Ekainaren 28ko manifestazio jendetsua, Bulebarrean // |
LGBTI kolektiboko pertsonen eskubideen eta Palestinaren alde mobilizatu dira Donostian
Zuriketa arrosa eta Palestinako genozidioa jarri dituzte jomugan, besteak beste.
Beñat Parra | Irutxuloko Hitza, 2024-06-29
https://irutxulo.hitza.eus/2024/06/29/lgbti-kolektiboko-pertsonen-eskubideen-eta-palestinaren-alde-mobilizatu-dira-donostian/
LGBTI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, Ekainaren 28a, eta, urteroko legez, ehunka pertsona Donostiako kaleetara atera ziren, Donostiako Asanblada Transbollomarikak deitutako manifestaziora. Alderdi Ederretik batukada baten laguntzarekin abiatuta, Erdialdeko kaleak hartu zituzten, LGBTI kolektiboko pertsonen eskubideen alde: “Feminismorik ez transik gabe” eta “Genozidioan harrotasunik ez” aldarrikapenak entzun ziren manifestazioan zehar, besteak beste.
Aurten, gainera, Israelgo Estatua Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioan jarri dute fokua: “Israelen genozidioa, islamofobia eta homofobia salatzeko gaude hemen eta horregatik guztiagatik batu gara Euskal Herriko militante transfeministak. Normaltasun zapaltzailea salatu eta palestinar erresistentziari gure elkartasun eta babes osoa adierazteko”, nabarmendu zuten amaierako irakurketan.
Halaber, erakunde publikoen zein enpresen zuriketa arrosa salatu zuten: “Gaur egun, bi aukera soilik daude: gure borrokarekin aurpegia zuritu eta etekin ekonomikoa atera nahi duen ‘pinkwashing’ neoliberala edo gurekin bukatu nahi duen erregimen faxista. Gu horren aurrean altxatzen gara, esateko bagarela alternatiba”. Halaber, Donostiako hiri ereduaren aurka mintzatu ziren: “Indar polizial arrazistek migratzaileak erasotzen ez dituen Donostia, sexu langileek eskubide guztiekin eta inolako estigma gabe lan egin dezaketen Donostia, borrokan egoteagatik preso sartu dituzten horiek gure alboan nahi ditugulako, gizonik eta emakumerik gabeko Donostia bat sortzen [...] bollera, marika, trans edo queer izatea hori baita, gizon eta emakume kategoriak apurtu eta zerbait hobea sortzeko borroka”.
“Harro egoteko ez dugu zuen oniritzirik behar, harro gaude urteetako borrokagatik. Instituzioetatik ez ditugu keinuak behar, herritarren bizitzak duinduko dituzten benetako politikak behar ditugu”, gaineratu zuten.
Kartelada berezia
Ekainaren 28arekin bat eginez, Sare Herritarrak hileroko azken ostiraleroko euskal presoen aldeko kartelada egin zuen Sare Herritarrak atzo, baina berezia izan zen, LGBTI kolektiboko presoen eskubideengan jarri baitzuten fokua; Donostiako Asanblada Transbollomarikak deituriko manifestaziora batu ziren.
“Kalean bezala, espetxeetako errealitateak ere anitzak dira, eta asko dira eskema klasikoetatik kanpo kokatzen diren bestelako lehentasun eta identitateak. Honek, ordea, zaildu eta korapilatu egiten du LGTBI+ presoen ibilbidea, askorentzat, kondena gehigarri bat ezartzen delako, norberaren lehentasun eta identitateak ezkutuan eta isilpean bizi behar izatearena, armairura itzultzea hain zuzen ere. Gainera, espetxeko gizon eta emakumezkoen moduluen banaketa bitarraren ondorioz, dikotomia horretatik kanpo kokatzen diren Trans presoentzat prozesua are gogorragoa da oraindik, haien erabakiak ez direlako kontuan hartzen askotan, edo gutxietsi egiten direlako beste batzuetan. Horregatik, LGTBI+ kolektiboaren parte diren euskal presoen errealitateak ikustarazteaz gain, preso diren pertsonen genero autodeterminaziorako eskubidea errespetatua izan dadin eskatzen dugu”, nabarmendu zuten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.