viernes, 23 de septiembre de 2016

#hemeroteca #indarkeriasexuala | Indarkeria sexuala, unibertsitatean ere?

Irudia: Campusa / Jokin Azpiazu eta Marta Luxan
Indarkeria sexuala, unibertsitatean ere?
Marta Luxan Serrano eta Jokin Azpiazu Carballo · Soziologo eta ikerlariak | Campusa, 2016-09-23

http://www.ehu.eus/es/preview-campusa/-/asset_publisher/1O7v/content/n_20160923-cathedra-jokin-azpiazu

Indarkeria sexualak arduratzen gaitu. Irailean gauden honetan ezinezkoa zaigu ahaztea uda honek utzi dizkigun gertakari guztiak, herri ezberdinetako jaietan gertatutakoak zein besteak. Inoiz baino gehiago esan dezakegu gainera gizartea ez dela isilik geratu. Mugimendu feministak eta beste eragile batzuek deitutako protesta ekimenetan herritarren parte hartzea oso handia izan da eta elkarte eta instituzio asko neurri zehatzak hartzeko protokoloak aplikatzen hasi dira.

Baina zertaz ari gara "indarkeria sexuala" diogunean? Oraindik ere zaila egiten zaigu gertakari zehatz batzuetatik haratago pentsatzea: indarkeria maila handia inplikatzen duen bortxaketa, ezezagunen artean gertatzen dena eta leku ilunetan. Dagoeneko, hainbat ikerketari esker badakigu gure eguneroko bizitzan, izaera sexuala daukaten erasoak, intentsitate maila ezberdinetan bada ere, gertatzen direla: bikote barruan, lagunen artean... askotan oso sotilak izaten dira, hala nola, ahozko adierazpenak, begiradak, gure gorputzak arautu nahi dituzten hainbat eta hainbat irudi... Horiek guztiek deseroso sentiarazten gaituzte datxekien biolentzia edota koertzio maila dela eta, gutako askorentzat ikusezina bada ere biolentzia hori. Beste era batera esanda, askotan ez daukagu gaitasunik jokabide horiek indarkeriarekin identifikatzeko.

Era berean, zaila suertatzen zaigu indarkeria mota hori argazki zabalago baten markoan ulertzea. Erasoak ez dira gertatzen kasualitatez edo pertsona zehatz batzuk erotuta daudelako. Pertsona batzuen bizitzaren balioa beste batzuenaren gainetik jartzen duen sistema batean bizi gara, non gizakien arteko hierarkiak eta desberdintasunak indarrez ezartzen diren. Hori dela eta, emakumeok eta beste subjektu batzuek (gay, lesbiana, trans edo gizontasunaren arauak betetzen ez dituzten mutilak, besteak beste) egunerokoan matxismoaren indarkeriari erantzun behar diogu. Honekin esan nahi dugu indarkeria sexuala indarkeria matxistaren adierazpenetako bat dela.

Indarkeria sexuala estereotipoetatik haratago eta marko zabalago baten baitan kokatu ondoren, gure begirada beste bat izan behar da, eta oraingo honetan unibertsitateari so eginez honakoa galdetzen diegu gure buruei: zer gertatzen ari da unibertsitatean? Ez dakigu ia ezer ez. Gure eremu unibertsitarioa aztertzen duen ikerketa gutxi baitago, Euskal Herrian are gutxiago. Baina datu gutxi horiek adierazten digute unibertsitateak ez direla irla bat gure gizarte matxista hauetan, berdintasun eza gurean ere modu anitzetan ageri dela. Gainera, unibertsitate campusetan badaude berezitasun batzuk indarkeria hauei bide eman diezaieketenak: egitura hierakizatua eta leihakorra, bizitza unibertsitarioaren eremu guztietan oso presente dagoena, bai irakasle eta ikasleen arteko harremanetan, bai unibertsitateko irakasle eta gainerako langileen artekoan ere. Halaber, ezin ahantzi botere desoreka horietan beste gizarte desberdintasunak ere txertaturik daudela, besteak beste, genero eta sexualitate desberdintasunak, adinarenak edo jatorriarenak.

Era berean, ezin albora utzi campusak ez direla gurean unibertsitate bizitzaren esparru bakarrak: bertakook, bereziki ikasleok, gure campusak kokatzen diren hiri eta auzoetan egiten dugu gure ikasle bizitzaren "B aldea", bizikidetza, aisialdia, harreman sexu-afektiboak garatzea, elkarbizitza pisu edo egoitzetan... Leku horietan ere egiten dugu unibertsitate bizitza eta ez dira, zoritxarrez, indarkeriarik gabeko espazioak. Gainera, askotan egitasmo pribatuek antolatzen dituzten ikasleei zuzendutako jaietan are zailagoa dugu eragitea portaera eta jarrera erasokorrak ekiditea.

Horrek guztiak kezka batera garamatza: zer ardura dugu unibertsitateetako komunitate eta eragile ezberdinok gai honen inguruan? Erantzuna, behinik behin, erraza da, edo hala ematen du. Unibertsitateak, bai instituzio eta egitura bezala, baita komunitate bezala, ardura du egoera honen aurrean zer edo zer egiteko, baina noski, galdera konplikatzen da zer egin dezakegun pentsatzen hasten garenean.

Kezka hauek eta beste hainbat buruan, 2016ko martxoan europar mailako proiektu batean parte hartzen dugu UPV/EHUko hainbat kidek. Proiektuak #USVreact akronimoa erabiltzen du, eta hain zuzen ere unibertsitateetan (U) gertatzen den den indarkeria sexual (Sexual Violence) horren aurrean erreakzionatzea du helburu. Arazoaren konplexutasuna onartuz, gurean dagoen egoera aztertzen saiatzen ari gara, gure helburua formakuntza saioak eskaintzea izanik. Prestakuntza horietan unibertsitateko langileek indarkeria sexuala hobe identifikatu, ulertu eta horren aurrean eragin eta erreakzionatzeko tresnak jasoko dituzte, hala espero dugu. Baina lehen pausua, jakin badakigu, oraindik hain gutxi eztabaidatu dugun gai hau mahai gainean jartzea da. Beraz, gonbidapena luzatzen dizugu: gure web orria bisitatu, proiektuari buruz gehiago jakin eta nahi izanez gero gurekin harremanetan jartzeko, zure iritziak, iradokizunak edo esperientziak trukatzeko. Zer duzu esateko?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.