viernes, 29 de mayo de 2020

#hemeroteka #osasunpublikoa #ezkontza | «Nire ezkontzan gonbidatu guztiak egotea nahi nuen; edo guztiak, edo inor ez»

Irudia: Ataria / Xabi eta Claude
«Nire ezkontzan gonbidatu guztiak egotea nahi nuen; edo guztiak, edo inor ez»
Irati Saizar Artola | Tolosaldeko Ataria, 2020-05-29
https://ataria.eus/berastegi/1590659507576-nire-ezkontzan-gonbidatu-guztiak-egotea-nahi-nuen-edo-guztiak-edo-inor-ez-xabi-barriola

Koronabirusaren krisiak hainbat ezkontza bertan behera utzi ditu; urtebetez atzeratzeko erabakia hartu dute askok. Horixe izan da Xabi Barriola berastegiarrari eta Claude Cousti paristarrari gertatu zaiena; iraila urrun ikusiagatik ezkontza atzeratu eta «lasaitua» hartu dute.

Irailaren 26a gorriz markatua zuten Xabi Barriolak (Berastegi, 1987) eta Claude Coustik, haien ezkontza egunerako ia guztia lotuta eta prestatua baitzuten. Koronabirusaren krisia dela eta, kezka eta zalantzak tarteko, hurrengo urtera atzeratzea erabaki dute, eta dagoeneko, badute data berria: 2021eko irailaren 25ean ezkonduko dira.

2020ko irailaren 26a ahaztu ezinezko egun bat izatera zihoan.
Egun hori aukeratu genuen nire bikoteak eta nik ezkontzeko. Ilusio handia genuen. Gainera, azken boladan, urtero tokatu izan zaigu kuadrillakoren baten ezkontza, eta aurten nirea izateak oraindik eta ilusio gehiago egiten zidan.

Osasun larrialdia dela eta atzeratzea erabaki duzue. Nola joan da erabakitzeko prozesu hori?
Oso zaila egin zaigu. Izan ere, urrun dagoen data bat da eta horrek esperantza txiki bat ematen zigun hasieran. Baina erabat neurriak aldatzen doaz, fase ezberdinetik pasatzen ari gara, arauak ere aldatzen doaz eta egunero albisteak entzuten ari ginen, ea ezkontzaren inguruko zer arau ezartzen zituzten ikusteko.

Ni Berastegikoa naiz eta arazorik ez dugu nire gonbidatuekin, baina nire bikotea frantsesa da, paristarra, eta bere familia eta lagun guztiak handik etorri behar dira. Kontua da, egun, Espainia eta Frantzia arteko muga itxita dagoela. Horrek ematen zigun buruhausterik handiena. Gure helburu bakarra lehenik eta behin muga irekitzea zen. Gonbidatu haiek hona etortzeko aukera ezberdinak dauzkate, izan trenez, izan hegazkinez. Guk ezkontzarekin jarraitu eta gero mugarekin arazoak izateak asko beldurtzen gintuen. Izan ere, Frantziako gonbidatuek hegazkineko edo treneko billete bat erosi behar dute, baina gero, edozein arrazoiengatik baliogabetu behar badute eta dirurik itzultzen ez badiete, niri horrek kezka eta ardura eragiten zidan. Besteengan ere pentsatu behar genuela ikusten genuen.

Eta ezkontza ospatzekotan, gonbidatuen kopuru aldetik kezkatzen zintuen gaiak?
Behin ezkontzekotan, nik betidanik egin nahi izan dut bodorrio bat. Kasualitatez familia handia daukat: nire aitaren aldetik hamaika anai-arreba dira eta amaren aldetik bost; lehengusu mordo bat dauzkat, laneko lagunak ere bai, eta Berastegin ere kuadrilla handia daukat. Nire ezkontza 50 lagunekin soilik ospatu behar nuela pentsatzeak, nire ametsetako ezkontza erabat zapuzten zuen. Oso garbi nuen nik nahi nuen bezalako ezkontza bat egin nahi nuela, bestela ez nuela egingo. Orain, gonbidatuen muga bat ezarri dute, baina nik nire gonbidatu guztiak bertan izatea nahi dut. Edo guztiak, edo inor ez.

Bikote batzuk data mantentzea erabaki dute, eta gonbidaturik gabe paperak sinatzea. Ez da zuen kasua izan.
Ikusita zein arazo dauden mugak zeharkatzeko, paperak egitearena burutik pasa izan zaigu. Baina azkenean guztia urtebete atzeratzea erabaki dugu eta espero dugu hurrengo urteko irailerako txertoa prest izatea, eta arazorik ez izatea, ez ezkontza handi bat ospatzeko, ezta muga zeharkatzeko ere.

Egun batetik bestera hartu zenuten erabakia?
Bikotearen aldeko familia eta lagunak galdezka ari zitzaizkigun ea zer egin behar genuen. Eta hemengo lagun batzuekin ere ari nintzen gaia komentatzen. Presio moduko bat sentitzen genuen, albistegiak entzun eta ez zuten ezer garbirik esaten, mugari buruz ere albisterik ez. Azken berrien arabera, ezkontzen kasuan leku irekian ehun lagun ingururekin posible izango dela esan dute eta leku itxietan 50 gonbidaturekin. Baina bagenuen beste beldur bat ere. Orain gauzak, ustez, ondo doaz, baina, uda ostean berriro ere birusa hedatzen hasiko ote den zurrumurruak entzuten ari gara, eta horren harira, irailean berriro ere arauak gogortuko ote dituzten kezka bagenuen. Beldur horiekin hasi ginen, eta aste baten hasieran esan genuen aste horretan atzera edo aurrera egin behar genuela. Gure lasaitasunerako, atzeratzeko erabakia hartu genuen. Prestatuta genituen gauzen artean garrantzitsuena jatetxea zen, eta hara deitu nuenean inongo arazorik ez zidaten jarri. Esan zidaten, haien jatetxean aurten ezkontzekoak ziren bikote guztiei hurrengo urterako data bat gordeko dietela, eta horrek lasaitasuna eman zigun. Detaile zoragarria iruditu zitzaigun jatetxearen aldetik. Data mordo bat jarri zizkiguten mahai gainean, eta mantentzea erabaki dugu: datorren urtean irailaren 26a igandea tokatzen denez, irailaren 25ean, larunbatean, ezkonduko gara.

Atzeratzeko erabakia hartu zenutenean zer zeneukaten dagoeneko prestatuta?
Guztia lotuta genuen, ezkontza bidaia izan ezik. Dudan geunden nora joan, eta geroago hartzea pentsatua genuen. Esaterako, trajeak aukeratuta genituen biok, neurrira jartzea soilik falta zen. Argazkilaria ere hartuta genuen eta dagoeneko argazki saio bat ere egina genuen gonbidapenetako txartelak prestatzeko. Gonbidatuentzako oparitxo bat egitea ere erabakita genuen; autobusa ere lotuta genuen. Eta paper kontuak ere aurreratuak genituen. Irailean ezkondu ahal izateko maiatza amaierarako paper guztiak prest izatea gomendatu ziguten. Bikotea frantsesa izatearekin paper gehiago behar dira, eta zailagoa da guztia ondo bideratzea. Konfinamendua ezarritako aste horretan dokumentu guztiak entregatzeko asmoa genuen. Baina guztia geratu egin zen. Apirila amaieran bake epaitegiko langileak deitu ninduen, esanez, berriro martxan hasiak zirela. Baina hor zalantza sortu zitzaigun. Aurten paperak egin genitzakeela esan zigun, baina, azkenean, paperak ere hurrengo urtean egingo ditugula erabaki dugu. Izan ere, erreleboka egiten dut lan eta zazpi lan egun jarraian eta bost jai egun izaten ditut, beraz, urte guztian zehar ez daukat oporraldi luze bat hartzeko aukerarik. Ezkontzeak, ordea, bidaia handiago bat egiteko denbora nahikoa ematen dit, 16 eguneko baimena ematen baitute. Kontua da, paperak aurten eginez gero, 16 eguneko baimen hori ere aurten hartu beharko nukeela. Horrek sekulako pena ematen zidan. Behin edukiko lasai bidaiatzea eta koronabirusa dela eta ezin izango genuen ezer handirik egin.

Denboraz hartu duzue erabakia. Gonbidatuek egoera ulertu dute?
Bai, noski. Hasteko, gonbidatu guztiek animoak eman dizkigute. Badakite ez dela erabaki erraza izan, eta azken batean ilusiorik handiena norberak edukitzen du. Ezkontza prestatzen hasi ginenean, jendea sekulako ilusioarekin gonbidatu genuen, eta gero inori ez zaio gustatzen esatea ezkontza ez dela ospatuko. Kasualitatez, tokatu egin zaigu ba. Baina zorionez, Whatsapp-ari esker, gonbidatuei mezu bana bidali ahal izan diegu, izan ere, orain gutxi arte ez genuen Berastegitik mugitzeko aukerarik, eta orain Gipuzkoan soilik mugi gaitezke. Guztiek esan digute ondo hartutako erabakia izan dela. Hurrengo urtean, ezkontza irailean izanda, espero dugu hau guztia erdi ahaztuta izatea eta behar bezala ospatzea. Maiatza aldean egiteko aukera ere bazegoen, baina data horretarako txertoa aterako ez balute eta gauzak aurrera jarraituko balu, bigarren atzerapen bat egin beharko genukeen, eta hori bai izango litzatekeela golpe handia. Atzeratzen hasita hobe iraileraino atzeratzea.

Atzeratzea erabakita ere, prestaketa lanekin jarraituko duzue?
Hitzartuta genituen gauzak bertan behera uztea izan da egin dugun lehen lana. Esaterako, autobusa, argazkilaria eta jatetxearekin datorren urterako data adostu dugu, eta lasaitua hartu dugu, izan ere, urtebete baino gehiago falta da orain ezkontzarako eta ia guztia lotuta daukagu. Bidaia aukeratzeko ere oraindik eta denbora gehiago dugu, beraz horretarako aprobetxatuko dugu.

Trajeak ere hartuta genituen, eta gure kezka zen ea etxean ondo gordeko genituen, edo izorratu egingo ote zitzaizkigun, eta dendariak inolako arazorik gabe gordeko zizkigula esan zigun. Gainera, nahi bagenuen negu aldera berriro joateko aukera eskaini digu, berriro ilusio pixka bat izan dezagun.

Ezkontzeko planak hankaz gora jarri zaizkizue konfinamenduagatik, baina atera izango diozue alde positiborik ere.
Bai, noski. Claude eta biok distantzian daramagu harremana. Lanagatik bi-hiru astetan elkar ikusi gabe egon ohi gara eta bost jaiegun jarraian ditudanean aprobetxatzen dugu elkarrekin egoteko. Koronabirusak gehienei arazoak ekarri dizkien heinean, guri zentzu horretan kontrakoa gertatu zaigu. Nire bikoteak konfinamendua Berastegin pasatzea erabaki du; Parisen izan beharrean, eta horrek gu gehiago elkartu gaitu. Zentzu horretan behintzat zortea izan dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.