Mostrando entradas con la etiqueta Korrika. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Korrika. Mostrar todas las entradas

sábado, 23 de marzo de 2024

#hemeroteka #oroimena | Bihotzak gogor hasi dira taupaka

Mikel Martini omenaldia egin diote Gamon Zumardiko karpan //

Bihotzak gogor hasi dira taupaka

Gaur iritsiko da 23. Korrika Errenteria-Oreretara. Eguerdian Mikel Martin omendu dute Zumardiko karpan, eta ondoren bazkaltzera bildu dira.
Urko Etxebeste | Oarsoaldeko Hitza, 2024-03-23
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/03/23/errenteria-orereta-korrika-omenaldia-eta-bazkaria/

Prestatu bihotzak. Emozioz betetako eguna da gaurkoa. 23. Korrika eskualdera eta Errenteria-Oreretara iritsiko da (23:51n, Renfera). AEKren euskararen aldeko martxa erraldoia iritsi aurretik, asko izango dira herrian egitekoak, Korrika Batzordeak egitaraua antolatu baitu. Ekitaldien zerrenda horietatik lehenak bihotzak lehenengoz taupaka jarri ditu: Mikel Martini omenaldia egin diote Gamon Zumardiko karpan. Brindis soila zena, aitortza ekitaldi biribila bihurtu da.

Iaz hil zen Martin, martxoaren 2an. Haren azken Korrika 22.ena izan zen, 2022koa. Xenpelar AEK-ko haren ikaskideek oroitarazi dute orduko hartan, Korrika herritik pasa eta euskaltegiaren alboan zeudela, historia egin zutela esan zutela. Gauez pasa zen orduko hartan ere Korrika. Euforiko zeuden AEK-ko kide izateagatik, Korrikaren partaide izan zirelako, eta euskaraz ikasten elkarrekin zeudelako. Xenpelarren bizigarri baitzen Martin, bere euskara irristakorrarekin eta bizitzeko grinarekin. Gaurko omenaldian ikaskide izandakoek bihotzetik hitz egin dute, haren hutsunea nola bete duten azaltzeko hitzik gabe. Berdinezina zelako Mikel Martin Conde, euskaran, Korrikan, eta abian zituen militantzia esparru guztietan. Omenaldia beste Mikel baten [Laboaren] 'Txoria txori' abesten bukatu dute. Bihotzak gogor taupaka. Emozioa. Bai, prestatu bihotzak gaurkoa egun espeziala izaten ari delako, eta izango delako.
 

Omenaldiaren ondoren, tragoska pare bat hartzeko aukera, eta bazkaltzera. Gamon Zumardiko karpan dozenaka euskaltzale bildu dira Korrikaren etorrerarako falta diren orduak elkarrekin arinago liseritzeko. [...]
  • 23. Korrika Errenteria-Oreretan. Larunbateko egitaraua.
  • 16:00. Euskararen Paparazziak sari banaketa, Zumardiko karpan.
  • 16:15. Bingo musikatua.
  • 19:00. Txalainak taldea.
  • 23:51. 23. Korrikari harrera Renfe ondoan.
  • 00:45. DJ Expuela Xenpelar AEKn.

viernes, 22 de marzo de 2024

#hemeroteka #oroimena | Korrikaren zirrara 30 eskutan, eta milaka gorputzetan

Lekukoa eramango dutenen talde argazkia //

Korrikaren zirrara 30 eskutan, eta milaka gorputzetan

Bi une berezi eta hunkigarri utziko ditu, gutxienez, 23. Korrikak gurean: Mikel Martin omenduko duena, eta Pilartxo Olaskoaga eta Mikel Ugalde euskaltzaleei euskararen alde egindako lana aitortuko diena.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-03-22
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/03/22/errenteria-orereta-korrika-lekukoak/

Bihar gauean, larunbatarekin, eta gauerdirako minutu gutxi falta direla iritsiko da Errenteria-Oreretara 23. Korrika, Lezotik (23:51an Renfen). Korrikari merezitako harrera egin eta herria girotzeko egun osoko egitaraua ondu du Korrika Batzordeak. Zumardia izango da agertoki nagusia.

Hamar kilometro, 30 lekuko aldaketa eta gutxienez, bi une berezi eta hunkigarri utziko ditu 23. Korrikak gurean. 2.653 kilometroan izango dira bi une berezi horiek, Biteri kaleko 30ean lehena. Xenpelar AEK euskaltegiaren lekukoa Mikel Martin Conde ekintzailea zenaren senideek hartuko dute, euskaltegiko ikaskide eta irakasleek hala erabakita. Koloretsu nahi dute Martinen omenezko kilometroa, eta txapelak, boak eta apaingarriak ez ahazteko eskatu dute.

Kilometro berean, Morrongilleta kalearen hasieran, beste une berezia. Euskalgintzarentzat erreferente diren Pilartxo Olaskoaga eta Mikel Ugaldek hartuko dute lekukoa Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen izenean. Lau Haizetararen bultzatzaile, elkarteko zuzendaritza taldean aritu zen Ugalde 1990eko hamarkadan. Haiei aitortza egin nahi die euskaltzaleon topaguneak, «euskararen alde egin duten eta egiten jarraitzen duten lanarengatik».

Lekukoaren eramaile guztiek talde argazkia atera zuten atzo arratsaldean. Albiste honekin batera doana da. 30 eskuk laztanduko dute lekukoa, baina 23. Korrikaren zirrara milaka gorputzetara sartuko da.

  • 23. Korrika. Biharko (larunbata) egitaraua.
  • 13:30. Zumardiko karparen irekiera eta brindisa Mikel Martin Conderen omenez.
  • 14:30. Bazkaria Zumardiko karpan. Txartelak: 20 euro helduena, 14 haurrena (AEKn, Arkaitzan eta Sindikaton salgai).
  • 16:00. Euskararen Paparazziak sari banaketa, Zumardiko karpan.
  • 16:15. Bingo musikatua.
  • 19:00. Txalainak taldea.
  • 23:51. 23. Korrikari harrera Renfe ondoan.
  • 00:45. DJ Expuela Xenpelar AEKn.

lunes, 18 de marzo de 2024

#hemeroteka #oroimena | Korrikaren 2653 kilometroa, Mikel Martin Conderen omenez

Mikel Martinen kilometroa markatu dute gaur bere ikaskideek, Xenpelar AEK euskaltegi ondoan //

Korrikaren 2653 kilometroa, Mikel Martin Conderen omenez

Haren senideek eramango dute Korrikaren lekukoa Xenpelar AEKren kilometroan, irakasle eta ikasleek hala adostuta.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-03-18

https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/03/18/korrikaren-2653-kilometroa-mikel-martin-conderen-omenez/

Gaur markatu dute 2653. kilometroa Xenpelar AEK euskaltegiko irakasle eta ikasleek. Euskaltegiko ordezkariek eramaten dute lekukoa, eta aurten keinu berezia, maitasunez betea egin dute. Izan ere, Xenpelar AEKri dagokion kilometro horretan, Mikel Martin Conde ekintzailea zenaren senideek hartuko dute euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren lekukoa, euskaltegiko irakasle eta ikasleek hala erabakita.

Gaur margotu dute kilometro zenbaki hori asfaltoan, baita Martini zuzendutako mezua, haren ikaskide izan zirenek: “Maite Zaitugu, Mikel”. Ez da ekintzaileari egingo dioten oroimen keinu bakarra. Larunbatean 23 Korrikaren Jaiaren egitaraua hartuko duen karpa zabaltzerakoan Zumardian, omenaldia eskainiko diote. 13:30ean izango da hori, eta brindisa egingo dute. Kilometro koloretsua berriz, 23:55ean izango da eta Mikel Martinen omenezko kilometroarekin bat egitera gerturatzen direnei, txapelak, boak eta apaingarriak ez ahazteko eskatu diete.


ETA GAINERA...
>
Euskararen aldeko lana aitortuko diete Pilartxo Olaskoaga eta Mikel Ugalderi

Joxepa Antoni Aranberri anitzeneko lekuko txanda Pilartxo Olaskoaga eta Mikel Ugaldek eramango dute Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen izenean.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-03-20
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/03/20/euskararen-aldeko-lana-aitortuko-diete-pilartxo-olaskoaga-eta-mikel-ugalderi/