Ondo, ondo sentitu nintzen, baina Errenteriarekin haserre samar nengoen. Mundu
erdian arrakasta izan duen film bat egin nuen, eta nire pertsonaiak garrantzia
handia izan zuen. Urte oso zailetan kaletik gelditzen ninduten hitz egiteko,
eta hemen ez zuten ezertxo ere egin. Ondo iruditzen zitzaidan, baina ni ere
Errenteriako semea naiz eta tratu txarrak jaso ditut, sufritu egin dut.
Ez naute hil, baina guardia zibil batek bortxatu ninduen
pistola eskuan zuela mehatxatuz. Berarekin joaten ez banintzen talde konkretu
bateko kidea nintzela esango zuela esana mehatxatu ninduen. Kostatu egin
zitzaidan.
Etxerako bidean taberna bat zegoen eta han jartzen ziren
pubertaroan eta haurtzaroan nire adiskide izan ziren guztiak pasatzen nintzen
bakoitzean barre egiteko. Ikaragarria zen. Donostiako Arte Ederren Antzokian
abesti modernoaren lehen saria eta gero errebelazio saria irabazi nituenean are
amorratuago jarri ziren, eta denak okerrera egin zuen ‘Baina ‘marikoi’ horrek
zein dela uste du?’, esaten zuten.
Nik ez nuen tabernaz taberna ibiltzeko ohiturarik, etxean
geratzen nintzen irakurtzen, gitarra jotzen, frantsesa ikasten… Baina nire
pasiorik handiena zinema izan da. Udari eta udaberriari mania diot; eguraldi
onarekin denak taberna atarian jartzen ziren nitaz barre egiteko, baina neguan
hotza egiten zuenez, taberna barrura sartzen ziren. Negua gehiago gustatzen
zait horregatik. Nik neuk aztertu dut neure burua, eta uste dut horregatik
dela. Baten batek barkamena eskatu dit, baina urte zailak zirela argudiatzen zuten.
Nik beti gauza bera esaten dut: diktadura ikaragarria zen, urte grisak ziren,
baina herriak diktadura errazago ezartzen zien ahulenei edo desberdinei. Ez dut
uste desberdina naizenik, baina eurek baietz diote. Izan liteke sentiberatasun
desberdina izatea; sentsibilitate maila izugarria daukat eta horrek asko
sufriarazi dit. Baina tira, oso pozik nago omenaldiarengatik.
Hala ere, nik esan nien mesedez kontutan izateko adin bat
daukadala eta bidearen amaieran nagoela. Nire barruan sartzen ari den pertsona zahar
horri ez diot sartzen uzten, edo, behintzat, ahalik eta astiroen eta beranduen
sartzen ahalegintzen naiz. Garaiz kanpo jaio nintzen.
Jaiotzeaz damutzen naiz. Ez litzaidake gustatuko jaiotzea,
ez behintzat mundura bota ninduten espazioan. Baina hori ez diot
Errenteriagatik, mundu osoagatik baizik. Nire ihesbidea zinema zen; hara joan
eta filmak ikusten nituen. 1950eko hamarkadaren hasieran eraman ninduten
zinemara, eta neure buruari agindu nion noizbait pantaila horretan egongo
nintzela.
G. Zer egiten duzu zahartzaroak harrapa ez zaitzan?
Kirol asko egiten dut eta aktibo nago; idatzi egiten dut. Frantsesa eta
ingelesa ikasten ditut, eta lirikoa ere abesten dut astean bitan. Horrek
guztiak nahiko aktibo mantentze nau mentalki, eta fisikoki ere ariketa asko egiten
dut.
G. Jaiotzeaz damutzen zarela diozu, baina, jende askorentzat
erreferente bat zarela jakiteak zer pizten du zugan?
Harrotasuna eta alaitasuna. Jendeari zerbait eman ahal badiot, ondo, baina
bizitzea egokitu zaidana oso gogorra izan da zentzu guztietan.
Zinema, haatik, nigana etorri zen; ez nuen ezer egin behar
izan. Ezta literaturan ere. Liburu bat erdi idatzita neukan, eta pertsona batek
irakurri eta aurkezteko esan zidan, baina nik ez nuen egin nahi,
disko-konpainien bide bera izango zela sentitzen nuelako. Ez nuen borrokatzeko
gogorik. Pertsona horrek liburua aurkeztu eta baietz esan zioten; dagoeneko 11
liburu argitaratu ditut.
Begira, nire ahotsa nonbait kokatzen asko borrokatu dut,
baina matxismoak agintzen zuenez, ezin izan nuen ezer egin.
G. Baina abestiren bat grabatzea lortu zenuen, ezta?
‘Long Play’ bat grabatu nuen, baina ez nago konforme konpositoreak egin
zizkidan abestiekin; ez ziren niretzat. Oso gauza komertziala egin zuen. Nire
ahotsa komertziala izan daiteke, baina abestiak handia izan behar du
horretarako. Ahotsa minimizatu zidan komertzialagoa izan zedin, baina
zuzenekoetan konturatu zen hanka sartu zuela. Jendea eserlekutik altxarazten
duzu zure ahotsaren benetako indarra ateratzen duzunean.
Alabaina, ez naiz damutzen disko hori grabatu izanaz. Gauza
gutxi egin dut ez baitidate gauza handirik egiten utzi. Hiru film egin nituen: ‘La
muerte de Mikel’, ‘Luces de Bohemia’ eta ‘Banter’. Hirugarren film horretan
Tony Curtis zegoen, eta ilusio handia egin zidan harekin film bat grabatzeak,
txikitan Reina Aretora joaten bainintzen bere filmak ikustera. Nork esango
zidan niri Tony Curtisekin film bat egingo nuenik?
'Farmacia de guardia'n kapitulu bat ere gin nuen, eta gerora
film gehiago egiteko deitu zidaten, baina nik soinekoa kendu eta beste
pertsonai batzuk egin nahi nituen. Modu konkretu batean saltzen zaituztenean
zaila da jendeak zu beste era batera ikustea. Nazkatu egin nintzen, eta zinema
eta abestiak baztertzea erabaki nuen.
Nire anaia hil zen, eta espiritualki oso gaizki sentitzen
nintzen. Zuzeneko emanaldiak jarri eta idazteari ekiten nion zer idatzi jakin
gabe. Min handia nuen, eta horrek oso sortzaile egotea eragiten zidan. Hor
sortu zen nire lehen liburua. Kontakizun laburrak dira.
G. Asteazkenean aurkeztu zenuen ‘Camposanto. Almas sin
retorno’ liburua. Zer kontatzen duzu bertan?
Asko obsesionatzen nau bizitzak eta heriotzak. Tira, orokorrean bizitza den
iruzurrak obsesionatzen nau. Espazio bat uzten digute, eta pertsona bakoitzak
bizitza bat eraikitzen du. Istorio bat osatzen du norbanako bakoitzak.
Azkenean, ez dakit nondik deitzen dizutenean, zure gorputza agortzen denean,
karikatura bihurtzen da, nirea bihurtu den bezala, eta orduan hiltzen zara.
Hori, lehenago ez bazara hiltzen istripu batean edo gaixotasun baten ondorioz.
Liburuak, beraz, nire bizitzan egon ziren pertsona guztiez
dihardu. Hilerritik egiten dudan bidai bat da. Kasu batzuetan pertsona horiekin
hitz egiten dut, eta beste batzuetan euren bizitza kontatzen dut. Gurasoekin,
izebenik, 17 urterekin Kontxan itota hil zen lehengusuarekin hitz egiten dut…
Nire bikotekidea duela bi urte hil zen. Maitasuna ere beste
iruzur bat dela iruditzen zait. Pasioari maitasuna deitzen diote. Egia da nire
gurasoek asko maite zutela elkar 10 ume izan eta gero. Aita hil eta handik 13
urtera oraindik amak negar egiten zuen, eta esaten zidan oraindik maiteminduta
zegoela nire aitarekin. Ez dakit orain zergatik ez den horrelakorik gertatzen.
Berrogeita hamapiko urte egin ditut nik nire bikotearekin, une on eta txarrak
izan ditugu, baina asko maite genuen elkar. Maitasunak ez du sexuarekin
zerikusirik. Izan daiteke zure bikotearekin sexu gustuetan bat etortzea, baina
nik ezin ditut bi aita edota bi ama izan. Benetako maitasuna da
gurasoenganakoa, seme alabenganakoa, lagunenganakoa, animaliekikoa… Bikote
maitasuna bizitzan dagoen gauza handiena dela esaten dutenekin ez nator bat.
G. Nola eman zenituen artean lehen pausoak?
Txikia nintzenean ez genuen aktore hitza erabiltzen, zinemako artistak terminoa
erabiltzen genuen, eta nik horixe izan nahi nuen. Familian ez zegoen nahiko
diru; tira, bazegoen, baina irabazten genuen guztia jatekoa ordaintzeko zen.
Abestu ere egin nahi nuen, baina nire burutik ez zen idaztea sekula pasa.
Beraz, ahots ona nuela ikusita, abesteari ekin nion, eta nire buruan zegoena
zera zen: nire ahotsa ezaguna egitea zineman sartzeko erraztasunak izateko.
Amak beti esaten zidan bizitzako bidea nik marraztuko nuela,
baina bizitzak beste bide batetik eramango ninduela; agian beste bide horren
amaiera nik heldu nahi nuen lekua izango zen, edo, agian, ez.
Gauzak horrela, 16 urterekin Frantziara joan nintzen, arreba
bat han baitzegoen bizitzen. Suitzara ere joan nintzen, eta han asko gustatzen
zitzaien nola abesten nuen. Alabaina, 17 urte nituenez, ez zidaten lokaletan
abesten uzten. Dokumentaziorik ere ez nuen.
Oroitzen dut Eguberriak pasatzera etorri nintzela
familiarengana, eta amak esan zidala, arren, ez itzultzeko Frantziara, Arte
Ederren zineman abeslarientzako lehiaketa batean inskribatu ninduela-eta.
1962an Artistas de cine y variedades-en hartu ninduten, eta Errebelazio saria
irabazi nuen.
Garaiko Radio San Sebastian-eko zuzendariak hartu zuen bere
gain nire ibilbide artistikoa sustatzea, eta harekin denbora batez lanean ibili
banintzen ere, ez zuen nigatik ezer egin; ezertxo ere ez. Entretenitu egin
zidan. Gizon horrek uste zuena baino botere gutxiago zuen. Baina, tira. Geroago
Donostiako emakume batek hartu zuen ardura hori, eta hark ordaintzen zizkidan
eskolak-eta.
Handik Parisera joan nintzen, eta abeslariak kokatzeko
agentzia batera joan nintzen bisita bat egitera. Bertako emakumea liluratuta
geratu zen nirekin. Hark haren nagusia zenari-edo deitu zion, eta telefonoaren
beste aldean zegoen gizonak emakume hari esan zion lehenengo gauza zera izan
zen: ‘homosexuala al da?’. Garai horretan ezezkoa esan behar zen, eta hala egin
nuen nik ere, ezezkoa erantzun.
G. Eta gero, zer?
Nazkatuta, Espainiara joan nintzen berriz. Halako batean, Frantziako telebista
kate bateko lehiaketa programa batean hartu zidaten. Emakume batek jendea
abeslari izateko prestatzen zuen, baina zure txanda iritsi eta telebistan atera
arte denbora bat itxaro behar zen. Are, bi urte itxaroten egoteko aukera ere
bazegoen, eta ni ez nengoen horrenbeste denbora zain egoteko prest. Beraz,
etxera itzuli nintzen, Errenteriara.
Aita nik 27 urte nituela hil zen, eta etxera itzuli nintzen
horretan ama bihotzetik gaixotu zen. Bere ondoan egunak eman nituen, bihotzeko
krisiak ematen zion bakoitzean txertoa jarri behar izaten bainion.
Hobetu zuen handik denbora batera, eta Londresera joan
nintzen gero. Trattoria batean egiten nuen lan, arratsaldeko zortzietatik
gaueko hamabietara; oso ondo zaindu ninduten bertan. Baina, Eguberriak iritsi
eta berriz etxera itzultzeko ordua zenez, hegazkinean itzuli behar nuen.
Aireportuan, baina, erregistratu egin ninduten goitik behera, eta depresioari
aurre egiteko pastillak ikusi zituzten. Zuzenean, beste gizon batekin batera,
gaua pasatzera ziega batera bidali ziguten. Hurrengo goizean, nire diruarekin,
hegazkineko txartela erosi eta Bilbora bidali ninduten. Esperientzia txarra
izan zen, benetan. Gitarra soinean neraman, eta lurrera bota eta hautsi egin
zidaten. Disgustu handia eraman nuen, eta lausotuta pasa nituen hilabeteak,
medikamentu asko hartzen bainituen.
Pertsona bat ezagutu nuen gero, eta harekin Madrilera joan
nintzen. Gauzak, baina, ez ziren aldatu. Disko etxeek ezezkoa esaten zidaten,
ezin nindutela gizon bezala aurkeztu eta emakumez jantzita atera agertokira.
Gero, disko-jartzaile baten bidez, Demis Roussos ezagutu nuen. Jose Maria
Iñigok aurkezten zuen saio batean abestu behar zuen hark, eta ahotsetik gaizki
zegoela-eta, bigarren ahotsak egiteko prest nengoen galdetu zidan. Noski,
baiezkoa esan nion.
Ez dakit nola, baina abesti hori Radio San Sebastian-era
iritsi zen, eta mundu guztiak izan nuen emanaldiaren berri. Pertsona hori
zoragarria izan zen; musika eta zinemaren munduan inoiz ezagutu dudan pertsona
onena izan da.
Ekoiztetxe batzuk deitu zidaten gero; tartean, Maryni
Callejo delako emakume batek. Dirua aurreratuko zuen ekoizle bat zuela esan
zidan hark, eta tratua zen hark dirua jartzea eta nik abestiak egitea. Emakume
hori, ordea, distraituta ibili zen, eta urte eta erdi luzatu zen itxaronaldia.
Hortaz, ezerezean geratu zen dena. Baina, tira, gerora disko luze bat grabatu
nuen beste disko etxe batean. ‘La muerte de Mikel’ filmaren zuzendariak entzun
ninduen behin diskoa aurkezten ari nintzela, eta, tira, dena naturalki atera
zen.
G. Zer izan zen ‘La muerte de Mikel’ zuretzat? Nola oroitzen
dituzu urte horiek?
Amets bat izan zen. Donostiako Astoria zenean aurkeztu genuen filma, eta
oroitzen dut ilarak eraikinari buelta ematen ziola. Urtarrilean Berlinera ere
joan ginen, Berlinalera. ‘La muerte de Mikel’ek ez zuen lehiaketan parte
hartzen, baina sail informatiboan zegoen gurea. Atal horretan film
interesgarriak ematen zituzten, eta gureak arrakasta izugarria izan zuen.
Oroitzen dut aktoreok gelaren atzealdean geundela, eta oholtzara joateko areto
guztia zeharkatu behar genuela; lotsaz hiltzen ari nintzen. Imanol Arias atera
zen lehenbizi, Amaia Lasa gero, eta Imanol Uribe azkenik. Txalo izugarriak egin
zizkien denei. Ni nintzen azkena oholtzara joaten. Ez nintzen oinez ibiltzeko
gai; oso urduri nengoen, eta produktoreak bultza egin behar izan zidan
ateratzeko. Eromena izan zen egin zidaten harrera, gela erori egin behar zela
zirudien. Solasaldia egin genuen filmaren proiekzioaren ondotik, eta galdera
guztiak Uribe eta niretzat izan ziren. Han ez gintuenez inork ezagutzen,
arrakasta handia izan zuen filmak.
Beste behin New Yorkeko zinema astera joateko gonbita egin
zidaten. Joatekoa nintzen, baina lehen deia egin eta handik bi egunera berriro
deitu zidaten esateko erabakia berriz pentsatu zutela, eta nire ordez Antonio
Banderas bidaltzea erabaki zutela. Orduan oraindik ez zen ezaguna, baina, tira.
Bartzelonara joateko gonbita ere egin zidaten. Sari bat eman behar zidatela
esan zidaten orduan, baina, berdin. Azkenean ni ez eramatea pentsatu zuten.
Toreaketa nazkagarria izan zen dena.
Ezagun bat izan zen New Yorkeko zinema astean, eta kontatu
zidan arrakasta handia izan zuela han filmak. Astebete gehiago luzatu zen.
Jendeak birritan eta hirutan ikusi zuen filma, eta esan zidaten pantailan ni
ateratzen nintzenean txalo egiten zutela. Garai horretarako film ausarta zen;
intolerantzia soziala, terrorismoa… zenbait gai lantzen zituen filmak.
G. 1992an, Farmacia de Guardian, telebistako lehenengo pertsonaia
transa gorpuztu zenuen. Nola izan zen hori?
Tira, polita izan zen, baina ez zen ezer berezia niretzat. ‘Farmacia de Guardia’k
ikusle mordoa zituen, eta horregatik izan zen garrantzitsua. Antonio Mercero
zen zuzendaria, eta ez dakit nola, baina hura hunkitzea lortu nuen. Berak esan
zidan bi aldiz bakarrik egin zuela negar norbait abesten entzuten zuen
bitartean; lehena Rocio Jurado entzun zuenean, eta, bigarrena, ni entzutean.
Nik egin nuen pertsonaia hasiera batean folklorikoagoa egin
behar zuten, baina etxean grabatuta nuen abesti bat aurkeztu nuen, eta
pertsonaiaren noranzkoa aldatu zuten.
Carlos Larrañaga berak ere besarkatu, eta artista handi bat
nintzela esan zidan. Oso garrantzitsua izan zen hori niretzat. Baina, lehen
esan bezala, asko borrokatu behar izan dut bizitza guztian zehar; izugarri.
Beti esango dut: badakit gay-a izategatik eta artea egiteagatik jendea
ofenditzen nuela. Gaur egun gay-a izate hutsagatik telebistako ateak zabaltzen
dizkizute; nire garaian ez.
Are; behin Madrileko metroan ‘El Angel Exterminador’
ikuskizuna egitera nindoala gizon bat gerturatu eta esan zidan ez zuela
ulertzen zergatik ez ninduten telebistara joateko gonbita egiten. Bidegabea
iruditzen zitzaion. Herriak beti tratatu izan nau ondo.
Esteban Alenda zen filmaren banatzailea, eta filmean oso
ondo nengoela esaten zidan. Hark zioen bi aktore eta artista mota zeudela,
kamerarekin ezkontzen zirenak eta ezkontzen ez zirenak, eta, haren hitzetan,
nik ondo ematen nuen kamera aurrean. La SER katearekin hitz egin zuen ni elkarrizketatzeko,
kateari ez baitzitzaion okurritu ni elkarrizketatzea. Mesedez bat egitea bezala
zen, pentsa. Beti nuen motxila hori bizkarrean, eta pisu hori eramatea gogorra
zen.
Gerora pertsonaia gehiago egiteko eskaintzak jaso nituen,
baina xumeak ziren, haragirik gabeak. Pedro Almodovarrek ere deitu ninduen ‘Todo
sobre mi madre’ filmerako kastina egiteko. Nik ez nuen egin nahi, baina Tomas
lagunak bultzatuta egin nuen azkenerako. Handik hamabost egunera esan zidaten
oso pertsonaia femeninoa geratzen zela nirekin, eta zerbait zakarragoa nahi
zutela. Toni Canto hartu zuten.
G. Nondik dator Fama izena?
Greziar mitologiako jainkosa bat zen Fama, eta jainkoei ardoa zerbitzatzen
zien. Bizitzako nire zeregina gehien zekitenengandik ikastea izan da. Dakidan
guztia galdetuz ikasi dudalako dakit, eta iruditzen zitzaidan nolabaiteko
harremana nuela Famarekin.
Nahiago izan dut beti ni baino jende helduagoarekin egon eta
euren kontakizunak entzun. Nire ama eta nire Arantzako izeben istorioak
entzutea oso gustuko nuen.
G. Hasieran aipatu dugu Errenteriatik joan behar izan
zenuela zure bidea egiteko.
Bai, Madrilera joan nintzen, baina artista bezala nire bidea egiteko, ez
pertsona bezala. Hemen, herrian bertan esan izan didate ea Madrilera
homosexuala izateko joan nintzen. Ezetz esan nion, niretzat sexua bigarren
mailako zerbait izan dela beti. Dibertigarria da, baina ez gehiago. Jendea
nahastu egiten da, eta uste du pertsona orok egiten duen mugimendu bakoitza
sexuagatik egiten duela. Nik, ez.
G. Zenbait hamarkadako ibilbidearen ondoren, nola esango
zenuke eboluzionatu duzula?
Eboluzio handia da artearen mundutik idazketara pasa izana. Editoreak esan
bezala, pauso erraldoi bat izan da. Pozgarria da niretzat; nire kideekin
horrenbeste borrokatu ostean etxean bakarrik, lasai, inori azalpenik eman gabe
egotea eta nahi dudan oro idaztea, nahi ditudan pertsonaiak sortzea eta film
bat izango balitz bezala horiek zuzentzea izugarria da. Gainera, kontuan izan
behar da autodidakta naizela zentzu guztietan. Idatzi egiten dut, bai, baina 10
urterekin ikasi nuen irakurtzen eta idazten. Eskolara joaten nintzen, baina ez
nintzen gai ezer ikasteko. Eskolatik irtetean jo egiten ninduten, eta beraz,
dardarka pasatzen nituen eskolako orduak.
Pertsona normal bat naiz. Talentua eta sentsibilitatea
ditut, eta ateratzen zaidan horren inguruan idazten dut. Oso bizitza gogorra
izan dut, eta nolabait orain ari naiz hori guztia baliatzen idazteko.
Sufrimendurik gabe ez dago ezer. Gimnasioa bezala da; ez baduzu sufritzen, ez
dago emaitzarik. Egia da orain nahiko geldi nagoela. Nire bikotea hil zenetik
ia eginda nuen liburu bat ari naiz zuzentzen, baina ez idazten.
Arte dramatikoen inguruan hitz egiten didatenean barre
egiten dut. Nork erakutsi behar dit niri sentitzen? Irakasle batek ahotsa
egokitzen erakutsiko dit, noski, baina bizi behar izan dudan guztiaren ondoren
eta ondoan nituen pertsona guztiak hil ondoren, inork ezin dit erakutsi.
Bizitzak berak eta hartu ditudan kolpeek erakutsi didate sentitzen. Tira, baita
zinemak ere.