Mostrando entradas con la etiqueta H-Berria. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta H-Berria. Mostrar todas las entradas

domingo, 29 de junio de 2025

#hemeroteka #transfeminismoa | Aliantza transfeministak faxismoaren aurka

Donostiako E28 manifestazioa //

Aliantza transfeministak faxismoaren aurka
Mijo Lizarzaburu · Donostiako asanblada transmarikabolloaren izenean | Berria, 2025-06-29

https://www.berria.eus/euskal-herria/aliantza-transfeministak-faxismoaren-aurka_2143892_102.html

Europan eskuin muturra izaten ari den gorakada edo Eneko Goiak hiriko pobreen aurka ezarritako politika arrazistak ez dira gertakari bakanak, eta faxismoaren aurkako erantzuna artikulatzeko eta aliantza zabalak egiteko beharra inoiz baino garrantzitsuagoa dela erakusten dute. Horren aurrean Transfeministok analisi sakona egin behar dugu indarkeria geroz eta bortitzagoaren eta atzerapauso legal eta politikoen aurrean izango dugun kokapena zehazteko. 

Aurreko hamarkadetako jardun feministak gogor jo ditu patriarkatuaren zenbait oinarri, eta asko dugun arren egiteko, asko lortu dugu. Orain ikusten gabiltzan indartze patriarkala, beraz, lortutakoa suntsitu nahi duen erreakzio hutsa da; adibidez, ‘tradwife’-ek eta ‘incel’-ek mediatikoki inpaktu handia duten arren, maskulinitate eta feminitate hegemonikoa produzitzeko identitate digital hutsak dira, zaharrak berri. 

Baina arazoa nahasiagoa da, mugimendu transfeministak egindako lorpenen aurrean altxatzen den erreakzioa ez datorrelako soilik eskuin muturretik, ezkerreko mugimenduetan ere ikus daitekeen fenomenoa baita antifeminismoa. Ikusi dugu ezkerraren zati batean TERF ideologiaren indartzea, ustezko biologian oinarritutako determinismo sexualaren izenean pertsona Transon aurkako gorrotoa zabaltzen. Baita Putafobiaren indartzea ere, lan sexualaren kriminalizazioa eta biktimizazioa soilik bilatzen duten jarrera salbazionisten zabaltzea eta putei langile klasearen parte den subjektu izaera ukatzen dioten diskurtsoen proliferazioa. Erreakzio bezala ulertzen dugu baita ezkerrean subjektu unibertsalaren ikuspegia indartzea ere. Subjektu heterosexual, zuri eta gizonezkoa borrokaren zentroan jarri eta beste identitateok fronte antifaxista baten izenean beste zapalkuntza ardatzak (arraza, generoa) ezabatu behar izatea. 

Transformaziorako batasunak sortzea ezinbestekoa da, baina kontuan izan behar dugu langile klasearen batasuna helburu bat dela, ez premisa bat. Eraiki egin behar den zerbait dela eta horretarako ezinbestekoa dela mugimendu antikapitalisten, independentisten edo feministen baitan dagoen hegemonia heteropatriarkala amaitzea. Gauza bera gertatzen da kolonialismoarekin, ezin dugu mugimendu feministaren eta antirrazistaren arteko aliantza aurresuposatu, baizik eta kondizioak sortu behar ditugu hori posible egiteko. Feminista antirrazistek esaten duten modura, ez da soilik gure arrazakeria begiratzea, baizik eta ezkerreko mugimenduen hegemonia zuria amaitzea (presentzia, lidergoa, diskurtso eta agenden orientazioa). Bestela, zapalduen artean hegemonikoa denak erabakiko du aliantzak noiz, norekin eta nola egin, eta hori gizon zuri hetero bat ez garen guztiontzat onartezina da. 

Mugimendu transfeminista fronte zabal antirrazista, antikapitalista eta independentistan artikulatzea dugu helburu. Transmaribollook hortik gure identitateak ezabatu nahi dituen faxismoaren aurka egingo dugu, baina baita ere gure borroka despolitizatu eta merkantilizatu nahi duen neoliberalismoaren aurka. Guk ez dugu nahi PRIDErik, genero trantsiziorako klinika pribatizaturik edo Israelgo estatu genozida gure izenean zuritzerik. 

Ez dugu nahi sistema heterosexualak gu onartzerik, guk ez dugulako onartzen sistema heterosexuala. Ez gatoz gizon eta emakume izatea erabaki dutenekin askatasunez eta zoriontsu bizitzera, gu gizonak eta emakumeak sortzen dituen erregimen heterosexuala bukatzera gatoz. Anbizio totala dugu ertzetatik dena aldatzeko. Ez ditugu marjina ederrak babestu nahi, baizik eta erdigunea suntsitu eta beste zerbait sortu, hau da, gizon eta emakumerik gabeko Euskal Herri transfeminista.

viernes, 6 de junio de 2025

#hemeroteka #ez-binarioa | «Genero disidentziaren aurkako diskriminazio instituzionala» salatu dute hainbat kolektibok

Agerraldia egin dute EHUko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean //

«Genero disidentziaren aurkako diskriminazio instituzionala» salatu dute hainbat kolektibok

EHUko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean agerraldia egin dute pertsona trans eta ez-binarioen eskubideen defentsan diharduten hainbat erakundek eta kolektibok.
Isabel Jaurena | Berria, 2025-06-06
https://www.berria.eus/euskal-herria/genero-disidentziaren-diskriminazio-instituzionala-salatu-dute-hainbat-kolektibok_2142919_102.html

«Pertsona ez-binarioa izateagatik titulatzeko eskubidea ukatzea bazterketa eta indarkeria zisarautzailea da». Argi mintzatu dira gaur pertsona trans eta ez-binarioen eskubideen defentsan diharduten hainbat erakunde eta kolektibo. «Ed Rojas Kolonbiako trabesti ez-binarioak aurre egin beharreko egoera ikusarazi eta publikoki salatu nahi dugu», adierazi dute. Zehazki, salatu dute Espainiako hezkuntza eta gobernu erakundeek «sistematikoki» urratu dituztela Rojasen eskubideak.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatearen aitzinean egin dute agerraldia. Esplikatu dute 2022an Rojasek Carolina fundazioaren beka bat jaso zuela EHUn Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egiteko. Kolonbiara itzuli zenean, herritartasun zedula eta pasaportea eguneratu zituen, eta identifikazio agiri horietan ez-binario gisa erregistratu.

Hain zuzen, hori egitea legez onartutako eskubide bat da Kolonbian 2022tik, hango Gorte Konstituzionalaren epai batek berretsia. «Gorteak argi utzi zuen estatuak edo haren erakundeek nortasun horiek ez aitortzea indarkeria mota bat dela, tratu ez-duina emateko modu bat, giza duintasunaren printzipioaren, nortasunaren garapen askearen eta berdintasun erreal eta eraginkorraren aurka egiten duena», adierazi dute agerraldian. Are, nabarmendu dute epai hori ez dela gomendio bat: «gogorarazi nahi du genero identitatea ezin dela ulertu salbuespen gisa, ezta arazo administratibo gisa ere». Beraz, «agindu bat» da estatu guztiendako, agerraldian erran dutenez: «Beste estatu batek —kasu honetan, Kolonbiakoak— onartutako eskubide bat ez aitortzeak zuzenean eragiten dio dagokion pertsonari, eta transfobia instituzionala eragin dezake».

Bada, Rojasek unibertsitateari jakinarazi zion izena eta generoari lotutako atala aldatu zituela, modua izan zezan master titulua eguneratzeko; tituluaren jaulkipena eta dagokion titulu osagarria blokeatuak dituzte, ordea. Zertaz-eta Espainiako Unibertsitate Ministerioak ez duelako onartzen ez-binario kategoria, eta erregistro sistema binarioari eusten diolako.

Horregatik guztiagatik, eskaera hauek egin dituzte: Ed Rojasen master titulua berehala igortzea, Espainiako Estatuko Unibertsitate Ministerioak identitate ez-binarioak jasotzen dituzten atzerriko dokumentuak aitortzea, Espainiako Estatuko instituzio akademikoek identitate trans eta ez-binarioak aitortuko dituzten protokolo eguneratu eta argiak erabiltzea, eta hezkuntza erregistro sistemaren erreforma sustatzea bermatzeko genero identitateen aniztasuna errespetatuko dela.

Ondorio larriak

Adierazi dute egoerak ondorio larriak eragin dizkiola Rojasi, dokumentu horiek ez eskuratzeagatik «enplegua eta akademiarekin lotutako aukerak» galdu dituelako. «Diskriminazio instituzionala da, eta ezin da justifikatu muga tekniko edo arauemaile soilengatik», gehitu dute. Are, nabarmendu dute ez-binario kategoria ukatzea «egiturazko zis-sexismoaren adierazpen bat» dela.

Salatu dute, halaber, ez dela gertaera bakana, ez-binarioek mundu osoan dituzten hamaika oztopoen adierazpena baizik. «Hegoalde globaletik, eskubideetarako sarbidea are prekarioagoa bihurtzen da nazioarteko sistema instituzionalek ez badituzte aitortzen gure herrialdeen aurrerapen arauemaileak eta ez badaude prestatuta —ezta prest ere— binarismotik kanpo gure identitateak onartzeko», borobildu dute.

Gehitu dute gertatutakoak aukera eman diela ez-binarioen egoeraz hausnartzeko eta hura salatzeko: uste badute ere trans legea aurrerapauso handia izan zela, araua ez da behar bezain zabala, pertsona ez-binarioak —Rojas bera tartean— ez dituelako kontuan hartzen. «Binarismotik kanpoko markatzaileak dituzten atzerriko dokumentuak aitortzeko mekanismoak falta izateak logika baztertzaileak indartzen ditu, eta berdintasunaren, duintasunaren eta bazterkeriarik ezaren oinarriak ukatu», adierazi dute.

Are, agerraldian erran dutenez, Rojasen kasuak erakusten du arrazakeria, transfobia eta zisheteropatriarkatua nola lotzen diren instituzioen sisteman, salatzen duten egiturak oinarrizko eskubideak ukatzen baitizkie arau kategorietara moldatzen ez diren horiei, «bereziki kaltetuak izanik Hegoaldeko herrialdeetatik datozen pertsona trans eta ez-binarioak, migranteak eta arrazializatuak».

Talde hauek adierazi dute atxikimendua: Bilgune Feminista, Atximurka, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea, Emakume Migratu Feministak-Zaintzaile Soziosanitarioak, Ermuko CoLibres, Anitzak, Oreretako Kuirdinadora, Loratuz Lotu, EHGAM, Mundu Berriak, LETI, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Gipuzkoako Trans Asanblada, EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra, E28 koordinakundea, Lamiaren Oihua eta Eihera.

sábado, 17 de mayo de 2025

#hemeroteka #lesbianismoa #erakusketa | Genealogia bisual bat

Marta Luxan soziologoa 'Bollologia' erakusketa aurkezten, Oiartzunen //

Genealogia bisual bat

'Bollologia' erakusketa sortu dute, lesbianen historiaren genealogia bat eginda lortutako informazioarekin. Liburu batean biltzen ari dira genealogia guztia.
Nerea Intxausti Castiñeira | Berria, 2025-04-17
https://www.berria.eus/bizigiro/genealogia-bisual-bat_2140097_102.html 

«Kartelgintzaren bidez gauza asko konta daitezke», azaldu du Marta Luxan Serrano soziologoak. Iruditzen zaio kartelgintzak ematen dituela borroka baten pistak eta testuingurua. Eta hortik abiatuta sortu zuen talde batek ‘Bollologia’ erakusketa. Erakusketa ikusgai dago hilaren 29ra arte Oiartzungo (Gipuzkoa) udaletxeko areto nagusian, eta haren inguruko azalpenak eman dizkie aurkezpenera joan direnei; ondoren Marienera (Basauri, Bizkaia) eramango dute erakusketa, eta irailean, Igorrera (Bizkaia).

1977tik 2010era arte Hego Euskal Herriko lesbianen historian gertatu diren jazoera azpimarragarrienak bildu dituzte, eta paretetan zintzilik jarri dituzte kartelez, legeez, aldarrikapenez eta argitalpenez osatuta. Ipar Euskal Herriko «oso gauza gutxi» topatu dituzte. Bilduman ez dago argazki askorik, eta zergatia kontatu du Luxanek: «Orduko bollerei lehenengo topaketako argazkiak eskatu genizkien, eta erantzun ziguten: ‘Zuek uste duzue argazkiak ateratzen genituela? Ez horixe!’».

Apirilean Leitzan (Nafarroa) egin ziren Bollotopaketetarako sortu zuen talde batek bilduma; Oiartzungo aurkezpenera joandako batzuk ere han egon ziren, eta buruarekin baietz esan dute: «Interesgarria iruditu zitzaigun begirada historiko bat ematea lehen Bollotopaketetatik berrogei urte igaro diten honetan, eta erakusketa forma egokia iruditu zitzaigun». Liburu batean ere biltzen ari dira genealogia guztia.

Kolektibo askoren eratze urtea eta haien aldarrikapenen eta ekintzen kartelak agertzen dira erakusketan, legeak eta erakundeekin izandako harremanak eta, azkenik, lesbianek beste mugimenduen alde ere nola egin duten. Informazioa mugatu behar zuten, eta 1977tik 2010erako tartea aukeratu zuten: «1977. urtean hastea erabaki genuen, orduan gertatu zelako Francisen [Vicente Badillo] hilketa [i.e. 1979], eta kontuan hartu beharreko mugimendua sortu zuelako; eta 2010 zergatik? Manifestu transfeminista atera zutelako». Ordutik aurrerakoa Bollotopaketetan jasoko zela jakintzat jo dute.

Paretetan zintzilik daude urte horietan gertatutakoen adierazgarri asko: 1977an, ‘Gay Hotsa’-n, EHGAMek argitaratzen zuen aldizkariaren lehen alean, lesbianismoaren inguruko artikulu bat azaldu zen. Urte berean egin ziren Euskadiko emakumeen topaketa feministak, eta orduan ere lesbianismoaren inguruko hitzaldi bat egin zuten. «Garai hartan tentsioa zegoen non egon erabakitzean: asanblada feministetan, EHGAMen barruan, jende asko bietan zegoen... Bazegoen saltsa».

1983an, Zamalbiden (Errenteria, Gipuzkoa), Lesbianen Jardunaldiak antolatu zituzten lehen aldiz. 250 bat lesbiana feminista elkartu ziren, eta Luxanek uste du «oso berezia» izan zela. «Nik uste dut, Euskal Herrian behintzat, ezin direla lesbianen kolektiboak ulertu feminismoari erreferentzia egin gabe», zehaztu du soziologoak.

Bilboko Txokolanda, Matarrasca, Plataforma de Las Valentinas eta 1994ko bizikleta martxak ere aipatu ditu. Ekainaren 28ko kartelek hartzen dute erakusketaren zati handi bat; «eta gehiago ere bazeuden», soziologoaren arabera.

Sorginak «altxor»
‘Sorginak’ Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboaren aldizkaria sortu zen 1986an, eta «altxor bat» da Luxanentzat: «Erreferente bat da, urteetan iraun zuelako, eta gauza asko atera ditugu ‘Sorginak’ aldizkaritik». «Interesgarria da, lurralde ezberdinetatik sortu zuten aldizkari bat delako. Orduko gaien inguruan hitz egiten zuten, eta instituzioei oso kritika gogorrak egiten zizkieten; niretzat, politikoki oso kokapen interesgarria dute».

Luxanek kontatu du bertan idazten zutenek lehia izaten zutela, ea nork aterako azalik ikusgarriena, eta umorez egiten zituztela asko. 1983an lehorte bat izan zen, eta ura moztu zuten etxe guztietan. Bada, azalean hiru emakume biluziren argazkia atera zuten, eta hauxe zioen: ‘Aurreztu ura, bainatu zure lagunekin’. Lesbiana haiek Bollotopaketetan kontatu zutenez, argazki hori azalean jartzea oso garrantzitsua izan zen, beren gorputzak modu publikoan erakutsi zituztelako ikusgarritasuna hain beharrezkoa zen garai batean.

Luxanen ustez, esanguratsua da zergatik sortu zen 1994an Ala Ala kolektiboa Gasteizen: «Gasteiz izan zen Espainiako Estatu osoan izatezko bikoteen zerrenda egitea onartu zuen lehen udala; ez zituzten ezkonduta zeudenen eskubide berberak, baina aurrerapauso bat izan zen». Ala Ala kolektiboa sortu zen, ulertu zutelako hori instituzionalizaziorako pauso bat izan zitekeela. Albistea oso modu baikorrean hartu bazen ere, ‘Sorginak’ aldizkarikoek kritikatu egin zuten, baita Luxanek ere: «Interesgarria iruditzen zait, gerora oihartzun txikia izan duten aldarrikapenak izan direlako: genero bereko pertsonen ezkontza garaipen moduan hartzen dugu, baina ez beste alternatiba batzuk proposatzeko galera moduan».

Halere, lesbianen mugimenduak bestelako mugimenduekin zer harreman izan dituen ere erakutsi dute: «Argi dago oso lotuta egon dela mugimendu feministarekin eta sexu askapenerako mugimenduarekin, baina baita gehiagorekin ere». Nazio auziari erreferentzia egiten diote kartel batzuek, borroka antimilitaristari, elizaren kontrako kritikak... «Gure asmoa zen ikusaraztea bollerok ez garela aritu gure gauzez hitz egiten eta kito, baizik eta badagoela irakurketa kritiko bat beste aferen inguruan; abortu eskubidearen alde ere egin zuten».

Luxanek ohartarazi du bere garai soziohistorikoan kokatu behar dela kartel bakoitza, eta batzuk zahartu egin direla gaur egungo ikuspegirako: «Agertzen diren gorputz gehienak oso normatiboak dira, adibidez, baina interesgarria iruditzen zitzaigun erakustea nola aldatu den hori, eta, hain zuzen, bilakaera bat izan duela». Eta horregatik, gauza batzuk ez edertzeko hautua egin dute. 

jueves, 1 de mayo de 2025

#hemeroteka #langileak #transfeminismo | Norena den klase-borroka

EHGAMkideak Bilboko Maiatzaren Lehenean //

Norena den klase-borroka

Aner Euzkitze | Berria, 2025-05-01

https://www.berria.eus/iritzia/arkupean/norena-den-klase-borroka_2141138_102.html

Maiatzaren bata da gaur, Langileen Nazioarteko Eguna. Ez dizuet nik egunaren historiaz hitz egingo. Ez dut pretentsiorik, ez da nire lana, egingo dute beste inon, baina egun historiko eta garrantzitsua da, inondik ere. Aterako dira erreportajeak eta komunikatuak eta albisteak eta alderdi politikoen hitzartzeak eta gizonak manifetan oihuka eta kartelak eta leloak. Aterako dira, asko, mugimendu feminista langile mugimendutik desplazatzeko ahalegin esplizitu eta inplizituekin. Gaur ere, esaten eta egiten denaren, ez denaren, eta mekanismo horiek aktibatzen dituzten agenteen azpian usaindu ahalko dira ziurrenik, besteak beste, klase-borrokaren subjektu ustez zentral ustez unibertsalen eta gainerakoen arteko markajeak. Gudu-zelai bat gehiago.

Baliteke langileen borrokaz hitz egiten dugunean hitz egitea meatzaldeko senarrez eta ez emazteez. Baliteke ez hitz egitea emakume eta gizonak, klase antagoniko gisa, sortzen eta sostengatzen dituzten produkzio-erlazioez. Baliteke hitz egitea gainbalioaz, jabeen irabaziez eta langileei kentzen dieten lan-indarraz, baina ez hitz egitea jabe diren gizonen mesedetan dohainik edo modu prekarizatuan egiten den lanaz edo erlazio hori gertagarri eta desiragarri bilakatzen duen erregimen politiko heterosexualaz. Baliteke gaur sozialismoaz hitz egitea klaseen desagerpenerako tresna emantzipatzaile gisa, eta ez bollerismoaz. Horiek gure gauzatxoak dira, ez dira guztionak.

Baliteke, beharbada, klase-borrokan ari garela, jabeentzat lan egiten duten langileen despolitizaziorako arrazoiak zerrendatzea. Langile horiez hitz egitea eta lumpenekin ahaztea. Baliteke langileen borroka lan-eskubideak lortzeko baliatzea, patronalak seinalatzea, eta auziaren konplexutasunagatik, edo subjektuaren ezarpen-asmo sutil horregatik, edo ez dakit zergatik, ez oroitzea lanik egin ezin duen jendearekin. Ardura hartu behar genuke klase-borroka gizon zurien borroka izan ez dadin, zuri supremazistona izan ez dadin. Baliteke, langileen borrokan sinesten dugunez gero, zuri bezala hura erreformatzeko erantzukizuna edukitzea.

Baliteke lan-sektore zaurgarriak bilatzea, topatzea eta azpimarratzea zein lan-eskubiderik gabeak argitara ekartzea abolizionismoa besarkatu bitartean. Baliteke prostituta-lana ama-lana edo ostalari-lana edo garbitzaile-lana baino lehentxeago abolitu eta kriminalizatu nahi izatea. Baliteke puta publikoak gaitzestea puta pribatuak (nobiak, amak, emazteak —ezkontzak—) idealizatu, zoriondu eta txalotu bitartean. Langile-mugimenduaren lanbide historikoak bailiran iruditeria batzuk ezarri eta laudatu nahi izatea —maskulinizatuak— beste zenbait lanen prestigio faltaren erroei begiratu gabe.

Baliteke klase-batasuna aldarrikatzea ardatz bakarretik, eta beharbada, sakoneko interes klasista oharkabeekin. Edo ohartuekin. Batasun horretan klase sozial bakarraren ideologia faltsua bermatuz, edo gainerako klase-zapalkuntzak azkenetsiz, edo langile zenbaiti langiletasuna ukatuz. Baliteke langile-klasearen batasun antiburgesa eta gizon-emakumeen interklasismoa esaldi berean defendatzea.

Klase-borrokaz ari garenean ere pentsatu behar genuke irudikatzen eta sortzen dugun subjektuari buruz, haren unibertsaltasun faltsuaz. Nor apartatu nahi den hortik eta noren mesedetan. Ez diegu boterea, hitza eta diskurtsoa menderatzen utzi behar transfeminismoa klase-gizartea amaiarazteko tresnatzat ukatu nahi dutenei, borroka partzial gisa abandonatuta. Unibertsaltasuna gezur erraz bat da, kapitalismoari borroka espezifikoetatik egin behar zaio aurre. Baliteke hau dena izatea klase-borroka (ere) gizonek monopolizatu nahi izan dutelako, eta segur aski ez genieke hori permititu beharko, haien aurkako klase-borrokaren izenean.

domingo, 13 de abril de 2025

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Atharratzen | Bekat’uros

Bekaturos 3-k basabürüko hiribürüa koloreztatü dü //

Atharratzen
Itxaro Borda | Berria, 2025-04-13

https://www.berria.eus/iritzia/bira/atharratzen_2140283_102.html

Zinez maite dut Atharratzen iratzartzea, bereziki zerua gris denean, euritear, ingurunea berde iluminatu batez distira dabilen bitartean. Hemen, naizen poeta txipilaren lilixkak irekitzen dira eta egiazkoa izan naitekeela sentitzen ahal dut. Basabürüako hiri nagusia bide gurutze batean altxatzen da Madalena mendiaren oinetan. Noranahi joan gaitezke Atharratzetik abiatuz, Espainialat adibidez, urtxo zuri haren hegaletan. Lurralde tragikoa dela iruditzen zait, neurri batean, Greziako Peloponesoko Argolida kaltzikoaren parekoa.

Bat-batean, Atharratzeko plazan nagoela, pala eta pilota eskuetan, urrats lasaian hurbiltzen ikusten ditut Bereterretxe, odoletan, Marisantz, hatsanka, Tzapelo, Xuburu eta Loustalot hiru bozetan kantari. Andozeko ibar luzea, Bosmendietako xendak eta Josafateko zelai baketsuak abandonatu dituzte ene ameslari linternaren argitzera etortzeko. Beraien epopeiak kontatuko ditudala badakite, bortüen arteko Itaka den Atharratze hau sekula moztu gabeko euskararen zilborra balitz bezala goraipatuz: hizkuntzaren ironia, musika eta harilkatze eliptikoa bihikatzen dira Atharratzeko itzalki kalakarien ezpainetan!

Bekat’uros

Ez da gehiago Euskal Herri barnealdeetan, iparraldean eta hegoaldean, duela mende erdia bezala bizitzen ahal, sexu norabide edo genero aldetikako ñabardurak nabaritzen direnean, arriskuan, gordeka, ahalke edo kanpora sexiliatu beharrez. Hainbat jendek, gizon eta emaztek, horrela jardun zuten denboran. Ez hain aspaldi, Dom Campistron artista gazteak ederki marraztu zituen mendeetako egikera uzkur horien lekukotasunak Bekatorosak bere liburu grafikoan.

Ordu da izenak eta izanak zehazki plazaratzeko. Ongi dator beraz, aurpegia ematerako bidean, bihar eta etzi Atharratzen egingo den Bekat’uros festibalak luzatzen digun gonbita. Goizeko hamaiketatik goiti, ekitaldi parrasta bat iragarria da, bazkaria eta taloak barne. Dena ez da perfektua prefosta, baina aitzin-iritziak, jujamenduak, zurrumurru letalen zidor ilunak baztertzen dira horrelako okasioetan, edonor, den bezala onartzen hasteko.

Onarpenak gero gelditzerik ez du. Elur birla baten antzera dabil, loditzen, handitzen, eragile bilakatzen, herri honetaz leku segurua eginez, bederak eta guziek egunerokotasun irusaz goza dezaten.

#hemeroteka #lgtbi #memoria | 'Kuir'

#Kuiratxibobizia, Julen Zabala Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboan kokatzen //

'Kuir'

Arantza Gutierrez Paz | Berria, 2025-04-13

https://www.berria.eus/komunikazioa/analisia-komunikazioa/kuir_2140265_102.html

Ez dakit algoritmoaren kontua den edo, besterik gabe, kasualitatea, baina zoriak ekarri zidan Errenteriako Zintzilik irratiko ‘#Kuirartxiboa’ saioa, utzi ala ez utzi nabilen sare sozial batean. 18. atala zen bat-batean agertu zitzaidana, non bertako Ereintza dantza taldeko Ziortzak eta Maddik euskal dantzaren eta generoaren inguruko hausnarketa interesgarria egiten duten, baita historian izan den rol aldaketaz ere, zentzu batean emakumeen parte hartzearen hazkundearekin eta gizonezkoenen jaitsierarekin batera gertatu dena. Leku segurutzat jotzen dute taldea, non bakoitza modu askean bere izaeraren arabera onartzen den, eta elkarren zaintza bultzatzen duten.

Apirilean argituriko azkena entzun eta gero, 2023ko abendutik, hau da, sortu zenetik gaur egun arte eskainitako ataletan murgildu nintzen, egileek dioten moduan «Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboan barrena bidaiatzeko» gonbita onartuz eta haiekin ‘okertzeko’ prest. Elkarrizketa edo solasaldiaren bidez, hainbat gai jorratzen dituzte irratsaioz irratsaio (herri borrokak, euskara, feminismoa, kultura, trans mugimendua) betiere kuir begirada batetik, eta tokian tokiko protagonistekin, iragana eta orainaldia aztertuz.

Ez nau harritu LGTBI+ begirada duen saio hori Zintzilik-en entzuteak, oso lotuta egon baitira beti disidentziak eta irrati libreak, beti eskaini baitiete bozgorailu bat, ‘mainstream’ diren medioetan nekez aurkitzen dena. Ustekabean harrapatu nau, berriz, saioaren sorreraren atzean ikerketa beka bat dagoela jakiteak. Izan ere, gidoian eta mikrofonoetan dauden Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileek Oarsoaldeko LGTBI+ kolektiboaren memoria aztertzeko egitasmo zabal baten barruan sortu zuten irratsaioa, ikerketaren barruan jasotako informazioa herritarrei ezagutzera emateko gogoz. Egitasmoa osatzen dute webguneak, sare sozialetako soslaiak eta herritarren testigantzak jasotzeko mapa interaktiboak.

Ez da ohikoa ikerketa batek irratsaio baten itxura hartzea, baina argi dago dibulgazio tresna egokia izan daitekeela formatu akademiko estuegietatik haratago. UEU, EHU edota NUPek podcasta zabalpen zientifikorako euskarri moduan erabili badute ere, oraingo honetan hurbileko irratia aukeratu izanak agerian uzten du herritik sorturiko jakintza herriari ‘itzultzeko’ asmoa, memoria kolektiboaren gordailu izan dadin. Eta esango nuke hori ere nahiko ‘kuir’-a dela.

sábado, 12 de abril de 2025

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Borrokak batzen dituen urostasuna

Bekat'uros festibala kari antolatu duten harrotasunen karrika itzulia Atharratzen //

Borrokak batzen dituen urostasuna

Aurten hirugarren aldiz, ehunka jende bildu ditu Bekat'uros festibalak Atharratzen. Bazkaritik landa, harrotasunen karrika itzulia egin dute, eta kontzertuen aldia izan da gero.
Leire Casamajou Elkegarai | Berria, 2025-04-12
https://www.berria.eus/bizigiro/borrokak-batzen-dituen-urostasuna_2140405_102.html 

Atharratzeko (Zuberoa) karriketan bildu dira alde orotako bekatorosak, uros. Bedatseko lehen eki izpiek jantzi arinei eta ekitako begi-lagunei leku egin diete. Askatasun haize batek ere lekua hartu du, baina hotzik eragin gabe, berotasuna baizik, eta harrotasuna ere bai. Jadanik ehun bat pertsona hurbilduak ziren goizean, Prefosta elkarteak eta Altxalili kabareteko kideek hirugarrenez antolatu duten Bekat'uros egunera, «LGBTQIA+ komunitatea ospatzen duen egunera».

Aperitifa bukatu, eta bertso eta bingo bazkarira hurbildu dira denak. Trinketera sartzean, ezkerraldean ezarria zuten mahai puntan, Altxalilikoek leku hartu dute. Dom Campistron horietako bat da, eta kabaretaren kide izateaz beste, marrazkilaria ere bada. Duela lau urte orain, Bekatorosak liburu grafikoa argitaratu zuen: Nafarroa Behereko hainbat herri ttipitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa, eta horien lekukotasunak paperera ekarri. «Bekatorosak izena ene familiako batek atzeman zuen, LGBTQIA+ komunitateko pertsonak deskribatzeko: anitz maitatu nuen Elizari egiten dion erreferentzia, biziki zuzena atzeman nuen». Geroztik, Prefosta elkarteak bereganatu du, urteroko hitzordua bilakatu den festibalaren izendatzeko. «Biziki polita atzematen dut jendeak bereganatzen dituelarik gauzak. Gainera, holako egun batean hainbertze bekat'uros ikustea biziki hunkigarria da».

Hitz jokoa sorturik, delako bekatu horretan bizi omen direnei uros izateko tokia eskaini diete Atharratzen. Guneak berak erronka dakar, ez baita hiri handia, herri ttipia baizik; holako eremuetan, usu, zaila izan daiteke nork bere sexu norabidea edo generoaren ñabardurak asumitzea. Basandereak taldearekin karrika itzulian parte hartzera jinak diren Xaxi eta Joana Erdozaintzi Etxartek hala uste dute: «Barnealdean ez da irudirik, ez da erreferentziarik. Ez dugu usaia holako egunik ukaitea. Oztibartarrak gara, eta biziki lotuak gure lurraldeari, baina barnealdean ere garapena ezinbestekoa da». Garapenaren bidez, irekidura.
«Arrazoi anitzengatik etorri da jendea: batzuk bertakoak direlako, beste batzuk beren identitate sexualagatik, beste batzuk hizkuntzagatik, eta hori oso polita da» -- Ibon, Bekat'urosera lehentze etorritakoa
Campistron ere barnealdekoa da, Baigorrikoa (Nafarroa Beherea). «Izugarri inportantea da queer izate hori baserrira ekartzea, laborantza munduari lotzea... Gero, ez da klixeetan sartu behar: ez da egia hirietan bizi baitzara ez duzula homofobiarik jasanen».

Euskaldun eta disidente
«Hotz handia egin zuen edizioaz» oroitu dira Manex eta Kepa; Arrasatekoa eta Zarauzkoa (Gipuzkoa) dira, hurrenez hurren. Hirugarren aldiz antolatu dute festibala, eta hirugarren aldiz bertaratu dira. Aurten beste lagun bat ere ekarri dute, Ibon, Urnietakoa (Gipuzkoa). «Publizitate ona egin zidaten, eta dena egia zela konturatu naiz».

Hegoaldetik jinak dira, beraz, Atharratzeraino, «batzen direlako euskaldun izate hori eta bazterreko disidenteak izatearen hori». Bekat'uros besta egiazko topagune bezala definitu dute, kontsideratzen baitute egun horrek zinez modua ematen diela gorpuzten dituzten bi borrokak batera eramateko. Funtsean, izate anitz bildu ditu Bekat'urosek: «Arrazoi anitzengatik etorri da jendea: batzuk bertakoak direlako, beste batzuk beren identitate sexualagatik, beste batzuk hizkuntzagatik, eta hori oso polita da».

Campistron ere ados da horrekin: «Erakusten dugu zein indartsuak garen, zein ederrak garen. Biziki beldurgarria da nora doan gure mundua; hor badugu xantza holako egun baten ospatzeko elkarrekin... Argiki borrokatzen gara, eta behar lirateke holako gertakari gehiago ikusi».

Arratsaldea heltzearekin, ehunka pertsona ibili dira Atharratzen, harrotasunen karrika itzuliaren erritmora. Gauean Altxalili taldeak kabareta emango du, eta musika taldeak eszenatokira iraganen dira gero, eta jendetzaren urostasuna eragin, segur aski.

martes, 8 de abril de 2025

#hemeroteca #inmemoriam | Teresa del Valle bidegilea eta gidaria gogoan

Teresa del Valle, artxiboko irudi batean //

Teresa del Valle bidegilea eta gidaria gogoan

Jone M. Hernández, Margaret Bullen, Carmen Díez, Mari Luz Esteban, Miren Urquijo (AFIT ikerketa taldea) | Berria, 2025-04-08
https://www.berria.eus/euskal-herria/teresa-valle-bidegilea-eta-gidaria-gogoan_2140164_102.html 

Teresa del Vallek euskal testuinguruan errotutako zenbait erritu aztertu zituen 1983. urtean. Garaiko gogoetetan, Del Vallek aipatzen zuen horrelako errituek bizitzako hainbat egoeraren arteko igarobidean lagundu nahi izaten dutela: haurtzarotik nerabezarora, nerabezarotik heldutasunera edo, heriotzari lotutako errituen kasuan, bizitza errealetik beste estadio batera pasatzen. Hain zuzen ere, heriotzaren kasuak bereganatu zuen antropologoaren arreta, eta hil berri denari, senideek zer egin behar duten aztertzeko parada hartu zuen. Bi betebehar nagusi azpimarratu zituen. Alde batetik, erritualaren gai praktikoak leudeke, hala nola hileta prestatzea; bestetik, hildakoaren ongizateari lotutako zereginak, komunitatea aurrez aurre jartzen dutenak haraindi bati buruzko sinesmenekin eta, batez ere, hil denaren ongizatea ziurtatzeko erronkarekin.

Teresa del Valleren heriotzak antzeko tesituran jartzen du euskal antropologia. Kasu honetan, kezka ez da hainbeste agurraren kontu praktikoekin, baizik eta haren ondarea mantentzearekin eta bere pentsamenduaren ongizatea ziurtatzeko ardurarekin. Hain zuzen ere, antropologia ulertzeko eta praktikatzeko modu berezi bati jarraipena emateko ardurarekin, zeregin horrek ikerketa, irakaskuntza eta ezagutzearen sozializazioa biltzen dituelarik.

Hori guztia une historiko konplexu batean, Teresa del Vallek berak Franco hil ondoren Euskal Herrira itzuli zenean topatu zuena bezalaxe. Ameriketako Estatu Batuetan eta Mikronesian eman zituen urteak atzean utzi eta 1970eko hamarkadaren amaierako eferbeszentzia soziopolitikoan aktiboki parte hartzea erabaki zuen. Inplikazio honek adierazpen desberdinak izan zituen. Alde batetik, irakasle gisa, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) antropologiari bidea irekiz. Inge Mendiorozek (2021) zuzendu eta AFIT (UPV/EHU) antropologia feministako ikerketa taldeak ekoiztutako ‘Pioneras/Aitzindariak’ (2021) dokumentalak bere testigantza hunkitua jasotzen du Zorroagako (Donostia) ikaslez betetako gelei buruz hitz egiten zuenean. Emozioa eta bizitasuna adierazten zituen urte haiek gogoratzean. Irakasle gisa erretratatzen duten jarrerak dira: berarentzat irakaskuntza lehentasuna zen unibertsitate lanen artean. Ikerketaren aurrean ere, grinatsu agertzen zen. Hain zuzen ere, Zorroagako gela haietan eta bere koordinaziopean talde bat sortuko zen ezagutza antropologikoa eta feminismoa elkarrizketan jarri zituena. Aliantza horren eta lan kolektiboaren emaitza da ‘Mujer Vasca. Imagen y realidad’ liburua (1985), antropologian mugarria izan zena eta euskal antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen duguna. Aliantza beretik sortu zen UPV/EHUko Emakumearen Ikerketarako Mintegia (1981-1994), euskal testuinguruan ikerketa eta irakaskuntza feministaren ernamuina eta Teresa del Vallek berak zuzendua.

Mintegiaren buru, taldeen zuzendari edo ikerketa-proiektuetako kide gisa, Teresa del Valleren pentsamenduak eta lanak euskal antropologia berritzen lagundu zuten (horren berri ematen du ‘Mujer Vasca. Imagen y realidad’ argitalpenak), konplexutasuna azaleratzen (‘Andamios para una ciudad’ liburuan egin zituen espazioaren analisiak diren bezala), dinamismoa bultzatzen (‘Korrika. Rituales de la lengua en el espacio’ etnografiak hizkuntzaz zuen ikuspegia islatzen duen moduan) eta oinarri feminista irmoki sustraitzen. Azken finean bere lana teoria feminista garaikideak sortutako kontzeptu nagusi batzuen inguruan artikulatukoa da. Berea da paradigma feminista mundu anglo-saxoian eztabaidatzen ari ziren auziak, gurean, mahai gainean jarri izanaren meritua. Horrek arrakala bat ireki zuen garaiko pentsamenduan.

Dena dela, akademikotik harago, Teresa del Vallek konpromiso zintzoa erakutsi zuen bere inguruarekin. Inplikazio hori hurbilenetik (Tolosa eta Asteasu herriekin zituen loturak nabarmenduz) euskal kultura osora zihoan. Horren erakusgarri da, tradizio, jai eta erritualekiko zuen zaletasuna; musikarekiko, artearekiko edota museoekiko lilura; arkitekturarekiko eta paisaiarekiko interesa. Konpromiso horren ondorioz, hainbat elkarte eta erakundetan parte hartu zuen (Eusko Ikaskuntza, Jakiunde). Bestalde, prentsan aritu zen, kolaboratzaile gisa, bere gogoetak partekatzen. Egin, Diario Vasco edo Andra bezalako egunkarietan aritu zen urteetan iritzi emaile gisa. Antropologiak eztabaida sozialei egin ahal dien ekarpenaren balioaz sinetsita zegoen. Uste zuen hedabideek bozgorailu gisa balio dutela, baita beste aldean dagoenarekin hitz egiteko, gonbidapena luzatzeko ere. Beti esaten zuen bereziki gozatzen zuela bere prentsa-artikuluei buruzko iruzkinak jasotzean egunean zehar gurutzatzen zituen pertsonengandik, adibidez, ogia erostera joaten zenean.

Ikusten denez, Teresa del Valleren ibilbidea zabala da, aberatsa, anitza. Dimentsio ezberdinetako proiekzioa zuena: hizlari gisa aritu zitekeen Euskal Herriko edozein herritan; gonbidatu gisa Espainiako unibertsitateetan, Europa mailako jardunaldietan edota Latinoamerikako ekitaldietan, bereziki Mexikon. Hori dela eta, aitorpen garrantzitsuak jaso zituen bere ibilbidean zehar, besteak beste, Emakundek 2010ean eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxak 2018an emandako sariak. Bazekien sari horiek balio handia zutela, baina antropologo gisa lekuekiko eta jendearekiko loturak, harremanak eta elkarrizketek asebetetzen zuten gehien. Horregatik, edozein topaketa elkartrukerako eta elkarrekikotasunerako une berezi bihurtzen zuen. Horren isla dira bere bizitzan zehar ehuntzen joan zen sare trinkoa, askotariko hariekin irazkitua. Bereziki pozten gaitu sare horren parte izateak, ikasle, lagun zein lankide moduan. Teresa del Vallek gutako askori lagundu digu, ez bakarrik praktika antropologikoan, baita bizitza egiten ere, berarentzat bereizezinak ziren zereginak. Horregatik, bere ‘mentoretza’ desberdina zen. Alderdi akademikoari zegokion sostengua zen, baina alderdi pertsonala ere barne biltzen zuena. Harreman hori bizitzaren fase guztietan zehar, gureetan eta bereetan, luzatuz eta aldatuz joan zen, biziaro ezberdinei egokituz, azken momenturaino.

Martha Patricia Castañedak dio genealogia feministak kulturalki kokatutako elaborazioak direla, iraganaren berreskurapenera jotzen dutenak oraina aztertzeko eta etorkizuneko eraldaketa erradikalak seinalatzeko. Genealogiaren ikuspegi hori mugarri biografikoen edo meritu profesionalen erregistrotik harago doa, eta konfiguratzeko eta birkonfiguratzeko ariketa gisa planteatzen du. Hor sartzen dira begirada kritikoa, harremanak eta eraginak, ikaskuntzak eta akademiatik kanpoko mundua, eztabaidak, emozioak eta afektuak, borroka politikoak. Hori dela eta, Teresa del Valleri egindako agurrak hasiera eman behar dio euskal antropologia eta teoria feministaren genealogian berak izandako lekuaz hausnartzeari. Euskal antropologia feministaren aitzindaria izan zen, egun sendotuta hazten ari den kolektibo baten bidegile eta gidari.

Haren faltak umezurtz uzten gaitu, baina bere obra eta oroitzapena geratzen zaizkigu.

miércoles, 2 de abril de 2025

#hemeroteka #trans #patologizazioa | Salatu dute Osakidetza ez dela trans kolektiboekin bildu transei arreta emateko osasun gida egiteko

ESK, Lumagorri, Anitzak eta Loratuz Lotu entittateen elkarretaratzea, iazko abuztuan, Gurutzetan //

Salatu dute Osakidetza ez dela trans kolektiboekin bildu transei arreta emateko osasun gida egiteko

Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek ohar bidez egin dute salaketa. Osakidetzari eskatu diote gida egiteko urrats gehiago ez egiteko, trans kolektiboei aurkeztu eta haien beharrak entzun arte.
Isabel Jaurena | Berria, 2025-04-02
https://www.berria.eus/euskal-herria/hainbat-taldek-salatu-dute-osakidetza-ez-dela-trans-kolektiboekin-bildu-transei-arreta-emateko-gida-sanitarioa-egiteko_2139851_102.html

Osakidetzak herenegun iragarri zuen zerbitzu berri bat jarriko duela martxan: tLMAZ pertsona transen lehen mailako arretako zerbitzuak. Ordea, haiek martxan jarri aitzinetik transei arreta emateko osasun gida bat argitaratuko dutela adierazi zuten, 4/2024 legeari jarraituta. Gida osasun zerbitzuetako profesionalek eta transen familien elkarteek egin dutela azaldu zuen Maite Martinez Zabaleta doktoreak, Asistentzia Sanitarioko zuzendariak. Gaur, baina, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek salatu dute Osakidetza ez dela trans kolektiboekin bildu gida hori egiteko. Eta eskaera argia egin dute: «Osakidetzari eskatzen diogu gida egiteko urrats gehiago ez egiteko, kolektiboei aurkeztu arte eta eskubide horien subjektu garenoi entzun arte, dokumentua eguneratzeko proposatutako neurriak kontuan hartuta».

Ohar bidez eman dituzte azalpenak hiru kolektiboek. Erran dutenez, Martinezek aipatutako gida 4/2024 legean jasota dago, eta bertako hamabigarren artikuluak propio jasotzen du trans kolektiboen parte hartzea derrigorrezkoa dela dokumentu hori osatzeko. «Erregelamendu bidez ezarriko da pertsona transen arretarako osasun gida bat. Gida hori pertsona transen elkarteekin eta adingabe transexualen familien elkarteekin lankidetzan prestatu eta eguneratuko da lehentasunez, eta pertsona transek eskura dituzten zerbitzu, jarduketa eta tratamendu mediko eta kirurgiko guztiak jaso beharko ditu, lege honetan xedatutakoaren arabera», dio araudiak.

Legea onartu zenetik hiru kolektiboak elkarlanean aritu direla azaldu dute, Osakidetzak transen kolektiboaren beharrak gidan jasotzeko. «Lan horren bidean, bilerak eskatu dizkiogu Osasun sailburuari, eta abenduaren 17an Enrique Peirorekin Osasun sailburuordearekin biltzeko aukera izan genuen. Gure eskaerak azaldu genizkion, eta gida horretan gure parte hartzea ahalbidetzeko konpromisoa hartu zuen», gehitu dute. Erran dutenez, «parte hartzeko borondate argi eta garbia» erakutsi badute ere, beraiekin ez dira harremanetan jarri. Are, salatu dute informazio guztia hedabideen bidez jaso dutela: «Ez informaziorik, ez parte hartzerik, ez inolako borondaterik Osakidetzaren partetik».

Salatu dute legearen printzipio nagusiekin «kontraesanean» dagoela prozesu horretan parte hartzea ukatzea, beren «gorputzei eta prozesuei buruz» erabakitzeko duten eskubidearekin kontraesanean: «Osakidetzak ukatu egiten du pertsona transen agentzia gaitasuna gure osasun sistemaren aldetik jaso nahi dugun arretari dagokionez».

Deszentralizazioa
«Ontzat» jo dute transei arreta emateko zerbitzuaren deszentralizazioa, eta lurralde bakoitzean transendako lehen mailako arretako zerbitzuak martxan jartzea. Izan ere, gaur egun, Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitatea da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra, eta hainbat kolektibok salatu izan dute transek bertan jasaten duten patologizazioa.

Iazko abuztuan, erraterako, salaketa hori egin zuten gaur oharra atera duten hiru kolektiboek eta ESK sindikatuak. Azaldu zutenez, unitate horietara joatean, barne protokoloak dio psikiatria kontsultara bideratu behar direla pazienteak, haien ongizateari lehentasuna eman behar zaiela argudiatuta. Kolektiboek adierazi zuten psikiatriatik igarotzeak ez duela «laguntzen» transen despatologizazioan; kontrara, «zalantzan» jartzen duela «pertsona horiek beren gorputzen gainean erabakiak hartzeko duten eskubidea eta autonomia». Gehitu zuten transak «beldurrez» joaten direla kontsultetara, jarrera horren ondorioz. Ospitaleko zuzendaritzak, baina, adierazi zuen ez dagoela «bazterketarik», eta «protokoloa» betetzen duela.

domingo, 30 de marzo de 2025

#hemeroteka #berdintasuna #unibertsitateak | Maggie Bullen: «Berdintasunerako Zuzendaritzan aniztasunaren ikuspegitik egin behar dugu lan, ahots guztiak kontuan hartuz»

Maggie Bullen EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzako burua //

Maggie Bullen: «Berdintasunerako Zuzendaritzan aniztasunaren ikuspegitik egin behar dugu lan, ahots guztiak kontuan hartuz»

Euskal Herriko Unibertsitatean zer kezka eta arazoa dagoen jakin nahi du Maggie Bullen Berdintasun zuzendari berriak. Haren irudiko, lan «konplexua» izanen da, baina ziur da elkar hartuta aurre eginen diotela.
Isabel Jaurena | Berria, 2025-03-30
https://www.berria.eus/euskal-herria/berdintasunerako-zuzendaritzan-aniztasunaren-ikuspegitik-egin-behar-dugu-lan-ahots-guztiak-kontuan-hartuz_2139429_102.html

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasun zuzendari izendatu berri dute Maggie Bullen (Nedging, Suffolk, Erresuma Batua, 1964). Datozen sei urteetarako erronka anitz dituela azaldu du: indarkeria matxistari aurre egitean biktimei lehentasuna ematea, eta, aldi berean, ikasleen eskaerak aintzat hartzea; 2018an ondutako protokoloa berritzea; edota unibertsitateko irakasle, ikasle eta administrazioko langileak ezagutzea. Ziur da prozesu horretan bidelagun izanen duela inguruan duen sare feminista.

G. EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza 2006an sortu zen, eta ia hogei urte geroago hartu duzu gidaritza. Nola jaso duzu albistea?


Sorpresaz. Ustekabean eta bertigo pixka bat sentituz hartu nuen, banekielako ardura handia dela. Azken urteotan bi kargu hartu ditut: bata sailburu gisa, eta bestea dekanotzan. Horregatik, buruan nuen unibertsitatean egingo ditudan azken urteetan ikerketan egongo nintzela.

Halere, aldi berean ohore handia izan da egindako lana horrela aitortzea. Oso babestuta eta indartuta sentitu naiz unibertsitatean daukadan sare feministaren aldetik; eta horregatik, proposamena egin zidatenean ez nuen sentitu nire ardura bakarrik izango zenik, sarean elkarrekin egingo genuen zerbait izango zela sentitu nuen. Izan ere, sare horren laguntza jasoko dudala pentsatu nuen.

G. Adierazi duzu zure kezka handienetako bat dela sare sozialetan zabaltzen diren mezu matxisten eta arrazisten hazkundea, eta hezkuntza arlora ere iristen ari direla. Nola ikusten duzu unibertsitatea?

Hezkuntzan dagoen egoera kezkagarria da; gizartean, orokorrean, egoera kezkagarria den bezainbeste. Gero eta salaketa gehiago daude gizartean zein unibertsitatean, emakumeok ez gaudelako prest lehen jasaten genituen hainbat gauza jasateko; edo, agian, lehen [salaketa baten egiten zenean] erantzuna ez zelako behar bezalakoa. Egia da gaur egun ere ez dela behar bezalakoa, baina, halere, erantzun gehiago dago; ez erasoak handitzen ari direlako, baizik eta ageriago gelditzen direlako. Baliabide gehiago bideratzen ari gara horretara, bai unibertsitatean eta baita gizartean ere.

G. Hain zuzen, azken hilabeteotan EHUko hainbat irakasle salatu dituzte ikasleek, beren jarrera matxistengatik eta arrazistengatik. Zer-nolako garrantzia du unibertsitateak irmo erantzuteak horrelakoei?

Unibertsitateak lehentasuna ematen dio horrelakoei erantzuteari. Genero indarkeriaren salaketaz ari garenean, askotan unibertsitatearen aldetik erantzuna dago, baina ez da ikusten: biktimak artatzea eta horiek babestea delako lehentasuna. Prozesua motela da, gainera. Kasuak hedabideetan ateratzen ez badira ere, lan asko dago atzean: saileko talde teknikoa eskarmentu handikoa da, eta lan fina egiten du. Halere, tentsio puntu bat ere badugu: biktima babestu eta ondo lan egin nahi dugu, eta, aldi berean, ikasleek eskatzen digutenari erantzuna eman. Oreka bilatu behar dugu.

G. Horiei erantzuteko protokoloa berritu behar dela uste duzue?


Hori da gure lehentasun nagusietako bat, bai. Sei urtez indarrean egon da protokoloa, eta gauzak aldatzen ari diren honetan berrikusi behar dugu. Izan ere, protokoloan aniztasunaren kontua txertatzea erronka handia da. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egin dugu, LGTBI eskubideak lantzen ere urteak daramatzagu, baina oso gutxi egin dugu arrazakeriari aurre egiteko, adibidez. Hortaz, Berdintasunerako Zuzendaritzan aniztasunaren ikuspegitik egin behar dugu lan, ahots guztiak kontuan hartuz. Generoaren kontzeptua bera landuz, eta bestelako ahotsak ere aintzat hartuz: pertsona arrazializatuak, dibertsitate funtzionala dutenak edota adin guztietako jendea. Gai izan behar dugu horiek guztiak kontuan hartzeko, aniztasun hori aintzat hartzeko.

Izan ere, ez nuke nahi gure Berdintasunerako Zuzendaritza genero indarkeriari bakarrik erantzuten dion bulego bat izatea; badaude beste hainbat arlo eta lan egiteko esparru berdintasuna zentzu zabal batean lortzeko unibertsitatean.

G. Eta nola eginen duzue?

Lehenengo protokoloa adituekin batera egin zen, prozesu parte hartzaile baten bidez. Talde eragile bat sortu genuen, fakultatez fakultate eztabaida taldeak egin ziren ikasle, irakasle eta administrazio zerbitzuko langileekin; eta hori guztia egin eta gero osatu zen protokoloa. Oraindik zehaztu behar dugu oraingo prozesua nola egin, baina nik uste dut hortik bideratzea garrantzitsua dela. Nire ustez, unibertsitatean dagoen mugimendu feministaren parte hartzea behar-beharrezkoa da; haiekin lan egin behar dugu, kontrastatu. Orokorrean, haiekin eta ikasleen artean dauden gainerako eragile guztiekin lan egin behar dugu, ikusteko zer-nolako erantzuna eman ahal diegun egungo eskaerei protokoloaren bidez.

G. Berdintasunerako Zuzendaritzak Leioan du egoitza. Zure irudiko, bertze bi campusetan duzuen presentzia indartu behar da?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Eta hori da, hain zuzen, gure beste helburuetako bat. Presentzia handiagoa izan behar dugu, eta, horretarako, baliabide gehiago behar ditugu. Asmoa litzateke campus bakoitzean teknikari bat izatea. Gainera, campus nagusietatik at, ikasle asko Bilbon daude, beste asko Eibarren. Horietara ere iritsi behar dugu.

Horrez gain, gure lana ikusgai egin nahi dugu: egun, Berdintasunerako Zuzendaritza [Leioako] liburutegi nagusian dago, seigarren solairuan. Ez da erraza horraino iristea. Hor ere badugu zer egin: nola egin zerbitzua ikusgai eta irisgarri, eta, aldi berean, nola babestu intimitatea. Tentsio eta kontraesan horiekin ari gara lanean. Eskura gaudela erakutsi nahi dugu.

G. Kargua hartu berritan adierazi zenuen unibertsitatean dauden gizonek ulertu behar dutela indarkeria zer den, eta horren arabera beren jarrerak aldatu. Halere, nabarmendu zenuen formakuntzetan izena ematen duten gizon kopurua askoz ttipiagoa dela emakumeena baino. Zer proposatzen duzue hori aldatzeko?

Buruan daukadan galderetako bat hori da, eta oraindik ez dut erantzun argirik topatu; inguruan zer egiten ari diren ere ikusten ari naiz. Kanpainak egin dira, ikastaroak daude, baina ez dugu lortzen gizonengan emakumeengan bezainbeste eragitea. Ez da unibertsitatean soilik gertatzen, oro har gizartean ere gertatzen da.

Konplexua da, eta, Maggie Bullen gisa eta zuzendari gisa, bidegurutze batean nago: alde batetik, Maggie Bullen gisa, pentsatzen dut gure unibertsitatean sartzen diren guztiak derrigortu beharko genituzkeela formakuntzak egitera, gutxieneko oinarri bat izatera; baina, Berdintasun zuzendari gisa, badut tentsio moduko bat hor, eta zalantza dut ea horrelako zerbait oinarrizko baldintza gisa ezarri behar den ala ez. Baina zergatik ez dugu exijituko hain beharrezkoa den zerbait? Konplexua da, baina zuzendari gisa ikusi beharko dut zer bide dauden horrelako zerbait egiteko.

G. Aipatu duzu inguruan egiten ari direnari ere erreparatzen diozula. Adibide interesgarririk ikusi duzu?

Ni ingelesa naiz, eta ahizpak esan zidan han hezkuntzan dauden pertsona guztiek egin behar dutela etengabeko formakuntza bat genero indarkeriari buruz. Ikusi dut horrelakoak ez direla ideia zoroak, egin daitezkeela.

G. Zer bertze erronka identifikatu dituzu datozen sei urteetarako?

Nik, pertsonalki, horien berri jakin eta entzun nahi dut; gure unibertsitatea nolakoa den jakin nahi dut. Orain arte nire fakultatean egon naiz, eta beste fakultateetara ere joan nahi dut, horietako bakoitzean lan ikaragarria egiten ari baitira. Gure unibertsitatean berdintasunaren alde lan egiten ari direnekin bildu nahi dut, haiei entzun eta zer kezka eta arazo dauden jakin. Horretarako, nire lehenengo urte osoa beharko dut gutxienez.

jueves, 27 de marzo de 2025

#hemeroteka #kuir #politika | Ezkerra, queer mugimendua, politika

Trans legearen aldeko manifestazio bat //

Ezkerra, queer mugimendua, politika

Oudeis Gauerdi | Berria, 2025-03-27

https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/ezkerra-queer-mugimendua-politika_2139428_102.html

Ideologia politikoen esentzia argitu nahian dabilenak bere ikerketa diziplina historikora eramaten duenean, ‘historikoki mugatzen’ du berori, eta berorren erreprodukzio posible ororen aurreikuspena ezeztatzen du. Historia, izan ere, bere ‘materialtasun positiboan’, errepikaezina da. ‘Historiak ez du esentziarik’: denboran eta espazioan kristalizaturiko indar-produktiboen egoera zehatz eta bakana da. Materialista dialektikoak ere onartu beharreko ondorioa dakar honek: Historiak ezin du inoiz Ideia azaldu, Ideiaren determinanteak baizik. Horregatik du Historia bidelagun eskas Filosofia Politikoak edota Etikak.

Adibidez, «zer da faxismoa?» galderari erantzuteko «Alemania», «Italia», «gerra-artea», «inperialismoa», «kapitalismoaren barne negatibitatea» edota «burgesia» bezalako adierak erabiltzen badira, faxismoaren ezaugarriak atzean utzi eta berorren determinante kontingenteetan (historikoetan) zentratu garen seinale da, faxismoak politikoki ukagarri lukeen hori ahantziaz. Izan ere, faxismoa ukatzera daramana ez da taylorismoari ukoa, ez eta komunitate juduaren defentsa ere. Hala balitz, «faxismoa» ez litzateke egun erabilgarri, posfordismoaren eta palestinar herriaren genozidio israeldarraren garaian. Alta, erabilgarri da, baina soilik berorri izaera ‘ideal’ bat egotzi diezaiokegulako, eta meta-historikoa dela onartu. Zein da faxismoaren esentzia? ‘Diferentziaren eta pluraltasunaren ukoa, ideia totalizatzaile baten izenean’, izanJustizia, Ongia, Batasuna. Faxismoa, esentziaz, predikazio traszendentaloi loturik da. ‘Gaizkia erradikala Ongiaren izenean baino ezin daiteke egin’.

Printzipio eztabaidaezinekiko aurkakotasunean fundatzen den ekintza-eremu honek dakar post-modernia politikoaren hastapena, eta eremu berri hau aintzakotzat hartuz beharko genuke ohartarazi «faxismoaren kontra» borrokan dihardutenek ere ber «ideal faxista» bete dezaketela.

Testu honek, bada, ez dihardu faxismoaz, ideologia politiko ezkertiarraren eta ‘queer’ mugimenduaren arteko harreman autodestruktiboaz baizik. Horren azaltzeko bi mugimenduon esentzietara jo behar da. Azal bedi Ezkerraren ‘esentzia’ gaitzaren kanporatze, reifikatze eta alienatzean oinarritutako mugimendu psikologiko gisan, zeina, politikoki, norberaren subjetibazio biktimistan oinarritzen den. ‘Erru oroz salbu den errukitsua da Ezkerra’: Herriaren eskari legitimoen objektibazioa, herriaren sufriarazleen aurka. Eduki oroz gaindi, justizia eskean dabilen biktimizatutako indar-politikorik deino, Ezkerra bizirik egongo da. Horregatik dira garai nahasiok, non Eskuina ere erabat biktimizatu zaigun, Ezker eta Eskuin guztiz berdindu eta batu zaizkigun garaiak. Gisa horretan, ezkerrak bere buruaren ukaziora daramaten kontra-mugimenduak baino ez ditu sortzen, soilik bere burua ukatuz gero desagertuko bailitzateke bere ispilu bilakatu den ‘erreakzioa’. Zeinu ezberdineko nazionalistak, ‘RadFem’-ak edota ‘InCel’-akdira ezkerrak eragin erreakzio eskuindarraren adibide.

Larrotako queer mugimenduaren zati esanguratsu bat ere ezkerraren auto-disoluzio horren eragile bilakatu da, genero-identitateari dagozkion printzipio ebidente batzuen baitan (eraikiak direla) mundu mediokre eta autoritario batek bazterrean ezarri dituela ikusirik, bazterkeriaz baztertasun egin beharrean, zentralitate egin nahian baitabil. Mugimenduaren politizazio okerrak eragin du hori. Politizazio ezkertiarra baino ezagutzen ez duelarik, ez daki modu totalizatzailean (unibertsalizagarrian) ez bada ekiten. Alta, totalitarismoa edota normatibismoa queer mugimenduari esentzialki kontrajartzen zaizkion formak dira, premisa nagusia identitate sozial ororen izaera ‘hipotetiko’ eta ‘ez-esentzialista’ baita. Norma erautsi eta gaitasun bilakatu beharrean ez-normaren norma ezarri-nahiak pluralitatea unitate bihurtzen du; biktima, biktimario.

Alta, boterea dominazio-harreman bertikal beharrean, ‘produktibo’ (hots, ‘performatibo’) bihurtu delarik, mutil bati mutil-lagunik izan ez dezan eskatzea bezain logikoa eta beharrezkoa da neska zis-hetero edo bisexual bati behingoz isil dadin eskatzea, gehiago ‘queer’-en aldeko ezer idatz ez dezan, bere egunerokotasunaren faktikotasunak mutil zis heteroen legitimazio-bitartekoak baino ez baitira. Ezkertiartu zaigun ‘queer’ mugimendu honek ezker politikoaren disoluzioa dakarrenean, eta ezker politikoaren baieztapenak ‘queer’ politikarena, galdera pertinentea honakoa da: noiz arte jardun behar duten batzuek zein besteek elkarren aliatu direla antzezten.