![]() |
Aitor Narbarte Albaarez, Kuirdinadora kidea // |
Aitor Narbarte Alvarez · Kuirdinadorako kidea: «Ez dugu ausartak izan nahi, askeak baizik»
LGTBI+ Harrotasunaren Eguna izango da bihar. Ospatzeko ugari dute, baina batez ere aldarrikatzeko LGTBI+fobiak gora egin duen agertoki betean. Kuirdinadorako Aitor Narbartek erradiografia egin du.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2025-06-27
https://oarsoaldea.hitza.eus/2025/06/27/ez-dugu-ausartak-izan-nahi-askeak-baizik/
LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta ospakizunak bai, baina batez ere aldarri politikoek hartuko dituzte kaleak komunitatearen kontrako gorroto mezuak eta zehazki transfobikoak gora egiten ari diren agertokian. Kuirdinadorako kidea da Aitor Narbarte Alvarez errenteriarra; urtebete egin du lanean Kuirdinadorak. Egindako bideaz, LGTBI+ kolektiboak bizi duen egoeraz, ultraeskuinaren gorroto mezuez, eta Terf Transbaztertzaileak sustatzen ari diren trans pertsonen —haur eta nerabe transak barne— kontrako gurutzadaz mintzatu da, besteak beste.
Horren harira, Naizen elkarteak mozioa aurkeztu zuen asteartean Errenteriako Udalean trans pertsonen existentzia ukatu eta mezu transfoboak zabaltzen dituzten taldeei lekurik ez ematea eskatzeko. Aurrera egin zuen mozioak EH Bildu, Elkarrekin Errenteria eta EAJren aldeko botoekin; PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuen, eta PPk berriz, kontra bozkatu zuen.
G. Ekainaren 28a egun handia da LGTBI+ komunitatearentzat. Ospatzeko eguna izango duzue biharkoa, baina batez ere aldarrikatzekoa. Zer aurreikusi duzue biharko?
Kuirdinadoraren barruan eman dizkiogu buelta batzuk herrian zerbait antolatu nahian, baina azkenean ez dugu ezer prestatu. Egia da gaur Sare Herritarra eta Etxerat elkartearekin batera Azken Ostirala dugula deitua, eta horren antolaketan aritu gara buru-belarri. Herrian bertan ez dugu ezer berezirik egingo bihar, baina Donostian manifestazioa izango da Bulebarretik abiatuta, 18:30ean.
G. Harrotasunaren nazioarteko egunari begira hainbat datu zabaldu dira, han-hemenka. LGTBI+ kolektiboko kide izateak erasoak sufritzea barneratzea suposatzen duela adierazi dute hainbat behatokik.
Egia da LGTBI+fobiak gora egin duela azken urtean, eta argi dago hemen, gure herrian ere ez garela oso eroso sentitzen, erasoak izan direlako tartean. Bestalde, kontuan hartu behar da kontzientzia gehiago ere badagoela, eta hori horrela, gaur egun eraso gehiago salatzen direla. Gorakada bat egon da, indarkeria gehiago dago, baina aldi berean jendea ere kontzienteagoa da eraso horiek azaleratu egin behar direla, salatu egin behar dela.
Oreretako Sindikato taberna ondoan Ernaik egindako muralean hainbat borroka islatzen dira, tartean, LGTBI+ borroka. Intersexualen, transen eta arrazializatuen banderak pintura morez estali zituzten. Hori gertatu zenean hainbat eragilek transfobia salatu genuen, baina erasoa transfoboa izatearekin batera, arrazista eta intersexfobikoa ere izan zen. LGTBI+fobia eta transfobiak bereziki gora egin dute, baina baita arrazakeriak ere.
Ez da gisa horretako eraso bakarra. Maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egin genuen, eta hainbat kartel jarri genituen herrian barrena; ‘Iraultza transfeminista izango da edo ez da izango’, ‘Faxismoaren aurrean kuierresistentzia’, eta ‘Oreretan eraso LGTBIKA+fobikoei aurre egiten diegu’ leloak zituzten kartel horiek. Kartel horien gainean pegatinak jarri dizkigute eta Terfen —Trans Exclusionary Radical Feminist— edo transbaztertzaileen mezuak dituzte. Besteak beste, ikuspegi transinklusibotik lesbofobia sustatzen dela diote, lesbianen aurka doala, baita Trans Pertsonen Legea ere — 4/2023 Trans Pertsonen Benetako Berdintasunerako Legea—. Emakumeak ezabatzen dituela ikuspegi transinklusiboak diote, baina ez du zentzurik. Kuirdinadoratik gutiz kritiko gara horrekin. Ez da erreala esaten dutena. Eta gu ez gara eroso sentitzen gure kartelen gainean pegatina horiek ikusita. Erasoa da.
Gure kalterako, aitortu behar da gero eta antolatuago daudela Terfak, sare bat dago hor atzean, web orri bat dute, diskurtso bat sortzen ari dira, eta larriena da diskurtso horrek bat egiten duela faxismoarekin. Larria eta kezkagarria da hori. Ez dakit kontziente diren euren diskurtsoarekin ultraeskuinaren mezua sustatzen ari direla.
G. Erasorako bitarteko dira sare sozialak. Gero eta gehiago gertatzen ari da hori?
Azken aldian, nahi dutena lasaitasun osoz esateko espazioa, eta boterea dutela uste dutela pentsatzen dut. Hala gertatzen da mezu LGTBI+fobikoekin, eta bereziki transfobiarekin. Terfek ere egin dute bat sare sozialen eraso horrekin. Hor dugu JK Rowling, Harry Potterren sortzailea eta idazlea. Terfa da, eta jakina da transfobia sustatzen duen lege proposamen bat finantzatu duela bere diruarekin Erresuma Batuan.
Horrelako gauzak egiten dira modu publikoan, lotsarik gabe; jende askok ez du inongo arazorik emakume trans bat emakumea ez dela esateko. Zein zilegitasun du inork hori esateko?
G. Zergatik ari da gora egiten LGTBI+fobia? Zein irakurketa egiten duzue Kuirdinadoratik?
Lehenik eta behin, faxismoak gora egin duelako. Garai batean esatera ausartzen ez ginen gauza batzuk lasaitasun osoz esan daitezke gaur egun, eta diskurtso batzuk konplexuagoak egin dira, badute argudio bateria bat, eta pentsatzen dute funtzionatzen duela. Horiekin amaierara arte doaz, behin eta berriz errepikatuz eta zilegitasuna ematen saiatuz. Etsaia nor den oso argi dugu: faxismoa eta kapitalismoa.
Horretaz gain, uste dut behar-beharrezkoa dugula barnean dugun polizia ezabatzea, jarrera hori hartzen dugulako askotan. Hortik hitz egiten du jende askok eta esan «zu ez zara emakumea», edota «zuk ezin duzu intersexuala izan»… Eta errealitatea da gauzak konplexuagoak direla.
G. Maiatzaren 17an urtea bete zuen Kuirdinadorak. Zein da egin duzuen ibilbidearen balorazioa?
Oso positiboa. Halako taldeak sortzen direnean sentsazioa dut gauza asko egin nahi izaten ditugula, eta berehala. Garrantzitsua da, ordea, antolatzea eta presentzia bat izatea herrian, baita erasoak daudenean horiek salatzea ere. Herriak ikusi behar du LGTBI+ mugimendu antolatu bat badagoela. Urtebete honetan batez ere barne lan handia egin dugu, eta elkar zaintzari garrantzi handia eman diogu. Izan ere, helburua ere bada sentitzea gure herrian badugula espazio bat nahiz eta fisikoa ez izan, segurua dena, intimoa. Eta momentu batean elkartu eta elkarrekin edateko zerbait har dezakegula taberna batean, bizitzaz edo dena delakoaz hitz egiteko, eta ez bakarrik aktibismotik.
Aktibismoa egiten dugu, militatzen dugu, baina lagunartea izan daitekeen espazio seguru bat ere badugu disfrutatzeko.
G. Zenbat pertsona ari zarete Kuirdinadoran?
Hamabost bat lagun gara. Hasiera batean Oarsoaldera zabaldu nahi genuen, baina momentuz behintzat Oreretan gelditu gara. Hala ere, zalantzarik ez dut taldea handitzen joango dela gutxika-gutxika. Momentuz lezoar bat batu berri da.
Garrantzitsua iruditzen zait jaietan, izan madalenak izan auzoetakoak, edota antolatzen diren bestelako ekintza handietan ere, gure kolektiboaren presentzia izatea, hemen garela ikusarazteko. Festak askotan oso heteroak dira, eta eraso matxista edo sexista bat dagoenean bada protokoloa erantzuteko, zehatza, eta primerakoa da hori noski; baina eraso LGTBIKA+fobiko bati aurre egiteko agian ez da protokolorik. Hori aintzat hartu eta lantzea ere badagokigu.
Badugu lana aurretik.
G. Landuta al dago arlo hori Errenteria-Oreretan zein inguruan? Esan duzu ez zaretela eroso sentitzen beti.
Zaila da, ezinezkoa guztien izenean hitz egitea. Baldin eta zein den zure identitatea, nola adierazten zaren, eragin handia duelako horrek. Zenbat eta gertuago heteroarautik, orduan eta errazagoa da, onartuagoa sentitzen zara, ez hain epaitua. Taldean gelditu izan garenean esango nuke nire esperientziatik eroso sentitu naizela. Tartean gertatzen dira erosotasun hori urratzen dutenak, noski.
Zailagoa da bakarrik joatea herritik. Bakarrik joatean ez gara hain eroso sentitzen, baina orokorrean esan dezaket nahikoa bizigarria dela Errenteria-Orereta.
G. Ariketa zaila da egunero etxetik ateratzea LGTBI+ komunitateko pertsonentzat?
Nire esperientziatik erantzungo dut. Niri gustatuko litzaidake gona bat soinean ateratzea, edo makillatuta, beste motatako espresio bat izatea agian, baina argi dago mugatzen didala. Autobus edo topo geltokira joatea zaila da baldin eta nola zauden jantzita, eta zure nortasunaren arabera gauza horiek eragin handiagoa edo txikiagoa dute.
Ahalduntze etengabea eskatzen duela uste dut, eta ez da erraza. Jende askok egiten du urratsa, oso ausarta da hori.
Baina ez dugu izan behar ausartak, askeak baizik. Eta hori horrela izan dadin lanketa egitea ez dagokigu LGTBIKA+ pertsonei, gainontzekoei baizik. Horretarako ardura bat hartu behar dute bermatzeko Errenteria-Oreretan eta Euskal Herrian LGTBIKA+ pertsonok lasai atera gaitezkeela kalera, epaituak, irainduak izan gabe, erasorik sufritu gabe. Horretara heltzeko lanketa handia dago aurretik.
G. Zein garrantzia dauka herritarren jarrerak? Nola erantzun behar dute eta zer dagokie egitea gorroto mezuen eta erasoen aurrean?
Ez ikusiarena egitea ez da aukera bat. Gorroto mezuak, erasoak, irainak, kolektiboki ere salatu behar ditugu, eta zer edo zer ikusten badugu erasoa jasan duenarengana hurbildu eta laguntza eskaini, galdetu zerbait behar duen, edota nola laguntzea dagoen. Ezer ez egitea, beraz, ez da aukera bat, horrek konplize bilakatzen zaitu askotan; askotan diot, kontziente baikara batzuetan zaila dela halakoei aurre egitea.
Beharrezkoa da barne lanketa bat ere egitea. Horrekin zera esan nahi dut, agian ez duzula partekatuko edo ez zaizula gustatuko ikusten duzun hori, agian ez duzu egoki ikusten nire adierazpena, nire itxura, nire janzkera… Horren aurrean, ez epaitzeko, ez adierazteko eta barruan uzteko ariketa egin beharko genuke denok, aurrean dagoena iraindu, eraso egin edota deseroso sentiarazi dezakezulako. Norberaren ardura da lanketa hori egitea. Ez baduzu gustuko oso ondo, baina ez adierazi, gorde zuretzako.
Bestalde hetero munduan komentario batzuk sustatu eta indartu egiten dira, eta herritar denon ardura da horiek moztea. Hori horrela eginez gero, pixkanaka lortuko dugu inguruan epaituak, seinalatuak, edota erosotuak ez sentitzea, jendea errespetatzea. Hori da nahi duguna, errespetua, askatasunez bizitzea sentitu eta garen horretatik.
G. Nabarmen erabiltzen dira molde batzuk irain gisa, ezta?
Oso zabalduta dauden txiste eta esamoldeak irain gisa erabiltzen dira, eta horrela ez erabiltzea gakoa litzateke hainbat inertzia ezabatzeko. Horiek beti modu negatiboan erabiltzen dira, iraintzeko, min emateko. Askotan, argudio gisa, umoretik erabiltzen dutela esaten dute, baina umoreak ere muga batzuk ditu, eta argi dago muga horiek ezin ditugula pasa.
G. Eskubideetan atzera egiten ari den sentsazioa duzu, alegia?
Indar handia hartzen ari da eskuin muturra, eta gaur egun esaten dira garai batean esaten ausartzen ez zirenak. Gainera, badago sistema bat hori guztia babesten duena.
Hala ere, baikorra izan nahi dut, faxismoak gora egin badu ere, hemen inguruan, Buruntzaldean, Orion, Donostialdean… transmaribibollo topagune edo talde berriak sortu direlako. Hori bada nahikoa esanguratsua aurrera egiten ari garela ikusteko. Baina tentuz joan behar dugu, ezin gara-eta despistatu.
Sinistu nahi dut aurrera egiten ari garela. Zenbat eta diskurtso kritikoagoa, orduan eta diskurtso faxistagoa aurkituko duzu parean.
G. Eta instituzioak? Ari al dira dagokien lana egiten eta ardurak hartzen?
Zaila da instituzioak egiten dutena edo duten jarrera orokorretik baloratzea. Gurera etorrita, Errenteria-Oreretan kolektiboaren eta udalaren artean harreman ona dagoela esango nuke, nahikoa ongi doala. Francisaldiaren antolaketan, adibidez, elkarrekin ari gara, eta LGTBI+ Aholku Kontseilua ere badugu elkarlanean eta elkarrizketan aritzeko. Esango nuke, gure udalerrira etorrita behintzat, badela instituzioaren aldetik prestutasun bat. Batzuetan, ordea, diskurtso falta dagoela iruditzen zait, adibidez, salaketa egiteko garaian.
Instituzioekin kritikoak izatea dagokigu, baina zubiak ere zabaldu behar ditugu elkarren eskutik bidea egiteko.
G. Bolo-bolo ibili da azken hilabeteetan Bilboko Udalak antolatu duen pride edo Bilbao Bizkaia Harro desfilea. Zein iritzi duzue halakoez?
Lotsagarria da halako egoera bat. Bilbon joan den asteburuan, larunbatean egin zuten Madrilgoa (Espainia) imitatu nahian edo. Udaletik antolatutakoa da jaialdia, eta ez da espazio politiko bat, aldarrikatzailea edo kritikoa… LGTBIKA+ mugimendua oso antolatua dago Bilbon, oso kritikoa da, eta urtero-urtero antolatzen du manifestazioa ekainaren 28arekin batera identitateak aldarrikatzeko. Orain udalak antolatu du desfile bat, eta ez da hori bere egitekoa. Eragileen aldarrikapenetara eta beharretara egokitu behar da udala, eta ez alderantziz.
Egun berean, Terfen manifestazioa antolatu zuten, Bilbon ere hura. Ikuspegi transbaztertzailea duen jendearen manifestazioa izan zen, eta gorroto mezuak bota zituzten trans pertsonen kontra.
Aurrean izan zuten batzuek eta besteek, ‘pride’-ak eta Terfek, Bilboko transmaribibollo kolektiboa, pareko espaloian LGTBIKA+ eskubideak aldarrikatzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.