudan nik ere inoiz, baina faktore asko dago. Banuen, adibidez, euskaraz hitz egiteko gogo bat, ez nire familia bereziki euskalduna delako, baizik eta hartu nahi nituen beste bide batzuekin lotzen nuelako: izan literatura, bertso mundua… Eta nire inguruan ez nuen hori topatu.

Horrelako bizpahiru lagun nituen bertso-eskolan eta “ze guay” pentsatzen nuen. Bertso udalekuetan izena eman nuen eta hor konturatu nintzen bazegoela nire adineko jende bat nire antza zuena.

G. “Ez nago ero”, pentsatuko zenuen.
Hori da. Ez nuen ulertzen zergatik ez ninduen ulertzen beste jende batek. Eta segur aski, nik asko handitu dut irudi hori nire buruan eta ez nintzen hain arraroa izango.

Nire kuadrilla Basaurikoa zen eta da, gaur egun haiekin hainbeste kontaktu ez badut ere. Ez nuen kasualitatez bukatu langile herri batean kuadrilla edukitzen. Frikikeriak tarteko egin nituen lagunak. Gehienak queerrak dira eta esango nuke sexilio moduko bat izan zela niretzat Basaurin lagun hauek edukitzea. Nahiz eta batzuk euskaldunak ez izan, jarrera oso desberdina zen. Bertsotan zer egiten nuen jakin nahi zuten eta saioetara etortzen ziren. “Hau nire jendea da”, pentsatu nuen.

G. Bertso mundua oso mundu konkretua da. Uste duzu horrekiko interesa frikikeriarekin lot daitekeela?
Bai. Izan ere, esango nuke frikiok badugula ‘guay’-arekiko arbuio moduko bat. Baina bertso munduan daukadan taldea ere bada mundu horretan ematen den ‘guayismoa’-ren ‘hater’-a den jendea. Ni beti izan naiz talde horren partaide edonon. Ikastolan nituen lagun gutxiak ergelak deitzen zituzten eta gerora egin ditudan lagunak ere ‘ergelak’ izan dira. Oso argi dut ez dudala ‘guay’-a izan nahi.

G. Zer da ‘guay’ izatea bertso munduan?
Uste dut badagoela diskurtso orokortu bat, horizontaltasunarena, paretik kantatzearena… Denok dakigu diskurtsiboki hori garatzen, oso jende argia dagoelako, baina gero asko da “nik nahi dut izan onena” eta “nahi ditut lagun gisa onenak direnak” edo “diskurtso interesgarriena dutenak”. Hori lotzen dut guay izatearekin. Bertsolaritzan dagoen elefante erraldoi bat da, inork ikusten ez duena. Guayismo pila bat dago eta ez bakarrik goi-mailako bertsolarien artean, gure artean ere bai. Ni ere, segur aski, izan naiz noizbait guay hori. Nik eta nire lagunek nahiko presente dugun gauza bat da.

G. Bertso mundua oso diferentea da kanpotik edo barrutik ikusita? Ez ditut imajinatzen azaroan Ilunben aritu ziren finalistak haien artean harreman txarra izaten.
Zerbaitengatik ikusiko duzu horrela, bai. Horizontaltasunaren diskurtsoa baldin badugu, antolatzen badugu Señora Sariketa eta horrelakoak… zerbaitengatik izango da. Kontzientzia behintzat badago. Esango nuke bertsotan dabilen jendearen ehuneko handi bat dela bere herrian pringatua izan den jendea eta orain bertsolaria dela. Agian giro euskaldunagoetatik edo kapital kultural jakin batekin datozenetatik ez hainbeste, baina bestela bai.

Bertsolaritza gizartea da, ez da mundu isolatu bat. Noski jende batek zalantzan jartzen dituela gauzak, baina kristoren hierarkia dago, antzerki munduan bezala. Nahiz eta lehiaren kontra egon, desira dezakezu kapital soziala. Denok desiratzen dugu kapital soziala, nik ere bai. Horren kontra egin behar da aktiboki, bestela…

G. Bertsolaritzaren kolektibotasunak egoa apal dezakeela esaten entzun zaitut elkarrizketaren batean. Puztu ere egin dezake agian, ezta?
Bai, guztiz. Bertso-eskoletatik gatoz, espazio kolektibo batetik. Horrek zera esan nahi du: “Zu hemen ez bazaude, nik ezin dut bertso-eskolarik egin”. Hortik lehiara goaz, eskolartekora, adibidez. Eta hor pentsatzen duzu “zurekin entrenatu dut denbora honetan guztian eta zu gabe ezin dut abestu. Behar zaitut, baina zu baino hobea izateko”.

G. Pentsatzen dut zurekin bertso-eskolan aritu direnen puntu ahulak ezagutzen dituzula.
Bai, baina esango nuke existitzen dela konplizitate bat bertso-eskola konpartitu dutenen artean. Bada pixka bat “zu nire taldekoa zara, gu gara ‘endotaldea’ eta ‘exotaldea’ beste horiek dira, beraz, horien kontra joan behar dugu”. Baina egia da badela ere “zu nire laguna zara eta babestuko zaitut, baina hobeto zure gainetik geratzen banaiz”. Besteen kontra goaz esplizituki.

G. Mungiatik alde egitean molde edo marko bat utzi zenuen han. Zein eraiki zenuen hemen?
Esango nuke azken urtean zalantzan ari naizela jartzen orain arte hemen eraiki dudan markoa. Niretzat gune hori gatazkatsua da oraintxe bertan. Nire zirkuluko jendea asko maite dut momentu honetan, baina oso marko zehatza dut nire ustez. Jendeak irakurtzen nau era jakin batean eta mugatzen nau ezaugarri batzuetara, zeinetara agian nik ez nukeen hain zuzenki atxikia izan nahi.

G. Noski, marko hori kanpotik eraikia ere bada.
Bai. Egia da momentu batean nik eraiki nuela hau, baina orain saiatzen ari naiz nire buruari permititzen beste ideia eta jende batzuekin ere ibiltzea. Adibidez, bollera gisa identifikatu naiz unibertsitatera etorri naizenetik. Askapena izan da, nire arazoa kolektibizatzeko oso era indartsua. Hala ere, gaur egun Euskal Herrian bollerismoa planteatzen den erak zalantzak sortzen dizkit eta orain hasi naiz nire buruari baimena ematen esateko “ez duzu denarekin ados egon beharrik”.

Normalizatu eta onartu beharko litzateke askoz ere gehiago zalantza. Nik etsaitasun jarrera horrengatik gauzak zalantzan jartzeko zailtasunak izan ditut eta ez nuke hori nahi, uste dut ez dela osasuntsua.

Noski, edozein mugimendu edo kolektibo sortzeko dena beti zalantzan ez jartzea izango da puntu gakoetako bat, bestela ez litzatekeelako taldea sortuko eta hori delako norbanakotik taldera salto egitearen gauzetako bat, ez izatea hain inportantea zure iritzia, hori beti etorriko da bat indibidualtasunari uko egitearekin. Baina zein puntutaraino? Dotrina arriskutsua da.

G. Gogoan dut duela hiruzpalau urte Saioa Alkaizak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantatu zuela ezin zuela ‘guay’-a izan zentzu guztietan.
Iruditzen zait oso fenomeno arriskutsua gertatzen dela Euskal Herrian eta, hortaz, bertsolaritzan: hierarkia berriak sortzearena. Oso indibidualak diren borrokak sortzearena. Nik, adibidez, polimaitasuna aldarrikatzen dut eta praktikatzen dut, baina ez dut uste horregatik hobea edo apurtzaileagoa naizenik. Hori da azken aldian sortu zaidan zalantzarik handiena.

Uste dut oso normalizatuta dauzkagula “borroka” deitzen ditugun oso gauza indibidualistak. ‘Check list’ batzuk izango bagenitu bezala da, “mundua konpontzeko zer egin behar den” biltzen duten zerrendak. Baina inork ezin du ‘check list’ batekin mundua konpondu. Inork ezin du gizonekin ez oheratzearren mundua konpondu, nahiz eta ulertzen den hori badela zerbait arrakalatzeko era bat.

G. Noiz eta zergatik sortu zenuten Lokatz Loreak?
2022ko udan. Bizkaiko eskolartekoa irabazi nuen nik urte hartan eta presioa eta lehia nola bizi izan genituen ikusi ondotik, erabaki genuen beste zerbait egitea, bertsoa desberdin bizitzeko asmoz. Araitz Katarainek, Janire Arrizabalagak eta hirurok jarri genuen martxan proiektua, baina aurretik ez genuen gehiegi ezagutzen elkar.

Gogoratzen dut, eta hau gustatzen zait, ez genuela sentitzen proiektua “gure” ideia zenik, “guk” egin behar genuenik… eta esango nuke hori arte munduan sarri gertatzen dela, ezta? “Guk eduki dugu ideia hau, guk egin nahi dugu eta gurea da. Kolektiboa da, baina nire kolektiboarena”. Kolektiboa izatea ez da talde izatea bere horretan, kolektiboak prest egon behar du handitzeko. Bestela beti goaz taldeka. Heterosexualitatea ere talde bat da, kolektibo bat, beraz, kolektiboa ez da beti onaren sinonimo.

G. Zein da zuen ekarpena?
Bueno, nik nire izenean hitz egin dezaket bakarrik, baina esango nuke interesa dugula motibatzen gaituzten gauzak egiteko. Ez dugu egiten arrakasta lortzeko eta badakigu ez garela onenak, baina ez dugu izan nahi ere.

Nik asko apreziatzen dut eta uste dut oso ekintza antikapitalista dela nire lagunekin sortzea nire lagunekin ondo pasatzeko. Askotan, esaten dugunean “gauza politikoak egingo ditugu” horren atzean arrakastaren bilaketa dago. Elkarri beti esan diogu oso argi momenturen batean ikusten badugu proiektuak ez digula ekarpenik egiten, hor bukatuko dela.

G. Nahiz eta zuen helburua hori ez izan, uste duzu erreferente zaretela edo izan zaitezketela beste gazte batzuendako?
Polita izango litzateke. ‘Friki Saioak’ egin genituenean, asko hunkitu gintuen gauza bat izan zen Bizkaiko bertso barnetegitik deitu gintuztela han abesteko, gazteek ikus zezaten beste gazte batzuk ari zirela gauza desberdinak egiten.

G. Zuendako Lokatz Loreak sortzeko erreferente edo motibazio iturri izan dira Señora Sariketa, Ahalduntze bertso-eskola edo bestelako saio alternatiboak?
Bai eta badira oraindik. Behe Banda ere izan daiteke. Esango nuke guk asko miresten dugula sortzeko era kolektiboa. Mejillón Tigreren oso fan ere bagara, adibidez. Saiatzen gara hori bilatzen gure inguruan, noski.

G. 2017an Maialen Lujanbiok pertsona trans baten ahotik kantatzean publikoaren partetik entzun zen txalo zaparrada hori benetakoa da? Edo zuzentasun politikoaren izenean txalotu zen?
Hori lotuta dago gizartean feminismoak hartu duen bilakaerarekin eta arduratzen nauena da betiko zalantza: feminismo burges eta zuzena. Hori da “ondo sartzen zaigun” feminismoa. Bueno, niri ez, baina ondo sartzen zaiona jendeari, erraza dena txalotzeko.

Ez nuke politikoki zuzena den horretan erori nahi. Ez nuke nahi Señora Sariketara joatea fondoan horrekin ados ez dagoen jendea. Nahi dut hurbilduko den jendea izatea benetan ulertzen duena zer nolako afera den lehia bertsotan eta ulertzen duena beste espazio batzuk behar ditugula. Elon Muskek agur nazia egitea hain larria ez dela dioen jendeak transexualitateari buruz kantuan gaudenean txalotzen bagaitu, igual zerbait txarto egiten gabiltza.

G. Zein leku du 2025eko bertso munduan neska gazte batek?
Guk eduki dugu jende asko bidea asko erraztu diguna eta hori aintzat hartu behar dugu, nik oso presente dut. Lehen zen “behar dugu lekua” eta gaur egun gehiago da “zer egin behar dugu leku honekin?” edo “zer nahi dugu esan leku honetan?”. Sentitzen dut asko erraztu digutela bidea, baina askoz ere hobeto jakingo nukeela norantz joan bidea itxia balego, irekitzea litzatekeelako.

Asko pentsatzen dut ere “lekua eman didatenekin ados egon behar dut lekua eman didatelako?”. Zor historiko hori bai sentitzen dudala pixka bat. Nik nahiko nuke Ahalduntze bertso-eskolak gero eta jende gehiago barne biltzea eta espazio hori egungo gatazka eta beharrei egokitzea. Zaila da, baina hala behar du.

G. Uste duzu jendeak egozten dizkizula diskurtsiboki ardura batzuk mutil bati egozten ez dizkionak?
Uste dut jendeak uste duela badakiela zer esan behar dudan, eta ez dakite. Edo sentsazio hori daukat. Gizonak ez diren nire belaunaldikoei buruz hori pentsatzen dutela uste dut, uste dutela badakitela zer dugun esateko. Arin esleitzen dira ezaugarri batzuk.

G. Eta nor da jende hori?
Denok. Ni ere bai. Ez dut uste inork nire profila ikusita beste zerbait pentsatuko duenik, ezta nik kanpotik ikusiko banu ere.

domingo, 28 de abril de 2024

#hemeroteka #bollerak | Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Argazkian, asanblada egun horietariko batean baturiko jendea //

Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua
Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean hausnartzeko hitzordua izanen dute, baita giro seguruan eta sanoan bestatzekoa ere. Gaur egungo galdera, eztabaida eta erronkei begira jartzeaz gain, iraganari ere so eginen diote, orain dela 40 urte Euskal Herriko lesbianen lehen topaketak antolatu zituztenei eskertza eta aitortza eginez.
Jenofa Berhokoirigoin | Argia, 2024-04-28
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2868/bollotopaketak
https://www.argia.eus/astekaria/docs/2868/pdf/Argia2868-26-31.pdf

Euskal Herriko bolleren topaleku bihurtuko da Leitza apirilaren 26, 27 eta 28an. Jende andanak eman du izena Bollotopaketetarako eta 550 bat bollera batuko dira asteburuan, identitate horretatik hausnartzeko asmoz. Bollerak nagusiki, eta oro har sexu/genero disidenteak: "Hetero-disidente guztiak izango dira ongietorriak, baina eduki zentrala bollerismoa izango da, hau da, subjektu bolleroa, haren genealogia, egungo egoera politikoa eta dauzkagun erronkak", zehaztu dio antolatzaileetariko batek Emaraun aldizkariko elkarrizketatzaileari. Izen-emateen aurreikuspen guztiak gainditu direla ikusirik, ezin ukan gogo bati erantzutera datozela. Subjektu politiko horretatik eta horrentzat antolaturiko jardunaldiak ez direlako ohikoak Euskal Herrian.

Gutasun hori izendatzeko terminoak aldatu arren, egon dira iraganean ere helburu berarekin muntaturiko topaketak: 1983ko "Euskadiko Lesbianen Topaketak", 1987ko "Euskadiko Lesbianismoari buruzko Topaketak", 1997ko "Euskal Herriko Lesbianen Topaketak" eta ondotik, maila lokalagoan antolaturiko beste zenbait. Lehen ediziotik 40 urte pasa direla, hasi ziren iaz Bollurria bollera talde transfeministakoak Bollotopaketen irudikatzen, hain zuzen, urtemuga hori nolazpait markatzeko gogoz.

Antolatzaileek badakite aitzineko bollerei –anakronismoak saihestuz, orduko "lesbiana feministei"– anitz zor dietela. Hori azpimarratzeko hitzordua ere izanen da Leitzakoa: "Pertsona hauek merezi dute euren ekarpenen eta borrokaren aitortza kolektiboa, eta espero dugu omenaldiaren oihartzuna garai horretan ibilbidea hasi zuten pertsona guztietara heltzea, baita bertan egoteko aukera ez dutenengana ere", dio antolatzaileetan den Argi Lertxundik. 1983ko maiatzaren 21 eta 22ko Zamalbideko (Errenteria) lehen topaketa horietatik bide luzea egin delako.

Garaiko antolaketan egondako Nati Ruforekin hitz eginez begi-bistakoa gelditzen zaigu ordukoen indarra, kemena eta ausardia. Garai hartan lesbianak ez zirelako ikusiak ezta izendatuak ere. "Bi emakume elkarri loturik agertuz gero, lagunak ziren. Lagunak bai, baina elkarrekin sexu harremanak geneuzkan lagunak ginela erakutsi nahi genuen. Ikusgarritasuna zen gure helburu nagusia, ikusten ez dena ez delako existitzen". Noiz eta, harreman horiek legez zigorturik ziren testuinguru batean: homosexualitatea zigortzen zuen Arriskugarritasunaren eta Errehabilitazioaren Legea 1978 urtera arte zutik egon zen Espainiako Estatuan –Frantziako Estatuan 1982a arte zigortu zituzten harreman homosexualak–. Legez zigortuak izateaz gain, gaixo eta anormal gisa sailkatuak ziren: homosexualitatea eritasunen zerrendan sailkatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak 1990a arte.

Horiek horrela, nahiz eta beharra argi ukan, karrikak hartzea ez zitzaien urrats arina: "Gutariko batek beti zioen 'benga, pankarta ez dela bakarrik aurreratuko, momentuko ez dauka gurpilik!'. Aurpegia erakutsi behar genuen eta horretarako prest geundenak gutxi ginen". Ingurukoen trufak, irainak, epaiketak eta erasoak zituzten ordainsari: "Zirko batean bezala ginen, manifestatzen baino jende gehiago zegoen manifestazioari begira". Euskal Herriko sexu askapenerako militante guztiek dute gogoan ‘Francis’ Vicente Vadillo Santamaria Errenteriako trabesti ezagunaren hilketa. 1979ko ekainaren 10ean polizia batek tiroz hil zuen Errenteriako Apolo diskotekan. Hilketa horren salatzeko manifestazioak izan ziren gay eta lesbianen eskubide eta askatasunaren alde Euskal Herrian egindako lehen ekimen publiko eta politikoak. 1977an osaturiko EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimendua izan zen eragile nagusia.

Ikusgarritasun hori lortu nahian antolatu zituzten lesbiana aktibisten arteko lehen topaketak: “Ikusgarritasuna genuen aldarrikapen nagusi, eta bide horretan hainbat kolektiboren artean topatzea interesgarria zitzaigun, aldarrikapenak eta helburuak elkarrekin adosteko. Gurea zabaldu nahi genuen eta bagenekien elkartuz indar gehiago izango genuela”, oroitzen du Rufok. 250 bat lagun batu ziren Errenterian.

Baina gutasun horrek nondik eragin beharko zuen? EHGAM mugimenduaren baitatik? Hasieratik militantzia esparru izandako mugimendu feministatik? Autonomoki lesbiana feministen artean antolatuz? "Hor bagenuen eztabaida, non eragin genezakeen gehiago, eta bietan zeuden kontraesanak. EHGAM guretzat oso mugimendu maskulinoa zen, eta garai hartan feminismoak oso jardun heteronormatiboa zuen, ziurrenik egoerak berak behartuta", kontatu zion Pilar Mendibil Pilonek ARGIAri 2019ko elkarrizketa hartan. Azkenean, mugimendu feministaren baitatik eragitea ez zuten baztertu, baina horri gehitu zioten lesbiana feministen artean antolatzeko urratsa. 1985ean sortu zuten, adibidez, Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboa, aitzineko urteetan lurraldeka osatutako kolektiboen topagune izango zena.

40 urte pasa arren, mugimendu feministarekilako elkarlanak zein batasunak segitzen dute dinamikaren osagai inportante izaten. Hain zuzen, Bollotopaketak ere transfeminismotik ondu dituzte, eta antolaketarako asanbladako kide anitz dabiltza mugimendu feministan ere buru-belarri.

1983ko Euskadiko Lesbianen Topaketen gauzapenean aritutakoei eskainiko die aurtengo Urrezko Hirukia EHGAM taldeak. “Gure genealogiak eta erreferente kolektiboak ezagutzeari balioa eman nahi izan diogu Urrezko Hiruki honen bidez, eta pertsona horiek LGBTI+ borrokan izandako aitzindaritza aitortu nahi izan dugu. Gehiegitan bigarren mailan eta ezkutuan geratu dira LGTBI+ askapen borrokan ekintzaile lesbianak, eta oro har mugimendu honi emandako bultzada eskertu eta saritzeko modu xume bat da hau". Usaian ekainaren 28aren kari banatzen baldin badute ere saria, aurten Bollotopaketetan eginen dute, "aitortzari esanahi kolektiboa eta ospakizun-ukitua emateko" xedez.

Orduko ikusgarritasunaren helburuaz galdetuz gero, ondokoa dio Bollotopaketetako Ibis Ugartek: "Praktiken inguruko onarpen soziala handitu den arren, dinamika normatiboek ematen dituzten pribilegioetatik kanpo gelditzen diren bizitzak defendatu nahi ditugu, praktika ez-normatiboak erdigunean jartzeko. Horretarako, lesbianismoa bizitzeko beste eredu batzuek ikusgarritasuna hartu beharko lukete, zehazkiago, merkatuari eta sistemari deserosoak egiten zaizkienek”.

Lesbiana feministatik bollerara
Horregatik joan da "lesbiana" subjektuari lekua hartzen "bollera" subjektua. Lesbiana terminoaren erabilpena nagusitzen bada ere jendartean, norbanako batzuk "bollera" hitzarekin izendatzen dute beraien izana: "Nolabait definitzearren, esan dezakegu bollera desira lesbikotan jatorria duen baina hortik harago doan posizio politiko bat dela. Bollerismoak gizonak eta emakumeak sortzen dituen sistema heterosexualari uko egiteko aukerak irekitzen ditu, eta beste identitate posible bat proposatu. Beste identitate horri tiraka, bollerak ez gara emakumeekin txortan egiten duten emakumeak, emakumetasun inposatuari uko egiteko sortzen den kategoria politikoa delako bollera", diote antolatzaileek.

Aitzinekoen borrokari esker, ikusezina geroz eta agerikoagoa bihurtu dela ezin uka, eta onarpenaren bidean, mentalitateen eta legeen aldaketak irabazi direla ere argi da. Duela 40 urte lesbianismoan kokatzea eta lesbiana gisa plazaratzea baldin bazen apurtzailea, normalizazioan eta onarpenean aitzina egin arau, sen iraultzailea birkokatzen joan dira lesbiana politiko batzuk, "lesbiana feminista" subjektutik "bollera" subjektura salto eginez. Funtsean, bollera identitatea taldean eta politikoki mamitzeko asmoz, subjektu horri bideratuko diote asteburuko hitzaldi nagusia, asteburuko hitzordu nagusien artean izango dena.

Bilakaera horren isla izan nahi du Bollotopaketetan egonen den Bollologia. Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat erakusketak. Asanbladako lau lagun aritu dira artxiboen miaketa horretan eta oro har, modu autonomoan eta talde ttipika antolatu dira jardunaldietako eskaintza guztiak. Autogestioan eta horizontaltasunean oinarrituriko programa osatu dute: "Egitarauan agertzen diren gaiek antolakuntzako kideek dituzten kezka eta interes politikoak islatzen dituzte. Asanbladetan identifikaturiko korapilo eta erronketatik tiraka proposatu dira", Ugartek dioenez. Iazko azaroan gaiak zerrendatu eta bakoitzaren interesen arabera osatu zituzten lantaldeak, hortik eskaintza modu autonomoan lantzeko ideiarekin. Tailerrak, hitzaldiak, dokumentalak, podcastak, erakusketak... finean, sei hilabete pasa eta, uzta aberatsa atera zaie. Asteburuan jorratuko dituzten gaien multzoa askotarikoa da: herri txikietako eta landa eremuetako bolleren errealitateak; terf mugimendu esentzialistaren aurkako borroka; boterea eta sexualitatea; drag tailerra; etxebizitza hautuak; bolleren arteko indarkeriak; bollerak eta zahartzaroa; sare bolleroak eta familia nuklearra; Palestinari transfeminismotik begiratzeko postura… Horrez gain, sorkuntzak, mugimenduak eta bestak ere izango du lekua: Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Poperra, afterra, utopia ikuskizuna; bertso saioa; gorputz adierazpeneko jam saioa; Kafuné Kolektiboaren Nire irudia zure haragian antzezlana; kanariar borroka torneoa; espazio publikoa berenganatzeko ekintza kultural-politikoa; sortzaileen azoka; karaokea eta dj-ak… "Hausnartzeaz gain, jai giroa ere bermatu nahi dugu, testuinguru cisheterozentratu batean festarako espazio seguruak ez dauzkagulako nahi bezain beste. Giro seguruan jardunaldi horiek bizitzeko aukera ere izango du bollera eta genero/sexu disidente orok”, dio Lertxundik.

Sarea ehuntzen segitzeko
40 urte pasa arren, bere horretan berdin-berdin garrantzitsu izaten segitzen duen osagaietariko bat dugu saretzea. Lesbianen ikusgarritasunean eta normalizazioan aitzina egin arren, jendarte heteroarautua, finean, guti aldatu delako: beti bezain sendo, zurrun eta inposatzaile izaten segitzen du. Hezkuntzak, legediak, iruditegiak, politikak, sorkuntzak, komunikabideak, hitzak, ideiak, erabakiak... hots, guztia da arau horren euskarri eta akuilu. Errealitate horretan, zaintza eta indarra beharrezkoak dituzte lesbianek eta are gehiago bollerek; eta bide horretan, inportantzia handia dute sare bolleroek. Oinarrian hori ere bazuten helburu Bollotopaketako antolatzaileek. "Prozesu parte-hartzaileak eta asanblada irekiek berebiziko garrantzia izan dute. (...) Jardunaldiak heltzen direnean, egindakoaz gozatzeko eta harro sentitzeko momentua izango da, eta momentu aproposa ere izango da aliantza horietan sakontzeko", dio Ugartek. 70 bat lagun batu dira asanbladetan, Euskal Herriko hainbat txokotakoak, hirikoak zein herri ttipietakoak.

1970eko hamarkadaren bukaeran zegoen saretze beharraz luze eta zabal aritu zaigu Rufo. Hor ere dena zegoen egiteko: gutasunik ez zegoen eta sarea sortu eta osatu beharra zuten. Solasaldiak antolatzen zituzten, lesbianen arteko gogoeten bidez taldea sendotzeko: "Funtsezkoa zitzaigun taldean hausnartzea. Hainbat panfleto eskuratzen genituen eta horretaz gogoetatzen genuen. Adibidez, butch-fem izaerari buruzko alemanen eta ingelesen testu batzuk eskuratu eta horretaz aritzen ginen luze eta zabal. Azkenean, hitz egiten ez bagenuen, gauza asko ez genekizkielako". Sexualitatearena zuten beste gaietariko bat, garaian ez zegoelako harreman sexual-afektibo lesbikoei buruzko galderak, ideiak zein gogoetak partekatzeko espaziorik. Bide horretan, tresna eta erreferentzia nagusia izan zuten Sorginak aldizkaria. 1986an sortu zuten eta 1995a arte iraun zuen. Ondotik, 1998tik 2000 urtera, berriz plazaratu zuten. Garaiko Euskal Herriko lesbiana feministen sorkuntza gehienak biltzen zituen –poesia, argazkigintza, umorea, hausnarketa teorikoa...– eta nazioarteko gogoetak Euskal Herriratzeko tresna ere bazen.

Saretze bidean bestak "berebiziko garrantzia" izan zuela oroitzen du Rufok. Ingurua ezezaguna zitzaionari hurbilketa-bidea errazten zion: "Festak antolatzen hasi ginen (Donostiako) Atotxako Duque de Mandas kalean geneukan lokalean. Jendeak horren berri ukan zuen eta inguruko herri txikietakoak hasi ziren etortzen (Alkizatik, Tolosatik...). Topaleku horiek ezinbestekoak genituen isolaturiko emakumeak batzeko: etorri eta beste batzuekin topo egiteko, bakarrik ez zeudela sentitzeko, elkar babesteko, harremantzeko, ligatzeko... Hori guztia zekarten festarako espazioek".

Bollotopaketen dinamikaren eta egitarauaren nondik norakoak entzutearekin piztu zaio Leitzara etortzeko gogoa Rufori. "Ikusgarritasuna behar genuen eta ikusgarri egin ginen; aldarrikapenak bagenituen eta aldarrikatu genuen. Bide berriak irekitzea lortu genuen, baina oraindik badaude irekitzekoak. Nik nirea egin dut. Guk egin dugu gurea eta lekukoa pasa dizuegu eta aurrera zoazte ideia eta aldarrikapen berriak gehituz". Iparrorratza geroari begira jarri eta lekuko hori Leitzako plazaren erdian astinduko dute asteburuan, harrotasunez.

domingo, 17 de marzo de 2024

#hemeroteka #lesbianismoa | Anari Alberdi: "Nire eremua soziopoetika da"

Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea: "Nire eremua soziopoetika da"
Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, ‘Giza zarata’ argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak 16, lehen aurkezpen-kontzertua emango du Donostian.
Danele Sarriugarte Mochales | Argia, 2024-03-17
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2863/anari-alberdi-zazpigarren-azalberritzea

Anari Alberdi //
Anari Alberdi Santesteban. Azkoitia, 1970. Musikaria eta idazlea. ‘Gari eta goroldiozko’ nobelaz aparte (Susa, 2022), iaz ‘Demoliciones controladas’ (Eraiste kontrolatuak) argitaratu zuen Pepitas de calabaza-ren eskutik: bere kantuen letrak biltzen dira liburu horretan, euskaraz eta gaztelaniaz. ‘Giza zarata’ du zazpigarren diskoa (lehena, ‘Anari’, 1997an kaleratu zuen). Azkenaldikoak ez bezala, hau ez du Bidehuts zigiluarekin plazaratu. Horri buruz, zera esan digu: “Bidehutsen daude gehien maite eta miresten ditudan musikariak eta lagunak. Ez da erraza izan erabakitzea, baina; dramarik gabe, gauza desberdinak egiteko gogoa dut, eta lanerako egitura arinago bat behar nuela sentitzen nuen”.
Atzo atera zen diskoa, zer moduzko sentsazioekin zaude?
Gustura nago, lasai. Igual atzo euforia, kulpa eta malenkonia, hiru gauzak batera sentitzen nituen. Orain dela ez hainbeste entzun nuen diskoa osorik, eta bilatzen nuena, nik nahi nuena disko honetan egin, demagun jarrera artistikoz, uste dut badagoela.

Zer lortu nahi zenuen?
Nik behar nuen nire burua eraman arrisku-eremu batera. Leku eroso batean sentitzen nintzen, eta behar nuen hori haustea berriz. Beste pauso bat eman nahi nuen idazkeran ere.

Irakurketa kolektiboagoetarantz? Metafora konkretuagoetarantz?
Bai, hizkuntza zuzenagoa edo.

Hori izan da zure apustuetako bat idazkeran?
Bai, hori izan da intentzio bat. Banentorren despoetizazio batean lehendik ere. Beste era batera idaztea ez da azal hau kendu eta beste bat janztea; azalari buelta eman behar diozu, zure azaletik egin behar duzu. Gainera gure ahots poetikoak oraindik eta erreberberazio askoz gehiago dauzka, ze kantatu egin behar duzu, hor egon behar duzu. ‘Kontinente zaharra’ bezalako kantu lehor bat kantatzen, Poliziak eta Schengen dauden kantu bat kantatzen nik egon behar dut, nik bilatu behar dut hori nola esan: uste dut hori dela zaila.

Zein izan da apustua musikalki?
Niri gustatzen zaizkit disko desberdin eta dinamikoak, horixe egiten saiatu naiz beti. Agian azkenaldian pultsu hori pixka bat galduta neukan, eta hori ere behar nuen, dinamika kantuetan egotea. Saiatu naiz alde batetik kantu dinamikoki desberdinak egiten alderdi musikalean, eta gero letra akuratzen benetan (existitzen da aditz hori?). Esan nahi dut kantu bakoitzari bere letra sartzea, kantuaren giroan bere letra sartzea. ‘Troiako zaldia’, adibidez, niretzat prozac-a da: melodia, teklatu psikodeliko horiek… Oso gauza sentsoriala.

Kantu horretatik abiatuta zutabe bat argitaratu du gaur Irati Zubiak ‘Berria’-n. Hala dio: “’Epilogoa’-n marraztu zituen Anarik norbere tristuran lorrintzeko osatu den egitura eta industria. ‘Troiako zaldia’-n akaso, argiago kokatzen du subjektu melankoliatsua Mendebaldeko zibilizazioaren gainbeheran”.
Zuk, azkenean, artefaktu poetiko edo artistiko bat egiten duzu, ez teoria bat. Jakina, kantua sortu aurretik, badago garaiaren analisia, begirada eta bilaketa, enfoke bat, baina emaitza kantu bat da. Nik giro bat nahi dut lortu, ez dut nahi tesi bat esplikatu kantu honetan. Bertigo pixka bat ere ematen du letrak horrela analizatzeak.

Ulertzen dizut, baina normala ere bada hori gertatzea. Zuk egin dituzu kantuak zure poetikatik, baina testuinguru batean ateratzen dira eta esango nuke halako analisiak estimu-erakustaldiak direla.
Bai, bai, noski. Oso ondo hartu dut. Ohore bat da jendeak horrela hartzea kantuak eta hori dena iradokitzea, eta ‘Kontinente zaharra’ kantan, adibidez, badago [Zigmunt] Baumanen esaldi bat, baina hori ere ez da teoria soziopolitiko bat, ez dagokio. Nire eremua soziopoetika da, ez soziopolitika. Kantuak dira.

Iruditzen zait kontatzerantz egin dutela pixka bat zure abestiek.
Bi gauza dira. Batetik badaude holako enumerazio batzuk, ‘Oreinak’-en egon ahal ziren bezala. Eta gero, nire buruari jarritako erronka txiki horien artean, Ez nengoen han bai da narrazio puru bat, izan zitekeena ‘Efemerideak’ ere, baina askoz gehiago kosta zait letra hau idaztea; bertsio asko eduki ditu.

Disko honetan leku berri bat bilatu dut, aurkitu dudala ere sentitzen dut, eta lehen euforia-kolpea ‘Ez nengoen han’-en eduki nuen. Esan nuen: bai, hau sinesten dut, sinesten naiz kantu hauetan, hemen. Sortzaile bezala, 25-26 urte diskoak egiten daramatzazunean, zure buruari bat-batean irekitzea beste espektro bat, ederra da. Adibidez, bakarrik orain egin ahalko nuke ‘Vesna Vulovic’ bezalako kantu bat, autoironia horrekin eta gauza askoz desdramatizatuago bat.

Beste modu batean idazteko premia hori zergatik edo noiz sortu zitzaizun akordatzen zara?
Bazetorren lehendik, eta ‘Piromania’ kantuak ere nahiko ireki zidan espektro poetikoa, baina ‘Piromania’-n, demagun, ni nengoen barruan. Orduan, imajinatu ‘Piromania’ baina ni barruan egon gabe, hori da pixka bat pausoa. Gero akordatzen naiz pandemiatik atera ginenean jo behar genuela Principalen, eta beste era bateko kantu bat behar nuen. Saiatu nintzen kantu bat egiten eta baneuzkan ideia batzuk, baina ez nuen lortu, eta orduan ‘Vinu, cantares y amor’ grabatu genuen; behar horretatik zetorren.

Oroitzen zara zer zen behar zenuena?
Behar nuen nire burutik atera. Nagia ematen zidan ‘Harriak’ kantatzeak, edo gauza super intimo bat kantatzeak. Azkenean bidea beti da mugimendua, beti da mugitzea, mugitzea, eta nire lekua horrantz zen. Eta gero sentitzen dut disko honetara ailegatu naizela liburuaren bidez [‘Gari eta goroldiozko’ eleberria argitaratu zuen 2022an Susa argitaletxearekin].

Zer zentzutan?
Liburuan egin dut gauzen etengabeko berrazterketa eta birbegiratze politiko hori. Liburuaren tonuarekin bilatu nuen begiratzea gauza askoren atzean ezkutatzen diren beste gauza politiko, sozial, eta abarrei. Adibidez, hor pareko paisaiari begiratzen diozu eta ikusten duzu industrializazioa, ikusten dituzu pinuak. Nik uste dut bide bat dela, baina baita ere sentsazio bat, garaiaren sentsazio bat, eta nagia nire buru intimoari buruz kantatzeko; oraintxe ez daukat batere gogorik.

Duela hamar urte ezagutu genuen elkar. Esango nuke hor mugarri edo aldaketa-momentu batean zeundela zure kantagintzan: irlaren eta aurrekarien artean. Nola oroitzen duzu garai hura?
Nik momentu hori, artista bezala, identifikatzen dut bat-batean entzuleak izen-abizenak dauzkan garaia bezala, eta da Twitterren garaia eta sare sozialen garaia. Holako gizarte askoz interkomunikatuago bat. ‘Irla izan’-en guk geneukan MySpace baina ‘Zebra’-n geneukan Fotolog eta ‘Habiak’-en Internet justu-justu existitzen zen; hortik gatoz. Orduan garai hori izan zen seguru asko nik entzuleak gehiena ezagutu nituen garaia, tartean zu.

Gero, garai horrek, zu eta zuen belaunaldia ezagutzeak, nire kantuak entzuteko eta jasotzeko zuen moduak eman zidan nire kantuen beste pertzepzio bat, askoz aberatsagoa, askoz kolektiboagoa. Horren adibide bezala, askotan aipatzen dut ‘Amua’ abestia. Bakarrik eta oso bakarrik idatzi nuen, bakarrik baino bakarrago, eta hor bihurtu zenuten edo bihurtu zen beste zerbait, garai horretan. Garai horrek beste kokapen bat ekarri zidan artistikoki eta pertsonalki.

Garai batean kontzeptu bati tiraka lantzen zenituen diskoak. Orain arte kontatu didazunagatik esango nuke kasu honetan ez dela hala izan.
Disko honetan ez dut bilatu kontzeptu bat, disko honetan kantuka egitera joan naiz. Baita ere, ‘Bunkerra I’ eta ‘Bunkerra II’ kantuak lehenengo hartualdian daude grabatuta, akats eta guzti, zeren nahi nuen, behar nuen, berriro konektatu Anariren lehen diskoko beste arrisku-eremu batekin, biluztasunarekin, baina biluztasun sonoro bat. Askotan kantua egiten duzu eta egitearen egitearekin, jotzearen jotzearekin, grabatzearen grabatzearekin, konpontzearen konpontzearekin, bezatu egiten duzu, eta askotan kantua da gauza basati bat. Pultsio hori mantendu nahi izan dut kantu batzuetan.

Egia esan ez nekien nolakoa izango zen disko hau, baina Zure aurrekari penalak eta oso gutxira ‘Epilogo bat’ atera zenuenez –askoz disko jostariagoa–, eta gero kantu solte batzuk, pentsatzen nuen: ez du egingo berriro disko kontzeptual bat.
‘Epilogoa da’ disko arin bat, eta ‘Epilogoa’-rekin nire buruari esan nion: “Anari, honek ezin du hola izan”. Pentsatzen dut zuk ere idazketan egin duzula hori, edo beste ariketaren batean. Honek ezin du izan holako prozesu autosuntsitzaile bat, eta idatziko dut alutik irteten didana, hainbesteko transzendentziarik gabe. Disko hau askoz era libreago batean egin dut. Aldi berean oso gaizki pasa dut, muturreko presio-egoera bateraino eramaten dudalako nire burua disko oso bat egiteko, baina igual hori da disko bat egiteko arrazoia; kantuka egingo bazenu, orain botako banu kantu bat edo zuk narrazio motz bat, desberdina da, baina liburu oso baten bila joan behar baduzu, obra handi baten bila joan behar baduzu, pasa behar duzu obsesio-momentu bat, ez zaizu erori behar prozesu osoan, egun hobeak edo txarragoak izan arren, eta orain ere nik asko sufritu dut, asko sufritzen dut. Esango dizut: ahots bat bi aldiz grabatu dut hitz bat aldatu nahi niolako.

Ai...
Baina beste leku batetik izan da. Eta nire lekua, hasieran esan dizudan bezala, nire minimo exigiblea da arriskua, eta mugimendua; hori da Anari niretzat. Arriskua izan daiteke baita ere gauza gozoago bat egitea. Imajinatu nik datorren diskoa pianoarekin bakarrik egingo banu, arrisku bat da; arriskuak ez du zerikusirik kañarekin edo gitarrarekin, baizik eta egon ez zaren leku batera joatearekin.

Irakasle aritu izan zara urte luzez. Lan horretan etenaldi bat egin duzu azken urteotan. Apustu bat izan da?
50 urte egin nituenean nire buruari oparitu nion urte bat idazteko. Eta, bizitzaren kasualitateak, asko jotzen ari gara eta oraintxe bizi naiteke hortik. Uste dut bueltatuko naizela irakaskuntzara, asko gustatzen zait, pila bat ematen dit; ez zait gustatzen holako bizimodu bat, goizean jaiki eta musei dei egin. Irakaskuntza, niretzat, bizitza da, lokatza da. Irakaskuntzan zaude bizitzarekin eta gizartearekin super konektatuta.

Aldaketa horrek eraginik izan du zure jardun artistikoan?
Kantitatez, dudarik ez; azken hiru urteotan gauza pila bat egin ditut, baina kalitatez ez dakit esaten. Errazagoa bada, dudarik ez: jaiki eta horri ekin. Nik luxuzko salbuespen-egoera bat bezala bizi dut.

‘Gari eta goroldiozko’-n idatzi duzu: “Feminismoa: pauso txiki bat gizonarentzat. Pauso erraldoia gizateriarentzat”. Zer motako pausoa izan da zuretzat?
Erabatekoa. Nik esango nuke bi pauso edukiko nituzkeela nire bizitzan. Ez naiz holako familia euskaltzale tradizional batekoa, eta nire gurasoak super politikoak, orduan uste dut lehen pausoa izan zela euskaldun bezala kontzientzia hartzea hogeita piko urterekin, eta bigarrena dudarik gabe izan zen feminismoa. Holako birkokatze politiko bat munduan.

Euskaldunarena, musika egiten hasi aurretik izan zen?
Igual momentu horretan. Askotan esplikatu dut, adibidez, nik bateria jotzen nuela beste talde batzuetan, ingelesez kantatzen genuen, eta Azkoitian ez zegoen batere tradiziorik euskaraz kantatzeko; Azkoitian oso arraroa izan zen ni euskaraz kantatzen hastea. 26 urte neuzkan eta seguru asko momentu horretan hartu nuen kontzientzia hori, segur asko baita literaturaren eta musikaren bidez ere, baina hartu nuen kontzientzia bat oraindik ere badaukadana: subjektu politiko bezala euskalduna naiz.

Eta transfeminismoa?
Zuk aipatu duzun momentu horretan izan zen, duela hamar urte. Genealogia guztia kontuan hartuta baita ere, baina egia da nik ez dudala militatu nire adineko jendearekin edo ez naizela hor egon. Niretzat kristoren potentea izan zen zuk aipatzen duzun momentu hori, zuen generazioaren bidez, hor berriz ere badago beste kapa politiko bat, erabatekoa; eta gero hortik aurrera, lesbiana bezala edo bollera bezala badago beste bat ere. Ez dakit continuum bat den edo ez, baina hiru horiek aipatuko nituzke nire kokapen politiko gisa munduan.

Gero, noski, irakaskuntzako langilea izan naiz eta orain musikaria, hori ez dago kontrajarrita beste denarekin. Esan nahi dut ez naizela pertsona politikoa identitateetatik bakarrik; pertsona oso politikoa izan naiz beti nire jardunean, bai irakaskuntzan baita musikari moduan ere. Niretzat orain ekuazio faltsu bat dago horrekin.

Feminismoarekin, beste ikuskera kontziente eta politiko denekin bezala eta batera, dena askoz gogorragoa eta interesanteagoa da: mundua eta sorkuntza, eta dena. Niretzat erabateko eragina izan du. Horra ere berandu iritsi nintzen eta gaizki seguru, nire egoskorkerian.

Askotan entzun izan dizut publikoan gertatu zela aldaketa bat. Masa kritiko bat lehen lerroan. Zuk horretan nabaritu duzu?
Noski, nire publikoa zuk aipatutako garaian aldatu egin zen. Lehen lerroak emakumez bete ziren, orroka kantatzen zuten emakumez. Gizonen, eta gizon musikari zenbaiten aldetik, mespretxu-aire bat iritsi zitzaidan. Instant batez sinetsi ere egin nuena. Hor hazi naiz, beraien kodeetan.

Baina, feminismotik bakarrik irits zaitezke horri buelta eman, eta hori harrotasunez bizitzera, edo naturaltasunez. Gizonak gizonekin identifikatu dira beti, orain ere bai, eta identifikatuko dira. Orain gertatzen dena da emakume asko emakumezkook egiten dugunarekin identifikatzen direla bereziki, eta ez hainbeste gizonek egiten dutenarekin, eta horrek arazo bat sortzen du, die. Berez, ispiluaren beste aldea baino ez da. Beste erdia.

lunes, 8 de enero de 2024

#hemeroteka #homofobia | Bi homofobok sudurra apurtu diote Asierri Bilbon: "Kikilduta nahi gaituzte, erantzun egin behar zaie"

Bilboko Indautxu auzoan jasan zuten 23 urteko Asierrek eta bere mutilak eraso homofoboa //

Bi homofobok sudurra apurtu diote Asierri Bilbon: "Kikilduta nahi gaituzte, erantzun egin behar zaie"
Mikel Garcia Idiakez | Argia, 2024-01-08

https://www.argia.eus/albistea/bi-homofobok-sudurra-apurtu-diote-asierri-bilbon-kikilduta-nahi-gaituzte-erantzun-egin-behar-zaie

Mutil-lagunari eskua emanda zihoan Asier; atzetik bi gizon gazte agertu eta muturreko bat eman zioten, hain bortitz, ezen sudurra apurtu zioten eta lurrera bota zuten. Sudurreko ebakuntza egin berritan hitz egin du ARGIAk berarekin: "Diskurtso faxista indartzen eta legitimatzen ari da inguru batzuetan".

Santomasak ziren, abenduaren 21 gaueko 1:45ak inguru, eta Bilboko Indautxu auzoan jasan zuten 23 urteko Asierrek eta bere mutilak eraso homofoboa. Atzetik agertu zitzaizkien eta "dena oso azkar pasa zen", muturrekoa jaso eta lurretik altxa zenerako korrika alde egin zuten erasotzaileek. "Nire mutilak pasa zuen okerren, bera ez zuten jo, baina txuri geratu zen, zer erantzun edo nola erreakzionatu ez zekiela, eta inpotentziaz bizi izan zuen ikustea ni nola jo ninduten". Sudurretik odol jarioa zuela, gertuko diskotekan artatu zuten Asier (nahiago du abizenik ez eman). Udaltzaingoari deitu eta salaketa jarri zuten. Anbulantzia etorri zen ondoren eta ospitalera eraman zuten gazte bilbotarra. Sudurra apurtua zuela berretsi zioten, eta joan den astean izan du ebakuntza.

Erasoaren berri Itaiak eman zuen Gedar-en, baina gainerakoan, oharkabean pasa da.

Komentario homofoboetara ohituta bai, baina lehen aldia da Asierrek eraso fisiko homofoboa jasan duena; aurrerantzean, eskutik helduta joateko edo bestelako keinu afektiboak publikoki adierazteko beldurrik ote duen galdetu diogu. "Erasoa jasan edo ez, pilotu automatikoa beti aktibatuta dugu heteroak ez garenok, lekuaren arabera, inguruan duzun jende eta giroaren arabera… badakizu zer egin dezakezun eta zer ez, non ez diozun mutil-lagunari eskua emango, non ez diozun musu bat emango".

Homofobia handia dago oraindik gizartean? "Jakina, batez ere egunerokoan eta gutxi-gehiago eremu guztietan, baita LGTB mugimenduaren barruan ere, denok gurutzatzen gaituen zerbait baita". Dena den, ingurune bat jarrera erreakzionarioak normalizatzen eta legitimatzen ari dela dio, streamerrak eta politikariak tarteko. "Lehen ziurrenik ezkutuagoan geratzen ziren halako erasoak; orain badago sektore bat jarrera horiei aurre egiten diena eta horren aurrean elkar elikatzen eta indartzen ari dira, gorroto diskurtsoak normalizatzen".

Salaketaz gain, pertsona eta eraso hauek ezin dira erantzunik gabe geratu, uste du Asierrek, "erantzun fisikoa edo ahozkoa, baina erantzuna, zeren zure burua kikildu dezaten uzten baduzu, kikilduta emango duzu bizitza osoa". Defentsa pertsonaleko ikastaroak hartzea gomendatu du.

lunes, 4 de diciembre de 2023

#hemeroteka #bollerak | Euskal letretako bollerak sitsez eta isiltasunez

June, Lizar, Amaia eta Eva mahai-inguruan //

Euskal letretako bollerak sitsez eta isiltasunez

Lizar Begoña, June Fernández, eta Eva Pérez-Pons mahaiaren bueltan bildu ziren abenduaren 2an, Izarran (Araba). ‘Bollerak euskal letretan’ izenburupean, bollerak izendatzeko aukeratzen diren hitzez, isiltasun eta minez, eta erreferente bollero faltaz aritu ziren hizketan.
Onintza Irureta Azkune | Argia, 2023-12-04
https://www.argia.eus/albistea/euskal-letretako-bollerak-sitsez-eta-isiltasunez

Mahai-ingurua Sareinak taldeak antolatu zuen, Gorbeialdeko EHGAMekin elkarlanean. Gidari lanak egin zituen Amaia Alvarez Uria Sareinak taldeko kideak. Hizketaldirako baliatu zituen Lizar Begoñaren ‘Gepardo japoniarrak’ (Susa) poesia lana, Eva Pérez-Pons-en ‘Erresistentziarako gorputzak: bollerak’ (Lisipe) saiakera, eta June Fernándezen ‘Mariokerrak. Nola izan / esan bollera euskaraz ‘(Txalaparta) saiakera.

Amaia Alvarezek sarrera eman dio mahai-inguruari, esanez, azken urtetxoetan gero eta bollera gehiago ari dela literatura argitaratzen, eta pozgarria dela.

Hitzak aukeratzen
Alvarez hasi da galdezka ea zein hitz erabiltzen diren bollera esateko edo zein aukera dauden. June Fernándezi eman dio hitza eta ‘Mariokerrak. Nola esan / izan bollera euskaraz’ liburuari egin dio erreferentzia azken horrek. Izan ere, Fernándezek eta Alvarezek aurten bertan argitaratu dute liburua Txalaparta argitaletxearekin. Liburuaren abiapuntua Zinegoak izan zen. Zinegoak-eko antolatzaileek eskatu zieten ea egingo zuten hiztegi bat, eta hala, Aitor Aranaren ‘Gay hiztegia’-ren baliokide bat egitera abiatu ziren. Laster konturatu ziren hiztegi soil bat gaindituko zuela eta bi galderei erantzun nahi dien lana prestatu zuten Zinegoak-erako: nola esan lesbiana euskaraz, eta nola izan lesbiana euskaraz. Hasierako proiektuak liburu forma hartu zuen azkenean.

Fernándezek azaldu du libururako galdekatu zuten jendearen artean nabarmen ikusi zutela bollera hitza zela erabiliena. Termino politizatuagotzat dute (lesbiana hitza baino, adibidez), identitate politiko bat adierazten du eta subertsiboagoa da. Alabaina, Fernándezek aipatu du terminoak ez duela Euskal Herri osorako balio. Ipar Euskal Herrian gouine erabiltzen dute. ‘Mariokerrak’ libururako elkarrizketatutako ‘beteranoek’, aldiz, lesbiana terminoa aldarrikatu dute. Entzule batek ere aipatu du, lesbiana hitzaren erabilera ez duela baztertzen; bollera hitzak esanahi politikoa badu gaur egun, bere garaian lesbiana hitzak ere bazuela esanahi hori.

Fernándezek eta Alvarezek, berriz, eta hitz berriak sortzeko jolas egitea aldarrikatu nahian, azaldu dute nola mariokerrak terminoa proposatu duten bollera-glosarioa osatzen joateko. Irrikaz daude liburuaren bi egileak marioker terminoak zein bide egingo duen jakiteko. Oraingoz, Fernándezek Tinderren marioker erabiltzaile bat topatu du.

Eva Pérez-Ponsen ustez, bollera hitza lesbiana eta emakume homosexuala terminoetatik ateratzen da eta feminismo heterotik ateratzeko balio du. Errealitateak aldatzeko balio duen eta oso esanahi zabala duen terminotzat du, genitalitatetik eta sexu desira adieraztetik harago doana. Lizar Begoñak ere, bollera terminoaren alde egin du, lesbiana hitzarekin alderatuta modu politizatuagoan hartzen du.

Lesbiana, bollera, gouine hitzak alde batera utzi eta Alvarezek gogoeta egin du: sexualitatearekin lotutako zein hitz gutxi dagoen euskal literaturan, eta ‘Mariokerrak’ libururako galdetuta ere, oso gutxi jaso dituztela azaldu du. Gaiak tabua izaten jarraitzen du. Begoñak ahots gora egin du gogoeta: “Erreferenteak, irudiak, hitzak… falta zaizkigu”.

Sitsak eta isiltasunak
Esaten ez denaz eta isiltzen denaz aritu dira hizketan tarte batez laurak. Begoñak Sitsak poema irakurri du (‘esan nahi nizuna esan gabe / sabelpean hil zait / beste sits guztiak bezala’), eta azaldu du zer kontatu nahi zuen: “Esaten ez den guztia tripan hiltzen da”. Hitzak hustu eta beste esanahi bat ematen saiatu da Begoña bere poema liburuan. Begoñarentzat idaztea, “barruan daukadan gauza amorfo hortaz” aritzeko modua izan da, bere eremu librea. Pérez-Ponsek gehitu du oso hiztegi bitarra daukagula, praktikak eta hizkuntza ez doazela batera. Fernándezek bolleren minak aipatu ditu, minak isiltzea. Begoña eta Fernández bat etorri dira adieraztean sarri sortzaile bollerek esan nahi dituztenak idatziz transmititzen dituztela, eta ez aurrez aurre.

Euskal letretan bolleren presentzia
Alvarez errepasoa egiten hasi da di-da batean: Itxaro Borda aitzindari, beste belaunaldi batekoak Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte, bertsolari bollerak, poesia egiten ari diren gazteak… Aipatu du ‘outing’-az (armairutik ateratzeaz) eztabaidatzeko beharra dagoela. Alde batetik, mahai-inguruan ere azpimarratu den bezala, euskal letretan erreferenteak falta direla nabarmentzen da, baina bestetik, armairutik ateratzeko zailtasunak daude. Begoñak ñabardura bat gehitu dio Alvarezen gogoetari: “Sortzaileak pentsa dezake ‘outing’a eginez gero, haren lanak begirada murriztailea jaso dezakeela, hau da, gu prisma bakarretik irakurtzeko arriskua dago, eta sortzaile bakoitza gauza askok zeharkatzen gaitu”.

domingo, 12 de noviembre de 2023

#hemeroteka #lgtbi #aktibismoa | Oskar Sada, 'Gomi'. Marika ekintzailea: "Oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako"

Argia / Oskar Sada //

Oskar Sada, 'Gomi'. Marika ekintzailea: "Oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako"

Reyes Ilintxeta | Argia, 2023-11-12
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2846/oskar-sada-gomi-marika-ekintzailea

Oskar Sada Muruzabal. Iruñea, 1971. Jende askok Gomi bezala ezagutzen du Oskar Sada, Txantreako Zazpi denda txikian urteak daramazkielako gominolak, ogia eta antzekoak saltzen. EHGAM Nafarroa taldeko kidea da 16 urte zituenetik. Auzotegi kultur gune komunitarioko ikasle eta bultzatzailea, Koiuntura eta FlakUtt musika taldeetako kidea, txalaparta jotzailea eta pentsamendu politikoa jorratzen zuen ‘Disidenteak Betiko´zine’ eta haur eta gaztetxoentzako ‘Pulunpetto’ eta ‘Xomorro’ fanzineetako sortzailea izan da. Orain Gizarte Hezkuntza karrera amaitzen ari da UNEDen LGTBI kolektiboko pertsona adinduentzako zaintza modu berriak antolatzeko helburuarekin.
Zer dela eta ari zara orain Gizarte Hezkuntza ikasten?
Beti egon naiz, modu batean edo bestean, zaintza ekimen komunitarioetan murgilduta, beste mundu bat posible dela sinistuta. Orain, neure buruarekin bakean nagoela eta gauza pila gainditu ondoren, une egokia topatu dut ikasteko, gai horiei modu profesionalean ekiteko asmoz. Karrera amaitzear nago eta nire asmoa da LGTBI kolektiboko hirugarren adineko jendeari laguntza emanez lan egitea.

Nolako laguntza?
Bada oso egoera zailean dauden pertsona asko. Gehienek Arriskugarritasun edota Alfer eta Gaizkileen legeek ezarritako zigorrak ezagutu zituzten gazte garaian eta lan aukerak ere oso murritzak izan dituzte beti. Trans eta trabestien kolektiboan adibidez, bizirik irauteko askok prostituzioan aritu behar izan dute, legez kanpo erabat, eta orain adinduak direnean ez dute pentsiorik kobratzen. 400 euroko laguntza soziala baino ez dute jasotzen eta beren bizitzak erabat prekarioak dira. Madrilen Abenduak 26 izeneko elkarteak LGTBI jendearentzako harrera etxeak zabaldu ditu, kolektiboan etxerik gabeko pertsona asko dagoelako.

Euskal Herrian halako etxeak zabaltzea ez litzateke izanen horren premiazkoa jende asko sexiliatu delako, HIESAren ondorioz asko hil direlako edo armairuan ezkutatu direlako. Hemen formakuntzaren bidetik ikusten dut nik laguntzeko bide egokiena: formakuntza eman nahi nieke hirugarren adineko pertsonekin lan egiten dutenei eta baita zerbitzu horien erabiltzaileei ere, ikus dezaten jende guztia ez dela zis-hetero normatiboa. Nire asmoa da ekarpen bat egitea pertsona horiek beren bizitza gara dezaten duintasunez, ahal den homofobia, lesbofobia eta transfobia gutxieneko ingurune aske batean.

Mundu ikusezin bat gizartearen zati handienarentzat?
Bai, hala da. Marika eta militante gisa gauza asko sumatzen nituen, baina orain hori dena ikerketen bidez eta datuekin egiaztatuta dagoela ikusten ari naiz, eta gauza harrigarri asko ikusten dira.

Adibide bat: zu Kolonbiatik ihesean zatoz genero disidentea zarelako. Iristen zara hona eta sartzen zaituzte pisu batean non Kolonbiako jende gehiago dagoen. Haiek beren betiko ikuspegi bera dutenez, zuk jarraituko duzu pairatzen egoera bortitz hori. Infernu batetik bestera pasako zara. Hori ez da zilegi.

Nola hasi zinen militatzen EHGAMen?
16 urterekin hasi nintzen EHGAMen. Aldi berean, Auzotegi bezalako hainbat herri mugimendutan hasi nintzen parte hartzen Txantrean. Gabezia asko zegoela ikusten nuen eta nik bezala beste mundu bat posible zela aldarrikatzen zuen jendearekin elkartzen hasi nintzen. Biziki flipatzen zuten nirekin, marika militantea izanda, baina zaintzen ninduten eta denboraren poderioz jabetu naiz kolektibo horietan aritzeagatik zainduta eta babestuta egon naizela beti auzoan.

Genero disidente bezala aurrera ateratzeko gelditzen zaizun bide bakarra ahalduntzea da eta nik hori lortu nuen EHGAMi esker.

Oso lan ezkutua egiten genuen, baina oso garrantzitsua. 1984an hasi zen HIESAren kontua. Auzoan, beste toki guztietan bezala, oso estigmatizatuta egon zen, eta inguruko jende pila hil zen heroina kontsumoarengatik eta xiringak partekatzeagatik. Guk apenas genuen marika erreferenterik, eta genituen gutxi horiek, beren buruaz beste egiten zuten edo munstroak ziren. Nerabezaroan egoera hori bizitzea oso gogorra izan zen. Urte latz haietan geure burua zaintzen ikasi genuen komunitatean. EHGAM nire unibertsitatea izan zen. Niri kolektibitateak bizia eman dit.

Gaur egun nola dago elkartea?
Baditugu hainbat errealitate. EAEn prozesu bat izan da, KOSA izenekoa (Koronabirus Osteko Sexu Askapena). Berpizte bat izan da eta belaunaldi aldaketa ere bai, EAEn jende helduagoa zegoelako hemen baino. Hemen Nafarroan, 2000. urtean EHGAM Nafarroan Kattalingorri Elkartea sortzea erabaki genuen beste subjektibitate batzuekin ere bat eginez (transak, bollerak...). EHGAMeko militanteak hamaika borrokatan ibili gara bai karriketan, bai instituzioetan, modu autonomoan, sexu askapenaren alde eta beti nazio ikuspegiarekin. Orain, 23 urte igarota, zerbitzu ofizial bat dugu Nafarroa Garaian, Kattalingune, Kattalingorrik orain dela guti arte kudeatutakoa. Autogestioan funtzionatzen zuen zerbitzu hori erakundeek beren esku hartu zuten gobernu aldaketaren garaian. Kattalingunek Nafarroa osoari ematen dio zerbitzua eta gauza bera egiten du Iruñean Harrotu Udal Zerbitzuak. EHGAM, oro har, indartsu dago eta gauza oso politak egiten ari gara.

Aurrekontu mozketak izan dira berriki...
Ez dugu ulertu zer gertatu den hor. Baditugu gure susmoak. Trans legearekin ematen du PSOE kikildu zela hasieran, nahiz eta gero aurrera atera zuen, eta badirudi hemen ere halako zerbait gertatu zela.

Orain, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren barrenean aldaketak izan dira berriro eta espero dugu Kattalingunek zeukan autonomia eta aurrekontuak berreskuratuko dituela. Azkenaldi honetan jende gutxiago aritu da lanean eta Tutera, Tafalla eta mendi aldeko eskualdeak zerbitzurik gabe gelditu dira. Oso beharrezkoa da zerbitzua toki guztietara iristea. Ikusten ari gara gorroto mezuak gero eta gehiago direla, eta argi dago hezkuntzan lan handia dagoela egiteko.

Nola dago kuir ahalduntze mugimendua Nafarroako landa eremuan?
Estatuko beste toki askotan bezala, oso mugimendu interesgarriak daude Nafarroa Garaian: Erriberan Somosmarte taldea dago Murchanten, Tuteran Kukuluak, Tafallan eta erdialdean Laiak, Lekunberri-Leitzan Hormak, Baztanen Harro Baztan, Antsoainen Harro… eta beste herri batzuetan batzordeak sortzen ari dira homofobia erasoak gertatzen direnean, herritar askoren sostenguarekin. Gaur egun harreman eta ikusgarritasun handiagoa dago sare sozialei esker. Lehen isolamendu izugarria zegoen.

Gazteek beste modu batez bizi dute genero disidentzia?
Oso interesgarria da ikustea nola bizitzen ari diren hau haien ahalduntzetik. Gauza batzuek berdin jarraitzen dute. Heteroaraua oso egiturazkoa denez, 30 urtean panorama ez da horrenbeste aldatu. Ahalduntze ariketa horri oso erantzun bortitza ematen ari zaio zenbait sektoretatik, feminismoarekin gertatzen ari den bezala.

Mundu mailan bada oso ongi diseinatutako korronte atzerakoi bat eta, kasu askotan, herrien politikagintzan izugarrizko indarra du. Diskurtso ebanjelistak, Trumpistak… esate baterako, pisu handia dute Ipar Amerikan eta Hego Amerikan. Kolonbiako negoziazioetan, adibidez, desadostasun puntu garrantzitsu bat izan omen zen FARCek LGTBI eskubideetan ere pauso bat aurrera eman nahi zuela, baina mugimendu ebanjelistak ez zuen ezer jakin nahi izan horretaz. Oso diskurtso fundamentalistak dira.

Eta mundu islamiarrean gertatzen dena nola ikusten duzu?
Hor ikasi behar dugu dena ezin dela berdin irakurri gure mendebaldezentrismotik. Esan nahi dut, kolonizaziotik sortu dira herri horien pobrezia eta egoera tamalgarria, eta horretaz baliatzen dira erlijioak indarra hartzeko. Afganistan edo Libanon ikus daiteke zer atzerakada izan den giza eskubideetan azken urteotan. Garbi dut fundamentalismo erlijioso guztiek gure eskubideen kontra egiten dutela. Aitzitik, gogoratu nola 2017an sortu zen TQILA kuir gerrilla. kuir pertsonez osatutako taldea. Kurduen alde borrokatzera joan zen Estatu Islamiarraren aurka. Erantzunak egon dira. Galdetu beharko genioke geure buruari zergatik erlijioek hartzen duten hainbesteko pisua toki horietan.

GTBI kolektiboan ere gizon homosexualek beste disidenteek baino ikusgarritasun handiagoa dute?
Hor gauza batzuk gurutzatzen dira. Lehena da askok ideia dutela emakumeak ezin direla sexualki aktiboak izan. Zer eginen dute bi emakumek gizon zakildunik gabe? Gizon baten sarketarik gabe, nola da posible sexu harremana? Honekin batera, argi dago lesbianen harremanak ezkutuan mantendu izan direla kasu askotan. Honek balio izan du erasoetatik babesteko, nolabait, baina aldi berean erreferenterik sortu ez izana ekarri du. Bestalde, marikak izan gaitezke begiratuak eta heziak gizon bezala, eta horrek badakar gizartean toki ikusgarriagoa izatea, alor gehienetan gertatzen den bezala. Tamalez, gay kolektiboetan ere misoginia zantzuak ikusi ditugu eta horien kontra borrokatu gara, gure pribilegioetatik aldendu nahian.

Marisolasak bazterrean jardunaldi interesgarriak egin berri dituzue urrian. Zer moduz joan ziren?
Arrakasta ederra izan zuten. Aurten transfeminismoaren ikuspegitik bideratu ditugu gogoetak eta trans jendearekiko elkartasun adierazpen bat egin nahi izan dugu. Garai batean Iruñeko Nafarroako Gorteen kalean jartzen ziren transexualak eta trabestiak gure amatxo politikoak direla azaldu nahi izan dugu. Prostituzioan aritzen direnen eskubideak aldarrikatzen ditugu. Honetaz mintzatzeko, adibidez, Juana María Rodríguez egon zen, 1990eko hamarkadan EHGAM Nafarroan egondakoa eta berriki ‘Puta life: Seeing Latinas, Working Sex’ liburua plazaratu duena. Gracia Trujillo, Manuela Trasobares eta Itziar Ziga aktibistak ere izan genituen, eta ‘Mariokerrak, Nola esan/izan bollera euskaraz’ liburuaren aurkezpena ere egin genuen euskaraz June Fernandez, Ana Jaka eta Amaia Alvarezekin Laban kafetegian. Oso hitzaldi indartsuak izan ziren eta dena ikusgai dago interneten.

Azaroan Xoka jardunaldiak egin behar dituzue berriro Laban. Zertaz?
Euskal kuir komunitatea ez da oso handia, bereziki Nafarroa Garaian, eta oso atomizatua dago. Horregatik euskararen erabileraz hitz egin nahi dugu. Lan batzuk egin izan dira geure burua eta gure praktikak euskaraz izendatzeko. Aitor Aranak, adibidez, bere garaian gay hiztegia egin zuen eta orain berriki Mariokerrak mugimendua sortu da. Guk, modu sinbolikoan xoka hizkera berria proposatu nahi dugu, ez toka ez noka.

Azaroan zehar bi mahai antolatu ditugu Laban: bata Diskuntza, disidentzia eta hizkuntza, Ana Jaka eta Gatx Eizagirrerekin; eta bestea, Kuir ikuspegia euskal eszena garaikidean, Aner Peritz, Jüje Idiart Thiry eta Eneko Garcia, Albina Stardust drag-arekin. Orain lan asko egiten ari gara Labarekin, gu ere euskaldunak garelako eta euskal mundua ere marika, bolleroa edo kuir delako. Espazio desberdinak kuirtu nahi ditugu.

Orain sozialki erakargarria da LGTBI izatea?
Egia da badela irekiera momentu bat eta euskal komunitatean oso adierazpen interesgarriak badirela, eta bazen garaia. Hala ere, nik uste dut lasaiagoa dela zis pertsona baten bizimodua. Glamourrak ‘puntxa’ emango dizu momentu batean, baina egunerokotasunean zailagoa da dena.

Jendartearen zati handi batek begirada zentratua du bere heterozentrismoan. Noraino onartuko dute gure sorkuntza lana, adibidez? Esate baterako, iaz Maruxak izan ziren txosnetan eta egoera bortitz batzuk sortu ziren. Argi dago ikusleen artean ez daudela soilik gure lagunak... Publikoaren erantzuna izan zen erasoak arbuiatzea.

Euskal komunitatean beti egon da kuir mugimendua. Orain, zorionez, hori dena azalera ateratzen ari da. 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi ondoren Saioa Alkaizak kantatu zuen bertsoa mugarri bat izan zen: “Musu handi bat iraultza den gorputzera/ ez-bitarra, -a, transa, marika eta bollera/ mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera". Katakunbetatik ateratzen ari gara eta hori oso ona da.

Sexu-genero disidenteak diren institutuetako gaztetxoak beren lagunekin, beren koadrilarekin, ekainaren 28ko mobilizazioetara joaten ikusten ditudanean, oso gauza ederra iruditzen zait. Aldarrikapena ez da soilik LGTBI kolektiboko kideen kontua. Hetero izanda mezu hauekin bat egiten baduzu, bizitzeko beste modu batzuk, beste kode batzuk badirela ikusi eta onartu egiten duzula erakusten duzu. Gure kodeak ari dira azaleratzen eta iragazkortasun handiagoa dago.

Bestalde, aragoiera ikasi duzu. Eta hori?
San Martin Unx herrikoa da ama eta aita Oibarrekoa. Ni herri Ikastolara joan nintzen txikitan. Disidentzian egon naiz betidanik. ‘Arrarunoa’ izan naiz beti gauza batengatik edo bestearengatik, eta aragoieraz hitz egiten duten horietako hainbatek ‘arrarunotzat’ jotzen du bere burua. Aragoiera eta Nafarroan hitz egiten den gaztelaniaren arteko harremana bada eta guk etxean erabiltzen ditugun hainbat hitz aragoieraz berdin-berdinak dira. Hortik piztu zitzaidan jakin-mina eta gero kultur mugimendu bat, musika taldeak eta hizkuntza ikasteko ‘aragoitegiak’ bazirela aurkitu nuen. Zaragozako ‘aragoitegi’ batean eman nuen izena eta internetez ikasi nuen. Iruñeko beste batekin elkartu eta hasi nintzen mintzakide moduko saio batzuk egiten. Zortzi pertsona egon gara talde honetan orain dela gutxira arte. Barnetegiak ere sortu genituen, hemendik bultzatuak eta euskararen ereduari jarraikiz. Haiek oso gutxi dira, 11.000 hiztun baino ez, eta oso egoera larrian daude, gu 1970eko hamarkadan geunden bezala. Hezkuntzan, soilik orduz kanpoko ikasgai gisa ematen da.

2018an Aragoiko Gobernuak titulua sortu zuen eta B2koa, mailarik gorena, lortu nuen. Orain nire lagunekin hitz egiten dut aragoieraz eta askotan bakarrik ere bai [irriz].
Aken hitza
"Gizon eta emakumezko gehienentzat zis-heteroarauaren barruan bizitzea gogorra da, inor ez delako iristen eredu horrek eskatzen duen guztia betetzera. Presioa denentzat dago. Horregatik oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako".

miércoles, 26 de julio de 2023

#hemeroteka #lgtbifobia | Elantxoben eta Bilbon eraso LGTBfoboak salatu dituzte

Argia / Bermeoko udaletxearen fatxada //

Elantxoben eta Bilbon eraso LGTBfoboak salatu dituzte

Bermeoko Udalak Elantxoben larunbatean gertatutako erasoa gaitzetsi du, eta Anitzak Bilbao LGTBIQ+ elkarteak asteartean Bilbon gertatutakoa.
Ilargi Manzanares | Argia, 2023-07-26
https://www.argia.eus/albistea/elantxoben-eta-bilbon-eraso-lgtbfoboak-salatu-dituzte 

Joan den larunbatean, Elantxobeko Madalena jaietan, gazte batek eraso homofoboa jasan duela salatu du. Bermeoko Udalak gertatutakoa bere sare sozialetatik gaitzetsi du, biktimari babesa adieraziz eta eraso gehiago ez duela onartuko esan du.

Bilboko San Inazio auzoan, asteartean, Anitzak Bilbao elkarteak eraso transfoboa salatu du. Biktimak erasotzailea “ella, ello o lo que seas” esaten hasi zitzaiola salatu du, eta “zuzenean transfobo bihurtu zen nik ezertxo ere esan gabe”, dio. Elkarteak sare sozialetatik adierazi du erasoak beti gaitzetsiko dituela.

miércoles, 28 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | 'LGBTI borroka edukiz hustu dute eta dena lortuta dagoen diskurtsoa zabaldu da'

Argia / Irungo Harrotasun Kritikoa taldea //

'LGBTI borroka edukiz hustu dute eta dena lortuta dagoen diskurtsoa zabaldu da'

Mikel Garcia Idiakez | Argia, 2023-06-28

https://www.argia.eus/albistea/lgbti-borroka-edukiz-hustu-dute-eta-dena-lortuta-dagoen-diskurtsoa-zabaldu-da

LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna baliatu dugu talde sortu berri bat elkarrizketatzeko: Irungo Harrotasun Kritikoa taldea. Generoaz, eskuin muturraz, ekainaren 28az eta instituzioen jarreraz galdetu diegu: “Udalaren apaingarri garela sentitzen dugu eta instrumentalizazio horrek, lagundu ordez, zapaldu egiten gaitu”, kontatu digute Miren Gil Lertxundi, Patti Iturria Álvarez eta Gorka Iparraguirre Diaz solaskideek.

Harrotasuna ez, harrotasun kritikoa aldarrikatzen duzue.
Ortzadarraren koloreko produktuak sortzea oso erraza da, ez ordea posizionamendu erreal eta aktiboa erakustea. Ez gara inoren apaingarriak, ez multinazionalenak, ezta instituzioenak ere. Kapitalismoa beti prest baitago borrokak desitxuratu eta etekina ateratzeko, pertsonak zapalduz eta lurraldeak ustiatuz. Mugimendu feministarekin egiten duten moduan. Ozen diogu: harrotasuna ez dago salgai.

Harrotasun batzuek beste batzuek baino azkura gehiago eragiten dute?
Gorputz eta bizitza normatiboek ez dute azkurarik eragiten, normalizatuta daude, baina guk ez dugu normalizatuak izan nahi, zapalkuntzen sistema zalantzan jarri eta eraldatu nahi dugu, guztiontzat bizitza bizigarriak eraiki nahi ditugu.

Heteroarauak ongi markatzen du genero binarioa. Nola baloratzen duzue aurten lehenengo aldiz gizon kantinera bat ateratzea Alardean?
Guk pozik hartu dugu berria. Herritar talde gero eta handiago batek hartzen du parte Alarde parekidean, eta aurten, ustez ukiezina zen figura ere edonork egin dezakeela adieraziko du ekintza honek. Badakigu bai generoa bai alardea performatiboak direla, eta gainera, emakume gisa sozializatu den pertsonak ere performatu egiten du kantinera rola, ez du berezkoa. Irunen zeresan handia eman du kontu honek eta tradizioak eta arauak hausten jarraitzeko beste bide bat ireki du.

Eskuin muturrak eta haren diskurtsoak eroso dirudite azken boladan. Kezkatu beharko genuke?
Bai, oso kezkagarria da gorroto diskurtso horiek gizartean hartzen ari diren tokia. Badakigu kolektibo zaurgarri guztien eskubideak kalean egin diren borroken bidez eskuratu ditugula eta oraindik asko ditugula eskuratzeke. Eskubide horiek edonoiz gal ditzakegula gogoratu behar dugu eta antolatuta aurrera egin. Gizartea aktibatzeko lana ere egin behar dugu.

Arraroa da Irun moduko hiri handi batean orain arte halako talderik sortu ez izana? Nola bizi dira identitate ez heteroak Irunen?

Ez zaigu arraroa iruditzen. Izan ere, gizartean gure errealitatearen inguruko uste okerra dago: borroka edukiz hustu dute eta dena lortuta dagoen diskurtsoa zabaldu da. Gainera, gure bizitza prekarizatuek ez dute errazten antolakuntza.

Bestalde, “ez heteroez” baino, sexu eta genero disidenteez hitz egin beharko genuke. Modu orokorrean, esango genuke ez gaudela ondo, nahiz eta ezin dugun erantzun bateraturik eman, zeharkatzen gaituzten zapalkuntzen intersekzioak oso desberdinak baitira. Hori bai, argi dugu pribilegio asko ditugula eta hori deseraikitzeko lan aktiboa egin behar dugula.

Zer prestatu duzue ekainaren 28 honetarako? Zein mezu zabaldu nahi duzue?
Irun jaietan murgilduta dago eta 28an kantineren eguna ospatzen da; kantinerek erabiltzen duten tresna abanikoa izanik, ikur hori geureganatu nahi dugu eta Abaniko aldarrikatzaileen tailerra antolatu dugu arratsaldean, abanikoetan gure aldarrikapenak idatzi eta gure lumak harrotasunez astintzeko. Ondoren, performancea eta manifestuaren irakurketa egingo ditugu. Festen testuinguruan, gure tokia berreskuratu nahi dugu. Eta zein mezu zabaldu nahi dugun? Gure manifestuak marko historikoa izango du eta aldarrikapen intersekzionalez josita egongo da.

Udalak zein jarrera du kolektiboarekiko?
Badakigu pertsona jakin batzuek garai ezberdinetan proposamenak egin izan dizkietela udalari eta ukatu egin dizkietela edo bere horretan utzi dituztela. Guk oraintxe bertan udalaren apaingarri garela sentitzen dugu eta instrumentalizazio horrek, lagundu ordez, zapaldu egiten gaitu. Gutxi, gaizki eta berandu ari dira.

Zer behar ase nahi duzue hirian, kolektiboari lotuta?
Batetik, sarea sortu eta antolatzeko beharra ikusten dugu. Bestetik, baliabide emozional zein ekonomikoak eman nahi ditugu, eta gure ekimenak egiteko zein heziketa eta aholkularitza jasotzeko espazio fisiko bat ere irudikatzen dugu, lokal bat, espazio seguru bat, zeinetan gure beharrak modu integralean artatuak izango diren.