domingo, 25 de septiembre de 2016

#hemeroteka #transgeneroa | Billy Tipton anderea

Irudia: El Diario Vasco / Billy Tipton erdian
Billy Tipton anderea.
Plazara atera da berriro hain sinegaitza ere egiten ez zaigun Billy Tipton jazzmanaren istorioa. 1989an hil zen. Denen ustez gizona zen baina hil hurren zela aurkitu zuten emakume jaio zela. 1914ean. Oklahoman.
Begoña del Teso | El Diario Vasco, 2016-09-25
http://www.diariovasco.com/culturas/201609/25/billy-tipton-anderea-20160925115306.html

Duela gutxi, Gasteizko, Getxoko eta Donostiako jazzaldien pare den Nizakoan TheTipton´s Sax Quartet taldeak hartu zuen parte. Emanaldi horrek ekarri zuen berriro argitara kasik 60 urtez denek gizonezkotzat jo izan zuten emakume haren kondaira benetakoa. Parekorik ez duena? Ez horixe! Hamaika ditu pareko. Udan, Iparraldeko zein Hegoaldeko plaza eta antzokietako tauletan ikusgai izan dugu Erausoko Katalinari eskainitako pastorala. Dakizuenez, Donostiako Antiguo auzoan jaiotako neska hura Espainiako armadan ibili zen soldadu, gizon Ameriketan. Gudetan duelotan bezala. Zauritu zuten behin, eta atorra ireki ziotenean aurkitu bere sexuaren egia. Pekatua zen, pekatu larria garai haietan, emakumeak gizonezkoaren plantak egitea baina Erromako Aita Santuak baimena luzatu zion hil arte ‘gizonen modura’ bizitzen jarraitzeko.

Horrexegatik ez deritzogu horren estrainio Billy Tiptonen istorioari. Horrelakoak hamaika ezagutzen ditugu. David Cronenbergek antzeko bat kontatu zigun 'M. Butterfly' filme harrigarri eta krudelean. Gure garai hauetan gertatu zen pasadizo benetakoan du inspirazio eta oinarri. Bernad Boursicot gazte frantziarrak Pekingo enbaxadan egiten zuen lan 60.ko hamarkadan. Operara joaten zen. Opera txinatarrera, non emakumezkoen pertsonaiak gazte ar lirainek antzezten dituzten. Baina Bernardek ez zuen horren berri, eta abeslari batekin maitemindu zen.

Hark, Shi Pei Pu izenaz ezagutua zenak, gobernutik jasotzen du agindu izugarria: amodioaren eta sexuaren poderioz zoratuko du diplomatikoa eta dakizkien sekretu politiko guztiak esanarazi. Hala jokatu zuen Shi Pei Puk. Biek atxilotu zituztenean, Bernardek ez zekien bere amorante txinatarra gizonezkoa zenik. Biak joan ziren kartzelara. Betirako aldendu zirelarik honelaxe mintzo zitzaion Shi Pei Pu Boursicoti: «Zurekin eman ditudan egunetan baizik ez naiz ni existitu».

Beraz, Billy Tiptonen istorioak ez gaitu harritzen. Hala ere, harrigarria da. Eta… zergatik Nizako emanaldi horrek gureganatu du berriro Dorothy Lucille izenaz jaio zen piano eta saxojolearen oroipena? Ba, The Tipton´s Sax Quartet taldea bere ohorez, bere oroimenez sortua zelako. Aspaldi. 1993an. Hainbat Jazz womanek sortua. Gizonezkorik bertan ez, eskerrik asko. Atera duten azken diskoa 2014ekoa da eta oraindik sasoian dihardute Amerikan eta Europan.

Dorothyrengandik Billyrengana
Jakina asko, oraingo genero teoria, ikerketa eta ikasketen arabera, bai Katalina bai Billy generoko disforiaren eredu garbiak dira. Transgenero izakiak. Izan daiteke, bai. Litekeena da hala izatea, nola ez? baina bestelako zerbait ere gerta zitekeen. Katalinaren garaian (1585ean jaio zen), giltzapetu zuten komentuan bizitza osoa eman nahi ez zuen neskato manugaitz eta errebelde batek beste irtenbiderik ez zuen: giltzak lapurtu, salto egin hormetatik behera (san Bartolome muinoan) eta jakina, mundu hartan, aro hartan, herri hartan (Donostian, hots) inoren menpeko ez izateko zeukan aukera bakarraz baliatu: gizonezkoz mozorrotu! Bestela, nola ibiliko litzateke aise eta airos kaleetan barrena hamaika mentura bizi nahi zuen neskatila, kapitain dohatsu baten alaba, ezpata fin zerabilen emakume gaztea?

Kontu bera Billyren kasuan. Bere denboran (ez ahaztu, 1914ean gaude) bere bizilekuan, Oklahoman, neska esanonekoek ez zuten musika jotzen. Ez bederen Dorothyk gustoko zuena: jazza!!! Beltzen soinu deabruzko eta lizun hura. Izan zitezkeen, bai, abeslariak (halare, kantariak inkluso emagaldutzat jotzen zituzten ia denek…) baina ez piano/saxo jole. Irtenbide bakarra? Gizon baten plantak egin, sexu itxuraldaketa. Eta hori egiteko dohai berezia izan zuen Dorothyk. Esaten dutenez, bibotea eta guzti sortu zuen. Kola fin batez estaltzen zuen goiko ezpaina eta ileak jarri bertan. Banan banan jarri ere.

Baliteke Katalina, Dorothy /Billy transgeneroak izatea baina kasik seguru beste motako borroka zela haiena. Ezin konparatu, kasu, Walter/Wendy Carlos maila goreneko konpositorearekin. Kubricken 'La naranja mecánica'-rako musika sortu zuenean Walter izenarekin sinatu zuen.'El resplandor'-erakoa idatzi zuenean iada Wendy zen. Sexu aldaketa kirurgiko osoa egin zuen bi sormen lan ikaragarrien artean.

Gauza bera gertatu da kasik oraintxe Wachowskitarrekin. 'Matrix'-en unibertsoa irudikatu zutenean (eta zientzia fikziozko zinemarekin genuen harrema seko aldatu zigutenean) Larry eta Andrew ziren. 2015ean 'El destino de Júpiter' filme petrala plazaratu zutela, Lilly eta Lana, 'Wachowski ahizpak' genituen gure begi aurrean.

Disforia? Transexualak? Transgeneroak? Marimutilak ala euren garaian emakumeek debekaturik zituzten hainbat abentura, plazer, ofizio, amets bizitzeko balentria osoz eskura zuten baliabidea ederki asko erabiltzen jakin zuten emakume benetakoak?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.