Mostrando entradas con la etiqueta Amaia Alvarez Uria. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Amaia Alvarez Uria. Mostrar todas las entradas

lunes, 4 de diciembre de 2023

#hemeroteka #bollerak | Euskal letretako bollerak sitsez eta isiltasunez

June, Lizar, Amaia eta Eva mahai-inguruan //

Euskal letretako bollerak sitsez eta isiltasunez

Lizar Begoña, June Fernández, eta Eva Pérez-Pons mahaiaren bueltan bildu ziren abenduaren 2an, Izarran (Araba). ‘Bollerak euskal letretan’ izenburupean, bollerak izendatzeko aukeratzen diren hitzez, isiltasun eta minez, eta erreferente bollero faltaz aritu ziren hizketan.
Onintza Irureta Azkune | Argia, 2023-12-04
https://www.argia.eus/albistea/euskal-letretako-bollerak-sitsez-eta-isiltasunez

Mahai-ingurua Sareinak taldeak antolatu zuen, Gorbeialdeko EHGAMekin elkarlanean. Gidari lanak egin zituen Amaia Alvarez Uria Sareinak taldeko kideak. Hizketaldirako baliatu zituen Lizar Begoñaren ‘Gepardo japoniarrak’ (Susa) poesia lana, Eva Pérez-Pons-en ‘Erresistentziarako gorputzak: bollerak’ (Lisipe) saiakera, eta June Fernándezen ‘Mariokerrak. Nola izan / esan bollera euskaraz ‘(Txalaparta) saiakera.

Amaia Alvarezek sarrera eman dio mahai-inguruari, esanez, azken urtetxoetan gero eta bollera gehiago ari dela literatura argitaratzen, eta pozgarria dela.

Hitzak aukeratzen
Alvarez hasi da galdezka ea zein hitz erabiltzen diren bollera esateko edo zein aukera dauden. June Fernándezi eman dio hitza eta ‘Mariokerrak. Nola esan / izan bollera euskaraz’ liburuari egin dio erreferentzia azken horrek. Izan ere, Fernándezek eta Alvarezek aurten bertan argitaratu dute liburua Txalaparta argitaletxearekin. Liburuaren abiapuntua Zinegoak izan zen. Zinegoak-eko antolatzaileek eskatu zieten ea egingo zuten hiztegi bat, eta hala, Aitor Aranaren ‘Gay hiztegia’-ren baliokide bat egitera abiatu ziren. Laster konturatu ziren hiztegi soil bat gaindituko zuela eta bi galderei erantzun nahi dien lana prestatu zuten Zinegoak-erako: nola esan lesbiana euskaraz, eta nola izan lesbiana euskaraz. Hasierako proiektuak liburu forma hartu zuen azkenean.

Fernándezek azaldu du libururako galdekatu zuten jendearen artean nabarmen ikusi zutela bollera hitza zela erabiliena. Termino politizatuagotzat dute (lesbiana hitza baino, adibidez), identitate politiko bat adierazten du eta subertsiboagoa da. Alabaina, Fernándezek aipatu du terminoak ez duela Euskal Herri osorako balio. Ipar Euskal Herrian gouine erabiltzen dute. ‘Mariokerrak’ libururako elkarrizketatutako ‘beteranoek’, aldiz, lesbiana terminoa aldarrikatu dute. Entzule batek ere aipatu du, lesbiana hitzaren erabilera ez duela baztertzen; bollera hitzak esanahi politikoa badu gaur egun, bere garaian lesbiana hitzak ere bazuela esanahi hori.

Fernándezek eta Alvarezek, berriz, eta hitz berriak sortzeko jolas egitea aldarrikatu nahian, azaldu dute nola mariokerrak terminoa proposatu duten bollera-glosarioa osatzen joateko. Irrikaz daude liburuaren bi egileak marioker terminoak zein bide egingo duen jakiteko. Oraingoz, Fernándezek Tinderren marioker erabiltzaile bat topatu du.

Eva Pérez-Ponsen ustez, bollera hitza lesbiana eta emakume homosexuala terminoetatik ateratzen da eta feminismo heterotik ateratzeko balio du. Errealitateak aldatzeko balio duen eta oso esanahi zabala duen terminotzat du, genitalitatetik eta sexu desira adieraztetik harago doana. Lizar Begoñak ere, bollera terminoaren alde egin du, lesbiana hitzarekin alderatuta modu politizatuagoan hartzen du.

Lesbiana, bollera, gouine hitzak alde batera utzi eta Alvarezek gogoeta egin du: sexualitatearekin lotutako zein hitz gutxi dagoen euskal literaturan, eta ‘Mariokerrak’ libururako galdetuta ere, oso gutxi jaso dituztela azaldu du. Gaiak tabua izaten jarraitzen du. Begoñak ahots gora egin du gogoeta: “Erreferenteak, irudiak, hitzak… falta zaizkigu”.

Sitsak eta isiltasunak
Esaten ez denaz eta isiltzen denaz aritu dira hizketan tarte batez laurak. Begoñak Sitsak poema irakurri du (‘esan nahi nizuna esan gabe / sabelpean hil zait / beste sits guztiak bezala’), eta azaldu du zer kontatu nahi zuen: “Esaten ez den guztia tripan hiltzen da”. Hitzak hustu eta beste esanahi bat ematen saiatu da Begoña bere poema liburuan. Begoñarentzat idaztea, “barruan daukadan gauza amorfo hortaz” aritzeko modua izan da, bere eremu librea. Pérez-Ponsek gehitu du oso hiztegi bitarra daukagula, praktikak eta hizkuntza ez doazela batera. Fernándezek bolleren minak aipatu ditu, minak isiltzea. Begoña eta Fernández bat etorri dira adieraztean sarri sortzaile bollerek esan nahi dituztenak idatziz transmititzen dituztela, eta ez aurrez aurre.

Euskal letretan bolleren presentzia
Alvarez errepasoa egiten hasi da di-da batean: Itxaro Borda aitzindari, beste belaunaldi batekoak Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte, bertsolari bollerak, poesia egiten ari diren gazteak… Aipatu du ‘outing’-az (armairutik ateratzeaz) eztabaidatzeko beharra dagoela. Alde batetik, mahai-inguruan ere azpimarratu den bezala, euskal letretan erreferenteak falta direla nabarmentzen da, baina bestetik, armairutik ateratzeko zailtasunak daude. Begoñak ñabardura bat gehitu dio Alvarezen gogoetari: “Sortzaileak pentsa dezake ‘outing’a eginez gero, haren lanak begirada murriztailea jaso dezakeela, hau da, gu prisma bakarretik irakurtzeko arriskua dago, eta sortzaile bakoitza gauza askok zeharkatzen gaitu”.

lunes, 25 de septiembre de 2023

#hemeroteka #trans #bollerak | ‘Mari Solasak Bazterrean’ izenarekin LGTBIQ+ kolektiboaren hausnarketak landuko ditu EHGAM kolektiboak

Prostituzioan aritu ziren trans-ei omenaldia egin diete gaur //

‘Mari Solasak Bazterrean’ izenarekin LGTBIQ+ kolektiboaren hausnarketak landuko ditu EHGAM kolektiboak

Maialen Huarte Arano | Euskalerria Irratia, 2023-09-25

https://euskalerriairratia.eus/irunerria/1695643519692-mari-solasak-bazterrrean-izenarekin-lgtbiq-kolektiboaren-hausnarketak-landuko-ditu-ehgam-kolektiboak 

‘Trans’ emakumeei omenaldia egin die gaur kaleko ekitaldi baten bitartez. 80ko hamarkadan prostituzioan ari zirenak izan dituzte gogoan.

LGTBIQ+ jardunaldiak antolatu ditu EHGAM Nafarroako kolektiboak. Hiru mahai inguru osatu dituzte urriaren 7rako. Kondestablearen Jauregian izanen dira goizez eta arratsaldez Laba elkartean. “Hausnarketarako bide eta gure kolektiboaren inguruan solasteko aukera izanen da da”, azaldu du Kepa Yekora EHGAMeko kideak. “LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ikusarazteko, euren bizipenak ezagutzeko eta solasean aritzeko espazio bilakatuko ditugu Kondestabelaren Jauregia goizez eta Laba elkartea arratsaldez”, esan du.

Amaia Alvarez eta June Fernandez, Laban
‘Mariokerrak. Nola esan/izan bollera’ liburuaz ariko dira bi feministak urriaren 7an 17:00ean Iruñeko Gazteluko plazako Laba elkartean. Aurkezpena lehenbizi eta gero eztabaida zabalduko dute jendeak ere parte hartu dezan. Amaia Alvarez EHUko irakaslea da eta June Fernandez kazetaria. Biak feministak. Ikuspuntu horretatik abiatuko dute jardunaldia.

domingo, 9 de julio de 2023

#hemeroteka #bolleroak | June Fernandez Casete: «Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da»

Naiz / 'Mariokerrak' liburuaren aurkezpena Gasteizko Sorginenean //

June Fernandez Casete · Kazetari eta militante feminista: «Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da»

Txalaparta argitaletxearen eskutik aurkeztu dute “Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz” liburua Amaia Alvarez Uriak eta June Fernandez Casetek. Zinegoak elkarteak egindako proposamenari tiraka, euskararen eta lesbianen komunitatearen arteko uztarketaz eta intersekzioaz egin dute gogoeta, bi urteko «bollojabetza» lanean.
Garazi Castaño | Naiz, 2023-07-09
https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2023-07-09/hemeroteca_articles/azken-urteetan-mugimendu-lesbofeminista-euskaldundu-egin-da

Ekain honetan kaleratu da “Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz” liburua, Amaia Alvarez Uria eta June Fernandez Caseteren bi urteko lanaren emaitza. Liburu hau Zinegoak jaialdiarekin bi urtez egindako proiektu baten egokitzapena da. Proiektu hori orain arte webgune batean izan da ikusgai. Topaketa batzuk ere egin dituzte. Eta bat-batean, paperezko euskarri bat iritsi da. Oraindik ere badira paper zaleak, nahi dute proiektua ukitu eta usaindu eta liburutegi eta liburu-dendetan ikusi. Beraz, poz-pozik daude.

Hasieran Aitor Aranaren “Gay hiztegiaren” baliokide bat sortzea zen asmoa. Konplexuagoa da emaitza.

Zinegoak elkartea ezaguna da izen bereko zinema jaialdia antolatzeagatik, baina azken urteetan proiektu kulturalak ekoizten hasi da. Testuinguru horretan, euskaltzaletasuna eta LGTBI identitateak uztartzen zituen egitasmo bat diseinatzea proposatu zidaten. Nire hasierako ideia lesbianismotik Aranaren “Gay hiztegia”-ren baliokide bat sortzea izan zen. Amaia Alvarez Uriarekin jarri nintzen harremanetan, besteak beste, euskararen erabilera inklusiboa landu duelako. Militantzia eremuan ere egin du ekarpena. Bere garaian, kide batekin batera, “bollera” esateko “zoropila” berba proposatu zuen mugimendu lesbofeministan. Oroitzapen hori nuen, eta proposamena egin nionean, esan zidan aberasgarriagoa izango litzatekeela proiektu kolektibo eta parte-hartzaile gisa planteatuta.

Eta nolakoa izan da bidea?


Lehen urtean Euskal Herriko hainbat bollera euskalduni galdera sorta bat planteatu genion. Haien erantzunetatik glosario moduko bat atera genuen, eta haien ekarpenak Zinegoak-eko web atarian argitaratu genituen; hitzez gain, hausnarketak ere tartean ziren. Bigarren urtean, konturatu ginen, hitzetatik harago, bollera eta euskaldun gurutzaketari buruz hausnartzea interesgarria zela; elkarrizketa sakonak izan genituen bollera kolektibo eta norbanakoekin. Azken ardatza sorkuntza izan zen: euskal bollera artistei (bertsolari, idazle, ilustratzaile…) gure lanerako piezaren bat sortzeko edo uzteko proposatu genien.

Landutakoen artean daude euskal bolleren errealitate eta praktika linguistikoak. Horien artean askotan kontraesanak sumatu dituzue. Zeintzuk dira kontraesan horiek?

Belaunaldi eta lurralde artean egoera ezberdina da. 40 urtetik gorakoek aukeratu beharra izan zuten: giro euskaldun heterosexualetan bizi edo giro LGTBI erdaldunean. Hala ere, batzuk espazioak sortzen saiatu ziren, bollera euskaldunen topaketak egiten, esaterako. Duela 20 urte inguru izan zen hori. Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da. Gasteizkoa adibide garbia da: 7menos20 kolektiboko Txikiri ‘La vasca’ deitzen zioten, arraroa zelako giro LGTBIan euskaraz bizitzea. Eta gaur egun, BALA kolektiboak euskaraz militatzen du, eta euskarazko iruditegia sortzen ari dira. Esaterako, ahobizi sinbolodun pegatina bat egin zuten cunnilingus-aren irudiarekin jolastuz. Kontraesanei dagokienez, bestalde, askok aipatzen dute euskararen normalizazioaren aldeko borrokan eta aniztasunaren kudeaketan sumatzen dituztela gehienbat.

Erreferentziez eta erreferente faltaz gain, euskal bolleren errepresentazioaz ere hausnartu duzue.

Libururako berariaz sortu dugun edukia da hori. Esentzialismoan erori gabe, nahiko agerikoa da begirada heterosexualetik pertsonaia bat sortzen denean gertatzen dena. Deigarria da, adibidez, zer joera dagoen lesbianak telesailetan polizia izan daitezen. Itziar Ituñoren pertsonaiarekin gertatu zen bere garaian Goenkalen. Eta orain dela gutxi “Intimidad” telesailean ere berdin; berriro ere Ituño, lesbiana eta ertzaina. Maitasun erromantikoa ere ageri da… Horrelako ‘mainstream’ produktuetan ez dira gure disidentziak irudikatzen.

Hala ere, azken urteetan halako kultura bollo-euskaldun baten eztanda izan da. Bollo-bertso saioak nabarmenduko nituzke eta, oro har, bertsolaritzan dagoen ikusgarritasun lesbikoa. Beste adibide bat “eRRe” emanaldia izan daiteke. Edo Edurne Azkarate bezalako aktore batek egun duen proiekzioa ikusgarritasun bolleroa sustatzeko erabiltzea. Baita Olatz Salvador musikariak ere. Halako erradiografia bat osatu dugu, eta horri gehitzen zaizkio laugarren kapituluan hainbat artistak egindako ekarpenak.

Euskalgintza eta feminismoaren arteko uztarketaren inguruko hausnarketetan dezente aurreratu da. Zuek pauso bat harago eman duzue eta hegemonia linguistikoaren eta heteroarauaren arteko harremanean jarri duzue fokua. Zein lotura topatu dituzue?

Elementu amankomun asko topatu ditugu, armairua eta estres-linguistikoarena, adibidez. Euskaltzaletasunean armairuaren analogia erabili izan da. Hala sentitzen da: bollera izatea eta euskaraz bizitzea normaltasunaren aurka egitea da. Eta alde batetik edo bestetik, borrokatzea dagokizu, baita bi zentzutan borrokatzea ere. Horrek estres-linguistiko bat sortzen du, argi eta garbi, eta zama sentipena. Eztabaida mahai gainean dago: ikusgaitasuna exijitu behar al diegu pertsonaia publikoei? ‘Outing’-aren debatea da hori. Zilegi al da aipatzea pertsonaia bat bollera dela, demagun bertsolari bat, jakinda berak ez duela bere burua horrela posizionatzen?

Feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko lotura asko landu da, baita estrategien inguruko eztabaidak ere. Gure kasura ekarrita, gauza bera da. Zer egin behar dugu: seduzitu, konfrontatu…? Produktu kultural propioak izatearen beharra beste elementu amankomun bat da. Kezka hori presente dago bietan, baita komunitatea indartzearen beharra ere.

Kulturgintzatik egindako aurrerapausoak aipatu ditugu. Baina militantzian oraindik ere kontrajarri moduan sentitzen diren bi mundu al dira euskalgintza eta mugimendu transmaribibolloa?

Egia da pandemiaren ondorioz nahiko momentu likidoan dagoela militantzia, baina badaude azpimarratzeko kasuak. EHGAM esaterako, 90eko [i.e. 70eko] hamarkadan sortu zen eta euskalduna zen. Berpizten ari da orain eta berriz ere euskaratik ari da egiten. Belaunaldi berri bat egon da, orain malkartsu dagoena, baina espazio berriak sortu dituena. Bollo-bertso saioak aipatu ditut aurrez, militantzia eta kulturgintzaren arteko mugak lausotzen direlako. Egia da azken urteotan hiriburuetako elkarte bolleroak ahuldu egin direla, baina herrietan talde berriak sortu dira, eta kasu askotan, euskaraz jarduten dute edo elebidunak dira. Beraz, nabari da Euskal Herriko errealitate linguistikoa aldatu dela eta ulertu dela euskara badela militatzeko hizkuntza apropos bat. Koherentzia moduko bat eskaintzen du: hegemonia baten kontra egiten duzunean, koherentea da gainerako hegemoniak ere zalantzan jartzea.

Lesbiana eta bollera izendapenen artean bada desberdintasunik. Pisuzkoa askotan. Zein hautu egin duzue zuek terminologikoki?

Partaideen esku utzi genuen hori. Belaunaldien arteko desberdintasuna sumatzen da. Nagusientzat lesbiana bada termino politiko bat, bere garaian ikusgai izatea lesbiana moduan oso apurtzailea izan zelako eta lesbianismo politikoan kokatzen direlako. Azken urteotan, LGTBI identitateak neurri batean normalizatu egin direnez, gazteek beharra ikusten dute ‘bollera’ edo ‘gouine’ bezalako termino konfrontatiboak erabiltzeko, iraina geureganatzearen ariketatik datozenak. Hala, desberdintasuna markatu nahi da bolleren eta heteroarauan nahiko eroso txertatu diren lesbiana aberats, zuri, lirain... horien ―identitate ez-politikoen― artean.

Mariokerrak hitza asmatu dugu guk. Amaia Alvarez Uriaren ekarpena izan da, queer-en baliokide moduan erabiltzeko. Azken boladako beste eztabaida bat da ea identitateen politikatik atera eta zisheteroarauaren aurkako fronte bateratua osatu behar dugun, proiektu politiko amankomuna osatuz. Ondarroan, adibidez, ‘desbiderau’ hitza erabiltzen dute. Beste bide posible bat iruditzen zait. Ez soilik sexu orientazioak izendatzeko, baita arautik ateratzen garen pertsona arraro eta desbideratuak modu zabalagoan izendatzeko ere.

Bollojabetza gisa definitu duzue bi urtetako lana. Zer esan nahi duzue zehazki horrekin?

BALA kolektiboaren ekarpena da hori. Durangon ospatutako azken Jardunaldi Feministetan haien ponentziarako erabili zuten hitza. Iruditzen zaigu ikusgaitasun lesbikoa ardatz duen proiektu profesional edo militante batek behartu egin behar zaituela zure eguneroko bizitzari esanahia ematera. Adibidez, gertatu zaigu gazte sortzaileak liburuan parte hartzera gonbidatzean, zalantza egitea. Badirudi oraindik arraroa dela norbaiti ‘zu bollera zara?’ galdetzea. Errepresentazioen kapituluan ere gertatu zaigu zein artista aipatu eta zein ez zalantza egitea. Barneko zein kanpoko armairuekin egin dugu topo proiektuan zehar. Horregatik, bollojabetza ariketa kolektiboa izan da, baina baita norbanakoena ere.

miércoles, 14 de junio de 2023

#hemeroteka #bolleroak | 'Mariokerrak, nola esan/izan bollera euskaraz', plazaraturik

Berria / 'Mariokerrak' liburuaren aurkezpen solasaldia, atzo //

'Mariokerrak, nola esan/izan bollera euskaraz', plazaraturik

Alvarez Uria eta Fernandez Casete «komunitate bolleroaren hegemonia linguistikoari buruz» aritu dira
Berria, 2023-06-14
https://www.berria.eus/paperekoa/5001915/006/003/2023-06-14/mariokerrak-nola-esanizan-bollera-euskaraz-plazaraturik.htm

«Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubigintza egin den moduan», Amaia Alvarez Uriari eta June Fernandez Caseteri iruditzen zaie asko sakondu daitekeela «hegemonia linguistikoaren eta heteroarauen loturen artean». Egile biek ‘Mariokerrak, nola esan/izan bollera euskaraz’ obran garatu dute ildo hori, eta lana plazaratu zuten atzo, Gasteizen. Txalaparta argitaletxeak kaleratutako lanean, Alvarez Uria eta Fernandez Casete Zinegoak elkarteak egindako proposamen bati tiraka aritu dira, «euskararen eta lesbianen komunitatearen ardatzak nola gurutzatzen diren aztertzeko».

Lau ataletan banatu dute liburua: batetik, hiztegi labur bat dago, «bolloen komunitateak» bere burua euskaraz nola izendatzen duen ikusteko. Bestetik, talde lesbofeministekin egindako elkarrizketetan oinarritutako gogoeta bat jasotzen du obrak, komunitate jakin horren eta euskararen arteko gurutzaketak nolakoak izan diren jakiteko. Hirugarrenik, euskal kulturan «bollerak irudikatu ote diren» aztertu dute; eta, azkenik, lesbianei buruz diharduten euskal idazle, musikari, irudigile, bertsolari eta artisten sorkuntza piezak bildu dituzte.

Argitaletxeak dio «desira lesbikoaren glosario hutsetik haragoko» tresna bat izan nahi duela liburuak, «euskal bolleren identitate eta praktika linguistikoen erradiografia oso bat». Argia eta ahotsa eman nahi die «hizkuntza minorizatuaren eta sexu disidentziaren intersekzioen ertz askotarikoei».

jueves, 1 de junio de 2023

#libros #bolleroak | Mariokerrak : nola esan-izan bollera euskaraz

Mariokerrak : nola esan-izan bollera euskaraz / Amaia Alvarez Uria, June Fernandez Casete.
Iruñea : Txalaparta, 2023 [06-01].
184 p.
Serie: Literotura.

/ EUS / ENS / Libros / Bolleras / Euskal Herria / Euskara / Identidades / Lesbianismo / Lesbofeminismo / Terminología

📘 Ed. Impresa: ISBN 9788419319562 / 18,50 €
📝 Cita APA-7: Alvarez Uria, Amaia, & Fernandez Casete, June (2023). Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz. Txalaparta.

[.eus] Komunitate bolleroan hegemonia linguistikoa arrakalatu egin da azken urteetan, eta ontzat ematen da euskarak militantziarako duen potentzialtasun politikoa. Hori ikusita, Zinegoak elkarteak egindako proposamen bati tiraka, euskararen eta lesbianen komunitatearen ardatzak nola gurutzatzen diren aztertu dute autoreek. Lau ataletan banatu dute liburua: batetik, hiztegi edo glosategi labur bat, bolloen komunitateak bere burua euskaraz nola izendatzen duen ikusteko; bestetik, Euskal Herriko talde lesbofeministekin egindako elkarrizketetan oinarritutako gogoeta bat, bolleren komunitatearen eta euskararen arteko gurutzaketak zeintzuk eta nolakoak izan diren jakiteko; hirugarrenik, euskal kultura edo arteetan bollerak irudikatu ote diren aztertu dute eta, hala izan bada, nola; azkenik, bollerei buruz diharduten euskal idazle, musikari, irudigile, bertsolari eta artisten sorkuntza piezak bildu dituzte. Horrela, desira lesbikoaren glosategi hutsetik harago, liburu honek tresna bat izan nahi du: euskal bolleren identitate eta praktika linguistikoen erradiografia oso bat eginez, hizkuntza minorizatuaren eta sexu disidentziaren intersekzioen ertz askotarikoei argia, ahotsa eta plaza eman nahi die, ikusgarritasun lesbikoaren mesedetan.