Mostrando entradas con la etiqueta Oiartzun. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Oiartzun. Mostrar todas las entradas

sábado, 17 de mayo de 2025

#hemeroteka #lesbianismoa #erakusketa | Genealogia bisual bat

Marta Luxan soziologoa 'Bollologia' erakusketa aurkezten, Oiartzunen //

Genealogia bisual bat

'Bollologia' erakusketa sortu dute, lesbianen historiaren genealogia bat eginda lortutako informazioarekin. Liburu batean biltzen ari dira genealogia guztia.
Nerea Intxausti Castiñeira | Berria, 2025-04-17
https://www.berria.eus/bizigiro/genealogia-bisual-bat_2140097_102.html 

«Kartelgintzaren bidez gauza asko konta daitezke», azaldu du Marta Luxan Serrano soziologoak. Iruditzen zaio kartelgintzak ematen dituela borroka baten pistak eta testuingurua. Eta hortik abiatuta sortu zuen talde batek ‘Bollologia’ erakusketa. Erakusketa ikusgai dago hilaren 29ra arte Oiartzungo (Gipuzkoa) udaletxeko areto nagusian, eta haren inguruko azalpenak eman dizkie aurkezpenera joan direnei; ondoren Marienera (Basauri, Bizkaia) eramango dute erakusketa, eta irailean, Igorrera (Bizkaia).

1977tik 2010era arte Hego Euskal Herriko lesbianen historian gertatu diren jazoera azpimarragarrienak bildu dituzte, eta paretetan zintzilik jarri dituzte kartelez, legeez, aldarrikapenez eta argitalpenez osatuta. Ipar Euskal Herriko «oso gauza gutxi» topatu dituzte. Bilduman ez dago argazki askorik, eta zergatia kontatu du Luxanek: «Orduko bollerei lehenengo topaketako argazkiak eskatu genizkien, eta erantzun ziguten: ‘Zuek uste duzue argazkiak ateratzen genituela? Ez horixe!’».

Apirilean Leitzan (Nafarroa) egin ziren Bollotopaketetarako sortu zuen talde batek bilduma; Oiartzungo aurkezpenera joandako batzuk ere han egon ziren, eta buruarekin baietz esan dute: «Interesgarria iruditu zitzaigun begirada historiko bat ematea lehen Bollotopaketetatik berrogei urte igaro diten honetan, eta erakusketa forma egokia iruditu zitzaigun». Liburu batean ere biltzen ari dira genealogia guztia.

Kolektibo askoren eratze urtea eta haien aldarrikapenen eta ekintzen kartelak agertzen dira erakusketan, legeak eta erakundeekin izandako harremanak eta, azkenik, lesbianek beste mugimenduen alde ere nola egin duten. Informazioa mugatu behar zuten, eta 1977tik 2010erako tartea aukeratu zuten: «1977. urtean hastea erabaki genuen, orduan gertatu zelako Francisen [Vicente Badillo] hilketa [i.e. 1979], eta kontuan hartu beharreko mugimendua sortu zuelako; eta 2010 zergatik? Manifestu transfeminista atera zutelako». Ordutik aurrerakoa Bollotopaketetan jasoko zela jakintzat jo dute.

Paretetan zintzilik daude urte horietan gertatutakoen adierazgarri asko: 1977an, ‘Gay Hotsa’-n, EHGAMek argitaratzen zuen aldizkariaren lehen alean, lesbianismoaren inguruko artikulu bat azaldu zen. Urte berean egin ziren Euskadiko emakumeen topaketa feministak, eta orduan ere lesbianismoaren inguruko hitzaldi bat egin zuten. «Garai hartan tentsioa zegoen non egon erabakitzean: asanblada feministetan, EHGAMen barruan, jende asko bietan zegoen... Bazegoen saltsa».

1983an, Zamalbiden (Errenteria, Gipuzkoa), Lesbianen Jardunaldiak antolatu zituzten lehen aldiz. 250 bat lesbiana feminista elkartu ziren, eta Luxanek uste du «oso berezia» izan zela. «Nik uste dut, Euskal Herrian behintzat, ezin direla lesbianen kolektiboak ulertu feminismoari erreferentzia egin gabe», zehaztu du soziologoak.

Bilboko Txokolanda, Matarrasca, Plataforma de Las Valentinas eta 1994ko bizikleta martxak ere aipatu ditu. Ekainaren 28ko kartelek hartzen dute erakusketaren zati handi bat; «eta gehiago ere bazeuden», soziologoaren arabera.

Sorginak «altxor»
‘Sorginak’ Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboaren aldizkaria sortu zen 1986an, eta «altxor bat» da Luxanentzat: «Erreferente bat da, urteetan iraun zuelako, eta gauza asko atera ditugu ‘Sorginak’ aldizkaritik». «Interesgarria da, lurralde ezberdinetatik sortu zuten aldizkari bat delako. Orduko gaien inguruan hitz egiten zuten, eta instituzioei oso kritika gogorrak egiten zizkieten; niretzat, politikoki oso kokapen interesgarria dute».

Luxanek kontatu du bertan idazten zutenek lehia izaten zutela, ea nork aterako azalik ikusgarriena, eta umorez egiten zituztela asko. 1983an lehorte bat izan zen, eta ura moztu zuten etxe guztietan. Bada, azalean hiru emakume biluziren argazkia atera zuten, eta hauxe zioen: ‘Aurreztu ura, bainatu zure lagunekin’. Lesbiana haiek Bollotopaketetan kontatu zutenez, argazki hori azalean jartzea oso garrantzitsua izan zen, beren gorputzak modu publikoan erakutsi zituztelako ikusgarritasuna hain beharrezkoa zen garai batean.

Luxanen ustez, esanguratsua da zergatik sortu zen 1994an Ala Ala kolektiboa Gasteizen: «Gasteiz izan zen Espainiako Estatu osoan izatezko bikoteen zerrenda egitea onartu zuen lehen udala; ez zituzten ezkonduta zeudenen eskubide berberak, baina aurrerapauso bat izan zen». Ala Ala kolektiboa sortu zen, ulertu zutelako hori instituzionalizaziorako pauso bat izan zitekeela. Albistea oso modu baikorrean hartu bazen ere, ‘Sorginak’ aldizkarikoek kritikatu egin zuten, baita Luxanek ere: «Interesgarria iruditzen zait, gerora oihartzun txikia izan duten aldarrikapenak izan direlako: genero bereko pertsonen ezkontza garaipen moduan hartzen dugu, baina ez beste alternatiba batzuk proposatzeko galera moduan».

Halere, lesbianen mugimenduak bestelako mugimenduekin zer harreman izan dituen ere erakutsi dute: «Argi dago oso lotuta egon dela mugimendu feministarekin eta sexu askapenerako mugimenduarekin, baina baita gehiagorekin ere». Nazio auziari erreferentzia egiten diote kartel batzuek, borroka antimilitaristari, elizaren kontrako kritikak... «Gure asmoa zen ikusaraztea bollerok ez garela aritu gure gauzez hitz egiten eta kito, baizik eta badagoela irakurketa kritiko bat beste aferen inguruan; abortu eskubidearen alde ere egin zuten».

Luxanek ohartarazi du bere garai soziohistorikoan kokatu behar dela kartel bakoitza, eta batzuk zahartu egin direla gaur egungo ikuspegirako: «Agertzen diren gorputz gehienak oso normatiboak dira, adibidez, baina interesgarria iruditzen zitzaigun erakustea nola aldatu den hori, eta, hain zuzen, bilakaera bat izan duela». Eta horregatik, gauza batzuk ez edertzeko hautua egin dute. 

viernes, 4 de abril de 2025

#hemeroteka #bollerak #memoria | Bollologia erakusketaren aurkezpena egin dute

'Bollologia erakusketa', Oiartzunen aurkeztuta //

Bollologia erakusketaren aurkezpena egin dute

Oiartzungo Feministen Asanbladak 'Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat' erakusketa antolatu du. Hilaren 29ra arte egongo da ikusgai udaletxeko areto nagusian.
Leire Perlines | Oarsoaldeko Hitza, 2025-04-04
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/04/04/bollologia-erakusketaren-aurkezpena-egin-dute/ 

Oiartzungo Udaletxeko areto nagusian dago ikusgai atzotik ‘Bollologia erakusketa. Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat’. Oiartzungo Feministen Asanbladaren bidez antolatu dute erakusketa, eta atzo egin zuten haren aurkezpena.

2024an Leitzan egindako Bollo Topaketetarako prestatu zuten antolatzaileek erakusketa. Orain, lehen Bollo Topaketetatik 40 urte pasa dira, eta sortzaileek pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela begirada historiko batetik “zerbait egitea”. Hortaz, pentsatzen hasi eta konturatu ziren kartelgintzaren bidez gauza asko kontatu daitezkeela, “edo behintzat, kartelgintzak ematen duela borroka baten pista batzuk eta egoerak testuinguru batean kokatzen dituela”.

Erakusketaren abiapuntua 1977an [i.e. 1979an] jarri zuten “Francisen hilketa gertatzen delako”, eta sortzaileei iruditu zitzaielako badagoela garai horretan “kontuan hartu beharrekoa den mugimendu berezi bat”. Amaiera, berriz, 2010ean jarri zuten, “manifestu transfeminista ateratzen delako eta gerora gertatzen dena Bollo Topaketetan egongo delako”.

Talde bat aritu da erakusketa prestatzen, zehazki, talde bolleretako antolakuntzan aritu den jende ezberdina. Adin ezberdinetako jendearekin ere egin zuten solasaldi bat belaunaldi ezberdinetako jendea bollo topaketetara gerturatzeko. “Polita izan zen”, gehitu dute. Hortaz, jende ezberdinak pasatako materialaz gain, materiala bildu dute Bilboko Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentrotik; EHGAM-en Intxaurrondoko lokaletik; Emaginen artxibotik eta baita Berriaren hemerotekatik ere.

Erakusketak bost zati ditu: lehen zatia Euskal Herriko bolleren mugimenduaren genealogia bisual bat da; bigarren zatia aldarrikapen eta ekintzen zatia da; hirugarrena legeak eta instituzioekiko harremanak biltzen dituena da, eta azken biak dira “Bollerak munduan dantzan”. Atal horrek irudikatzen du “bollerek” zenbait ekintza egin dituztela urteetan zehar, eta hortaz, beste eragile batzuekin egindako jarduerak eta ekimenak biltzen dira bertan.

Ildo horretatik, sortzaileek nabarmendu dute kartelak bere momentu sozio-historikoan kokatu behar direla, eta hortaz, irakurketa garai horretako begiekin egin behar dela. [...]

Erakusketa hilaren 29ra arte egongo da ikusgai.

viernes, 17 de mayo de 2024

#hemeroteka #lgtbifobia | Oiartzun: LGTBI+fobiaren aurrean aniztasuna aldarrikatu dute

Plazan elkartu dira LGTBI+fobiaren kontrako aldarria egiteko //

LGTBI+fobiaren aurrean aniztasuna aldarrikatu dute

Irakurketa 'transmaribibollo'-a egin dute plazan, LGTBI+fobiaren kontrako egunean. Pribilegioei buruzko inkesta pasatu dute herritarren artean.
Erik Gartzia | Oarsoaldeko Hitza, 2024-05-17
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/05/17/lgtbifobia-eguna-oiartzun-ekintza/

LGTBI+fobiaren kontrako eguna da maiatzaren 17a, eta horren harira, ekintza egin dute gaur Oiartzungo plazan. Zita 19:00etan jarria zuten, irakurketa “transmaribibollo” bat egiteko, baina ordubete lehenago hasi dira musikarekin Done Eztebe plaza inguruak girotzen.

Bertan pasieran edo terrazetan zeuden herritarren artean galdetegi bat banatu dute, “hausnarketa sustatu eta xaxatzeko” asmoarekin. Hainbat galdera egiten zituzten; zis, heterosexuala edo genero adierazpen hegemonikoa izateagatik norbanakoek dituzten pribilegioei buruzkoa zen, antolatzaileek adierazi dutenez.

Ondoren, irakurketa egin dute, plazan, koloredun banderen artean, eta LGTIB+fobiarik ez egotea aldarrikatu dute, “ez Oiartzunen ez inon”.
 

jueves, 4 de agosto de 2022

#hemeroteka #erasomatxistak #jaiak | Xanistebanetako eraso matxistak irmo arbuiatu dituzte

Hamarka bizilagunek bat egin zuten deialdiarekin atzo arratsaldean //

Xanistebanetako eraso matxistak irmo arbuiatu dituzte.

Hilaren 2tik 3ra bitarteko gauean salaturiko sei eraso matxistak gaitzesteko elkarretaratzea deitu zuen atzo Oiartzungo Jai Batzordeak.
Olaia Gerendiain Ruiz de Gauna | Oarsoaldeko Hitza, 2022-08-04

https://oarsoaldea.hitza.eus/2022/08/04/xanistebanak-eraso-matxistak/

Oiartzungo Jai Batzordeak elkarretaratzea deitu zuen atzo arratsaldean, Xanistebanen lehenengo gauean -hilaren 2tik 3ra- egondako eraso matxistak irmo salatzeko asmoz.

Hamarka bizilagunek bat egin zuten deialdiarekin 20:30ean txoznagunean, aurreko gauean emandako 6 eraso matxisten aurrean -jakinarazitakoak besterik ez dira horiek- gaitzespen guztizkoa adierazteko.

Herriko jaien lehen gauean jazotakoa oso larri iritzita, plazak hartzeko beharretan ikusi zuten euren burua, enegarren aldiz, emakumeek. “Aske izateko dugun armarik zorrotzena emakumeok* elkar babesteko sareak dira”, esan zuten. Eta ozen aski errepikatu zuten borrokan eta kalean jarraituko dutela, “gauak okupatzen eta jai eredua feministen alde borrokatzen”.

Oiartzungo Udalak salaketarekin bat egin eta babesa adierazi zion jai batzordeari. Bien bitartean, txosna guztiak, baita plazakoak ere, itxita egon ziren 20:30etik 21:00ak arte, herritarren arbuioaren erakusle.

Ez dira isilduko: “Xanistebanetan ere dantza egin nahi dugu, ahotsak urratu arte abestu nahi dugu, herrikideekin hizketaldi luzeetan korapilatu nahi dugu, sareak ehuntzen jarraitu nahi dugu eta egingo dugu!”.

domingo, 21 de septiembre de 2008

#hemeroteka #lgtbi | Homofobiaren kutsaduratik aparte

Homofobiaren kutsaduratik aparte
Ostiralean hasi zen, Oiartzungo Arritxulo aterpean, EHGAMen Les-Gay kanpaldia, eta gaur amaituko da. «Eguneroko bizimodu merkantilistatik» irten, eta aniztasunean elkarrekin bizitzen ahalegindu dira bi egunez.
Mikel Perurena | Berria, 2008-09-21 / EHGAMDOK webgunean jasota:
https://ehgamdok.wordpress.com/2008/09/21/berria-ekitaldiak-ehgam-kanpaldia-homofobiaren-kutsaduratik-aparte/ 

Txirrindulariek malda gogorrak gainditu behar dituzte Aritxulegiko mendatea (Oiartzun, Gipuzkoa) garaitzeko. Malda gogorragoak izan ohi dituzte, egunerokoan, lesbiana, gay eta transexualek. Mikel Martin Conde EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko kideak gogoratu duenez, «pertsonak eta sexualitatea askatzeko» gunea zabaltzen dute, hala ere, urtero: Les-Gay kanpaldia. «Egunerokotasunean dugun kutsadura homofobikotik irten eta elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk probatzen ditugu», dio Martin Condek. Aurten Aritxulegiko mendatearen bidean dagoen aterpean antolatu du kanpaldia EHGAMek, Arritxulon.

Ostiral arratsaldean hasi ziren topaketak, eta, ordurako, 85 lagun elkartu ziren. Aterpeak 120 lagunentzako lekua du eta atzo gauean dena betetzea espero zuten antolatzaileek. Euskal Herri osotik bildu da jendea aurtengo kanpaldira, baita Leondik, Zaragozatik, Salamancatik (Espainia), Lyondik (Frantzia), Mauritaniatik eta Txiletik ere, besteak beste.

Martin Conde pozik agertu da aurtengo ekitaldiarekin: «Antolatzen ari zarenean, beti pentsatzen duzu ea dena ondo joango den; atzo [ostirala], afaldu eta egitaraua aurkeztu genuenean, aurpegiak ikusi, eta oso pozik jarri nintzen». Iaz baino jende gehiago elkartu dela, eta asko berriak direla, nabarmendu du EHGAMeko kideak.

Herri txikietako presioa
Aurten lehen aldiz etorri direnen artean, bat bereizi du Martin Condek: Gipuzkoako herri txiki bateko 50 urte inguruko emakume bat. Kezkaturik eta urduri omen zegoen izena emateko deitu zuenean. «Atea zabaldu diogu eta garrantzitsua da atea irekita uztea, eta berak ere beste batzuentzat atea irekita edukitzea». Kasu horretan, kanpalekura etortzeko erabakia hartzea jabetzeko edo boterea hartzeko modua dela adierazi du EHGAMeko kideak: «Urratsa egiten duenak hor egon behar du gero, beste batzuek urrats bera egin nahi dutenean laguntzeko». Albotik, Medeak elkarteko Josebe Iturriozek adierazi du lesbianen bazterketa oso gauza berezia dela: «Askoz gogorragoa da, herri txikietan batik bat». Hala ere, EHGAMek urtero antolatzen duen kanpaldia «arraroa» da, gizon baino emakume gehiago biltzen ari direlako azken urteetan. «Hori ez da batere normala, emakume lesbianak askoz ere ezkutatuago daudelako».

Iturriozen ustez, EHGAM punta-puntako erronkak aurkezten ari da, eta «neskentzako» eskaintza politiko erakargarria egiten ari da: «Instituzioak lantzen hasi dira gauza batzuk, baina gaur egun, hemen, ez dago beste gunerik gai hauetaz hitz egiteko». Gai horien artean daude, esaterako, transexualitatea, pornografia, queer teoriak edo drag-king-ak.

Iturriozek nabarmendu du transexualitatea «mende honetako erronka» izango dela. Izan ere, hormonak hartzeari utzi diote batzuek, beste batzuek uko egin diote ebakuntzak egiteari, teoria berriak agertzen ari dira… Iturriozen arabera, «iraultza» gertatzen ari da arlo horretan. Kanpaldian Post porno tailerra egin dute aurten, adibidez.

Hausnartzeko ez ezik, ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko topagunea da Les-Gay kanpaldia. Atzo goizean Bianditzera mendi itzulia egin zuen talde batek, beste batek yoga egiten zuen bitartean. EHGAMeko Amaia Gonzalezek argitu du ez dela derrigorra ekintzetan parte hartzea: «Norberak nahi duena egin dezake». Aukera zabala da: hitzaldiak, txalaparta eta sado-masokismo tailerrak, transfobiari buruzko erakusketa, Arditurriko meategietarako irteera... Atzo gaueko maribollotrans festaren ostean, gaur arratsaldean amaituko dira topaketak, datorren urtera arte.

domingo, 16 de septiembre de 2007

#hemeroteka #lgtbi | Arritxulon, askatasuna kutsatzen

Arritxulon, askatasuna kutsatzen
EHGAM XVI. Les-gay-trans Kanpaldia egiten ari da, laugarrenez Arritxulon
Olatz Mitxelena | Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-16 / EHGAMDOK webgunean jasota:
https://ehgamdok.wordpress.com/2007/09/16/berria-ekitaldiak-arritxulon-askatasuna-kutsatzen/ 

Laugarrenez bildu dira EHGAMeko kideak Arritxulon, XVI. Les-gay-trans Kanpaldian. 65 lagun inguru daude aterpetxean, ostiraletik, eta gaur emango dituzte bukatutzat kanpaldiaren baitan antolatutako ekimenak. Kanpaldiarekin ematen diote EHGAMeko kideek urtero hasiera ikasturteari, eta, aurten gainera, ikasturte berezia dute, taldea sortu zeneko 30. urteurrena betetzen baita. Horregatik, 30. urte kutsatzen irakur daiteke kanpaldira bildutakoei ongietorria egiteko jarri duten pankartan.

Urtero legez, ludikotasuna eta eraketa uztartu dituzte astebururako antolatutako ekimenetan. Herenegun Aluaren Algara taldearekin egin zuten festa, eta atzo, goizetik, norberak nahi zuen horretan eman zuen denbora: batzuek mendi buelta eman zuten, beste batzuek autodefentsa ikastaroan parte hartu zuten, eta beste asko, patxadan egon ziren, lagunartean, inguruak eskaintzen dituen aukeraz gozatuz.

Bitartean, antolatzaileetako batzuk atzo gaueko ikuskizunerako beharrezko guztiak prestatzen aritu ziren. Tartean zen taldeko kide Mikel Martin: «Gaur [atzogatik] Yogurinha Borovaren emanaldia dugu. Transformista itzela da, eta lagun handia. Gure hastapenetako kanpaldietan eman zion hasiera bere ibilbideari».

Baina gaueko festa bitartean, askok prestatutako tailerretan parte hartu zuten. Hala nahi izan zuten emakumeek autodefentsari buruzkoak ikasi zituzten. Emakumeen kontrako erasoen aurrean, indarraren erabilpenetik haratago, autodefentsaren gakoei buruz hausnartzen aritu ziren, saio praktikoan. «Ezetz esaten ikastea, norbere burua maitatzea, norberak bere armak erabiltzen jakitea…» azaldu zituzten gakoetako batzuk dira.

Arratsaldean, beste hiru tailer egin zituzten. Emozioek osasunarengan duten eraginari buruzkoa izan zen bata, jolasak egin zituzten beste batean, eta batukadaz gozatu zuten hirugarren tailer batean.

Gaur, bukatzeko, Oiartzun, Luberri eta Herri Musikaren txokoa bisitatu asmo dituzte.

30 urtera, bada zeregina
«Gure aldarrikapenak zaharrak dira: sexu librea, Euskal Herria librean. Euskal Herria homofobiatik, lesbofobiatik eta transfobiatik libre», zioen Martinek, beste urtebetez kanpaldian biltzearen arrazoiengatik galdetuta. «Gure antolakuntzak gizarteko beste talde batzuk kutsatzen jarraitzeko aukera emango digu».

Taldea sortuz geroztik, «bide luzea» egin dutela aitortu arren, lanean jarraitzeko beharra argi du Martinek: «Lanean jarraitu behar dugu, egunen batean, pertsona guztiek aurreiritzirik eta erasorik gabeko sexualitateaz gozatzeko aukera izan dezaten».

viernes, 14 de septiembre de 2007

#hemeroteka #lgtbi | Mikel Martin · EHGAMeko kidea: «Bestelako sexu aukerentzat plan aktiboak behar dira eskoletan»

Berria / Mikel Martin 16.eko kanpaldiaren kartelekin //

Mikel Martin · EHGAMeko kidea: «Bestelako sexu aukerentzat plan aktiboak behar dira eskoletan»

EHGAM erakundeak 30 urte bete ditu aurten. Gaur hasiko da 16. kanpaldia. Mikel Martinen iritziz, ekimen hori erabat finkatuta dago.
Ion Olano | Berria, 2007-09-14 / EHGAMDOK webgunean jasota:
https://ehgamdok.wordpress.com/2007/09/14/elkarrizketa-mikel-martin-%c2%b7-ehgam-bestelako-sexu-aukerentzat-plan-aktiboak-behar-dira-eskoletan/ 

EHGAMek gaur, bihar eta etzi Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo duen kanpaldia prestatzen ari dela jaso du Mikel Martinek BERRIA. Aurten hamaseigarren kanpaldia izan arren, hasiberriaren ilusioa nabari zaio.

Aurten berriro. Zergatik?
Uste dugu jendeak honetarako gogoa duela, eta guk ere interes handia dugu. Era berean, kurtso berria abiatzeko seinalea da guretzat. Kanpaldian lagunekin elkartu nahi dugu, elkar sentitu, giro askean. Espazioa eta denbora elkarbanatu, bizi erritmo ezberdin batean gozatzeko. Eskatzen dugun konpromiso bakarra ondo pasatzea da.

Aurten izango da kanpaldia egiten dugun 16. urtea. Beste urte batzuetan bezala, Arritxuloko aterpetxean egingo dugu, Oiartzunen (Gipuzkoa). Oraingoz, badakigu ez dela soilik Euskal Herriko jendea etorriko. Esaterako, Aragoitik (Espainia) etorriko dira batzuk.

Zein helbururekin antolatu duzue aurtengo kanpaldia?
Pixkanaka, jarduera berriak txertatzen ari gara kanpaldiko egitarauan. Aurten, adibidez, gogo eta osasun egoerak sistema immunologikoan nola eragiten duen ikasteko tailer bat antolatu dugu. Elkarteko emakumeei esker, emakumeentzako defentsa ikastaroa ere berreskuratu dugu. Badago beste tailer berezi bat sexualitateari buruzkoa: Sexu alaia du izena. Horrez gain, jostailu erotikoen erakusketa egingo dugu. Gainera, Sentsualitatea, sexualitatea, segurtasuna izeneko tailer bat ere prestatu dugu. Egingo dugun beste gauza berezi bat txikiak gineneneko jokoak berreskuratzea izango da, baita gu baino zaharragoak diren jokoak ere.

Gaur gauean talde berezia izango dugu gurean: Aluaren Algara. Bihar, berriz, urtero bezala festa egingo dugu. Festa horretan egingo du emanaldia transformista bikain batek: Yougurinha Burova da bere izen artistikoa. Batukada tailerra ere izango dugu, eta natura gustuko duenarentzat, mendi ibilera leunak antolatu ditugu. Etzi, gogoa duenarentzat, Oiartzunera egingo dugu bisita. Oro har, ondo ateratzea espero dugu. Eta kanpaldira etorri nahi duenak jakin dezala: parte hartzea ez da kanpaldian egoteko ezinbesteko baldintza.

Urte hauetan guztietan, belaunaldi berriak joan al dira kanpaldira?
Batez besteko adina 28 urteren inguruan dabil. Azken urteotan, neska-mutilak paretsu etorri dira, eta batzuetan neska gehiago. Lehenengo urteetan ez zen horrela, gizonezkoak ziren nagusi. Aurten Oiartzunen egingo da berriro; kanpaldia beste herrialdeetan egiteko gogoa daukagu, baina ez da erraza.

Hamaseigarrena da aurtengo kanpaldia. Zein bilakaera izan du ekimen honek?
Uste dugu ekimen hau finkatuta dagoela dagoeneko. EHGAMek urte osoan egiten duen beste edozein ekimen bezain finkatuta. Urteotan nabaritu dugun aldaketa, lehen aipatutako emakumeen presentziaz gain, transexualena izan da. Izan ere, transexualen presentzia haziz joan da kanpaldiz kanpaldi, ez soilik maila teorikoan, errealitatean baizik.

EHGAMek 30 urte bete ditu aurten. Zeintzuk dira, egun, erakundearen erronkarik nagusienak?
Autoantolaketan sinesten jarraitzen dugu. Erakundeen parte hartze aktiboa eskatzen jarraituko dugu, baita ikusgaitasuna bultzatzeko ekintzak antolatzen ere. Iraultza sexuala, beharrezkoa dena, egiteke dago. Bestelakotasun sexualentzako plan aktiboak egin behar dira eskoletan, EHGAMen heziketa da bidea leloa errealitate bihur dadin. Izan ere, homofobia egon badago, eta alde askotatik egin behar zaio aurre. Erakunde batzuengandik ezin dugu gehiegi espero, beraz geuk esku hartu beharko dugu.

Homofobia eta lesbofobia indartsu al dira, oraindik, gure artean?
Euskal Herrian izan diren erasoetatik haratago, homofobia mundu ikuskera baten parte da, gutxiengo sexualak baztertzen dituena. Horri aurre egiteak lan handia eta konkretua eskatzen du. Hedabideetan txantxa homofoboak egiten dituzte; lantokietan, homofobia eta matxismoa darien hitzarmenak sinatzen dituzte. Tristeena da kontu honi ez zaiola behar duen garrantzia ematen. Errazagoa da pentsatzea: «Honek ez du zerikusirik nirekin».

Azken urteotan zein urrats positibo egin dela uste duzu?
Orokorrean ikusgaitasun gehiago lortu dugu. Era berean, gainontzeko elkarteak irazkorragoak dira gaiarekin, askok bere egin dituzte lesbiana, homosexual eta transexual mugimenduaren aldarrikapenak. Hala ere, berriz nabarmendu nahi dugu kontzientzia askapena eta aurreiritzien desagerpena ez dagokiela soilik kaltetuei, ezinbestekoa dela gizarteak aldarri horiek bere egitea: politikariek, idazleek, irakasleek, sindikatuek, gazte erakundeek, hedabideek…

Azken urteotan garrantzitsua izan den beste kontu bat nazioarteko homosexual, lesbiana eta transexualek jasaten dituzten egoeren ezagupena izan da: esaterako, Polonian oso egoera gogorra dute, Iranen debekua sufritzen dute, eta Hego Amerika ere ez dugu begien bistatik galdu behar. Gutxiengo sexualen kontrako jazarpenaren aurrean arreta eta konpromisoa eskatzen dizkiogu gizarteari.