Fiesta gay en una promoción hostelera de Vallarta // |
Mexiko sexua, droga eta rock-and-rolla ere bada
Iñigo Bilbao Sagastiberri | Berria, 2023-08-20
https://www.berria.eus/paperekoa/1934/015/001/2023-08-20/mexiko-sexua-droga-eta-rock-and-rolla-ere-bada.htm
Ahuntzak mendira bezala, erbesteratuok herrira. Halakoxea da kanpoan bizi garenon patua. Ni neu, jakina denez, Mexikon nago. Bertara ezkondua, hamasei urte daramatzat tekila, sumendi, tako, Katrina eta lurrikaren lurralde hartan. Hamasei urte, eta oraindik ezingo dut esan bertara egina nagoenik. Ezta hurrik eman ere! Euskal Etxean buru-belarri sartuta egonagatik, ez dut neure burua diasporatzat jotzen. Ez horixe. Eta badut bai, Mexikoko pasaportea, pasaporte gorri, zuri eta berdea, eta ez dut mexikar izendatuko neure burua. Nor naizen, ondo dakit. Zer? Auskalo. Bi egun daramatzat Hernanin, etxekoekin, eta deserrotze harra habia egiten hasia zait jada erraietan.
Oraingoan, Bartzelona izan dugu Euskal Herrira egiteko zubi. ‘Circuit Festival’ deituriko jaialdi gay sorta horretan ohartu naiz euskal herritarra naizen bezalako mexikarra naizela jada. Izan ere, mundu zabaleko gizonen topagune horretan, «where are you from» entzutea egunerokoa izan dut, eta erantzuna, gehienetan, «Mexiko» izan da, «aidont ispik inglish» adierazpenarekin batera, noski. Euskal Herriaz egitea egokitu zait, bai, lagun katalanekin. Baina askoz ere ohikoagoak izan dira Mexikoren gainean emandako argibideak. Eta solasaldi horietan ohartu naiz, gu askotariko izatez osatutako zerak garen antzera, Mexiko ere halakoxea dela, bakarra eta askotarikoa. Gizon gay-ei, edo gizon gay festazale haiei, zehatz esanda, Mexiko zer den azaltzeko ez da EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatista aipatu beharrik; ezta Andres Manuel Lopez Obrador laudorioz josterik ere. Eta alferrik da migratzaileen premia latza eta gorria badenik gogoraraztea.
Badakit, bai, Mexikori buruzko albisteak gai bakarrekoak izan ohi direla halakoen inguruan; Mexiko odolari lotuta etorri ohi dela. Etengabeko odol jarioari, alegia. Drogak, armak edo migratzaileen trafikoak isuritako odola; matxismoak zein homofobia eta transfobiak eragindakoa; meatze, itsaso, eraikuntza edota petrolioaren ustiaketako lan baldintzek ekarritako odola eta samina. Hori bada Mexiko. Ez. Hori da Mexiko. Eta, hala ere, gai horietako bat bera ere ez dut aipatu aste honetan. Eta, oraindik gehiago, ez da egia gai horiek aipatu ez ditudanik asteon.
Munduko hainbat txokotako gizon gay horiekin Vallarta izan dugu hizpide behin eta berriro, Vallarta delako une honetan Amerika osoko gizon gay-en topalekua. Negu luze eta gorri-gorrian Vallarta da AEBetako eta Kanadako adineko gizon gay-en aterpea, eta haiei zuzenduta dago portuko jai eta aisialdi eskaintza. Ez gaitezen inozo izan. Drogak lotzen ditu ongien festa eta Mexiko. Drogak eta sexua. Eta horietatik asko eta merke aurkitzen dute turistek Vallartan. Horretaz hitz egitea egokitu zait gizon gay askorekin Mexikon bizi naizela jakin dutenean. Ez dugu Jalisco Taldea Belaunaldi Berria izeneko kartela aipatu. Beharrik ere ez. Hor zegoen aipatu gabe ere. Vallarta Jalisco eskualdean dago, kartel horrek agintzen du bertan, eta bereak dira hondartza, dantzaleku eta enparauetan saltzen diren bizigarriak. Polizia eta eskualdeko agintariak ere haien esanetara daude. Nik ez dut horrelakorik esan, jakina, badaezpada ere.
Migratzaileen saminaz ere ez dute galdetu, eta nik ez diet ezer aipatu. Ez diet esan hondartzan «masajeak» —bai, horrela, kakotxen artean— eskaintzen dizkieten mutil katxarroak Erdialdeko Amerikatik ihes egindakoak direla, iparraldeko mugarako bidean desbideratu, eta sos batzuen truke larrua eskaintzen ibiliko zaizkienak. Itzalkinaren pean, margarita edalontzi freskoa eskuan, irribarrea ezpain gozoetan, Venezuela, Kolonbia edo Kubako mutil horrekin masajearen «nondik norakoak» eta horren guztiaren prezioa adostu bitartean, bost axola turista gringo eta kanadarrari bestearen gabezia eta lazeriak.
Mexikoko telebistako albistegian ikasitako hondamendiak dira horiek; eta Mexiko dira, baita sexua, drogak eta rock-and-rolla ere. Gu askotarikoak garen bezalaxe, euskal hiztuna, mexikarra, maritxua, senarra eta kazetaria, halakoxea da Mexiko ere: festa da, festa izugarria eta polita. Baina baita samingarria ere: Efe berri agentziak gogoratu bezala, Mexikon eraildakoen kopuruak %1,68 egin zuen behera 2023ko lehen seihilekoan. Hala ere, 15.122 hilketatara iritsi ziren; batez beste, 83 egunean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.