martes, 26 de junio de 2007

#hemeroteka #hezkuntza | Emilio Gomez Ceto · Soziologoa | «Eskolako jazarpen homofoboak gazte homosexualei zein heterosexualei eragiten die»


Emilio Gomez Ceto · Soziologoa | «Eskolako jazarpen homofoboak gazte homosexualei zein heterosexualei eragiten die»
Edu Lartzanguren | Berria, 2007-06-26 / EHGAMen webgunean bilduta:

http://ehgam-euskaraz.blogspot.com.es/2007/06/elkarrizketa-emilio-gomez-ceto-eskolako.html

Emilio Gomez Ceto soziologo espainiarrak "Herramientas para combatir el bullying homofóbico" liburua argitaratu du aurten. Ikastetxeetan gaztetxo homosexualen kontra ikaskideek egiten duten jazarpena du gaia liburuak, eta unitate didaktikoak proposatzen ditu fenomenoaren kontra borrokatzeko. Gaur hitzaldia emango du Donostian, EHGAMek antolatuta, osteguneko Lesbiana, Gay eta Transexualen Nazioarteko Egunaren harira.

Nola sortu zen liburu hau egiteko ideia?
Ikasgeletan egiten den irainik ohikoena «maritxu» da normalean. Hori eta azken urteotan egon diren jazarpen kasuek gizartean sorturiko larritasunak bultzatu gintuzten liburua egitera.

Zertan bereizten da homosexualen kontrako jazarpena eskoletan bestelako bullyng kasuetatik?

Ez da soilik gaztetxo homosexualen kontrakoa, baita homosexual izan gabe genero ereduak hausten dituzten neska eta mutilen aurkakoa ere. Erasokorrak ez diren mutilak edo kirola egiten duten neskak ere biktima izaten dira askotan, bai lagun eta ikaskideen aldetik zein, batzuetan, irakasleen aldetik. Kasu honetan diferentziarekiko gorrotoa dago jazarpenaren oinarrian.

Zelako ondorioak izan ditzakete jazarpen mota hau pairatzen dutenek?
Normalena ikasketak uztea izaten da. Askotan bakardadea gertatzen da, lagunek baztertu egiten dutelako biktima. Horrek guztiak gaztetxoaren garapen psikologikoan kalte handia eragin dezake. Kasu larrietan, suizidioraino hel daiteke.

Fenomenoa noraino dagoen zabalduta aztertu duzue?
Ikerketa batzuk egin izan dira, baina lagin txikikoak dira guztiak. Hutsune handi bat dago hemen administrazioaren aldetik, bultzatu egin beharko lukeelako azterketa sakonagoa. Badakigu arazoa dagoela ikasgeletan, baina ez dugu modurik jakiteko zenbaterainokoa den. Lehen hezkuntzaren azken ikasturteetan zein bigarren hezkuntzan aztertu beharko litzateke.

Bigarren hezkuntzan gertatzen da batez ere jazarpen mota hau. Zergatik?
Hamabi eta hamasei urte artean gertatzen da, orduan sortzen direlako berdinen arteko taldeak. Lehen hezkuntzako geletan, irakasle bera izaten dute haurrek urte osoan. Bigarren hezkuntzan orduro edo aldatzen da irakaslea eta askoz zailagoa da jarraipena egitea.

Arazoa aurrez ikusteko eta konpontzeko bideak ematen dituzue liburuan? Nola egin dakioke aurre horri?
Garrantzitsua litzateke tutoreek denbora gehiago izatea taldea ezagutzeko eta neurriak hartzeko arazoa agertu aurretik. Errazena zigortzea da, baina askoz hobea da aldez aurretik lan egitea, tutoretzen bidez, eta hezkuntza aldetik. Garrantzitsua litzateke sexu hezkuntza eskoletan, egun ematen ez dena. Hiritartasunerako hezkuntzaren bidez giza balioak jorra daitezke ikasgeletan, baina Eliza katolikoa ikasgaia eskoletan ematearen aurka dago oraingoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.