viernes, 14 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #francisaldia | "Ezerk eta inork ez du lortuko gu berriro ezkutatzea"

Bandera ortzadarra herri sarreran //

"Ezerk eta inork ez du lortuko gu berriro ezkutatzea"

Vicente Vadillo Santamaria 'Francis' gogoan izan dute gaur eskaini dioten omenaldiarekin. Ortzadar bandera herri sarrerako mastan igo, eta omenaldia egin diote Iztieta auzoan hura gogoratzeko dagoen oroigarri ondoan.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-06-14
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/06/14/ezerk-eta-inork-ez-du-lortuko-gu-berriro-ezkutatzea/

Vicente Vadillo Santamaria 'Francis' gogoan izan dute gaur eskaini dioten omenaldiarekin. Ortzadar bandera herri sarrerako mastan igo, eta omenaldia egin diote Iztieta auzoan hura gogoratzeko dagoen oroigarri ondoan.

Astelehenean 45 urte bete ziren Francis hil zutela, eta gaur herrikidea gogoan omenaldi goxoa eskaini diote dozenaka herritarrek. Alabergako biribilgunetik abiatuta, herri sarrerako biribilguneko mastan ortzadar bandera igo dute aniztasunaren aldarri; bertan izango da bandera uztailaren 1a arte. Aurtengo omenduak, Kuir Artxibo Biziko kideak izan dira, eta haiek igo dute bandera mastan gora gerturatutakoen txalo artean.

Eskertuta oso hartu dute hitza, “ekitaldi honetako unerik bereziena guri, gure kuir artxiboari eskaini diguzue,eta ezin dizuegu nahikoa eskertu, ohorea da gaur hemen zuekin egotea, herriko transmaribibolloen goxotasunean”. Hausnarketara deitu dute Errenteria-Oreretaren memoria biziaren inguruan, eta memoria definitu dute: “Gertakari baten oroitzapena, bidegabekeriaren aurrean erantzuna, herri oso baten borroka, eskubideen aldeko lan gogorra. Memoria bizi duguna eta bizitzen ari garena partekatzea da, batzuetan hori desitxuratzea eta inoiz ez ahaztearen ahalegina egitea, datozen belaunaldiei errealitate bat erakustea, bideak urratzea eta etorkizun posible eta zoriontsu bat ortzi mugan marraztea”.

Oreretak “kuir memoria sendoa” duela ere esan dute eta horrek euren borrokaren oinarriak sustatu dituela jakin badakitela, eta horregatik nahi izan dutela memoria hori jasotzen jarraitzeko ariketa egin, “LGTBI pertsonen testigantzak jaso eta haien ahotsak gure memorian gordetzea lan hunkigarri izan da, esker anitz borondatez eta mimoz gurekin ireki eta esperientziak partekatu dituzuen guztiei: Bidea gurekin egiteagatik eta bide erakusle izateagatik, mila esker”.

Francisi ere, ezinbestean aipamena. Baita Mikel Martin Conde Mikelari ere, “eskerrik asko beti han izateagatik eta inoiz ez ezkutatzeagatik”. Horrekin batera, eurentzat erreferente diren pertsonen zerrenda amaigabea egin dute ondoren”. Zirrikituak irekitzen jarraitzeko deia bukatzeko, “garen guzti horrek gure herrian lekua eta errekonozimendua izan dezan”.

Bandera igota, kalejiran abiatu dira Iztietako ortzadar zebrabidera. Lore eskaintza egin diote Francisi, eta bere sorleku izan zen Loperako (Jaen, Andaluzia, Espainia) alkate orde Fran Sevillak hartu du hitza. Lehenik eta behin eskerrak eman ditu Francis oroitzen jarraitzeagatik , udalari gure bizilagunaren memoria bizirik mantentzen jarraitzeagatik”. Ez zuela Francis ezagutzen aitortu du, eta haren berri lehen aldiz, Xabier Susperregik iaz idatzitako liburuaren harira izan zuela, “gerora jakin dut ni bizi naizen kale parean bizi zela, ia bizilaguna nuela”.

Francisen izena daraman kalea Loperan gertuago

Gaur Errenteria-Oreretara egindako bisitan, gainera, jakinarazi du Francisek Loperan kale bat izan dezan lanean ari direla, “espero dugu ahalik eta eperik laburrenean izatea hori”. Vicente Vadillo Francisen izena Loperako kale bati jartzeko kanpaina abiatu zuten pasa den urrian. Badirudi egi bihurtuko dela, “udaletik gertu den kale bat bilatzen ari gara, zentrikoa haren izena jartzeko. Espero dut agintaldi honetan izatea”. Txaloekin erantzun diote bildutakoek. Bukatzeko, gaurkoa, Errenteria-Orereta eta Lopera arteko topaketa askoren elhena izatea espero duela esan du Sevillak.

Dantza, lore eskaintza, eta hura bukatuta kalejiran berriro oraingoan Herriko Plazara. bertan manifestua irakurri du OK Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak.

Atzera egin dute 45 urte, “duela 45 urte gure historia aldatu zen. Francisen hilketaren ondorioz, lesbianak eta gayak kalera atera ginen lehen aldiz, Oreretan eta Donostian, ‘hemen gaude, eta ez gara ezkutatzen’ oihukatuz”. Hortik aurrera ezer ez zela berdina izan ekarri dute gogora, “45 urte geroago kalera irteten jarraitzen dugu, hemen bildu gara Francis gogoratzeko, baita gure aurreko guztiak ere: batez ere Altxu, gure Madelon, Emili eta Mikela. Gure oroimenean zaituztegu”.

Urte berezia dela gaurko ere esan dute, lehenengoz Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak deituta bildu direlako: “Topagune berri bat jende anitzentzat, baina ikusgarritasunarekin eta transmaribollo borrokarekin konprometitua Oarsoaldean”. Izan ere, orain inoiz baino gehiago da beharrezkoa ahotsa altxatzea esan dutenez, “aurrean daukaguna gero eta okerragoa baita”. Mezu argia haientzat: “Ezerk ezta inork ere ez du lortuko gu berriro ezkutatzea. Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen”.

Matxismoa, zisheteronorma eta LGTBI+fobia salatu dute, aurten ere, “berriro diogu poliziak ez gaituela zaintzen, gure ahizpek zaintzen gaituztela”. Eta horretara deitu dute, elkar zaintzera.

Gero eta gehiago direla urtetik urtera balioan jarri dute gaurkoa dierazpen horretan, baita askotarikoagoak direla ere, “gero eta genero adierazpen gehiago ditugu, eta identitate sexual generikoago gehiago ezagutzen ditugu: bollerak, maritxuak, transak, trabestiak, trabolakak, bisexualak, intersexualak, ez bitarrak, androginoak, pansexualak, polisexualak, asexualak, arromantikoak, demisexualak, kuirrak , eta gure marik esaten zuen bezala, tris tras tres eta behar diren guztiak”. Borroka transmaribolloren aldeko eta Francis, Altxu , Emili eta Mikelaren omenezko oihuekin eta txalo artean bukatu dute ekitaldia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.