Mostrando entradas con la etiqueta H-Ataria. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta H-Ataria. Mostrar todas las entradas

viernes, 29 de mayo de 2020

#hemeroteka #osasunpublikoa #ezkontza | «Nire ezkontzan gonbidatu guztiak egotea nahi nuen; edo guztiak, edo inor ez»

Irudia: Ataria / Xabi eta Claude
«Nire ezkontzan gonbidatu guztiak egotea nahi nuen; edo guztiak, edo inor ez»
Irati Saizar Artola | Tolosaldeko Ataria, 2020-05-29
https://ataria.eus/berastegi/1590659507576-nire-ezkontzan-gonbidatu-guztiak-egotea-nahi-nuen-edo-guztiak-edo-inor-ez-xabi-barriola

Koronabirusaren krisiak hainbat ezkontza bertan behera utzi ditu; urtebetez atzeratzeko erabakia hartu dute askok. Horixe izan da Xabi Barriola berastegiarrari eta Claude Cousti paristarrari gertatu zaiena; iraila urrun ikusiagatik ezkontza atzeratu eta «lasaitua» hartu dute.

Irailaren 26a gorriz markatua zuten Xabi Barriolak (Berastegi, 1987) eta Claude Coustik, haien ezkontza egunerako ia guztia lotuta eta prestatua baitzuten. Koronabirusaren krisia dela eta, kezka eta zalantzak tarteko, hurrengo urtera atzeratzea erabaki dute, eta dagoeneko, badute data berria: 2021eko irailaren 25ean ezkonduko dira.

2020ko irailaren 26a ahaztu ezinezko egun bat izatera zihoan.
Egun hori aukeratu genuen nire bikoteak eta nik ezkontzeko. Ilusio handia genuen. Gainera, azken boladan, urtero tokatu izan zaigu kuadrillakoren baten ezkontza, eta aurten nirea izateak oraindik eta ilusio gehiago egiten zidan.

Osasun larrialdia dela eta atzeratzea erabaki duzue. Nola joan da erabakitzeko prozesu hori?
Oso zaila egin zaigu. Izan ere, urrun dagoen data bat da eta horrek esperantza txiki bat ematen zigun hasieran. Baina erabat neurriak aldatzen doaz, fase ezberdinetik pasatzen ari gara, arauak ere aldatzen doaz eta egunero albisteak entzuten ari ginen, ea ezkontzaren inguruko zer arau ezartzen zituzten ikusteko.

Ni Berastegikoa naiz eta arazorik ez dugu nire gonbidatuekin, baina nire bikotea frantsesa da, paristarra, eta bere familia eta lagun guztiak handik etorri behar dira. Kontua da, egun, Espainia eta Frantzia arteko muga itxita dagoela. Horrek ematen zigun buruhausterik handiena. Gure helburu bakarra lehenik eta behin muga irekitzea zen. Gonbidatu haiek hona etortzeko aukera ezberdinak dauzkate, izan trenez, izan hegazkinez. Guk ezkontzarekin jarraitu eta gero mugarekin arazoak izateak asko beldurtzen gintuen. Izan ere, Frantziako gonbidatuek hegazkineko edo treneko billete bat erosi behar dute, baina gero, edozein arrazoiengatik baliogabetu behar badute eta dirurik itzultzen ez badiete, niri horrek kezka eta ardura eragiten zidan. Besteengan ere pentsatu behar genuela ikusten genuen.

Eta ezkontza ospatzekotan, gonbidatuen kopuru aldetik kezkatzen zintuen gaiak?
Behin ezkontzekotan, nik betidanik egin nahi izan dut bodorrio bat. Kasualitatez familia handia daukat: nire aitaren aldetik hamaika anai-arreba dira eta amaren aldetik bost; lehengusu mordo bat dauzkat, laneko lagunak ere bai, eta Berastegin ere kuadrilla handia daukat. Nire ezkontza 50 lagunekin soilik ospatu behar nuela pentsatzeak, nire ametsetako ezkontza erabat zapuzten zuen. Oso garbi nuen nik nahi nuen bezalako ezkontza bat egin nahi nuela, bestela ez nuela egingo. Orain, gonbidatuen muga bat ezarri dute, baina nik nire gonbidatu guztiak bertan izatea nahi dut. Edo guztiak, edo inor ez.

Bikote batzuk data mantentzea erabaki dute, eta gonbidaturik gabe paperak sinatzea. Ez da zuen kasua izan.
Ikusita zein arazo dauden mugak zeharkatzeko, paperak egitearena burutik pasa izan zaigu. Baina azkenean guztia urtebete atzeratzea erabaki dugu eta espero dugu hurrengo urteko irailerako txertoa prest izatea, eta arazorik ez izatea, ez ezkontza handi bat ospatzeko, ezta muga zeharkatzeko ere.

Egun batetik bestera hartu zenuten erabakia?
Bikotearen aldeko familia eta lagunak galdezka ari zitzaizkigun ea zer egin behar genuen. Eta hemengo lagun batzuekin ere ari nintzen gaia komentatzen. Presio moduko bat sentitzen genuen, albistegiak entzun eta ez zuten ezer garbirik esaten, mugari buruz ere albisterik ez. Azken berrien arabera, ezkontzen kasuan leku irekian ehun lagun ingururekin posible izango dela esan dute eta leku itxietan 50 gonbidaturekin. Baina bagenuen beste beldur bat ere. Orain gauzak, ustez, ondo doaz, baina, uda ostean berriro ere birusa hedatzen hasiko ote den zurrumurruak entzuten ari gara, eta horren harira, irailean berriro ere arauak gogortuko ote dituzten kezka bagenuen. Beldur horiekin hasi ginen, eta aste baten hasieran esan genuen aste horretan atzera edo aurrera egin behar genuela. Gure lasaitasunerako, atzeratzeko erabakia hartu genuen. Prestatuta genituen gauzen artean garrantzitsuena jatetxea zen, eta hara deitu nuenean inongo arazorik ez zidaten jarri. Esan zidaten, haien jatetxean aurten ezkontzekoak ziren bikote guztiei hurrengo urterako data bat gordeko dietela, eta horrek lasaitasuna eman zigun. Detaile zoragarria iruditu zitzaigun jatetxearen aldetik. Data mordo bat jarri zizkiguten mahai gainean, eta mantentzea erabaki dugu: datorren urtean irailaren 26a igandea tokatzen denez, irailaren 25ean, larunbatean, ezkonduko gara.

Atzeratzeko erabakia hartu zenutenean zer zeneukaten dagoeneko prestatuta?
Guztia lotuta genuen, ezkontza bidaia izan ezik. Dudan geunden nora joan, eta geroago hartzea pentsatua genuen. Esaterako, trajeak aukeratuta genituen biok, neurrira jartzea soilik falta zen. Argazkilaria ere hartuta genuen eta dagoeneko argazki saio bat ere egina genuen gonbidapenetako txartelak prestatzeko. Gonbidatuentzako oparitxo bat egitea ere erabakita genuen; autobusa ere lotuta genuen. Eta paper kontuak ere aurreratuak genituen. Irailean ezkondu ahal izateko maiatza amaierarako paper guztiak prest izatea gomendatu ziguten. Bikotea frantsesa izatearekin paper gehiago behar dira, eta zailagoa da guztia ondo bideratzea. Konfinamendua ezarritako aste horretan dokumentu guztiak entregatzeko asmoa genuen. Baina guztia geratu egin zen. Apirila amaieran bake epaitegiko langileak deitu ninduen, esanez, berriro martxan hasiak zirela. Baina hor zalantza sortu zitzaigun. Aurten paperak egin genitzakeela esan zigun, baina, azkenean, paperak ere hurrengo urtean egingo ditugula erabaki dugu. Izan ere, erreleboka egiten dut lan eta zazpi lan egun jarraian eta bost jai egun izaten ditut, beraz, urte guztian zehar ez daukat oporraldi luze bat hartzeko aukerarik. Ezkontzeak, ordea, bidaia handiago bat egiteko denbora nahikoa ematen dit, 16 eguneko baimena ematen baitute. Kontua da, paperak aurten eginez gero, 16 eguneko baimen hori ere aurten hartu beharko nukeela. Horrek sekulako pena ematen zidan. Behin edukiko lasai bidaiatzea eta koronabirusa dela eta ezin izango genuen ezer handirik egin.

Denboraz hartu duzue erabakia. Gonbidatuek egoera ulertu dute?
Bai, noski. Hasteko, gonbidatu guztiek animoak eman dizkigute. Badakite ez dela erabaki erraza izan, eta azken batean ilusiorik handiena norberak edukitzen du. Ezkontza prestatzen hasi ginenean, jendea sekulako ilusioarekin gonbidatu genuen, eta gero inori ez zaio gustatzen esatea ezkontza ez dela ospatuko. Kasualitatez, tokatu egin zaigu ba. Baina zorionez, Whatsapp-ari esker, gonbidatuei mezu bana bidali ahal izan diegu, izan ere, orain gutxi arte ez genuen Berastegitik mugitzeko aukerarik, eta orain Gipuzkoan soilik mugi gaitezke. Guztiek esan digute ondo hartutako erabakia izan dela. Hurrengo urtean, ezkontza irailean izanda, espero dugu hau guztia erdi ahaztuta izatea eta behar bezala ospatzea. Maiatza aldean egiteko aukera ere bazegoen, baina data horretarako txertoa aterako ez balute eta gauzak aurrera jarraituko balu, bigarren atzerapen bat egin beharko genukeen, eta hori bai izango litzatekeela golpe handia. Atzeratzen hasita hobe iraileraino atzeratzea.

Atzeratzea erabakita ere, prestaketa lanekin jarraituko duzue?
Hitzartuta genituen gauzak bertan behera uztea izan da egin dugun lehen lana. Esaterako, autobusa, argazkilaria eta jatetxearekin datorren urterako data adostu dugu, eta lasaitua hartu dugu, izan ere, urtebete baino gehiago falta da orain ezkontzarako eta ia guztia lotuta daukagu. Bidaia aukeratzeko ere oraindik eta denbora gehiago dugu, beraz horretarako aprobetxatuko dugu.

Trajeak ere hartuta genituen, eta gure kezka zen ea etxean ondo gordeko genituen, edo izorratu egingo ote zitzaizkigun, eta dendariak inolako arazorik gabe gordeko zizkigula esan zigun. Gainera, nahi bagenuen negu aldera berriro joateko aukera eskaini digu, berriro ilusio pixka bat izan dezagun.

Ezkontzeko planak hankaz gora jarri zaizkizue konfinamenduagatik, baina atera izango diozue alde positiborik ere.
Bai, noski. Claude eta biok distantzian daramagu harremana. Lanagatik bi-hiru astetan elkar ikusi gabe egon ohi gara eta bost jaiegun jarraian ditudanean aprobetxatzen dugu elkarrekin egoteko. Koronabirusak gehienei arazoak ekarri dizkien heinean, guri zentzu horretan kontrakoa gertatu zaigu. Nire bikoteak konfinamendua Berastegin pasatzea erabaki du; Parisen izan beharrean, eta horrek gu gehiago elkartu gaitu. Zentzu horretan behintzat zortea izan dugu.

jueves, 28 de junio de 2018

#hemeroteca #lgtbi #harrotasuna | Ortzadarrez jantziko da Tolosa, LGTBIQ eskubideen alde

Irudia: Ataria / Olatz Peon eta Agurtza Zubero
Ortzadarrez jantziko da Tolosa, LGTBIQ eskubideen alde.
Iaz Antonio Lekuona kaleko eskilarekin egin bezala, aurten bizikletak aparkatzeko burdinak margotu dituzte ortzadarraren kolorez.
Itzea Urkizu Arsuaga | Tolosaldeko Ataria, 2018-06-28
https://ataria.eus/tolosa/1530112513908-ortzadarrez-jantziko-da-tolosa-lgtbiq-eskubideen-alde

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da, gaur, eta Tolosako Udalak jarduera bereziak prestatu ditu, ekainaren 28ari begira. Atzo egin zuten hitzorduak iragartzeko agerraldia, Olatz Peon alkateak eta Agurtza Zubero Berdintasun teknikariak. Biak ala biak bat etorri dira, azpimarratzerakoan, «LGTBIQ komunitatearen eskubideak aldarrikatzeko eguna» dela gaurkoa.

Tolosako Udalak «diskriminazioarekin bukatzeko duen konpromisoan» berretsiz, alkateak iragarri zuen hainbat jarduera prestatu dituztela gaurko efemeridearen bueltarako, baina urte osoan ere lanketa berari eusten diotela: «Ikastetxeekin Hezkidetza proiektua garatzen dugu, eta baita Beldur Barik ere». Horrekin batera, Tolosako Udaleko eskaera orri eta formularioetan sexua adierazteko aukera zabaldu zuen, duela zenbait hilabete; orain, emakumea, gizona edo bestelako genero/identitatea aukera daitezke.

Gaurko hitzorduei begira, batetik, Tolosako Udaleko osoko bilkuran Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en eskubideen nazioarteko eguna adierazpen instituzionala jorratuko dute gaitzat.

Halaber, bizikletak aparkatzeko burdinak ortzadarraren kolorez margotuko dituzte Emeterio Arresen, iaz Antonio Lekuona kaleko eskilaretan egin bezala. Sanjoanez geroztik Zerkausia koloretako argitan da gauez, eta udalak ortzadarraren bandera zintzilikatuko du udaletxeko balkoitik.

viernes, 23 de marzo de 2018

#hemeroteka #emakumeak #kirola | Lurdes Gabarain: Korri egitea maite zuen emakumea

Irudia: Tolosaldeko Ataria / Lurdes Gabarain, 1987an, helmugara iristen, Donostiako maratoi erdian
Korri egitea maite zuen emakumea.
Lurdes Gabarain izan zen lehen euskal emakumea maratoi bat bukatzen; txikitatik txikikeriak ez diren kontuekin hazi eta hezi behar izan zuen tolosarrak.
Asier Imaz | Tolosaldeko Ataria, 2018-03-23
https://ataria.eus/tolosa/1521794428141-korri-egitea-maite-zuen-emakumea

Bizitako pasarte gehienak esaldi berarekin amaitzen ditu Lurdes Gabarainek: “Korri egitea gustatzen zitzaidan niri”. Haurra zela etxetik beti arineketan ateratzen zela aitortu du. Gaztetxo garaian, entrenatzea baino gehiago, “lehiatzea” gustatzen zitzaion. Gaztetan, Oviedoko maratoia egitera joan zenean, 20 kilometro egiteko esan zioten. “Baina nik ezetz; nik 42,195 egin nahi nituela erantzun nien”. 1981ean, bahitu egin zuten ETA militarreko kideek; autoaren maletategian sartu zuten… Baina kontu horiez ez du hitz egin nahi. “Ez dauka zerikusirik gaiarekin, eta oso haserre nago denekin. Biktima eta ez-biktimaren kontuarekin; ni ez omen naiz biktima”.

58 urte ditu Lurdes Gabarain tolosarrak, eta maratoi bat amaitu zuen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. ‘Del Jogging a la marathon’ liburuan idatzi zuen datua Josep Maria Antentasek: “1977. urtean, euskal atleta batek, Lurdes Gabarainek, lehen aldiz maratoi bat amaitu zuen. Hori lortzen zuen lehen emakume espainiarra izan zen”. Hala dio aipu horrek.

Bordelen izan zen. Gabarain Irungo mutil batekin ibiltzen zen korrika orduan, Ricardo Tororekin. “Hura joaten zen leku guztietara joaten nintzen ni ere lasterketa herrikoietan parte hartzera”. Ipar Euskal Herrira eta Frantziara joaten ziren gehienbat; “baina baita Suitzara ere”. Hala, Bordeleko maratoia egiteko aukera sortu zitzaion tolosarrari: “Han ez zidaten jarri inongo arazorik; bai, ordea, Oviedon, nire bigarren maratoian”.

70eko hamarkadaren hasieran, Espainiako Estatuan emakumeek ezin zuten parte hartu distantzia luzeko probetan. “Oker ez banago, 3.000 metrokoa zen luzeena”, gogoratu du Gabarainek. 1972an, Francisco Castellok hala idatzi zuen ‘El Mundo Deportivo’ egunkarian: ‘Espainian, atzerritarrei uzten zaie bertako emakumeei debekatzen zaiena. Hala, Estatu Batuetako emakume bat ikusi dugu Zarauzko Nazioarteko Maratoian’“.

Bordeleko maratoia egin ondoren, Oviedokoa egin behar zuela sartu zitzaion buruan Gabaraini: “20 kilometro egin ondoren, geratu eta azterketa bat egingo zidatela esan zidaten, hura zelako nik egin nezakeen distantziarik luzeena. Bordeleko diploma erakutsi behar izan nien maratoi bat egina nuela erakusteko”. Gogoan dauka korrika hasi orduko antolatzaileen furgoneta bat aurrean eta beste bat atzean jarri zitzaizkiola. “20. kilometrora iritsi, eta ez zen ezer gertatu. Aurrera jarraitu nuen nik, amaitu arte”. Oviedokoaren ondoren, beste hiru maratoi egin zituen tolosarrak, Donostiakoa eta Oiartzungoa tartean.

1966. urtea zen Roberta Gibb ‘Bobbi’ izeneko emakume batek Bostongo maratoian parte hartzeko izena eman zuenean. Garai hartan, gizonezkoek bakarrik zuten aukera lasterketa horretara joateko. Antolatzaileek ezetz esan zioten Bobbiri. 24 urteko korrikalaria irteerara joan zen, ordea, eta gizonezkoen artean ezkutatu zen. Dortsalik izan ez arren, hura izan zen maratoi bat egin zuen lehen emakumezkoa. Hurrengo urtean, 1967an, ospetsu bihurtu zen Kathrine Switzer. Bostongo maratoian izena eman eta dortsala lortu zuen 20 urteko ikasle hark. Hori bai, izen osoa ez, KV Switzer jarri zuen inskripzio orrian.

Ibilbidea egiten ari zela, ikusi egin zuen Jock Semple antolatzaileak, eta atzetik korrika hasi zen, “alde nire lasterketatik eta itzuli dortsala” oihukatuz. Prentsaren kamioia bertan zenez, grabatuta gelditu zen dena. 261 dortsalarekin, maratoia amaitzea lortu zuen Switzerrek. Lau urte geroago, 1971n, New Yorkeko maratoiak ateak zabaldu zizkien emakumeei. 1972an, pauso hori bera eman zuen Bostongoak, eta Switzer eta Semple elkar besarkatuta ageri dira 1973ko maratoian.

“Orain mundu guztiak ezagutzen ditu argazki horiek”, adierazi du Gabarainek. “Switzerren galtza luzeez gogoratzen naiz begira jarritakoan”. Galtzamotzen kontua barruraino iltzatuta gelditu zaio tolosarrari: “Udara iristen zenean, galtzamotzak nork jantziko zain egoten ziren neskak. Asko kostatzen zitzaigun kalera galtzamotzetan ateratzea. Gizartean mutilen kontua zen hori; presio hori bazegoen. Ni, berriz, galtzamotzetan joaten nintzen korri egitera. Gero, horrela begiratzen zidaten denek…”.

Ikusleari zaplaztekoa
Txikikeriak ez ziren kontuekin hazi eta hezi behar izan zuen Gabarainek, beti haize kontra: “Mutilak ziren nire lagunak, beti haiekin ibiltzen nintzelako. Horrelakoetan beti entzuten dira aurkako kontuak, baina zer egingo diogu, bada...”. Kros batean, ordea, pazientzia agortu eta belarrondoko bat eman zion ikusle bati. “Errenterian izan zela uste dut. Lehenengo postuan nindoan, eta errepidera atera zitzaidan ikusle bat. Nire titiak handiak zirela eta asko mugitzen zirela edo horrelako zerbait esan zidan. Gelditu eta zaplazteko bat eman nion. Hala eta guztiz ere, lasterketa irabazi nuen”, azaldu du umoretsu.

Maratoiez gain, beste hainbat kirol egina da tolosarra: triatloia, txirrindularitza, iraupen eskia… “Dena gustatzen zitzaidan. Orduan ez zen izaten laguntzarik, eta ondoan ez nuen izan batera edo bestera bideratuko ninduen inor. Dena egiten nuen nik”. Gorputzak nahikoa zela esan zion arte. Akilesen zainak hamaika abisu eman zizkion Gabaraini. Ebakuntzak egiteko gogorik gabe, kirol ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen. Orain, atzera begiratu eta tartean oroitzapen mingarriak izan arren, politak nagusitzen dira beti. “Izan ere, korri egitea gustatzen zitzaidan niri; zoriontsu sentitzen nintzen”.

martes, 5 de diciembre de 2017

#hemeroteka #feminismoa #hirigintza | Tolosako hirigintza feminizatzeko eskaria egin du Berdinbide

Imagen: Tolosaldeko Ataria / Tolosa
Tolosako hirigintza feminizatzeko eskaria egin du Berdinbidek.
Tolosaldeko Ataria, 2017-12-05
https://ataria.eus/tolosa/1512498962813-tolosako-hirigintza-feminizatzeko-eskaria-egin-du-berdinbidek

Berdinbide Berdintasunaren aldeko eta Genero Indarkeriaren kontrako Gizonezkoen elkarteak eskari bat aurkeztuko du, Tolosako Udalean, zinegotziak mozio gisa azter eta bozka dezaten. Besteak beste, 2018. urtetik aurrera herriko hirigintza proiektu berriei begira jarri da elkartea, data horretatik aurrera «Tolosa Herri Feminista deklaratzeko» galdeginez.

Horretarako, «Tolosan egiten diren plaza, kale, etorbide eta eraikin berriek emakume izena eduki beharko dute», Berdinbideren arabera.

Elkarteak historiari begira ekin dio adierazpenari, nabarmenduz, «emakumeak beti bigarren mailan eta baztertuta» utzi izan direla: «Beti egon izan dira baztertuta, eta hala daude gaur egun ere. Matxismoak, ideologia dominatzailea den aldetik, irabazi egin du eta egiten du, eta berak antolatutako gizartean, gizonak du nagusitasuna».

Horrela, indarkeria matxistak utzitako datuak ere baliatu dituzte, beren eskaria indartzeko. Batetik, azaldu dute, Euskal Herrian 52 emakume bizi direla eskoltarekin; horietatik 14 Gipuzkoan. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 4.370 emakumek dute poliziaren babesa, indarkeria matxista dela-eta. Horri, Espainian aurten eraildako 46 emakumeren datua gehitu diote.

Berdinbidek, ordea, matxismoaren adierazpen makurrenetik oinarrizko baztertzera jo nahi izan du mozioan, hirigintza feminizatzeko eskaria argudiatzeko: «Emakumeak jo eta hil ez ezik, ikusezin ere bilakatu ditugu, hainbat arlotan nabarmendu diren emakumeak ahaztuz. (...) Emakumeen eta gizonezkoon arazoa da eta, bide horretan, urrats txiki bat da, emakumeek egiten duten lana agerian jartzea».

domingo, 11 de junio de 2017

#hemeroteka #haurdunaldisubrogatua | Javi Jauregi: «Norbaitek haurdunaldia izan nahi badu ezin duen bati laguntzeko, zergatik ez?»

Irudia: Ataria / Javi Jauregi eta bere semea
«Norbaitek haurdunaldia izan nahi badu ezin duen bati laguntzeko, zergatik ez?».
Rebeka Calvo | Tolosaldeko Ataria, 2017-06-11
https://ataria.eus/bidania-goiatz/1501769207524-norbaitek-haurdunaldia-izan-nahi-badu-ezin-duen-bati-laguntzeko-zergatik-ez-haurdunaldi-subrogatua

2010ean jaio zen Javi Jauregi bidaniarraren semea. Barne hausnarketa batean hasi eta aita izan nahi zuela ondorioztatu zuen. Prozesua zaila izan zen, baina argi zuen.

Abokatu batekin jarri zen lehenik harremanetan, eta adopzioaz hitz egin zuten. «Ez zidan gomendatu, prozesu luzea eta zaila dela esan zidan eta haurrarentzat luzera arazoak ekarri ditzakeela ere aipatu zidan. Aita bakarreko familia izanda arazoak biderkatu egiten ziren eta bide hori baztertu nuen», esan du.

Orduan ere kontraesanak eta talkak sortzen ziren haurdunaldi subrogatuaren aldekoen eta kontrakoen artean, baina ez zen pil-pilean zegoen gaia, gaur egun ez bezala. «Ez zen zaila izan azalpenak ematea, sentimenduetara jotzen baitut nik. Zergatik ez dio emakume batek aita izan nahi duen bati lagunduko? Maitasuna jartzen dut nik erdigunean». Haurdunaldia izan zuen amak ez du umearekiko lotura afektiborik, «argi zituen gauzak hasieratik», esan du. «Emakume horrek ni lagundu nahi ninduen. Berak bazituen bere seme-alabak, eta seme-alabak izan nahi eta ezin dutenei lagundu nahi zien. Maitasun ariketa hori egin nahi zuen. Zergatik ez du bada egingo? Nahi badu... Ez da prostituzioa, berak horrela esaten zidan, ez dela prostituitu, haurra izan nahi duen bati lagundu dio, besterik ez», gaineratu du.

Behin haurra edukita semea Espainian inskribatzeko hainbat «trikimailu» erabili behar izan zituen, hori baita legeak «uzten duen bide bakarra». «Hainbat trikimailurekin semea inskribatu ahal izan nuen aita bakar moduan, baina hori ez da egokia, egoera arautu beharko lukete, egin egiten da, beraz, zergatik ez arautu?».

Kritikak ez dituela ulertzen dio bidaniarrak eta emakume gorputzen merkantilizazioaz galdetuta dio «egin nahi dutenek egiten badute» ez duela gaizki ikusten. EH Bilduk egindako azken proposamenaren inguruan ere galdetu dio Ataria-k, eta «ondo» ikusten du. «Diru truke horri aurrea hartzeko modua izan daiteke, sistema publikoan aurreikusi, dirua erdigunetik kendu... izan daiteke aukera egoki bat. Gaiaz hitz egitea da egokiena nire ustez, begiak itxi, eta gure artean dagoen errealitate bati irtenbidea eman behar zaio».

martes, 13 de octubre de 2015

#hemeroteka #berdintasuna | Jokin Azpiazu: "Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da"


Irudia: Tolosaldeko Ataria / Jokin Azpiazu
Jokin Azpiazu: "Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da".
Gizonezko batek feminista dela esatea, tamalez, ezohikoa zaio gizarteko zatirik handienari, oraindik ere. Jokin Azpiazu (Ermua, 1981) aditua eta aritua da horretan, eta ‘Gizonak eta feminismoa. Pribilegiotik inplikaziora’ hitzaldia eskainiko du, bihar, 19:00etan, Abastos eraikinean.
Itzea Urkizu Arsuaga | Tolosaldeko Ataria, 2015-10-13
http://ataria.info/tolosa/1444731375661 

Gizonezkoen gehiengoa pribilegioan eroso al dago oraindik?
Pentsatu egin behar dugu, pribilegioek gaur egun zein forma hartzen duten, zein jokabidetan islatzen diren. Alegia, ezin dugu duela 15 edo 20 urteko zerbait gaur egun baliagarria dela pentsatu. Bide horretan, ziur aski erosotasunarena izan da aldatu den gauzetako bat. Egongo dira, eta badaude, pribilegio egoeretan deseroso dauden gizonak. Baina pribilegio horiek gertatu egiten dira, gu eroso egon edo ez, eta hori da garrantzitsuena. Beraz, oraindik eragiteko beharra dagoela azpimarratu behar da.

Denbora daramazu gizonezkoen eta feminismoaren arteko zubiak aztertzen. Oro har, zein da gizonezkoen harrera, gai horrekiko?
Orain arte, egia esan, oso pozik nago. Lauzpabost urte daramatzat honen inguruan ikertzen eta pentsatzen, eta horretan hasteko motibazio nagusia nire inguruko jendea izan da; lagun asko mugimendu feministetako kide dira, eta beraiek behar handia sentitzen zuten gizonezkook jokatu behar dugun paperaren inguruan hausnartzeko. Solaskide asko izan ditut eta, nire kezkak partekatzeko aukera handia; elkarrizketetatik ateratako hausnarketak dira. Horregatik, harrera oso ona dela uste dut, jende askok uste baitu gai honen inguruan ikuspegi kritiko eta zorrotz bat sortu behar dela.

Berdintasunera bidean, maskulinitatea eraldatu egin behar da ala, besterik gabe, posizio berriak hartu behar ditu?
Botere harremanak irauli behar dira eta, bide horretan, maskulinitateak eraldatu egin beharko dira; baina horrek ezin du helburu bat izan. Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da, eta botere-harreman desorekatuak orekatzea. Egia da gizonezkoon papera maskulinitatearen mito horretan garatu dela eta, hori aldatzeko, nahitaez, maskulinitateak berrikusi behar direla. Horrek ez du esan nahi maskulinitate eredu berriak sortu behar direnik, maskulinitateak berak ez baitu balio espezifikorik kontu honetan. Aldaketak beharrezkoak izanda ere, maskulinitatearekin amaitu egin behar da, nolabait.

Badirudi, oraindik ere, feminista izatea sarri ez dela begi onez ikusten gizartean. Ados zaude?
Bai. Oraintxe bertan, egoera konplikatuan da feminismoa, nire ustez. Euskal Herrian, oso poztekoa da, alde batetik, feminismoak hamarkada luzetan ereindako haziek fruituak eman izana. Emakume gazte asko identifikatzen dira feminismoarekin, tresna garrantzitsutzat dute. Zentzu horretan, esango nuke mugimendu feminista indartuta dagoela. 

Baina, era berean, 'feminismoa' oraindik ere hitz deserosoa da, eta leku askotan oso zail suertatzen da aipatzea. Gizonezkooi dagokigunez, geure burua feminista moduan identifikatzea zaila den arren, uste dut eztabaida horietan ez dugula galdu behar, feministak garen edo ez garen erabakitzen. Egin behar duguna praktikak aldatzea da, gure jokabideak. Ez dezagun pentsa, feminismoa kamisetatik edo jakatik zintzilika dezakegun identitate bat dela; feminismoa guretzako erronka bat dela pentsatu behar dugu, emakume feministentzako den neurri berean.

Tolosan, batxilergoko ikasleekin ere ariko zara, Josebe Iturriozekin batera, Hezkidetza plana lantzen. Aipatu dituzun pribilegio horiek albo batera uzteko, jarrera hobea nabaritzen diezu belaunaldi berriei?
Belaunaldi berriekin, belaunaldi zaharrekin bezala, harrapatuta gaude berdintasun formalaren kontu honetan. Izan ere, gaur egun 15, 16 edo 17 urte dituzten gazteena, berdintasunean hezitakoen belaunaldia da, teorian. Baina, hain zuzen, horrexegatik, askotan zaila izaten da beraiei ikusaraztea, ez gaudela berdintasun egoera batean. Patriarkatuak bere kartak jokatu ditu eta, gaur egun, asko azpimarratzen da askatasun indibidualaren ideia; zenbait aukera posible direlako, badirudi berdintasunean bizi garela. Horregatik, egungo gazteek askotan erantzuten dute: «Horrek ez du zerikusirik mutil edo neska izatearekin, hori pertsonaren araberakoa da».

Eta, nola ikusarazten zaie kontrakoa?

Uste dut hezkuntza sisteman gaitasuna galdu dugula, bizi ditugun egoerak desberdintasun sozialen ondorio gisa azaltzeko. Hezkuntza formalean ari diren gazteekin, batzuetan oso zaila suertatzen da matxismoaz hitz egitea, baina baita arrazakeriaz edo klasismoaz hitz egitea ere. Egungo sistemak oso ondo lotu ditu izkina guztiak, Benetton irudi hori emateko eta, lehen ikusezinak ziren gauza batzuk orain oso ikusgarri direnez, badirudi desberdintasunak desagertu egin direla. Baina errealitateak esaten digu ezetz, sexismoa oso arazo larria dela ikastetxeetan, beste zenbait kontu bezala. Beraz, gazteekin norbere ikuspegia eraisten saiatzen gara, eta, ikusarazten, ez garela ari Jon edo Mikel matxistak direla esaten; denok hazi garen sistema patriarkalaz ari garela baizik, eta horrek banatzen dituela pribilegio eta zapalkuntzak.

Etorkizuneko iragarpenak eginez, aldatuko al da gizarte eredu hori?
Uste dut, lehenago aldatuko dela klima Euskal Herrian, kar, kar. Ezin dut eperik jarri, gizarte eraldaketaz hitz egiten ari garenean, ikuspegi askatzaile edo emantzipatzaile batetik hitz egiten ari baikara; hori are motelagoa da. Gizartea bera oso azkar aldatzen ari da eta, zentzu horretan, gizonezkook horren adibide gara, maskulinitatea bizitzeko moduak oso azkar aldatzen ari direlako. Aldiz, botere-harremanak ez dira hain azkar aldatzen ari. Hortaz, bestelako itxura edo kolore batekin, baina gizonezkook botere posizio hegemoniko bat izaten jarraitzen dugu. Gaur egun feminismoan lanean ari diren elkarte, kolektibo, norbanako nahiz erakundeek badakite inbertsio handia egin behar dela, eraldaketa txikiak sortzeko. Inbertsio horiek hezkuntzan, politikan, gizarte mugimenduetan nahiz kalean egin beharko dira, eta ikusiko dugu aldaketak nondik etortzen diren.