domingo, 24 de junio de 2012

#hemeroteka #homofobia | Homofobia

Imagen: EHGAM
Homofobia
Imanol Alvarez | Argia, 2328. alea, 2012-06-24
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2328/homofobia

1995eko amaiera aldera, Estatuko talde gay-lesbiano guztiok manifestazioa egin genuen Madrilen, legealdia bukatzear zegoela, kanpainan eginiko promesa bete zezan eskatzeko Felipe Gonzalezen gobernuari: bikote-legea gauzatzea. Deialdiaren nondik norakoak erabakitzeko azken batzarra Bilboko EHGAMen egoitzan izan zen, eta bertan, besteak beste, Pedro Zerolo (egun Madrilgo Udalean zinegotzi eta PSOEko Gizarte-Mugimendu eta GKEekiko Harremanetarako Idazkaria) egon zen, garai hartan elkarte bateko presidentea zen heinean. Bileran, EHGAMek proposatuta, agiriaren izenburua Homofobiaren aurka izan behar zela, eta lehen puntuan bikote-legearen ordez, ezkontzeko eskubidea exijitu behar genuela ebatzi zen. Zerolo ezaguna da, dituen karguengatik ez ezik, bere burua aurkezten duelako sexu berekoen ezkontzen aitzindari. Inor gutxik daki, ordea, bilkura hartan sutsu jo zuela ezkontza aldarrikatzearen kontra, hala nola Homofobiaren aurka leloaren beraren kontra ere, Espainian (sic) ez omen zegoelako homofobiarik.

Gutxitan kontatu dut anekdota hau jendaurrean, baina gaur harira dator. Izan ere, guk, ehgamkideok, urtero urrezko hirukiarekin batera, trapuzko espartina “saria” ematen diogu homofobia nolabait adierazi duen lagun edo erakunde bati. Gurean homofobia badagoela ukaezina da, munduko beste leku askotan bezain latza ez bada ere. Aitortu behar dut, alabaina, erasoak eraso, aurten arazoak izan ditugula hautagai esanguratsu bat aurkitu ahal izateko. Orain pare bat hilabete ez genuen izen bakar bat ere buruan. Halako batean, aldiz, hasi zitzaizkigun metatzen. Lehenengo, Alcalako apezpikuak merezimendu denak egin zituen, TVEn esandakoengatik, infernura bidaltzen baikintuen homosexual guztiok. Asper eginda gaude, ordea, horrenbestetan eliza-gizonei abarketa eman izanaz; ondorioz, nahiago genuen beste norbait bilatu. Hortik gutxira, Intereconomían, mota guztietako askatasunei egin ohi dizkieten erasoez gain, perla ederrak bota zituzten homosexualitateaz, gotzaina defenditu nahian. Hautagaia bageneukala uste genuenean, horra hor heldu zen Wert ministro peperoa eta markak hautsi zituen, irainak bota beharrean –irainak, azken batean, hitzak dira eta haizeak ei daramatza–, ekintzak plazaratu baitzituen: Hiritartasunerako Hezkuntza irakasgaiari, izena aldatzeaz gain, izana ere aldatu dio, besteak beste, homofobia gaitzesten zuen atala eta askatasun afektiboei buruzko aipamen oro kenduz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.