Ekaitz Herrero: «Gure izaeraren eta gorputzaren kontrolari aurre egiteko modua da sexu askapenerako mugimendua»
Ekainaren 28an ospatzen den Askapen Sexualaren aldeko Nazioarteko Egunaren atarian, aldarrikapenei, beharrei eta erantzunei egin die errepaso Ekaitz Herrero Sexu Askapenerako Gazte Mugimenduko kideak.
Maider Eizmendi | Gaur8, 319. Zbk, 2013-06-22
http://www.gaur8.info/edukiak/20130622/409426/Ekaitz-Herrero-Gure-izaeraren-eta-gorputzaren-kontrolari-aurre-egiteko-modua-da-sexu-askapenerako-mugimendua
Heterozentrismotik at dagoen edozein gazteri zuzenduko zaio sexu askapenerako gazte mugimendua eratzen ari den proiektu berria. Funtsean, duten hutsune nagusia politikoa dela uste dute, eta, beraz, halako erantzuna eman behar dela. Gako asko nabarmenduko lituzkete, baina hezkuntza da horietako bat, eta, botere estrukturak sortzen dituen jendartea eraldatzeko grina piztea, bestea.
Gazte EHGAM desegin eta zabalagoa den sexua askapenerako gazte mugimendua eratzen zabiltzate. Zerk bultzatu zaituzte horretara?
Gazte EHGAM iazko udan desegin zen. Kide berriak batu zirela eta sorrera lanetan aritutako jendea ere aldatzen joana zela antzeman genuen. Era berean, gerturatutako jende berri horrek zerotik abiatuko zen proiektu batean parte hartzeko beharra zuela ikusi genuen. Lau urteko ibilbidearen ostean, gainera, gure diskurtsoak berak ere nolabaiteko bilakaera bat izan du. Arrazoi horiek guztiek eraman gintuzten proiektu berri baten eratze prozesua abiatzera.
Azken batean, helburu berdinekin bat egiten duten gazteak batzeko beharra sumatu duzue.
EHGAM erakundetik sortutako taldea zen Gazte EHGAM, eta, euren diskurtsoaren kontra kokatzen ez bagara ere, ezta gutxiago ere, arlo batzuk birplanteatzeko beharra sumatu genuen. Hori ahalik eta jende gehienarekin egin nahi genuen. Hala, zabaltzeko eta bidean beste pertsona, kolektibo eta mugimendu batzuk batzeko aukera ikusi genuen. Sexu askapenerako mugimendua oso sakabanatuta zegoela antzematen genuen, izan ere. Hala hasi genuen oraindik ere amaitu ez den proiektu berriaren eratze prozesua.
Zein egoeretan iristen zarete ekainaren 28ko data esanguratsu honetara?
Badira beste data esanguratsu batzuk ere guretzat, baina egia da ekainaren 28a egun adierazgarriena dela. Guk sumatzen dugunez, sexu askapenerako mugimenduan batzen garen erakundeak, modu batean edo bestean, geldituta gaude uneotan. Urtetan zehar hainbat lege eskatzen aritu gara: Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza Legea eta Transexualitatearen Legea. Orain, berriz, behin horiek lortutakoan, halako geldiune bat gertatu da. Aurrerantzeko helburuak zehaztea dagokigu, beraz.
Ekainaren 28an, berriz, eguna berezi egin zuen 1969ko matxinadatik errealitatea ez dela aldatu aldarrikatu nahi dugu gazte mugimendutik. Oraindik gauza asko daude egiteko. 1969ko matxinada horretan heterosexuala ez zen guztia zapaltzen zuen sistema hori birrintzen hasi zen, baina oraindik ere, nahiz eta lege batzuk egitea lortu den, ez dugu sistema hori birrindu, eta, beraz, beharrezkoa da oraindik ere jendarte aldaketa bat.
Helburua handia da. Bide horretan, aurten zein aldarrikapen zehatzei helduko diezue?
EHGAM beraren eskutik, esaterako, orain gutxi Frantzian izan den gazte antifaxistaren hilketa ekarri nahi da gogora. Ez dakigu bere praktika sexualak zeintzuk ziren, baina azken irudietako batean sexu berekoen ezkontza arautzeko legearen alde borrokan agertu zen. Antifaxismoaren borroka oso garrantzitsua da guretzat. Era berean, sexua eskubideak aldarrikatzen dituen Jakartako Adierazpena ere nabarmenduko dugu. Kapitalismoaren krisiak eragin duen krisi ekonomiko, sozial eta politikoa egoera larriak ari da sortzen berriz Europan, baita Euskal Herrian ere. Izan dira eraso homofoboak eta faxistak, eta guztiak lerro berean kokatzen ditugu guk. Azken batean, homofobiaren kontrako borroka faxismoaren aurkako borroka da, eta hori ere aldarrikatuko dugu datorren ekainaren 28an.
Eraso horien aurkako erantzun indartsuagoak behar dira?
Nire ustez, erantzun askoz indartsuagoa eman beharko litzateke, bai eraso homofobo bat dagoenean bai eraso faxista bat dagoenean. Berriz ere berdina ez gertatzeko bezain irmoa izan behar du erantzunak.
Sexu berekoen arteko ezkontza arautzeko legea aipatu duzu. Eskubide hori aitortu zaizue, baina horrek ez du egunerokoan dauden arazoak konpontzeko balio.
Ez dut legearen aurka egingo, baina konturatu beharko genuke jendartean diziplina ezartzeko ahalegin horretan familiak edota ezkontzak duten betebeharra. Legea aurrerapausoa izan bada ere, garrantzia handiagoa duten aldaketak badirela uste dut.
Zein arlotan sumatzen dituzue, zehazki, sexu askapenerako borroka horretan hutsune handienak?
Funtsean arazoa politikoa da, eta, beraz, hutsune nagusia ere politikoa da. Gauzak aldatu egin daitezke, betiere borondate politikoa baldin badago. Instituzioek egun dituzten jarrerek ez dute egoera aldatzeko balio, egungo status quo hori mantentzeko baizik. Beste hutsune garrantzitsua, zalantzarik gabe, hezkuntza sistema da. Errotik aldatu behar da. Hezkuntza sistema ez heterozentrista bat behar da, pertsonen arteko lehiakortasunean oinarrituko ez dena. Horretarako aukera badago, baldin eta horretarako borondatea badago.
Eskolaz mintzo zara. Eskolan ematen den jazarpen homofobikoak ardura handia eragiten dizue, ezta?
Bai, beldurra oso atzerakoia da eta krisi ekonomikoarekin urrun ikusten genituen jarrera batzuk itzultzen ari direla ikusten ari gara. Estatu frantsesean sexu berekoen ezkontzaren aurka kalera irten diren pertsona asko gazteak dira eta horrek arduratu egiten gaitu. Oraindik ere Euskal Herriko eskoletan bullying-a eta sexua aukeragatik diskriminazioa pairatzen duten gazteak badaude. Armairutik atera ez diren gazteak ere kontuan hartu behar dira, azken batean jendartearen diskriminazioa pairatzeko beldurrak eragiten du-eta kasu askotan aukera hori. Armairuan egotea aukera propioa baldin bada ondo dago, baina beldurragatik bada... Egungo hezkuntza sistemak adoktrinatu egiten gaitu eta hurrengoak ere hala egingo du ez bada aldaketa sakon bat gertatzen. Azken batean, ikasleak nagusien isla dira.
Zein da hezkuntza sistema eraldatzeko jarraitu beharreko bidea?
Lehenik eta behin, hezkuntza arloan lan egiten duten eragileekin aliantzak eraikitzea beharrezkoa da. Analisi bat egin behar da guztion artean eta zehazten diren maximoak exijitu. Uste dut askotan minimoekin konformatzen garela, eta, aldiz, maximoak exijitu behar dira, tinko.
Nire ustez, ez da txarra oraindik zehazteko dauden horien alde borroka egitea. Askotan badakigu zeren kontra borrokatzen dugun eta ez zeren alde. Nik ez dut uste horren txarra denik hori; zeren kontra ari garen jakiteak borrokan jarraitzeko grina sortzen du, izan ere.
Marraztuta dituzue izan nahiko zenuketen hezkuntza sistemaren lerro nagusiak?
Badira hezkuntza arloan esperientziak ikasleen autoebaluazioa bultzatzen dutenak. Sistema horietan ez da jakintzaren jabego pribatua bultzatzen, ezagutzaren interes publikoa baizik, eta hori garrantzitsua da. Egungo hezkuntza sistemak ikasleak indibidualki sailkatzen ditu, haien arteko lehia sortuz. Nire ustez, gaztelerazko testu analisi bat egiten jakitea baino garrantzitsuagoa da bizitzeko, sentitzeko eta elkarbizitzeko ikasgaiak jasotzea, eta horiek bultzatu beharko lirateke.
Oraindik ere gabezia handiak dituzuela nabarmendu duzu, baina zuen egoera aurrekoena baina askoz ere hobeagoa dela esango dizuete seguru asko.
Bai, baina guk askatasun gehiago dugula ez nuke esango. Kontuan izan behar dugu, gainera, ematen dizkiguten askatasun horiek, aldez aurretik desaktibatuta daudela. Kalte egiten digu mezu horrek, azkenean, askatasun gehiago dugula behin eta berriz entzuteak urratu egiten gaitu.
Kontrolatutako askatasunez mintzo zara.
Bai, guztiz baldintzatuta daude. Printzipioz, gu pertsona askeak gara, eta, beraz, guk geuk eraiki dezakegu gure nortasuna. Baina, aldiz, nortasun horren eraikitzea baldintzatuta dago erabat.
Eta kalean, sexua askapenerako mugimenduari begira zer sumatzen duzue?
Kalea oso anitza da. Sexu askapenerako mugimenduak aterki asko ditu eta faltan sumatzen dugu jendarteak ez dakiela horien artean bereizten. Sexu askapenerako mugimendua ezezaguna da. Badira mugimendu batzuk bidea instituzioekin batera egiten dutenak, eta, bestalde, bagara ere jarrera iraultzaileagoa dugun mugimenduak. Oso dinamika eta planteamendu desberdinak dira batzuenak eta besteenak. Sumatzen dugu jendarteak ez dakiela horien artean bereizten.
Estatu frantsesean gazte asko irten dira kalera sexu berekoen ezkontza arautzeko legearen aurka protesta egiteko. Nola ulertzen duzue hori?
Frantzian, sektore ultraeskuindarrak iskanbila sortzeko aukera ikusi du. Europan halako joera gehiago ere ikusi ditugu. Gazteen arteko homofobia azaltzeko modu asko izan daitezke. Nire ustez, matxismoa dago atzean. Gizonak aktibo izateko eta penetratzeko eta emakumeak pasibo izateko eta penetratuak izateko hezi ditu gizarteak. Gizon bat homosexuala denean, heterozentrismoren begirada itxitik derrigorrez penetratua izan behar duela uste denez, eskemak hausten zaizkie, euren begietara gizon horrek emakume papera hartzen duelako. Azken batean homofobiak matxismoaren kutsua du.
Gazteek sumatzen al dute sexu askapenerako mugimendura gerturatzeko premia?
Sexu askapenerako mugimendura jende gutxi gerturatzen da. Seguru aski jendeak izango ditu beste lehentasun batzuk eta zilegi da, baina guk gure lana guk egin behar dugula uste dugu. Sistemak, gainerako guztiak ere kontrolatzeko, gu kontrolatu behar gaitu lehenik; gure izaera eta gure gorputza. Kontrol orokor horri aurre egiteko modua da sexu askapenerako mugimenduaren lana bera ere.
Hori hala izanda ere, jendea zuen borrokara gerturatzeko zailtasunak dituela diozu.
Nire ustez, ezkontza eskubidea edota Transexualitatearen Legea gozoki pozoituak izan dira, jende asko desmobilizatu egin da-eta. Bestetik, bada gure borrokarekin bat egin arren hori publiko egiten ez duen jendea ere; gure borrokaren ezaugarriek ez dute urrats hori ematea errazten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.