UEU / Kuirartxibobizia proiektuaren kideak // |
“Edozein herri zein hiritako historian LGTBI+ errealitateak barne hartu beharko lirateke”
UEU, 2023-05-12
https://www.ueu.eus/komunikazioa/albisteak/edozein-herri-zein-hiriko-historian-lgtbi-errealitateak-barne-hartu-beharko-lirateke
#Kuirartxibobizia proiektuak irabazi zuen otsailean banatu zen Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka. Uxue Díez-Guiral (Urnieta, 1994), Maite Azabal Gallego (Orereta-Errenteria, 1996), Ane Fernández Trigo (Orereta-Errenteria, 1996) eta Aitor Narbarte Alvarez (Orereta-Errenteria, 1995) ikertzaileak daude proiektuaren atzean, eta besteak beste, LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eta aintzatespena ematea dute helburu. 18 hilabete dituzte ikerketa burutzeko eta haren nondik norakoak ezagutzeko izan gara haiekin.
G. Lehenik eta behin, zorionak! Nola hartu zenuten saria?
Eskerrik asko! Ilusio eta gogo handiz hartu genuen saria; izan ere, laurok oso lotura estua dugu gure herriarekin, Oreretarekin. Oso motibatuta eta pozik gaude eta ikerketa hau gure lurraldera pixka bat gehiago gerturatzeko eta herria hobeto ulertzeko instrumentua ere izango da. Ospakizunak ez dira falta izan gure taldean, hori argi dago!
G. Nola kozinatu zenuten ideia?
Askotan bizitzaren bidezidorrek eramaten gaituzte guk espero ez genituen lekuetara. Dagoeneko batzuek urte askotako erlazioa dugu, Errenteriako Gamon ikastetxean batera ibili ginelako; beste batzuek, aldiz, militantzian egin genuen topo duela urte batzuk. Modu batera edo bestera urte hauetan zehar harremanetan egon gara, Errenteriak berriz laurok elkartu gaituen arte.
Egiten duguna egitera eraman gaituen arrazoia gure komunitatearentzat, hain zuzen, LGTBI+ eta emakume-komunitatearentzat, lan egitea da, etorkizuna aktiboki eraikiz eta eragile guztien parte-hartzearen aldeko borroka sustatuz.
Aspalditik LGTBI+ errealitateak ikertzeko taldean lan egitea buruan genuen. Jadanik bi kidek LGTBI+ ikerketak egiteko taldea sortu dute horren harira. Beraz, beka honen baitan gure artean saretu eta ilusio eta irrika handiz hasten dugu bide hau.
G. LGTBI+ kolektiboaren memoria jasoko duzue proiektuan, nondik gatozen ikustea garrantzitsua da aurrera egiteko?
Gure ustez, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko harremanak dinamikoa eta aktiboa izan behar du. "Izan zirelako gara" lelo famatuari erreferentzia eginez, LGTBI+ errealitateei dagokienez gure herrian zer egon den eta zer dagoen jakitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, orain eraikitzen ari garen etorkizunari forma ematen dioten oinarriak ulertu eta solidotu ahal izateko.
Hala ere, nondik gatozen ikustea garrantzitsua bada ere, aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa ikusten dugu mundua norantz doan ulertzea ere gure iraganean hobeto sakontzeko. Hau da, egungo LGTBI+ errealitateak zeintzuk diren aztertzea eta horiei lotutako joera soziopolitikoak identifikatzea beharrezkoa da gure historia eta iraganeko errealitateen konplexutasuna hobeto ulertu ahal izateko. Uste dugu etengabeko elkarrizketa egon behar dela iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean, elkarrizketa horren emaitza LGTBI+ memoria kolektiboa izango baita, azken finean.
Gure ikerketaren ondorio zehatza Errenteria eta Oarsoaldeko kuir historia sendotzea izango da, behintzat aldi jakin batean eta kartografiatutako guneetan. Aldi berean, herriko kuir iruditeria sustatu nahiko genuke, eta zisheteroarauaren hausturak eta zirrikituak agerian jarri. Modu horretan, LGTBI+ biztanleriarentzat kaltegarri eta mingarri izan daitekeen iruditeria gainditzeko pausoak eman nahi ditugu, eta erreparazio-prozesuari bidea egin. Horrela, Errenteria eta Oarsoaldea zer den, bertan zer gertatu den, zer gertatzen ari den eta zer gerta daitekeen horretan hausnartuko dugu.
G. LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eman nahi diozue eta erreferenteak sortu. Zergatik da horren garrantzitsua?
Alde batetik, LGTBI+ ikusgarritasuna bermatzea eta erreferenteak izatea gizarte osoarentzat da onuragarria eta ez bakarrik kolektibo hauetako pertsonentzat. LGTBI+ erreferenteak ezagutzeak enpatia sustatzeko eta kolektibo horien problematika zehatzez ohartarazteko balio du. Askotan, LGTBI+ pertsonek jasaten duten indarkeria informazio eta ezagutza faltagatik izan ohi da eta erreferente positiboak izateak hori ekiditen lagun dezake.
Bestalde, pertsona guztiok behar dugu islatzeko ispilu bat, bereziki geure burua ezagutzen ari garen bitartean, baita bizitzako etapa kritikoetan ere (adibidez, haurtzaro edota nerabezaroan). Tradizionalki, LGTBI+ pertsonek ez dute ispilurik izan edota estereotipoz beteriko bertsioak izan dituzte. Ikerketak dioenez, hau oso kaltegarria da eta ondorio negatibo dexente izan ditzake. Beraz, horri buelta ematea eta ispilu atseginak sortzea behar-beharrezkoa da. Noski, hau herri-mailatik egiten hasi behar dela uste dugu guk eta horregatik proposatu dugu ikerketa hau.
G. Ikusgarritasuna... eta aintzatespena ere bai.
Noski, ikusgarritasunaren eskutik aintzatespena ere badator, hori bilatzen du gure ikerketak. Memoria kolektiboa berreraiki eta osatzean, gure herrian historikoki isilaraziak izan diren esperientzia eta pertsona horiei hitza eman nahi diegu eta herrian horien funtsezko papera azaleratu. Lehen esan moduan, LGTBI+ erreferenteak denontzat dira onuragarri eta askotan ez gara konturatzen gure bizitzetan izan duten edo duten garrantziaz. Kolektibo hauen aldarrikapenek guztientzako eskubideak lortzen dituzte, euren bizitzak eta gorputzak lehen lerroan jarri eta gizarte guztia eurekin daramate. Adibidez, oraingo estatu-mailako trans legearen bultzadak, nahiz eta bere argi-ilunak izan, gizarte osoarentzat onuragarri diren politika eta ekintzak bermatzen ditu. Beraz, lan eta borroka horri duen merezimendua ematea da gure helburua.
G. Abenduan eskuratu zenuten ikerketa-beka, zer pauso eman dituzue orain arte?
Lehenik eta behin, sare sozialak egiten hasi ginen jendeak gure proiektuaren berri izateko, eta Instagramen #kuirartxibobizia eta Twitterren @kuirtxibobizia kontuak sortu genituen. Hau oso tresna baliotsua izan da, batez ere galdetegiaren difusioa egiteko eta ematen joan garen pausoak partekatzeko.
Galdetegia zabaltzea izan da orain arte eman dugun pausorik handiena. Horren baitan, herriarekin kontaktuan jarri gara eta jendearen iritzi, uste eta bizipenak jasotzen hasi gara. Gure proiektuan azaltzen dugun bezala, metodologia parte-hartzailea da eta fase hau ezinbestekoa izango da datu esanguratsuak lortzeko.
G. Herriari ere deialdi irekia egin diozue: galdetegia bidali, argazkiak eskatu... nolakoa izaten ari da erantzuna?
Hasieratik erantzun asko jaso ditugu. Sare sozialek lagundu dute, baina esango genuke batez ere ahoz ahokoa izan dela difusioa egiteko modurik eraginkorrena. Orain galdetegiko erantzun-kopurua pixka bat egonkortu da, hala ere, kartelak jarri ditugu hainbat herritan, galdetegira daraman QR-arekin, jendea animatzeko eta informazio gehiago lortzeko. Pertsonalki, jendearen erantzunak hunkitu gaitu; batetik, gure lanaren berri izan duelako jendeak eta, bestetik, galdetegia erantzuteko denbora hartu eta ikerketan inplikatu delako. Gainera, pertsona batzuek zorion eta animo mezuak utzi dizkigute, eta horrek ere indarra eman digu.
G. Artxiboa bai, baina bizia. Abiapuntua izan nahi duela diozu. Norantz?
Gure herriaren LGTBI+ memoria errepasatu nahi dugu, jendearen kontakizunak entzutearen bitartez, honakoa modu kolaboratiboan eraikitzen joateko. Horregatik, denon artean sortua delako, orainaldian, bizia da. Herria hazten jarraitzeko prozesuaren parte izan nahi dugu.
G. Beste herri batzuetarako eredugarria izan daitekeela uste duzue?
Bai, noski! Ikerketa honek bidea urratu dezake. Errenteria eta Oarsoaldeko kuir historia sendotzean eta herriko kuir iruditeria zabaltzean zenbait ate ireki eta etorkizuna beste leku batzuetatik eraiki dezakegu. Gure mezua argia da: edozein herri zein hiritako historian LGTBI+ errealitateak barne hartu beharko lirateke, historia horren parte baitira. Herri edota hiriak espazio seguru bilakatu nahi izanez gero, ikusgarritasuna gakoa da; LGTBI+ pertsonak existitu gara, existitzen gara eta existituko gara, horri aitortza bat egitea behar-beharrezkoa ikusten dugu.
G. Zer da lortzea gustatuko litzaizuekeena?
Gizarteak kontziente izan behar du LGTBI+ errealitateak historia ofizialean sartu beharko genituzkeela. LGTBI+ pertsonek euren ekarpenak egiten dizkiote herriko testuinguru orori, eta horrek herri zein hirian eragiten du. Hau da, LGTBI+ pertsonak eragile aktiboak direla, alegia.
Gainera, Errenterian eta Oarsoaldean sortu diren LGTBI+ mugimenduak eta pertsonak baloratu nahiko genituzke, haien memoria ospatu eta jendartean zabaldu. Era berean, gaur egun gertatzen ari diren istorioak ere balioan jarri nahiko genituzke; horrela, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko zubiak eraiki eta elkarrizketak sortu nahi ditugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.