viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen, 45 urte geroago

Aurtengo Francisaldia Oreretan //

Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen, 45 urte geroago

Julen Zabala Alonso · Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadora | Berria, 2024-06-28

https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/hemen-gaude-eta-ez-gara-ezkutatzen-45-urte-geroago_2127252_102.html

Duela 45 urte gure historia aldatu zen. Francis-en hilketaren ondorioz, lesbianak eta gayak kalera atera ginen lehen aldiz, Oreretan eta Donostian, «hemen gaude eta ez gara ezkutatzen» oihukatuz. Ordutik aurrera, ezer ez zen berdin izan. Orain, 45 urte geroago, ekainean kalera irteten jarraitzen dugu. Eta ekainaren 28 honetan, Stonewalleko matxinadatik 55 urtera, berriro elkartzen gara Vicente Vadillo Santamaria Francis gogoratzen jarraitzeko. Eta baita gure aurreko guztiak ere, batez ere Altxu, gure Madelon, Emili eta Mikela. Gure oroimenean zaituztegu oraindik, eta berriro honakoa aldarrikatzen dugu: «Francis, gogoan zaitugu!».

Aurtengoa ere urte berezia da. 45 urte geroago, ikusgarritasunaren eta borroka transmaribibolloaren aldeko konpromisoa berritu genuen Euskal Herri osoan. Izan ere, orain inoiz baino gehiago behar dugu gure ahotsa altxatzea, inoiz baino indar handiagoz, aurrean daukaguna gero eta okerragoa baita. Baina ezerk eta inork ez du lortuko gu berriro ezkutatzea. Ez, indar handiagoz oihukatzen dugu berriro, «hemen gaude eta ez gara ezkutatzen».

Eta aurten ere matxismoa, zisheteronorma eta inguratzen eta harrapatzen gaituen LGTBI+fobia salatzen ditugu. Berriro diogu poliziak ez gaituela zaintzen, gure ahizpek zaintzen gaituztela. Eta gure artean zaintzen jarraitu behar dugu, jazarpena jasaten dutenak zaintzen, edozein indarkeria jasaten dutenak zaintzen, eta harreman toxikoa gainditzeko premia dutenak zaintzen. Gure esku dago, noski.

Eta jarraitzen dugu esaten urtetik urtera gero eta gehiago garela, hasi ginenak baino askoz gehiago. Eta orain ere esan behar dugu askotarikoagoak garela. Nahiak eta sentimenduak askotarikoak dira. Gero eta genero-adierazpen gehiago ditugu eta identitate sexual-generiko gehiago ezagutzen ditugu, eta sexu-orientazioa ere askotarikoa da. Horrela, hemen gaude eta ez gara ezkutatzen: bollerak, maritxuak, transak, trabestiak, trabolakak, bisexualak, intersexualak, ez bitarrak, androginoak, pansexualak, polisexualak, asexualak, arromantikoak, demisexualak, kuirrak eta, gure mari Mikelak esaten zuen bezala, tris-tras-tres eta behar diren guztiak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.