domingo, 12 de noviembre de 2023

#hemeroteka #lgtbi #aktibismoa | Oskar Sada, 'Gomi'. Marika ekintzailea: "Oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako"

Argia / Oskar Sada //

Oskar Sada, 'Gomi'. Marika ekintzailea: "Oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako"

Reyes Ilintxeta | Argia, 2023-11-12
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2846/oskar-sada-gomi-marika-ekintzailea

Oskar Sada Muruzabal. Iruñea, 1971. Jende askok Gomi bezala ezagutzen du Oskar Sada, Txantreako Zazpi denda txikian urteak daramazkielako gominolak, ogia eta antzekoak saltzen. EHGAM Nafarroa taldeko kidea da 16 urte zituenetik. Auzotegi kultur gune komunitarioko ikasle eta bultzatzailea, Koiuntura eta FlakUtt musika taldeetako kidea, txalaparta jotzailea eta pentsamendu politikoa jorratzen zuen ‘Disidenteak Betiko´zine’ eta haur eta gaztetxoentzako ‘Pulunpetto’ eta ‘Xomorro’ fanzineetako sortzailea izan da. Orain Gizarte Hezkuntza karrera amaitzen ari da UNEDen LGTBI kolektiboko pertsona adinduentzako zaintza modu berriak antolatzeko helburuarekin.
Zer dela eta ari zara orain Gizarte Hezkuntza ikasten?
Beti egon naiz, modu batean edo bestean, zaintza ekimen komunitarioetan murgilduta, beste mundu bat posible dela sinistuta. Orain, neure buruarekin bakean nagoela eta gauza pila gainditu ondoren, une egokia topatu dut ikasteko, gai horiei modu profesionalean ekiteko asmoz. Karrera amaitzear nago eta nire asmoa da LGTBI kolektiboko hirugarren adineko jendeari laguntza emanez lan egitea.

Nolako laguntza?
Bada oso egoera zailean dauden pertsona asko. Gehienek Arriskugarritasun edota Alfer eta Gaizkileen legeek ezarritako zigorrak ezagutu zituzten gazte garaian eta lan aukerak ere oso murritzak izan dituzte beti. Trans eta trabestien kolektiboan adibidez, bizirik irauteko askok prostituzioan aritu behar izan dute, legez kanpo erabat, eta orain adinduak direnean ez dute pentsiorik kobratzen. 400 euroko laguntza soziala baino ez dute jasotzen eta beren bizitzak erabat prekarioak dira. Madrilen Abenduak 26 izeneko elkarteak LGTBI jendearentzako harrera etxeak zabaldu ditu, kolektiboan etxerik gabeko pertsona asko dagoelako.

Euskal Herrian halako etxeak zabaltzea ez litzateke izanen horren premiazkoa jende asko sexiliatu delako, HIESAren ondorioz asko hil direlako edo armairuan ezkutatu direlako. Hemen formakuntzaren bidetik ikusten dut nik laguntzeko bide egokiena: formakuntza eman nahi nieke hirugarren adineko pertsonekin lan egiten dutenei eta baita zerbitzu horien erabiltzaileei ere, ikus dezaten jende guztia ez dela zis-hetero normatiboa. Nire asmoa da ekarpen bat egitea pertsona horiek beren bizitza gara dezaten duintasunez, ahal den homofobia, lesbofobia eta transfobia gutxieneko ingurune aske batean.

Mundu ikusezin bat gizartearen zati handienarentzat?
Bai, hala da. Marika eta militante gisa gauza asko sumatzen nituen, baina orain hori dena ikerketen bidez eta datuekin egiaztatuta dagoela ikusten ari naiz, eta gauza harrigarri asko ikusten dira.

Adibide bat: zu Kolonbiatik ihesean zatoz genero disidentea zarelako. Iristen zara hona eta sartzen zaituzte pisu batean non Kolonbiako jende gehiago dagoen. Haiek beren betiko ikuspegi bera dutenez, zuk jarraituko duzu pairatzen egoera bortitz hori. Infernu batetik bestera pasako zara. Hori ez da zilegi.

Nola hasi zinen militatzen EHGAMen?
16 urterekin hasi nintzen EHGAMen. Aldi berean, Auzotegi bezalako hainbat herri mugimendutan hasi nintzen parte hartzen Txantrean. Gabezia asko zegoela ikusten nuen eta nik bezala beste mundu bat posible zela aldarrikatzen zuen jendearekin elkartzen hasi nintzen. Biziki flipatzen zuten nirekin, marika militantea izanda, baina zaintzen ninduten eta denboraren poderioz jabetu naiz kolektibo horietan aritzeagatik zainduta eta babestuta egon naizela beti auzoan.

Genero disidente bezala aurrera ateratzeko gelditzen zaizun bide bakarra ahalduntzea da eta nik hori lortu nuen EHGAMi esker.

Oso lan ezkutua egiten genuen, baina oso garrantzitsua. 1984an hasi zen HIESAren kontua. Auzoan, beste toki guztietan bezala, oso estigmatizatuta egon zen, eta inguruko jende pila hil zen heroina kontsumoarengatik eta xiringak partekatzeagatik. Guk apenas genuen marika erreferenterik, eta genituen gutxi horiek, beren buruaz beste egiten zuten edo munstroak ziren. Nerabezaroan egoera hori bizitzea oso gogorra izan zen. Urte latz haietan geure burua zaintzen ikasi genuen komunitatean. EHGAM nire unibertsitatea izan zen. Niri kolektibitateak bizia eman dit.

Gaur egun nola dago elkartea?
Baditugu hainbat errealitate. EAEn prozesu bat izan da, KOSA izenekoa (Koronabirus Osteko Sexu Askapena). Berpizte bat izan da eta belaunaldi aldaketa ere bai, EAEn jende helduagoa zegoelako hemen baino. Hemen Nafarroan, 2000. urtean EHGAM Nafarroan Kattalingorri Elkartea sortzea erabaki genuen beste subjektibitate batzuekin ere bat eginez (transak, bollerak...). EHGAMeko militanteak hamaika borrokatan ibili gara bai karriketan, bai instituzioetan, modu autonomoan, sexu askapenaren alde eta beti nazio ikuspegiarekin. Orain, 23 urte igarota, zerbitzu ofizial bat dugu Nafarroa Garaian, Kattalingune, Kattalingorrik orain dela guti arte kudeatutakoa. Autogestioan funtzionatzen zuen zerbitzu hori erakundeek beren esku hartu zuten gobernu aldaketaren garaian. Kattalingunek Nafarroa osoari ematen dio zerbitzua eta gauza bera egiten du Iruñean Harrotu Udal Zerbitzuak. EHGAM, oro har, indartsu dago eta gauza oso politak egiten ari gara.

Aurrekontu mozketak izan dira berriki...
Ez dugu ulertu zer gertatu den hor. Baditugu gure susmoak. Trans legearekin ematen du PSOE kikildu zela hasieran, nahiz eta gero aurrera atera zuen, eta badirudi hemen ere halako zerbait gertatu zela.

Orain, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren barrenean aldaketak izan dira berriro eta espero dugu Kattalingunek zeukan autonomia eta aurrekontuak berreskuratuko dituela. Azkenaldi honetan jende gutxiago aritu da lanean eta Tutera, Tafalla eta mendi aldeko eskualdeak zerbitzurik gabe gelditu dira. Oso beharrezkoa da zerbitzua toki guztietara iristea. Ikusten ari gara gorroto mezuak gero eta gehiago direla, eta argi dago hezkuntzan lan handia dagoela egiteko.

Nola dago kuir ahalduntze mugimendua Nafarroako landa eremuan?
Estatuko beste toki askotan bezala, oso mugimendu interesgarriak daude Nafarroa Garaian: Erriberan Somosmarte taldea dago Murchanten, Tuteran Kukuluak, Tafallan eta erdialdean Laiak, Lekunberri-Leitzan Hormak, Baztanen Harro Baztan, Antsoainen Harro… eta beste herri batzuetan batzordeak sortzen ari dira homofobia erasoak gertatzen direnean, herritar askoren sostenguarekin. Gaur egun harreman eta ikusgarritasun handiagoa dago sare sozialei esker. Lehen isolamendu izugarria zegoen.

Gazteek beste modu batez bizi dute genero disidentzia?
Oso interesgarria da ikustea nola bizitzen ari diren hau haien ahalduntzetik. Gauza batzuek berdin jarraitzen dute. Heteroaraua oso egiturazkoa denez, 30 urtean panorama ez da horrenbeste aldatu. Ahalduntze ariketa horri oso erantzun bortitza ematen ari zaio zenbait sektoretatik, feminismoarekin gertatzen ari den bezala.

Mundu mailan bada oso ongi diseinatutako korronte atzerakoi bat eta, kasu askotan, herrien politikagintzan izugarrizko indarra du. Diskurtso ebanjelistak, Trumpistak… esate baterako, pisu handia dute Ipar Amerikan eta Hego Amerikan. Kolonbiako negoziazioetan, adibidez, desadostasun puntu garrantzitsu bat izan omen zen FARCek LGTBI eskubideetan ere pauso bat aurrera eman nahi zuela, baina mugimendu ebanjelistak ez zuen ezer jakin nahi izan horretaz. Oso diskurtso fundamentalistak dira.

Eta mundu islamiarrean gertatzen dena nola ikusten duzu?
Hor ikasi behar dugu dena ezin dela berdin irakurri gure mendebaldezentrismotik. Esan nahi dut, kolonizaziotik sortu dira herri horien pobrezia eta egoera tamalgarria, eta horretaz baliatzen dira erlijioak indarra hartzeko. Afganistan edo Libanon ikus daiteke zer atzerakada izan den giza eskubideetan azken urteotan. Garbi dut fundamentalismo erlijioso guztiek gure eskubideen kontra egiten dutela. Aitzitik, gogoratu nola 2017an sortu zen TQILA kuir gerrilla. kuir pertsonez osatutako taldea. Kurduen alde borrokatzera joan zen Estatu Islamiarraren aurka. Erantzunak egon dira. Galdetu beharko genioke geure buruari zergatik erlijioek hartzen duten hainbesteko pisua toki horietan.

GTBI kolektiboan ere gizon homosexualek beste disidenteek baino ikusgarritasun handiagoa dute?
Hor gauza batzuk gurutzatzen dira. Lehena da askok ideia dutela emakumeak ezin direla sexualki aktiboak izan. Zer eginen dute bi emakumek gizon zakildunik gabe? Gizon baten sarketarik gabe, nola da posible sexu harremana? Honekin batera, argi dago lesbianen harremanak ezkutuan mantendu izan direla kasu askotan. Honek balio izan du erasoetatik babesteko, nolabait, baina aldi berean erreferenterik sortu ez izana ekarri du. Bestalde, marikak izan gaitezke begiratuak eta heziak gizon bezala, eta horrek badakar gizartean toki ikusgarriagoa izatea, alor gehienetan gertatzen den bezala. Tamalez, gay kolektiboetan ere misoginia zantzuak ikusi ditugu eta horien kontra borrokatu gara, gure pribilegioetatik aldendu nahian.

Marisolasak bazterrean jardunaldi interesgarriak egin berri dituzue urrian. Zer moduz joan ziren?
Arrakasta ederra izan zuten. Aurten transfeminismoaren ikuspegitik bideratu ditugu gogoetak eta trans jendearekiko elkartasun adierazpen bat egin nahi izan dugu. Garai batean Iruñeko Nafarroako Gorteen kalean jartzen ziren transexualak eta trabestiak gure amatxo politikoak direla azaldu nahi izan dugu. Prostituzioan aritzen direnen eskubideak aldarrikatzen ditugu. Honetaz mintzatzeko, adibidez, Juana María Rodríguez egon zen, 1990eko hamarkadan EHGAM Nafarroan egondakoa eta berriki ‘Puta life: Seeing Latinas, Working Sex’ liburua plazaratu duena. Gracia Trujillo, Manuela Trasobares eta Itziar Ziga aktibistak ere izan genituen, eta ‘Mariokerrak, Nola esan/izan bollera euskaraz’ liburuaren aurkezpena ere egin genuen euskaraz June Fernandez, Ana Jaka eta Amaia Alvarezekin Laban kafetegian. Oso hitzaldi indartsuak izan ziren eta dena ikusgai dago interneten.

Azaroan Xoka jardunaldiak egin behar dituzue berriro Laban. Zertaz?
Euskal kuir komunitatea ez da oso handia, bereziki Nafarroa Garaian, eta oso atomizatua dago. Horregatik euskararen erabileraz hitz egin nahi dugu. Lan batzuk egin izan dira geure burua eta gure praktikak euskaraz izendatzeko. Aitor Aranak, adibidez, bere garaian gay hiztegia egin zuen eta orain berriki Mariokerrak mugimendua sortu da. Guk, modu sinbolikoan xoka hizkera berria proposatu nahi dugu, ez toka ez noka.

Azaroan zehar bi mahai antolatu ditugu Laban: bata Diskuntza, disidentzia eta hizkuntza, Ana Jaka eta Gatx Eizagirrerekin; eta bestea, Kuir ikuspegia euskal eszena garaikidean, Aner Peritz, Jüje Idiart Thiry eta Eneko Garcia, Albina Stardust drag-arekin. Orain lan asko egiten ari gara Labarekin, gu ere euskaldunak garelako eta euskal mundua ere marika, bolleroa edo kuir delako. Espazio desberdinak kuirtu nahi ditugu.

Orain sozialki erakargarria da LGTBI izatea?
Egia da badela irekiera momentu bat eta euskal komunitatean oso adierazpen interesgarriak badirela, eta bazen garaia. Hala ere, nik uste dut lasaiagoa dela zis pertsona baten bizimodua. Glamourrak ‘puntxa’ emango dizu momentu batean, baina egunerokotasunean zailagoa da dena.

Jendartearen zati handi batek begirada zentratua du bere heterozentrismoan. Noraino onartuko dute gure sorkuntza lana, adibidez? Esate baterako, iaz Maruxak izan ziren txosnetan eta egoera bortitz batzuk sortu ziren. Argi dago ikusleen artean ez daudela soilik gure lagunak... Publikoaren erantzuna izan zen erasoak arbuiatzea.

Euskal komunitatean beti egon da kuir mugimendua. Orain, zorionez, hori dena azalera ateratzen ari da. 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi ondoren Saioa Alkaizak kantatu zuen bertsoa mugarri bat izan zen: “Musu handi bat iraultza den gorputzera/ ez-bitarra, -a, transa, marika eta bollera/ mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera". Katakunbetatik ateratzen ari gara eta hori oso ona da.

Sexu-genero disidenteak diren institutuetako gaztetxoak beren lagunekin, beren koadrilarekin, ekainaren 28ko mobilizazioetara joaten ikusten ditudanean, oso gauza ederra iruditzen zait. Aldarrikapena ez da soilik LGTBI kolektiboko kideen kontua. Hetero izanda mezu hauekin bat egiten baduzu, bizitzeko beste modu batzuk, beste kode batzuk badirela ikusi eta onartu egiten duzula erakusten duzu. Gure kodeak ari dira azaleratzen eta iragazkortasun handiagoa dago.

Bestalde, aragoiera ikasi duzu. Eta hori?
San Martin Unx herrikoa da ama eta aita Oibarrekoa. Ni herri Ikastolara joan nintzen txikitan. Disidentzian egon naiz betidanik. ‘Arrarunoa’ izan naiz beti gauza batengatik edo bestearengatik, eta aragoieraz hitz egiten duten horietako hainbatek ‘arrarunotzat’ jotzen du bere burua. Aragoiera eta Nafarroan hitz egiten den gaztelaniaren arteko harremana bada eta guk etxean erabiltzen ditugun hainbat hitz aragoieraz berdin-berdinak dira. Hortik piztu zitzaidan jakin-mina eta gero kultur mugimendu bat, musika taldeak eta hizkuntza ikasteko ‘aragoitegiak’ bazirela aurkitu nuen. Zaragozako ‘aragoitegi’ batean eman nuen izena eta internetez ikasi nuen. Iruñeko beste batekin elkartu eta hasi nintzen mintzakide moduko saio batzuk egiten. Zortzi pertsona egon gara talde honetan orain dela gutxira arte. Barnetegiak ere sortu genituen, hemendik bultzatuak eta euskararen ereduari jarraikiz. Haiek oso gutxi dira, 11.000 hiztun baino ez, eta oso egoera larrian daude, gu 1970eko hamarkadan geunden bezala. Hezkuntzan, soilik orduz kanpoko ikasgai gisa ematen da.

2018an Aragoiko Gobernuak titulua sortu zuen eta B2koa, mailarik gorena, lortu nuen. Orain nire lagunekin hitz egiten dut aragoieraz eta askotan bakarrik ere bai [irriz].
Aken hitza
"Gizon eta emakumezko gehienentzat zis-heteroarauaren barruan bizitzea gogorra da, inor ez delako iristen eredu horrek eskatzen duen guztia betetzera. Presioa denentzat dago. Horregatik oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako".

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.