viernes, 28 de junio de 2024

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | LGBTI borroka Donostian (1979-2024)

Kutxateka / Lehen urteetako manifestazio bat, Erdialdeko kaleetatik barrena //

LGBTI borroka Donostian (1979-2024)

Olatz Balda | Irutxuloko Hitza, 2024-06-28

https://irutxulo.hitza.eus/2024/06/28/lgbti-borroka-donostian-1979-2024/

LGBTI kolektiboak giza eskubideen aldeko borrokan dihardu, ozen eta ausardiaz. Donostian, klandestinitatea baztertu eta kaleak hartzeko pausoa eman zuen duela 45 urte, eta, ahotsa goratu zuenetik, gorputz eta errealitate guztiak bizigarriak izan daitezen egin du lan. Ibilbide horretan, borrokak aldatu eta ugaritu dira, baina guztiek dute etorkizun inklusiboagoa ortzi mugan.

Urtero legez, ekaina iritsi orduko, LGBTI kolektiboaren aldeko aldarriak nagusitzen dira nonahi. Zuriketa arrosaren bitartez, erakunde zein enpresek marketin eta politika estrategiak sortzen dituzte, euren taldea inklusibo bezain aurrerakoia dela ikusarazteko. Ostadarraren koloreaz apaindutako iragarki eta kanpainen atzean, baina, etekin pribatu eta pertsonalak gailentzen direla aldarrikatu dute Euskal Herriko hainbat kolektibok. Hala, harrotasuna beste modu batera aldarrikatzeko deia luzatu dute, ospakizun hutsetik baino, Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Egunak gehiago duelako borrokatik eta aldarrikapenetik.

Donostian, orotarikoa izan da LGTBI kolektiboaren borroka. Talde, gorputz eta egitasmo desberdinek osatu dute, une historikoarekin bat eginez. Mugimenduaren aldarriak ere orotarikoak izan dira eta modu desberdinetan gorpuztu zein artikulatu dira, garaian gariko beharren eta testuinguruen arabera. Borroka horrek belaunaldiz belaunaldi iraun du eta ikuspegi bakoitzak hurrengoari eman dio bide.

Atzera eginez, errepresio polizialaren aurkako aldarriekin batera abiatu zen kolektiboaren borroka, Stonewalleko matxinadetatik (AEB, 1969) hamar urtera. Trantsizio betean, askatasun hotsak ziren nagusi Espainiako Estatuan, eta beste hiri batzuetan bezala, 1977an sortutako EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduan ere, bozak goratzeko grinak gailentzen hasi ziren: «Eztabaida sakona zegoen taldean; manifestazioa egin nahi genuen, baina gehiegitxo iruditzen zitzaigun eta ez ginen ausartzen», azaldu du Julen Zabala EHGAMeko kideak (Tolosa, 1961).

Zabalak gogoan du, lehen mobilizazio haren bultzatzaile izan zela bizi osoko lagun eta militantzia kide izan zuen Mikel Martin Conde ‘Mikela’ LGBTI ekintzailea: «Mikelek iniziatiba hartu zuen, eta berak jarri zuen dena martxan», adierazi du. Martin duela urtebete zendu zen, eta lagunari oraindik dir-dir egiten diote begiek, hastapenetatik izan zuen borrokarako jarrera oroitzerakoan.

Klandestinitatetik, ikusgarritasunera
LGBTI kolektiboaren lehen mobilizazio publikoa ez zuten ausazko egun batean antolatu. 1979ko ekainaren 28ko aldarrikapenetarako egun batzuen faltan, Vicente Vadillo Santamaria Francis, Errenteriako transformista, tiroz hil zuen polizia batek bere jaioterrian. Erailketa horrek EHGAM astindu zuen goitik behera, eta eztabaida oro eten zuen taldearen barruan: «Francisenak ausiki egin zigun barrutik, eta bi egunetan prestatu genuen guztia».

Zabalak «eromentzat» jotzen du 1979ko ekainaren 12an egindako lehen mobilizazio hura. Orduko hedabideen arabera, 2.000 lagun batu ziren protestara Erdialdeko kaleetan, batik bat, indarkeria politikoaren aurkakotasunak bultzatuta: «Polizia bat izan zen hiltzailea, eta astebete lehenago Gladys del Estal hil zuen Guardia Zibilak. Giroa bero zegoen», dio Zabalak. Nolanahi ere, ‘Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen’ lelopean egindako lehen manifestazio horrek, ikusgarritasuna eman zion kolektiboari, eta bidea hasi zuen hurrengo urteetan ere kaleak hartu eta aldarrikapenak zabaltzeko: «Guretzat, gure Stonewall txikia izan zen».

Aldarrikapenak kalera ateratzetik harago, EHGAMek babes sarea eskaini nahi izan zion kolektiboaren parte sentitzen zen orori: «Gure arduretako bat sarea egitea zen, baina horrez gain, elkar zaintzen genuen, eta gure giroa ezagutarazten genion elkarri», du gogoan Zabalak. Lehen mobilizazioen atarian batu zen mugimendura, eta oso argi gogoratzen du garai haietako giro aldakorra: «Jendea joaten zen eta bueltatzen zen. 1979an, esaterako, gehiago ziren emakumezkoak gizonezkoak baino, baina urte gutxian, beste bide batzuk hartu zituzten».
«Lehen urteetan aliatuak behar genituen eta gure borrokak ere eurenak bazirela konbentzitzen saiatzea izan zen zailena» - Julen Zabala, EHGAMeko kidea
Zabalaren arabera, mugimendu feministetara jo zuten hasierako kide askok eta, ondoren, 1980ko hamarkadan sortutako Donostiako Emakumeen Batzarrera: «Egia da ura eta olioa gisakoak ginela garai haietan. Gay kolektiboaren barruan ere oso karga matxista eta misoginoa genuen». Talde desberdinetan banatu baziren ere, borroketan bidelagun izan zituzten «bakarrak» feministak izan zirela aitortu du EHGAMeko kideak: «Lehen urteetan, aliatuak behar genituen. Ezkerreko alderdi gehienak oso homofoboak ziren, eta gure borrokak eurenak ere bazirela konbentzitzen saiatzea izan zen zailena».

Zabalak azaldu duenez, EHGAMek borroka bere osotasunean hartu izan du hastapenetatik. Laizista, ekologista eta antimilitarista gisa aurkeztu zen eta intsumisioa bezainbeste defendatzen zituen nazioen eta gorputzen autodeterminaziorako eskubidea, feminismoa eta sexu askapena. Nolanahi ere, ezkerreko militantziarentzat «arraroak» izaten jarraitzen zuten: «Beti esaten zigun gure borrokak iritsiko zirela, baina aurretik goitik beherako aldaketak behar zituela gizarteak», azaldu du.

1980ko hamarkada: espazio propioak eta Hiesa
Demokraziako euskal erakundeak sortu berritan, instituzioetan bilatu zuten babesa, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren bultzada behar zutelako, orduan alegala zen elkartea legeztatzeko. Nolanahi ere, jeltzaleengandik ere ez zuten babesik lortu: «EAJ erabat homofoboa izan zen, eta gure jarrera guztien aurka agertu zen, beti aurka bozkatuta. Baina, noski, kontuan izan behar dugu orduan klandestinoak ginela», azaldu du Zabalak.

Hiria ez zen, inondik inora ere, espazio seguru bat. Frankismo garaitik eratorritako legeek kolokan jartzen zuten mugimenduaren bideragarritasuna eta kolektiboa bera. Besteak beste, Arriskugarritasunaren eta gizarte errehabilitazioaren legearekin (1970-1979) bizi izan zen taldea hilabete batzuez: «Egia da frankismoa amaitu ostean ez zela apenas aplikatzen gurean, baina ikerketen arabera, lege hori gehien aplikatu zuten hirietako bat Donostia izan zen», azaldu du Zabalak.

Bere hitzetan, turismoak bultzatuta eman zen gorakada hori batik bat, «oso deserosoa baitzitzaien» Donostiako postalaren erdigunean La Cuesta del Culo gisa bataiatutako eremua gay espazio izatea: «Mirakontxako inguru hori, gainera, kolektiboaren ‘cruising’ gunea zen, baina udalak eremu ilun guztiak argiztatzea erabaki zuen 1980ko hamarkadan, eta ‘pelotazo urbanistiko’ bat bultzatu zuen inguruan, luxuzko etxebizitzekin».

Kolektiboaren giro nagusia deseginda, hirian zehar sakabanatu zirela azaldu du Zabalak. Nolanahi ere, Hiesak ere eragin handia izan zuen espazio eta elkargune horren gainbeheran: «Hiesa 1980ko hamarkadaren amaieran iritsi zen, baina hemen 1990ean bizi izan genuen, batik bat». Zabalaren arabera, beste lurralde batzuetan ez bezala, homosexualekin baino, drogekin lotzen zen gaixotasuna Donostialdean, baina kolektiboa «estigma» horren itzalpean bizi izan zen, urte luzez.

Kide askoren heriotzak sortutako beldurrak barneratuta, urte horietan, harremantzeko moduak ere nabarmen aldatu zirela azaldu du. Sarea ahulduta, lehentasunak ere aldatu egin ziren, 1990eko hamarkadaren amaieran gaixotasunaren aurkako terapia bideragarriak topatu zituzten arte: «Gaixotasunaren kutsatzea saihesteko prebentzioa borroka kolektiboaren helburu nagusien artean kokatu zen, baina EHGAMen lanean jarraitu genuen, laizismoaren eta intsumisioaren alde eta diskriminazioaren aurkako kanpainekin».
«Hiesaren kutsatzea saihesteko prebentzioa borroka kolektiboaren helburu nagusien artean kokatu zen, baina EHGAMen lanean jarraitu genuen, laizismoaren eta intsumisioaren alde eta diskriminazioaren aurkako kanpainekin». - Julen Zabala, EHGAMeko kidea
Terapia bideragarrien topaketarekin batera sortu zen Gehitu, 1997an. Euskal Herrian mailan jarduten duen arren, Donostian du kokalekua, eta LGBTI kolektiboko kideei duintasuna, berdintasuna eta oinarrizko eskubideen erabateko aitorpena bermatu nahi izan dizkie hasieratik. Bide horretan, Berdindu izeneko arreta zerbitzua ezarri du kolektiboko kide eta euren senitartekoentzat, GIBaren doako test laserraren zerbitzua jarri du baliagarri, eta LGBTI kolektiboaren inguruko hitzaldiak eskaini ditu eskoletan, besteak beste.

Mende berria, borroka berriak
2000ko hamarkadan, elkarteak ugaritu ziren Euskal Herrian, eta Donostian, Plazandreok alderditik eratorritako hainbat militante gaztek Medeak talde transfeminista sortu zuten. «Une horretan konturatzen dira bat egiten dutela, baina beraiek gorputzari lotutako kezka gehiago zituzten, eta lesbianismotik hitz egin nahi zuten», kontatu zuen Kattalin Miner kideak, ‘Ahotsa.eus’ atariak egindako solasaldi batean.

Kaleak hartzeko helburu argiarekin, ertzetakoen aldarrikapenak sartu zituzten euren borroketan. Hogei urteko ibilbidean, mobilizazioak, hitzaldiak, performanceak eta bestelako ekintza eta jarduera ugari egin zituzten hirian. Adibidez, postpornoa, transexualitatea, bollereo politikoa lantzeko, besteak beste. 2008 eta 2009 urte artean, normalitatea arbuiatu, eta kokaleku eta aldarrikapenak transfeminismorantz berbideratzen hasi ziren eta ‘queer’ teorietatik egindako irakurketak feminismoz busti zituzten: «Askok esan dezakete mugimendu feministan biboteak eta zartailuak sartu genituela, baina Medeakek ‘queer’ teorien irakurketa feminista asko sartu ditu, baita ere. Beti egin izan dugu ikuspegien arteko zubi lana».

Identitateak eta binarismoa auzitan
Azken hamarkadan borrokak eta ikuspegiak aldatu diren moduan aldatu dira identitateak eta nor bere burua izendatzeko terminologia ere. Gorputz eta errealitate disidenteek, marika, bollero edo trans identitateak besarkatu dituzte. Jacaranda Serrano kazetariak ‘Pikara Magazine’ hedabidean azaldu zuen moduan, kontzeptuak aliantza gisa erabiltzen dira, ezarritako hetero ordenaren aurkako «atentatu» gisa: «Nire baitan emakumea hil egin da, baina ez da feminizidio bat, feminitate hegemonikoaren kortsea publikoaren aurpegira botatzea da». Antzeko mintzatu da Donostiako Asanblada Transbollomarikako Mijo Lizarzaburu kidea (Ondarru, 1998): «Lesbianetaz hitz egiten dugu, emakumeak gustuko dituzten emakumeez ari bagara, baina bollera dezplazamendu bat da, emakume ez izateko erabaki bat da, ulertuta emakume bat izatea gizonentzako doan lan egin eta bizi proiektua haientzat bideratzea dela».

Kolektiboko kideek, beraz, irainak bereganatu dituzte, diskurtso berrien ateak zabaltzeko. Baina, ez hori soilik; Lizarzaburuk nabarmendu duen moduan, heteroarauaren eskemak apurtu, gizon eta emakumeekin amaitzeko estrategia politiko bat dago muinean.

Horren erakusle da, besteak beste, 2018an sortu zen Donostiako Asanblada Transbollomarika: «Ekainak 28 Koordinadoraren lanketatik abiatu ginen, manifestazioaz harago, gauzak egiteko beharra zegoela ikusita». Hala, maizago hasi ziren biltzen hainbat kide, ezkerreko komunitate euskaldunarentzako jarduerak sortzeko asmotan: «Donostiaren zati txiki batean bizi gara, eta normalean, badugu gure espazio segurua, baina horrek ez du esan nahi heterosexualitatea ez denik araua».
«Donostiaren zati txiki batean bizi gara, eta normalean, badugu gure espazio segurua, baina horrek ez du esan nahi heterosexualitatea ez denik araua». - Mijo Lizarzaburu, militante transfeminista
Donostiaren zati horretan, Birunda eta Infernua gisako espazio autogestionatu eta okupatuak izan dituzte etxe, eta, horrez gain, euren proiektua elikatzen duten elkarteak dituzte bidelagun: «Arrano edo Marruma beti egon dira hor, baina guk ere gure kaleak eta plazak ditugu. Donostian ez gara beldurrez bizi; kontua da Donostia apal gelditzen dela politikoki interesgarriagoak diren gauzak egiteko», dio asanbladako kideak. La Cuesta del Culo eremuaren moduan, kolektiboarentzat funtsezko diren espazio autogestionatu horiek desartikulatzeko lanetan segitzen du udalak, eta kideek kolokan dituzte espazio bizigarriak, beste behin.

Donostiako txoko batean edo bestean, mugimenduak antolatuta jarraitzen du, EHGAMen, Donostiako Asanblada Transbollomarikan eta bestelako talde feministetan. Ekainaren 28aren harira, zuriketa arrosa salatzen jarraitzen dute ostadar guztien gainetik eta, aurten, Israelgo Estatuarekin egiten den zuriketa salatzea izango dute xede.

Sigla, identitate eta errealitate anitz bere gain hartzen dituen aterki handi bat da LGBTI kolektiboa. Aterkipean, baina, talde bakoitzak du bere jomuga, eta bakoitzak du bere aldarrikapena: Zabalak hezkuntza ikusten du borrokarako giltzarri, eta Mikel Martinen memoria eta lanketa hedatzen jarraitzea da bere nahi eta helburua; Lizarzaburuk, berriz, ez du ezkutatzen egun eskuin muturraren gorakadak eta neoliberalismoak sortzen duen mehatxua, baina, maila txikian, etorkizun libreago bat iragartzen die bollerei. Batera edo bestera, guztiek partekatzen dute helburu bera: ordena patriarkal, neoliberal eta kapitalistari aurre egitea, eta hetero araua lehertzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.