viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Sexu eta genero identitatearen «garapen askerako eskubidea» defendatu dute udal talde guztiek

Erakunde Adierazpen bateratua onartu dute udal ordezkariek //

Sexu eta genero identitatearen «garapen askerako eskubidea» defendatu dute udal talde guztiek

19:00etan, manifestazioa abiatuko da Alderdi Ederretik.
Sara Ibarguren | Irutxuloko Hitza, 2024-06-28
https://irutxulo.hitza.eus/2024/06/28/sexu-eta-genero-identitatearen-garapen-askerako-eskubidea-defendatu-dute-udal-talde-guztiek/

Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta egindako erakunde adierazpena.

Udal talde guztietako ordezkariek adierazpena irakurri dute udaletxeko terrazan, ostadarraren koloreko alfonbra handiaren ondoan. Duela urte batzuez geroztik, alfonbra handi hori udaletxeko sarrerako eskaileretan zabaltzen da, LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko borrokaren babesa eta aintzatespena sinbolizatzeko. Era berean, gaur, udaletxeko erdiko balkoian kolektiboaren bandera ere jarri dute.

Erakunde adierazpenaren bidez, Donostiako Udalak “bat egiten du berdintasunerako duintasunerako eta sexu edo genero identitatearen garapen askerako eskubidearen defentsa garbian”. “LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira eta izango dira beti”, jaso du adierazpenak, eskubide horiek aitortzeko erakundeek eta pertsonek egindako lanari balioa emanez.

Jarrera LGTBIfobikoen aurrean “erabateko arbuioa” adierazi eta horiek desagerraraztearen alde lan egiteko duten borondatea berretsi eta gero, udal taldeek adierazi dute “beharrezkoa” dela adostasun zabalak lortu eta ehuntzea, beharrezko neurriak –legegintzakoak, administraziokoak eta bestelakoak– har daitezen, “Administrazioaren edozein mailatan sexu orientazioan edo genero identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatu eta ezabatzeko”.

Cristina Lage Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotziak gogorarazi du Donostiako Udalak lanean diharduela askatasunean eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza esparru bat eraikitzeko, sexu eta genero aniztasuna ere kontuan hartuta.

Ildo horretan, gogorarazi du duela gutxi argitaratu dela 2023an Donostian izan ziren LGTBI+fobia gorabeherei buruzko txostena, 2021ean eta 2022an egindakoen ondoren. Era berean, 2023an, Donostiako LGTBI+ Errealitateen Txostena egin zen, eta bertan kolektiboaren egoera eta eskaerak aztertu ziren.

Lagek azpimarratu du kolektiboak erakundeei egindako eskaeretako bat dela udal langileei sexu eta genero aniztasunari buruzko prestakuntza ematea: “Une honetan, prestakuntza ematen ari zaie udaleko langile publikoei, LGTBI+ kolektiboaren errealitateak behar bezala tratatzeko, horiek politika publikoetan txertatzeko eta diskriminaziorik eza eta aukera berdintasuna bermatzeko”.

Nazioarteko egun honi ikusgarritasuna emateko, Donostia Kulturako liburutegiek sexu eta genero aniztasunari buruzko liburu sorta bat eskainiko dute, Kursaala ostadarraren koloreko banderarekin argituko da, eta kartelak jarriko dira Dbus autobusetan eta udal instalazioetan.

Manifestazioa, gaur
Gainera, LGTBI+ arloan lan egiten duten elkarteek manifestaziora deitu dute. Alderdi Ederretik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.