viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi | Egoitz Arbiol eta Edurne Gallo: "Etorkizuna ez da batere iluna LGTBI jendearentzat"

Egoitz, Hiruki Larroxa taldearen kidea, eta Edurne, Hondarribiko Berdintasun teknikaria //

Egoitz Arbiol eta Edurne Gallo: "Etorkizuna ez da batere iluna LGTBI jendearentzat"

Hilaren 25ean Hiruki Larroxa gizarte ekimeneko kooperatibako kide den Egoitz Arbiolek sexu aniztasunaren gaineko hitzaldia eman zuen, Berdintasun teknikariaren iniziatibaz.
Ane Mendizabal Sarriegi | Bidsasoako Hitza, 2024-06-28
https://bidasoa.hitza.eus/2024/06/28/etorkizuna-ez-da-batere-iluna-lgtbi-jendearentzat/

Hiruki Larroxa transformazio sozialera dedikatzen den gizarte ekimeneko kooperatiba txiki bat da. LGTBIQ+ gaiak, gizontasuna, pedagogia feminista eta fazilitazioa lantzen dituzte, eta horretarako, ikerketak, dinamizazioak eta dokumentazio lanak egiten dituzte, besteak beste. Edurne Gallo, berriz, udaleko lehen Berdintasun teknikaria da. 2024ko apirilean hasi zen jardunean. Ordutik, «ikuspegi transfeminista» izango duen Berdintasunaren diagnostikoaren lanketa abiatu, eta Hiruki Larroxak dinamizatu zuen sexu aniztasunari buruzko hitzaldi-tailerra antolatu du. Hondarribian ez dago LGTBIQ+ pertsonak biltzen dituen kolektiborik, eta udalerrian sareak ehuntzen hasteko prozesu baten lehenengo urratsa izan da egitasmoa.

Egoitz, nolakoa izan zen sexu aniztasunaren gaineko hitzaldi-tailerra?
Egoitz Arbiol: Gure ideia hirietako LGTBI mugimenduetatik kanpo gertatzen denari buruz hausnartzea izan zen, herrietan gertatzen denari buruz hitz egitea, hain zuzen. Egia da LGTBI jendea, asko eta asko, herrietakoak garela eta askotan hirietara mugitzen garela. Ematen du hiriak panazea bat direla aske bizitzeko, baina gero konturatzen zara hiriek badituztela interesgarriak eta, pertsonalki, asegarriak diren hainbat dinamika, baina era berean, kaltegarriak direnak.

Hortaz, herrietan geratzen garenon aldetik zer egin dezakegun, hau guztia nola bizi dugun, zer kritikatu dezakegun, zer ez, zer sare izan ditzakegun... Horretaz guztiaz aritzeko lanketa izan da.

Nola banatu zenuten saioa?
Arbiol: Lehenik egiturazko indarkeriaz eta indarkeria mota espezifikoez hitz egin genuen: LGTBIfobiaz eta homofobiaz. Gero, exilioaz eta armairuaz, eta ondoren, pentsatzera jarri ginen, Hondarribiko eta Bidasoko LGTBI pertsonen proposamenak eta hausnarketak ezagutzeko.

Edurne, zergatik proposatu zenien Hondarribian hitzaldi-tailer bat ematea?
Edurne Gallo: Eskaria egin nien, beren jakituria, lanketa eta eskarmentua hona ekarri nahi nituelako. LGTBIfobiaren kontrako eguna —maiatzak 17— eta LGTBI Kolektiboaren Eguna —gaur da— ziren aitzakia. Egun horien artean herrian zerbait piztea nahi genuen.

Beren proposamenarekin ulertu nahi genuen Hondarribian LGTBI kolektiboko banakakoak dauden arren, zergatik ez dagoen kolektibo bat. Norbaitekin hitz egin nahi badut honetaz, herrian, ez dakit nora jo. Esan nahi dut: emakume edo talde feministekin hitz egin nahiko banu Emekirekin edo Irakurketa Talde Feministarekin egingo nuke. Baina hemen zein da zilegitasuna duen kolektiboa? Ez dago, edo nik behintzat ez dut ezagutzen. Esanguratsua da hori. Horregatik esaten da sexilioa gertatu dela. Agian ez da kolektiborik sortu herritik kanpo joan behar izan dutelako beren armairuetatik ateratzera. Horregatik, zertan ez hori herrira ekarri, errekuperatu eta ikusi nola artikulatu daitekeen.

Hitzaldi-tailerra eskaini zenuten. Formatu hori eraginkorra al da?
Arbiol: Argi daukat tailerrak hitzaldiak baino askoz ere eraginkorragoak direla. Informazioa helarazi eta jendeak hartu egiten du, baina informazio hori ez baduzu konfrontatzen, ez baduzu uzten parte hartzailea egiten… Jendea bere argazki propioarekin identifikatzen da, baina ez dauka konpartitzeko aukerarik. Eta honetan guztian garrantzi handia dute bizipenek. Teoriaz hitz egiten dugu, baina lurrera jaitsi behar dugu ere. Hondarribian aniztasuna nola bizi den eta zer gauza gertatu diren ezagutu behar da. Ez bakarrik ezagutzeko zein indarkeria mota bizi izan diren, baizik eta jakiteko zer biziraupen estrategia garatu diren.

Hernanin ikerketa bat egin genuenean honakoa ikusi genuen: beti gabiltza esaten LGTBIfobia dagoela, baina egon dira sareak ni jaio baino 30 urte lehenenago, Hernanin bertan, ezagutzen ez nituenak. Eta hori ezagutzen da jendeak hitz egiteko aukera daukanean. Saretxoak ere hor hasten dira sortzen. Talde izaera duen zerbaitek babesa ematen dizu, eta herria bizigarriago bihurtzen dizu. Horregatik egiten ditugu tailerrak, jendeak parte hartu, hitz egin, pentsatu eta aipatu dezan nola egin daitekeen aurre, adibidez, arratsalde batean komentario homofoboren bat gertatzen bada. Oso sortzailea izan daiteke jendea. Badago joera bat, ez dakit nork sustatuta, hedabideek agian, dramatismora jotzeko, eta poz asko dago ere. Horri leku bat egin behar zaio tailerretan.

Aldi berean, teoriatik errealitatera jaisteko pausu hori ematea garrantzitsua da, ezta?
Arbiol: Noski. LGTBI eta sexu disidenteen kolektiboari asko gustatzen zaigu hausnartzea eta pentsatzea, baina uste dut beharrezkoa dela guztia lurreratzea. Zer egin dezakegu gaur-gaurkoz? Nondik hasi gaitezke? Ez dute zertan izan behar izugarrizko dinamika utopikoak: geratuko gara afari bat egiteko? Hasiko dugu irakurketa ziklo bat? Edo eraso bat gertatzen bada, egingo dugu elkarretaratze bat? Hori guztia nola lurreratu jakitea garrantzitsua da.

Udalak nola lagundu dezake?
Gallo: Hitzaldi-tailerra lehenengo aitzakia izan da, gerora bidea egin nahi dugu. Horretaz ari ginen hizketan hain justu. Ikusten afera bera nola bideratu, eta udal politiketan nola eragin. Zer esan nahi du horrek? Zeharlerroan ere hori lantzea, eta eragileen artikulazioa bideratzea. Eragile horiei udal politiketan espazioa eman eta baliabideak bideratu behar ditugu. Aldi berean, Berdintasun diagnostikoa egiten ari gara, eta gure lanketa transfeminista izango da. Gai hauek sartuta behar dute egon, eta egongo dira. Hala ikusiko dugu zer beste behar, hutsune, erronka edo indargune dauden gaiari heltzeko.

Aipatu duzu azken urteetan LGTBI fobia areagotu dela. Nola ikusten duzu egun gizartea?
Arbiol: Gaur goizean [Elkarrizketa hilaren 25ean egin zen] formazio batean egon gara, Z belaunaldiaren ingurukoa. Egun, izugarrizko harrabotsa anti-feminista bizi dugunaren sentsazioari buruz aritu gara. Hau da, egoera zail edo oso biolento batean bizi garela dirudiela. Datuek, ordea, bestela diote. Diote belaunaldi prestatuena, anitzena, aniztasun gehien barnebiltzen duena eta feminismoari dagokionez jakintsuena dela. Are, gizontasuna ere beste era batekoa dela diote. Noski, badago anti-feminismo antolatu bat. Sare sozial eta digitaletan ikusten da hori, adibidez. Baina aurrean gazte oso indartsu eta antolatuak dauzkate.

LGTBIfobiari dagokionez, datuek gora egin dute Eusko Jaurlaritzak dituen datuen arabera. Erasoen salaketek, adibidez, gora egin dute. Baina ez dira soilik kontzientziazio maila altuagoa delako igo, erasoen gorakada bat ematen ari delako ere bai. Erasoak ultraeskuinaren bidez zilegi bihurtu dira, besteak beste, LGTBI jendea anti-naturala dela uste dutelako. Eta bai, hori oso larria da. Baina uste dut jendartea ez dela batere inozoa eta ez duela hori babestuko. Gertatzen ari da, baina erantzuna ematen ari zaio. Ez datoz garai ilunak, kontrakoa baizik.

Zergatik diozu hori?
Arbiol: Borrokaren oso momentu klabean gaudela uste dudalako. Beldurra egon daiteke, faxistak hemen daudenaren sentsazioa. Matxista oso erradikalizatu batzuk ere badaude, baina ez ahaztu ‘batzuk’ hori. Hemen daude eta indarra dute, baina uste dut aniztasunaren aldeko borrokan dagoen jendeak indar asko duela ere eta mugimendu feministarekin, adibidez, ikusi da hori. Orduan, bai, gertatzen ari da, baina geldituko ditugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.