![]() |
Iazko omenaldiaren irudi bat // |
Transmaribibollo kalejira: oroimenerako, aldarrirako, festarako
Vicente Vadillo Santamaria Francis polizia batek hil zuela 46 urte beteko dira bihar, ekainak 10. Horren harira, Transmaribollo kalejirak aldarriz, memoriaz eta alaitasunez beteko ditu kaleak. Fernando Telletxea Oscoz 'Famak' igoko du bandera.
Ikerne Zarate | Oarsoaldiko Hitza, 2025-06-09
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/09/transmaribibollo-kalejira-oroimenerako-aldarrirako-festarako/
Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’ errenteriarra polizia batek hil zuela 46 urte beteko dira bihar—ekainak 10—. Horren harira, eta dagoeneko martxan den Francisaldiaren barruan, Transmaribibollo kalejira antolatu dute Oreretako Kuirdinadorak eta Errenteriako LGTBI+ Politiken Aholku Kontseiluak.
Memoria aterako dute kalera ekintzaren bidez, ahaztu ez dadin gertatu zena, ahanzturan geldi ez dadin Francis, belaunaldi gazteenek ere izan dezaten gertatutakoaren berri. Aldarria ere protagonista izango da biharko ekintza horretan. Izan ere, asko dira oraindik orain sistema zisheteronormatiboaren jostura hertsietan sartzen ez direlako mehatxu eta irainpean bizi behar duten pertsonak; biharkoak, beraz, jostura horiek leherrarazi eta eskubide beteko agertokia eraikitzeko urratsa ere izango da. Azkenik, eta ez horregatik garrantzia gutxikoa, alaitasuna eta festaren hitzordua izango da biharko kalejira hori, aldarrikapena eta festa eskutik helduta eramangarriago direlako, zalantzarik gabe.
Aurreko urteetan egin bezala, Alabergako biribilgunetik abiatuko da kalejira 19:00etan, koloretsu. Ordu laurden geroago, berriz, ortzadar bandera igoko dute Kaputxinoetako biribilguneko mastan. Fernando Telletxea Oscoz, ‘Fama’, igoko du bandera. Berak jasoko du omenaldia 19:30ean LGTBI+fobiaren aurkako zebrabidean. Aktore, abeslari, idazle, eta transformista errenteriarra LGTBI kulturaren erreferentea izan da, eta ziklo horren barruan ibilbide hori aitortuko diote.
Hori horrela, harrera instituzionala ere egingo diote Telletxeari Errenteriako Udalean bihar bertan baina eguerdian, 13:00etan izango da hori pleno aretoan.
Asteazkenean berriz, hilaren 11n, ‘Camposanto (Almas sin retorno)’ liburua aurkeztuko du Telletxeak, 19:00etan Reina aretoan. Jexux Mari Romero Susperregik gidatuko du aurkezpen ekitaldi hori, eta Idoia Hatxek musikatu.
Drag tardeoa
Larunbatean drag tardeoa egingo dute Francisaldiaren barruan Eureka Dance Studioak antolatuta. Niessen kulturgunean izango da 18:00etan hasita. Sarrerak salgai daude jada, Eureka Dance Studioan 15 euroan, edota ekitaldiaren egunean bertan sarreran, 20 euroan.
Ikuskizunean Acida Liss gonbidatu berezia izango da, eta haiekin batera GaraziFantasy, Anakoz22, LadyDragma eta BoombayStar anfitrioia ariko dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.