domingo, 16 de septiembre de 2007

#hemeroteka #lgtbi | Arritxulon, askatasuna kutsatzen

Arritxulon, askatasuna kutsatzen
EHGAM XVI. Les-gay-trans Kanpaldia egiten ari da, laugarrenez Arritxulon
Olatz Mitxelena | Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-16 / EHGAMDOK webgunean jasota:
https://ehgamdok.wordpress.com/2007/09/16/berria-ekitaldiak-arritxulon-askatasuna-kutsatzen/ 

Laugarrenez bildu dira EHGAMeko kideak Arritxulon, XVI. Les-gay-trans Kanpaldian. 65 lagun inguru daude aterpetxean, ostiraletik, eta gaur emango dituzte bukatutzat kanpaldiaren baitan antolatutako ekimenak. Kanpaldiarekin ematen diote EHGAMeko kideek urtero hasiera ikasturteari, eta, aurten gainera, ikasturte berezia dute, taldea sortu zeneko 30. urteurrena betetzen baita. Horregatik, 30. urte kutsatzen irakur daiteke kanpaldira bildutakoei ongietorria egiteko jarri duten pankartan.

Urtero legez, ludikotasuna eta eraketa uztartu dituzte astebururako antolatutako ekimenetan. Herenegun Aluaren Algara taldearekin egin zuten festa, eta atzo, goizetik, norberak nahi zuen horretan eman zuen denbora: batzuek mendi buelta eman zuten, beste batzuek autodefentsa ikastaroan parte hartu zuten, eta beste asko, patxadan egon ziren, lagunartean, inguruak eskaintzen dituen aukeraz gozatuz.

Bitartean, antolatzaileetako batzuk atzo gaueko ikuskizunerako beharrezko guztiak prestatzen aritu ziren. Tartean zen taldeko kide Mikel Martin: «Gaur [atzogatik] Yogurinha Borovaren emanaldia dugu. Transformista itzela da, eta lagun handia. Gure hastapenetako kanpaldietan eman zion hasiera bere ibilbideari».

Baina gaueko festa bitartean, askok prestatutako tailerretan parte hartu zuten. Hala nahi izan zuten emakumeek autodefentsari buruzkoak ikasi zituzten. Emakumeen kontrako erasoen aurrean, indarraren erabilpenetik haratago, autodefentsaren gakoei buruz hausnartzen aritu ziren, saio praktikoan. «Ezetz esaten ikastea, norbere burua maitatzea, norberak bere armak erabiltzen jakitea…» azaldu zituzten gakoetako batzuk dira.

Arratsaldean, beste hiru tailer egin zituzten. Emozioek osasunarengan duten eraginari buruzkoa izan zen bata, jolasak egin zituzten beste batean, eta batukadaz gozatu zuten hirugarren tailer batean.

Gaur, bukatzeko, Oiartzun, Luberri eta Herri Musikaren txokoa bisitatu asmo dituzte.

30 urtera, bada zeregina
«Gure aldarrikapenak zaharrak dira: sexu librea, Euskal Herria librean. Euskal Herria homofobiatik, lesbofobiatik eta transfobiatik libre», zioen Martinek, beste urtebetez kanpaldian biltzearen arrazoiengatik galdetuta. «Gure antolakuntzak gizarteko beste talde batzuk kutsatzen jarraitzeko aukera emango digu».

Taldea sortuz geroztik, «bide luzea» egin dutela aitortu arren, lanean jarraitzeko beharra argi du Martinek: «Lanean jarraitu behar dugu, egunen batean, pertsona guztiek aurreiritzirik eta erasorik gabeko sexualitateaz gozatzeko aukera izan dezaten».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.