viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Julen Zabala: «Adineko LGTBI+ pertsonei begirako politikarik ez dago»

Julen Zabala, OK! Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorako kidea //

Julen Zabala · OK Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorako kidea:
«Adineko LGTBI+ pertsonei begirako politikarik ez dago»
Lehen urratsak egin ditu OK Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak. LGTBI+ Mahaia, Mikelaldia eta Kuir Artxibo Bizia dira antolakunde berriaren oinarriak. Lehen erronka: sendo finkatzea
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-06-28
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/06/28/adineko-lgtbi-pertsonei-begirako-politikarik-ez-dago/

Francisaldiaren testuinguruan hasi du hegaldia OK Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak. Arlo instituzionaletik kanpo egitura izatea ezinbestekoa jota hasi du bidea, ez hutsetik ordea, LGTBI+ Mahaia, Mikelaldia eta Kuir Artxibo Bizia baititu oinarrian.

OK Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadora argitara atera duzue Vicente Vadillo Francis-en omenez egindako transmaribibollo kalejiran. Nola izan da sorrera prozesua, eta zein helburu duzue esku artean?
Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren kontrako egunaren harira egin genuen lehen deialdia. Arlo instituzionaletik kanpo egitura bat izatea garrantzitsua zela iruditu zitzaigun. Errenteriako Udalean LGTBI+ politiken Aholku Kontseilua martxan da, baina herri mugimenduan horrelako egitura izatea ezinbestekoa jo genuen. Kuirdinadoraren oinarrian, hiru elementu daude: LGTBI+ Mahaia izan zena, Mikelaldia, eta Kuir Artxibo Bizia. Ez gara hutsetik abiatu. Zeuden dinamikak hartu ditugu hortik ekiteko. Harremanetan gaude orain, Oarsoaldera zabaltzeko. Gaur-gaurkoz, Errenteria-Oreretako jendea dago gehienbat, eta Pasaiakoren bat ere bada.

Zein da egoera Oarsoaldean? LGTBI+ kolektiboarekiko urratsik egin al da?

Baditugu abantaila batzuk. LGTBI+ Politiken Aholku Kontseilua sortuta dago Errenteria-Oreretan, plan estrategikoa dago, lan ildo batzuk, eta horri jarraipena egitea dagokigu. Udal osoak du LGTBI+ begirada; adinekoei begirako etxebizitzen proiektuan, esaterako, LGTBI+ begirada txertatu du udalak. Izan ere, adineko lesbiana, trans eta homosexualak egon bagaude, eta oso airean utzi dira beti adineko LGTBI+ pertsonei begirako politikak. Zaharren egoitzetara joatea armairura itzultzea da, ez dago sentsibilitaterik kolektiboaren inguruan. Apurtu beharreko eskema asko dago, eta adi egon behar dugu, prestatu zaindu behar gaituztenak. Erronka potoloa da gai honekin duguna.

LGTBIfobiaren kontrako behatokia martxan jartzea izango da aholku kontseiluaren beste egiteko bat. Eta ezin dugu ahaztu elkar zaintza, hori ere erronka bat da.

LGTBIfobia existitzen da Oarsoaldean eta Bidasoan?

Bai noski, ez gaude oraindik jendarte tolerante batean. Egia da ez dela arrisku handikoa. Eraso matxistak edo jarrera oso matxistak ditugu, eta horrekin batera mikromatxismoa, eta mikroLGTBIfobia. Jaiak iritsiko dira, eta eraso LGTBIfobikoak izango dira. Beste kontu bat da horien berri izango dugun edo ez, baina luma handia daukanak, edo ezberdina denak sufritzen du, hala da. Oso leku seguru gutxi dago.

Ikusezina baina oso ugaria den beste biolentzia mota intragenero indarkeria da. Harreman toxikoak ere badira gure artean, eta hori ere mahai gainean jarri behar dugu.

Belaunaldi gazteek gero eta informazio gehiago dute eskura, baina LGTBIfobia ere ematen da haien artean.

Hezkuntza da bidea. Hezkuntza sisteman dugu porrotik handiena, ez dago programa zehatzik. Hausnarketa eskatzen du, eta hezkuntza planean sartuta egotea ez soilik osasun sexuala, baita heziketa afektiboa ere. Pluraltasuna eman behar da. Egia da ikusgarritasuna aldatu dela, telebistan, sareetan eta komunikabideetan gaur egun hitz egiten dute, transexualitateaz batez ere. 20.000 especies de abejas bezalako film batek ikusgarritasun handia ematen du. Garai batean inondik inora ez genituen erreferenteak daude gaur egun. Hala ere, hezkuntza sisteman estereotipoek zama handia dute, patioen diseinua, jokoak… 14-16 urteko gazte bat ausartuko da etxean edo lagunei esaten «neskak gustatzen zaizkit, mutilak gustatzen zaizkit?». Bide luzea dago oraindik. Zaila da.

Adi egon behar dugu beti, eta LGTBI+ perspektiba transbertsalki landu.

Kuirdinadora gisa, zer edo zer prestatu duzue gaurko?

Jai handia antolatu dugu, Arkaitza tabernan. Donostiako manifestaziora deitu dugu, garrantzitsua iruditzen zaigu indarra ematea deialdi horri, azken 12 urtean jende gaztearen parte hartzea handitu da, eta urtero autobusean noala manifestazio horretara, atentzioa ematen dit Pasaian gazte asko igotzen direla banderarekin. Manifestazioak indarra izatea garrantzitsua da, eta ezin dugu sakabanatu.

Lehen manifestazioa 1979an egin genuen, Francis hil zutenean, ez zen 28an izan, 12an baizik. Hura gure lehen ekainaren 28a izan zen. Donostian egin nahi genuen 1979ko 28an, asko ginen, baina atzera egin genuen, oso zaila egiten zitzaigulako aurpegia ematea, ez ginen ausartu. Baina Francisen hilketa gertatu zen, beldurra gainditu, eta kalera atera ginen. Pankartan gindoazen guztiak EHGAMekoak ginen. Ekainaren 12 hura gure lehen ekainaren 28a izan zen. Hortik aurrera urtero atera gara ekainaren 28an kalera.

Manifestaziotik bueltan elkartuko gara, eta jai giroan egingo dugu 23:00etatik aurrera; lumadun jai irekia izango da, bat egin nahi duen ororentzat.

Europako Parlamenturako azken hauteskundeetan gora egin du ultraeskuinak. Irakurketa?
Aurretik esan dudana, adi egon behar dugula beti, alerta egoeran. Ezin dugu pentsatu atzera bueltarik ezin dela gertatu lortutako eskubideetan, denak egin dezake atzera. Hemen oraindik ez dago beste lekuetan dagoen mehatxua, baina ikaragarria da oso, beldurgarria. Gurera etorrita, Bilbon urteak daramate LGTBI+ kolektiboa erabiltzen eta aurpegi garbiketa egiten Priderekin, turismoa eta gure kolektiboarekin kontrajarriak diren balioak sustatzen. Gero jazarpena egiten du hango Udaltzaingoak 'ligoteo' zonaldetan. Ikusgarritasuna eman bai, baina beraiek erabakitzen duten arlotan, dirua ekartzen dien eremuetan.

Kuirdinadoraren erronka behinenak zeintzuk dira?
Kuirdinadora gisa finkatzea. Hamabost lagun ari gara, denak oso arlo ezberdinetakoak, aktibismo historikotik gatozenak eta jende gazteagoa. Guztiok batzen gaituena izaera kritikoa da. Gaur egungo jendeak ez du ulertzen militantzia guk ulertzen genuen moduan, Mikelak [Mikel Martin Conde] edo Madelonek [Santi Vicente Altxu] ulertzen zuten bezala, goizetik gauera arteko militantzia. Politika instituzionalen jarraipen estua egitea izango da gure lana, kontrapisu lana egitea gure beharrak bermatzeko, ahaztu gabe LGTBI+ Mahaiaren jarraipena garela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.