![]() |
Hunkituta jaso du aitortza gaur Fernando Telletxea Oscozek // |
Fernando Telletxea Oscoz 'Fama' omendu du udalak
Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio gaur Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz 'Famari'.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2025-06-10
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/10/fernando-telletxea-oscoz-fama-omendu-du-udalak/
Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio gaur Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz 'Famari'.
Bizitza osoko ibilbidea eta egindako ekarpen ordainezina aitortu dio gaur Errenteria-Oreretak Fernando Telletxea Oscoz ‘Fama’-ri. Omenaldi instituzionala egin dio aktore, abeslari, idazle, transformista eta LGTBI kulturaren erreferenteari gaur udalak. Herriak Telletxearekin zuen zorra kitatzeko urratsa egin du; hunkituta eta eskertuta jaso du aitortza.
Gaurko data ez dute ausaz aukeratu. Gaur, ekainaren 10ean, bete dira 46 urte Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’ polizia batek tiroz hil zuela. Udalak gisa horretako omenaldia egiten duen lehen aldia dela jarri du nabarmen aurkezle lanetan aritu den Julen Gorosabelek, “horretarako moldeak apurtu zituen eta gaur egun horretan jarraitzen duen errenteriarra izatea erabaki du udalerriak”.
Txistulariek, LGTBI+ mugimenduko kideek, Aizpea Otaegi alkateak, Iñaki Queralt LGTBI+ politiken zinegotziak, eta alderdi guztietako ordezkariek egin diote harrera Telletxeari udaletxeko arkupeetan, eta handik igo dira pleno aretora. Bertan zituen zain senide, lagun, eta bertaratu diren herritarrak. Ekitaldian barrena, behin baino gehiagotan isuri ditu malkoak Telletxeak, hunkituta.
Francisaldiaren barruan egin diote aitortza Telletxeari. Duela lau urte hasi ziren antolatzen, eta memoria historikoa lantzeko ariketa kolektiboa direla jardunaldiak jarri du nabarmen Gorosabelek, “belaunaldi artean zubiak eraikitzea du helburu, ahaztu ez dezagun nondik gatozen eta nora goazen. Helburua dugu omentzea gaur egun kolektibo gisa ditugun eskubide eta askatasunen alde borrokatu diren pertsonak, pertsona horien memoriak ezin duelako ahanzturan gelditu. Kontzientziak astindu nahi ditugu, inoiz baino beharrezkoagoa den gure borrokak aurrera egin dezan”.
Telletxearen ibilbide profesionala jarri du nabarmen aurkezleak, baita Errenteria-Oreretaz oroitzen duenaz mintzatu ere. Hala, Foru Plazako merkatu zaharra, edota gainontzeko mutilez babesten zuen Mercedes bere lehen irakaslea, edota familiak hitzordurik garrantzitsuenak ospatzen zituen Panier Fleury jatetxea: “Errenteriaren gaineko oroitzapen atsegina du, arrangurarik gabea, pertsona batzuen onespen eza salbu”.
Gaur Errenteria-Oreretak Telletxearekin zuen zorra kitatu du, hala esan dute omenaldiaren testuinguruan, “hazten ikusi zintuen herriak eskerrak eman nahi dizkizu gaur eta aitortza egin, maitasun eta borroka guztiarengatik gaurko Errenteria udalerri abegikorragoa izan dadin, seguruagoa, eta errespetagarriagoa disidentziarekin. Francisek ez bezala, bizirik zaudela jaso duzu omenaldia, eta hori asegarria da, horrelakoak behar dutelako aitortzak”.
Udalarentzat ohorea izan dela LGTBI kontseiluak proposatuta gaur diren eskubide eta askatasunen alde bide urratzaile izan den pertsona bat omentzea esan du bere aldetik Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak, “ederra da baita ere gaurko egunean egitea, Francis beste bide urratzaile batekin lotzea, sarri ikusezin diren baina hertsiki lotuta dauden eta eusten gaituzten hariak agerian eta balioan jarriz. Izan ere, izan zirelako, izan direlako, gara. gaur Famari aitortza egiten diogu, erreferente, pertsona eta gure herria hobeagoa egin duen pertsona gisa; eskubide eta askatasun gehiago, aurreiritzi gutxiagoko udalerria”.
Idoia Lizeaga tokiko sortzaileak egindako ‘lorategi heroikoa’ izena jarri dioten boa eskaini dio udalak oroigarri, eta Otaegik zintzilikatu dio lepotik bertaratutakoen txalo artean.
Eskerrak eman ditu hunkituta Telletxeak, “nire etxeko oroimen ederra nuen bertakoa, nire familiak asko maite ninduen, baina kalea latza zen, bizitza jasangaitza egiten zuten iraintzen zutenak. Okerrera egin zuen horrek, saritu nindutenean. Prentsak, nire sentsibilitatea, nire ahotsa eta nire talentua goraipatzen zuen, eta okertu egin zen, ez baitzen onargarria eurek zioten moduan ‘marikoi’ batek halakoak lortzea, ezin zuten eraman arauak haustea”.
Oroitzapena hortaz, gazi-gozoa sorlekuaren gainekoa. Gaurko omenaldiak, baina, hori guztia txiki utzi duela aitortu du, penaz, bere gertu-gertukoek ez dutelako ikusterik izan, ez baitaude bizirik. Gogora ekarri du, ahotsa isilarazi ziotela, “ez zidaten utzi abesten, ezinezkoa baitzen emakume ahotsez abestu, gizon gorpuzkera izanik. Bizitza moztu zidaten, ez zidaten utzi. Inoiz galdetu izan balidate zertaz naizen damu, jaiotzeaz erantzungo nuke; galdetu izan balidate, ezetz erantzungo nuke. Hala ere, gaur hainbesteko poza eman didazue omenaldi honekin, nire bizi ibilbidearen azken etapan egonda ere, bizirik jarraitzea merezi duela sentitu dut”.
Hoberen egiten dakiena eginez bukatu du omenaldia Telletxeak, kantuan. ‘Haurtxoa sehaskan’ abestu du, hunkituta. Txaloka erantzun dute bildutakoak.
Arratsaldean bera izango da Transmaribibollo kalejiran ortzadar bandera Kaputxinoetako biribilguneko mastan igotzeko ardura, eta omenaldia egingo diote 19:30ean ortzadar zebrabidearen parean.
Hitzak Leire Perlines Apalategi kazetariak egindako elkarrizketa zabala argitaratuko du ostiral honetan paperekoan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.