sábado, 24 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Hamarkadaz hamarkada LGBTI+ kolektiboaren defentsan

Juan Carlos Bayóren argazkia / 1979ko ekainaren 12an, Francisen hilketa salatzeko egindako manifestazioa

Hamarkadaz hamarkada LGBTI+ kolektiboaren defentsan

Andoni López Virués | ON [Grupo Noticias], Noticias de Álava, 2023-06-24

https://www.noticiasdealava.eus/on/2023/06/24/hamarkadaz-hamarkada-lgbti-kolektiboaren-defentsan-6968515.html 
Versión en PDF:
Ekainaren 28an, hainbat tokitan, LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunak lekua izango du. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua lurraldeko lehenengo talde antolatua izan zen, nahiz eta taldearen sorrera baino lehen, jada LGBTI+ pertsonen zapalkuntzari aurre egiteko beharretik egonezina antzeman zezaken.

Euskal Herriko LGBTI+ historia ezagutzeko, ezinbestekoa da nazioarteko mailan begirada kokatzea. 60ko hamarkadan, kolektiboarentzat topaleku bihurtu zen New York-eko Stonewall Inn taberna. Stonewall-en ohikoak bihurtu ziren polizia-sarekadak eta indarkeria egoerak.

1969ko ekainaren 28an, polizia-sarekada bat aurrera eraman zen. Egun horretan, LGBTI+ komunitateak jasaten zuen indarkeriari aurre egitea erabaki zuen, eta gaur egun Stonewall Inn-eko istiluak bezala ezagutzen dugun pasarte historikoak lekua izan zuen. Estatuko leku ezberdinetako hainbat pertsonek bat egin zuten manifestazioekin. Istilu hauek mugarri izan ziren LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko borrokan.

Julen Zabala EHGAM-eko kidea izan da 70ko hamarkadatik, eta beste kide batzuekin batera, EHGAM-eko artxiboa mantentzeaz arduratzen da, “ez bakarrik dokumentazioa fisikoa, baizik eta hainbat borroka urteen memoria ere”.

Espainiar estatuan ere lehen mobilizazioak 60ko hamarkadaren amaieran hasi ziren eta gertakari zehatz batean zentratu ziren: Frankismo garaian onartu zen Alferren eta Gaizkileen Legearen birmoldatzea. Lehenengo hau ordezkatzeko, Arriskugarritasuna eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legea (LPRS, siglak gazteleraz) 1970eko abuztuan onartu zen, baina aldaketak ez ziren onuragarriak izan: lege berri horrek arriskutsutzat jotzen zituen LGBTI+ pertsonak eta hauek kartzeletan sartzeko artikuluak biltzen zituen.

EHGAM, lehen aldiz kaleetan
“Lehen protesta haietatik abiatuta, talde eta kolektiboen antolaketa eratzen joan zen. 1975aren amaieran, “trantsizioa” deritzona hasi orduko, FAGC sortu zen Katalunian, eta berehala, gay mugimendua beste leku batzuetara zabaldu zen”, dio Julen Zabalak. Euskal Herrian 1976an sortu zen EHGAM, Antonio Kintana eta Imanol Alvarezen arteko ustekabeko topaketa baten ondorioz Durangoko Azokan. Lehenengo urteetan, taldearen hedapenean zentratu ziren, eskubideak aldarrikatuz eta LPRSren eta sistema beraren errepresioaren aurka protestatuz, baita María Isabel Gutiérrez Velasco prostituta Basauriko espetxeko gela batean 1977ko azaroan kiskalita agertu zela salatuz ere.

1979ko ekainaren 10ean, Errenterian, Antonio Caba poliziak Francis trabestia hil zuen. Zabalaren hitzetan, “mugarri berria izan zen”. Une hartan, mugimenduak presentzia handia zuen Euskal Herri osoan, baina Francisen hilketa “garrantzitsua izan zen komunikabideetan eta orduko sare politiko eta sozialean gure aldarrikapenek presentzia gehiago izateko”.

Hilketaren ondorioz, Gipuzkoako taldeak azkar hartu behar izan zituen erabakiak. Horrela eman ziren Gipuzkoan LGBTI+ kolektiboko lehenengo manifestazioak, eta Euskal Herriko LGBTI+ mugimenduaren egutegi partikularrean, 1979ko ekainaren 12ak berebiziko garrantzia du, “gure lehenengo ekainaren 28ko manifestazioa izan zela esan dezakegu”.

Lehenengo urteetatik, gaur egungo egoerara
Lehenengo urteetan EHGAM Espainiar Estatuko Askapen Homosexualeko Fronteen Koordinakundearen aldarrietan antolatu zen. Garai hartan funtzionatzen zuten erakunde eta kolektiboak biltzen ziren koordinakundean. Plataforma hori 18 errebindikazio-puntu zituen, horien artean, sexu-jarduerek eragindako diskriminazio oro ezabatzea eta haien afektibitatea jendaurrean erakusteko, nahi den bezala janzteko, eta elkartzeko eskubidea nabarmentzekoak dira.

Beste aldarrikapen koiunturalago batzuk ere bazeuden, hala nola, LPRS eta homosexualitatea edo eskandalu publikoa zigortzen zuten kode penal eta militarreko beste artikulu batzuk indargabetzeko eskaera. Horrez gain, Amnistia eskatzen zen homosexualitateagatik edo trabestismoagatik kartzelan jarraitzen zutenentzat.

Zabalaren ustez, gaur egungo aldarriekin alde handia existitzen da, gauza asko aldatu direlako. Hala ere, egoera legala errealitate sozialean islatzen ez dela ondorioztatzen du. Adingabeek beren orientazio edo nortasun “sexogenerikoagatik” sozializazio esparruan bizi behar duten jazarpena adibide moduan jarri du.

EHGAMek, halaber, “gay” terminoaren merkantilizazioaren, erakunde politikoen instrumentalizazioaren, “pinkwashingaren” edo kolektiboaren barruan bizi den “homonormatibitatearen” aurka ere egiten du: “Hau guztia, Shangay Lily-k, asmakizun handiz, “gaypitalismo” deitu zuenaren parte da”.

Beharrak asetuz
LGBTI+ komunitatean profil anitz biltzen dira, eta klandestinitatea bezalako faktoreek bere eragina izan dute kolektiboan. Sortutako beharrak asetzera bidean, hainbat motatako erakunde edo kolektibo sortu dira Euskal Herrian. Horietako bat Aldarte Arreta Zentroa da, 1994an sortu zena. LGBTI+ pertsonentzat ez ezik, haien inguruko pertsonentzat ere zerbitzuak eskaintzen ditu. Gaizka Villar Aldarten lan egiten duen gizarte-langilea da: “Edonork, edozein kezka edo zalantza izanez gero, hurbildu daiteke”. Aholkularitza juridikoa Aldartek eskaintzen duen zerbitzuetako bat da. Beste alde batetik, arreta psikologikoan zentratzen diren forma ezberdineko zerbitzuak daude. Aldarteko bi egoitzetatik, Bilbon eta Gasteizen kokatzen direnak, eskuhartze sozialean ere aritu dira azken urteetan.

Ordutik hona, Aldarte jendearen beharretara eta epe historikora moldatu da, eta gaur egun profil nagusienetarikoa LGBTI+ pertsona migratuak dira, baita zaurgarritasun egoeran bizi direnak ere.

Aldarteko kidearen ustez LGBTI+ komunitatearen beharrak aldatu dira. Hasieran, behar nagusiena sozializatzea zen, bizipenei buruz hitz egitea: “Horrek norbanako identitatetik haratago, identitate kolektibo bat sortzeko gaitasuna ematen zuelako. Iruditu ez arren, oraindik jendeak behar hori du”. Nahiz eta gaur egun LGBTI+ kolektiboko zenbait kideek jendarte baikor bat izan ahal duten, “kolektiboarekiko lotura bat behar dute”, eta horren bila hurbiltzen dira Aldartera.

Aldarteren lehenengo ekintzetako bat, eta gaur egun aktibo mantentzen dena, elkarlaguntza taldeak izan ziren. Taldeetan, “ahalduntzea” lantzen dute bizipenetatik, autoestimutik eta konfiantzatik. Duela urte batzuk, emakumeei zuzendutako talde itxia sortu zuten, ulertuta askotan LGBTI kolektiboa irudikatzen dugunean “gizon zuri eta klase ertainekoa” imajinatzen dugula. Horregatik, emakumeen kasuan, sexualitateak eta identitateak lantzeko espazioen beharra ikusi zuten.

Hiruki Larroxa militantziatik kooperatiba bat izatera igaro duen proiektua da eta haien aktibitatea ere anitza da. Hiru kideren arteko kooperatiba honek transfeminismotik egiten du lan, eta ikuspuntu hori aurrera eramaten dituzten proiektu guztietan txertatzen dute.

Alde batetik, hezkuntzan aritzen dira. Gabilondoren hitzetan, ez da haien lan-lerro bakarra, baina bai Hiruki Larroxaren “ildo potente bat”. Hezkuntzan gaia transbertsalki landu behar dela uste dute kooperatiba honetan, eta ez bakarrik ikasleen kasuan, baizik eta profesionalen kurrikulumean. Joseba Gabilondoren hitzetan, “hezkuntzan erronka handiena metatzen da”.

Hala ere, gizartea anitza da, eta zentzu horretan, hezkuntzan aritzea ez da nahikoa, jendartearekin lan egin behar da. Hiruki Larroxaren helburuetako bat, kontzientzia kritikoa piztea da. Horregatik ez diote mezua publiko zehatz bait zuzentzen: instituzioak, irakasleak, ikasleak... LGBTIfobia moduren baten eteteko, hau erreproduzitzen duten aktoreekin lan egin behar dela dio Hiruki Larroxako kideak: “Jendarteari zuzentzen dizkiogu gure ekintzak”.

Instituzioekin ere lan egiten dute, eta haien lanen artean, udal politikak eraldatzeko diagnostikoak aurkituko ditugu. Horiei buruz, Gabilondok aipatzen duen faktore nagusia herria eta hiriaren arteko ezberdintasuna da. Hirietan askatasuna handiagoa da. Gabilondok herrietan gertatzen den “sexilioa” aipatu du ohiko gertakari gisa: LGBTI+ komunitateko kideek haien jatorriko herria utzi behar izatea haien orientazio edo identitate sexualagatik. Nahiz eta herrietan LGBTI+ gaiarekiko egoera itogarria izan ahal den, Hiruki Larroxako tailerrak harrera ona izan ohi dute.

Hiruki Larroxako kideek ere ahalduntzean jartzen dute fokua. Horretan, feminismotik datorren esperientziatik aritzen dira: “Elkartasuna sustatu, bakoitzak bere bizipenak kontatu, elkarzaindu eta hor sortzen den ahizpatasuna indartu”, hori da ahalduntzea Hiruki Larroxarentzat. Hori sustatu ez ezik, Gabilondoren hitzetan garrantzitsua da gazteek ahalduntze hori artikulatzea, eta haien ingurukoekin konpartitzea.

Erronkaz erronka, helburua “gizartea desheterosexualizatzea” da: “Goazen zalantzan jartzera gure desira, gure generoa, goazen jolastera, deserosotasunetik, goazen gure harremanak birplanteatzera”, dio Joseba Gabilondok, “zisheteropatriarkatuaren“ baloreetatik urruntzeko asmoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.